207. ALDIZKARIA - 2017ko urriaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

METAUTEN

Ordenantza, Jarduera ekonomikoetan eta obretan aritzeko erantzukizunpeko adierazpenaren prozedurak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Metautengo Barrutiko Udalak, 2017ko irailaren 6an egin osoko bilkuran, behin betiko onetsi zuen Jarduera ekonomikoetan eta obretan aritzeko erantzukizunpeko adierazpenaren prozedurak arautzen dituen ordenantza. Testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Metautenen, 2017ko urriaren 15ean.–Alkate udalburua, Andrea Catala Andueza.

UDAL ORDENANTZA, JARDUERA EKONOMIKOETAN ETA OBRETAN ARITZEKO ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENAREN PROZEDURAK ARAUTZEN DITUENA

Ordenantza, Metautengo Barrutiaren udal-mugartean halako jarduera batzuetan eta obra txikietan aritzeko prozedurak arautzen eta ezartzen dituena.

LEHENENGO KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

1.1. Ordenantza honen xedea da 12/2012 Legean eta 93/2006 Foru Dekretuan ez dauden jardueretan eta obra txikietan aritzeko prozedura, tramitazioa eta behar den dokumentazioa ezartzea, baita bete behar diren ereduak ezartzea ere, bai aipatu 12/2012 Legearen aplikazioan bai 12/2012 Legean eta 93/2006 Foru Dekretuan ez dauden jarduerei eta obra txikiei dagokienez.

1.2. Azken xedea hau baizik ez da, alegia, bermatzea egin beharreko obra txikiek, baita deskribaturiko jarduera ekonomikoek ere, hirigintzako araudia betetzen dutela eta orobat betetzen segurtasunaren, higienearen, osasunaren, irisgarritasunaren eta erosotasunaren aldetik aplikatzekoak diren arauetan erregelamendu bidez xedatzen diren baldintza teknikoak ere. Hori guztia, prozedura oinarrizko, beharrezko eta arin baten bidez tramitatu behar dela ahantzi gabe.

1.3. Ez da ordenantza honen xedea obretarako lizentziak eta/edo jarduera lizentziak arautzea, obra lizentzien xede baitira, Eraikuntzaren antolamenduari buruzko azaroaren 5eko 38/1999 Legearekin bat, eta horietarako obra proiektua aurkeztu behar baita.

Gisa berean, ez dira ordenantza honen xedekoak 93/2006 Foru Dekretuaren barnean sartuta dauden eta 12/2012 Legearen aplikazio eremutik kanpo dauden jarduerak.

2. artikulua. Definizioak eta laburdurak.

Ordenantza honen ondorioetarako, hona zer diren:

2.1. Jarduera ekonomikoa: ondasunak ekoiztea edo zerbitzuak egitea dakarten industria edo merkataritza jarduera guztiak, Toki Korporazioen Zerbitzuen Erregelamenduaren 22.1 artikuluan aurreikusiari jarraikiz.

2.2. Zerbitzua: norbaitek bere kontura eta normalean ordainsari baten truke egiten duen jarduera ekonomikoa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 50. artikuluan jasoa.

2.3. Erantzukizunpeko adierazpena: interesdun batek sinatzen duen dokumentu honetan, hark, erantzukizuna beretzat hartuta, adierazten du eskubide edo ahalmen bat aitortzeko edo hura erabiltzeko arauz ezarritako betekizunak betetzen dituela, badaukala hori frogatzen duen dokumentazioa eta konpromisoa hartzen duela eskubidea aitortzen zaion edo erabiltzen duen aldi osoan betetzeko (Administrazio Prozedurari buruzko Legearen 69. artikulua).

2.4. Aurretiazko komunikazioa: dokumentu honen bidez interesdunek Administrazio Publiko eskudunari adierazten dizkiote beren datu identifikagarriak eta gainerako baldintzak, eskubide bat erabiltzeko edo jarduera bat abiatzeko eskatzen direnak (Administrazio Prozedurari buruzko Legearen 69. artikulua).

2.5. Baimena: norbaitek zerbitzu jarduera baterako sarbidea izan dezan edo hartan aritu ahal izan dadin agintaritza eskudunak aldez aurretik eman behar dio, berariaz edo isilbidez.

2.6. APL, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legea.

2.7. 12/2012 Legea: 12/2012 Legea, abenduaren 26koa, Merkataritza eta zenbait zerbitzu liberalizatzeko premiazko neurriei buruzkoa.

2.8. IBEFL: 4/2005 Foru Legea, martxoaren 22koa, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzkoa.

2.9. 93/2006 Foru Dekretua: 93/2006 Foru Dekretua, abenduaren 28koa, Ingurumena Babesteko Esku-Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuena.

2.10. 38/1999 Legea: 38/1999 Legea, azaroaren 5ekoa, Etxegintzaren Antolamenduari buruzkoa.

2.11. Obra txikia. Ordenantza honen aplikazioari dagokionez, obra txikiak dira 38/1999 Legearen aplikazio esparruan sarturik ez daudenak, teknika aldetik errazak eta eraikuntzaren eta ekonomiaren aldetik tamaina txikikoak; konpontze, moldatze, apaintze eta edertze lanak baizik ez dira izaten, gehienetan.

3. artikulua. Aplikazio eremua.

3.1. Jarduerak eta jardueren aldaketak, Merkataritza eta zenbait zerbitzu liberalizatzeko premiazko neurriei buruzko abenduaren 26ko 12/2012 Legearen arabera.

3.2. Jarduerei loturiko obrak, Merkataritza eta zenbait zerbitzu liberalizatzeko premiazko neurriei buruzko abenduaren 26ko 12/2012 Legearen arabera.

3.3. Titulartasun aldaketak, Merkataritza eta zenbait zerbitzu liberalizatzeko premiazko neurriei buruzko abenduaren 26ko 12/2012 Legearen arabera.

3.4. Jarduerak ireki, abiatu edo aldatzea, horiek ez daudelarik 12/2012 Legearen aplikazio esparruaren barnean, ezta 93/2006 Foru Dekretuak deskribaturiko jardueren artean ere, eta gainera obra eta/edo jarduera proiektu bat prestatzea behar ez dutenak jardueran aritzeko lokala eraikitzeko eta/edo moldatzeko, indarra duen araudiaren eta legeriaren arabera.

3.5. Obra txikiak, adierazitako definizioaren arabera, muga hauen barnean:

a) Fatxadako elementu komunak ukitu gabe, beheko eta goiko solairuetan.

b) Ez dira ukituko eraikuntzako elementu komunak.

c) Ez da etxebizitzen barne banaketa ukituko.

d) Ez da etxebizitzen bizigarritasuna ukituko.

e) Ez da aldatuko eraikigarritasunari, bolumetriari eta okupazioari dagokien parametrorik, eraikin/eraikuntza lotuan eta/edo eskura dagoen lurzati libre pribatuan.

f) Hiri lurzoruan baizik ez dira egingo.

g) Ez dira ukituko dauden egiturazko elementuak ezta egiten diren berriak ere.

h) Ez da ondasun babesturik ukituko.

i) Ez da espazio publikoa ukituko, ez obrak egin bitartean ezta obren ondorioz ere.

j) Bete beharko da aplikatzekoa den hirigintzako udal planeamendua.

3.6. Honako hauek aplikatzeko beren araudiari lotuko zaizkio, eta ordenantza honen esparrutik kanpo geldituko dira:

a) Udalaren hornidura azoketako saltokietan kokaturiko establezimenduak.

b) Erakunde edo enpresa publikoen instalazio, lurzati edo bertzelako higiezinetan kokaturik daudenak, lurzati eta bizitegi multzo berean badaude eta haiek kudeatzen badituzte.

c) Prentsa, aldizkariak eta argitalpenak, gozokiak, loreak edo gisako bertze batzuk saltzeko kioskoak, udalerriko erabilera publikoko espazioetan daudenak.

d) Kalez kaleko salmenta, eremu eta espazio publikoetan kokatua, eta orokorrean jarduera ekonomiko batean aritzean jabari publikoaz egin daitekeen erabilera.

e) 12/2012 Legearen eranskinean eta 93/2006 Foru Dekretuan sartuta ez dauden jarduerak egonik ere, arau orokorra eta/edo sektoriala bete eta teknikoki justifikatu behar duten jarduerak, horrek ordenantza honetan aurreikusitako tramitearen sinpletasuna gainditzen duen dokumentazioa aurkeztu beharra ekartzen baitu.

4. artikulua. Jarduerak gauzatzeko arau komunak.

Jarduera eta establezimenduen arduradun eta titularrak hauetara behartuta daude:

4.1. Jardueran aritzera behar den baldintzetan, segurtasunaren, osasungarritasunaren, irisgarritasunaren, apainduraren, garbitasunaren eta ingurumenaren kalitatearen aldetik.

4.2. Jardueran aritzeko tramitatutako dokumentazioan jasota dagoena betetzera.

4.3. Inolako ukipenik ez eragiteko behar diren neurri zuzentzaileak ezartzera, aplikatzeko araudi orokor eta/edo sektorialarekin bat.

4.4. Ingurumenaren eta segurtasunaren arloan indarra duen araudia betetzeko teknika hoberenak erabiltzera.

5. artikulua. Eredu normalizatuak eta behar den dokumentazioa.

Eredu normalizatuak erabiliko dira interesdunei errazteko datuen eta behar den dokumentazioaren ekarpena; horiek ordenantza honen eranskinetan bildurik daude. Eredu horiek herritarren eskura egongo dira baliabide elektronikoen bitartez eta dagozkien udal bulegoetan.

5.1. 1. eranskineko eredua.–Erantzukizunpeko adierazpena, jarduerak ezartzeko edo aldatzeko, abenduaren 26ko 12/2012 Legearen esparruan, edo aipatu LEDaren esparrutik kanpora eta aldi berean Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuan deskribatu gabeak.

5.2. 2. eranskineko eredua.–Establezimendu/lokalaren egokitasunaren ziurtagiria, jarduerak ezartzeko edo aldatzeko jardueran aritzeko.

Teknikari eskudunak sinaturiko ziurtagiri teknikoa, establezimendu/lokalaren egokitasunaz, aurreikusi eta/edo aldaturiko jardueran aritzeko, indarra duen araudi orokor nahiz sektorialaren arabera. Hori guztia, honako jarduera hauei dagokienez: 1) 12/2012 Legean sarturikoak, eta 2) ez 12/2012 Legean eta 93/2006 Foru Dekretuak deskribatzen dituen jardueren artean sarturik ez daudenak.

5.3. 3. eranskineko eredua.–Obra txikiak egiteko erantzukizunpeko adierazpena, Metautengo Barrutiaren udal-mugartean halako jarduera batzuetan eta obra txikietan aritzeko prozedura arautzen eta ezartzen duen ordenantzak dioenaren arabera.

5.4. 4. eranskineko eredua.–Jarduera batean aritzeko edo aldaketa bat egiteko obrak ez egiteko zinpeko aitorpena, Metautengo Barrutiaren udal-mugartean halako jarduera batzuetan eta obra txikietan aritzeko prozedura arautzen eta ezartzen duen ordenantzak dioenaren arabera.

5.5. 5. eranskineko eredua.–Merkataritzako eta zerbitzuko jardueren titulartasun aldaketaren aurretiazko komunikazioa, Merkataritza eta zenbait zerbitzu liberalizatzeko premiazko neurriei buruzko abenduaren 26ko 12/2012 Legearen aplikazio esparruaren barnean.

5.6. Dokumentazio hau ekarri beharko da:

a) Eredu normalizatua(k), beharraren arabera.

b) Ordezkapenaren egiaztagiria, hala behar duenean.

c) Obrei dagokien tributu/tasa ordaindu izanaren gordekina, lokal/establezimendua egin nahi den jarduerara egokitzeko beharrezkoak badira (lizentzia eskuratzeko tramitea, ordenantza honetatik aparte, behar duten obrak). Hala dagokionean.

d) Zinpeko aitorpena, obrak egin beharrik ez dagoela dioena, hala egin nahi den jarduerarako, nola jarduerarako izango den establezimendu/lokala egokitzeko. Hala dagokionean.

e) Erantzukizunpeko adierazpena duen aurretiazko komunikaziorako eranskinean agertzen den ereduan aipatzen den dokumentazio guztia.

BIGARREN KAPITULUA

Prozedura

6. artikulua. Jakitun egitea.

6.1. Erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa, hurrenez hurren, obrak edo jarduera hasi aitzin formalizatu beharko dira. Jarduera irekitzen edo abiarazten delarik, aurretiazko komunikazioa duen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da jarduera gauzatzeko behar diren baldintza sektorial guztiak beteta eta baimen guztiak eskuratuta.

6.2. Behar den erantzukizunpeko adierazpena edo aurreko gaztigua aurkezteak ahalmena ematen dio interesdunari jardueran hasteko aurkezten den egunetik aitzina.

6.3. Aurkeztutako eta behar bezala zigilatutako dokumentazioaren kopiak edo erregistro elektronikoak luzaturiko ordainagiriak jakitun egingo dute Administrazioa. Jardueraren establezimenduan ikusgai jarri beharko da agiri hori.

6.4. Jakitun egitea ez da jarduera batean aritzeko administrazio baimena, baizik eta baliabide bat Administrazioak jakiteko jarduera hori badela eta geroko kontrola posible izateko, ohiko ikuskatze ahalmenetik bereizita, behar diren administrazio egintzen bidez, horiek administrazio egintzagatik tasa bat eskatzeko parada ematen baitute ordenantza fiskal bakoitzean ezartzen denari jarraikiz.

7. artikulua. Aurretiazko egiaztapena.

7.1. Udalaren erabakia izango da egiten den jarduera eta egindako obrak aitzinetik egiaztatu behar diren ala ez, establezimendu/lokalera ikustaldia eginez.

7.2. Erantzukizunpeko adierazpenak betetzen ez baditu eskatzen diren baldintzak, interesdunari eskatuko zaio, hamar eguneko epean, akatsa zuzen dezan edo aurkez ditzan aginduzko agiriak; ohartaraziko zaio jarduera berehala etengo dela, funtsezko baldintzaren bat betetzen ez bada.

7.3. Era berean, ohartaraziko da erantzukizunpeko adierazpena ezarritako epean zuzentzen ez badu, aurkeztu gabetzat joko dela, eta horrek ekarriko duela ukitutako eskubide edo jardueran aritzen segitu ezina, eta interesdunaren betebeharra egoera juridikoa kasuan kasuko jardueraren hasieraren aitzineko puntura lehengoratzeko, aparte utzirik kasuan kasuko erantzunbehar penal, zibil edo administratiboak.

7.4. Orobat, erantzukizunpeko adierazpena aurkezten baldin bada ordenantza honen aplikazio eremutik kanpo dagoen jarduera bat hasteko, ebazpen arrazoituaren bidez adieraziko da erantzukizunpeko adierazpen horren onartezintasuna; horrek berekin ekarriko du adierazpen espresa, ukitutako eskubide edo jardueran hasteko ezintasunaz behar den lizentzia aitzinetik eskuratu gabe.

7.5. Erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu ondoan, interesdunari noiznahi eskatzen ahalko zaio administrazio espedientea ekar dezan edo erakuts dezan adierazpenaren arabera daukan dokumentazioa, baita bidezko den gainerakoa, jarduera bera edo jarduerari lotutako obrak egiaztatzeko.

HIRUGARREN KAPITULUA

Egiaztapena eta ikuskapena

8. artikulua. Egiaztatzeko eta ikuskatzeko jarduera.

8.1. Egiaztatzeko eta ikuskatzeko jarduketak dagozkien arau sektorialei lotuko zaizkie. Halakorik ez bada, kapitulu honetako aginduak aplikatuko dira.

8.2. Udal zerbitzu eskudunek noiznahi egingo dituzte beharrezkotzat jotzen diren ikuskapen eta egiaztapenak ordenantzaren xede diren jarduerei dagokienez, indarra duen legeriak egozten dien eskumenak erabiliz; horretaz aparte, aplikatzeko araudian oinarriturik edozein alderdi betetzen delako egiaztagiriak aurkezteko eskatzen ahalko da.

8.3. Zantzurik baldin bada arau-hauste bat egin dela, erantzuleari ohartaraziko zaio, eta ohartarazpen hori jasoko da ikustaldiaz egiten den txosten teknikoan.

9. artikulua. Egiaztapenari eta ikuskapenari buruzko txosten teknikoak.

9.1. Egiaztapen eta ikuskapen jardueraz txosten teknikoa egingo da; txostena izaten ahalko da:

a) Aldekoa: ikuskatutako jarduera egindako tramitazioan aurkeztu den dokumentazioaren arabera egiten delarik. Orobat, egindako obrak aurreikusirik zeudenen eta horren arabera tramitatu direnen araberakoak direlarik.

b) Baldintzatua: neurri zuzentzaileak hartu beharra ondorioztatzen delarik.

c) Kontrakoa: ikuskatutako jarduerari funtsezko irregulartasunak agertzen zaizkiolarik eta jarduera eteteko beharra ikusten delarik harik eta bidezko diren neurri zuzentzaileak hartzen diren arte, horiek posible badira. Hala egin ezean, jarduera behin betiko bertan behera uztea proposatuko da.

9.2. Txostena baldintzatua edo kontrakoa izanez gero, zerbitzu eskudunek epea zehaztuko dute adierazten diren neurri zuzentzaileak hartzeko. Ofizioz nahiz interesdunek eskaturik, ezarritako epea luza dezake, gehienez ere hasieran emandakoaren erdia baino gehiago ez bada, betiere egoerak hartara behartuz gero eta hirugarrenendako kalterik sortu gabe, APLren 32. artikuluari jarraikiz.

9.3. Aitzineko zenbakiak aipatzen duen epea iraganik errekerimendua hartu dutenek ez badituzte hartu agindutako neurriak, organo eskudunak ebazpena emango du jarduera eteteko harik eta agindutako neurri zuzentzaileak hartzen diren arte; horretaz aparte, legokiokeen zehapen prozedura abia liteke.

10. artikulua. Jarduera etetea.

10.1. Ordenantza honek aipatzen dituen jarduera guztiak eteten ahalko dira ez badira gauzatzen aplikatzeko araudian ezartzen diren baldintzen arabera; horretaz aparte daude ordenantza honen hurrengo artikuluekin bat bidezko diren gainerako behin-behineko neurriak.

10.2. Aurkezten diren salaketek dagozkien eginbideak irekitzea ekarriko dute, salatutako egitateak egiazkoak ote diren egiaztatu beharrez.

10.3. Behar den erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu gabe edo ezartzen diren neurri zuzentzaileen kontra gauzatzen diren jarduerak berehala etengo dira. Halaber, Udalak egiaztatzen badu aurkeztutako funtsezko datu, adierazpen edo agiriren bat okerrekoa edo faltsua dela edo ez direla betetzen indarra duen legerian ezarritako baldintza guztiak, halako egitateak jakiten diren puntutik aitzina ezin izango da eskubidea erabili edo jardueran aritu, aparte utzirik izan litezkeen erantzunbehar penal, zibil nahiz administratiboak.

10.4. Aitzineko apartatuak aipatzen dituen egitateak eteteko agintzen duen ebazpena berehala betetzekoa izango da eta jakinarazi beharko zaio interesdunari. Badaezpadako neurri hau hartzeko ez da beharrezkoa izango aitzinetik entzutea ematea, zehapen prozeduran bidezko juzgatzen diren alegazioak aurkezten ahalko badira ere.

LAUGARREN KAPITULUA

Zehapen araubidea

11. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

11.1. Araudi sektorial berariazkorik izan ezean, arau-hauste administratibotzat hartuko dira ordenantza honen arauak urratzen dituzten eginak eta ez eginak, baita udal administrazioak edo haren mandatariek hura aplikatzean ematen dituzten agindu eta errekerimenduei ez obeditzea ere.

11.2. Arau-hausteen sailkapena da oso larriak, larriak eta arinak, ondoko artikuluetan ezartzen den tipifikazioari jarraikiz.

12. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

12.1. Arau-hauste oso larritzat joko dira:

a) Jardueran edo zerbitzuan aritzea dagokion erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa aurkeztu gabe, betiere kalte edo hondatze larria eragin bada ingurumenean edo pertsonen segurtasuna edo osasuna arrisku larrian jarri bada.

b) Agintari eskudunak jarduera uzteko edo eteteko aitzinetik dekretatu duelarik, agindua ez betetzea.

c) Arau-hauste larriak errepikatzea edo haietan berrerortzea.

d) Arau-hauste larri gisa sailkaturiko edozein portaera, pertsonendako edo ingurumenarendako kalte larriak ekartzen baditu.

12.2. Arau-hauste larritzat joko dira:

a) Jarduerak edo zerbitzuak abiatzea dagokien erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa aurkeztu gabe, betiere kalte edo hondatze larria eragin ez bada ingurumenean edo pertsonen segurtasuna edo osasuna arrisku larrian jarri ez bada.

b) Orokorrean, jardueran aritzea erantzukizunpeko adierazpenaren edo aurretiazko komunikazioaren aitorpenaren arabera betetzen diren zehaztapenak bete gabe, kalte edo hondatze larria eragin ez bada ingurumenean edo pertsonen segurtasuna edo osasuna arrisku larrian jarri ez bada.

c) Erantzukizunpeko adierazpenean edo aurretiazko komunikazioan, funtsezko datuak modu okerrean paratzea, faltsutzea edo ez aurkeztea.

d) Ikuskapen eta kontrol jarduera galaraztea, gibelatzea edo trabatzea.

e) Finkatutako neurri zuzentzaileak betetzeko egindako errekerimendua ez betetzea.

f) Azken dokumentazio teknikoa aurkeztea edo instalazioaren azken ziurtagiria sinatzea dokumentuaren edo ziurtagiriaren egunean den errealitateari lotu gabe.

g) Arau-hauste arinak errepikatzea edo haietan berrerortzea.

12.3. Arau-hauste arintzat joko dira:

a) Tipifikazioan larritzat jotzen diren eginak eta ez eginak, halako kalifikazioa hartu behar ez badute garrantzi edo munta txikikoak izateagatik edo hirugarrenei egindako kaltea txikia izateagatik.

b) Jarduerak ate, leiho edo hutsarteak kanpora irekita dituela funtzionatzea, jarduerak ingurunean kalte edo traba egiten duelarik.

c) Establezimenduan ez egotea erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu izanaren frogagiria eta adierazpen horrek aipatzen duen dokumentazioa.

d) Establezimenduetako baldintza teknikoetan aldaketa ez funtsezkoa egitea, horretaz jakitun egin gabe, hala egitea aginduzkoa delarik.

e) Establezimenduetan eta haien instalazioetan aldaketa ez funtsezkoa egitea, horretaz jakitun egin gabe, hala egitea aginduzkoa delarik.

f) Ordenantza honetan eta berak aipatzen dituen legeetan eta erregelamenduzko xedapenetan ezarritakoa nolanahi ez betetzea, betiere arau-hauste oso larri edo larri gisa tipifikaturik ez badago.

13. artikulua. Zehapenak.

Araudi sektorial berariazkoa izan ezean, ordenantza honetan tipifikaturiko arau-hausteak egiteak ondoko zehapenak ekarriko ditu:

–Arau-hauste oso larriak: mila bortzehun eta bat eurotik hiru mila eurora bitarteko isuna.

–Arau-hauste larriak: zazpiehun eta berrogeita hamaika eurotik mila eta bortzehun eurora bitarteko isuna.

–Arau-hauste arinak: hiruretan hogeita hamabortz eurotik zazpiehun eta berrogeita hamar eurora bitarteko isuna.

14. artikulua. Arau-hausteen erantzuleak.

14.1. Arau-hausteen erantzuleak izango dira, bakoitzean biltzen diren inguruabarrei begiraturik, arau-hausteak egiten dituztenak edo legez erantzule direnak, eta bereziki hauek:

a) Jardueren titularrak.

b) Jardueraren ustiapen tekniko eta ekonomikoaren arduradunak.

c) Dokumentazio teknikoa sinatzen duten teknikariak.

14.2. Ordenantza honetan ezarritako betebeharrak betetzea zenbait pertsonari batera dagokielarik, solidarioki erantzungo dute egiten diren arau-hausteetan eta ezartzen diren zehapenetan. Pertsona juridikoak iraungitzen baldin badira, erantzunbeharra haien administratzaileei galdatuko zaie, halakorik baldin bada, haiek gobernatzeko arauetan aurreikusten den maneran.

15. artikulua. Zehapenen mailakatzea.

15.1. Arau-hauste mota bakoitzari dagozkion isunak ondoko irizpide hauen balorazioaren arabera mailakatuko dira:

a) Kalte arriskua, eskatzen ahal den segurtasunean edo osasunean.

b) Araua hautsi duen jardueraren ondoriozko onura.

c) Arau-haustearen eragilea nahita ari izana.

d) Arau-hausteak errepikatzea eta haietan berrerortzea, betiere aitzinetik horiek kontuan hartu ez badira zehatu daitekeen arau-haustea zehazteko.

15.2. Erantzunbeharraren aringarria izango da arau-haustearen egileak, bere kabuz, neurri zuzentzaileak hartzea zehapen espedientea ireki aitzin.

16. artikulua. Behin-behineko neurriak.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 72. artikuluan aurreikusitako ildotik eta hala bereko ondorioekin, behin-behineko neurriak hartzen ahalko dira halakoak beharrezkoak baldin badira etor litekeen ebazpenaren eraginkortasuna segurtatzeko, interes orokorrak zaintzeko, prozedura behar duen tokira eramateko edo arau-haustearen ondorioen iraupena galarazteko.

Xedapen gehigarri bakarra.–Dokumentu ereduak.

1. Erantzukizunpeko adierazpenari, aurretiazko komunikazioari eta aurreko kontsultari dagozkien dokumentu normalizatuak ezarri dira ordenantza honen eranskinean.

2. Alkateari ahalmena ematen zaio ordenantza hau garatzeko behar diren dokumentu eredu normalizatu guztiak onesteko eta aldatzeko.

Lehen xedapen iragankorra.–Tramitazioan dauden prozedurak.

Ordenantza honek indarra hartu aitzin baimena eskuratzeko hasitako prozedurei dagokienez, interesdunek haien tramitazioari jarraipena ematen ahalko diote ordenantza honetan arautzen diren prozedura edo araudien arabera, Udalari aditzera emanda.

Xedapen indargabetzailea.

Indarrik gabe gelditu dira ordenantza honetan ezarritakoari kontra egiten dioten maila bereko edo beheragoko udal xedapen guztiak.

Azken xedapena.–Indarra hartzea.

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta hamabost egun baliodun geroago hartuko du indarra.

Metautenen, 2017ko irailaren 6an.

Iragarkiaren kodea: L1711794