1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
2747E/2017 EBAZPENA, irailaren 7koa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, hartutako kalte zerebrala duten 18 urtetik beherako haurren tratamendua osatzeko asmoz, 2017ko urritik 2018ko irailera bitarte egiten diren zenbait gastutarako diru-laguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak onesten dituena.
Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen araubide juridiko orokorra Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean dago ezarria. Arau horrek xedatzen du ezen, diru-laguntzak eman baino lehen, organo eskudunak oinarri arautzaileak ezarriko dituela, eta horiek argitaratu beharko direla, diru-laguntza jasotzeko moduan daudenek haiek eskuratzeko aukera izan dezaten.
Aipatu 11/2005 Foru Legean ezarritakoarekin bat, ebazpen honen bidez onesten den deialdiaren xedea da diru-laguntzak ematea hartutako kalte zerebrala diagnostikatua duten haurrentzako balorazio neuropsikologikoetan, terapia okupazionalean, irensketaren errehabilitazioan eta autonomia pertsonalerako laguntza produktuetan 2017ko urritik 2018ko irailera bitarte egiten den gastua osorik edo zati batean estaltzeko.
Aipatutako foru legeak aukera ematen du deialdiak aurrekontu ekitaldia hasi baino lehen onesteko, betiere baldintza gisa ezartzen bada, diru-laguntzak emateko, kreditu nahikoa egon behar dela kasuan kasuko ekitaldian.
Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, diru-laguntzen deialdia egokia eta interes publikokoa dela, eta deialdia eta oinarri arautzaileak legearen araberakoak direla.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Hartutako kalte zerebrala diagnostikatua duten 18 urtetik beherako haurrentzako balorazio neuropsikologikoetan, terapia okupazionalean, irensketaren errehabilitazioan eta autonomia pertsonalerako produktuetan 2017ko urritik 2018ko irailera bitarte egiten den gastua osorik edo zati batean ordaintzeko diru-laguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak onestea; oinarri horiek eranskinean ageri dira.
2. Horretarako, 19.440,91 euroko gehieneko gastua baimentzea, edo 2018ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan behar den unean zehazten den kopurua. Diru hori 2017ko ekitaldiko gastuen aurrekontuko partida honen baliokide den partidaren kargura egotziko da: “Hartutako kalte zerebrala duten haurrentzako laguntzak” izeneko 51120 511004 4819 311107 partida. Betiere, diru-laguntza emanen da baldin eta ekitaldi horretako aurrekontuan horretarako kreditu egoki nahikoa badago.
3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea ebaluazio batzordeko kideei, Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Kontabilitate Bulegoari eta Ogasun Departamentuak Osasun Departamentuan duen kontu-hartzaileari, behar diren ondorioak izan ditzaten.
4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.
5. Diru-laguntzen deialdi hau Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean erregistratzea.
Iruñean, 2017ko irailaren 7an.–Osasuneko zuzendari nagusia, Luis Gabilondo Pujol.
ERANSKINA
Hartutako kalte zerebrala duten 18 urtetik beherako haurren tratamendua osatzeko asmoz, 2017ko urritik 2018ko irailera bitarte egiten diren zenbait gastutarako diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarri arautzaileak
1.–Diru-laguntzen xedea eta helburua.
Diru-laguntza hauek erabiliko dira hartutako kalte zerebrala duten 18 urtetik beherakoen honako behar hauek betetzeko asmoz 2017ko urritik 2018ko irailera bitarte egiten den gastua osorik edo hein batean estaltzeko:
–Balorazio neuropsikologikoa.
–Terapia okupazionala.
–Irensketaren errehabilitazioa.
Horrelako kasuetan, balorazio neuropsikologikoa, terapia okupazionala eta irensketaren errehabilitazioa behar bezalako titulua duten profesionalek egin beharko dituzte, jarduera horiek garatzeko baimenduta dauden zentroetan.
–Autonomia pertsonalerako laguntza produktuak, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak finantzatutako material ortoprotesikoa izan ezik. Horrelakotzat joko da desgaitasuna duten pertsonek edo pertsonentzat erabiltzen den edozein produktu (gailuak, ekipoa, tresnak eta softwarea barne), berariaz fabrikatu dena edo merkatuan salgai dagoena, parte-hartzea sustatzeko, babesteko, laguntzeko, trebatzeko, neurtzeko edo gorputzeko eginkizunak/egiturak eta/edo jarduerak ordezteko erabiltzen dena, edo gabeziei, jarduteko mugei edo parte hartzeko murrizketei aurrea hartzeko, UNE EN ISO 9999:2011 arauaren arabera. Produktu horiek Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko Ministerioaren “Mendekotasun egoera erregelamenduz baloratzeko jarduera profesionalean orientatzeko gidaliburua: Autonomia pertsonalerako laguntza produktuak” izenekoan jasotzen dira.
Diru-laguntza honek onura publikoa du komeni delako hartutako kalte zerebrala diagnostikatua duten adingabeen tratamendua aipatutako behar horietan osatzea.
2.–Deialdiaren zenbatekoa.
Deialdi honetarako, 19.440,91 euro bideratuko dira, edo 2018ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan behar den unean zehazten den kopurua. Diru hori 2017ko ekitaldiko gastuen aurrekontuko partida honen baliokide den partidaren kargura finantzatuko da: “Hartutako kalte zerebrala duten haurrentzako laguntzak” izeneko 51120 511004 4819 311107 partida.
3.–Onuradunen betebeharrak.
Betebehar hauek betetzen dituztenak izan daitezke onuradun:
–Hartutako kalte zerebrala izatea, neuropediatra batek diagnostikatua.
–18 urtetik beherakoa izatea, esku-hartze diagnostikoa edo terapeutikoa egiten den edo laguntza produktuak erosten diren unean.
–Ohiko bizilekua Nafarroan izatea, hots, 2018ko irailaren 30etik aurreko bi urtean adingabea Nafarroako Foru Komunitatean benetan bizi izana etenik gabe. Adingabea bi urtetik beherakoa bada, jaiotzetik beretik Nafarroan benetan bizitzea eskatuko da. Betebehar honetatik salbuesten dira asilo eskatzaileak eta haren familia unitatekoak, asilo-eskubidea aitortzeko ebazpenak ezartzen duenaren arabera, edo familia-luzapenagatik babes subsidiarioa ezartzen duen ebazpenaren arabera.
–Balorazio neuropsikologikoa, terapia okupazionala eta irensketaren errehabilitazioa egiteko gomendioa Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko edo zentro itundu bateko fakultatibo espezialista batek egin izana. Autonomia pertsonalerako laguntza produktuei dagokienez, behar bezala akreditatuta dagoen eta pertsona onuradunaren arretan esku hartzen duen profesional batek agindu behar ditu.
–Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea.
4.–Eskaerak aurkezteko modua, tokia eta epeak.
4.1. Aitak, amak, tutoreak edo legezko ordezkariak eska ditzake deialdi honetan ezarritako laguntzak, onuradunaren izenean, hura adingabea baita.
4.2. Eskaerak aurkezteko epea 2018ko irailaren 3an hasi eta urte bereko irailaren 28an bukatuko da.
4.3. Diru-laguntzen eskaerak, ahal dela, Osasun Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira (Armada etorbidea, 2, 31002, Iruña), Osasuneko zuzendari nagusiari eskabidea zuzenduta, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritakoa deusetan galarazi gabe. Eskaerari deialdiaren 4. oinarrian adierazitako dokumentuak erantsi beharko zaizkio.
Postetxeetan aurkezten diren eskaerei dagokienez, gutun-azal ireki batean aurkeztuko dira, lehen orrialdearen idazpuruan adieraz daitezen bulego jasotzailearen izena, data eta tokia. Datu horiek eskaera igorri dela frogatzen duen gordekinean ere adierazi beharko dira.
4.4. Eskaerak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzendu ditzala, eta adieraziko dio, hala egiten ez badu, eskaerari uko egiten diola ulertuko dela eta artxibatu eginen dela, behar den ebazpena eman ondoren.
4.5. Diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.
5.–Betebeharren frogagiriak.
Deialdi honetako baldintzak betetzen direla frogatzeko, diru-laguntzaren eskaerari honako agiri hauek erantsiko zaizkio:
a) Haurraren Nafarroako Foru Komunitateko errolda-ziurtagiria, antzinatasuna edo, hala denean, asilo-eskubidea ematen dion ebazpena adierazita.
b) Txosten medikoa, neuropediatra batek egina, hartutako kalte zerebralaren berariazko diagnostikoa agertzen duena.
c) Txostena, behar bezala akreditatua dagoen eta adingabearen arretan inplikatua dagoen profesional batek egina, balorazio neuropsikologikoaren, terapia okupazionalaren, irensketaren errehabilitazioaren eta autonomia pertsonalerako laguntza produktuen beharra adierazten duena.
d) Adingabearen legezko ordezkaria izatearen frogagiriak. Aita edo ama bada, familia liburua eta guraso baten NANa. Dibortzio kasuetan, edo zaintza guraso bakar bati dagokionean, dibortzioaren epaia, hitzarmen arautzailea eta guraso horren NANa. Tutorea edo legezko beste ordezkari bat izanez gero, horren frogagiria.
e) Ordainketa transferentzia bidez egiteko eskaera.
f) Egindako gastuaren justifikazioa, faktura adostuen bitartez, gutxienez honako datu hauek jasoko dituztenak:
–Onuradunaren izena.
–Materialaren hornidura edo zerbitzua egiten duen enpresa, entitatea edo profesionala.
–Laguntza produktua, jasotako tratamendua edo egindako jarduketa.
–Ordaindutako zenbateko osoa.
g) 6.3 oinarrian adierazitako zuzenketa-faktoreaz baliatzen ahal diren onuradunek gizarteratze-errenta/errenta bermatua onartu zaiela adierazten duen ebazpena aurkeztu beharko dute, edo genero-indarkeriaren biktima direla dioen frogagiria, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak edo Nafarroako Delituen Biktimen Arretarako Bulegoak emana.
h) Beste laguntza batzuei buruzko aitorpena, 9. oinarrian xedatutakoaren arabera.
i) Eskaera aurkeztearekin baimena ematen zaio Osasun Departamentuari informazioa bildu dezan Ogasun Publikoan eta Estatuko Administrazio Orokorrean, jakiteko ea eskatzaileak betetzen ote dituen bere zerga betebeharrak, dirua itzultzekoak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
Ez da beharrezkoa izanen a), b) d) eta e) puntuetan aipatzen diren agiriak aurkeztea, aurreko deialdietan aurkeztu baziren eta aipaturiko datuak aldatu ez badira. Kasu horretan, onuradunaren edo haren legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da, datuak aldatu ez direla adierazten duena.
6.–Emateko modua, zenbatekoa eta irizpideak.
6.1. Osasuneko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emanen dira diru-laguntzak, instrukzio organoak proposaturik, hots, Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuak proposaturik, aurretik ebaluazio batzorde batek eginen duen balorazio loteslea aintzat hartuta.
6.2. Ebaluazio batzordea honako hauek osatuko dute:
–M.ª Eugenia Yoldi Petri andrea, Nafarroako Ospitaleguneko barrutiko fakultatibo espezialista.
–Julio Palacios Osambela jauna, Osasun Departamentuko Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Ataleko gizarte-langilea.
–M.ª José Lasanta Sáez andrea, Osasun Departamentuko Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Ataleko burua, batzordeko idazkari arituko dena.
6.3. Ebaluazio batzordeak egiaztatuko du ea onuradunek betetzen dituzten 2. oinarrian diru-laguntza emateko ezartzen diren betebeharrak, eta irizpide hauei jarraikiz proposatuko ditu zenbatekoak:
–Esku-hartzeetarako, gehieneko tarifa hauek ezarri dira:
- Balorazio neuropsikologikoa: 150 euro.
- Terapia okupazionalaren edo irensketaren errehabilitazioaren bakarkako ordua: 30 euro.
- Terapia okupazionalaren edo irensketaren errehabilitazioaren taldekako ordua: 15 euro.
–Onuradun bakoitzeko, bi balorazio neuropsikologiko lagunduko dira diruz, ez gehiago.
–Gehienez, terapia okupazionalaren edo irensketaren errehabilitazioaren zortzi ordu lagunduko dira diruz hilean, bai banakako terapiarako, bai taldeko terapiarako.
–Pertsona bakar batentzako laguntza-produktuetan diruz lagundu daitekeen gehieneko zenbatekoa laguntza-lerro honen guztirakoaren %10 izanen da.
–Onuradun berak deialdian adierazitako esku-hartze mota eta/edo laguntza-produktu bakar baten edo gehiagoren gastuak aurkezten ahalko ditu, ez baitira baztertzaileak haien artean.
–Diru-laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, ezarri diren gehieneko zenbatekoak eta hartutako kalte zerebrala duen pertsona bakoitzarentzako esku-hartzeen eta/edo laguntza-produktuen kostua hartuko dira aintzat, xede bererako jasotako beste laguntza batzuk deskontatu eta gero, halakorik bada.
–Eskatutako zenbatekoen baturak dagoen aurrekontu erabilgarria gainditzen badu, dirua eskatzaile guztien artean hainbanatuko da, eskatzaile bakoitzak egindako gastuaren gaineko portzentaje bera jaso dezan. Onuradunei ez zaie hainbanaketa hori aplikatuko baldin eta haien familia unitatean 2017an eta/edo 2018an genero-indarkeriaren biktima edo gizarteratze-errentaren/errenta bermatuaren hartzaile den kiderik badago.
–Eskaera guztiak baloratu ondoren aurrekontuko partidan soberakinik badago, ezarritako mugetatik gorako gastua egin dutela frogatu duten onuradunen artean banatuko da, norberak egin duen gastuarekiko proportzioan.
–Diru-laguntza ez da inola ere izanen egindako esku-hartzeen eta/edo erositako laguntza produktuen kostu osoa baino handiagoa.
7.–Ebazpena.
7.1. Osasuneko zuzendari nagusiak, Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuak proposaturik, ebatziko du diru-laguntzak ematearen edo ukatzearen gainean.
7.2. Ebatzi eta jakinarazteko epea hilabetekoa izanen da gehienez ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute interesdunek. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.
8.–Bateragarritasuna.
Laguntza hauek bateragarriak dira bestelako diru-laguntza edo laguntzekin, baina guztira emandakoaren zenbatekoak ez du inoiz gaindituko jasotako esku-hartzearen eta/edo erositako laguntza produktuaren kostu osoa.
9.–Onuradunen betebeharrak.
Onuradunek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dute, beren legezko ordezkariaren bidez, xede bererako beste laguntzaren bat jaso duten ala ez adierazteko. Jasoz gero, haren zenbatekoa ere aipatu beharko dute. Adierazpen hori kasuan kasuko laguntza eman dela jakin bezain laster egin beharko da, eta, betiere, 2019ko abuztuaren 31 baino lehen.
Era berean, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako gainerako betebeharrak bete beharko dituzte.
10.–Diru-laguntzaren ordainketa.
Diru-laguntza ordainketa bakarrean pagatuko da, laguntzak emateari buruzko ebazpena argitaratu ondoren, eskaera egiten den unean adierazitako ordainketa-kontuan transferentzia bat eginez.
11.–Dirua itzultzea.
Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira.
Legez ezarritako kasuetan eta, bereziki, xede bererako beste diru-laguntzaren bat kobratzeagatik esku-hartzearen edo erositako produktuaren kostua gainditu duela jakinarazten ez den kasuetan, kostu horren gainetiko diru-zenbatekoa itzultzeko eskatuko da, eta, berandutze-interesa ere bai, diru-laguntza ordaintzen denetik itzuli beharraren gaineko ebazpena eman arte sortutakoa, hain zuzen.
12.–Arau-hausteak eta zehapenak.
Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak jasotzen dituzten onuradunak Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan diru-laguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta hartan ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.
Diru-laguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoari jarraikiz.
13.–Datuak babestea.
Onuradunek diru-laguntza kobratzeko aurkezturiko datuak edo administrazioaren esku daudenak deialdi honi buruzko espedientea tramitatzeko erabiliko dira bakar-bakarrik. Onuradunek datu horiek ikusi, zuzendu, ezabatu eta haien aurka jotzeko eskubidea erabiltzen ahalko dute, Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Foru Legearekin bat.
14.–Publizitaterako arauak.
Ematen diren diru-laguntzak ez dira argitaratuko, zeren, diru-laguntzaren xedea dela-eta, onuradunen datuak zabaltzea pertsonen intimitatearen aurkakotzat jotzen baita, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera.
15.–Aplikatu beharreko araudia.
Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen guztian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.
16.–Errekurtsoak.
Deialdiaren kontra, oinarri arautzaile hauen kontra eta garatzeko egintzen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Osasuneko kontseilariari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedatutakoarekin bat.
Iragarkiaren kodea: F1711678