2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ETXARRI ARANATZ
Auntzetxe bordan aisialdiko jarduera pribatuetarako erabilera arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena
Etxarri Aranazko Udalak, 2017ko uztailaren 5eko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen “Auntzetxe” bordan aisialdiko jarduera pribatuetarako erabilera arautzen duen ordenantza.
Onespenaren erabakia 2017ko 142. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 24an. Jendaurreko epean aurkeztutako alegazioak ebatzi ondoren, ordenantza behin betikoz onetsi da eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu zuen hartan, xedatutakoari jarraikiz.
Etxarri Aranatzen, 2017ko irailaren 26an.–Alkatesa, Eneka Maiz Ulaiar.
I. ERANSKINA
Ordenantzaren testu osoa
AUNTZETXE BORDAN AISIALDIKO JARDUERA PRIBATUETARAKO ERABILERA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA
Etxarri Aranazko Udalak, ingurumen alorrean dituen eskumenak baliatuz, ordenantza hau sustatu nahi du herri basoan josteta jarduera pribatuak egitea arautzeko. Haren helburuak dira segurtasuna zaintzea eta aisiarako bidezko eskubideak eta eskubide horien arrazoizko mugak bateragarri egitea. Ordenantzak honako hauek hartzen ditu barne:
–Erreserbatzeko prozedura.
–Tarifak.
–Ardurak.
–Erabileren mugak.
–Debekuak eta zehapenak.
1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.
Ordenantza honen helburua da Auntzetxe bordan egiten diren josteta, kultur eta aisialdi jarduera pribatuak arautzea. Borda Etxarri Aranazko 4. poligonoko 118. lursailean dago, Olanoko borda alderdian. Hona haren UTM koordenadak: x: 573.743 eta y: 4.754.480.
2. artikulua. Borda erabiltzeko araubide orokorra.
Auntzetxe borda zabalik egongo da, eta beraz, mendiko aterpe gisa funtzionatuko du. Oro har, 10 lagun bitarteko taldeen kasuan ez da borda aldez aurretik erreserbatu beharko. Nolanahi ere, eta edozein izanda ere taldekideen kopurua, gomendagarria izango da erreserba egitea erabilera bermatzeko.
Gehienez ere, gau bat pasatu ahalko da Auntzetxe bordan, betiere kirol, kultur, hezkuntza eta/edo zientzia jarduerak egiteagatik bertan gaua pasatzea ezinbestekoa bada. Gaua pasatzeko ordutegia 19:00etan hasiko da, eta bordara iritsi eta hurrengo eguneko 12:00ak baino lehen atera beharko da.
Auntzetxe bordako sarreran, ordenantza ikusgai jarriko da panel informatibo batean eta beste panel batean udalari proposamenak egiteko aukera dagoela jakinaraziko da.
Ahuntzetxeko aterpe barruan gehienez ere 29 lagun sartu ahal izango dira. Udalak erabiltzeko erreserbak onartuko ditu gehieneko edukiera bete arte.
3. artikulua. Araubide berezia.
Behar bezala arrazoitutako kasuetan, udalak, alkatetzaren ebazpen baten bidez, ordenantza honetako baldintzak zabaldu edo aldatu ahal izango ditu. Hala, zenbait kasu berezitan, borda berak bakarrik erabiltzeko baimena eman ahalko dio erabiltzaileari, baita giltzak utzi ere. Behin jarduera bukatuta, giltzak entregatu beharko dira.
Udalak baimen bereziak eman ahal izango ditu ikastetxeentzat.
Edonola ere, udalak sartzea ukatzeko eskubidea izango du.
4. artikulua. Erreserbatzeko prozedura.
Hamar lagunetik gorako taldeek nahitaezkoa dute aldez aurretik erreserba egitea, eta udalak izendatutako arduradunari horren berri eman beharko zaio, idatziz. Udalak erreserbak onartuko ditu gehieneko edukiera bete arte.
Erreserba egitea nahitaezkoa ez duten taldeen kasuan, hau da, hamar lagun baino gutxiagoko taldeen kasuan, gomendatzen da erreserba egitea erabilera bermatzeko.
Eskabidea idatziz egin beharko da eta udaletxean aurkeztu. Borda erabili ahal izateko identifikazio datuak eman beharko dira, hala nola izen-abizenak, NAN zenbakia eta harremanetarako telefono zenbakia. Era berean, zer jarduera egin behar den edo zertarako erabili behar den zehaztu beharko da. Horretaz gain, zer ordutan erabiliko den eta gaua pasatu behar den ala ez adierazi beharko da.
Motordun ibilgailuekin bertaratu nahi izanez gero, Auntzetxeko pistan erabiliko diren ibilgailuen matrikulak eman beharko dira.
Eskatzailearen erantzukizuna izango da ordenantza honetan ezarritako guztia betetzen dela ziurtatzea, eta horrela adierazi beharko du arauekin batera ematen den sinatutako dokumentuan.
Tarifak baimena lortzean ordaindu beharko dira.
5. artikulua. Erreserbaren iraupena.
Erreserba egun baterako edo egun baterako gehi gaua pasatzeko izango da, honako ordutegi hauetan:
Eguna: 12:00-19:00.
Gaua ematea: 08:30-14:30.
Araubide bereziko kasuetan, bi egun eta gau bat pasatzeko baimena emango da.
6. artikulua. Tarifak eta ordainketatik salbuestea.
Tarifak bisitari kopuruaren arabera banatuko dira. Eguneko tarifak dira.
| EGUN BATEKO ERRESERBA | EGUN 1 + GAUA | 2 EGUN + GAUA |
10 lagun bitarteko erreserbak | 30 euro/egun talde bakoitzeko (erreserba kasuetan) | 45 euro | 60 euro |
20 lagun bitarteko taldeak | 50 euro/egun talde bakoitzeko | 75 euro | 100 euro |
29 lagun bitarteko taldeak | 80 euro/egun talde bakoitzeko | 120 euro | 160 euro |
Ibilgailu bakoitzeko 10 euro/egun.
Herrian erroldatutako pertsonak edo Etxarri Aranatzen etxebizitza bat dutenak edota ibilgailua bertan helbideratuta dutenak tasak ordaintzetik salbuetsita daude, eskaerak banakakoak edo taldekakoak izan. Nolanahi ere, 10 lagunetik gorako taldeek fidantza bat jarri beharko dute.
Erreserba egitean, 50 euroko fidantza jarri beharko da, araudi hau beteko dela bermatzeko. Fidantza hori beharrezko egiaztapenak egin ondoren itzuliko da, gehienez ere hilabeteko epean.
Talde batek ordu gehiegi erreserbatu baditu eta beste batek erreserba egiten badu, sartzen den taldearen erreserba errespetatu beharko da, horrek izango baitu beti lehentasuna, erreserba kopurua gainditzen ari den taldearen erreserbaren aurretik.
Edonola ere, udalak sartzea ukatzeko eskubidea izango du.
7. artikulua. Erantzukizunak.
Araudi hau ez betetzeak zehapenak ekarriko ditu, horiei buruzko artikuluan arautzen direnak. Bestalde, erantzukizunak titular agertzen direnei eskatuko zaizkie, eta zehapenak haiei ezarri eta modu subsidiarioan erabiltzaileei.
8. artikulua. Kontserbazioa eta kontrola.
Etxarri Aranazko Udalak Auntzetxe borda egoera onean kontserbatzea eta ordenantza betetzea zainduko du. Etxarri Aranazko herritarrek eta elkarteek ere modu aktiboan lagundu dezakete helburu horiek lortzen, arau hausteren bat antzematen badute udalari horren berri emanez.
9. artikulua. Garbiketa.
Erabiltzaileen betebeharra izango da borda eta inguruak garbitzea eta instalazioak egoera onean mantentzea, hurrengoan ere josteta, kultur eta aisialdi jarduera gehiago egin ahal izateko. Nola aurkitu den, horrelaxe utzi behar da borda: erratza pasatuta, ordenatuta, itxita eta zabor poltsak eramanda.
Erreserba kasuetan, udalak ez du bermatuko lokala garbi eta egoera onean egotea, erabilera librekoa baita, hau da, jende orori irekia.
10. artikulua. Erabiltzeko mugak eta debekuak.
Debekatuta dago sua egitea horretarako ez diren tokietan.
Ibilgailuen joan-etorrien kasuan, Etxarri Aranazko basoko pisten eta bideen erabilera arautzen duen udal ordenantzan esaten dena bete beharko da.
11. artikulua. Zehapenak.
Instalazioetan eragindako kalteek zehapena ekarriko dute, hain zuzen ere haiek konpontzeak dakarren gastu osoa, gehi % 20ko errekargua ordaindu beharko da.
Araudi honek ez du salbuesten Nafarroako Foru Komunitatean indarra duen araudia betetzetik.
12. artikulua. Indarrean sartzea.
Ordenantza honek 2018ko otsailaren 1ean hartuko du indarra.
Iragarkiaren kodea: L1712010