21. ALDIZKARIA - 2017ko urtarrilaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

3/2017 FORU AGINDUA, urtarrilaren 17koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, 2017ko Vianako Printzea Kulturaren Sariaren oinarriak ezartzen dituena.

Abenduaren 23ko 281/2015 Foru Dekretuaren bitartez, Vianako Printzea Kulturaren Saria arautu zen. Kulturaren esparruko pertsona edo entitate aipagarrien ibilbidea aintzat hartzea du xede, kontuan hartuta bai arte plastikoetan, musikan, literaturan eta abarretan egindako sormen lana, bai zientzian, teknikan eta ikerketan egindakoa.

Foru dekretu horren 3. xedapena betetzeko, bidezko da Vianako Printzea Kulturaren Sariaren 2017ko edizioaren deialdia arautuko duten oinarriak onestea eta argitaratzea.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Vianako Printzea Kulturaren Sariaren 2017ko edizioaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean ageri direnak, onestea.

2. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

3. Foru agindu hau Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusira igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2017ko urtarrilaren 17an.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

ERANSKINA

Nafarroako Gobernuak 2017ko Vianako Printzea Kulturaren Sarirako deia egiten du, kulturaren munduan nabarmendu diren pertsonen edo entitateen ibilbidea aintzat hartzeko, bai arte plastikoetan, musikan, literaturan eta abarretan egindako sormen lanagatik, bai zientzian, teknikan eta ikerketan egindakoagatik ere. Hona hemen ezarri diren oinarriak:

OINARRIAK

1.–Vianako Printzea Kulturaren Sariaren xedea.

Kulturaren munduan nabarmendu diren pertsona edo entitateei beren ibilbidea azpimarratu eta aitortzea du xede aldian behingo sari honek, kontuan hartuta bai arte plastikoetan, musikan, literaturan eta abarretan egindako sormen lana, bai zientzian, teknikan eta ikerketan egindakoa.

2.–Hautagaiak aurkezteko epea eta tokia.

2.1. Proposamenak Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira igorriko dira (Navarrería kalea, 39, 1.a; 31001 Iruña, Espainia), posta ziurtatuaren bidez, gutun-azalean 2017ko Vianako Printzea Kulturaren Sarirako dela adierazita. Mezularitza zerbitzuaren bidez igorriz gero, faxez (+34 848 424 629) jakinaraziko da hura igortzen den egun berean. Eskaerak posta elektronikoaren bidez bidaltzen badira, helbide honetara igorri: premioprincipedeviana@navarra.es.

2.2. Hautagaiak aurkezteko epea oinarri hauek argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2017ko martxoaren 31n bukatuko.

3.–Entitate proposatzaileak.

3.1. Nafarroako Kultura Kontseiluko kideek eta edozein herrialdetako erakunde publikoek (gobernuak, ministerioak, udalak, unibertsitateak, akademiak, ikerketa zentroak, enbaxadak, kontsulatuak eta abar) aurkezten ahal dituzte hautagaiak, baita legez eratuta dauden edozein herrialdetako hezkuntza, kultur, gizarte entitateek zein GKEek ere; orobat, erakundeak gonbidatutako pertsonalitateek.

3.2. Saria norberarentzat edo norberak legez ordezkatzen dituen erakundeentzat eskatuz aurkezten diren hautagaiak baztertu eginen dira.

3.3. Sarirako hautagaiak aurkeztearen ondorioz, oinarri hauek goitik behera onartuko dira, baita epaimahaiak hartzen dituen erabaki guztiak ere.

4.–Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

3. oinarrian aipatu entitate edo pertsonek hautagaia aurkezten dutenean, dokumentazio hau erantsiko dute:

a) Entitatearen nortasun juridikoa frogatzen duten datuak, edo proposamena egiten duten pertsonenak, honako hauek adierazita: izena, helbidea, telefonoa, web orrialdea (baldin badu), IFZ edo antzekoa, eta epaimahaiak gehiago jakin dezan egokitzat jotzen diren beste dokumentu batzuk.

b) Azalpen memoria (1.000 hitz gehienez), delako pertsona edo entitatea aurkezteko oinarri diren merezimendu aipagarriak jasotzen dituena, baita egokitzat jotzen den gainontzeko informazioa ere, saria eskuratzeko kontuan hartzen diren merezimenduen frogagarri.

c) Nahi izanez gero, hautagaiaren aldeko gutunak aurkezten ahal dira.

d) Beste edozein dokumentazio osagarri, alegatutako merezimenduak indartu eta egiaztatzeko.

5.–Tramitazioa.

5.1. Idazkaritza Tekniko Nagusiak lehen hautaketa egiten ahal du, loteslea ez dena epaimahaiarentzat. Horretarako, hari igorriko dizkio finalisten proposamena eta aurkeztu diren gainerako hautagaiena.

5.2. Sari honi buruzko beste edozein informaziotarako, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Idazkaritza Nagusi Teknikora jo daiteke, telefono bidez (848 424 644) edo posta elektronikoaren helbidea baliatuz: premioprincipedeviana@navarra.es.

5.3. Deialdia egiten duen entitatearen eskumena da, ez beste inorena, sariaren inguruan sortu edo planteatzen diren arazo guztiak ebaztea.

6.–Epaimahaia, erabakia eta saria ematea.

6.1. Nafarroako Kulturaren Kontseiluko kideek osatuko dute Sariaren Epaimahaia. Idazkariak, hizpidea duela baina botorik ez, epaimahaiari lagunduko dio bere zereginetan.

6.2. Epaimahaiak aurkezten diren hautagaiak aztertuko ditu, eta, bakoitzaren merezimenduez gainera, hautagaiak Nafarroarekin duen lotura berezia ere baloratuko du.

6.3. Erabakia prentsaurreko batean jakinaraziko zaie hedabideei; aditzera emanen da zein entitatek edo pertsonak irabazi duen saria, edo, bidezkoa bada, eman gabe gelditu dela.

6.4. Nafarroako Gobernuak emanen du saria, epaimahaiak egindako proposamena ikusita.

6.5. Saria jendaurrean emanen da, ekitaldi bat horretarako antolatuta, garaiz jakinaraziko den egunean.

7.–Errekurtsoak.

Sariaren deialdi honen oinarrien kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, baita deialdia aplikatzeko egintzen kontra ere, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Iragarkiaren kodea: F1700722