204. ALDIZKARIA - 2017ko urriaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

2743E/2017 EBAZPENA, irailaren 7koa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, garun-paralisia edo antzeko prozesu neurologikoak diagnostikatuak dituzten hamasei urtetik beherako pertsonek 2017ko urritik 2018ko irailera bitarte Petö metodoaren tratamendua hartzeko diru-laguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak onesten dituena.

Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen araubide juridiko orokorra Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean dago ezarria. Arau horrek xedatzen du ezen, diru-laguntzak eman baino lehen, organo eskudunak oinarri arautzaileak ezarriko dituela, eta horiek argitaratu beharko direla, diru-laguntza jasotzeko moduan daudenek haiek eskuratzeko aukera izan dezaten.

Aipatutako 11/2005 Foru Legearekin bat, ebazpen honen bidez onesten den deialdi honen xedea da diru-laguntzak ematea garun-paralisia edo antzeko nahasmendu neurologikoak diagnostikaturik dituzten 16 urtetik beherakoek Petö metodoaren tratamendua har dezaten 2017ko urritik 2018ko irailera bitarte.

Aipatutako foru legeak aukera ematen du deialdiak aurrekontu ekitaldia hasi baino lehen onesteko, betiere baldintza gisa ezartzen bada, diru-laguntzak emateko, kreditu nahikoa egon behar dela kasuan kasuko ekitaldian.

Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, diru-laguntzen deialdia egokia eta interes publikokoa dela, eta deialdia eta oinarri arautzaileak legearen araberakoak direla.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak eman dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Diru-laguntza deialdi bat onestea garun-paralisia edo antzeko nahasmendu neurologikoak diagnostikatuak dituzten 16 urtetik beherakoei, 2017ko urritik 2018ko irailera bitarte, Petö metodoaren bidez egiten zaien tratamendua osorik edo hein batean ordaintzeko. Deialdiaren oinarri arautzaileak ebazpen honen eranskinean ageri dira.

2. Horretarako, 122.681,86 euroko gehieneko gastua baimentzea, edo 2018ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan behar den unean zehazten den kopurua. Diru hori 2017ko ekitaldiko gastuen aurrekontuko partida honen baliokide den partidaren kargura egotziko da: “Garun-paralisia izanik Petö metodoaren tratamendua hartzen duten haurrentzako laguntzak” izeneko 511004 51120 4809 311102 partida. Betiere, diru-laguntza emanen da baldin eta ekitaldi horretako aurrekontuan horretarako kreditu egoki nahikoa badago.

3. Ebazpen hau eta eranskina deialdiko ebaluazio batzordeko kideei, Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Kontabilitate Bulegoari eta Ogasun Departamentuak Osasun Departamentuan duen kontu-hartzaileari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

5. Diru-laguntzen deialdi hau Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean erregistratzea.

Iruñean, 2017ko irailaren 7an.–Osasuneko zuzendari nagusia, Luis Gabilondo Pujol.

ERANSKINA

Garun-paralisia edo antzeko asaldura neurologikoak diagnostikatuak dituzten hamasei urtetik beherako pertsonek 2017ko urritik 2018ko irailera bitarte petö metodoaren tratamendua hartzeko diru-laguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak

1.–Diru-laguntzen xedea eta helburua.

Diru-laguntza hauek erabiliko dira osorik edo hein batean estaltzeko garun-paralisia edo antzeko nahasmendu neurologikoak dituzten 16 urtetik beherakoei Petö metodoaren errehabilitazio-tratamendua aplikatzeagatik eragindako gastua, 2017ko urritik 2018ko irailera bitartekoa hain zuzen, biak barne, izan ere, laguntza hauen onura publikoaren helburua da sostengu ematea adingabe horien tratamendu beharrari.

2.–Deialdiaren zenbatekoa.

Deialdi honetarako, 122.681,86 euro bideratuko dira, edo 2018ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan behar den unean zehazten den kopurua. Diru hori 2017ko ekitaldiko gastuen aurrekontuko partida honen baliokide den partidaren kargura finantzatuko da: “Garun-paralisia izanik Petö metodoaren tratamendua hartzen duten haurrentzako laguntzak” izeneko 511004 51120 4809 311102 partida.

3.–Onuradunen betebeharrak.

Betebehar hauek betetzen dituztenak izan daitezke onuradun:

–16 urtetik beherakoa izatea tratamendua jasotzean.

–Garun-paralisia edo antzeko prozesu neurologikoa izatea, mediku batek diagnostikatua.

–Ohiko bizilekua Nafarroan izatea, hots, 2018ko irailaren 30etik aurreko bi urtean adingabea Nafarroako Foru Komunitatean benetan bizi izana. Adingabea bi urtetik beherakoa bada, jaiotzetik beretik Nafarroan benetan bizitzea eskatuko da. Betebehar honetatik salbuesten dira asilo eskatzaileak eta haren familia unitatekoak, asilo-eskubidea aitortzeko ebazpenak ezartzen duenaren arabera, edo familia-luzapenagatik babes subsidiarioa ezartzen duen ebazpenaren arabera.

–Tratamendua hartzeko gomendioa Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko edo zentro itundu bateko fakultatibo espezialista batek egin izana.

–Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea.

4.–Eskaerak aurkezteko modua, tokia eta epeak.

4.1. Aitak, amak, tutoreak edo legezko ordezkariak eska ditzake deialdi honetan ezarritako laguntzak, onuradunaren izenean, hura adingabea baita.

4.2. Eskaerak aurkezteko epea 2018ko irailaren 3an hasi eta urte bereko irailaren 28an bukatuko da.

4.3. Diru-laguntzen eskaerak, ahal dela, Osasun Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira (Armada etorbidea, 2, 31002, Iruña), Osasuneko zuzendari nagusiari eskabidea zuzenduta, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritakoa deusetan galarazi gabe. Eskaerari deialdiaren 5. oinarrian adierazitako dokumentuak erantsi beharko zaizkio.

Postetxeetan aurkezten diren eskaerei dagokienez, gutun-azal ireki batean aurkeztuko dira, igorri aurretik aurkezpen-datuak adieraz daitezen lehen orrialdearen idazpuruan, hots, bulegoaren izena, data eta tokia. Datu horiek eskaera igorri dela frogatzen duen gordekinean ere adierazi beharko dira.

4.4. Eskaerak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun naturaleko epean zuzendu ditzala, eta adieraziko dio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela eta artxibatu eginen dela behar den ebazpena eman ondoren.

4.5. Diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

5.–Baldintzak betetzen direla frogatzea.

Deialdi honetako baldintzak betetzen direla frogatzeko, diru-laguntzaren eskaerari honako agiri hauek erantsiko zaizkio:

a) Haurraren Nafarroako Foru Komunitateko errolda-ziurtagiria, edo, behar denean, asilo-eskubidea ematen dion ebazpena.

b) Medikuaren txostena, irizpen klinikoa jasoko duena eta tratamendua komenigarria dela adieraziko duena. Antzeko nahasmendu neurologiko bat edukiz gero, txostenean zehatz-mehatz adierazi beharko da antzekotasun hori frogatzen duen sintomatologia.

5.1 oinarrian aipatutako batzordeak argibide-txostenak eskatzen ahalko dizkie onuradunei.

Diru-laguntza aurkezteak berarekin dakar baimena ematea Batzordeko osasun profesionalek onuradunaren historia klinikoa kontsultatzeko, alderdi klinikoak baloratzeko.

c) Adingabearen legezko ordezkaria izatearen frogagiriak. Aita edo ama bada, familia liburua eta guraso baten NANa. Dibortzio kasuetan, edo zaintza guraso bakar bati dagokionean, dibortzioaren epaia, hitzarmen arautzailea eta guraso horren NANa. Tutorea edo legezko beste ordezkari bat izanez gero, horren frogagiria.

d) Ordainketa transferentzia bidez egiteko eskaera.

e) Petö metodoaren bidez egindako errehabilitazio tratamenduaren deskripzioa, eta ebaluazio zehaztua adingabearen eboluzioan lortutako emaitzei buruz.

f) Egindako gastuaren justifikazioa, jatorrizko faktura adostuen bitartez, gutxienez honako datu hauek jasoko dituztenak:

–Haurraren izena.

–Tratamendua ematen duen entitatea.

–Harturiko tratamendua, aldiak zehaztuta.

–Ordaindutako zenbateko osoa.

g) 5.3 oinarrian adierazitako zuzenketa-faktoreaz baliatzen ahal diren onuradunek gizarteratze-errenta/errenta bermatua onartu zaiela adierazten duen ebazpena aurkeztu beharko dute, edo genero-indarkeriaren biktima direla dioen frogagiria, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak edo Nafarroako Delituen Biktimen Arretarako Bulegoak emana.

h) Eskaera aurkeztearekin baimena ematen zaio Osasun Departamentuari informazioa bildu dezan Ogasun Publikoan eta Estatuko Administrazio Orokorrean, jakiteko ea eskatzaileak betetzen ote dituen bere zerga betebeharrak, dirua itzultzekoak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

i) Beste laguntza batzuei buruzko aitorpena, 8. oinarrian xedatutakoaren arabera.

Ez da beharrezkoa izanen a), b) c) eta d) puntuetan aipatzen diren agiriak aurkeztea, aurreko deialdietan aurkeztu baziren eta aipaturiko datuak aldatu ez badira. Kasu horretan, onuradunaren edo haren legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da, datuak aldatu ez direla adierazten duena.

6.–Emateko modua, zenbatekoa eta irizpideak.

6.1. Osasuneko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emanen dira diru-laguntzak, instrukzio organoak proposaturik, hots, Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuak proposaturik, aurretik ebaluazio batzordeak eginen duen balorazio loteslea aintzat hartuta.

6.2. Ebaluazio batzordea honako hauek osatuko dute:

M.ª Eugenia Yoldi Petri andrea, Nafarroako Ospitaleguneko barrutiko fakultatibo espezialista.

Mariano Lacarra López jauna, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun kudeaketako teknikaria.

M.ª José Lasanta Sáez andrea, Osasun Departamentuko Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Ataleko burua, batzordeko idazkari arituko dena.

6.3. Ebaluazio batzordeak egiaztatuko du ea onuradunek betetzen dituzten 3. oinarrian diru-laguntzak emateko ezartzen diren betebeharrak, eta irizpide hauei jarraikiz proposatuko ditu zenbatekoak:

–Diru-laguntza, gutxienez, onuradun bakoitzari oinarrizko tratamenduaren ziklo bat finantzatzeko adinakoa izanen da, hau da, 1.416 eurokoa, salbu eta aurrekontuetan dagoen dirua gainditzen baldin bada, kasu horretan aurkeztutako eskaera guztien artean hainbanatuko baita.

–Laguntzak onuradunek finantzatutako tratamenduaren kostuaren araberakoak izan daitezen, baldin eskatutako zenbatekoen baturak dagoen aurrekontu erabilgarria gainditzen badu, dirua eskatzaile guztien artean hainbanatuko da, eta, hala, eskatzaile bakoitzak egindako gastuaren gaineko portzentaje bera jasoko du.

–Diru-laguntza jasotzean ekitate handiagoa izan dadin, baldin onuraduna 2017. urtean eta/edo 2018. urtean genero-indarkeriaren biktima izan den familia unitate bateko kidea bada, edo gizarteratze-errenta/errenta bermatua jaso duen familia unitate batekoa, hainbanaketatik kanpo geldituko da.

–Diru-laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere handiagoa izanen finantzatutako tratamenduaren guztirako kostua baino, xede horretarako jasotako beste laguntza batzuk deskontatu eta gero, halakorik izanez gero.

7.–Ebazpena.

7.1. Osasuneko zuzendari nagusiak, Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuak proposaturik, ebatziko du diru-laguntzak ematearen edo ukatzearen gainean.

7.2. Ebatzi eta jakinarazteko epea hilabetekoa izanen da gehienez ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute interesdunek. Hala ere, administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

8.–Bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateragarriak dira bestelako diru-laguntza edo laguntzekin, baina ematen den guztirako zenbatekoak ez du inoiz gaindituko onuradunak ordaindu beharreko tratamenduaren guztirako kostua.

9.–Onuradunen eginbeharrak.

Onuradunek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dute, beren legezko ordezkariaren bidez, xede bererako beste laguntzaren bat jaso duten ala ez adierazteko. Jasoz gero, haren zenbatekoa ere aipatu beharko dute. Adierazpen hori kasuan kasuko laguntza eman dela jakin bezain laster egin beharko da, eta, betiere, 2019ko abuztuaren 31 baino lehen.

Era berean, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako gainerako betebeharrak bete beharko dituzte.

10.–Diru-laguntzaren ordainketa.

Ordainketa bakarra eginen da, kontzesioaren ebazpenarekin batera.

11.–Laguntza itzuli beharra.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira.

Legez ezarritako kasuetan eta, bereziki, xede bererako beste diru-laguntzaren bat kobratzeagatik tratamenduaren kostua gainditu duela komunikatzen ez den kasuetan, kostu horren gainetiko diru-zenbatekoa itzultzeko eskatuko da, eta, berandutze-interesa ere bai, diru-laguntza ordaintzen denetik itzuli beharraren gaineko ebazpena eman arte sortutakoa, hain zuzen.

12.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak jasotzen dituzten onuradunak Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan diru-laguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta hartan ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Diru-laguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoari jarraikiz.

13.–Datuen babesa.

Onuradunek diru-laguntza kobratzeko aurkezturiko datuak edo administrazioaren esku daudenak deialdi honi buruzko espedientea tramitatzeko erabiliko dira bakar-bakarrik. Horiek, edo horien legezko ordezkariek, datu horiek ikusi, zuzendu, ezabatu eta haien aurka jotzeko eskubidea erabiltzen ahalko dute, Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Foru Legearekin bat.

14.–Publikotasun araubidea.

Ematen diren diru-laguntzak ez dira argitaratuko, zeren, diru-laguntzaren xedea dela-eta, onuradunen datuak zabaltzea pertsonen intimitatearen aurkakotzat jotzen baita, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera.

15.–Aplikatzekoak diren arauak.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen guztian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.

16.–Errekurtsoak.

Deialdiaren kontra, oinarri arautzaile hauen kontra eta garatzeko egintzen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Osasuneko kontseilariari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

Iragarkiaren kodea: F1711661