206. ALDIZKARIA - 2017ko urriaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1016/2017 EBAZPENA, urriaren 9koa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana. Honen bidez onesten da nekazaritzako elikagaien industriako inbertsioetarako laguntzen 2017ko deialdia.

Nekazaritzako elikagaien industria zutabe sendoa da Batasuneko landa ekonomiaren oinarrian. Landa ingurunean errotuena dagoen sektore industriala da, lehen sektorearen mugiarazle, eta nekazaritzako produktuen balio erantsia handitzea errazten du. Nekazaritzako enpresen garapenari ematen zaion bulkadak bideraturik egon behar du landa eremuetan enplegua sustatzera eta kalitatezko lanpostuak sortzera, daudenak mantentzera eta enpleguaren sasoiko gorabeherak murriztera. Gainera, sektore hau etengabeko modernizatze prozesuan dago, eta prozesu horrek ahalbidetzen dio lehiakorragoa izatea, gero eta zorrotzagoa den ingurune ekonomikoan.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduak, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidezko landa garapeneko laguntzei buruzkoak, 17. artikuluan aurreikusten du “Inbertsioak aktibo fisikoetan” izeneko neurria. Hark, halaber, 3 azpineurri ditu, eta hau da horietako bat: “nekazaritzako produktuak (Tratatuko I. eranskinean jasotakoak edo kotoizkoak, eta arrantzako produktuak salbuesten dira) eraldatzeko, merkaturatzeko edo garatzeko inbertsio materialak eta immaterialak egiteko laguntza”.

Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 aldiko programak azpineurri hori jasotzen du (4.2 kodea).

Nafarroako Gobernuak 2017ko maiatzaren 3an hartutako Erabakiaren bidez, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiari baimena eman zitzaion urte anitzeko gastu konpromisoa hartzeko, deialdi hau ebatz dezan.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nekazaritzako elikagaien industrietan inbertsioetarako laguntzak emateko 2017ko deialdia onestea.

2. Laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. I. eranskinean ageri dira.

3. 14.000.000 euroko gasturako baimena ematea, 2017ko aurrekontuen partidaren kargura, oraingo gastuen aurrekontuko partida honen parekoa baita: 810007 81210 7701 413102 partida, “Nekazaritza industrializatu eta merkaturatzeko inbertsioetarako diru-laguntzak PDR FEADER” izenekoa. Hori guztia, aurrekontuan krediturik bada. Horietatik 7.000.000 euro, 2018ko ekitaldiaren kargura baimenduko dira, eta gainerako 7.000.000 euroak, berriz, 2019ko ekitaldiaren kargura.

4. Ebazpena eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta bere laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2017ko urriaren 9an.–Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria. Xedea.

Laguntza hauen helburua da nekazaritzako produktuak eraldatzeko, merkaturatzeko edo garatzeko inbertsioak sustatzea, Nafarroako nekazaritzako elikagaien sektorearen lehiakortasuna hobetzeko.

Laguntza hauek Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 aldiko programan (LGP) daude, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2013ko abenduaren 17an eman zuten 1305/2013 (EB) Erregelamenduan xedatutakoarekin bat. Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez landa garapena laguntzeari buruzkoa zen erregelamendu hura.

2. oinarria. Definizioak.

Deialdi honen ondorioetarako, honako definizio hauek hartuko dira kontuan:

1) “Nekazaritzako produktuak”: Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren I. eranskinean agertzen direnak, salbu arrantzako produktuak eta akuikulturakoak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1379/2013 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean zerrendatutakoak.

2) “Nekazaritzako produktuak eraldatzea”: nekazaritzako produktu batean egiten den eragiketa, horren emaitza ere nekazaritzako produktua duena. Salbuesten dira lehenbiziko salmentarako ustiategian egiten diren jarduketak, beharrezkoak direnak animalia edo landare produktu bat prestatzeko.

3) “Enpresa txiki eta ertainak” edo “ETEak”: laguntzak eskatzeko unean mikroenpresen, enpresa txikien eta enpresa ertainen definizioari buruz Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko Gomendioan xedatutako irizpideak betetzen dituztenak izanen dira. Aipatu irizpideak betetzen ez dituzten enpresak “enpresa handitzat” hartuko dira.

4) “Elkarteak”: Nafarroako Kooperatibei buruzko abenduaren 11ko 14/2006 Foru Legearen 65 a) artikuluan definitutako landako nekazaritzako kooperatibak eta bigarren mailako kooperatibak, kooperatiba-taldeak eta entitate zibilak eta merkataritzakoak, baldin beren kapitalaren %50 gutxienez sozietate kooperatibena bada.

5) “Lehentasunezko elkarteak”: honako baldintza hauek betetzen dituzten elkarteak izanen dira:

a) Lehentasuneko elkartetzat hartutako elkarteak, aplikaturik Nekazaritzako elikagaien arloko kooperatibak eta beste elkarte batzuk sustatzeko abuztuaren 2ko 13/2013 Legean xedatutakoa.

b) Aurreko letrarekin bat lehentasunekotzat onartutako elkarte batean sartutako elkarteak.

6) “Kalitatezko ekoizpeneko enpresak”: honako baldintza hauetakoren bat betetzen duten enpresak:

a) Artisautza-enpresak eta jatorrizko deiturarekin edo adierazpen geografiko babestuekin babesturik dauden produktuen ekoizpena dutenak, edo produktu ekologikoen ekoizpena dutenak, baldin ekoizpen ekologikoak fakturazioaren %50 gainditzen badu azkeneko ekitaldi itxian.

b) Kalitatea kudeatzeko edo elikagaien segurtasuna ziurtatzeko nazioartean aitortutako sistemak dituzten enpresak (ISO familiak, IFS, BRC GlobalGAP eta antzekoak).

7) “ETE integratuak”: zenbait enpresa txiki eta ertainen bat-egiteen ondorioz sortutako enpresak, edo beste enpresa txiki eta ertain batzuekin enpresa-integraziorako akordioa dutenak (2010etik laguntzen eskaera egin den eguna arte).

8) “Elkarte integratuak”: prozesu hori 2010eko urtarrilaren 1etik 2014ko urtarrilaren 1era arte egin dutenak. Halakotzat joko dira honako entitate hauek:

a) Nekazaritzako kooperatibak, bigarren mailako kooperatibak eta kooperatiba-taldeak, kooperatiba integrazio prozesuetan parte hartzen ari direnak, bat-egiteen bidez, xurgatzeen bidez edo kooperatiben arteko akordioen edo sartzeko prozesuen bidez.

b) Beren kapital sozialean aurreko letran aurreikusitako kooperatiba integrazioko prozesu batean parte hartzen ari diren nekazaritzako kooperatibak dituzten entitateak, baldin eta prozesu horretan aurreikusten bada kooperatiba integrazioaren xede den jarduera bat garatzea, eta entitate horren kapital sozialaren erdia gutxienez nekazaritzako kooperatibena bada.

9) “Kooperatiba integrazioko prozesuan dauden elkarteak”: prozesu hori 2014ko urtarrilaren 1aren ondoren hasi dutenak. Kooperatiba integrazioko prozesuan dauden elkartetzat hartuko dira 8) ataleko a) eta b) letretan adierazitakoak.

10) “Ekoizpen instalazio berriak”:

a) Nafarroan berria den enpresa batek egindako hasierako inbertsioak: aurretik Nafarroan ez zegoen enpresa batek ekoizpen instalazio berri bat abiarazteko inbertsioak, betiere Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko Gomendioarekin bat, Nafarroan dagoen enpresa bati loturik ez badago.

b) Nafarroan kokatutako enpresen ekoizpen instalazio berriak: aurretik Nafarroan zegoen enpresa batek edo jadanik Nafarroan zegoen enpresa bati loturik dagoen enpresa batek egindako inbertsioak, Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko Gomendioaren arabera, betiere aurrekoa ez den beste kokapen batean egiten badira, laguntzak eskatzen dituenaren titulartasunarekin edo hari lotutako enpresen titulartasunarekin.

Kokaleku desberdintzat jotzeko, lantegiaren zerbitzu eta ekoizpen jarduera guztien funtzionamendu autonomoa bermatu beharko da, beharrezkoa izan gabe aldez aurretik dauden eraikinak konektatzea edo partekatzea azpiegiturekin eta ekoizpen instalazioekin edo instalazio lagungarriekin.

11) “Industria instalazio berriak azpiegitura partekatuko industrialdeetan”: enpresa instalazio berriak, industrialdeetan, baldin industrialde horiek trigenerazioa (lurruna, gasa eta argindarra) eskaintzen badute, bai eta hondakinen kudeaketa eta/edo uren arazketa bateratua ere.

12) “Ogibide nagusia nekazaritza duten nekazariak”: ogibide nagusia nekazaritza duten nekazariak edo zuzendaritza kontseiluko kideen erdiek baino gehiagok izaera hori duten elkarteak, betiere nekazari horiek kasuko entitatearen kapital sozialaren %50 baino gehiago baldin badute.

13) “Kapitalizazio ertaineko enpresak (Midcap)”: ETEak ez diren (3. ataleko definizioaren arabera) eta 3.000 langile baino gutxiago dituzten enpresak.

3. oinarria. Onuradunak.

1. Honako baldintzak betetzen dituzten enpresak (pertsona fisikoak edo juridikoak) izaten ahalko dira onuradunak:

a) Nafarroan ekoizpen instalazio bat izatea edo geroko batean izatea.

b) Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren I. eranskinean agertzen diren nekazaritzako produktuak eraldatzeko, merkaturatzeko edo garatzeko jardueraren bat egitea. Salbuespena dira arrantzaren sektoreko enpresak, baita beren emaitza den produktua I. eranskinean jasota ez dutenak ere.

c) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala badagokio, Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan ezarritakoaren arabera.

d) Betetzeke dagoen berreskuratze agindu baten mende ez egotea, Batzordeak laguntza legez kanpokotzat eta merkatu bateratuarekin bateraezintzat jo ondoren.

e) Ingurumen arloarengatik zehapenik jaso ez izana. Eta, hala bada, enpresak zehapenean aurreikusitako neurri zuzentzaileak abiaraziak izatea.

f) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2. artikuluan onuradun izateko ezarritako debekurik ez urratzea.

2. Unibertsitate publikoak, erakunde autonomoak eta sozietate eta fundazio publikoak ezin dira laguntza hauen onuradun izan.

3. Erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko da 1. atalean eskatutako baldintzak betetzen direla, eta laguntzak eskatzeko unean aurkeztuko da.

4. oinarria. Inbertsioko proiektu diruz lagungarriak.

1. Aktibo material edo immaterialetan inbertsioak egiteko proiektuak diruz lagungarriak izan daitezen, helburu hauek izan behar dituzte:

a) Eraldaketan eta merkaturatzean hobekuntzak egitea.

b) Produktuaren balio erantsia handitzea.

c) Kalitatea hobetzea.

d) Ekoizpen ahalmena handitzea.

e) Efizientzia energian eta inputen erabileran.

f) Enplegua ugaritzea.

g) Jardueren dibertsifikazioa.

h) Ingurumen arloko babesa.

i) Laneko segurtasuna.

k) Establezimendu berri bat sortzea.

l) Lehendik dagoen establezimendu bat handitzea.

2. Proiektuak laguntza eskatzen den egunetik 2019ko ekainaren 30era bitarte gauzatu beharko dira. Horrenbestez, gastu diruz lagungarriek aldi horretan fakturatuak eta ordainduak izan behar dute.

3. Diru-laguntza jaso ahal izateko, proiektuak honako aurrekontu hau izanen du gutxienez, ekoizpen instalazioko langile kopuruaren arabera (2016ko batez besteko plantilla):

LANGILEAK

GUTXIENEKO AURREKONTUA

10 baino gutxiago

15.000 euro

10 eta 49 artean

50.000 euro

50 eta 249 artean

100.000 euro

250 urte edo gehiago

300.000 euro

4. Enpresak Nafarroan duen ekoizpen instalazio bakoitzeko inbertsio proiektu bakarrak jaso dezake diru-laguntza.

5. oinarria. Gastu diruz lagungarriak.

1. Honako baldintza hauek betetzen dituzten gastuak dira diruz lagungarriak:

a) Honako xede hauek dituzten gastuak:

1. Ondasun higiezinak eraiki, eskuratu edo hobetzea.

2. Makina eta ekipamendu berriak erostea edo errentamendu finantzarioan hartzea, erosteko aukerarekin, produktuak merkatuan duen baliora bitarte.

3. Honako aktibo ukiezinetan inbertsioak egitea: programa informatikoak eskuratzea edo garatzea eta patenteak, lizentziak eta egile eskubideak eta marka erregistratuak eskuratzea.

4. 1. eta 2. puntuetako gastuekin lotutako kostuak, esaterako arkitektura eta ingeniaritza enpresei ordainsariak ordaintzea, haien balioaren %10 arte.

b) Nafarroan kokatutako ekoizpen instalazioetan egiten direnak, eta 4.1 oinarrian zehaztutako helburuetako bat zuzenean lortzera bideraturik daudenak.

c) Eskaera egunaren eta 2019ko ekainaren 30aren artean egiten direnak. Ondorio horietarako, egindako gastutzat hartuko da bi data horien artean fakturatua eta ordaindua dagoena. Faktura bati zenbait ordainketa badagozkio, aldi horretan egindakoek bakarrik jaso dezakete diru-laguntza.

Beharkizun horretatik salbuesten dira 4. puntuko a) letrako gastuak. Horiek 2016ko urriaren 1aren ondokoak izan daitezke.

d) Enpresaren ibilgetuan aktibatzea, proiektua identifikatzen duten kontu espezifikoetan.

e) Inbertsioaren gastu diruz lagungarriren bat, BEZa kanpo, 12.000 eurotik gorakoa bada (arkitektura edo ingeniaritza enpresek ekipo-ondasunen hornidura egiten dutenean edo zerbitzuak ematen dituztenean) edo 30.000 eurotik gorakoa (obra gauzatzeko kostuaren kasuan), onuradunak frogatu beharko du enpresa hornitzailea aukeratu dela efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera, eta, horretarako, “Enpresa hornitzailea aukeratzeko justifikazioa” izeneko inprimakia bete beharko du, eta gutxienez hiru eskaintza aurkeztu.

Kasu hauetan onuradunak ez ditu hiru eskaintza aurkeztu behar (aipatutako inprimakian behar bezala justifikatu beharko du):

–Justifikatzen duenean ezen, merkatuaren edo aktiboaren ezaugarrien berezitasunak direla eta, merkatuan ez dagoela behar adina entitate hornidura hori egiteko enpresak eskatzen dituen baldintzetan.

–Enpresan instalatutako beste aktibo batzuekin kontroleko software bidez lotutako aktiboak badira, eta frogatzen bada aktibo horiek batera izatearen ondorioz eragiketa-kostuak nabarmenki murrizten direla.

–Aktiboa aukeratutako hornitzailearekin aurretik izandako proiektu, garapen edo lankidetza baten ondorioa denean.

2. Errentamendu finantzarioaren bidez aktiboak eskuratzeak diru-laguntza jaso dezake baldin eragiketak oinarri honen 1 ataleko c) letran adierazitako aldian egiten bada, eta enpresak konpromisoa hartzen badu ondasuna erosteko aukera gauzatzeko, eragiketaren BEZa aldez aurretik ordaintzea ekarriko duena.

Ordainketa horretatik proiektua justifikatu arteko kuota ordainduek bakarrik jaso dezakete diru-laguntza. Eta ez dute diru-laguntzarik jasotzen ahal eragiketarekin lotutako gastuak, esaterako errentatzailearen marjinak, interesak, gastu orokorrak eta aseguruen gastuak.

3. Honako gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Lurrak, urbanizazio obrak eta horiek lortzearekin lotutako gastuak (notariotzak, zergak eta antzekoak).

b) Luxuzko gastuak.

c) Laguntzen organo kudeatzailearen iritziz neurriz kanpokoak direnak, proiektuaren helburua kontuan hartuta.

d) Diruz lagunduriko jardueraren helburuarekin bat ez datozenak.

e) Enpresako langileek ibilgeturako egindako lanak.

f) Laguntzen eskaeraren eguna baino lehenagoko ordainketa aurreratuak dituzten aktiboak (salbu 1. ataleko a) letrako 4. puntukoen motako kostuak).

g) Eratzeko eta lehenbiziko aldiz ezartzeko gastuak.

h) Hauetarako inbertsioak: aktiboak berritzeko, mantentzeko eta ordezteko inbertsioak. Salbu teknologiarengatik, errendimenduarengatik edo prestazioengatik ekoizpen gaitasuna handitzen badute.

i) Ibilgailuak, barnean erabiltzekoak salbu, esaterako, orga jasotzaileak eta pala kargatzaileak.

j) Erabilitako makinak eta ekipamendua.

k) Zorraren interesak eta BEZa.

l) Eraikinak edo lokalak erostea, betiere deialdi honen argitalpen egunaren aurreko 10 urteetan diru-laguntzaren bat jaso badute.

6. oinarria. Laguntzaren zenbatekoa.

1. Laguntzaren zenbatekoa enpresaren eta inbertsio proiektuaren ezaugarrien arabera zehaztuko da, jarraian adierazten den bezala.

Laguntzaren intentsitatea atal honetan adierazitako ehunekoen batura izanen da, eta inbertsio proiektuaren gastu diruz lagungarrien oinarriari aplikatuko zaio, 2. atalean ezarritako gehieneko mugarekin.

a) Enpresaren tamaina laguntzak eskatzeko unean:

TAMAINA

LAGUNTZA (%)

Handia

4

ETEa

8

b) Elkartea izatea:

ELKARTE MOTAK

LAGUNTZA (%)

Elkartea

4

Lehentasuneko elkarteak

8

Lehentasuneko elkarte batean integratutako elkartea

8

c) Enpresaren esportazioa (fakturazioaren portzentajea), 2016ko edo itxitako azken zerga-ekitaldiko datuen arabera:

ESPORTAZIOAREN %

LAGUNTZA (%)

≥ %15 eta <%45

1

≥ %45

2

d) Enpleguaren kalitatea. Batez besteko enplegu mugagabearen portzentajea enpresan 2016. urtean:

KONTRATU MUGAGABEEN KOPURUA /
KONTRATU KOPURUA GUZTIRA

LAGUNTZA
(%)

≥ %60 eta < %80

1

≥ %80 eta < %90

2

≥ %90

3

Batez besteko portzentaje hori kalkulatzeko, aintzat hartuko da lan bizitzaren txostena honako data hauetan: 2016/03/15, 2016/06/15, 2016/09/15 eta 2016/12/15.

e) Enpleguaren kalitatea. Prestakuntza enpresan (laguntzaren %2): 2016an prestakuntza programetan parte hartzea, gutxienez prestakuntzako 10 ordu egin badira langileko, aukera hauetako baten bidez eginak:

–Gizarte Segurantzako kuoten hobariaren bidez.

–Kontratatzeko konpromisoa duen prestakuntzarako laguntzen deialdiak, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak (NL-NEZk) eginak.

–NL-NEZren prestakuntza proiektu bereziak.

–Bestelako prestakuntza, NL-NEZren aldeko txostena duena.

f) Emakumeen eta gizonen artean lan arloko edozein diskriminazio galarazteko neurri hauetako bat hartzea (laguntzaren %1):

–Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun plan bat izatea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan ezarritako irismenaren eta edukiaren arabera prestatu eta aplikatua, salbu eta enpresa horretara behartuta dagoenean aipatu Lege Organikoaren 45. artikuluaren arabera.

–Aitortzaren edo bereizgarriren bat lortu izana bere langileekin tratu eta aukera berdintasunaren politikak aplikatu dituelako (esate baterako, Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko Ministerioaren “Berdintasuna enpresan” deituriko bereizgarria edo NEEZE-Nafarroako Emakume Enpresari eta Zuzendarien Elkartearen “Reconcilia zigilua”, eta abar).

–Bizitza pertsonaleko, laneko eta familiako eginkizunak batera eramateko neurriak edo berdintasuna sustatzekoak, frogatzeko modukoak, aplikatu izana. Neurri horiek frogatzeko, enpresaren eta langileen ordezkariek sinatutako dokumentua aurkeztuko da.

g) Enpleguaren kalitatea. Desgaitasun maila %33koa edo handiagoa duten plantillako langileen kopurua, laguntzak eskatu aurreko hilabetean, edo urtarrilaren 14ko 27/2000 Errege Dekretuan aurreikusitako neurri alternatiboak:

PLANTILLAN DESGAITASUNA DUTENEN % (Neurri alternatiboak barne)

LAGUNTZA (%)

≥ %2

1

≥ %4

2

≥ %6

4

h) Kalitatezko ekoizpeneko enpresak. Kalitatezko ekoizpeneko enpresatzat hartzeko baldintzak, 2. oinarriko 6) definizioan ezarriak (2016ko edo itxitako azken zerga-ekitaldiko datuen arabera):

KALITATEZKO EKOIZPENEKO ENPRESATZAT
HARTZEKO BALDINTZAK

LAGUNTZA
(%)

a) edo b) betetzen du

1

a) eta b) betetzen ditu

2

i) Kooperatiben eta enpresen integrazioa. Nafarroako nekazaritzako eta elikadurako enpresen eta nekazaritzako kooperatiben integrazioa sostengatzeko neurriak:

KOOPERATIBEN
ETA ENPRESEN INTEGRAZIOA

LAGUNTZA (%)

Enpresa txiki eta ertain integratua

4

Kooperatiba integratua

6

Integrazio prozesuan dagoen kooperatiba (kooperatiben arteko akordioa)

10

Integrazio prozesuan dagoen kooperatiba (bat-egitea edo xurgapena)

16

j) Inbertsioaren kokapena (eremu geografikoa):

KOKAPENA

LAGUNTZA (%)

Iruñerrian, Iruñean izan ezik (Nafarroako Lurralde Estrategiaren 10.4 azpieremua) *

1

Iruñerritik kanpo (Nafarroako Lurralde Estrategiaren 10.4 azpieremua) *

2

–Iruñerriak udalerri hauek biltzen ditu: Antsoain, Aranguren Ibarra, Atarrabia, Barañain, Beriain, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Eguesibar, Galar Zendea, Noain (Elortzibar), Oltza Zendea, Orkoien, Uharte, Zizur Zendea eta Zizur Nagusia.

k) Inbertsioaren kokapena: deialdi honen argitalpen egunean garapen ekonomikorako plan estrategikoa gauzatzeko hitzarmena onetsirik duen eremu baten barnean kokatutako establezimenduen kasuan: laguntzaren %3.

l) Inbertsioaren kokapena: azpiegitura partekatuko industrialde batean kokatutako establezimendua: laguntzaren %5.

m) Ekoizpen instalazio berria:

EKOIZPEN INSTALAZIO BERRIA

LAGUNTZA (%)

Nafarroan kokatutako enpresen ekoizpen instalazio berriak

4

Enpresa berria Nafarroan

13

n) Makineriako inbertsioaren zenbatekoa. Makinen eta haiei erantsitako instalazioen portzentajea, inbertsio osoari dagokionez:

MAKINEN ETA HAIEI ERANTSITAKO INSTALAZIOEN %

LAGUNTZA
(%)

≥ %25 eta <%50

1

≥ %50 eta <%75

2

≥ %75

3

o) Enpresa dibertsifikatzeko inbertsioak:

ENPRESA DIBERTSIFIKAZIOA

LAGUNTZA
(%)

Aurrez egindako jarduerez bestelako jarduera bat, baldin eta EJSNaren 4. digitua ezberdina bada

2

Aurrez egindako jarduerez bestelako jarduera bat, baldin eta EJSNaren 3. digitua ezberdina bada

4

p) I+Gko proiektuen ondoriozko inbertsioak. Inbertsio hauek hartuko dira kontuan: zuzenean eta modu agerikoan I+Gko proiektu baten ondorio direnak, dena delako proiektua hala kalifikatu duenean horretarako baimendua dagoen erakunde batek edo organismo publiko batek:

I+G-KO PROIEKTU BATEN

ONDORIOZKO INBERTSIOAK

LAGUNTZA (%)

≥ %35 eta < %65

1

≥ %65

2

q) Proiektuak enpleguan duen eragina.

Enpresak guztira sortutako enplegua baloratuko da. Horretarako, sortutako enplegua hartuko da kontuan (SE), zeina honela kalkulatzen baita: 2018-04-01etik 2019-03-31ra arteko aldian altan zeuden langileen batez bestekoa ken 2016-08-01etik 2017-07-31ra arteko aldian zeuden langileena.

SORTUTAKO ENPLEGUA (SE)

LAGUNTZA
(%)

10 ≤ SE < 20

1

20 ≤ SE < 30

2

30 ≤ SE < 40

3

40 ≤ SE< 50

4

SE ≥ 50

5

r) Lehentasunezko sektoreak:

LEHENTASUNEZKO SEKTOREAK

LAGUNTZA
(%)

Zerealak, frutak eta barazkiak, oliba olioa eta haragiak

1

Esnekiak

2

2. Gehieneko diru-laguntza 2.000.000 eurokoa izanen da ekoizpen instalazio bakoitzeko. Eta inolaz ere ez dira gaindituko taula honetan zehaztutako laguntzen gehieneko intentsitateak:

ENPRESAREN TAMAINA ETA MOTA

LAGUNTZA
(%)

Enpresa handia

16

ETEa

20

Elkartea

22

Lehentasunezko elkartea, integratu gabea eta integrazio prozesuan ez dagoena

24

Lehentasuneko elkartea edo elkarte integratua

26

Lehentasuneko elkartea edo integrazio prozesuan dagoena

28

3. 1. ataleko n), o), p) eta q) letretan aurreikusitako laguntza intentsitatea lortzen duten onuradunek baldintza berberak mantendu beharko dituzte laguntza ordaindu aurretik egiten den egiaztapenean; bestela, laguntzaren portzentajea murriztuko zaie.

7. oinarria. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea deialdiaren laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi eta 2017ko abenduaren 15ean bukatuko da.

2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.navarra.es) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).

Eskaeran adierazi beharko da jakinarazpenak baliabide telematikoen bidez jaso nahi direla, eta, horretarako, gaitutako helbide elektroniko bat eduki beharko da, zeina 15. oinarrian ezarritako moduan lortzen ahal den.

Eskaera aurrez aurre aurkezten bada, pertsona interesdunari eskatuko zaio zuzentzeko, baliabide elektronikoen bidez aurkeztuz. Ondorio horietarako, ulertuko da eskaeraren aurkezpen eguna zuzenketaren eguna dela.

3. Dokumentazio hau aurkeztu behar da laguntza eskatzeko, laguntzen fitxan eskura dauden ereduen arabera:

a) Enpresaren eta proiektuaren datuak biltzen dituen eskabidea.

b) Enpresa eta inbertsioko proiektua deskribatzen dituen memoria tekniko eta ekonomikoa.

c) Onuradun izateko baldintzak (3. oinarrikoak) betetzearen erantzukizunpeko adierazpena.

d) “Enpresa hornitzailea aukeratzeko justifikazioa” izeneko inprimakia, eta, hala bada, 5.1.e) oinarrian eskatzen diren 3 eskaintzak.

e) Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren lan bizitzari buruzko txostenak, egun hauetakoak: 2016/03/15, 2016/06/15, 2016/09/15 eta 2016/12/15.

f) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan aplikatzen dituen neurriak frogatzen dituen dokumentazioa, 6.1.f) oinarriko laguntza justifikatzeko.

g) Hala bada, aurkeztu behar den dokumentazio osagarria (laguntzen fitxan zehazten dena).

h) Enpresaren batez besteko plantilla 2016-08-01etik 2017-07-31ra arteko aldian.

4. Eskaerak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, Inbertsioa Sustatzeko Atalak interesdunari eskatuko dio bost egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

8. oinarria. Norgehiagoka.

Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasuna ezartzeko, 9. oinarrian zehaztutako balorazio irizpideekin bat.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten proiektuei 6. oinarrian ezarritako laguntza intentsitatea aplikatuko zaie, deialdi honetarako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

9. oinarria. Inbertsio proiektuak baloratzeko irizpideak.

1. Hauek dira inbertsio proiektuak baloratzeko irizpideak:

1.1. Enpresaren tamaina:

TAMAINA

PUNTUAZIOA

Handia

0

Midcap

6

ETEa

9

1.2. Hazkunde enpresariala:

HAZKUNDE ENPRESARIALA
(ENPRESAREN 2016KO SALMENTAK / ENPRESAREN 2014KO SALMENTAK)

PUNTUAZIOA

<1,00

0

≥ 1,00 eta <1,10

1

> 1,10

2

1.3. Ekoizpen instalazioaren kokapena:

KOKAPENA

PUNTUAZIOA

Iruña

0

Iruñerrian, Iruñean izan ezik (Nafarroako Lurralde Estrategiaren 10.4 azpieremua)

5

Iruñerritik kanpo (Nafarroako Lurralde Estrategiaren 10.4 azpieremua)

8

1.4. Enpleguaren kalitatea: enpresako enplegu mugagabearen ehunekoa 2016an (6.1.d oinarriaren arabera):

KONTRATU MUGAGABEA DUTEN PERSONA KOP. /
KONTRATATUTAKO PERTSONA KOP.

PUNTUAZIOA

<%50

0

≥ %50 eta < %60

2

≥ %60 eta < %80

3

≥ %80 eta < %90

4

≥ %90

5

1.5. Kalitatezko ekoizpena: kalitatezko ekoizpeneko enpresatzat hartzeko baldintzak, 2. oinarriko 6) definizioan ezarriak (2016ko edo itxitako azken zerga-ekitaldiko datuak):

KALITATEZKO EKOIZPENEKO

ENPRESATZAT HARTZEKO BALDINTZAK

PUNTUAZIOA

Ez du betetzen ez a) ez b)

0

a) edo b) betetzen du

5

a) eta b) betetzen ditu

8

1.6. Elkarteak: lehentasunezko elkarteak Nekazaritzako elikagaien arloko kooperatibak eta beste elkarte batzuk sustatzeko abuztuaren 2ko 13/2013 Legearen aplikazioaren arabera; elkarte integratuak eta integrazio prozesuan daudenak:

LEHENTASUNEZKO ELKARTEAK

PUNTUAZIOA

Ez elkartea

0

Elkartea

5

Lehentasuneko elkartea (2.5 oinarria)

11

Lehentasuneko elkarte batean integratutako elkartea (2.5 oinarria)

11

Elkarte integratua edo integrazio prozesuan dagoena (2.8 edo 2.9 oinarria)

8

1.7. Energia efizientziaz erabiltzea. Mota hauek bereizten dira:

–Hondarreko energiez baliatzea.

–Energia berriztagarriak erabiltzea.

–Energia kontsumitzen duten ekipamendu eta instalazioak aldatzea edo kendu eta haien ordez efizientzia handiko teknologiak edo eskura dagoen teknologia hoberena erabiltzen dituzten ekipamendu eta instalazioak ezartzea, energiaren kontsumoa gutxitzeko.

EFIZIENTZIA ENERGETIKORAKO
INBERSTSIOAREN ZENBATEKOA /
INBERTSIOAREN ZENBATEKOA GUZTIRA (%)

PUNTUAZIOA

< %20

0

≥ %20 eta < %40

4

≥ %40 eta < %60

5

≥ %60 eta < %80

6

≥ %80

7

Azpiegitura energetikoak beste enpresa batzuekin partekatzen dituzten enpresak, eta 2.11 oinarrian zehaztutako industrialde batean kokatuta daudenak, 6 puntu izanen dituzte.

1.8. Ekoizpen instalazio berria:

EKOIZPEN INSTALAZIO BERRIA
(2.10 OINARRIA)

PUNTUAZIOA

Nafarroan kokatutako enpresen ekoizpen instalazio berriak

5

Enpresa berria Nafarroan

15

1.9. Makineriako inbertsioaren zenbatekoa. Makinen eta haiei erantsitako instalazioen portzentajea, inbertsio osoari dagokionez:

MAKINEN ETA HAIEI ERANTSITAKO
INSTALAZIOEN %

PUNTUAZIOA

<%25

0

≥ %25 eta <%50

6

≥ %50 eta <%75

8

≥ %75

10

1.10. Produktuari eta/edo prozesuari lotutako berrikuntza: I+Gko proiektuen ondoriozko inbertsioak. Inbertsio hauek hartuko dira kontuan: zuzenean eta modu agerikoan I+Gko proiektu baten ondorio direnak, dena delako proiektua hala kalifikatu duenean horretarako baimendua dagoen erakunde batek edo organismo publiko batek:

I+G-KO PROIEKTU BATEN

ONDORIOZKO INBERTSIOAK

PUNTUAZIOA

<%20

0

≥ %20 eta <%35

2

≥ %35

3

1.11. Produktuari eta/edo prozesuari lotutako berrikuntza: fabrikazio aurreratuko sistemetan (Industria 4.0) egindako inbertsioaren portzentajea, diruz lagun daitekeen inbertsio osoari dagokionez:

FABRIKAZIO AURRERATUKO (INDUSTRIA 4.0) SISTEMETAKO INBERTSIOEN %

PUNTUAZIOA

<%5

0

≥ %5 eta <%10

3

≥ %10 eta <%20

4

≥ %20

5

Fabrikazio aurreratuko sistemetan egindako inbertsiotzat hartuko dira kategoria hauetako batean sartuta daudenak:

a) Robotika

b) Ikuspen artifiziala

c) Fabrikazio gehigarria

d) Sensorizazioa

e) Simulazioa

f) Errealitate areagotua

g) Big data, analitika aurreratua eta Business intelligence

h) Gauzen Internet

i) Cloud computing

j) Zibersegurtasuna

1.12. Enplegua sortzea. Baldin eta inbertsio proiektua amaitutakoan enpresaren enplegu garbia handiagoa bada proiektua hasi baino lehen zuena baino: 5 puntu. Neurketa hori eranskin honen 6.1.q) oinarrian xedaturikoarekin bat eginen da.

1.13. Ekoizpena nazioartekotzea, enpresaren esportazio maila kontuan hartuta neurtua fakturazio ehunekoa kontuan hartuta (2016ko edo itxitako azken zerga-ekitaldiko datuak):

ESPORTAZIOAREN %

PUNTUAZIOA

< %15

0

≥ %15 eta <%45

2

≥ %45

4

1.14. Ogibide nagusia nekazaritza duten nekazariak: ogibide nagusia nekazaritza duten bazkideen parte-hartzea, edo zuzendaritza kontseiluko kideen erdiek baino gehiagok izaera hori duten elkarteak, betiere nekazari horiek kasuko entitatearen kapital sozialaren %50 baino gehiago baldin badute: 3 puntu.

1.15. Inbertsio ahalegina: Laguntzak jaso ditzaketen inbertsioen eta enpresaren ibilgetu garbiaren arteko ratioa baloratuko da, 2016ko edo itxitako azken ekitaldi ekonomikoko datuak kontuan hartuta.

LAGUNTZA JASO DEZAKEEN INBERTSIOA / IBILGETU GARBIA (%)

PUNTUAZIOA

< %2

0

≥ %2 eta < %5

1

≥ %5 eta <%10

2

≥ %10 eta < %20

3

≥ %20 eta < %50

4

≥ %50

5

2. Proiektu bat diru-laguntzaren xede izateko, 25 puntu lortu behar ditu gutxienez.

3. Berdinketarik izanez gero, kontuan hartuko dira honako balorazio irizpide hauetan lortutako puntuazioak, eta horren arabera ebatziko da:

1.–Elkarteak / Lehentasunezko elkarteak.

2.–Ekoizpen instalazio berria.

3.–Energia efizientziaz erabiltzea.

4.–I+Gko proiektuen ondoriozko inbertsioak.

5.–Fabrikazio aurreratuko (Industria 4.0) sistemetako inbertsioak.

6.–Makineria ehunekoa.

7.–Ogibide nagusia nekazaritza duten nekazariak.

8.–Enpleguaren kalitatea.

9.–Eragina enpleguan.

10.–Kalitatezko ekoizpena.

11.–Ekoizpen instalazioaren kokapena.

12.–Enpresaren tamaina.

13.–Hazkunde enpresariala.

14.–Ekoizpenaren nazioartekotzea.

15.–Inbertsio ahalegina.

Berdinketa ez bada hausten, laguntza jaso dezakeen inbertsio bolumen handiena duten proiektuei emanen zaie lehentasuna.

10. oinarria. Diru-laguntza ematea.

1. Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak, laguntzak kudeatzen dituen organoa del aldetik, 9. oinarrian ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek diru-laguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Aipatu Zerbitzuak beharrezkotzat jotzen duen informazio osagarria edo argigarria eskatzen ahalko die enpresei, eta adieraziko die eskaerari ezarritako epean erantzuten ez badiote eskatutako laguntzak ukatuko direla.

2. Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da diru-laguntza ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna. Ebatzi eta jakinarazteko epea lau hilabetekoa izanen da gehienez ere, laguntzak eskatzeko epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

3. Diru-laguntza emateko ebazpenean honako hau adieraziko da:

a. Inbertsioa justifikatzeko epea, 12. oinarrian adierazitakoaren arabera.

b. Zer gastu aurrekonturen kargura ematen den laguntza: 2018ko aurrekontua, baldin proiektuaren bukaera eta justifikazioa 2018-10-01 baino lehen aurreikusia badago, eta 2019ko aurrekontua, baldin egun horren ondotik bukatzea aurreikusten bada.

Aurrekoa gorabehera, behin 2018ko aurrekontua bukaturik, 2019ko aurrekontuaren kargura emanen dira laguntzak.

11. oinarria. Inbertsio proiektuak aldatzea.

1. Proiektuaren helburua errespetatu beharko dute diru-laguntza jasotzen duten inbertsio proiektuen aldaketek, eta laguntzen organo kudeatzaileak baimendu beharko ditu.

2. Honako aldaketa hauek baimendu daitezke, eta ondoren azaltzen diren epeetan egin beharko da horietarako eskaera:

a) Enpresa onuraduna aldatzea: soilik baldin eta enpresa berria fusioaren, xurgapenaren edo sozietate mota aldatzearen ondoriozkoa bada. Gertatzen den unean komunikatu behar da aldaketa hori, eta sorrarazi duen inguruabarra behar adina frogatu beharko da.

Nolanahi ere, onuradun izateko oinarri arautzaileetan ezarritako baldintza guztiak bete beharko ditu ondorengo denak.

b) Kontzesio ebazpenean onartutako inbertsio aurrekontuaren %20 baino gehiago gauzatu gabe gelditzea, baldin eta 2018ko ekainaren 30a baino lehen egiten bada eskaera (2018-10-01 baino lehen amaituko diren proiektuen kasuan) eta 2019ko martxoaren 31 baino lehen (2018-10-01aren ondoren amaitzea aurreikusita duten proiektuen kasuan). Hala egin ezean, 14.3 oinarrian aurreikusitako laguntza-murrizketak aplikatuko dira.

c) Aurreikusi gabeko inbertsioak. Beste inbertsio batzuk murriztuz konpentsatuko dira aipatutako inbertsioak, halako moduz non ez den gaindituko guztira onartutako aurrekontua.

Egin beharreko inbertsioa baino lehen egin beharko da aldaketa honen eskera eta, betiere, 2018ko ekainaren 30a baino lehen (2018-10-01 baino lehen amaituko direla aurreikusita dauden proiektuen kasuan) eta 2019ko martxoaren 31 baino lehen (2018-10-01aren ondoren amaitzea aurreikusita duten proiektuen kasuan). Aldaketa proposamenean jasota egon behar dute, kasua bada, inbertsioaren elementuen kostu moderazioek, 5.1.e) oinarrian jasotakoarekin bat.

3. Honako aldaketa hauek ez dira baimenduko:

a) 5.1.a) oinarrian zehaztutako arkitektura eta ingeniaritza enpresen gastuaren partida handitzea.

b) Inbertsio proiektua gauzatzeko epea 2019ko ekainaren 30a baino haratago luzatzea. Ez da beharrezkoa izanen baimena eskatzea epeak luzatzeko baldin data hori gainditzen ez bada.

4. Salbuespenez, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak aldaketak onets ditzake, proiektuari modu nabarmenean eragiten diotenean enpresatik kanpoko kausa ustekabe, saihestezin eta naturalek (hala nola, lurrikarak, urakanak edo uholdeak, baita suteak ere). Salbuespen honen barnean egonen da laguntzen onuradunaren heriotza edo gaixotasun larria.

5. Baldin aldaketek berekin badakarte inbertsio proiektuan lortutako puntuazioa aldatzea, halako moduz non ez den iristen laguntzaren onuradun izateko ezarritako gutxieneko puntuaziora, onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

Eta baldin aldaketek berekin badakarte lortutako laguntzaren intentsitatea aldatzea, 6. oinarriaren arabera, baimenaren ebazpenak beste laguntza-portzentaje berri bat ezarriko du, eta inola ere ez da izanen hasierakoa baino handiagoa.

12. oinarria. Egindako inbertsioak justifikatzeko epea eta modua.

1. Behin inbertsioa eginik, onuradunek 2017ko abenduaren 16tik 2019ko ekainaren 30era bitarte justifikatzen ahalko dute. 2018ko aurrekontuaren kargura diruz lagundutako proiektuen kasuan, inbertsioa 2018ko urriaren 1a baino lehen justifikatu beharko da.

1. atalean zehaztutako epea igarota egiten bada justifikazioa, baina hurrengo hilabetearen barnean, onartutako diru-laguntza %10 murriztuko da. Denbora gehiago igaro bada, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

2. Ordainketa eskaera aurkeztu beharko da, laguntzen fitxan eskura daitekeen ereduaren araberakoa, gehi aipatu fitxan adierazten den dokumentazio espezifikoa.

13. oinarria. Diru-laguntzaren ordainketa.

1. Frogagiriak aztertuta, Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak ordainketa egiteko ebazpen proposamena igorriko dio Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiari. Horrekin batera, onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubideak dakartzan betebeharrak bete dituztela jasoko da; besteak beste, 14.1.a) oinarriko gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztu dutela egiaztatuko dute.

Proposamen horretan, laguntzen organo kudeatzaileak zehaztuko ditu, onuradunek aurkeztutako ordainketa eskaera aztertu ondoren, onartuko diren zenbatekoak eta, gainera, zenbateko hauek ere bai, Batzordearen uztailaren 17ko 809/2014 (EB) Exekuzio Erregelamenduaren 63. artikuluan zehaztutakoarekin bat etorriz:

a) Onuradunari ordaindu beharreko zenbatekoa, ordaintzeko eskaeraren arabera eta hura emateko ebazpenaren arabera.

b) Onuradunari ordaindu beharreko zenbatekoa, behin azterturik ordaintzeko eskaeran jasotzen den gastua noraino den onargarri.

a) letraren arabera finkatutako zenbatekoa b) letraren arabera finkatutakoa baino handiagoa bada (%10etik gora), b) letraren arabera finkatutako zenbatekoari penalizazio bat ezarriko zaio. Penalizazioa bi zenbateko horien artekoa adinakoa izanen da, baina ez da laguntza osoa galtzeaz haratago joanen.

Ordainketa eskaeraren arabera onuradunari ordainduko zaion zenbatekoaren baitan, laguntza jaso dezakeen inbertsioa eta jaso ez dezakeena sartuko da, baina inolaz ere ez inbertsio kengarria.

Edonola ere, ez da penalizaziorik ezarriko baldin onuradunak frogatzen badu bera ez dela onargarria ez den zenbatekoa sartzearen erantzulea, edo organo kudeatzailea beste nonbaitetik jabetzen bada onuraduna ez dela horren erantzulea.

Aipatu penalizazioa tokian bertan egindako kontroletan hautemandako gastu ez onargarriei aplikatuko zaie mutatis mutandis, 809/2014 (EB) Exekuzio Erregelamenduaren 49. artikuluan jasotakoarekin bat.

2. 6.1 oinarriko n), p) eta q) letrei jarraikiz laguntzaren intentsitate osagarria jasotzen duten onuradunek baldintza berak bete beharko dituzte inbertsioa frogatzeko orduan. Bestela, laguntzaren intentsitatea benetan frogatu denaren arabera murriztuko da ordaintzeko ebazpenean.

Halaber, diru-laguntza jaso duen proiektuak puntuaziorik jaso bazuen 9. oinarriko 1.7, 1.9, 1.10, 1.11 eta 1.12 irizpideengatik, ea bete ote diren egiaztatuko da. Hala ez bada, laguntza kobratzeko eskubidea galduko da, baldin eta proiektuak diruz lagundu ahal izateko behar zen puntuazioa baino gutxiago lortzen badu.

3. Ordainketaren ebazpena sei hilabeteko epean emanen da gehienez, inbertsioa frogatzen duen dokumentazioa aurkezten denetik hasita.

Epe hori etenen da onuradunari eskatzen bazaio aurkeztutako dokumentazioan edozein zuzenketa egiteko.

14. oinarria. Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diru-laguntza ematen dela jakinarazi eta hilabeteko epean, telematika bidez, laguntzen fitxa baliatuz aurkeztu beharko dute diru-laguntzen onuradunek gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, eskura dagoen ereduari jarraituz. Adierazpen hau betiere aurkeztuko da, bai gardentasun betebeharra izanik (irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. artikuluko beharkizunak betetzeagatik) bai izan gabe ere (kasu honetan, hori hala dela agertuko da adierazpenean).

Baldin gardentasun betebeharra duten onuradunek epez kanpo komunikatzen badute 59/2013 Foru Dekretuaren 4. artikuluan eskatutako informazioa, diru-laguntza %10 murriztuko da, informazio hori hurrengo 10 egunetan aurkezten bada. Bestela, hura kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

b) 12. oinarrian ezarritako moduan egin eta justifikatu beharko da diru-laguntzaren xedeko inbertsioa.

c) Nork bere gain hartzea inbertsioen karga finantzarioa eta diruz laguntzen ahal diren gastuak.

d) Diruz lagundutako inbertsioak enpresaren jardun ekonomikoari loturik eta haren jabetzan mantentzea 3 urtez, enpresa txiki eta ertainaren kasuan, eta 5 urtez enpresa handien kasuan, laguntza ordaintzeko azken egunetik aurrera.

e) Laguntzak kudeatzen dituen organoari baimena eskatzea aurreko letran adierazitako epean diru-laguntzaren xedeko ondasun higiezinen destinoa edo karga aldatzen bada edo ondasunak besterentzen badira.

f) Kontabilitate sistema bereizi bat edukitzea, edo kontabilitate kode egoki bat, proiektuarekin zerikusia duten transakzio guztiei dagokienez.

g) 16. oinarrian adierazitako betebeharrak, laguntza hauek Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF) kofinantzatuak direnez gero.

h) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.

2. Diru-laguntza emateko ebazpenetan, oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, esleitutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da, eta, bidezkoa bada, diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

3. Aurreko betebehar horietako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriz ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

Zehazki, gertatuko balitz frogagirietan oinarrituta kalkulatzen den inbertsio diruz lagungarria %50 txikiagoa izatea kontzesio ebazpenean onartutako inbertsioa baino, diru-laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

Hala ere, jaitsiera hori ez da aplikatuko baldin eta onuradunak 2018ko ekainaren 30a baino lehen jakinarazten badu ez dela aurreikusitakoa gauzatuko (2018-10-01 baino lehen amaituko direla aurreikusita dauden proiektuen kasuan) eta 2019ko martxoaren 31 baino lehen (2018-10-01aren ondoren amaitzea aurreikusita duten proiektuen kasuan). Jakinarazpena telematikoki eginen da, laguntzen fitxaren bidez.

15. oinarria. Baliabide elektronikoen bidezko komunikazioak.

1. Administrazio-egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduran egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematika bidez eginen dira enpresa eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoan.

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da. Gaitutako helbide elektronikoa eskuratzen den helbide berean egiten da harpidetza.

2. Laguntzen eskaera eta eman beharreko dokumentazio guztia telematikaren bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.navarra.es) zerbitzuen katalogoan dagoen laguntzen fitxaren bidez.

16. oinarria. Europar Batasuneko Egiturazko eta Inbertsio Funtsen kofinantzaketa.

Deialdi honetako laguntzek Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) %31ko kofinantziazioa dute, Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 aldiko programaren bidez.

Onuradunak, Europako funts horren finantziazioaren onuradunak ere izanen direnez, ondokoa aplikatuko zaie:

a) Laguntza hartzeak berarekin ekarriko du honako hauek egiten dituzten kontrolen menpe jartzea onartzen dutela, baita kontrol horietan laguntzea ere, kasua bada: Nafarroako Gobernua, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioa, Europako Batzordea edo Nafarroako, Espainiako edo Europar Batasuneko kontroleko eta fiskalizazioko edozein organo.

b) Eragiketak frogatzen dituen dokumentazioa gorde beharko dute 3 urteko epean, Nafarroako LGENF 2014-2020 Programa Operatiboaren programazioaren epea bukatzen denetik aurrera.

c) Halaber, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) ekarpena jendaurrean paratu beharko dute, web-orrian eta azalpen plaka batean esaldi hau ikusgai jarriz (zenbatekoa 50.000 eurotik gorakoa izanez gero):

Enpresa honek Nafarroako Gobernuaren eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF) kofinantzatutako laguntza jaso du, Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 aldiko programaren bidez.

17. oinarria. Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honen laguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak inbertsio beretarako ematen duen best edozein laguntzarekin.

Bateragarriak dira beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoak edo atzerrikoak izan, ematen dituzten beste diru-laguntza batzuekin, betiere legezko mugak gainditzen ez badira.

18. oinarria. Laguntzen sailkapena.

Laguntza hauek sailkatzen dira Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluan (aktibo fisikoak). Erregelamendua Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidezko landa garapeneko laguntzei buruzkoa da, eta Kontseiluaren 1698/2005 (EE) Erregelamendua indargabetzen du.

19. oinarria. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Diru-laguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Orobat, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatuarekin bat, aipatutako informazioa Nafarroako Gobernuak Interneten duen atarian argitaratuko da: www.navarra.es.

20. oinarria. Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F1711660