207. ALDIZKARIA - 2017ko urriaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OLTZA ZENDEA

Ordenantza, Udalaren kirol eta/edo kultura instalazioetako erabilera eta barne araubidearen erregelamendua arautzen dituena.
Behin betiko onespena

Oltza Zendeako Udalak, 2017ko uztailaren 27an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea ondoko ordenantza hau: Udalaren kirol eta/edo kultura instalazioetako erabilera eta barne araubidearen erregelamendua arautzen dituena. Erabakia 2017ko 165. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 28an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, aipatu ordenantza behin betiko onetsi eta osorik argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Oltza Zendean, 2017ko urriaren 9an.–Alkatea, Moises Garjón Villanueva.

ORDENANTZA, OLTZA ZENDEAKO UDALAREN KIROL ETA/EDO KULTURA INSTALAZIOETAKO ERABILERA ETA BARNE ARAUBIDEAREN ERREGELAMENDUA ARAUTZEN DITUENA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Honako ordenantza hau aplikazio orokorrekoa izanen da Oltza Zendeako Udalaren kirol eta kultura instalazio guztietan eta Oltza Zendeako Udalaren antolamendu juridikoari atxikirik geldituko da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 324. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiz.

2. artikulua. Jabari publikoko ondasuntzat hartzen dira Oltza Zendeako Udalaren (Udala, aurrerantzean) titulartasun publikoko zuzkidurak, instalazioak, eremuak, lokal estaliak eta estali gabeak, zerbitzu publikorako jarriak, batez ere kirol, kultura eta gizarte xedeetarako, eta kirol eta/edo kultura jarduerak egiteko beharrezkoak direnak.

Egun, ondoko hauek dira Udalaren kirol eta kultura instalazioak:

–Ororbiako Abajitabidea kiroldegia eta kanpoko pistak.

–Arazuriko Berokizelaia kiroldegia.

–Asiaingo Mostazulo pilotalekua.

–Ororbiako Kulturgunea.

3. artikulua. Udalak zuzenean kudeatzen ditu instalazioak Oltzaleku SL tokiko merkataritza sozietatearen (Oltzaleku SL, aurrerantzean) bitartez. Udalaren baliabidea eta tresna da hori, administrazio honen kirol eta kultura instalazioen zerbitzu publikoa zuzenean kudeatzeko, xede sozialean aurreikusitakoarekin bat eta udalerri honen mugartean.

4. artikulua. Ordenantza honen xedea da arau multzo bat ematea, kirol, kultura, gizarte eta aisia jardueren plangintza egiteko helburu izanik, onura hauek lortzearren:

a) Instalazioak era egokian eta ordenatuan erabiltzea, herritar guztiek Udalaren kirol eta kultura instalazioak erabiltzeko aukera berak izan ditzaten.

b) Eskura dauden giza baliabideak zein materialak erabat aprobetxatzea.

c) Ahaleginak eta jarduerak koordinatzea.

d) Jarduerak erraz kontrolatzea.

5. artikulua. Jarduera edonolakoa dela ere, Udalak eta/edo Oltzaleku SLk behar diren esku-hartze administratiboa, kontrola eta zainketa eginen dituzte, baita agintaritzari dagozkion eginkizun guztiak ere, baldin eta haren eskumenekoak badira.

6. artikulua. Udalaren organoei dagozkie, egungo legeriak haiei esleitutako eskumenen erabileren arabera:

a) Ordenantza hau onetsi, aldatu edo indargabetzea.

b) Udalerrian kirol eta kultura jarduerak sustatzea, ikuspegi zabal batekin egiten diren ahalegin eta ekimen guztiak koordinatuz, beste entitate batzuei dagozkien eskumenak deusetan ukatu gabe.

c) Inbertsio planetatik sortutako betebeharrei eta instalazioen gastu arruntei aurre egiteko, urtero behar diren kredituak zehaztea.

d) Erabiltzeagatik ordaindu beharreko tarifak eta/edo prezio publikoak finkatu eta baimentzea. Horretarako, Oltza Zendeako Udalak ordenantza fiskala onetsiko du.

e) Diru-laguntzak eta bestelako laguntzak eskatzea Nafarroako Gobernuari, arlo publikoko beste administrazioei edo enpresa pribatuei eta partikularrei, eta haiek emandakoak onartzea.

f) Instalazioak erabiltzeko ordutegiak eta egutegiak finkatzea, baita konponketak direla-eta egiten diren itxialdiak ere. Bandoen bidez jakinaraziko da hori, deusetan ukatu gabe jakinarazteko beste modu batzuk, egoki ikusten bada: web-orria, ohiko erabiltzaileei banan banako jakinarazpena egitea eta abar.

g) Jarduerak ikuskatzea, ordenantza honen aurkako arau-hausteak zehatuz.

h) Ordenantza hau interpretatzea eta sortzen diren zalantzak argitzea.

II. KAPITULUA

Instalazioak erabiltzeko arau orokorrak

7. artikulua. Erabiltzaileek beti bete beharko dituzte ordenantza honek zehazten dituen erabilera arauak, kirol eta kultura instalazio bakoitzekoak, eta aintzat hartu beharko dituzte instalazio horietako langileen jarraibide eta oharrak. Anomaliarik edo kalterik ikusten bada edo jardueretan era normalean arituta egiten bada, instalazioetako langileei jakinaraziko zaie.

8. artikulua. Instalazioetako ondasun higigarri eta higiezin guztiak errespetatzeko konpromisoa hartzen dute erabiltzaileek. Ondasun horietan egin kalteak, gaizki edo oker erabiltzearen ondorioz direnean, egileek beraiek edo haren ordezkari legalek konpondu beharko dituzte. Udalak auzibidera jo dezake kalteak eta balizko kalte-ordainak erreklamatzeko.

9. artikulua. Erabiltzaileek instalazioak erabiltzen ahal dituzte, haien izaera, baimendutako jarduerak, federazio arauak eta ordenantza honek erabilera horri buruz ezarritako arauak kontuan izanik, jendearentzako irekita dauden ordutegien eta egunen barnean.

10. artikulua. NANa derrigorrez aurkeztu behar da edozein abonamendu mota edo eguneko sarrera eskuratzeko.

11. artikulua. 18 urtetik beherako adingabeen gurasoak, tutoreak edo haien zaintza dutenak erantzule izanen dira instalazioetako erabileraz edo haien portaeraz eta Udalaren kirol instalazioetan dauden bitartean gertatzen diren arau-hauste oroz. Erabiltzaile adingabeen segurtasuna legezko tutoreen edo haiekin doazen helduen erantzukizuna da, ez beste inorena. 12 urte baino gutxiagokoak ezin dira instalazioetan sartu haien zaintzaz arduratzen denak lagunduta ez badaude.

12. artikulua. Udalak eta/edo Oltzaleku SLk ez dute inoiz ere erantzukizunik izanen aldageletan eta armairuen barnean utzitako gauzen gainean.

13. artikulua. Instalazioetan publizitate finkoa ezartzeko, mezua gauzatzeko edozein euskarri erabiltzen dela ere, aldez aurretik baimena lortu beharko da, eta, hala behar bada, dagokion tasa edo prezio publikoa ordaindu. Ezin izanen da publizitaterik ezarri baldin eta euskarriak duen forma, kolore, marrazki edo hitzengatik bertako seinaleekin nahas badaiteke, ikustea eragotz badezake edo ikusleen nahiz erabiltzaileen segurtasunari kalte egin badiezaioke.

14. artikulua. Instalazioetan ez da animaliarik sartuko. Laguntza-txakurrak sartzen ahal dira, baldin eta identifikatuta egon, beren lana egin eta higiene eta osasungarritasun baldintzak betetzen badituzte, Ezgaitasuna duten pertsonak, laguntza-txakurrekin daudenean, gune irekietan eta mugatutako beste gune batzuetan sartu, ibili eta egoteko askatasuna arautzen duen otsailaren 2ko 3/2015 Foru Legearekin edo aplikatzekoa den araudiarekin bat.

15. artikulua. Ezin izanen da gainditu kirol instalazio bakoitzerako baimendutako jende kopurua, ez eta egiten den jarduerari dagokiona ere.

16. artikulua. Orokorrean, ezin da tabakorik, edari alkoholdunik edo jakirik kontsumitu, ezta hondakinak sortzen dituen ekitaldirik egin ere, horretarako diren guneetan ez bada, ezertan ukatu gabe ordenantzan jasotako salbuespenak.

17. artikulua. Ordenantza honetako arauen aurkako jokabidea duten erabiltzaileei zein ikusleei, edo une horretan instalazioan dauden pertsona edo gauzak errespetatzen ez dituztenei instalaziotik ateratzeko aginduko zaie.

18. artikulua. Erabiltzaile orok badu eskubidea ordenantza hau bete dadin eskatzeko, Udalaren kirol instalazioetako langileen eta arduradunen bitartez.

19. artikulua. Erabiltzaile orok badu eskubidea egoki iruditzen zaizkion erreklamazioak eta iradokizunak idatziz luzatzeko, Udalari zein Oltzaleku SLri.

Araudi berariazkoa, Arazuriko Berokizelaia kiroldegiaren instalazioetako erabilera arautzen duena

20. artikulua. Ondoko hauek erabili ahal izanen dituzte Arazuriko Berokizelaia kiroldegiaren instalazioak: abonatuak, ordenantza fiskal arautzailean ezarritako tasa edo eguneko sarrera ordaintzen dutenak eta Udalak eta/edo Oltzaleku SLk antolaturiko kultura eta kirol ikastaroetan izena emana dutenak.

21. artikulua. Tabernaren gunean sartzeko ez da eguneko sarrera ordaindu edo inongo abonamendu mota izan beharrik. Adingabeak laguntzeko etorritako helduak ere egon daitezke instalazioetako gunean, betiere adingabe horiek izena emana badute Udalak eta/edo Oltzaleku SLk programaturiko kirol edo kultura jardueretako batean. Bertan egon ahal izanen dira jarduera izaten den bitartean.

22. artikulua. Arropa aldatzeko eta norberaren garbiketa egiteko tokia aldagela da. Gune berdeetan ezin da arropa aldatu, ez garbitu eta ez orraztu ere. Pixoihala aldatzeko, horretarako diren tokietara (aldagelak) joan behar da.

23. artikulua. Ezin da aldageletan oinutsik ibili, ez eta oinutsik dutxatu ere. Erabiltzaileek txankletak edo antzeko oinetakoak eraman behar dituzte.

24. artikulua. Ezin da lehortu gabe eta oinutsik ibili tabernaren instalazioetan eta kirol geletan.

25. artikulua. Errugbi-futbol zelaian eginiko kirol jarduera bukatu ondoren, nahitaezkoa da kiroletarako oinetakoak garbitzea aldageletara sartu baino lehenago.

26. artikulua. Ezin da berdeguneetan eta hondartzetan futbolean edo beste kiroletan aritu, traba egiten ahal bazaie beste erabiltzaileei.

27. artikulua. Zilegi da berdeguneetan aulkiak edo hamakak erabiltzea.

28. artikulua. Instalazioei, berdeguneei eta arboladiari egiten zaizkien kalteak, gaizki edo oker erabiltzearen ondorioz direnean, egileek edo beren legezko erantzuleek ordaindu beharko dituzte. Udalak beretzat gordeko du epaitegietara jotzeko ahalmena, kalteengatik erreklamatzeko eta litezkeen kalte-ordainak eskatzeko.

29. artikulua. Derrigorrezkoa da dutxatzea igerilekuetan sartu baino lehen.

30. artikulua. Igerilekuetan eta hondartzetan sartzeko bainatzeko arropa jantzi behar da, ezin da inolaz ere kaleko arropa eta/edo osagarriak eraman.

31. artikulua. Espresuki debekaturik dago igerilekuetara sartzeko dutxetan burua nahiz gorputza txanpu edo xaboiak erabiliz garbitzea.

32. artikulua. Osasun eta higienerako neurri gisa, ez zaie igerilekura sartzen utziko eritasun infekto-kutsakorrak dituzten pertsonei. Instalazioetako langileek eska dezakete ziurtagiri medikoa.

33. artikulua. Igerileku barruan ezin da modu bortitzean jokatu, ez eta uretan modu zakarrean sartu edo antzekoak egin, erabiltzaileen osotasun fisikoa arriskuan jartzen bada. Halaber, debekaturik dago beste erabiltzaileei traba egiten ahal dien edozer erabiltzea (hegalak, uretako betaurrekoak, puzgarriak, baloiak, pilotak eta abar), salbu eta programaturiko jardueratarako badira.

Onartua dago, berriz, txikienei flotatzen laguntzeko diren tresnak erabiltzea (mahuka-erdikoak, burbuilak...).

34. artikulua. Jolasteko igerilekuan, 8 urte baino gutxiagokoek heldu batek lagunduta egon behar dute beti.

35. artikulua. Txipli-txapla aritzeko igerilekua 0-6 urteko haurrendako da bakarrik.

36. artikulua. Ekaitzik bada uretatik atera beharko da, segituan.

37. artikulua. Udalak eta/edo Oltzaleku SLk antolatutako ikastaro eta jardueratarako baino ez dira kirol gelak. Bestelako erabilerak egiteko baimena eman dakieke bestelako entitate eta partikularrei, idatziz eskatuta eta baimenduz gero.

38. artikulua. Programatutako ikastaroen eta jardueren ordutegitik kanpo, gelak itxita egonen dira gainerako erabiltzaileentzat.

39. artikulua. Kirol eremu horietara sartzeko, nahitaezkoa izanen da kirolerako arropa eta oinetakoak janztea, karrikatik ekartzen direnak erantzita.

40. artikulua. Bazkariak erretegien gunean egin behar dira (barbakoen eta mahai/bankuen eremua). Ezin da inolaz ere berdeguneetan jan.

41. artikulua. Erretegien gunera sartu ahal izateko abonamendu mota baten titularra izan behar da (urtekoa, udakoa eta abar) edo ordenantza fiskal arautzailean ezarritako eguneko sarrera erosi.

Erretegien guneko egunak, orduak, erreserbak eta erabiltzeko arauak ikusgai egonen dira bertan. Hauek dira:

Egunak eta orduak:

–Udako denboraldian: astelehenetik igandera: 11:00etatik 22:00etara.

–Neguko denboraldian: instalazioaren arduradunarekin adostuko da.

Erreserba:

–Udako denboraldian ezin dira erreserbak egin, ez eta aldez aurretik gauzak mahai eta bankuen gainean utzi ere, erreserbatzeko asmoarekin.

–Abonatuak ez direnek adinari dagokion eguneko sarrera ordaindu beharko dute.

Araudia:

–Erretegiaren erabiltzaileak ekarri beharko du egurra edo ikatza.

–Bukatu eta gero, tokia ongi eta garbirik utzi behar da.

–Eskatzaileak erantzun beharko du bertaratutakoek instalazioak gaizki erabiltzearen ondoriozko kalteez.

–Denbora osoan heldu batek zainduta egon behar dira adingabeak, eta ezin dira hemendik hara ibili nahieran.

Araudi berariazkoa, Ororbiako Abajitabidea kiroldegiko instalazioen erabilera arautzen duena

42. artikulua. Ondoko hauek erabili ahal izanen dituzte Ororbiako Abajitabidea kiroldegiaren instalazioak: abonatuak, ordenantza fiskal arautzailean ezarritako tasa edo eguneko sarrera ordaintzen dutenak eta Udalak eta/edo Oltzaleku SLk antolaturiko kultura eta kirol ikastaroetan izena emana dutenak.

43. artikulua. Harmailetako gunean sartzeko ez da eguneko sarrera ordaindu edo inongo abonamendu mota izan beharrik. Adingabeak laguntzeko etorritako helduak ere egon daitezke instalazioetako gunean, betiere adingabe horiek izena emana badute Udalak eta/edo Oltzaleku SLk programaturiko kirol edo kultura jardueretako batean. Bertan egon ahal izanen dira jarduera izaten den bitartean.

Muskulazio-gela.

44. artikulua. 16 urte bete dituzten abonatuek erabil dezakete muskulazio-gela. 18 urte baino gutxiagokoek bete behar dute erantzukizuneko agiria, tutoreak sinatua.

45. artikulua. Muskulazio-gelan sartzeko kirol-oinetakoak aldatu behar dira, bai eta kirolerako arropa egokia jantzi eta toalla eraman ere.

46. artikulua. Gelako teknikariek erabiltzaileak gainbegiratu eta kontrolatuko dituzte, eta aholku emanen diete entrenamendu planaren inguruan eta makina eta aparatuen funtzionamenduaz.

47. artikulua. Erabiltzaile bakoitzak norberaren lan-fitxa izan dezake. Beti bete beharko ditu gelako teknikarien jarraibideak.

48. artikulua. Aparatu batzuek dituzten erabiltzeko gehieneko epeak errespetatu behar dira. Ezin izanen dira makina kardiobaskularrak sobera denboraz erabili (20 minututik gora), beste erabiltzaile batzuk esperoan daudenean.

49. artikulua. Higiene arrazoiak direla eta, makina bat erabiltzen bukatu ondoren paperez eta desinfektatzaileez garbitu beharko da, nahitaez.

50. artikulua. Erabiltzaileek bildu beharko dute erabilitako materiala, eta bere tokian utzi.

Saunak.

51. artikulua. 16 urte baino gehiagokoek (abonatuak zein instalazioa erabiltzeko berariazko tasa ordaindu dutenak) erabil ditzakete saunak.

53. artikulua. Ezin da sauna barruan arropa aldatu, horretarako daude aldagelak.

54. artikulua. Ezin da sartu krema eta xaboi bezalako produkturik.

55. artikulua. Ezin da norberaren garbiketa saunaren gunean egin (depilatzea, bizarra moztea eta abar).

56. artikulua. Ezin da libururik, aldizkaririk edo paperik saunaren gunean sartu.

57. artikulua. Saunan sartu baino lehen dutxatu eta lehortu behar da, derrigorrez.

58. artikulua. Txankletez edo oinutsik sartu behar da saunan.

59. artikulua. Sauna bakoitzerako ezarritako jende kopurua errespetatu behar da, beti.

60. artikulua. Bainujantziarekin edo gabe har daiteke sauna saioa. Bainujantzirik gabe hartzen bada, toalla bat erabili behar da nahitaez, bertan eseri edo etzateko.

61. artikulua. Gomendagarria da saunan sartu aurretik erabiltzeko aholku eta gomendioak irakurtzea. Sauna bertan eta atezaindegian daude eskuragai.

62. artikulua. Zerbitzuak osasun azterketa egitea gomendatzen die erabiltzaile guztiei, kirol eremu horiek erabiltzea osasunaren aldetik komeni zaien ala ez jakin dezaten.

Erabilera anitzeko gelak.

63. artikulua. Udalak eta/edo Oltzaleku SLk antolatutako ikastaro eta jardueratarako baino ez dira erabilera anitzeko gelak. Bestelako erabilerak egiteko baimena eman dakieke bestelako entitate eta partikularrei, idatziz eskatuta eta baimenduz gero.

64. artikulua. Programatutako ikastaroen eta jardueren ordutegitik kanpo, gelak itxita egonen dira gainerako erabiltzaileentzat.

65. artikulua. Kirol eremu horietara sartzeko, nahitaezkoa izanen da kirolerako arropa eta oinetakoak janztea, karrikatik ekartzen direnak erantzita.

Ororbiako pilotalekua/kirol anitzeko pista.

66. artikulua. Instalazioa erabiltzeko lehentasuna izanen dute Udalaren kirol eta kultura programako jarduera guztiek, batez ere ondoko hauek: kirol eskolak sortu eta sustatzeko diren haurrentzako jarduerak, eta Oltza Zendeako herritarrak doan eta libreki aritzeko orduak, Udalak eta/edo Oltzaleku SLk aldez aurretik ezarriak. Ordutegi horretatik kanpo, erabiltzaile abonatuentzako erreserbatuko da, bai eta alokairuetarako ere.

67. artikulua. Ekain/uztailean, Udalak eta/edo Oltzaleku SLk zehaztuko dituzte instalazioaren erabilera kolektiboak eta ordutegien erabilgarritasuna, ahal den modu zuzenen eta orekatuenean, kirol modalitateak eta kultura jarduerak egiteko orduak ongi banatzearren. Horretarako, idatzizko eskaerak aztertuko ditu lehenago, ondoko hauek aurkezturiko eskaerak alegia: kirol eta aisia elkarteak, teknifikaziorako kirol zentroak, ikastetxeak eta unibertsitateak, profesionalak ez diren kirol klubak, kirol federazioak, irabazi asmorik gabeko onura publikoko elkarteak eta abar.

68. artikulua. Erabilera batzuen egunak eta orduak kointzidituz gero, ados jartzeko eskatuko zaie aldeei erabiltzeko, aukera izanik egun eta orduetan txandakatzeko. Horrela ez bada, Udalak eta/edo Oltzaleku SLk erabakiko dute nork erabili.

69. artikulua. Alokairu bat bertan behera uzteko instalazioetako langileei esan behar zaie, aurrez aurre edo telematika bidez, gutxienez 24 ordu lehenago. Halakorik egin ezean, alokairua kobratuko zaio eta zor hori ordaindu arte ez du berriz ere pilotalekua edo kirol anitzeko pista alokatzen ahalko.

70. artikulua. Erreserba egin duen pertsona edo entitatea agertu ezean, zehapena jarriko da (lehenbiziko aldia bada, astebete jokatu gabe; bigarrenean, bi aste; eta horrela gainerakoak).

71. artikulua. Kirol eta aisia elkarteetako, teknifikaziorako kirol zentroetako, ikastetxe eta unibertsitateetako, profesionalak ez diren kirol klubetako, kirol federazioetako, irabazi asmorik gabeko onura publikoko elkarteetako eta abarreko arduradunak dira haien taldekideen zuzeneko erantzuleak, instalazioan sartzen direnetik uzten dutenera bitarte (aldagelak barne). Erantzule subsidiarioak izanen dira, berriz, kirol eta aisia elkarteak, teknifikaziorako kirol zentroak, ikastetxeak eta unibertsitateak, profesionalak ez diren kirol klubak, kirol federazioak, irabazi asmorik gabeko onura publikoko elkarteak eta abar.

72. artikulua. Harmailuetan egon daiteke, ez badio kalterik edo eragozpenik egiten pilotalekuko edo kirol anitzeko pistako erabiltzaileei.

73. artikulua. Pilotalekua erabiltzen duten entitateen artean, bakar bat ere ez du guneak erabiltzeko esklusibotasunik.

74. artikulua. Ondoko baldintza hauen arabera eginen da Abajitabidea pilotalekuaren hiruhilekoko alokairuen kudeaketa:

1. Pilotalekuetako hiruhilekoko alokairuen erreserbak harrera-lekuan edo telefono dei bidez egin behar dira, hiruhilekoa hasi aurreko hilabetearen 22a baino lehen.

2. Bik edo gehiagok ordutegi bera eskatzen badute, hurrenkera honen arabera emanen da lehentasuna:

–Abonatu erroldatuak.

–Erroldatuak.

–Erroldatu gabeko abonatuak.

–Abonatu eta erroldatu gabekoak.

3. Eskatzaile batzuk egoera berean baldin badaude, zozketa eginen da haien artean, hiruhilekoaren aurreko hilabetearen 23an.

4. Bertaratze orria sinatu beharko da derrigorrez adjudikatutako ordua erabili baino lehen.

5. Zehapenak: ezin bada agertu, 2 egun lehenago abisatu beharko da, bestela hurrengo asteko alokairua bertan behera geratuko da.

Squash pista.

75. artikulua. Ondoko hauek erabil dezakete squash pista: abonatuak eta instalazioa erabiltzeko tasa ordaindu dutenak, betiere 12 urte bete baldin badituzte. 12 urte baino gutxiagokoek ere erabil dezakete, heldu batek lagunduta baldin badaude.

76. artikulua. Kirol eremu horretara sartzeko, nahitaezkoa izanen da kirolerako arropa eta oinetakoak janztea, karrikatik ekartzen direnak erantzita.

77. artikulua. Squash pista gehienez ere ordubetez erabiltzen ahal da erreserbako. Ordubetea pasata, instalazioa hutsik baldin badago, alokairua luza daiteke.

Araudi berariazkoa, Asiaingo Mostazulo pilotalekuaren instalazioetako erabilera arautzen duena

78. artikulua. Instalazioa erabiltzeko lehentasuna izanen dute Udalaren kirol eta kultura programako jarduera guztiek, batez ere ondoko hauek: kirol eskolak sortu eta sustatzeko diren haurrentzako jarduerak, eta Oltza Zendeako herritarrak doan eta libreki aritzeko orduak, Udalak eta/edo Oltzaleku SLk aldez aurretik ezarriak. Ordutegi horretatik kanpo, erabiltzaile abonatuentzako erreserbatuko da, bai eta alokairuetarako ere.

79. artikulua. Ekain/uztailean, Udalak eta/edo Oltzaleku SLk zehaztuko dituzte instalazioaren erabilera kolektiboak eta ordutegien erabilgarritasuna, ahal den modu zuzenen eta orekatuenean, kirol modalitateak eta kultura jarduerak egiteko orduak ongi banatzearren. Horretarako, idatzizko eskaerak aztertuko ditu lehenago, ondoko hauek aurkezturiko eskaerak alegia: kirol eta aisia elkarteak, teknifikaziorako kirol zentroak, ikastetxeak eta unibertsitateak, profesionalak ez diren kirol klubak, kirol federazioak, irabazi asmorik gabeko onura publikoko elkarteak eta abar.

80. artikulua. Erabilera batzuen egunak eta orduak kointzidituz gero, ados jartzeko eskatuko zaie aldeei erabiltzeko, aukera izanik egun eta orduetan txandakatzeko. Horrela ez bada, Udalak eta/edo Oltzaleku SLk erabakiko dute nork erabili.

81. artikulua. Alokairu bat bertan behera uzteko instalazioetako langileei esan behar zaie, aurrez aurre edo telematika bidez, gutxienez 24 ordu lehenago. Halakorik egin ezean, alokairua kobratuko zaio eta zor hori ordaindu arte ez du berriz ere pilotalekua edo kirol anitzeko pista alokatzen ahalko.

82. artikulua. Erreserba egin duen pertsona edo entitatea agertu ezean, zehapena jarriko da (lehenbiziko aldia bada, astebete jokatu gabe; bigarrenean, bi aste; eta horrela gainerakoak).

83. artikulua. Kirol eta aisia elkarteetako, teknifikaziorako kirol zentroetako, ikastetxe eta unibertsitateetako, profesionalak ez diren kirol klubetako, kirol federazioetako, irabazi asmorik gabeko onura publikoko elkarteetako eta abarreko arduradunak dira haien taldekideen zuzeneko erantzuleak, instalazioan sartzen direnetik uzten dutenera bitarte (aldagelak barne). Erantzule subsidiarioak izanen dira, berriz, kirol eta aisia elkarteak, teknifikaziorako kirol zentroak, ikastetxeak eta unibertsitateak, profesionalak ez diren kirol klubak, kirol federazioak, irabazi asmorik gabeko onura publikoko elkarteak eta abar.

84. artikulua. Harmailuetan egon daiteke, ez badio kalterik edo eragozpenik egiten pilotalekuko edo kirol anitzeko pistako erabiltzaileei.

85. artikulua. Pilotalekua erabiltzen duten entitateen artean, bakar bat ere ez du guneak erabiltzeko esklusibotasunik.

86. artikulua. Asteazken eta larunbatetan, 16:00etatik 19:00etara, instalazioa irekita egonen da Oltza Zendeako herritarrentzat, doan. Kasu honetan ere, erabiltzaileen ardura da instalazioaren erabilera, ordenantza honen araudiaren arabera.

87. artikulua. Interesdunek giltzak eta argia pizteko fitxak hartu behar dituzte Ororbiako Abajitabidea kiroldegian edo Udalak eta/edo Oltzaleku SLk esaniko tokian.

88. artikulua. Ondoko baldintza hauen arabera eginen da Mostazulo pilotalekuaren hiruhilekoko alokairuen kudeaketa:

1. Pilotalekuetako hiruhilekoko alokairuen erreserbak harrera-lekuan edo telefono dei bidez egin behar dira, hiruhilekoa hasi aurreko hilabetearen 22a baino lehen.

2. Bik edo gehiagok ordutegi bera eskatzen badute, hurrenkera honen arabera emanen da lehentasuna:

–Abonatu erroldatuak.

–Erroldatuak.

–Erroldatu gabeko abonatuak.

–Abonatu eta erroldatu gabekoak.

3. Eskatzaile batzuk egoera berean baldin badaude, zozketa eginen da haien artean, hiruhilekoaren aurreko hilabetearen 23an.

4. Bertaratze orria sinatu beharko da derrigorrez adjudikatutako ordua erabili baino lehen. Horrez gain, Asiaingo Mostazulo pilotalekura joaten direnek sinatu beharko dute giltza hartzean eta itzultzean. Giltza galduz gero, 25 euro ordaindu beharko da. Garaiz itzuli ezean, ezin izanen da alokairua erabili astebetez.

5. Ezin bada agertu, 2 egun lehenago abisatu beharko da, bestela hurrengo asteko alokairua bertan behera geratuko da.

Araudi berariazkoa,
Ororbiako Kulturgunearen instalazioen erabilera arautzen duena

89. artikulua. Ororbiako Kulturgunearen erabilerak arautzen dituen udal ordenantzan zehaztuko dira kultura instalazio horren erabilera arauak eta erabileren erregelamendua.

III. KAPITULUA

Instalazioetako erabiltzaileak

90. artikulua. Honela sailkatzen dira instalazioak kirolerako, kulturarako eta, inoiz, beste jarduera batzuetarako erabiltzen dituzten entitateak, elkarteak eta partikularrak:

–Abonatuak.

–Abonatu gabeak.

Erabiltzaileen erroldatu edo erroldatu gabeko izaera dela eta, zehaztapenak egin daitezke bai ordenantza honetan bai kirol instalazioetako zerbitzuak erabiltzeko tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean ere.

Abonatuak

91. artikulua. Abonatua izateko baldintzak.

1. Izena eman eta onartua izan ondoren, abonatutzat hartuko da “abonatu txartela edo giltzatakoa” duen hori, egunean badu Udalak onetsitako tarifen ordainketa, egun diren ordaintzeko bideen arabera. Ezin zaio sarrera kuota ordaintzeko eskatu.

2. Urteko abonamenduek balio izanen dute egiten diren egunetik.

3. Hau da hileko eta hiruhilekoko abonamenduen indarraldia: kontratazioa egiten den hilabete edo hiruhileko naturalaren lehen egunetik kontrataturiko zerbitzua bukatzen den hilabetearen azken egunera bitarte.

4. Datak gorabehera, udako denboraldia ekainaren 15ean hasi eta irailaren 15ean bukatuko da (3 hilabete).

5. Abonatuak libreki sar daitezke instalazioetan ezarritako ordutegietan.

6. “Abonatu txartela edo giltzatakoa” lortzeko, ondoko agiriak aurkeztu beharko dira:

–Nortasun agiri nazionalaren fotokopia.

–Banku-kontuaren zenbakiaren fotokopia, ordainagiriak helbideratu ahal izateko.

7. Abonatuari ordainagiriak igorriko zaizkio inskripzioa egiten duen unetik aurrera.

92. artikulua. Kuotarik ordaindu ezean, baja emanen zaio abonatuari eta hori izatearen eskubide guztiak galduko ditu. Aurreko paragrafoa aplikatu ondoren, abonaturen bati baja ematen bazaio, berriz ere alta hartu ahal izateko eguneratu beharko ditu kuota guztiak, baita ezarritako epeetan ordaindu ez izanak sortutako finantza gastuak ordaindu ere.

93. artikulua. Urteko abonamendua duenak, baja eman nahi badu, idatziz jakinarazi beharko die instalazioetako administrariei. Baja horren berri eman beharko da zein zerbitzu kontratatu den, hartarako epea bukatu baino hamar egun lehenago.

Baja gertatzen bada tarifa edo prezio publikoa kobratzeko egunaren ondotik, ez da hura itzultzeko eskubiderik izanen, salbu eta justifikatuta badago ondoko arrazoi honengatik:

–Jarduera egitea galarazten dion gaixotasun larria izatea. Medikuaren ziurtagiria aurkeztu beharko da.

Gaixotasun larritzat hartuko dira ondoko errege dekretuaren eranskineko zerrendan jasoak: 1148/2011 Errege Dekretua, uztailaren 29koa, minbizia edo beste eritasun larri bat duten adingabeak zaintzeko prestazio ekonomikoa Gizarte Segurantzaren sisteman aplikatzeko eta garatzekoa.

Hori guztia kirol instalazioetako zerbitzuak erabiltzeko tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean xedatuarekin bat.

94. artikulua. “Abonatu txartela edo giltzatakoa” galdu, ebatsi edo hondatuz gero, horren berri eman beharko zaio segidan instalazioak kudeatzen dituen entitateari. Galduz gero, txartel edo giltzatako berria egin behar denez, Udalak eta/edo Oltzaleku SLk ordaindu beharreko egiazko eta benetako kostua pagatu beharko da.

95. artikulua. “Abonatu txartela edo giltzatakoa” pertsonala eta besterenezina da. Beste inork okerreko erabilera egiteak zehapena ekarriko du.

96. artikulua. Udalak eta/edo Oltzaleku SLk mugatzen ahalko dute abonatuen kopurua, instalazioak ahalik eta egokien erabil daitezen, hainbat irizpide kontuan hartuta (kirolekoak, federazioarenak, jende kopuruarenak, segurtasunari buruzkoak eta abar).

Ez abonatuak

97. artikulua. Abonatu ez direnak honela sartzen ahalko dira kirol instalazioetara:

a) Eguneko sarrera: kirol eta kultura instalazioetara gisa honetara sartzen direnek kirol eta/edo kultura instalazio osoa erabiltzeko eskubidea izanen dute.

b) Kirol/kultura ikastaroren batean izena emanda.

c) Kantxa orduka alokatzeagatik, alokairu tasa ordainduz gero.

Azken bi hauetan, izen-ematea zer ikastarorako edo alokairua zer jarduerarako egin den, hartarako eskubidea dago, ez bestetarako.

8 urtetik beherako adingabe bakoitzeko baimena emanen zaio arduradun bati aldageletara sartzeko, txikiari arropa aldatzen laguntzeko, hala behar badu. Horrelakoetan, aldageletan gehienez ere ordu erdiz egon daitezke.

Aurreko paragrafoan zehazturiko araudia betetzen ez bada, pertsona horiei ohartaraziko zaie, eta arau-hauste bera aldi gehiagotan eginez gero, baja emanen zaio jarduera hartan euren ardurapeko adingabeari, eta hartan jarraitzeko eta kuota itzultzeko eskubideak galduko dituzte.

IV. KAPITULUA

Jarduerak baimendu, kudeatu, erreserbatu
eta koordinatzeko prozedura

98. artikulua. Honela egin daitezke noizbehinkako erreserbak: instalazioetako harrera-lekuan, telefono dei bidez edo web bidez, erreserbaren eguna, ordua, erabiltzailearen izena eta harremanetarako telefonoa azalduz. Instalazioko abonatuek lehentasunezko epea izanen dute instalazioetako kantxak erreserbatzeko garaian.

99. artikulua. Pilotalekuetako hiruhilekoko alokairuen erreserbak harrera-lekuan edo telefono dei bidez egin behar dira, hiruhilekoa hasi aurreko hilabetearen 22a baino lehen. Orduak banatzean, lehentasunezko irizpide hauek hartuko dira eskaera batzuk kointzidituz gero:

–Abonatu erroldatuak.

–Erroldatuak.

–Erroldatu gabeko abonatuak.

–Abonatu eta erroldatu gabekoak.

Kointzidentziak jarraituz gero, zozketa eginen da aurkeztutako eskaeren artean.

100. artikulua. Ondoko hauek eskatuko diote Udalari, idatziz eta hilabete bat lehenago, jarduera egiteko baimena: Oltza Zendeako kontzeju guztiak, kirol eta aisia elkarteak, teknifikaziorako kirol zentroak, ikastetxeak eta unibertsitateak, profesionalak ez diren kirol klubak, kirol federazioak, irabazi asmorik gabeko onura publikoko elkarteak, kultura elkarteak eta abar. Jardueren, entrenamenduen edo klaseen egutegia erantsi beharko dute, egunak, orduak eta jarduera mota edo kirola zein den azalduz. Horrekin batera baimena eskatuko dute, arduradunen datuak gehituta. Udalak jakinarazpen horiek igorri beharko dizkio Oltzaleku SLri ahal den azkarren.

101. artikulua. Tokiko kirol sistemarekin loturarik edo Udalarekin sinatutako lankidetza hitzarmenik badute, maiatz/ekainean aurkeztu beharko dute eskaera kirol eta aisia elkarteek, teknifikaziorako kirol zentroek, ikastetxeek eta unibertsitateek, profesionalak ez diren kirol klubek, kirol federazioek, irabazi asmorik gabeko onura publikoko elkarteek eta abarrek. Idatziz eginen dute eta bertan urteko jardueren zerrenda paratuko dute, bai eta kirol instalazioetako erabilera beharrak ere, hurrengo denboraldiari begira. Udalak eta/edo Oltzaleku SLk ebatziko dituzte eskaera horiek, ahal den modu orekatuenean.

102. artikulua. Udalak eta/edo Oltzaleku SLk, ahal duten neurrian, instalazioak erabiltzen erraztuko die kirol eta aisia elkarteei, teknifikaziorako kirol zentroei, ikastetxeei eta unibertsitateei, profesionalak ez diren kirol klubei, kirol federazioei, irabazi asmorik gabeko onura publikoko elkarteei eta abarrei, entrenamenduak eta txapelketa ofizialak (Nafarroako Kirol Jokoak, federazioenak...) egin ahal izateko. Hori guztia, bi aldeek sinatutako hitzarmenaren arabera. Ondoko hauek dira hitzarmenak sinatzeko orduan kontuan hartuko diren irizpideak:

–Udal eskolak sustatu, bultzatu eta sortzea, udal interesekoak badira.

–Kirol instalazioak erabiltzea liga edo txapelketetan, instalazio hori klub horiek etxeko jokalekutzat erabiltzen badute, barne izanik lagunarteko partidak eta astean zehar entrenamenduetarako erabiltzen diren orduak.

–Lotura eta integrazioa Oltza Zendeako udalerriarekin.

–Egoitza soziala Oltza Zendean izatea.

–Tokiko txapelketak egitea iraupen zehatz batekin.

–Interes orokorrekotzat jotzen diren bestelakoak.

103. artikulua. Nolanahi ere, Udalak izanen du lehentasun osoa kiroldegiaren zati bat edo osoa erabiltzeko. Kasu berezietan, alkateak badu eskubidea ordu tarte batean edo gehiagotan erabilera baimena baliorik gabe uzteko, baldin eta eskaera berezi bati erantzun beharra suertatu edo Udalak antolatu ekitaldiak gauzatu nahi badira. Betiere, ukituek horren berri izanen dute, gutxienez 10 egun lehenagotik eta, posible bada, erabiltzeko baimena beste egun edo ordu batera aldatuko da.

104. artikulua. Halako jarduera zehatz baterako erabiltzeko aurreikusi eta baimendutako epea iraganda, erabiltzaileek pista edo instalazioa garaiz utzi beharko dute.

105. artikulua. Jarduera zehatz eta baimendua bukatuta, aldagelak gehienez ere ordu erdiz erabiltzen ahalko dira.

106. artikulua. Aldagelak zabalik ez badaude, instalazioko arduradunak emanen du giltza, betiere erabilera arrazoitzen bada eta ezarritako ordutegian bada; erabili ondoren berriz ere atzera eman behar zaio giltza, betiere erabiltzeko baimendutako epea (ordu erdi) bukatu baino lehen.

107. artikulua. Instalazioak erabiltzeko baimena izateko, aldez aurretik tasa, tarifa edo prezio publikoa ordainduko da. Baimena lorturik, instalazioak ez erabilita ere, prezio publikoa ordaindu egin beharko da, deusetan ukatu gabe baimena kentzea, erreserbatutako orduetan behin eta berriz ez erabiltzeagatik.

108. artikulua. Udalaren kirol/kultura programako jarduera bat abian jartzeko, gutxienez 12 lagunek eman beharko dute izena. Salbuespen gisa, gutxieneko kopurua baxuago izan daiteke kirol/kultura jardueraren beraren ezaugarriak direla eta. Gehieneko jende kopuruari dagokionez, jardueraren arabera izanen da, instalazioari, materialari edo parte-hartzaile kopuruari (begiraleko) begiratuta. Nolanahi ere, oro har 20 lagun inguru izanen dira.

109. artikulua. Kirol eta kultura ikastaroetako izen ematea ondoko lehentasun hurrenkeraren arabera izanen da:

–Abonatu erroldatuak.

–Erroldatuak.

–Erroldatu gabeko abonatuak.

–Abonatu eta erroldatu gabekoak.

V. KAPITULUA

Arau-hauste eta zehapenak

110. artikulua. Ordenantza honen aurkako arau-haustea da bertan ezarritako betebeharrak edo debekuak osotara nahiz partez ez betetzea.

Arau-hausteak arinak, larriak edo oso larriak izan daitezke.

111. artikulua. Honako hauek dira arau-hauste arinak:

–Aldageletan eta barneko dutxetan behar ez bezalako oinetakoekin ibiltzea.

–Baimenduak ez diren eremuetan erretzea.

–Dutxa ez hartzea bainatu baino lehen, eta txankletak ez erabiltzea.

–Esparruan sartzea ez baimendutako edozein animalia.

–Instalazioko funtzionamendu orduak ez errespetatzea.

–Behar den jokabidea eta errespetua ez agertzea gainerako erabiltzaileekin.

–Instalazioak zikintzea.

–Tabakoa, edari alkoholdunak edo jakiak kontsumitzea, edo hondakinak sortzen dituzten ekitaldiak egitea. Halaber, beirazko elementuak edo objektuak erabiltzea kirol eta/edo kultura instalazioetan, horretarako ez baitira.

–Berdeguneetan burua orraztea, baita haurtxoen pixoihalak edo gisakoak aldatzea ere.

–Instalazioen funtzionamendu egokia lardaskatzea, gainerako erabiltzaileei traba egiten ahal dieten oihuak eginez, baita lasterka, jauzi edo bulka egitea, edo gainerako erabiltzaileei traba egin edo beroriek arriskutan jar ditzakeen edozein ekintza, eta oro har gainerako erabiltzaileak gogaitzen ahal dituen edozein gauza egitea.

–Muskulazio-gelara behar ez bezalako arropa eta oinetakoekin sartzea.

–Makina kardiobaskularrak sobera denboraz erabiltzea (20 minututik gora), beste erabiltzaile batzuk esperoan daudenean.

–12 urte baino gutxiagokoak arduradunik gabe instalazioetan sartzea.

–Ordenantza honetan ezarritakoari kontra egiten ahal dion beste edozein jarduketa, larritzat edo oso larritzat hartzen ez bada.

–Instalazioan hartutako erreserbara ez agertzea eta horren berri garaiz ez jakinaraztea, erreserba hori beste batzuek hartu ahal izateko.

Arau-hauste arinetan, behar den espedientea tramitatu ondoren, honako zehapen hauetakoren bat ezarriko da:

1. Aldi baterako kanporatzea, gehienez ere zazpi egunetarako, eta aldi horretan abonamendu eskubide guztiak galtzea.

2. Ohartarazpena.

112. artikulua. Honako hauek dira arau-hauste larriak:

–Instalazioetako langileen esanei kasurik ez egitea, baita arduradunak iraintzea edo haiei errespetua galtzea ere.

–Instalazioak edo materialak hondatzea, funtzionamenduari kalte larririk egin gabe.

–Instalazioetan begi bistan mozkor edo drogak jota sartzea.

–16 urtetik beherakoak muskulazio-gelara eta saunaren instalaziora sartzea.

–Instalaziora sartzea abonatua izan gabe edo dagokion prezio publikoa ordaindu gabe.

–Jostetan eta kirolean aritzea horretarako prestaturik ez diren tokietan.

–Beste sexuarentzat soilik diren eremuetan sartzea.

–Hutsegite arinetan berrerortzea.

Arau-hauste larrietan, behar den espedientea tramitatu ondoren, honako zehapen hau ezarriko da:

Aldi baterako kanporatzea, gehienez ere hamabost egunerako, eta aldi horretan abonamendu eskubide guztiak galtzea.

113. artikulua. Honako hauek dira arau-hauste oso larriak:

–Instalazioetan sartzeko txartelak edo giltzak faltsutzea.

–Beste erabiltzaile batzuen, ikusleen edo instalazioen arduradunen kontra gatazka, zalaparta, eraso fisiko edo hitzezkoak erabiliz instalazioen funtzionamendu egokia urratzea.

–Instalazioak edo materiala ebastea, lapurtzea edo hondatzea, funtzionamenduari kalte larria eginez, eta berdin erabiltzaileen gauzak.

–Instalazioaren barnean drogak saldu edo kontsumitzea.

–Instalazioan arma batekin sartzea.

–Ezarritako ordutegitik kanpo instalazioetan sartzea.

–Hutsegite larrietan berrerortzea.

Arau-hauste oso larrietan, behar den espedientea tramitatu ondoren, honako zehapen hau ezarriko da:

Instalazioetan sartzeko debekua denboraldiaren gainerakoan.

114. artikulua. Aurreko zehapenekin batera sartze-murrizketak eta isunak jar daitezke, honako zenbatekoekin:

–Hutsegite arina: 6tik 12 euro bitarte.

–Hutsegite larria. 13tik 60 euro bitarte.

–Hutsegite oso larria: 61etik 120 euro bitarte.

115. artikulua. Zehapenak aplikatzeko, irizpide hauei jarraituko zaie horiek zehazterakoan:

1. Intentzionalitatea.

2. Egitatea ezkutatzeko asmoa.

3. Zerbitzuari egin zaion kaltea.

4. Kirol instalazioei eta materialari egindako kalteak, baita erabiltzaileen gauzei ere.

5. Berrerortzea.

6. Noraino hartu den parte.

7. Arau-haustea egiteak egileari ekarri dizkion onurak.

8. Arau-hausleak bere kabuz arau-haustea zuzentzeari ekin izana.

116. artikulua. 1. Zehapen prozedura ofizioz abiatuko da beti, zehatzeko ahala erabiltzeko erregelamendu bidez ezarri den legezko prozedurari jarraikiz. Hori jasota dago, batez ere, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean.

2. Alkatea edo hark eskuordetutako pertsona dira zehapenak jartzeko organo eskuduna.

3. Preskripzio epea Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa da.

3. Zehapen prozedura abiatzeko eskumena duen organoak dakienean gertaerak arau-hauste administratiboa ez ezik, zigor-zuzenbideko arau-haustea ere izan daitezkeela, organo judizial eskudunari jakinaraziko dio eta geldirik utziko dute zehapen prozedura -hasita badago-, harik eta agintari judizialak erabakia hartu arte.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Erregelamendu honek indarra hartzearekin batera, indarrik gabe geldituko da arlo honi buruz orain arte indarrean izan den maila bereko edo apalagoko udal araudia. Indarrik gabe utzi da, espresuki, Oltza Zendeako Udalaren kirol instalazioetako erabilera arautzen duen ordenantza.

AZKEN XEDAPENETAN LEHENA

Araudi osagarria. Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan kirolari buruzko araudian xedatua aplikatuko da, ondoko hauetan zehazki: Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legea, Ikuskizun publikoak eta josteta jarduerak arautzen dituen martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legea eta indarrean dagoen eta aplikatzeko den gainerako araudia.

AZKEN XEDAPENETAN BIGARRENA

Indarrean jartzea. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, ordenantza honek ez du ondorio juridikorik sortuko, harik eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta Estatuko Administrazioak edo Foru Komunitateko Administrazioak toki erakundeei egintzak edo erabakiak deuseztatzeko errekerimenduak egiteko ahalmena erabiltzeko epea iragan arte.

Iragarkiaren kodea: L1711673