205. ALDIZKARIA - 2017ko urriaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Alde zaharrera sartzeko eta bertan zirkulatzeko arau erregulatzaileak

Iruñeko Udaleko Herritarren Segurtasuneko eta Elkarbizitzako Zinegotzi Ordezkariak honako ebazpen hau eman zuen 2017ko urriaren 4an:

“Ikusirik beharra dagoela Alde Zaharrerako sarbideak eta bertako zirkulazioa arautzeko, eta ikusirik, bestalde, espedientean jasotako txostenak, Iruñeko Alde Zaharrera sartzeko eta bertan zirkulatzeko arauak onestea ebatzi dut, I. eta II. eranskinak barne, horiek denak baitira ebazpen honen parte.

Aipatu arauek 2017ko urriaren 10etik aurrera hartuko dute indarra.”

Iruñean, 2017ko urriaren 5ean.–Herritarren Segurtasuneko eta Elkarbizitzako Alorreko zinegotzi delegatua, Aritz Romeo Ruiz.

IRUÑEKO ALDE ZAHARRERA SARTZEKO ETA BERTAN ZIRKULATZEKO ARAU ERREGULATZAILEAK

Atarikoa

Iruñeko Udalaren ebazpen honen xedea da hiriko alde berezienak babestea, lehentasunezko helburua izaki Alde Zaharraren babesa. Horretarako, kontuan harturik Alde Zaharreko kaleen bide-azpiegituraren berezitasunak, tratamendu berezia eman behar zaio eremu horri.

Udal-administrazioak, arauketa honen bitartez, berariaz eta Iruñeko Hiriko Trafikoaren Udal Ordenantzatik bereizita, baina haren arau-markoaren barruan, arautu behar ditu hiriko Alde Zaharrerako ibilgailuen sarbidea, egonaldia eta zirkulazioa, kontuan harturik kaleen estutasuna, bertako negozio gehienen berezitasunak, oinezkoen zirkulazio handia, aparkatzeko beharrak edota bertako monumentu-alde guztien ezaugarri bereziak.

Hori horrela, Antolaketa-sistema arautzen duten honako artikulu hauek ezarri dira:

Aurkibidea

I. TITULUA.–Eskumena, helburuak eta ukitutako eremua.

1. artikulua. Eskumenak.

2. artikulua. Helburuak.

3. artikulua. Ukitutako eremuak.

II. TITULUA.–Sarbideak: tokiak eta baldintzak.

4. artikulua. Seinalizazioa.

5. artikulua. Sartu eta irteteko tokiak. Matrikulen egiaztapena.

6. artikulua. Ibilgailuen sarrera Alde Zaharreko Sarbide Kontrolatuko Eremura (SKE), eta bertan zirkulatzeko arau orokorrak.

III. TITULUA.–Irizpideak, Sarbide Kontrolatuko Eremura (SKE) sartzeko, bertan egoteko eta funtzionatzeko.

7. artikulua. Baimen motak.

IV. TITULUA.–Kontrola, zaintza eta eskaerak.

8. artikulua. Baimenen gaineko azterketa eta kontrola.

9. artikulua. Baimen-eskaerak eta berritzekoak.

10. artikulua. Baimenaren galera.

1. ERANSKINA.–Sarbide Kontrolatuko Eremuko kaleen zerrenda.

2. ERANSKINA.–Planoa.

I. TITULUA

Eskumena, helburuak eta ukitutako eremua

1. artikulua. Eskumenak.

Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onesten duen urriaren 30eko 6/2015 Errege Dekretu Legegileak, 7. artikuluan, udalerriei ematen dizkie, besteak beste, honako eskumen hauek: beren titulartasunpeko herri barruko bideetako zirkulazioa antolatu eta kontrolatzea, Zirkulazioko Udal Ordenantzen bidez herri barruko bideetako erabilpenak arautzea –betiere bateragarri egite aldera erabiltzaile guztien artean aparkatzeko tokiak berdintasunean banatzea, ibilgailuen zirkulazioaren arintasunari eustea eta oinezkoek kaleak erabiltzea–, hiriko bideak zirkulaziora ixtea beharrezkoa denean eta ibilgailu jakin batzuei murriztea hiriko bideetan zirkulatzea.

Iruñeko Hiriko Trafikoaren Udal Ordenantzaren 15. artikuluak aukera ematen dio Iruñeko Udalari sarbide murriztuko eremuak ezartzeko.

2. artikulua. Helburuak.

Honako hauek dira xedapen honen helburuak:

1. Oinezkoen eta ziklisten zirkulazio segurua bermatzea Alde Zaharreko kaleetan.

2. Herritarrei sarbide ordenatua eta baketsua ahalbidetzea, saltoki, etxebizitza, kulturgune, ikastetxe, erakunde publiko eta monumentu-eremuetara.

3. Eremuko ekonomia eta garapena suspertzea.

4. Ibilgailu motordunen zirkulazioa gutxitzea Alde Zaharreko kaleetan.

5. Eremuan hiri-kalitaterik handiena lortzea, estetika hobetuz eta ibilgailu motordunek sortzen dituzten zaratak eta keak gutxituz.

3. artikulua. Ukitutako eremuak.

Zirkulazioaren arauketa berezi honek hiriko Alde Zaharra ukitzen du: bertako kaleen zerrenda I. eranskinean atxiki da, eta kaleen planoa, II. eranskinean. Nolanahi ere, honako kale hauek zedarritzen dute eremuaren perimetroa: Taconera kalea, Navas de Tolosa kalea, Sarasate pasealekua, Nafarroako Gorteen kalea, Labrit kalea eta San Domingo kalea (San Domingoko Baratzeak).

II. TITULUA

Sarbideak: tokiak eta baldintzak

4. artikulua. Seinalizazioa.

1. Sarbide Kontrolatuko Eremura sartzeko bide guztietan zutikako seinaleak paratuko dira adierazteko baimenik gabeko ibilgailuek debeku dutela bertan zirkulatzea, bai eta eremu osoa bizitegi-kalea dela adierazteko seinalea (S-28), eta horrenbestez honako hauek bete behar direla:

–Ibilgailuak gehienez ere 20 km/h-ko abiaduran ibil daitezke.

–Gidariek lehentasuna eman behar diete oinezkoei.

–Ibilgailuak seinale edo marka bidez zedarritutako tokietan baino ezin dira aparkatu.

–Oinezkoek zirkulazio-eremu osoa erabil dezakete.

–Jolasak baimenduta daude, non eta ez duten oztopatzen oinezkoen edo ibilgailuen zirkulazioa.

–Oinezkoek ez diete gidariei alferrik traba eginen.

Halaber, Sarbide Kontrolatuko Eremutik irteteko tokietan zutikako seinaleak paratuko dira ohartarazteko bizitegi-kalea bukatzen dela (S-29), baimenik gabe zirkulatzeko debekua amaitzen dela eta berriz ere aplikagarriak direla zirkulazioko arau orokorrak. Eremu honen barruko aldean, horizontalki seinalatuko dira pintura berdeaz bizilagunen ibilgailuen aparkatze-tokiak (MUR) eta zuriaz gainerako aparkatze-tokiak, edota zutikako seinaleen bidez zein zoladuran bestelako egitura erabiliz.

2. Sarbide kontrolatuko eremura sartu eta hortik irteteko tokietan matrikulak irakurtzeko gailuak paratuko dira, irudiak grabatuko dituztenak, posible delarik, nolanahi ere, beste edozein kontrol-bide erabiltzea.

5. artikulua. Sartu eta irteteko tokiak. Matrikulen egiaztapena.

Sarbide kontrolatuko eremura sartu eta hortik irteteko nahitaez sarbide-kontroletatik igaro behar da, zeinak honako kale hauetan dauden:

–Sarrera/Irteera:

  • Vergel kalea (Frantziako portalea).
  • San Anton kalea, Ziudadela eta Navas de Tolosa kaleen elkargunean.

–Bakarrik sarrera:

  • Kale Berria - Aduanako Zokoko aparkalekua.
  • Sarasate pasealekua - García Castañón kalea.
  • San Ignazio etorbidea - Nafarroako Gorteen kalea.
  • Espoz y Mina kalea - Ahumada Dukearen kalea.
  • Estafeta kalea - Ahumada Dukearen kalea.
  • Labrit kalea (Labrit pilotalekua).
  • San Domingo kalea (Hezkuntza Departamentuko izkina).

–Bakarrik irteera:

  • Labrit kalea - San Agustin kalea.
  • San Domingoko baratzeetako parkea (Hezkuntzako atzeko aldean).
  • Kale Nagusia (San Lorentzo eliza).
  • Sarasate pasealekua - Navas de Tolosa kalea.

Horrenbestez, jomuga zein den eta horren arabera eginen dira sarrerak eta irteerak arestian aipatutako kontrolgune batetik edo bestetik, betiere xedapen honen I. Eranskinean zehaztutakoen artean.

A motako baimena duten ibilgailuen kasuan eta B motako baimena duten motozikleten edo ziklomotorren kasuan, edozein kontrolgune erabiltzen ahalko da sartzeko zein irteteko, betiere bizilagunei edo bi gurpileko ibilgailuei mugatutako aparkatze-tokietan, hurrenez hurren, aparkatzeko bada.

6. artikulua. Ibilgailuen sarrera Alde Zaharreko Sarbide Kontrolatuko Eremura (SKE), eta bertan zirkulatzeko arau orokorrak.

1.–Sarbidea:

–Bizikletak salbuetsita daude baimena eskatzetik.

–Gainerako ibilgailuen kasuan, sarbide kontrolatuko eremura sartzeko, horretarako eskubidea ematen duen banako baimena eduki behar da, non zehaztuko baitira bete beharreko baldintzak, sartzeko/irteteko tokiaz, eremuaren barruan egon daitezkeen denboraz eta baimenaren indarraldiaz bezainbatean.

–Sarbide kontrolatuko eremura une jakin batean sartu behar denean, banakako baimena eskatu beharko da sartu ahal izateko. Eremura sartu behar duen ibilgailuaren gaineko informazioa -zein egunetan sartu behar duen eta matrikula- interesdunak aurrez emanen du zuzenean bitarteko telematikoen bidez, sarbide-kontroleko sisteman. Oinezkoen aldean gehienez ere 30 minutuz egoten ahalko dira ibilgailuak, eta ezin izanen dira aparkaturik egon 15 minututik gora.

–Larrialdi kasu batean premiaz sartu behar izanez gero, 72 orduko epea egonen da, sartu eta gero kontaturik, gehienez ere, hori jakinarazteko.

2.–Zirkulazio-arau orokorrak:

–Sarbide kontrolatuko eremura sartzea eskatzen duten ibilgailuek indarrean eduki behar dituzte aseguru-poliza eta IATren aldeko txostena.

–Sarbide kontrolatuko eremuan zirkulatzeko baimena eskuratzen duten ibilgailuen gehieneko masa baimendua 5,5 tonakoa izan daiteke. Hortik gorako masa baimendua duten ibilgailuen kasuan, baimenak murriztuko dira, eta sartzeko Herritarren Segurtasuneko eta Elkarbizitzako Alorraren zuzendaritzak emandako baimena eduki behar da, eta bertan ezartzen diren mugak bete.

–Sarbide kontrolatuko eremuan seinaleztaturiko aparkatze-tokiak baimen bakoitzaren baldintza zehatzen arabera erabiliko dira. Honako aparkatze guneak sartzen dira honetan:

  • Bizilagunei erreserbatutako aparkatze gunea (MUR).
  • Zamalanetarako gunea.
  • Ezinduei erreserbatutako gunea.
  • Aparkatze-tokietarako erreserba gunea.
  • Moto eta ziklomotorrei erreserbatutako gunea.

–Gidariek aparkatzen ahalko dute horretarako bide-markaren bitartez seinaleztaturik dauden tokietatik kanpo, baldin eta pertsonak haien etxebizitzetara eramateko, zamalanetarako edo berariaz baimendutako jarduerak egiteko bada, honako baldintza hauekin bat:

  • Behar-beharrezko denbora baino ez erabiltzea, eta baimen bakoitzean jasota dauden berariazko baldintzekin bat.
  • 1,5 metroko tartea gorde behar dute, gutxienez, ibilgailuaren eta fatxadaren artean.
  • Ez dute oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazioa eragotzi edo oztopatuko, ez eta atari, saltoki edo baimendutako pasabideen sarbideak ere.
  • Kalearen luze-zabal urriarengatik aurreko puntu horiek ezin badira bete, debekaturik egonen da bertan aparkatzea.
  • Noranzko bakarreko kaleetan, arauzkotzat joko da zamalanak eskuineko aldean egitea hilabete bikoitietan (otsaila, apirila, ekaina, abuztua, urria eta abendua) eta ezkerrekoan hilabete bakoitietan (urtarrila, martxoa, maiatza, uztaila, iraila eta azaroa).

–Nolanahi den, baimena edukita ere, eremura sartzeko motiboa eduki behar da, eta Herritarren Segurtasuneko eta Elkarbizitzako Alorrak geroago eskatzen ahalko ditu eremura sartu beharra eragin zuten zioen gaineko agiriak. Aurkeztutako agiriak ikusita jotzen bada sartzea ez dagoela behar bezala justifikaturik, Herritarren Segurtasuneko Alorrak dagokion zehapen-espedientea irekiko du.

–Oinezkoen zirkulazio-dentsitatea handia denean -dela berez horra joan direlako dela galtzadan jarduerak egiten ari direlako-, ibilgailuak horra sartzeak jendearen segurtasunari arriskurik ekartzen ahal badio, ibilgailuak ezin izanen dira sartu egoera hori aldatu arte. Halako kasuetan, dena dela, Udaltzainen jarraibideei egin behar zaie men; izan ere, haiekin harremanetan egon behar da telefonoz edo beste bide batez.

III. TITULUA

Irizpideak, Sarbide Kontrolatuko Eremura (SKE) sartzeko,
bertan egoteko eta funtzionatzeko

7. artikulua. Baimen motak:

Baimenak eskatu eta emanen dira baimen mota bakoitzean ezarritako irizpideen arabera, betiere honako modalitate hauekin bat:

A. 1. Sektoreko (MUR) eta Sarasate pasealekua-2. Sektoreko (MUG) bizilagun-txartela duten ibilgailuak. Bi sektore horiek sarbide kontrolatuko eremuaren barruan daude.

1.–MUR eta MUG eremuetako erabiltzaile direnei zuzendua.

2.–Automatikoki sartuko dira, ofizioz, sarbide kontrolatuko eremuaren barruan zedarritutako sektorean indarreko txartela duten ibilgailuak.

3.–Baimena edukiko dute sarbide kontrolatuko eremu osoan barna zirkulatzeko, edozein kontrol gunetik igarotzeko eta horretarako prestatu diren aparkatze-tokietan aparkatzeko.

4.–Egonaldia, sarbide kontrolatuko eremuan, honelakoa izanen da:

–Mugagabea, ibilgailua aparkaturik badago horretarako prestatu den aparkatze-toki batean.

–Seinaleztaturiko toki batean aparkatu ezean, zamalan txikiak egiten ahalko dira kasuan kasuko etxebizitzaren ondoan, ezinbesteko denbora bakarrik erabilita eta 15 minutuz baino gehiagoz aparkaturik egon gabe. Halako kasuetan, sarbide kontrolatuko eremuan egin beharreko egonaldia gehienez ere 30 minutukoa izanen da.

B. Sarbide kontrolatuko eremuko etxebizitza batean bizi diren bizilagunak.

1.–Baimen hau honako hauei zuzenduta dago:

B.1. Ibilgailuak jabegoan, “renting”, “leasing” zein tankera horien araubidean dituzten bizilagunak, baldin eta ez badute ibilgailu horretarako MUR edo MUG eremuetarako baimenik.

B.2. Aldi baterako mugikortasun arazoak dituzten bizilagunak, baldin eta horiek direla medio ezin badituzte joan-etorriak bakarrik egin edo mendekotasun egoeran badaude. Gehienez bi ibilgailu gaituko dira horretarako.

Kasuan-kasuan beste ibilgailu batekin sartu behar izanez gero, banako baimena eskatu behar da sartu nahi den bakoitzean.

Baimenaren titularrak zuzenean txertatuko du unean-unean sarbide kontrolatuko eremuan sartu behar duen ibilgailuaren gaineko informazioa -data eta ibilgailuaren matrikula- sarbide-kontroleko sisteman, horretarako erabilgarri jarritako bitarteko telematikoen bidez. Tramite hori eremura sartu baino lehen egin behar da, eta hori posible ez balitz, 72 orduko epea egonen da gehienez ere geroago horren berri emateko.

B.3. 70 urtetik gorako bizilagunak. Gehienez bi ibilgailu gaituko dira horretarako.

Unean-unean beste ibilgailu batez sartu behar izanez gero, baimena eskatu beharko da, ibilgailuaren matrikula jakitera emanda.

Baimenaren titularrak zuzenean txertatuko du unean-unean sarbide kontrolatuko eremuan sartu behar duen ibilgailuaren gaineko informazioa -data eta ibilgailuaren matrikula- sarbide-kontroleko sisteman, horretarako erabilgarri jarritako bitarteko telematikoen bidez. Tramite hori eremura sartu baino lehen egin behar da, eta hori posible ez balitz, 72 orduko epea egonen da gehienez ere geroago horren berri emateko.

B.4. Jabegoan ibilgailurik ez duten bizilagunak, baldin eta unean-unean beraien etxebizitzetan egin behar badituzte izaera pribatuko eta bolumen handiko zamalanak.

Baimenaren titularrak zuzenean txertatuko du unean-unean sarbide kontrolatuko eremuan sartu behar duen ibilgailuaren gaineko informazioa –data eta ibilgailuaren matrikula– sarbide-kontroleko sisteman, horretarako erabilgarri jarritako bitarteko telematikoen bidez. Halaber, azalpen bat eman beharko dute arrazoitzeko zergatik sartu behar duten sarbide kontrolatuko eremuan. Tramite hori eremura sartu baino lehen egin behar da, eta hori posible ez balitz, 72 orduko epea egonen da gehienez ere geroago horren berri emateko.

2.–Aipatu baimenetako bat lortzeko, eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu behar dira:

–B.1.

  • Sarbide kontrolatuko eremuan erroldaturik egonez gero, ofizioz egiaztatuko da hala dela. Gainerako kasuetan, interesduna sarbide kontrolatuko eremuan bizi dela egiaztatzen duen agiria eta NANaren fotokopia aurkeztu behar dira.
  • Ibilgailua eskatzailearen izenean badago, ofizioaz egiaztatuko da dokumentazioa. Ibilgailua “renting”, “leasing” edo antzeko araubidean badago, kontratuaren kopia aurkeztu beharko da.

–B.2.

  • Sarbide kontrolatuko eremuan erroldaturik egonez gero, ofizioz egiaztatuko da hala dela. Gainerako kasuetan, interesduna sarbide kontrolatuko eremuan bizi dela egiaztatzen duen agiria eta NANaren fotokopia aurkeztu behar dira.
  • Mugikortasun urriko pertsonentzako behin-behineko aparkatze-txartelaren fotokopia –Trafikoaren Udal Ordenantzaren 37. artikuluaren 2. atalak aipatzen duena–, edo Mendekotasun Balorazioaren gaineko ebazpena edo mendekotasun-egoera egiaztatzen duen agiria.

–B.3.

  • Sarbide kontrolatuko eremuan erroldaturik egonez gero, ofizioz egiaztatuko da hala dela.
  • Gainerako kasuetan, interesduna sarbide kontrolatuko eremuan bizi dela egiaztatzen duen agiria eta NANaren fotokopia aurkeztu behar dira.

–B.4.

  • Sarbide kontrolatuko eremuan erroldaturik egonez gero, ofizioz egiaztatuko da hala dela.
  • Gainerako kasuetan, interesduna sarbide kontrolatuko eremuan bizi dela egiaztatzen duen agiria eta NANaren fotokopia aurkeztu behar dira.

3.–Sarbide kontrolatuko eremuan barna zirkulatzen ahalko dute etxebizitzatik hurbilen den ibilbidean barna, salgaien zamalanak egiteko, eta B.2 eta B.3 kasuetan baimena jaso duten pertsonak beren etxebizitzetara eramateko, ezinbesteko denbora bakarrik erabilita eta 15 minutuz baino gehiagoz aparkaturik egon gabe. Sarbide kontrolatuko eremuan egin beharreko egonaldia gehienez ere 30 minutukoa izanen da.

Sarbide kontrolatuko eremuan ezin izanen dira egon, aldi berean, baimena duten ibilgailuetako bat baino gehiago.

4.–Jabegoko ibilgailuak sartzeko baimena behin betikoa izanen da, edo aldi baterakoa, “renting”, “leasing” edo tankera horren kontratuaren iraupenaren arabera.

Mugikortasun-arazoak dituzten bizilagunen kasuan, baimena gehienez ere urtebetekoa izanen da. Behin baimena iraungirik, bizilagunak oraindik ere badu mugikortasun-zailtasunik, aldi baterako beste baimen bat eskatu beharko du, dagokion txosten medikoa aurkeztuta.

Mendekotasun-egoeran den pertsona baten baimena behin betikoa izanen da.

70 urtetik gorako pertsonen kasuan, baimena behin betikoa izanen da.

Nolanahi ere, baimena edukitzeko eskubidea galduko da sarbide kontrolatuko eremuan bizitzeari utziz gero.

5.–Motozikleta edo ziklomotorren kasuan, baimena edukiko dute sarbide kontrolatuko eremu osoan barna zirkulatzeko, edozein kontrol gunetik igarotzeko eta, horretarako prestatu diren aparkatze-tokietan aparkatuz gero, epemugarik gabe aparkatzeko.

C. Sarbide kontrolatuko eremuan kokaturiko garaje-toki baten jabeak edo errentariak.

1.–Sarbide kontrolatuko eremuan kokaturiko garaje-toki baten jabeei edo errentariei zuzendua.

2.–Baimen hau lortzeko, eskabidearekin batera honako agiri hau aurkeztu behar da:

–Garaje-tokia erabiltzeko eskubidearen jabegoa egiaztatzen duen agiria, erabiltzailea garaje-tokiaren jabea ez denean.

3.–Sarbide kontrolatuko eremuan barna zirkulatzen ahalko dute garajetik hurbilen den ibilbidean barna, garaje-tokian aparkatzeko eta bakarrik horretarako. Ez dute baimenik edukiko ibilgailua geratu edo aparkatzeko sarbide kontrolatuko eremuan.

4.–Garaje-toki baten erabiltzaileak batzuk izanez gero, baimendutako ibilgailu bat baino ezin izanen da egon, aldi berean, sarbide kontrolatuko eremuan.

D. Erabilera pribatuko aparkatze-erreserba baten titularrak.

1.–Sarbide kontrolatuko eremuan kokatu eta erabilera pribatuko aparkatze-erreserba baten pertsona juridiko titularrei zuzendua.

2.–Baimen hau lortzeko, eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu behar dira:

–Aparkaleku baterako eskaera baten kasuan, titulartasuna eta aparkatze-tokien kopurua egiaztatzen dituen agiria.

–Aparkatze-erreserben kasuan, horien titulartasuna, kokapena eta toki-kopurua.

3.–Sarbide kontrolatuko eremuan barna zirkulatzen ahalko dute aparkalekutik edo erreserbatik hurbilen den ibilbidean barna, bertan aparkatzeko. Ez dute baimenik edukiko ibilgailua geratu edo aparkatzeko sarbide kontrolatuko eremuan.

4.–Titularrei ibilgailuen kontrola errazteko eta soiltzeko, baimenean sartzen ahalko dira erreserban edo aparkalekuan zenbat aparkatze-toki eduki eta horiek halako bi ohiko matrikula baimendurik.

Baimenaren titularrak zuzenean txertatuko du unean-unean aparkalekura edo erreserbara sartu behar duen ibilgailuaren gaineko informazioa -data eta ibilgailuaren matrikula- sarbide-kontroleko sisteman, horretarako erabilgarri jarritako bitarteko telematikoen bidez. Tramite hori eremura sartu baino lehen egin behar da, eta hori posible ez balitz, 72 orduko epea egonen da gehienez ere geroago horren berri emateko.

E. Erabilera publikoko aparkaleku baten titularrak.

1.–Sarbide kontrolatuko eremuan kokatu eta erabilera publikoko aparkaleku baten pertsona juridiko titularrei (erabiltzaileen kolektibitate zehaztugabea) zuzendua.

2.–Baimen hau lortzeko, eskabidearekin batera honako agiri ha aurkeztu behar da:

–Titulartasuna eta toki-kopurua egiaztatzeko agiria.

3.–Sarbide kontrolatuko eremuan barna zirkulatzen ahalko dute aparkalekutik hurbilen den ibilbidean barna, bertan aparkatzeko. Ez dute baimenik edukiko ibilgailua geratu edo aparkatzeko sarbide kontrolatuko eremuan.

4.–Baimenaren titularrak zuzenean txertatuko du unean-unean sarbide kontrolatuko eremuan sartu diren ibilgailuen gaineko informazioa -data eta ibilgailuaren matrikula- sarbide-kontroleko sisteman, horretarako erabilgarri jarritako bitarteko telematikoen bidez. Tramite hori eremura sartu baino lehen egiten ahalko da, eta hori posible ez balitz, 72 orduko epea egonen da gehienez ere geroago horren berri emateko.

F. Sarbide kontrolatuko eremuan kokaturik dagoen merkataritza gune baten titularrak.

1.–Sarbide kontrolatuko eremuan kokaturik egon eta baimenduta zein jendearendako zabalik den merkataritza gune baten titularrei zuzendua.

2.–Baimen hau lortzeko, eskabidea baino ez da aurkeztu behar.

3.–Establezimenduaren titularrak bi ohiko ibilgailu bitarte sartzen ahalko ditu baimenean. Ibilgailu horiek ezin izanen dira aldi berean egon sarbide kontrolatuko eremuan.

4.–Sarbide kontrolatuko eremuan barna zirkulatzen ahalko dute aparkalekutik hurbilen den ibilbidean barna, 08:00etatik 21:00etara, merkataritza gunea irekita dagoen egunetan eta zamalan txikiak egiteko baino ez, ezinbesteko denbora bakarrik erabilita eta 15 minutuz baino gehiagoz aparkaturik egon gabe. Sarbide kontrolatuko eremuan egin beharreko egonaldia gehienez ere 30 minutukoa izanen da.

5.–Dendaren titularrak unean uneko baimenak eskatzen ahalko ditu sarbide kontrolatuko eremura sartu behar diren establezimenduen bezeroentzat, betiere bolumen, pisu edo beste zerbaitengatik beharrezko diren zamalanak egiteko, eta bakarrik horretarako. Ibilgailua identifikatzeko datuez gain, emandako zerbitzuari dagokion faktura-zenbakia ere aurkeztu behar da, zeina Herritarren Segurtasuneko eta Elkarbizitzako Alorrak eskatzen ahalko baitu, sarrera bakoitza eragin zuten zioak ikuskatze aldera. Eremuan egoteko aldia zamalan txikiak egiteko erabiliko da, ezinbesteko denbora bakarrik erabilita eta 15 minutuz baino gehiagoz aparkaturik egon gabe. Oinezkoen eremuan egin beharreko egonaldia gehienez ere 30 minutukoa izanen da.

Establezimenduaren titularrak zuzenean txertatuko du unean-unean sarbide kontrolatuko eremuan sartu behar duen ibilgailuaren gaineko informazioa -data eta ibilgailuaren matrikula- sarbide-kontroleko sisteman, horretarako erabilgarri jarritako bitarteko telematikoen bidez. Tramite hori eremura sartu baino lehen egiten ahalko da, eta hori posible ez balitz, 72 orduko epea egonen da gehienez ere geroago horren berri emateko.

6.–Salgaien zamalanak ahal dela jatorrizko edo xedezko establezimendutik edo higiezinetik hurbilen dagoen aldean eginen dira. Ez dira ezein kasutan ere, ez bildu ez utziko lurrean.

G. Zamalanak.

1.–Industria- eta merkataritza-ibilgailuak dituen enpresako titularrei zuzendua, baldin eta zamalanetan ari badira zirkulazioko sarbide kontrolatuko eremuetan.

2.–Baimen hau lortzeko, eskabidearekin batera honako hauek aurkeztu beharko dituzte:

–Garraioan aritzeko administrazio-baimenaren kopia, administrazio eskudunak emana, hori nahitaezkoa bada.

–Garraioan aritzeko administrazio-baimena nahitaezkoa ez bada, interesdunak egiaztatu beharko du alta hartua duela Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan (JEZ).

3.–Sarbide kontrolatuko eremuan zirkulatzen ahalko dute, lanegunetan, 08:00etatik 11:00etara eta 14:00etatik 16:30era. Jaiegun ez diren larunbatetan, 08:00etatik 11:00etara.

4.–Sarbide kontrolatuko eremuan egin beharreko egonaldia zamalanetarako bakarrik erabiliko dute, horretarako behar-beharrezkoa den denbora baino ez baliatuta, eta ezin izanen dute aipatutakoez besteko zereginik egin.

5.–Zamalanak ahal dela jatorrizko edo xedezko establezimendutik edo higiezinetik hurbilen dagoen aldean eginen dira. Ez dira ezein kasutan ere, ez bildu ez utziko lurrean. Noranzko bakarreko kaleetan, arauzkotzat joko da zamalanak eskuineko aldean egitea hilabete bikoitietan (otsaila, apirila, ekaina, abuztua, urria eta abendua) eta ezkerrekoan hilabete bakoitietan (urtarrila, martxoa, maiatza, uztaila, iraila eta azaroa).

H. Obrak, etxe-aldaketak eta etxez etxeko konponketa-lanak.

1.–Industria- eta merkataritza-ibilgailuak dituen enpresako titularrei zuzendua, baldin eta etxe-aldaketak, obrak eta etxez etxeko konponketa-lanak egiten badituzte sarbide kontrolatuko eremuetan.

2.–Baimen hau lortzeko, eskabidearekin batera honako hauek aurkeztu beharko dituzte:

–Garraioan aritzeko administrazio-baimenaren fotokopia, administrazio eskudunak emana, hori nahitaezkoa bada.

–Garraioan aritzeko administrazio-baimena nahitaezkoa ez bada, interesdunak egiaztatu beharko du alta hartua duela Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan (JEZ).

3.–Sarbide kontrolatuko eremuan zirkulatzen ahalko dute, lanegunetan, 08:00etatik 11:00etara eta 14:00etatik 16:30era. Jaiegun ez diren larunbatetan, 08:00etatik 11:00etara.

4.–Sarbide kontrolatuko eremuan zamalanen ordutegitik kanpo egon behar izanez gero, eskaera egin beharko dute unean uneko sarbide gisara, eta bertan justifikatu zergatik eta zenbat denboraz sartu behar duten eremura zamalanen ordutegitik kanpo.

Eskaera bide telematiko bitartez tramitatu beharko da aldez aurretik.

5.–Sarbide kontrolatuko eremuan egin beharreko egonaldia zamalanetarako bakarrik erabiliko dute, horretarako behar-beharrezkoa den denbora baino ez baliatuta, eta ezin izanen dute aipatutakoez besteko zereginik egin.

6.–Zamalanak ahal dela jatorrizko edo xedezko establezimendutik edo higiezinetik hurbilen dagoen aldean eginen dira. Ez dira ezein kasutan ere, ez bildu ez utziko lurrean. Noranzko bakarreko kaleetan, arauzkotzat joko da zamalanak eskuineko aldean egitea hilabete bikoitietan (otsaila, apirila, ekaina, abuztua, urria eta abendua) eta ezkerrekoan hilabete bakoitietan (urtarrila, martxoa, maiatza, uztaila, iraila eta azaroa).

I. Larrialdietako ibilgailuak.

1.–Honako zerbitzu hauek ematen dituzten ibilgailuen titularrei zuzendua: suteak itzaltzekoak, polizia, babes zibila, hileta-autoak eta anbulantziak.

2.–Baimen hau lortzeko, eskabidearekin batera honako informazio hauek eman beharko dira:

–Aukeran, ahal dela, zerbitzu bakoitzak matrikulen zerrendak emanen ditu eta horiek matrikula-sisteman irauliko dira.

–Bestela, ibilgailuak behar bezala errotulaturik eta identifikaturik badaude atzeko aldean, egindako sarrerak ofizioz baimenduko dira.

3.–Baimena edukiko dute egunaren edozein unetan edozein kontrol gunetatik sartzeko eta sarbide kontrolatuko eremuan egoteko, betiere esleitu zaizkien larrialdiko edo zaintzako zereginetan ari direlarik.

J. Autotaxiak.

1.–Turismo-ibilgailuen sailean bidaiarien zerbitzu publikoari atxikitako ibilgailu baten titularrei zuzendua.

2.–Honako prozedura hau erabiliko da baimena lortzeko:

–Automatikoki irauliko dira matrikulak irakurtzeko sisteman Iruñerriko Mankomunitatearen Lizentzia-sisteman sartuta dauden ibilgailuak.

–Aurreko puntuan sartuta ez dauden gainerako interesdunek eskaera bat aurkeztu beharko dute administrazio eskudunak emandako administrazio-baimenaren fotokopiarekin eta ibilgailuaren matrikularekin batera.

3.–Baimena edukiko dute egunaren edozein unetan edozein kontrol gunetatik sartzeko, betiere zerbitzua ematen ari direlarik tarifaren argi-seinalea piztuta eta zerbitzuaren jomuga edo abiapuntua sarbide kontrolatuko eremuan bada. Ezin izanen dira egon sarbide kontrolatuko eremuan behar duten denbora baino gehiago, eta, nolanahi dela, inoiz ere 20 minutu baino gehiago.

K. Bidaiarien ohiko garraiobide publikoak.

1.–Bidaiarien ohiko garraiobide publikoko ibilgailu baten titularrei zuzendua, betiere sarbide kontrolatuko eremuaren barruan zerbitzua ematen duten lineetan lanean ari badira.

2.–Baimen hau lortzeko, eskabidearekin batera honako hauek aurkeztu beharko dituzte:

–Iruñerriko Hiri Garraioaren kasuan: Iruñerriko Mankomunitateak matrikulen zerrenda emanen du, eta horiek matrikulak irakurtzeko sisteman irauliko dira.

–Bidaiarien gainerako ohiko garraiobideen kasuan: Garraio-baimenaren kopia, zerbitzu hau ematen duten ibilgailuen matrikulekin eta ibilbideen deskribapenarekin.

3.–Sarbide kontrolatuko eremuaren barruan zirkulatzen duten lineetako ibilgailuek zerbitzua zein ibilbidetan barna ematen duten eta hortik sartu edo ateratzen ahalko dira.

L. Administrazio publikoetako ibilgailu ofizialak.

1.–Iruñeko Udalari, Iruñerriko Mankomunitateari, Nafarroako Gobernuari eta ibilgailu ofizialak dituzten gainerako administrazioei zuzendua, betiere ibilgailu horien sarrera behar bezala justifikatzen bada.

(Baimen hau D motako baimenaz bestekoa da; izan ere, D motakoan ibilgailuek emanak dizkieten erreserba guneak erabiltzen dituzte).

2.–Administrazioek matrikulen zerrendak emanen dituzte, eta horiek matrikulak irakurtzeko sisteman irauliko dira.

3.–Sarbide kontrolatuko eremuan barna zirkulatzen ahalko dute jomugatik hurbilen den ibilbidean barna, salgaien zamalan txikiak egiteko eta pertsonak edozein egun eta ordutan garraiatzeko, ezinbesteko denbora bakarrik erabilita eta 15 minutuz baino gehiagoz aparkaturik egon gabe. Oinezkoen eremuan egin beharreko egonaldia gehienez ere 30 minutukoa izanen da.

M. Iruñeko Udalaren zerbitzuak esleituak dituzten enpresen ibilgailuak.

1.–Iruñeko Udalaren esleipena jaso duen enpresa baten titularrei zuzendua, baldin eta haien ibilgailuetan Iruñeko Udalaren logotipoaren errotulua agertzen bada eta eremura sartu beharra behar bezala justifikatzen bada.

2.–Baimen hau lortzeko, eskabidearekin batera honako hau aurkeztu beharko dute:

–Azalpen bat arrazoitzeko zergatik sartu behar duten sarbide kontrolatuko eremuan.

3.–Sarbide kontrolatuko eremuan barna zirkulatzen ahalko dute jomugatik hurbilen den ibilbidean barna, baimenean zehaztutako mugekin bat, eta ezinbesteko denbora bakarrik erabilita. Ibilgailuak ezin izanen dira sarbide kontrolatuko eremuan egon, egiten ari diren zereginetarako beharrezkoak ez badira.

4.–Baimenaren indarraldia esleipenak zenbat iraun eta hainbestekoa izanen da.

N. Mugikortasun urriko pertsonentzako aparkatze-txartelaren titularrak.

1.–Mugikortasun urriko pertsonentzako aparkatze-txartelaren titularrei zuzendua.

2.–Baimen hau lortzeko, eskabidearekin batera honako hau aurkeztu behar da:

–Mugikortasun urriko pertsonentzako aparkatze-txartelaren fotokopia.

3.–Sarbide kontrolatuko eremuan barna zirkulatzen ahalko dute jomugatik hurbilen den ibilbidean barna, eta horretarako prestaturiko tokietan aparkatu. Txartela ongi ikusteko moduan jarri beharko dute.

4.–Bi ohiko ibilgailutarako har daiteke alta. Unean-unean beste ibilgailu batez sartu behar izanez gero, baimena eskatu beharko da, ibilgailuaren matrikula jakitera emanda.

Baimenaren titularrak zuzenean txertatuko du unean-unean sarbide kontrolatuko eremuan sartu behar duen ibilgailuaren gaineko informazioa -data eta ibilgailuaren matrikula- sarbide-kontroleko sisteman, horretarako erabilgarri jarritako bitarteko telematikoen bidez. Tramite hori eremura sartu baino lehen egin behar da, eta hori posible ez balitz, 72 orduko epea egonen da gehienez ere geroago horren berri emateko. Sarbide kontrolatuko eremuan ezin izanen dira egon, aldi berean, baimena duten ibilgailuetako bat baino gehiago.

5.–Sarbide kontrolatuko eremura sartzeko baimemen indarraldia txartelarena bera izanen da, eta gehienez ere 5 urtekoa.

O. Ostalaritza-establezimenduak.

1.–Ostalaritza-establezimendu baten titularrei zuzendua, baldin eta hori sarbide kontrolatuko eremuan kokaturik badago.

2.–Baimen hau lortzeko, eskabidearekin batera honako agiri hau aurkeztu behar da:

–Aparkaleku baterako eskaera baten kasuan, titulartasuna eta aparkatze-tokien kopurua egiaztatzen dituen agiria.

3.–Sarbide kontrolatuko eremuan barna zirkulatzen ahalko dute jomugatik hurbilen den ibilbidean barna, ostatu hartzeko erreserbaren aldia zein den eta horrekin bat.

Sarbide kontrolatuko eremuan egin beharreko egonaldia ekipajea establezimenduaren ondoan uzteko eta bertatik hartzeko bakarrik erabiliko dute, horretarako behar-beharrezkoa den denbora baino ez baliatuta, eta, betiere 30 minutuko aldia gainditu gabe. Ez dute baimenik edukiko ibilgailua geratu edo aparkatzeko sarbide kontrolatuko eremuaren gainerako aldean. Ostatu hartzearekin batera aparkatze-tokia ere hartzen badute, ez dute izanen mugarik sartzeko aldiez eta egon beharreko denboraz bezainbatean, azken hori, betiere, emandako garaje-tokian aparkatzen badute.

4.–Ostalaritza-establezimenduaren titularrak zuzenean txertatuko du unean-unean sarbide kontrolatuko eremuan sartu behar duen ibilgailuaren gaineko informazioa -data eta ibilgailuaren matrikula- sarbide-kontroleko sisteman, horretarako erabilgarri jarritako bitarteko telematikoen bidez. Tramite hori eremura sartu baino lehen egiten ahalko da, eta hori posible ez balitz, 72 orduko epea egonen da gehienez ere geroago horren berri emateko.

5.–Establezimenduaren titularrak bi ohiko ibilgailu bitarte sartzen ahalko ditu baimenean. Ibilgailu horiek ezin izanen dira aldi berean egon sarbide kontrolatuko eremuan.

Sarbide kontrolatuko eremuan barna zirkulatzen ahalko dute establezimendutik hurbilen den ibilbidean barna, eta zamalan txikiak egin, ezinbesteko denbora bakarrik erabilita eta 15 minutuz baino gehiagoz aparkaturik egon gabe. Sarbide kontrolatuko eremuan egin beharreko egonaldia gehienez ere 30 minutukoa izanen da.

P. Larrialdietako zerbitzu teknikoa.

1.–Larrialdietako zerbitzu teknikoko enpresa baten titularrei zuzendua, baldin eta beren zereginak zamalanen ordutegiaren barruan egiterik ez eta esku-hartzea premiazkoa bada.

2.–Baimen hau lortzeko aurrez H motako baimena eduki beharko dute (Obrak, etxe-aldaketak eta etxez etxeko konponketa-lanak).

3.–Sarbide kontrolatuko eremuan barna zirkulatzen ahalko dute jomugatik hurbilen den ibilbidean barna, eta barruan geratu zamalanen ordutegitik kanpo, larrialdi-zerbitzua ematen amaitu arte.

4.–Baimenaren titularrak zuzenean txertatuko du unean-unean sarbide kontrolatuko eremuan sartu behar duen ibilgailuaren gaineko informazioa -data eta ibilgailuaren matrikula- sarbide-kontroleko sisteman, horretarako erabilgarri jarritako bitarteko telematikoen bidez. Tramite hori eremura sartu baino lehen egiten ahalko da, eta hori posible ez balitz, 72 orduko epea egonen da gehienez ere geroago horren berri emateko.

Larrialdi-zerbitzu bakoitzeko eskatu beharko da baimena, eta egindako zerbitzuaren albarana edo faktura eskatzen ahalko zaie.

Q. Etxez etxeko janari-banaketa.

1.–Etxebizitza partikularretan ibilgailuen bidez janaria banatzen duten enpresei zuzendua.

2.–Baimen hau lortzeko, eskabidearekin batera honako hauek aurkeztu beharko dituzte:

–Garraioan aritzeko administrazio-baimenaren fotokopia, administrazio eskudunak emana, hori nahitaezkoa bada.

–Garraioan aritzeko administrazio-baimena nahitaezkoa ez bada, interesdunak egiaztatu beharko du alta hartua duela Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan (JEZ).

3.–Baimena edukiko dute egunaren edozein unetan edozein kontrol gunetatik sartu edo irteteko eta jomugatik hurbilen den ibilbidean barna zirkulatzeko, betiere zerbitzua ematen ari direlarik sarbide kontrolatuko eremuan. Ezin izanen dira egon sarbide kontrolatuko eremuan behar duten denbora baino gehiago, eta, nolanahi dela, inoiz ere 20 minutu baino gehiago.

R. Baimena, ekitaldi-ospakizunetarako.

1.–Ospakizun erlijiosoetan eta zibiletan, edo bestelako ekitaldietan, hala nola erakusketa, azoka, jolas- edo kultura-ekitaldietan, parte hartzen ari direnei zuzendua.

2.–Baimen hau lortzeko, eskabidearekin batera honako hau aurkeztu behar da:

–Sarrera justifikatzeko dokumentazio ulerterraza.

3.–Sarbide kontrolatuko eremuan barna zirkulatzen ahalko dute jomugatik hurbilen den ibilbidean barna, ezinbesteko denbora bakarrik erabilita.

4.–Eskaera gutxienez 72 ordu baino lehenago tramitatu beharko dute, bide telematikoz, eta ez dute baimenik edukiko harik eta eskatzaileak baimenaren baieztapena jaso arte.

S. Guardiako farmaziak.

1.–Sarbide kontrolatuko eremuaren barruan kokaturik dagoen farmazia baten titularrei zuzendua, guardian dagoen aldiarekin bat, merkataritza-ordutegitik kanpo, bezeroak irits daitezen beren ibilgailuaz, farmazia-ingurura.

2.–Farmaziaren titularrak zuzenean txertatuko du unean-unean sarbide kontrolatuko eremuan sartu behar duen ibilgailuaren gaineko informazioa –data eta ibilgailuaren matrikula– sarbide-kontroleko sisteman, horretarako erabilgarri jarritako bitarteko telematikoen bidez. Tramite hori eremura sartu baino lehen egiten ahalko da, eta hori posible ez balitz, 72 orduko epea egonen da gehienez ere geroago horren berri emateko.

3.–Sarbide kontrolatuko eremuan barna zirkulatzen ahalko dute guardiako-farmaziatik hurbilen den ibilbidean barna, ezinbesteko denbora bakarrik erabilita, betiere 30 minutu baino gehiago egon gabe sarbide kontrolatuko eremuan.

T. Zirkulatzeko txartel bereziak dituzten ibilgailuak.

Txartelak zein baldintzatan eman eta horiek bete beharko dituzte.

U. Egoera bereziak.

Udalak ulertzen du gerta daitezkeela aurreko puntuetan jasotako egoerez besteko batzuk, bereziak izateagatik jasota ez daudenak baimen jakin batean. Horregatik, Udalak salbuespenez ematen ahalko ditu baimen bereziak sarbide kontrolatuko eremuan zirkulatzeko.

Interesdunak eremura sartzeko dituen arrazoiak azalduko ditu, bai eta aurrekoez besteko inguruabar berezien berri eman ere.

Eskaera erregistroetako batean tramitatuko da eta Herritarren Segurtasuneko eta Elkarbizitzako Alorrari zuzendu behar zaio. Interesdunak, bestalde, ez du baimenik edukiko eremura sartzeko harik eta baimenaren baieztapena jaso arte.

IV. TITULUA

Kontrola, zaintza eta eskaerak

8. artikulua. Baimenen gaineko azterketa eta kontrola:

1.–Herritarren Segurtasuneko eta Elkarbizitzako Alorrari dagozkio behin betiko baimenak emateko alderdi teknikoak eta administraziokoak.

2.–Alde Zaharreko sarbide kontrolatuko eremura sartzeko, bertan egoteko eta zirkulatzeko baldintzak ez betetzeak eragindako zehapen-espedienteak tramitatzea Herritarren Segurtasuneko eta Elkarbizitzako Alorrari dagokio, betiere Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko arauek ezarritakoarekin bat, bai eta, Udaltzaingoaren bitartez, zerbitzuaren zaintza, diziplina, behin behineko baimenak ematea eta matrikulak irakurtzeko gailuak erabiltzea ere.

3.–Aldian-aldian kontrolak eginen dira, Alde Zaharreko sarbide kontrolatuko eremura sartzeko baimenen baldintzak betetzen diren egiaztatzeko. Hori horrela, baimenaren eskatzaileei edo organo proposatzaileei eskatzen ahalko zaie baldintzak betetzen direla justifikatzen duten agiriak.

9. artikulua. Baimen-eskaerak eta berritzekoak:

1.–Interesdunek orok -pertsona fisikoak edo juridikoak direla- edozein baimenetarako eskaera egin baino lehen, alta hartu behar dute, bai eta identifikatu eta kautotu ere, Iruñeko Udalak herritarren eskura jarritako komunikazio-bide birtualean.

Tramite hori egiteko, pertsona juridikoek sinadura elektronikoko sistema eduki beharko dute, Iruñeko Udalak onartua.

Sinadura elektronikorik ez duten pertsona fisikoen kasuan, prozedura bat jarriko da interesdunen eskura, zuzen identifikatu daitezen.

2.–Sisteman hartutako altak eta behin betiko zein unean uneko baimen-eskaerak aurkeztu behar dira xedapen honetan kasu bakoitzerako ezarritako dokumentazioarekin batera, on line baliabide hauen bitartez:

–www.pamplona.es webguneko “Baimenak webgunean” atala.

–Smartphonetarako APPa, eskuragarri dagoena Google Playn Androidentzat, eta Apple Storen IOSentzat.

Interesdunek ezin badituzte baimenak on line kudeatu, telefonoz deitzen ahalko dute Herritarrendako Arreta Zerbitzura (010 tel.), edo Herritarren Segurtasuneko Alorrera (Iratxeko Monasterioaren k., 2) bertaratu kudeaketa aurrez aurre egitera, astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 14:30era.

3.–2. puntuan aurreikusitako bideen bitartez egin ezin diren eskaerak –premiazkoak, behin-behinekoak eta unean unekoak–, Iruñeko Udaltzaingoak egiten ahalko ditu, ez ohiko izaeraz egin ere.

10. artikulua. Baimenaren galera:

1.–Baimena emateko oinarritzat hartutako datuetan edo baldintzetan aldaketarik egonez gero, titularra beharturik dago horren berri ematera, baimena luzatuko den edo deuseztatuko den egiaztatzeko. Nolanahi ere, egiaztapen hori, posible bada, ofizioz eginen da, aldian-aldian, eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten baimenak deuseztatu eginen dira. Ofizioz egiaztatzeak ez du baimenaren titularra salbuesten arestian aipatutako aldaketak jakinaraztetik.

2.–Eremuaren funtzionamendua erregulatzen duten arauak behin eta berriz ez betetzeak espediente bat ekarriko du berekin, eta horren ondorioz ebazten ahalko da baimena aldi baterako edo behin betiko errebokatzea.

I. eranskina

Sarbide Kontrolatuko Eremuko kaleen zerrenda (PDFa).

II. eranskina

Planoa (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L1711900