207. ALDIZKARIA - 2017ko urriaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

199/2017 EBAZPENA, irailaren 28koa, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuarena, ondotik zehazten den linearako aurretiazko administrazio baimena, eraikitzeko baimen administratiboa eta haren onura publikoaren deklarazioa ematen duena. Linea honako hau da: Larraunen, Basaburuan eta Imotzen 13,2 kV-ko aireko linea elektrikoa, “Lekunberri-Larraun” linea eta “Irurtzun-Basaburua” linearen arteko lotura egiteko.

2017ko maiatzaren 29an, Eduardo Ryan Murúa jaunak, Iberdrola Distribución Eléctrica SAU ordezkatuz, instalazio elektriko honetarako administrazio baimena eskatu zuen, baita zehazki onura publikoaren deklarazioa eta eraikitzeko baimen administratiboa ere:

–Eskatzailea: Iberdrola Distribución Eléctrica SAU.

–Espedientea: SAT10816 (2017-036 Agr.–MIS).

–Instalazioaren kokapena: Larraun, Basaburua eta Imotz.

–Xedea: Lekunberri eta Larraun inguruan hornidura elektrikoaren kalitatea hobetzea.

–Ezaugarri teknikoak: aireko linea elektrikoa, 13,2 kV-koa, “Lekunberri-Larraun” eta “Irurtzun-Basaburua” lineak lotzeko:

  • 13,2 kV-ko Lekunberri-Larraun aireko linea (100-AL1/17-ST1A), 653 metro luze, lehendik dagoen 08.05 euskarrian hasi eta proiektatutako 29.04 euskarrian amaitzen dena.
  • 13,2 kV-ko Irurtzun-Basaburua aireko linea (100-AL1/17-ST1A), 4023 metro luze, proiektatutako 29.04 euskarrian hasi eta ordezkatzeko den 09.28 euskarrian amaitzen dena.
  • 13,2 kV-ko Irurtzun-Basaburua aireko linea (100-AL1/17-ST1A), 95 metro luze, ordezkatzeko 09.28 euskarrian hasi eta lehendik dagoen 09.27 euskarrian amaitzen dena.

–Aurrekontua: 262.198,01 euro.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak urtarrilaren 23an emandako 7E/2017 Ebazpenaren bidez, Ingurumen ukipenetarako baimena eman zitzaion Iberdrola Distribución Eléctrica SAUri.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. eta 144. artikuluetan xedatutakoa betez, Iberdrola Distribución Eléctrica SAUren eskaera eta instalazioak ukituriko ondasun eta eskubideen zerrenda zehatza jendaurrean jarri ziren (2017ko ekainaren 13ko Diario de Navarran eta egun bereko 113. Nafarroako Aldizkari Ofizialean), eta Larraungo, Basaburuko eta Imozko Udalei bidali zitzaizkien, ikusgai jar zitzaten.

Halaber, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127., 131. eta 146. artikuluetan ezarritakoa aplikatuz, Iberdrola Distribución Eléctrica SAUren eskaera igorri zaie ukitutako administrazioei eta erankundeei.

Ebroko Ur Konfederazioaren 2017ko uztailaren 21eko Ebazpenaren bitartez, baimena eman zitzaion Iberdrola Distribución Eléctrica SAUri Gesala errekaren eta izenik gabeko errekaren gainean aireko gurutzaketak egiteko (2017-L-46 espedientea).

Basaburuko Udalak 04.01-09.28 tartearen trazaduraren aldaketa eskatu zuen, Udabeko 1. poligonoko 33. eta 34. lurzatien gainetik iragaten dena. Eskaera hau Iberdrola Distribución Eléctrica SAUri igorri zitzaion, eta enpresa banatzaileak proiektatutako trazadura aldatu zuen. Aldaketak ukipen berriak sortzen zituen eta hauek jabeei jakinarazi zitzaien (Urritzako Kontzejuko herri-lurra eta Udabe-Beramendiko Kontzejuko herri-lurra), egoki iruditzen zaizkien alegazioak aurkeztu ahal izateko. Ez du inork honi buruz ezer adierazi.

Azkenik, proiektuaren separata Imozko eta Larraungo Udalei igorrita, ez dute horri buruz ezer adierazi. Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127. eta 146. artikuluak aplikatuz, ulertzen da ados daudela eskatutako baimenarekin.

Adierazitakoarekin bat, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak urtarrilaren 15ean emandako 48/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz (2016ko 20. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 1ekoa), eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. eta 36. artikuluetan ezarritakoa betez,

EBATZI DUT:

1. Iberdrola Distribución Eléctrica SAUri administrazio baimena ematea aipatutako instalaziorako.

2. Instalazioa egiteko aurkeztutako proiektua onestea, David Remírez de Ganuza Satrústegui industria ingeniari teknikoak sinatutakoa. 24 hilabete eman zaizkio obrak burutzeko.

3. Zehazki, aipatutako instalazioaren onura publikoaren deklaratzea, abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 54. artikuluan eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 149. artikuluan ezarritako ondorioetarako. Enpresa eskatzailea onuradun gisa agertuko da desjabetze espedientean.

4. Instalazioak aurkeztutako proiektuari jarraikiz gauzatu beharko dira, eta bat etorri beharko dute Goi tentsioko instalazio elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen maiatzaren 9ko 337/2014 Errege Dekretuan eta Goi tentsioko linea elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretuan xedatutakoarekin.

5. Behin proiektua gauzaturik, eskatzaileak zerbitzuan jartzearen akta eskatu beharko du. Eskaera horri erantsiko zaizkio aipatutako araudian ezarritako agiriak eta obra bukaerako ziurtagiria, teknikari eskudun batek sinatua.

6. Baimen hau emanda ere, instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren kontzesio, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, lortu beharko ditu instalazioaren eskatzaileak, aplikatzekoak diren beste xedapenekin bat.

7. Ebazpen hau Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

8. Ebazpen hau Iberdrola Distribución Eléctrica SAUri eta ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei jakinaraztea, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Hartan espediente zenbakia adierazi beharko da.

9. Ebazpen hau jakinaraztea Ebroko Ur Konfederazioari (Sagaste pasealekua 24-58, 50071 Zaragoza), Basaburuako Udalari (La Asunción kalea 7, 31870 Jauntsarats), Larraungo Udalari (Aralar kalea 5, 31870 Lekunberri), Imozko Udalari (Beheitioka kalea 37, 31869 Etxaleku), Urritzako Kontzejuko herri-lurrari (San Juan kalea z.g., 31869 Urritza) eta Udabe-Beramendi Kontzejuko herri-lurrari (San Miguel kalea z.g., 31869 Beramendi), eta adieraztea horren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratzen ahal dutela eskumena duen organo jurisdikzionalari zuzendua, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuari aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

10. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, irailaren 28an.–Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuko zuzendaria. Laura Larraya Irigoyen. (Ordezkapena, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak azaroaren 20an emandako 642/2015 Ebazpenaren bidezkoa).

Iragarkiaren kodea: F1711307