204. ALDIZKARIA - 2017ko urriaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BAZTAN

Zerga kontrolerako plana, 2017tik 2020ra bitarteko ekitaldietarako

Baztango Udalak, 2017ko irailaren 28an egindako ohiko osoko bilkuran, onetsi zuen Zerga kontrolerako 2017tik 2020ra bitarteko ekitaldietarako udal plana, Nafarroako Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorrean eta 152/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Foru Komunitateko Zerga Ikuskaritzaren Erregelamenduan zehaztutako norainokoa eta edukia izanik.

Nafarroako Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 137. artikuluan xedatuari jarraikiz, argitara ematen da aipatutako planaren testu osoa, behar diren ondorioak izan ditzan.

Baztanen, 2017ko irailaren 28an.–Alkatea, Joseba Otondo Bikondoa.

BAZTANGO UDALAREN ZERGA KONTROLERAKO PLANA,
2017TIK 2020RA BITARTEKO EKITALDIETARAKO

Hitzaurrea

Lehena:

Baztango Udaleko zergak ikuskatzeko udal-zerbitzuek Zergak Kontrolatzeko Udal Plana prestatu behar dutela 2017tik 2020rako ekitaldietarako.

Zergak Kontrolatzeko Udal Plana funtsezko tresna da udal-administrazioak urtero egin beharreko ikuskatze- eta ikertze-jarduerak planifikatzeko. Planak zehazten ditu egin beharreko kontrol-jardueren zenbatekoa eta nolakotasuna, zeinak lagungarri izango diren ekitaldirako ezartzen diren helburuak lortzeko.

Bigarrena:

Zergak Kontrolatzeko Udal Planaren xede nagusiak bi dira: batetik, Konstituzioaren 31.1 artikuluak aipatzen duen zerga-justizia gauzatzea. Honela dio, hitzez hitz, artikuluak: “Denek lagunduko dute gastu publikoei aurre egiten, nork bere ekonomia-ahalmenaren arabera, tributu-sistema justu baten bitartez; berdintasun eta progresibotasun printzipioetan oinarrituko da sistema hori, eta ezein kasutan ez da iritsiko konfiskatzeraino”. Bestetik, Konstituzioaren 142. artikuluak dioena du xede Planak. Tokiko erakundeen diru-nahikotasunaren printzipioa du oinarri artikuluak, eta honela dio: “Toki-ogasunek behar adina baliabide izan beharko dute legeak korporazio bakoitzari esleitzen dizkion eginkizun guztiak betetzeko. Baliabide horiek, nagusiki, beren tributu propioak izanez eta Estatuarenetan nahiz autonomia erkidegoenetan parte hartuz bilduko dituzte”. Hortaz, zerga-obligazioak betetzen diren kontrolatzen duten eta baloreak ikuskatzen dituzten organoek plangintza koordinatua behar dute, eta zerga-iruzurra hautemateko eta eraginkortasunez erregulatzeko erabili behar dira Ikuskaritza Unitateen ahaleginak.

Hirugarrena:

Udal tributu guztietan iruzurrak atzematea izanen da planaren helburua, baina arreta eta ardura bereziarekin zainduko dira jarduera ekonomikoen gaineko zerga, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga eta jabari publikoaren erabilera pribatiboaren tasa. Nolanahi ere, kontua ez da hemen zehatz-mehatz azaltzea zerga kontrolerako planaren indarraldian egin beharreko jarduketak. Aitzitik, zerga kontrolerako plan horretan, aurreikusten diren jarduketa ildo nagusiak dira aipagai, baita zergak kudeatu eta ikuskatzeko udal zerbitzuen ekintzak zein arlotan finkatuko diren, Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aldatzen duen abenduaren 28ko 29/2016 Foru Legearekin bat. Foru lege horrek jarduera ekonomikoen gaineko zergaren zenbait aspektu erreformatu ditu, zergaren erregistroaren publikotasunari eta osaerari buruz, bai eta haren edukiari buruz ere. Bestetik, udalei ere esleitzen zaie jarduera ekonomikoen gaineko zergaren ikuskatzea, nahiz eta zeregin hori Nafarroako Zerga Ogasunarekin partekatuta izanen duten. Orain udalek eskumenak dituzte zerga likidatzeko, eta laguntza ematen dute erregistroa etengabe eguneratzeko.

Azken batean, hau du helburu ikuskaritza-prozedurak: zerga-obligaziodunek Tokiko Ogasun Publikoarekin eginkizunak eta obligazioak behar bezala betetzen dituzten begiratzea eta ikertzea.

Prozeduraren irismena, berriz, partziala edo orokorra izan daiteke: orokorra, zerga-obligaziodunaren zerga-egoera osoa, Tokiko Ogasunaren zeinahi baliabiderekiko, aztertu behar baldin bada; partziala, zerga bati edo batzuei bakarrik baldin badagokie azterketa.

Zergak ikuskatzeko departamentuak ikertu beharko du bere jarduketetan, tributudunek tributu bakoitzerako eskatzen diren aitorpenetan nahiz jakinarazpenetan adierazitako egitateak eta inguruabarrak zehatzak eta egiazkoak diren. Halaber ikertuko du Administrazioak osorik edo partez ezagutzen ez duen egitatezko elementuren bat edota zerga arloan garrantzitsua izan daitekeen bertze aurrekariren bat ba ote den. Azkenik, aztertuko du tributudunek zerga likidazioko egindako eragiketak zehatzak diren eta, era berean, ezarriko du haien zerga egoeran bidezko iruditzen zaien erregularizazioa.

Informazioa jasotzeko jardueren xedea da pertsona edo erakunde baten esku dauden eta beste pertsona edo erakunde batzuekiko zerga aldetik garrantzia duten edonolako datuen edo aurrekarien berri izatea, nahiz eta datu edo aurrekari haien berri aitorpenen bidez zerga-administrazioari emateko obligazio orokorrik egon ez lehendik.

Administrazioko beste organo batzuen eskumenei kalterik egin gabe, informazioa eta aholkularitza emango da, hala eskatuz gero, gai ekonomiko, finantzario, juridiko edo teknikoei buruz.

Aplikatu beharreko legeria

Subjektu pasiboen edo gainerako zerga-obligaziodunen zerga-egoera begiratzea da Zergak Ikuskatzeko Udal Zerbitzuaren egitekoa, udalarekin dituzten zerga-obligazioak eta -betekizunak zehatz bete dituzten jakiteko eta, hala badagokio, egoera erregularizatzeko.

Abenduaren 14ko 13/2000 Foru Legean, Zergei buruzko Orokorra, eta Nafarroako Foru Erkidegoko Zerga Ikuskaritzarako Araudian, ekainaren 11ko 152/2001 Foru dekretuak onartua, daude zehaztuta Udal Zerga Ikuskaritzak egin beharreko jardueren irismena eta edukia.

Udal Zerga Ikuskaritzari dagozkion betekizunak Zergak Kontrolatzeko Planetara (dagokion organoak onartuak) egokitu behar dira.

Zergak Kontrolatzeko Plan bakoitzak ezarri behar ditu Planerako subjektu pasiboak hautatzeko eta han sartzeko irizpideak.

Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen dira Zergak Kontrolatzeko Plan bakoitzari buruzko irizpide orokorrak, Zergei buruzko 13/2000 Lege Orokorraren 137. artikuluak dioenari eta Nafarroako Foru Erkidegoko Zerga Ikuskaritzako Araudia onartzen duen ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren 10.4 artikuluari jarraituz.

Zergak ikuskatzeko planaren oinarria eta iraupena

Espainiako Konstituzioaren 31. artikuluak inplizituki aipatzen du Zergak Kontrolatzeko Plan baten premia, “denek lagunduko dute gastu publikoei aurre egiten, nork bere ekonomia-ahalmenaren arabera” printzipio konstituzionala gauzatu dadin.

Zerga-alorreko ez-betetzeak kontrolatzea eta iruzurraren aurkako borroka dira Udal Zerga Administrazioaren oinarrizko jardueretako batzuk dagokion eginkizunean, hots, Espainiako zerga-sistema bere eskumeneko lurraldean aplikatzea.

Helburu nagusia da ikuskatze- eta ikerketa-jarduera areagotzea, zerga-bilketa orokortzeko, zerga-kudeaketa eraginkorragoa bihurtzeko herritarren zergekiko berdintasunari eta justiziari dagokienez, eta ahalik eta gehiena handitzea likidatzen eta jasotzen diren zergen zenbatekoa.

Planaren iraupena: 2017tik 2020rako ekitaldietarako.

Izaera erreserbatua

Izaera erreserbatua dute ikuskaritza-planek garatu beharreko jarduerek, eta ez da haien publizitaterik egin behar.

Zergak Kontrolatzeko Planak baimen orokorra ematen du denbora-epe jakin batean zerga-obligaziodunei buruzko aztertze- eta ikertze-jarduerak (edo informazioa eskuratzekoak) abiarazteko. Bestalde, zerga-obligaziodunak hautatzeko irizpideak (lurralde eta sektorekakoak) zehazten ditu, baita haien iraupena ere.

Zergak kontrolatzeko planen helburua da ahalik eta ondoena kudeatzea zerga-zama behar bezala banatzea Zerga Ikuskaritzak dituen baliabide materialak eta langileak (mugatuak), bai baimenari bai antolakuntzari dagokienez. Bitarteko-urritasun hori dela eta, nahitaez mugatu beharra dago egin beharreko jardueren kopurua; horrenbestez, hautatu egin behar dira Ikuskaritzak aztertu beharreko egintza zergapegarriak. Hortaz, Ikuskaritza Planak arrazionalizatu egiten du lana, eta ekonomiaren sektore edo eremu jakin batzuetara bideratzen du sailaren lana.

Ikertu beharreko zergadunak hautatu ostean, ikuskatzaileek edo kudeatzaileek eta saileko gainerako langileek eginkizun jakin bat izango dute, eta lan-kargak zehaztuko. Aktuario edo ikuskaritza-unitate bati esleitutako estrategia jakin bateko espedienteak dira lan-kargak, eta denbora-unitate jakin batean izapidetu behar dira. Ordutan edo emaitzetan ezin da neurtu lana, baizik eta egin den ahaleginean, nahiz eta batzuetan espedienteetan besterik ez ageri.

Plan hau egitean alderdi hauek landu behar izan dira:

–Ausazko alderdia:

  • Iruzurra eragotziko da, baldin eta egiaztapenetako batzuk itxuraz nabarmenak ez diren zergadunei egiten bazaizkie.

–Barne alderdi diskriminatzailea:

  • Zergadunen aitorpenek, datuak erkatzean, iruzurra egin dela susmatzeko moduko aldeak agertzen dituztenean.

–Sektorekako adierazle ekonomikoen alderdia:

  • Azterketa sektorialetan oinarrituta, sektore bakoitzeko ohiko ratioak ezartzen dira, eta desbideratzeak zerga iruzurraren seinale izan litezke.

–Zerbait oker dagoela erakusten duten datuak direneko alderdia:

  • Kasu honetan gauza jakina da jardueran ari direla, baina ez hargatik zerga aitorpenik aurkezten.

Zergak kontrolatzeko planak behar dituen bitartekoak

Baliabide materialak:

Behar den laguntza teknikoa emanen dute udal arlo hauek: Hirigintza, eta Ogasuna eta Ondarea.

Zerga Kudeaketako datu-baseetarako sarbidea emango zaie funtzionarioei, funtsezkoa baita zerga-obligaziodunek aitortzen duten egoera zein den jakitea, bai zerga-obligaziodunak zergekiko duen egoera ezagutzearren lan horiei ekin aurretik, bai obligaziodunaren zerga-egoera erregularizatzearren, hala balegokio, erregularizazio-proposamenetan kontuan hartu beharko baita zerga-obligaziodunaren aitorpena.

Sarbidea emango zaie funtzionarioei katastroko informaziora, jarduera kaltegarrien gaineko espedienteetara, irekiera- eta obra-baimenetara eta jardueretako datuei buruzko bestelako zenbait informaziotara (zenbait lehiaketetara aurkeztu izana, adibidez).

Obra handi zein txikietarako baimenen espedienteak; Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko zerga eta Ondasun Higiezinen gaineko Zergako alta berrien kontrola, besteak beste, funtsezko informazioa da Ekonomia Jardueren gaineko zerga dagokien zenbait jardueraren zerga-ordainketa kontrolatzea, batez ere higiezinen eraikuntza eta sustapenarena, garrantzi ekonomiko handiko sektoreak baitira udaleko diru-kutxarako.

Udalerrian joan-etorriak egiteko behar dituzten baliabideak emango zaizkie funtzionarioei, eta behar dituzten bitartekoak dagokien lana bete dezaten.

Txartel bat edo bestelako identifikazio-baliabideren bat emango die alkate lehendakariak ikuskatzaileei, beren lanean egiaztagiri gisara erabil dezaten.

Giza baliabideak:

Zerga Administrazioko funtzionario eta gainerako langileek eginen dituzte ikuskapen jarduketak. Funtzionario eta langile horiek zerga ikuskapeneko organoetako lanpostuetan ariko dira. Era berean, prestakizunak egiteko eta zerga arloan garrantzia duten egitate edo inguruabarrak egiaztatu edo frogatzeko jarduketen ardura funtzionario ez diren langileei ematen ahalko zaie, zerga administrazioaren zerbitzuan ari badira.

Ikuskaritza

Puntu honetan erabaki da Joseba Otondo Bikondoak, Baztango alkateak betetzea Ikuskatzailetzako buruaren kargua eta Baztango Udaleko kontu-hartzaileak edo idazkariak, berriz, ikuskatzaile aktuarioarena.

Behar duten laguntza emango zaie ikuskaritza-lanak egin ditzaten.

Errekurtsoak ebazteko gaitasuna, bestalde, alkateari edo hura ordezkatzen duenari dagokio.

Zergak Kontrolatzeko Plana behar bezala betetzeko, ezinbestekoa da Udaleko sailekin elkarlan estuan jardutea, bereziki Zerga Kudeaketa eta Hirigintza sailekin.

Trebakuntza

Erakunde publikoek zein pribatuek antolatzen dituzten ikastaro eta jardunaldietara joateko baimena izango dute ikuskatzaileek.

Helburu orokorrak

1. Egiaztatu eta ikertzeko jarduketa orokorrak. Talde honetan programa multzo hauek sartzen dira:

a) Orokorrak. Gaikakoak, sektorekakoak edo ikuskaritza bulegoek proposaturikoak izan daitezke, jarduketaren eremu geografikoak dituen berezitasun ekonomikoen arabera.

b) Tributudunen gaineko jarduketa programa, udal tributu jakin baten arloan.

2. Bertzelako egiaztapen jarduketak. Talde honetan jarduketa partzialak eta laburtuak sartu dira, Kudeaketa arloan hasitako espedienteetan abiaburua dutenak, funtsean.

3. Jarduketa osagarriak. Argibide eta aholkuak emateko jarduketak.

Zerga ikuskapenerako 2017ko eta 2020ko ekitaldietarako plan orokorrerako sektore edo jarduera berariazkoak

Jarduera-moten araberako estrategia

Zerga ikuskatzaileen jarduera kasu bakoitzean hautatutako sektoreetara egokituko da, ezertan galarazi gabe aktuarioen ekimena, eraginkortasun eta egokitasun irizpideei jarraituz.

Sektore edo jarduerak:

–Eraikuntzak, instalazioak edo obrak haien salmenta eta/edo alokairurako sustatu dituzten enpresak.

–Merkataritzako jarduerak, 100 metro karratutik gorako lokaletan.

–Fabrikazio jarduerak.

–Merkataritza mistoko jarduerak, edo saltoki handietan integratutako jarduerak.

–Energia elektrikoa ekoitzi, garraiatu eta banatzeko jarduerak.

–Energia eta gasa merkaturatzeko jarduerak.

–Ondasun higiezinen alokairuan aritzen diren enpresak.

–Goitik beheiti eraikitzen, eraikinak konpontzen eta zaharberritzen edo igeltserotzan eta oro har eraikuntzako lan txikietan aritzen diren enpresak.

–Finantza erakundeak eta aseguru entitateak, udalerrian jendearendako irekiak dauden bulegoak badituzte.

Azken urteotako higiezinen hedapena dela eta, beharrezkoa da jarduera horren gaineko zerga-kontrola, Ekonomia Jardueren gaineko Zergaren alorrean betiere.

Zerga horren alorreko jarduerak, bestalde, kuota finko bat eta aldakor bat ditu, eraikitako metro koadro kopuruaren arabera. Kuota aldakorrean izaten dira iruzur handienak, subjektu pasiboak urte natural bakoitzeko lehenbiziko hilean aurkeztu behar baitu, Zerga Administrazio eskumendunean, eraikitako edo eraiki beharreko metro koadro urbanizatuen edo urbanizatzekoen aldaketei buruzko aitorpena, betiere aurreko urtean besterendu badira. Zerga-obligaziodunak ez baditu aurkezten besterendutako metro koadro horiei buruzko aitorpenak, eskuratu behar lukeen diruaren proportzio handi bat ez da eskuratzen ari udala.

Bestalde, familiabakarreko etxebizitzak eraikitzeko egungo joera dela eta, lursailen higiezin-sustapeneko jarduera ere ez dute aitortzen, askotan, horrelako eraikinak egiten dituzten enpresa sustatzaileek (eraikitako metroak bakarrik aitortzen dituzte, ez etxebizitza horien ondoko lursailetako eraiki gabeko metroak).

Hiri Lurren Balio Gehikuntzaren gaineko Zergari dagozkion aitorpenen, notaritzen eta Jabetza Erregistroaren jakinarazpenen, obra-proiektuen eta Lehen Okupazioko Baimenen bidez, batik bat, egin behar da ikuskapena, sustatzaileen egin beharreko eskakizunez gain. Ikuskaritza-bisitak egin behar dira egiten ari diren obretara, eta Udal Batzordeak emandako baimenen arabera, haien segimendua egin eta berehalakoan begiratu baimenaren titularrak alta eman duen dagozkion eraikuntzako eta higiezinen sustapeneko epigrafeetan.

Nahitaezkoa da dagokion udal-organoko hirigintzako ikuskaritza-zerbitzuekiko koordinazioa.

Halaber, ikuskatu beharreko sektoreetan sartzen da 100 metro karratutik gorako lokaletan egiten den merkataritza-jarduera, lokal horietan egiten baita Ekonomia Jardueren gaineko Zergan kuota handiena ordaintzen duten handizkako merkataritzako jarduerak. Beraz, jarduera egiten den lokalaren azalera zuzena den ikuskatu beharra dago.

Fabrikazio-jarduerei dagokienez, zerga-elementutzat kilowatta duten jarduerak dira helburu, eta, gorien artean, hamar kW-etik gorakoak, bi alorretan gauzatzen baita iruzurra jarduera horietan: batetik, Ekonomia Jardueren gaineko Zergaren barruan, kuota handieneko elementuetako bat aitortzeari utzita; bestetik, establezimenduak irekitzeko baimenagatiko tasaren barruan (izan ere, hasieran, dagokien baimena eskuratzeko baldintzak bete egiten dituzte jarduerek, baina, jarduerak erabiltzen duen makinerian aldaketak egitean (normalak, enpresen bilakaera kontuan izanik), ez dira egiten potentzia instalatua handitzeagatiko irekiera-baimenen areagotze aitorpenak.

Fabrikazio-jarduera horietan, Irekiera Baimenak emateko Industriako espedienteetan dauden ikus-onetsitako eta egiaztatutako proiektu teknikoen bitartez aztertu behar da bat datozen benetako egoerarekin.

Ekonomia Jardueren gaineko Zergari dagokionez, komeni da kontrolatzea udalen diru-sarreretan. Izan ere, zerga horren erregularizazio orok, une horretan diru-sarrerak areagotzeaz gain, diru-sarrera arrunten areagotzea dakar hurrengo ekonomia-ekitaldietarako. Horregatik, edozein delarik ere hautatutako sektorea eta aktuarioen jardueraren kalterik gabe, tributudunen gaineko egiaztapena egin behar da udalerri osoan.

Lurraldearen araberako estrategia

Udalerriko kale, sektore edo eremu hauetan egiten diren jardueren gaineko Irekiera Baimenarengatiko Tasa ikuskatuko da:

–Industria-sektoreak.

–Sektore sakabanatuetako jarduerak.

Bistakoa da estrategia horren premia, eremu horietan egiten baita udaleko industria- eta merkataritza-jarduerarik gehiena.

Irekiera-baimenik gabe egiten ari diren jarduerak detektatu beharra dago, merkataritza- eta industria-establezimenduek segurtasun-, osasun- eta osasungarritasun-baldintzak (eta eskatzen duten beste zeinahi) betetzen dituzten jakiteko, establezimendu horien zerga-erregularizazioari ekiteko edo, hala badagokio, dagokion sailak jarduera hori ixteko.

Zerga-oinarriaren araberako estrategia

Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergagatik eta hirigintzako lizentzien tasagatik ere egiaztapena eginen zaie tributu horien zerga-egitateak egiten dituzten tributudunei.

Zerga Ikuskaritzak dituen baliabide urriak (langileen eta materialaren aldetik) ikusirik eta haiek ahalik eta ondoena kudeatu nahirik, eta jakinik baliabide-urritasun horrek nahitaez dakarrela jarduerak mugatzea, ikuskatu beharreko zergapeko egitateak nahitaez hautatu beharra dago eta, horrenbestez, lana arrazionalizatu beharra. Horrenbestez, ekonomiaren sail jakin batzuetara bideratuko du bere ahalegina Sailak (kasu honetan, hirigintzako garapen handiena izaten ari den udalerriko eremu geografikora), han izan bailitezke arau-urratze larrienak, hain justu ere Zerga Ikuskaritzak ikertu beharrekoak, zenbateko jakin bat gainditzen dutelako, betiere eraginkortasuna eta ekonomia direlarik irizpide nagusi.

Iragarkiaren kodea: L1711710