Iragarkia
210. ALDIZKARIA - 2017ko urriaren 31
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
EZKABARTE
Herri-lurretako aprobetxamenduen ordenantza. Behin betiko onespena
Ezkabarteko Udalak, 2017ko ekainaren 29an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Herri-lurren aprobetxamendua arautzen duen udal ordenantza (2017ko 144. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, uztailaren 27an).
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, aipatu ordenantzan egin aldaketa behin betiko onetsi eta argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.
Ezkabarten, 2017ko urriaren 6an.–Alkatea, Pedro María Lezaun Esparza.
EZKABARTEKO UDALAREN JABETZAKO HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUEI BURUZKO ORDENANTZA
I. TITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Ordenantza honek arauak ezartzea du xede, Ezkabarteko Udaleko herri-lurretako ondasunen administrazioa, erabilera, defentsa, berreskuratzea eta aprobetxamendua erregulatzeko.
2. artikulua. Herri-lurretako ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.
3. artikulua. Herri-lurretako ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.
4. artikulua. Hauek dira herri-lurretako ondasunen gaineko arauak: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan xedatua deusetan galarazi gabe.
II. TITULUA
Administrazioa eta erabilerak
5. artikulua. Herri-ondasunen gaineko ahalmenak, dela haien erabileraz, dela administrazioaz, dela aprobetxamenduaren araubideaz, dela antolamenduaz den bezainbatean, Ezkabarteko Udalaren herri-lurretako ondasunei dagozkie, ordenantza honetan azaltzen den moduan.
Herri-ondasunen gainean Ezkabarteko Udalak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.
6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aitzinetik, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Ezkabarteko Udalak justifikatu beharko du dagoen asmoa ez dela beste bide batzuen bitartez lortzen ahal, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek lehentasuneko aukerak baitira.
Herri-lurretako ondasunak desafektatu ondoan beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.
Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Ezkabarteko Udalaren ondarera itzuliko lirateke herri-lurretako ondasun gisa.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.
III. TITULUA
Herri-lurretako ondasunak defendatu eta berreskuratzea
7. artikulua. Ezkabarteko Udala herri-lurretako ondasunak zaindu, defendatu eta hobetzen ahaleginduko da, eta kontra eginen dio haientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saio edo ekintzari.
8. artikulua. Ezkabarteko Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahal du herri-lurretako ondasunen jabetza, aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, ekintza zibilak sustatuko ditu, herri-lurretako ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.
9. artikulua. Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari Ezkabarteko Udalak, lursailen immatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen gehiegizko hedadura dela eta. Komunikazio horien gaineko erabakia hartuko du Udalak.
10. artikulua. Ezkabarteko Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko baimen espresa beharko du, ondasunak herri-ondarerako berreskuratzearren transakziorik egin nahi izanez gero.
11. artikulua. Ezkabarteko Udalak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo beste zernahiren kariaz herri-lurretako ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.
12. artikulua. Ezkabarteko Udalak, herri-lurretako ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta haiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.
Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratistek jurisdikzio-bidean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.
13. artikulua. Ezkabarteko Udalak herri-ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena abiatzen ahal da zehaztuko den moduan. Horrek aurrera eginez gero, sortutako gastuak itzuli beharko dizkie herritarrei Udalak.
IV. TITULUA
Herri-lurretako ondasunen aprobetxamendua
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
14. artikulua. Ordenantza honek aprobetxamendu hauek arautzen ditu:
1. Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua.
2. Herri-larreen aprobetxamendua.
3. Etxerako egurraren aprobetxamendua.
15. artikulua. Oro har, herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Adinez nagusi izatea edo adingabeko emantzipatu edo judizialki gaitua.
b) Ezkabarteko Udaleko Biztanleen Erroldan bizilagun gisa inskribatuta egotea urtebeteko antzinatasunez.
c) Ezkabarteko Udaleko herrietan bizitzea urtean bederatzi hilabetez jarraian gutxienez.
d) Ezkabarteko Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea.
Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatua, familiakoekin bizi arren; betiere, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.
Artikulu hau eta aurrekoa interpretatzerakoan izan daitezkeen zalantzak Ezkabarteko Udalak argituko ditu.
II. KAPITULUA
Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua
16. artikulua. Ezkabarteko laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak hiru modutan eginen dira, lehentasun ordena honen arabera:
a) Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduak.
b) Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak.
c) Enkante publikoaren bidez adjudikatzea edo Ezkabarteko Udalak zuzenean ustiatzea.
Ezkabarteko Udalak laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak adjudikatzeko hiru modu horiek erabiliko ditu, bata bestearen ondoren, emandako ordenaren arabera.
1. ATALA
Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduak
17. artikulua. 1. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, familia unitatearen titular diren herritarrek 15. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, familia unitateko kide bakoitzarengatik, diru-sarrerek lanbide arteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo familia unitatearen diru-sarrerek, guztira, soldata eta erdiaren azpitik egon.
2. Familia unitatean gorputzez edo adimenez ezinduak diren kideak baldin badaude, agiri bidez egiaztatuta, lanbide arteko gutxieneko soldataren %60ko diru-sarrera kontatuko da kide bakoitzeko.
3. Errenta mailak zehazteko jarraitu behar diren irizpideak datu objektiboetan oinarrituz finkatuko dira. Hartuko dira kontuan pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak errentamenduan nahiz beste edozein tituluren bidez edukitzea, landa-lurraren, aziendaren eta industriaren gaineko kontribuzioen kapital zergagarria, hiri-lurraren gaineko kontribuzioarena, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, baita horren gisako beste edozein datu ere.
18. artikulua. Modalitate honetan, 8 erreguko azalera ezarri da lote tipoarentzat.
Familiek lur lote hauetarako legezko eskubidea izanen dute:
a) Hiru kide bitarteko familia unitateak, 1 koefizientea.
b) Lau kidetik seira bitarteko familia unitateak, 2 koefizientea.
c) Zazpi kidetik bederatzira bitarteko familia unitateak, 3 koefizientea.
d) Bederatzi kide baino gehiagoko familia unitateak, 5 koefizientea.
19. artikulua. Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamendurako finkatutako baldintzak betetzen dituzten familia unitate anitz badira, eta horrek arazo sozialik sortzen badu, Ezkabarteko Udalak, aldez aurretik Nafarroako Gobernuaren baimena jasota, ordenantza honen 17. eta 18. artikuluetan adierazitako faktoreak beheratu ahalko ditu proportzionalki eta arrazoituz, baina inoiz ez igo. Halakoetan, Udalak laborantzako herri-lurren %50 erabiliko du, gutxienez, banaketa modu honetarako.
20. artikulua. Aprobetxamendua ez da 8 urtetik beherakoa izanen. Urte anitzeko laboreen kasuan, eta Udalak baimendu ondoan, epe hori laborearen bizitzaren arabera luzatzen ahalko da.
21. artikulua. Onuradunek pagatu beharreko kanona Ezkabarteko Udalaren erabakiaren bidez finkatuko da eta eremuan antzeko ezaugarriak dituzten lurren errentamendu-prezioaren ehuneko berrogeita hamarra artekoa izaten ahalko da zenbatekoa.
Dena den, kanonak toki entitateak hartzen dituen kostuak estaltzeko adinakoa beharko du izan, gutxienez, eta urtero eguneratuko da, gehienez ere KPIaren arabera.
22. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herri-lurretako lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman edo lan pertsonala ez den beste moduren baten bidez ustiatu.
Onuradunei adjudikatutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitean ere, laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela ulertuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen direnean eta kide guztiek 15. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.
23. artikulua. Erregelamendu honi dagokionez, zuzenean eta pertsonalki egiten den laborantza izateko, adjudikaziodunak edo bere familia unitateko kideek egin behar dituzte laborantza lanak, ordenantza honen 15. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik ezin izanen dute hartu, non ez duten urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek horretara behartzen. Alabaina, zuzeneko laborantzaren izaera ez da galduko, Udal honen iritzian, laborantza pertsonalki egitea eragozten dion eritasun edo aldi bateko beste arrazoirengatik soldatapekorik hartzen denean. Horrelakoetan, hamabortz eguneko epean jakinaraziko zaio Udalari, behar den baimena eman dezan.
Ezintasun fisikoa edo besteren bat, Udalaren iritziz, behin betikoa bada eta laborantza zuzenean eta pertsonalki egiterik ez bada, 24. artikuluan xedatua aplikatuko da.
24. artikulua. Ezintasun fisikoa edo besteren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landatu, adjudikatzeko momentuan edo aprobetxamenduaren epean, Udalak adjudikatu eginen ditu hurrengo aprobetxamendu moduaren bidez, hau da, herritarren arteko zuzeneko adjudikazioaren bidezko aprobetxamenduaren bitartez. Ezkabarteko Udalak lurzatien onuradunei adjudikaziotik ateratako diru-sarrerak ordainduko dizkie, kanona kendu ondotik.
Ezkabarteko Udalak ezintasun fisikorik edo besteren bat noiz dagoen erabakitzeko eskumena du, eta egokiak iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu.
Beren laborantza apartzerian eman edo lagatzen duten onuradunei herri-lurzatiak kenduko zaizkie adjudikazio aldia bukatu arte.
Onuradunei, herri-lurrak kentzen bazaizkie, apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte.
25. artikulua. Ezkabarteko Udalak egokiak iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahalko ditu noiznahi, lurzatiak zuzenean eta pertsonalki lantzen direla ziurtatzeko.
Honako kasu hauetan ulertuko da ez dituela lurrak zuzenean eta pertsonalki lantzen:
A.–Nekazaritzako makineria izanik, berari adjudikatu herri-lurrak lantzeko erabiltzen ez direnean.
B.–Landazaintza Zerbitzuaren ustez, adjudikatutako lurzatiak, ordenantza honen 22., 23. eta 24. artikuluetan xedatzen denaren arabera, zuzenean eta pertsonalki lantzen ez direnean.
C.–Honako alderdi hauen gaineko frogagiriak eskatu eta Udalak agindutako epean aurkezten ez direnean: lurra lantzea, lehengaiak erostea eta produktuak saltzeko lanak, berek edo Ezkabarteko Udalak baimendutako pertsonek eginak.
D.–Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Aitorpenean nekazaritzako etekinik aitortzen ez denean, horretara beharturik ez egonik ere.
E.–Adjudikatutako lurzatiaren %80, gutxienez, lantzen ez denean.
F.–Laborantzako lurren jabe izanik, hirugarrenei errentan emanak dituztenean.
2. ATALA
Herritarren arteko zuzeneko adjudikazio bidezko aprobetxamenduak
26. artikulua. Lurzatiak, halakorik bada, 1. atalean ezarritakoaren arabera banatu ondoren, geratzen diren laborantzako herri-lurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean adjudikatuko zaizkie 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateen titularrak diren herritarrei.
27. artikulua. Udalak erabakiko du zein den herritarren arteko zuzeneko adjudikazioaren loteen azalera, herritarren arteko lehentasunezko adjudikazioa egin ondotik, zenbateko azalera gelditzen den eta zenbat eskabide dauden kontuan hartuta, familia unitate bakoitzaren diru-sarrera garbien alderantzizko proportzioan; adjudikaziodunak nekazariak badira, haien ustiategiaren tamainaren alderantzizko proportzioan, eremu eta labore motaren arabera erregelamendu bidez finkatzen diren unitateak oinarri hartuz.
Adjudikazio horiek egitean, toki entitateek kontuan hartu beharko dute herri-lurretako loteak gorde beharra onuradun berrientzat; horien azalera hasierakoaren %5 izanen da gehienez.
28. artikulua. Adjudikazioaren epea 20. artikuluan adierazitako berbera da.
29. artikulua. Udalak ezarriko du kanona, eta zenbatekoa ezin izanen da eremuan antzeko ezaugarriak dituzten lurren errentamendu-prezioaren ehuneko laurogeita hamarra baino txikiagoa.
Familia unitateen errenta mailak zehazteko, ordenantza honen 17.3) artikuluan ezarritako irizpide berei jarraituko zaie.
Edonola ere, kanona urtero eguneratuko da, gehienez ere KPIaren arabera.
30. artikulua. Adjudikaziodunak berak zuzenean eginen du laborantza eta, horretarako, 22., 23., 24. eta 25. artikuluetan xedatua bete beharko du.
31. artikulua. Udalak beretzat gordeko du laborantzako herri-lurren azaleraren %5 baino gehiago izanen ez den azalera, onuradun berriei adjudikatzeko.
32. artikulua. Aurkeztutako eskaerak lurrak baino gehiago badira, herritarren arteko lehentasunezko adjudikazioa egin ondotik, diru-sarrera handiagoak dituzten familia unitateetako titularren eskaerak kenduko dira.
3. ATALA
Udalak zuzenean egindako ustiapena edo enkante publikoa
33. artikulua. Udalak, lehen eta bigarren ataletan ezarritako prozedurak aplikatu ondoren, laborantzako lur sobera baldin badago, enkante publikoan eginen du adjudikazioa, eta hurrengo banaketa noiz egin behar den, ordura arteko epea emanez.
Udalak finkatuko du erregu bakoitzeko hasierako prezioa; eremuan antzeko ezaugarriak dituzten lurren errentamendu-prezioaren parekoa izanen da. Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, KPIaren arabera.
Enkantea egin ondoan laborantzako lurrik soberan bada, Udalak zuzenean ustiatzen ahalko du.
4. ATALA
Adjudikatzeko prozedura
34. artikulua. Ezkabarteko Udaleko Alkatetzak aldez aurretik ebazpena emanda, 20 egun balioduneko epea zabalduko da, eskubidea dutela uste dutenek herri-lurretako lurzatien adjudikazioa eska dezaten, ediktua Udalaren iragarki-oholean agertu ondoren.
35. artikulua. Eskaerei honako hauen zinpeko aitorpena erantsiko zaie:
a) Ezkabarteko biztanlea dela, gutxienez urtebeteko antzinatasunez, eta udalerrian urtean bederatzi hilabetez gutxienez bizi dela.
b) Udal honekiko zerga beharkizunak beteak dituela.
c) Familia unitatea osatzen duten kideak. Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduak eskatzen dituztenek adieraziko dute ea haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen.
d) Familia unitateko kide bakoitzak zenbat erregu dituen jabetzan, bai udal-mugarte honetan bai besteetan; lehorreko lurrekoak edo ureztatzekoak diren zehaztuko da.
e) Familia unitateko kide bakoitzak errentan edo jabetzaz besteko tituluren baten bidez lantzen dituen lurrak, bai udal mugape honetan bai beste batzuetan; lehorreko lurrak edo ureztalurrak diren zehaztu beharko da.
36. artikulua. Ezkabarteko Udalak, adjudikatzeko modu bakoitzerako (lehentasunezkoa edo zuzenekoa) onartu direnen zerrenda onetsiko du. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.
37. artikulua. Aprobetxamendu mota bakoitzeko behin-behineko zerrenda udal honen iragarki-oholean jarriko da 10 egun balioduneko epean, bidezko diren alegazioak egin ahal izateko. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrenda behin betikoa bilakatuko da, besterik gabe.
38. artikulua. Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, horien gaineko ebazpena emanen du, eta modu bakoitzean herri-lurretako lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda onetsiko du.
39. artikulua. Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamendurako eskubidea duten familia unitateen titularren behin betiko zerrenda ikusirik, Ezkabarteko Udalak loteak adjudikatuko ditu, eta haien ezaugarriak eta azalera ordenantza honen 18. artikuluaren araberakoak izanen dira.
Laborantzarako herri-lurren gainontzeko azalerari dagokionez, Ezkabarteko Udalak laborantzarako loteak adjudikatuko dizkie herritarren arteko zuzeneko adjudikazio bidezko aprobetxamenduko behin betiko zerrendan dauden familia unitatearen titularrei. Loteen ezaugarriak eta azalera ordenantza honen 27. artikuluaren araberakoak izanen dira.
Lurzatiak adjudikatuta, onuradunen eta horiei dagozkien herri-lurretako lurzatien zerrenda jendaurrean paratuko da, 15 egunean, Udalaren iragarki-oholean. Zerrendak Udalak onetsiko ditu.
40. artikulua. Argitaratutako zerrenden aurkako alegazioak, halakorik bada, behin ebatzita eta akatsak zuzenduta, Ezkabarteko Udalak behin betiko onetsiko du laborantzako herri-lurren aprobetxamenduen adjudikazioa.
III. KAPITULUA
Herri-larreen aprobetxamendua
41. artikulua. Ezkabarteko Udalak kudeatzen dituen herri-larreak Ezkaba mendiko lur hauek osatzen dute:
4. poligonoko 107., 108., 110. eta 174. lurzatiak, 7. poligonoko 101. lurzatia.
42. artikulua. Ezkabarteko Udalaren herri-larreen aprobetxamendua modu hauetako batean eginen da, lehentasun-ordena honetan:
a) Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioaren bidez.
b) Antzinako ohiturari jarraikiz.
c) Enkante publikoaren bidez adjudikatuz.
43. artikulua. Ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateetako titularrak izanen dira herritarren arteko zuzeneko adjudikazioaren bidezko larreen aprobetxamenduaren onuradun.
44. artikulua. Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak, eta debeku da azpierrentan ematea edo lagatzea.
45. artikulua. Adjudikazioa 10 urterako izanen da.
46. artikulua. Ezkabarteko Udalak honela kalkulatu du bazkatoki bakoitzak jasan dezakeen abelburu kopurua:
–Ardi-aziendako 100 buru.
–Behi- edo zaldi-aziendako 40 buru.
–Pottoka- edo poney-aziendako 8 buru.
Honi dagokionez, Ezkabarteko Udalak parekotasun hauek erabiliko ditu:
–Zaldi-aziendako buru 1 behi-aziendako buru 1en baliokidea da.
–Behi-aziendako buru 1 ardi-aziendako 10 bururen baliokidea da.
–Ahuntz-aziendako buru 1 ardi-aziendako buru 1en baliokidea da.
Zaldi-aziendako buru 1 poney motako (1,30 metro garai) zaldi-aziendako 2 bururen baliokidea da.
47. artikulua. Ezkabarteko Udalak finkatu du kanona (larreen egiazko kostuen %80-%90 artean), kontuan hartuz azienda-karga, larreen kalitatea eta ixtegirik dagoen ala ez.
48. artikulua. Adjudikazio-prezioa urtero berrikusiko da, bizitzaren kostuak izaten duen igoeraren arabera egokitzeko, erakunde ofizial eskudunak Nafarroan onetsitako indizeen arabera.
49. artikulua. Urte bakoitzari dagokion kanona epe bakarrean ordainduko da, urtea amaitutakoan.
50. artikulua. Udalak larre guztien bostena gordeko du urtero adjudikatu ahal izateko, onuradun berriak agertzen ote diren.
51. artikulua. Herri-lurretako larreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, indarreko foru legedian eskatzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eta aipatu foru legean nahiz haren erregelamenduetan ezarritako baldintza guztiak bete beharko ditu.
52. artikulua. Prozedura. Udalak aldez aurretik erabakia hartu eta Udalaren iragarki-oholean ediktua agertuta, 15 egun balioduneko epea irekiko da, eskubidea dutela uste dutenek larreen adjudikazioa eska dezaten.
53. artikulua. Eskabideekin batera zinpeko aitorpena aurkeztuko da, ordenantza honen 35. artikuluan zehaztu bezala. Horrez gain, abelburu kopuruaren gaineko katastroko ziurtagiria eta ordenantza honen 51. artikuluan aipatzen den osasun babesari buruzko ziurtagiria erantsiko dira, baita erabili nahi dituen lurzatien hurrenkeraren zerrenda ere.
54. artikulua. Udalak behin-behinekoz eginen du adjudikazioa, gorabehera hauek kontuan harturik:
a) Lehentasuna emanen zaie egoera ekonomikorik okerrena duten familia unitateei.
b) Hartzen ahal duten abelburu kargaren arabera adjudikatuko dira finkak, antzeko abelburu kopurua duten eskatzaileen artean.
c) Finka bera abeltzain bati baino gehiagori adjudikatzen ahal zaio, baldin eta guztiek dituzten abelburuen kopurua bazkalekuak hartzen ahal duen kopurua baino handiagoa ez bada. Horrelakoetan, kanona azienda buru bakoitzeko ezarriko da.
d) Abeltzain bakar bati bi finka adjudikatzen ahal zaizkio, behar adina azienda badu eta herriko gainerako abeltzainen eskaerak bete badira.
55. artikulua. Behin-behineko adjudikazioa eginik, 10 eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko. Halakorik ez bada, behin betiko onetsitzat joko da epea bukatutakoan.
56. artikulua. Herritarren arteko banaketan ematen ez diren larreak enkante publikoa eginez adjudikatuko dira, 10 urterako, indarra duen araudia eta ordenantza honetatik aplikagarria dena betez.
57. artikulua. Larreak, laboreak eta baratzeak adjudikatzeko baldintzak:
Adjudikaziodunak adjudikatutako lurzatietako itxiturak eta iturriak mantendu beharko ditu, baldin eta emakidaren hasieratik bazeuden.
Bizilagun bati ondoz ondoko adjudikazioak egiten bazaizkio, ahal dela, hobekuntzak (itxiturak, askak, idoiak, erretenak, etab.) egin dituen lurzatiak eta baratzeak emanen zaizkio.
Adjudikaziodun guztiek errespetatu beharko dituzte ezponda eta erreketako zuhaizti eta landaredia, ingurumenari buruzko indarreko araudiari jarraikiz.
IV. KAPITULUA
Etxerako egurraren aprobetxamendua
58. artikulua. Mendian aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoren, Udalak etxeko epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateei.
59. artikulua. Udalak urtero finkatuko du familia unitateei adjudikatu beharreko egur epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Udalari egoki iruditzen zaion denborarako.
60. artikulua. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ezin izanen ditu saldu.
61. artikulua. Egurra banatzerakoan Udala irizpide sozialetan oinarrituko da eta diru aldetik apalenak diren familia unitateei lehentasuna emanen die.
62. artikulua. Aurreko artikuluak aipatzen dituen familia unitateen maila ekonomikoak zehazteko, Udala irizpide objektiboetan oinarrituko da, ordenantza honen 17. artikuluan agertzen den bezala.
63. artikulua. Epaitzen aprobetxamenduarengatik ordaindu beharreko kanona urtero finkatuko du Udalak aurrekontu arruntean.
64. artikulua. Onuradunak behartuta daude egurra bildu ondotik hondarrak bildu eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendi-pistetan, ez eta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Betiere Udaleko eta Nafarroako Foru Administrazioko landazainek ematen dituzten jarraibideei kasu eginen zaie. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei aprobetxamendua ukatuko zaie.
65. artikulua. Adjudikatzeko prozedurari dagokionez, ordenantza honen 35., 36., 37., 38., 39., 40., 52., 53., 54. eta 55. artikuluetan xedatuari jarraituko zaio.
V. KAPITULUA
Herri-lurretako bestelako aprobetxamenduak
66. artikulua. Herri-lurrak sartuz eraturiko barrutietako ehizaren aprobetxamendua gaiari buruzko foru araudian ezarritakoari jarraikiz eginen da.
67. artikulua. Herri-lurren okupazioa, herri-lurretan harrobiak ustiatzea eta herri-lurretan ezarri gogo den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Udalak prestatzen dituen baldintza-agiriei lotuko zaizkie. Gainera, beharrezkoa izanen da gutxienez hamabost egunez jendaurrean edukitzea eta Foru Komunitateko Administrazioak onestea.
68. artikulua. Udalak ezin izanen du hemendik aitzina iratzeen herritarren arteko aprobetxamendurik eman. Lehenago espresuki nahiz isilbidez emandako iralekuak toki entitateari itzuliko zaizkio bi urtez elkarren segidan haien egiazko aprobetxamendurik egiten ez bada, botatzeko ahalmena ukatu gabe Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Legearen 119. artikuluan aipatzen den gisara.
VI. KAPITULUA
Hobekuntzak herri-lurretako ondasunetan
69. artikulua. 1. Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek honako xede hauek baldin badituzte:
a) Haien gaineko kargak kentzea.
b) Herri-lurra hobetzea.
c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio, beharrean daudela frogatzen duten herritarrei laguntzeko.
2. Proiektu horiek Udalak nahiz herritar interesdunek susta ditzakete eta lehentasuna izanen dute.
3. Kasu horietan, prozedura honi jarraituko zaio:
a) Udalaren erabakia, proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onesten dituena.
b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta Udalaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruzkoa.
c) Nafarroako Gobernuaren onespena.
4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordaindu eginen zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.
70. artikulua. Aprobetxamenduen onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak toki entitateak berak onetsi beharko ditu, aitzinetik 15 egunean jendaurrean eduki eta gero aurkezten diren alegazioak Ezkabarteko Udalak ebatzi ondotik.
V. TITULUA
Arau-hausteak eta zehapenak
71. artikulua. Arau-hauste administratiboak dira jarrian adierazita dauden egitateak, eta honela zehazten diren zehapenak ezarriko zaizkie:
a) Aprobetxamendua adjudikaziodunak berak behar bezala eta zuzenean eta pertsonalki ez egitea.
Larreen aprobetxamenduan: aprobetxamendu horretarako eskubidea galtzea hiru urtean.
Etxerako egurraren aprobetxamenduan: hartarako eskubidea galtzea urtebetean, araua zati batean urratu bada, eta hiru urtean, araua neurriz gain urratu bada. Gainera, isun ekonomikoa ezartzen ahal da: epaitzaren balorazioa halako 5 gehienez.
b) Aprobetxamenduen kanonak Udalak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.
Ordaintzeko hilabeteko epea irekitzea, %20ko errekarguarekin.
Epe horretan ordaindu ezean, aprobetxamendurako eskubidea galduko da.
Ondorio horretarako, gordailuzainak dauden zordunen idatzizko zerrenda aurkeztuko du, borondatez ordaintzeko aldiaren amaieran zein errekarguarekin ordaintzeko epearen amaieran.
c) Herritarren arteko aprobetxamendua nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea.
Herri-larreen aprobetxamenduan: 60 euroko zehapena, inplikatutako azienda larriko buru bakoitzeko.
Etxerako egurraren aprobetxamenduan: hartarako eskubidea galtzea urtebetean, araua zati batean urratu bada, eta hiru urtean, araua neurriz gain urratu bada. Gainera, isun ekonomikoa ezartzen ahal da: epaitzaren balorazioa halako 5 gehienez.
d) Azienda larriko buruek (zaldi-azienda eta behi-azienda) markarik ez izatea edo nolanahi ere aldatua edo faltsutua izatea:
60 euroko isuna, gehi Udaleko langileek kalkulatutako kalteen zenbatekoa, baita azienda identifikatzeko abereak biltzeak ekarritako gastuak ere. Ardi-aziendaren kasuan, 6 euroko zehapena izanen da buruko, gehi aipatutako kalteak eta gastuak.
e) Adjudikazioetan adierazitako epeak ez errespetatzea.
30 euroko isuna, epea gainditzen den egun bakoitzeko.
f) Ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen ez dituen titular baten azienda larratzea.
Eskubiderik izan gabe azienda Udalaren herri-lurretan larratzen den bakoitzean, 60 euroko zehapena behi edo zaldi bakoitzeko, eta 30 eurokoa, ardi bakoitzeko. Kopuru horiei gehituko zaizkie azienda dena delako lekutik eramateagatiko gastuak (araua hautsi duen titularraren konturakoak, osorik) eta sortutako kalte eta galeren ordaina.
g) Herri-lurretan zaborra eta bestelako hondakinak uztea.
Zabor edo hondakin unitate bakoitzeko 30 euroko zenbatekoa ordaintzea. Kopuru horiei gehituko zaizkie zakarrak jasotzeagatiko gastuak (araua hautsi duen titularraren konturakoak, osorik) eta sortutako kalte eta galeren ordaina.
Aurretik esandakoak, hala ere, ez ditu eragotziko egindako kalteen ordainketa eta kasuan kasuko erantzukizunak, edo bidegabeki eskuratutako produktuen eta arau-haustean erabilitako baliabide eta tresnen konfiskazioa.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Bakarra.–Ordenantza honek indarra hartzen duenetik indarrik gabe geldituko dira, baliorik ez ondoriorik ez dutela, kontra egiten dioten xedapen edo ordenantza guztiak, maila berekoak edo beheragokoak badira.
AZKEN XEDAPENA
Bakarra.–Ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.
Iragarkiaren kodea: L1711823
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
