205. ALDIZKARIA - 2017ko urriaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

EGUESIBAR

Deialdia, Eguesibarko Udaleko administrari laguntzaile izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko

Oinarriak

1. oinarria.–Xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da administrari laguntzaile izateko lanpostu bat (plantilla organikoko 6.9 lanpostua) oposizio-lehiaketa bidez betetzea. Lan-kontratu finkoa izanen du, lanaldi osoa, eta Eguesibarko Udaleko plantillan sartuko da.

1.2. Ordainsariak D mailari dagozkion oinarrizkoak izanen dira, bere lanaldiaren araberakoak, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan eta indarra duen araudian zehaztutako moduan, eta Udalaren plantilla organikoan une bakoitzean ezartzen diren osagarriak jasoko ditu.

1.3. Bi hilabeteko probaldia izanen da, eta bitarte horretan Udalak kontratua deuseztatu edo desegiten ahalko du, Udalari iruditzen bazaio lanpostuaren zereginak ez direla berak nahi bezala bete.

1.4. Hautaprobak gainditurik deialdi honetako lanposturako izendatzen den izangaia Gizarte Segurantzaren Sistema Orokorreko kide eginen da eta hartan inskribatuko.

1.5. Lanaldi osoko lanpostua izanen da. Lanaldi mota eta ordutegia zerbitzuaren beharretara egokituko dira; organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute, zerbitzuaren beharren arabera.

1.6. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42.a) artikuluan ezarritakoarekin bat, hautaproben emaitzak zerrenda bat osatzeko ere erabiliko dira, administrari laguntzaile lanposturako aldi baterako kontratazioak egiteko, Eguesibarko Udalean sortzen diren beharrei erantzuna eman behar zaienerako.

Aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda hori subsidiarioa izanen da apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera prestatu diren edo etorkizunean prestatzen diren langile finkoen zerrenden aldean, eta lehentasuna izanen du aldi baterako kontrataziorako eratuta dagoen beste edozein zerrendaren aurretik.

Deialdi honetako atal honen bidez egiten diren aldi baterako kontratazioetarako ere bi hilabeteko probaldia ezarri da, eta epe horretan edozein aldek deuseztatzen ahalko du kontratua.

2. oinarria.–Parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak.

Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio.

Espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatu bateko edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek ere parte har dezakete; betiere, zuzenbidez bereizita ez badaude. Orobat, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina gainditua ez izatea.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, DBHko Graduatuaren titulua, Eskola Graduatuen titulua, Erdi Mailako Lanbide Heziketakoa edo horien baliokide bat izatea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta hautapen-prozedura aldian eta kontratazioak iraun bitartean beharko dira bete.

3. oinarria.–Eskabideak eta horiek aurkezteko epea.

3.1. Deialdian parte hartzeko, eskabidea (jatorrizkoa eta kopia) aurkeztu beharko da Eguesibarko Udaleko erregistro orokorrean (Garajonay kalea, 1, 31621 Sarriguren), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako edozein erregistro eta bulegotan, 30 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak deialdi honetan argitaratutako ereduari lotuko zaizkio.

Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

3.2. Eskabideari (jatorrizkoa eta kopia, deialdi honetan argitaratzen den ereduaren araberakoak) agiri hauek erantsiko zaizkio:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua.

b) Bigarren oinarriko c) atalean eskatzen den titulazio akademikoaren jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua.

c) Tasen ordainagiria. Tasak Herritarrarentzako Arreta Bulegoan (HAB) ordaintzen badira, ordainagiri bat emanen da eta eskabideari erantsi beharko zaio.

d) Lehiaketaldian baloratzeko aurkeztu diren merezimenduen jatorrizko ziurtagiriak edo horien kopia kautotuak; eskabidean lehiaketaldirako alegatutako merezimenduak adierazi beharko dira.

Dokumentu horrexetan aurkeztuko da euskara mailari dagokion ziurtagiria, halakorik izanez gero. Euskara titulurik ez badute eta jakite hori baloratu edo kontuan hartzea nahi bada, euskara maila neurtzeko proba egin nahi dela adierazi beharko da eskabidean.

Dokumentu horiez gain, minusbaliotasuna duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, minusbaliotasuna eta desgaitasun maila frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Une horretan aurkezten ez dutenei ez zaie kontuan hartuko deiak egiterakoan. Halaber, ariketak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, horren beharrik izanez gero, eskabidean bertan. Aparteko orri batean, adierazi beharko dute zer minusbaliotasun duten eta zer egokitzapen eskatzen duten.

4. oinarria.–Tasak.

Espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideengatik 6,00 euroko tasa ordaindu beharko da Caixabankeko ES22 2100 5323 4822 0008 2104 kontuan edo Udaletxean bertan. Tasa ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da.

5. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Udaleko alkateak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko.

Egun horretatik aurrera, eta hurrengo hamar egun balioduneko epearen barnean, baztertutako izangaiek aukera izanen dute erreklamazioak aurkeztu eta eskabidean egindako akatsak, halakorik bada, zuzentzeko.

5.2. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzi ondoan, Udaleko alkateak izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko, deialdiko hautaprobak egiteko eguna, ordua eta tokia adierazita.

Hasiera batean, eta behin betiko zerrendarekin batera beste data bat argitaratu ezean, probak 2017ko abenduan eginen dira.

5.3. Behin hautaprobak hasita, gainerako probak egiteko hurrengo iragarkiak Udalaren iragarki-oholean argitaratuko dira.

5.4. Izangaien kalifikazioa egin ondotik, epaimahaiak probak gainditu dituztenen zerrenda, puntuazio ordenaren araberakoa, paratuko du Udalaren iragarki-oholean, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko.

6. oinarria.–Epaimahaia.

6.1. Honako kide hauek osatuko dute epaimahaia, baina izangai onartuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehazten ahalko da behin betiko osaera:

Epaimahaiburua: Eguesibarko Udaleko alkatea.

–Ordezko mahaiburua: Joseba Orduña Navarro, Eguesibarko Udaleko zinegotzi ordezkaria.

Lehen mahaikidea: María Isabel Soberanas Carmena. Eguesibarko Udaleko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko koordinatzailea.

–Lehen mahaikidearen ordezkoa: Alfonso del Val Agustín. Eguesibarko Udaleko gizarte-langilea.

Bigarren mahaikidea: M.ª Teresa Osta Peteiro. Eguesibarko Udaleko administrari-ofiziala.

–Bigarren mahaikidearen ordezkoa: Cristina Urtasun Noguera. Eguesibarko Udaleko administrari-ofiziala.

Hirugarren mahaikidea: Eguesibarko Udaleko Langileen Batzordearen ordezkari bat, hark izendatua.

–Hirugarren mahaikidearen ordezkoa: Eguesibarko Udaleko Langileen Batzordearen ordezkari bat, hark izendatua.

Epaimahaikide-idazkaria: Jesús Marco del Rincón, Eguesibarko Udaleko idazkaria.

–Mahaikide-idazkariaren ordezkoa: Pablo Gil Morrás, Eguesibarko Udaleko aholkulari juridiko-kudeatzailea.

6.2. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aipatzen diren arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta Eguesibarko Udalaren Zerbitzu Orokorren Alorrari eman beharko diote horren berri.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Mahaikideek parte ez hartzeko eta haiek errefusatzeko legez ezarritako arrazoiak izateagatik aldaketaren bat izaten bada epaimahaian, aldaketa hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

6.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez ere kideen gehiengo osoa bertan ez bada.

Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak bertan egon beharko dute.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak. Berdinketa gertatuz gero, mahaiburuak kalitateko botoa erabil dezake.

6.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eska dezake probarako. Aipatu aholkulariak beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan oinarriturik bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

7. oinarria.–Hautapen prozesuaren nondik norakoa eta balorazioa.

7.1. Lehiaketaldia. Gehienez ere 30 puntu.

7.1.1. Lehiaketaldian, izangaiek alegatutako merezimenduak kalifikatuko ditu epaimahaiak.

7.1.2. Lehiaketaren balorazioa.

Lehiaketaldiak gehienez ere 30 puntuko balorazioa izanen du, honela banaturik:

–Administrazio publiko batean, deialdiko lanpostuaren antzeko ezaugarriak dituzten lanpostuetan (administrari laguntzaile lanpostuetan) lan egin izanagatik, kasuan kasuko administrazio publikoaren ziurtagiri baten bidez frogatzen bada: 2 puntu, urte oso bakoitzeko; 14 puntu gehienez. Zatiki bakoitzeko, haren ehunekoa.

–Lanpostuaren eginkizunekin zerikusia duten prestakuntza ikastaroak egiteagatik, irizpide hauen arabera ateratzen diren puntuazioak emanen dira:

  • Ikastaro guztien orduak batuko dira, eta 0,01 puntu emanen da ikastaroaren ordu bakoitzeko.
  • Ez dira baloratuko iraupen orduak zehaztuta ez dituzten ikastaroak.
  • Atal honetan 10 puntu lortzen ahal dira gehienez ere.

–Euskaraz jakiteagatik. 6 puntu gehienez.

Balorazio hori baremo honen arabera eginen da: 6 puntu EGA edo C1 izateagatik; 4,8 puntu B2 izateagatik; 3,6 puntu B1 izateagatik; 2,4 puntu A2 izateagatik, eta 1,2 puntu A1 izateagatik.

Euskararen ezagutza agiri bidez frogatu ez dutenei, eta eskabidean horrela eskatu dutenei, dei eginen zaie hizkuntza maila frogatzeko proba egin dezaten. Proba hori proba teoriko eta praktikoak gainditu ondoren eginen da, eta gainditzen dituztenek soilik eginen dute, merezimendu horri dagokion puntuazioa emateko aurreko lerroaldeko baremoaren arabera.

7.2. Oposizioaldia.

7.2.1. Oposizioaldian proba hauek egin beharko dira, biak baztertzaileak:

7.2.1.1. Lehenbiziko ariketa: I. multzoko proba teorikoa.

Idatziz erantzun beharko dira, gehienez ere ordubetean, deialdi honen I. eranskineko I. multzoko gai zerrendako gaiei buruzko 50 galdera (epaimahaiak zehaztuko ditu). Galdera bakoitzak hiru erantzun izanen ditu aukeran, baina bat bakarra izanen da zuzena.

Zati honetan 35 puntu eskuratzen ahalko dira gehienez; zuzen erantzundako galderek 0,7 puntu balioko dute, eta akatsengatik galdera zuzenen balioaren erdia kenduko da. Proba gainditzeko, ezarritako gehieneko puntuazioaren %50 lortu behar da gutxienez (17,5 puntu). Bazterturik geldituko dira 17,5 puntu erdiesten ez dituztenak.

7.2.1.2. Bigarren ariketa: II. multzoko proba teorikoa.

Idatziz erantzun beharko dira, gehienez ere ordubetean, deialdi honen I. eranskineko II. multzoko gai zerrendako gaiei buruzko 50 galdera (epaimahaiak zehaztuko ditu). Galdera bakoitzak hiru erantzun izanen ditu aukeran, baina bat bakarra izanen da zuzena.

Zati honetan 35 puntu eskuratzen ahalko dira gehienez; zuzen erantzundako galderek 0,7 puntu balioko dute, eta akatsengatik galdera zuzenen balioaren erdia kenduko da. Proba gainditzeko, ezarritako gehieneko puntuazioaren %50 lortu behar da gutxienez (17,5 puntu). Bazterturik geldituko dira 17,5 puntu erdiesten ez dituztenak.

7.2.2. Probak egiteko ez da inolako testurik erabiltzen ahalko, ezta kalkulagailurik edo bestelako materialik ere, ez bada bolaluma urdina edo beltza eta 2 zenbakidun arkatza.

Bi proben ariketak egun berean eginen dira, bi zati bereizietan.

7.3. Lehiaketaldiko eta oposizioaldiko puntuazio osoa ehun (100) puntukoa izanen da.

7.4. Probetarako dei bakarra eginen da. Parte-hartzaileek aldean eraman beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertuta geldituko dira.

7.5. Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitorturen bat dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak jarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

8. oinarria.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda.

8.1. Probak gainditzen dituztenen zerrenda.

8.1.1. Behin proben kalifikazioa bururatuz gero, epaimahaiak argitara emanen du, Eguesibarko Udaleko iragarki-oholean eta web-orrian, probak gainditu dituztenen zerrenda, guztira lortutako puntuazioaren hurrenkeran, eta zerrenda alkateari igorriko dio onets dezan, hautapen-prozesuaren espediente osoarekin batera.

Zerrenda horrekin batera, 1.6 oinarrian aipatzen den zerrenda eratuko da, egiten ahal diren aldi baterako kontratazioetarako.

8.1.2. Parte-hartzaileen artean berdinketarik gertatuz gero, epaimahaiak ebatziko du, kontuan izanik zein izan den oposizioaldiko puntuaziorik handiena. Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, epaimahaiak egingo duen berariazko zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Berdindutako izangai guztien artean, bat ausaz hautatuko da. Berdinketa guztiak hurrenkera alfabetikoaren arabera desegingo dira, zozketa horretan hautatzen den izangaiaren abizenak eta izena abiapuntu harturik.

8.1.3. Epaimahaiak puntuazio handiena atera duen izangaia izendatzeko proposamena igorriko dio Udaleko Alkatetzari. Loteslea izanen da. Proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.1.4. Proposatuak deialdian eskatutako gaitasun baldintzak eta gainerako beharkizunak frogatzen dituzten agiriak aurkeztu beharko ditu, izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 30 eguneko epean. Gainera, osasun azterketa egin eta gainditu beharko du.

8.1.5. Proposatutako izangaiak ez baditu agiri horiek aurkezten, edo lanposturako gai ez bada, ezin izanen da izendatu, eta probak gainditu dituztenen zerrendan hurrengoa den izangaiarekin beteko da hutsunea, aurreko atalean ezarritakoa bete ondoren.

8.2. Aldi baterako kontratazioak egiteko izangaien zerrenda.

8.2.1. Probak gainditu baina lanposturik lortu ez duten izangaiei dei egiten ahalko zaie, puntuazio hurrenkerari jarraikiz, Eguesibarko Udalean dagokion zerbitzuan sortzen diren beharren arabera, deialdi honen oinarrietan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraikiz.

Probak gainditzen dituztenen zerrenda agortzen bada, eta beste zerrenda bat egiteko probetarako deialdia egin arte, proba teorikoa gainditu dutenei egiten ahalko zaie dei, lortutako puntuazioaren hurrenkeran.

8.2.2. Aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan ezarritakoaren arabera eginen zaie dei izangaiei, oinarri hauetan berariaz ezarri ez denari dagokionez.

Deitutako izangaiak kontratua sinatu beharko du –beste epe bat ezarri ezean– abisua eman eta bost eguneko epean –edo beranduenez 15 egunekoan, une horretan duen lanpostuan aurreabisua eman behar badu–; eskatutako agiriak aurkeztu beharko ditu, eta zinpeko aitorpena, horren bidez adierazteko ez dutela baztertu Estatuko, autonomia erkidegoetako, probintzietako, udalerrietako edo toki entitateetako inolako kargu, lanpostu edo eginkizunetatik, eta ez dagoela ezgaitua eginkizun publikoetan aritzeko.

Oinarri honetan zehaztutakoa aipatu epe horien barrenean betetzen ez bada, ezin izanen da kontratazioa egin, eta indarrik gabe geldituko dira ordura arte lorturiko eskubideak.

Halakoetan, zerrendan hurrengo puntuazio handiena duen izangaiari deituko zaio.

8.2.3. Izangaiei lanerako deia egiten zaienean, aintzat hartuko da, orobat, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren zazpigarren xedapen gehigarrian, laugarren atalean, ezarritakoa, non Nafarroako Foru Komunitatean desgaitasunen bat duten pertsonek enplegua lortzeko moduaren xehetasunak arautzen baitira. Behar diren zereginak eta eginkizunak betetzeko bateragarritasuna frogatzen duten agiriak Eguesibarko Udalak egiaztatuko ditu.

8.2.4. Errazago aurkitu ahal izateko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen eman beharko dute (harremanetarako beste telefono batzuk ere eman ditzakete), baita helbide elektroniko bat ere. Informazio hori etengabe eguneratua eduki behar dute.

8.2.5. Lanpostu baterako aldi baterako kontratazioa egin behar denean, une horretan zerrendako lehenbiziko lekuan dagoen izangaiari deituko zaio. Izangai bakoitza lokalizatzeko bi saiakera eginen dira telefonoz bi lanegun jarraituetan, eta dei horren frogak utziko dira, alegia, eguna, ordua eta inguruabarrak. Telefonozko harremana izateko lehenbiziko saiakerarekin batera, posta elektroniko bat bidaliko da izangaiak emandako helbide elektronikora. Mezu elektroniko hori bidaltzen denetik egun bateko epean erantzunik lortzen ez bada, eta telefonoz hitz egiterik ere ez bada, zerrendako hurrengoari deituko zaio.

Izangai batekin harremanetan jarri, eta kontrataziorako eskaintza bat eginik, izangaiak erantzuten ez badu edo uko egiten badio, zerrendako azkeneko postura igaroko da, salbu frogatzen badu arrazoi justifikatuengatik uko egiteko kasu batean dagoela, 8.7 atalean xedatutakoarekin bat.

Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan duen lehentasunari eutsiko dio eta zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen den lanpostua bete arte.

Izendapena eginda, eskaera egin duen toki entitateak aldi baterako kontratatuko du proposaturiko izangaia.

Deia eginda kontratu bat onartzen dutenei ez zaie zerrenda bereko beste lanposturik eskainiko kontratua indarrean den bitartean.

8.2.6. Honako hauek onartuko dira eskainitako lanpostua kontratatzeari uko egiteko arrazoi justifikatu gisa eta, beraz, ez dute izangaiaren lehentasun ordena aldatuko aldi baterako kontratazioko izangaien zerrendetan:

a) Aldi baterako ezintasuna.

b) Amatasun edo aitatasun baimena.

c) Hiru urtez azpiko haurra zaintzea edo hiru urtez azpiko adingabea harrera iraunkorrean edo adoptatua izatea.

d) Zaindu behar badu bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, adina, istripua edo eritasuna dela-kausa bere burua ezin gobernatu duena.

e) Norberaren ezkontza edo Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera parekatutako egoera, baldin eskainitako kontratazio administratiboaren hasiera eguna hura eratu ondoko edo aurreko hamabost egun naturalean bada.

f) Kontratazioren bat indarrean izatea, administrazio araubidekoa edo lanekoa izan.

g) Desgaitasunen bat behar bezala onartua izatea eta desgaitasunaren ezaugarriak bateraezinak izatea eskaintzen zaion lanpostuaren ezaugarri bereziekin.

Aipatu egoeretako batean dauden izangaiek 7 egun naturaleko epea izanen dute, errefusatu duten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, agiri bidez eta fede emanez justifikatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.

Kontratazio eskaintzari uko egiteko arrazoi justifikatua frogatzen duen dokumentazioa epe barrenean aurkezten ez bada, izangaia zerrendako azkeneko tokira igaroko da.

Uko egiteko arrazoi justifikatua dagoenean, idatziz adierazi beharko dute noiz dauden berriz lanerako prest, uko egitea ekarri zuen egoera bukatzen den egunetik hasita. Jakinarazpen hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.

8.2.7. Deia eragiten duen zerrendatik baztertuko dira ondoko egoera hauetako batean dauden izangaiak:

a) Kontratazio eskaintza onartuta dela, kontratua ez sinatzea, izangaiari egozten ahal zaion arrazoiagatik.

b) Sinatutako kontratuari uko egitea, salbu horren arrazoia baldin bada beste kontratu bat sinatu dela beste entitate publiko edo pribatu batekin. Agiri bidez eta modu fede-emailean frogatu beharko da hori, ukoaren formalizaziotik 7 egun naturaleko epean. Kasu honetan, izangaia zerrendako azkeneko tokira igaroko da.

c) Lanpostua bertan behera uztea.

d) Probaldia ez gainditzea.

e) Urtebeteko epean izangaiarekin harremanetan jartzea ezinezkoa izatea, hark emandako telefonoaren edo helbide elektronikoaren bidez kontratatzeko deiak behin eta berriz eginda ere.

8.2.8. Deia jasotzen duten izangaiek aurkeztu beharko dute deialdian eskatutako titulazioaren betebeharrak eta bestelakoak betetzen dituztela frogatzeko agiriak, honako hauen fotokopia konpultsatua aurkeztuz, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean: DBHko graduatuaren titulua, Eskola graduatuen titulua, erdi mailako Lanbide Heziketakoa edo horien baliokide bat, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina. Gidabaimenaren kasuan, kontratuaren eguna izanen da aurkezteko epea.

8.2.9. Eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten pertsonak hautapen prozesutik baztertuko dira, Alkatetzaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

8.2.10. Kontratuduna Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartu eta bertan kidetuko da; beraz, haren kontu izanen da dagokion kuota eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren atxikipena, bidezko diren kopuruetan.

9. oinarria.–Izendapena eta jabetza hartzea.

9.1. Udaleko alkateak oinarri hauen 8.1.4 atalean ezarritakoa betetzen duen eta proposatzen den izangaia izendatuko du lanposturako.

9.2. Izangai izendatuak hilabeteko epean hartu beharko du lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten denetik. Hala egiten ez badu, eskubide guztiak galduko ditu eta 8.1.5 atalean xedatuari jarraituko zaio.

10. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, hautara, ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Sarrigurenen (Eguesibar), 2017ko urriaren 11n.–Alkatea, Alfonso Etxeberria Goñi.

ERANSKINA

Eskabide-orria (PDFa).

I. ERANSKINA

I. multzoa.

1. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.

2. gaia.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa.

3. gaia.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena.

4. gaia.–568/1986 Errege Dekretua, azaroaren 28koa, Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua onesten duena.

5. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa.

6. gaia.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duena.

7. gaia.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa.

8. gaia.–15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa.

9. gaia.–Eguesibarko Udaleko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren barne araubidearen erregelamendua.

10. gaia.–Eguesibarko Udaleko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko zerbitzuen zorroa.

11. gaia.–Etxeko Laguntza Zerbitzua arautzen duen udal ordenantza.

12. gaia.–Eguesibarko Udalaren ohar, kexa eta iradokizunak instruitzea.

13. gaia.–Eguesibarko Udaleko Berdintasunerako Plana.

14. gaia.–Gizarte zerbitzuen erabiltzaileentzako informazio sistema (GZEIS). Erabiltzailearen eskuliburua.

II. multzoa.

15. gaia.–Sistema eragilea: funtsezko kontzeptuak. Windows. Mahaigaina eta bere elementuak; atazen administratzailea; Windows-arakatzailea; kontrol-panela; gailuak eta inprimagailuak; “hasi” menua; tresna-barra; laguntza eta euskarri teknikoa; sarean lan egitea; erabiltzaile-kontuak.

16. gaia.–Testu-prozesadoreak: funtsezko kontzeptuak. Microsoft Word: lan eremua; idatzi eta editatzea; testu formatua; orrialdea diseinatu eta konposatzea; estiloak; txantiloiak; tresnak; taulak; artxiboak administratzea; korrespondentzia konbinatzea; eremuekin lan egitea; lan ingurunea pertsonalizatzea; inprimatzea.

17. gaia.–Kalkulu orriak: funtsezko kontzeptuak. Microsoft Excel: funtsezko kontzeptuak; laneko liburuak; orriak; gelatxoak; gelatxoak eta komandoak hautatzea; datuak sartzea; formulak eta loturak sortzea; funtzioak erabiltzea; kalkulu orri bat editatzea; formatuak; grafikoak; taula dinamikoak; inprimatzea.

18. gaia.–Datu baseak: funtsezko kontzeptuak. Microsoft Access: oinarriak; taulak; kontsultak; inprimakiak; txostenak; inprimatzea.

19. gaia.–Ortografia.

20. gaia.–Aritmetika.

Iragarkiaren kodea: L1711717