21. ALDIZKARIA - 2017ko urtarrilaren 31

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ERROIBAR

Aldaketa, Ikasteko diru-laguntzak arautzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena

Erroibarko Udalak, 2016ko urriaren 19an egin osoko bilkuran, Ikasteko diru-laguntzak arautzen dituen ordenantzaren aldaketa onetsi zuen hasiera batean.

Onespenaren erabakia 2016ko 230. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2016ko azaroaren 29an, eta jendaurreko hogeita hamar lan eguneko epean alegaziorik aurkeztu ez denez, ordenantzaren aldaketa behin betiko onesten da eta haren testu osoa argitara ematen, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori guztia Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Erron, 2017ko urtarrilaren 18an.–Alkatea, Enrique Garralda Erro.

IKASTEKO DIRU-LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZAREN ALDAKETA

D) Unibertsitateko ikasketak puntua aldatuko da, urteroko diru-laguntza kopurua %10 igoz, 901,52 eurotik 992ra.

E) Euskara ikasketak izeneko puntua aldatuko da eta honela geldituko da:

Euskarazko ikasketak egiten dituzten ikasleek jasoko dute laguntza mota hau, baldin eta ikasketa horiek ez badaude ordenantza honetan laguntza duten beste ikasketa batzuen baitan.

Ondoan aipatzen diren ikasketa motak egiten dituztenek jasoko dute diru-laguntza:

1) Barnetegi moduko ikastaro trinkoak. Gutxieneko iraupena: bi aste.

2) Ikastaro trinkoak, egunero gutxienez lau orduko iraupena dutenak (astero hogei ordu).

3) Ikastaro estentsiboak.

4) Autoikaskuntza ikastaroak.

5) Udako Euskal Unibertsitateko ikastaroak (UEU).

–Diru-laguntzaren zenbatekoa matrikularen kostuaren %50 izanen da eta horretarako gordeta dagoen aurrekontua agortu arte emanen dira. Diru-laguntzen zenbateko osoa aurrekontuan erreserbatutako kopurua baino handiagoa baldin bada, deialdi honetan ezarritako baldintzak bete eta diru-laguntzen onuradun direnen artean hainbanatuko da.

–Ez da maila bereko ikastaro bat baino gehiago diruz lagunduko. Hau da, deialdi batean diru-laguntza jaso duen ikastaroaren maila bereko bertze bat egiteko diru-laguntzarik ez da emanen, ez deialdi horretan ez hurrengoan ere.

–Ez dira inola ere gastutzat hartuko garraioari eta materialari dagozkienak ez eta titulua lortzeko ordaindutako azterketa-eskubideei dagozkien gastuak ere.

–Eskatzaileak ikastaroaren gutxienez %80ko asistentzia/aprobetxamendua egiaztatu beharko du.

–Eskabidearekin batera honako dokumentuak aurkeztu behar dira:

a) Ikastaroa antolatzen duen erakundearen ziurtagiria, horren ezaugarriak zehazten dituena: maila, iraupena eta diru-laguntza eskatzen duen ikasleak izan duen asistentzia portzentajea.

b) Matrikularen ordainagiria.

–Birziklatze plangintzetan sartuak dauden administrazio publikoetako langileek ezinen dituzte hemen aipatzen diren diru-laguntzak jaso.

F) Ikasleen garraioa puntua aldatu da, hona hemen:

Garraioarentzako kontu-saila onartuz gero, laguntza emango zaie derrigorrezkoak ez diren ikasketa arautuak egiten dituzten ikasleei, betiere egunero ikastetxera –herritik kanpora– joan-etorria egiten badute eta gurasoek Erroibarko Udalarekin elkarlanean antolatzen duten garraioa erabiltzen badute. Emango den diru-laguntza ikasle bakoitzeko kostuaren %50 izango da eta horretarako Udalak onetsita daukan aurrekontua agortu arte emanen dira.

Modu berean 600 euroko diru-laguntza emango zaie aurreko paragrafoan aipatutako zerbitzua ordutegiengatik edo bertze arrazoirengatik erabili ezin dutenei, betiere ikastetxeek emandako txostenen bidez behar bezala justifikatzen badira.

Ezingo dituzte diru-laguntza hauek jaso unibertsitate eta goi-zikloetako ikasleek, ezta garraio hori erabili dezaketen baina inolako justifikaziorik gabe erabiltzen ez dutenek ere.

G) Salbuespenak izeneko puntua desagertzen da.

Iragarkiaren kodea: L1700929