2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
GALIPENTZU
Herri-lurretako nekazaritzako aprobetxamenduaren ordenantza. Behin betiko onespena
Galipentzuko Udalak, 2016ko irailaren 1ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Galipentzuko herri-lurretako nekazaritzako aprobetxamenduaren ordenantza.
Iragarki hori 2016ko 175. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 9an, argitaratuta, jendaurrean egon zen, hogeita hamar egun balioduneko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Alegaziorik aurkeztu ez zenez, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin bat, ordenantza hori behin betiko onetsitzat jotzen da eta haren testu osoa argitara ematen da.
Galipentzun, 2017ko urriaren 20an.–Alkatea, María Carmen Iriguibel Sola.
ORDENANTZA, HERRI-LURREN NEKAZARITZAKO APROBETXAMENDURAKO
Hitzaurrea
Galipentzuko Udalak ordenantza honen bidez herriko herri-lurretako ondasunen aprobetxamendua arautzen du, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean xedatutakoarekin bat.
Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua
1. artikulua. Aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
A.–Adinez nagusia izatea, edo bere kontu bizi den adingabea izatea nahiz judizialki gaitua.
B.–Herri honetako Biztanleen Udal Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea, 2 urteko antzinatasunarekin, eta udalerrian benetan eta etengabe bizi izatea, gutxienez 9 hilabetez urtean.
C.–Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea.
D.–Alta emanda egotea Gizarte Segurantzan, Nekazaritzako Araubide Berezian, urte bateko antzinatasunarekin gutxienez, salbu eta nekazari gazte baten gisa sartuta badago.
2. artikulua. Laborantzarako herri-lurren aprobetxamenduak hiru modutan eginen dira:
A.–Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak.
B.–Herritarrendako adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduak.
C.–Udalaren ustiapen zuzena edo enkante publikoaren bidezko adjudikazioa.
Laborantzako lurren aprobetxamendu horiek adjudikatzeko prozesuan, modalitate horiek bata bestearen ondotik aplikatuko dira, emandako ordenaren arabera.
Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak
3. artikulua. Modalitate horien onuradun izateko, familia unitatearen titularrak diren bizilagunek, aipatutako baldintza orokorrak beteta, LGSren %30etik beherako diru-sarrerak izan behar dituzte, edo familia unitatearen diru-sarrera orokorrak soldata hori eta erdia baino txikiagoak izanen dira. Egoera hori agiri bidez frogatu behar da eskaera egiten den unean, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean xedatutakoarekin bat.
4. artikulua. Lege horren 146. artikuluak aipatzen duen eredu lotearen azalera hektarea batekoa izanen da ureztalurrean, eta 6 hektareakoa, berriz, lehorreko lurrean, eta gozamenaren edo aprobetxamenduaren epea 10 urtekoa.
Onuradunei eman beharreko loteak Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 146. artikuluan ezarritako koefizienteak aplikatuz lortuko dira.
5. artikulua. Lehentasuneko aprobetxamendu mota horretako herrilurrak onuradunek landu behar dituzte, haiek berak zuzenean.
6. artikulua. Herri-lurretako lurzatien onuradunek, aprobetxamendu mota honetan, inguruan antzeko lurretarako dagoen errentamendu prezioen %50eko kanona ordaindu beharko dute, I. eranskinean zehazten dena.
Errentamenduak hamar urte iraunen du.
Herritarrendako adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduak
7. artikulua. Lehentasuneko lurzatien beharrak bete ondoren, gainerako laborantzako herri-lurrak herritarrendako adjudikazio zuzenaren bidez banatuko dira adierazitako kanonarekin.
Adjudikazio-hartzaileak berak landu beharko ditu lur horiek zuzenean.
8. artikulua. Lur horietako loteen azalerak egiten diren eskaeren arabera zehaztuko dira.
9. artikulua. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 154. artikuluan ezarritakoa betetzeko, lehorreko eta ureztalurreko herri-lurretarako lurzatiak erreserbatuko dira onuradun berriendako, eta horiei lurzatien berrantolamendu prozesuan zehar erreserban izandakoen ondoriozkoak gehituko zaizkie.
Lur horiek urtero adjudikatuko dira, eskaera berririk ez badago.
10. artikulua. Aprobetxamendu mota horretarako epea 10 urtekoa da, salbu eta lurrak ziklo handiagoko laboreetarako erabiltzen badira (olibondoak, mahastiak, fruta arbolak...). Kasu horretan, epea laborearen bizitza erabilgarria izanen da. Partikularren eskaeretan, erabilera hori eta tokia edo alderdia zehaztu beharko dira. Adjudikazioa ebatziko da lurzati berrantolamendua egiteko aukera kontuan izanda.
11. artikulua. Familia baratzeak. Foru lege horren 156. artikuluari jarraituz, baratze izateko erregu bateko lurzati bana emanen zaie horretarako baldintzak betetzen dituzten herritarrei Inbilos alderdian, herrigunetik hurbilen dauden lurzatien artean. Herritarrendako adjudikazio horren lehen helburua da alderdi horretako gainerako lurzatiak adjudikazio zuzenaren edo enkantearen bidezko prozeduretara eranstea. Soilik baimentzen da nork berea lantzea, baratzearen helburuarekin, eta berariaz debeku dira azpierrentamendua edo baratzekoak ez diren laboreak.
Enkante bidezko aprobetxamendua
12. artikulua. Aitzineko prozedurak aplikatu ondoan laborantzako lur sobera baldin badago, Udalak enkante publikoan eginen du adjudikazioa.
Hiru modalitateen xedapen orokorrak
13. artikulua. Ordenantza honen eranskinean errentamendu kanon gisa adierazitako zenbatekoak urtero eguneratuko dira bizitza kostuaren igoera gehituz, Nafarroan erakunde ofizial eskudunak onesten dituen indizeei jarraituz, eta urte hasi berrian kobratuko dira, urtarrilean.
14. artikulua. Adjudikatutako lurrak landu daitezke belarren aprobetxamendurako ezarritako arau orokorrekin bat edo larreei buruzko ordenantzaren arabera.
15. artikulua. Ordenantza honen eranskinean jasotzen den urteroko kanonak baloraturik daramatza bere barnean aprobetxamenduak sortzen dituen beste gastu batzuk, hala nola ureztatzeko kuotak edo erretenak garbitzea. Udala ez da onura hori duten lurren ur horniduraren erantzule, Ebroko Ur Konfederazioaren eskumena baita.
16. artikulua. Adjudikazio-hartzaileek nahi dituzten laboreekin eta nahi duten moduan aprobetxatzen ahal dituzte lurrak, lurretan bidezkotzat jotzen dituzten hobekuntzak eginez, Udalari baimena eskatu ondoren eta egungo taulenak errespetatuz. Hobekuntza horiek finkan geldituko dira errentamendua bukatu ondoren.
17. artikulua. Udalak herri-lur guztiak edo haien zati bat eskuratu behar baditu Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 174. artikuluan aurreikusitako hobekuntzak egiteko, eta, zehazki, transakzio eta exekuzio hitzarmena onesten bada laborantzako lurren gaineko lurzati berrantolamendua egiteko, libreki egin dezake, artikulu horretan adierazitako prozedura betez, adjudikazio-hartzaileak aukerarik izan gabe kontra egiteko, baina kasuan kasuko kanona ordaintzeko betebeharra kenduko zaio.
Adjudikatzeko prozedura
18. artikulua. Udalaren osoko bilkurak aitzinetik erabakia hartuta, hamabost egun naturaleko epea irekiko da, eskubidea dutela uste dutenek herri-lurretako lurzatien adjudikazioa eska dezaten.
19. artikulua. Eskaerei honako hauen aitorpena erantsiko zaie:
a) Galipentzuko bizilaguna izatea gutxienez azken 2 urtean eta urtean 9 hilabetez bizitzea.
b) Betebehar fiskalak beteak izatea.
c) Alta emanda egotea Gizarte Segurantzan, Nekazaritzako Araubide Berezian, urte bateko antzinatasunarekin gutxienez, salbu eta nekazari gazte gisa sartuta badago.
20. artikulua. Udalak modalitate bakoitzean onartutakoen zerrenda argitaratuko du, interesdun orok bidezko juzgatzen dituen alegazioak egin ditzan hamar egun naturaleko epean.
Udalak, erreklamaziorik aurkezten bada, horiek ebatzi eginen ditu eta behin-behinekoz onartutakoak behin betiko onartuak izatera pasako dira. Erreklamaziorik izan ezean, behin betiko zerrenda behin betikoa bilakatuko da.
21. artikulua. Udalak zozketa bidez adjudikatuko ditu lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduari, familia baratzeei eta herritarrendako adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduari dagozkien loteak.
22. artikulua. Udalak adjudikazio-hartzaileen eta loteen zerrendak argitaratuko ditu, eta jendaurrean edukiko 10 egun naturalez erreklamazioak egiteko. Epe hori iraganda, erreklamazioak ebatziko ditu, halakorik balego, eta adjudikazio-hartzaileen eta loteen zerrenda behin betikoa izanen da. Erreklamaziorik izan ezean, zerrenda behin betikoa izanen da.
23. artikulua. Adjudikazio-hartzaileek, eranskineko prezioei jarraituz, urteko kanona ordaindu beharko dute ekaineko hilean.
24. artikulua. Adjudikazioari uko egin nahi dioten partikularrek Udalari jakinarazi behar diote abenduaren 31 baino lehenago, beste adjudikazio bat garaiz egin ahal izateko.
Arau-hauste eta zehapenak
25. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:
a) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.
b) Aprobetxamenduen kanonak Udalak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.
c) Zertarako adjudikatzen den herri-lurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.
d) Lurrak lantzea Udalak adjudikatu gabe, nahiz eta landu gabeak izan.
e) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dioten egitate edo egintza guztiak.
26. artikulua. Lehenago adierazitako arau-hausteengatik kontzesioa kenduko da, nahiz eta horrek ez dituen galaraziko Nafarroako Gobernuko organo eskudunen zehapenak.
Ordenantzaren interpretazioa
27. artikulua. Baldintza hauek interpretatzea Udalari dagokio eta horietan jaso gabeko orotan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean eta legeria osagarrian xedatuari jarraituko zaio.
1. ERANSKINA
Errentamendu kanona
–Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamendua: 40 euro lehorreko hektarea bakoitzeko, eta 150 euro ureztalurreko hektarea bakoitzeko.
–Herritarrendako adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduak.
–90 euro, hektarea bakoitzeko, lehorreko lurretan.
–200 euro, hektarea bakoitzeko, ureztalurretan.
–Familia baratzeak laborantzarako Inbilosen: 30 euro erregu bateko lurzati bakoitzeko.
Iragarkiaren kodea: L1712207