21. ALDIZKARIA - 2017ko urtarrilaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

181/2017 EBAZPENA, urtarrilaren 19koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeak emana. Haren bidez ikertzaileen lan-kontratazioa egiteko hautaprobetarako deia egiten da, honako ikerketa-proiektu hau garatzeko: “RTC-2015-4045-4 MINECO/FEDER. WheelCheck: Sistema de inspección de rueda ferroviaria a partir de la reconstrucción 3D de la rueda completa”.

Ikusirik Alfonso Carlosena unibertsitateko katedradunak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Sailari atxikiak eta “RTC-2015-4045-4 MINECO/FEDER. WheelCheck: Sistema de inspección de rueda ferroviaria a partir de la reconstrucción 3D de la rueda completa” proiektuaren arduradunak, egin duen proposamena, ikerketa-proiektu hori proiektuaren laguntzaile gisa garatzeko ikertzaileak kontratatzeko hautaprobetarako deialdia egiteko.

Kontuan harturik Ikerketa Zerbitzuko zuzendariak proposamena ontzat eman duela.

Langileen Kudeaketarako Ataleko buruaren proposamenez, zeinak Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren oniritzia baitauka.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak, errektoretza taldearen egitura orokorra onetsi eta bere funtzioak zehazteko ekainaren 24an eman zuen 1042/2015 Ebazpenaren bidez, eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehena.–Hautaprobetarako deia egitea “RTC-2015-4045-4 MINECO/FEDER. WheelCheck: Sistema de inspección de rueda ferroviaria a partir de la reconstrucción 3D de la rueda completa” ikerketa-proiektua garatzeko ikertzaileen lan-kontratazioa egiteko.

Bigarrena.–Hautaproben deialdia arautuko duten oinarriak onestea, Ebazpen honekin batera doazenak, Ebazpenaren parte gisa.

Hirugarrena.–Balioespen Batzordeko kideei eta Ikerketa Zerbitzuko Zuzendaritzari Ebazpen hau helaraztea.

Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web-orrialdean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea.

Bosgarrena.–Ebazpen honek administrazio-bidea amaitzen du, Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 6.4 artikuluak xedatzen duenaren arabera, eta zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea errektorearen aurrean, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegietan, hilabeteko epean lehenengo kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere, ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2017ko urtarrilaren 19an.–Ikerketako errektoreordea, Ramón Gonzalo García.

OINARRIAK

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da ikertzaileak aukeratzea, ondoren ikertzaile horien lan-kontratazioa egiteko “RTC-2015-4045-4 MINECO/FEDER. WheelCheck: Sistema de inspección de rueda ferroviaria a partir de la reconstrucción 3D de la rueda completa” ikerketa-proiektua garatzeko.

Unibertsitateei buruzko Lege Organikoaren 48. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Langileen Estatutuko 15. artikuluak ezartzen duen obra edo zerbitzu zehatzeko kontratu-modalitatearen bidez egingo da kontratazioa. Helburua da elkarlanean aritzea ikusmen artifizialeko neurketa-sistema baten kalibraketan, muntaian, garapenean eta baliozkotzean, 3D render programazioan, GPUan eta abarrean.

Maila profesionala: Proiektuko laguntzailea.

Iraupena: 2018ko abenduaren 31ra arte.

Langileen Estatutuari buruzko Legea garatzen duen abenduaren 18ko 2720/1998 Errege Dekretuaren Testu Bateginaren 15. artikuluan ezarritakoarekin bat, iraupen hori orientatzekoa da kontratuaren xede den lana erabat burutzen den kontuan hartuta. Denbora hori ez da inoiz izango proiektuaren indarraldia baino luzeagoa, eta betiere esleitutako diru kopuruak baldintzatuko du, eta, horrenbestez, ikerketa-proiektuari lotzen zaion funtsa ez izatea kontratua iraungitzeko zioa izango da.

Lanaldi mota: osoa.

Diru-gehigarriak ordaintzeko aukera izango da proiektuan edo kontratuan ezarritako helburuak betez gero. Gehigarri horiek ordaintzeko, proiektuaren arduradunak ordainketa justifikatzen duen azken txosten bat egin beharko du, eta aurrekontuan diru kopuru nahikoa izan beharko da.

2.–Parte hartzeko baldintzak.

2.1. Hautaprobetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiar Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa.

Halaber, Espainiako, Europar Batasuneko estatuetako eta aipatu nazioarteko itunak aplikatzen diren eremuko estatuetako herritartasuna dutenen ezkontideek parte hartzeko aukera dute, betiere zuzenbidearen arabera bananduta ez badaude; herritartasuna duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartzeko aukera dute, zuzenbidearen araberako banaketarik ez dagoenean, baldin eta 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.

Espainian legezko bizilekua duten atzerritarrek administrazio publikoetako lan-kontratupeko langile aritu ahalko dira, betiere Espainian lan egiteko aukera ematen dien baimenaren jabe badira. Betekizun hori ez zaie aplikatuko, lanbide arautuen eremuan, Erkidegoko Zuzenbideko xedapenen arabera, beren kualifikazio profesionala lortu duten izangaiei.

b) 18 urte baino gehiago izatea, eta erretiro-adina betea ez izatea.

c) Graduatu, lizentziadun, goi mailako arkitekto edo ingeniari titulu ofiziala edukitzea, edo, bestela, titulua erdiesteko eskubideak ordaindu izanaren egiaztagiria.

Atzerrian lortutako titulazioak badira, beharrezkoa izango da atzerriko tituluak homologatzeko eskumena duen Ministerioak titulazioa baliokidetzea, eskaerak aurkezteko epea amaitu baino lehenago. Europako Batasuneko tituluak dituzten izangaien kasuan, homologazioa aurkeztuko dute, edo, bidezkoa bada, dagokion baliokidetza-ziurtagiria. Homologazio- edo baliokidetza-betekizun hori ez zaie aplikatuko lanbide arautuen eremuan kualifikazio profesionalaren aitorpena daukaten izangaiei, Europako Erkidegoko Zuzenbidearen xedapenen babesean erdietsi dutenei.

d) Deialdiko xede diren lanpostuak betetzea galarazten duen gaixotasunik edo muga fisikorik edo psikikorik ez edukitzea.

e) Diziplinako espediente baten ondorioz edozein administrazio publikotako zerbitzutik baztertua ez izatea, eta eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua ez egotea epai irmo baten bidez.

2.2. Aurreko arauetan ezarri diren baldintzak eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean eta kontratazioa egin arte bete beharko dira.

3.–Eskaerak.

Eskabideak aurkezteko epea bost egun baliodun igaro ondoren bukatuko da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Eskabide eredua esteka honetan dago: http://www.unavarra.es/digitalAssets/151/151465_100000Instancia-pruebas-selectivas-investigacion--version-octubre-2013-.pdf, www.unavarra.es helbidean, atal honetan: “Zerbitzuak/ Giza Baliabideak / Prozedurak / I-I / Giza Baliabideak / Ikertzaileen hautaprobak”, idazpuru honen azpian: Ikertzaileak kontratatzeko hautaprobetan onartua izateko eskaera.

Eskaerarekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dira:

–Izangaiaren Nortasun Agiri Nazionalaren edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna egiaztatzeko agiriaren fotokopia. Atzerritarren kasuan, bizileku- eta lan-baimenaren fotokopia.

–Deialdian eskatzen den tituluaren fotokopia.

–Ikasketa-espedientearen fotokopia, batez besteko nota zehaztuta.

–Curriculum vitae agiria, norberak egoki jotzen dituen merezimenduen egiaztagiriekin batera.

Parte hartzeko eskabideak eta dokumentazioa Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistro Orokorrean aurkeztu behar dira (Arrosadiko campusa, z/g, 31006 Iruñea / Tuterako campusa Tarazona etorbidea z/g 31500 Tutera), edo Estatuaren Administrazio Orokorreko erregistroetan, Autonomia Erkidegoetako Administrazioetako eta Toki Administrazioa osatzen duten Erakundeetako erregistroetan, posta bulegoetan edo Espainiak atzerrian dituen kontsulatuetan edo ordezkaritza diplomatikoetan. Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, posta zerbitzuko langileek data eta zigilua jar diezazkioten, ziurtatu eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistroetako batera bidali aurretik.

Giza Baliabideen Zerbitzuak eskaerak behar bezala kudea ditzan, Nafarroako Unibertsitate Publikoko erregistroak aukeratzen ez dituzten eskatzaileek eskaeraren kopia eskaneatu bat bidali behar dute dagokion erregistroko sarrera-zigiluarekin recursos.humanos@unavarra.es helbide elektronikora.

4.–Izangaiak onartzea.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gero, Ikerketako errektoreordeak ebazpen bat emango du izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean argitaratuko da.

Eskatzaileetako inor baztertzen ez bada, lehiaketa publikorako onartu diren izangaien behin betiko zerrenda argitaratuko da.

4.2. Izangai baztertuek edo zerrendan azaldu ez direnek zilegi dute erreklamazioa egitea eta, akatsen bat badago, akatsak zuzentzea, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo 5 egun balioduneko epean.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko eta akatsak zuzentzeko epea bukatu eta gero, Ikerketako errektoreordeak ebazpen bat emango du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean argitaratuko da.

4.4. Hautaketa-prozesuko onartuen zerrendan edo 6.2. oinarriak aipatutako hautaketa-prozesua gainditu dutenen zerrendan izangaiak sartu izanak ez du ekarriko inolaz ere unibertsitateak aitortzea izangai horiek deialdiko oinarrietan eskatu diren baldintza orokorrak edo bereziak betetzen dituztela. Kontratatzeko deitzen dituzten izangaiek ziurtatu eta egiaztatu beharko dute baldintza horiek betetzen dituztela, jatorrizko dokumentazioa aurkeztu beharko baitute kontratua sinatzen dutenean.

4.5. Parte hartzeko eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentazioarekin alderaturik jatorrizko dokumentazioa okerra edo faltsua bada edo jasotzen ez bada, kontratua sinatzeko ezintasuna eta kontratazio-zerrendatik baztertzea ekarriko du, interesdunak berak sinatuko duen ardura-aitorpenarekin bat etorriz.

5.–Hautaketa prozesua.

Izangaien merezimenduak balioetsiko dira, aurkeztutako dokumentazioaren eta beherago zehazten den baremoaren arabera.

Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan izangaiek dauzkaten merezimenduak bakarrik balioetsiko dira, eta ez dira kontuan hartuko geroago lortzen dituztenak. Balioespen Batzordeak inola ere ez du onartuko izangaiek alegatu ez duten edo agirien bidez frogatu ez duten merezimendurik, eta ezin izango du atal bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman.

Baremoa:

1. atala.–Titulazioa. 10 puntu, gehienez ere.

Ikasketa-espedientea espedientearen batez besteko puntuazioari dagokion proportzioan balioetsiko da, gehienez ere 10 punturekin, eta 1 faktorearekin biderkatuko da izangaiaren titulazioa Informatikako Ingeniaritzako Gradua edo Informatikako Ingeniaritza bada, eta 0,5 punturekin beste titulazio bat bada.

2. atala.–Esperientzia. 15 puntu, gehienez ere.

Esperientzia denbora errealeko 3D grafikoen programazioan:

–Ordenagailuaren bidezko grafikoen simulazioarekin eta programazioarekin lotutako gaietan diharduten enpresetan aritu izana: 2 puntu kontratuaren urte bakoitzeko, eta 10 puntu gehienez.

–Unibertsitateetan/ikerketa-zentroetan I+G jardueran aritu izana, ordenagailuaren bidezko grafikoen simulazioarekin eta programazioarekin lotutako gaietan: 2 puntu kontratuaren urte bakoitzeko, eta 5 puntu gehienez.

Bi kasuetan, urte batetik beherako egonaldietan puntuazio proportzionala kalkulatuko da.

3. atala.–Beste merezimendu batzuk. 15 puntu, gehienez ere.

–Liburutegi-ezagutzak (OpenGL, Qt, CUDA, Open CV): 5 puntu, gehienez ere.

–Programazio-ezagutzak (C#, C/C++, NET, SQL, etc.): 10 puntu, gehienez ere.

4. atala.–Elkarrizketa. 10 puntu, gehienez ere.

Batzordeak izangaiei elkarrizketa egiteko aukera izango du, kontratuaren xede den gaiari buruzko aldez aurretiko ezagutzak eta esperientziak balioesteko.

Hautaketa-prozesua gainditzeko, 25 puntu behar dira gutxienez.

Alegatzen diren merezimendu guztiak zuzenbidean baliozkoa den edozein baliabideren bidez egiaztatu behar dira.

Hautaketa prozesuaren azken emaitzan gertatzen diren berdinketak 3. atalean puntuaziorik handiena erdietsi dutenen alde ebatziko dira; berdinketak jarraitzen baldin badu, 1. atalean puntuaziorik handiena erdietsi dutenen alde; eta hala ere berdinketak jarraitzen badu, zozketaren bidez ebatziko dira.

Balioespen Batzordeko kide bakoitzak balioetsiko ditu izangaien merezimenduak. Azken puntuazioa izangai bakoitzari emandako puntuazioen batezbestekoa izango da.

6.–Hautaketa prozesua erabakitzea.

6.1. Izangaiek aurkeztutako merezimenduen balioespena amaitu eta gero, Balioespen Batzordeak Ikerketako errektoreordeari bidaliko dio hautaketa-prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako puntuazioekin.

6.2. Ikerketako errektoreordeak ebazpena emango du hautaketa-prozesua gainditu duten izangaien zerrenda onesteko, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean argitaratuko da.

6.3. Deialdi honetako kontratazio-zerrenda Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean argitaratu eta biharamunetik hasi eta proiektua amaitzen den arte egongo da indarrean.

7.–Balioespen batzordea.

Batzordeburua: Jesús Villadangos Alonso, Unibertsitateko irakasle titularra, Matematika eta Informatika Ingeniaritza Sailari atxikia, Ikerketako errektoreordeak delegatuta.

Idazkaria: Amalia Ortiz Nicolás, Unibertsitateko irakasle elkartua, Automatika eta Konputazio Sailari atxikia.

Batzordekidea: Mikel Arizaleta Arteaga, Unibertsitateko irakasle elkartua, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Sailari atxikia.

Balioespen batzorde ordezkoa:

Batzordeburua: José Javier Astrain Escola, lan-kontratupeko irakasle doktorea, Matematika eta Informatika Ingeniaritza Sailari atxikia.

Idazkaria: Javier Goicoechea Fernández, kontratupeko irakasle doktorea, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Sailari atxikia.

Batzordekidea: Carlos Ruiz Zamarreño, kontratupeko irakasle doktorea, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Sailari atxikia.

Balioespen Batzordearen jarduerak, uneoro, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak ezartzen dutenaren arabera gauzatuko dira. Jakinarazpenak emateko eta bestelako gorabeheretarako, Balioespen Batzordearen egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazio eta Kudeaketa eraikina izango da.

8.–Norberaren datuak babestea.

Norberaren Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak (DBLO) ezartzen duenarekin bat etorriz, izangaiek ematen dituzten datuak Langileen fitxategian jasoko dira. Fitxategi horren helburua Nafarroako Unibertsitate Publikoko langileen kudeaketa egitea da.

Kontratu hau finantzatzen duen erakundearen aurrean gastuak justifikatzeko, nominei, gizarte segurantzari edo kontratupekoak jasotzen duen beste edozein ordainsariri buruzko datuak lagako zaizkio erakunde horri. Nolanahi ere, kontratua gauzatzen denean baimenduko da lagapen hori.

9.–Errekurtsoak.

Zilegi da deialdi honen aurka, deialdiaren oinarrien aurka eta hautaprobak gainditu dituzten izangaien zerrendaren aurka honako errekurtso hauetako bat jartzea, arau indardunetan xedatutakoaren arabera:

a) Aukerako berraztertze-errekurtsoa errektorearen aurrean, hilabeteko epean, aurkatzen den egintza jakinarazten edo argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, aurkatzen den egintza jakinarazten edo argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Balioespen Batzordeak deialdi hau aplikatzeko erabakitzen dituen gainerako egintzen aurka, zilegi da gorako errekurtsoa jartzea errektorearen aurrean, hilabeteko epean, ekitaldia edo erabakia jakinarazten edo argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Iragarkiaren kodea: F1700920