1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
2581E/2017 EBAZPENA, abuztuaren 23koa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, espektro autistaren nahasmenduak dituzten pertsonek 2017ko urritik 2018ko irailera bitartean tratamendua jasotzeko diru-laguntzen deialdia onesten duena.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezartzen da Nafarroako aurrekontu orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen araubide juridiko orokorra. Arau honek xedatzen du ezen, diru-laguntzak eman baino lehen, organo eskudunak oinarri arautzaileak ezarriko dituela, eta horiek argitaratu beharko direla, diru-laguntza jasotzeko moduan daudenek eskuratzeko aukera izan dezaten.
Aipatutako 11/2005 Foru Legearekin bat, ebazpen honen bidez onesten den deialdiaren xedea da diru-laguntzak ematea espektro autistaren nahasmendua duten pertsonek 2017ko urritik 2018ko irailera bitartean tratamendua jasotzeko.
Aipatutako foru legeak aukera ematen du deialdiak aurrekontu ekitaldia hasi baino lehen onesteko, betiere baldintza gisa ezartzen bada, diru-laguntzak emateko, kreditu nahikoa egon behar dela kasuan kasuko ekitaldian.
Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, diru-laguntzen deialdia egokia eta interes publikokoa dela, eta deialdia eta oinarri arautzaileak legearen araberakoak direla.
Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak eman dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Deialdi hau onestea, diru-laguntzak eman daitezen, kostua osorik edo partez ordaintzeko, espektro autistaren nahasmenduak dituzten pertsonek 2017ko urritik 2018ko irailera bitartean tratamendua jaso dezaten. Oinarri horiek eranskin gisa gehitzen dira.
2. 85.680,00 euroko gastua baimentzea, edo Nafarroako Aurrekontu Orokorretan behar den unean zehazten den kopurua, 2018ko ekitaldirako. Honako honen kargura egotziko da: “Autismoa duten pertsonentzako laguntzak” izeneko 511004 51120 4809 311103 partida. Diru-laguntza emateko baldintza izanen da aurrekontuan horretarako nahikoa kreditu izatea.
3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea ebaluazio batzordeko kideei, Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Kontabilitate Bulegoari eta Ogasun Departamentuak Osasun Departamentuan duen kontu-hartzaileari, behar diren ondorioak izan ditzaten.
4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.
Iruñean, 2017ko abuztuaren 23an.–Osasuneko zuzendari nagusia, Luis Gabilondo Pujol.
ERANSKINA
Espektro autistaren nahasmenduak dituzten pertsonek 2017ko urritik 2018ko irailera bitarte jasotako tratamendurako diru-laguntzen deialdia. Oinarri arautzaileak
1.–Diru-laguntzaren xedea eta helburua.
Diru-laguntzak erabiliko dira osorik edo hein batean ordaintzeko espektro autistaren nahasmenduak dituzten pertsonentzako tratamendua, 2017ko urritik 2018ko irailera bitartekoa. Haien onura publikoaren helburua da sostengua ematea pertsona horiek behar duten tratamendu beharretarako.
Tratamendu horrek homologatua beharko du izan, haren eraginkortasuna frogaturik egonen da, eta tratamendu hori eman dutenek profesional tituludunak izan beharko dute, hain zuzen ere psikologia, irakasle-ikasketa, pedagogia, logopedia, terapia okupazional, haur hezkuntzako goi mailako teknikari, erizaintza edo gizarte laneko tituludunak, tratamendu hori emateko behar bezalako akreditazioa edo prestakuntza jaso dutenak.
Tratamendu hori emanen da horretarako baimena duten zentroetan.
2.–Onuradunen betebeharrak.
Betebehar hauek betetzen dituztenak izan daitezke onuradun:
–Espektro autistaren nahasmenduaren diagnostikoa izatea, sendagile espezialista batek emandakoa. Halaber, onuradun izaten ahalko dira nahasmendu hori berresteko edo baztertzeko prozesu diagnostiko batean daudenak, betiere sintomak bateragarriak badira eta prozesuaren iraupena urtebetetik beherakoa bada.
–Ohiko bizilekua Nafarroan izatea, hots, pertsona Nafarroako Foru Komunitatean benetan bizi izana bi urtez, diru-laguntzaren xede den tratamendua egin baino lehen. Onuraduna bi urtetik beherakoa bada, jaiotzetik beretik Nafarroan benetan bizitzea eskatuko da. Beharkizun honetatik salbuesten dira asilo eskatzaileak eta haren familia unitatekoak, asilo-eskubiderako ebazpenak ezartzen duenaren arabera, edo familia-luzapenagatik babes subsidiarioa ezartzen duen ebazpenaren arabera.
–Tratamenduaren komenentzia horretarako prestakuntza duen profesional batek adierazi izana.
–Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea.
3.–Eskaerak aurkezteko modua, tokia eta epea.
3.1. Espektro autistaren nahasmendua duten pertsonek deialdi honetan ezarritako laguntzak eska ditzakete, baita haien aitak, amak, tutoreak edo legezko ordezkariak ere, onuradunaren izenean, baldin hura adingabea bada edo ezintasuna badu.
3.2. Eskaerak aurkezteko epea 2018ko irailaren 3an hasi eta urte horretako irailaren 28an amaituko da.
3.3. Diru-laguntzen eskaerak, ahal dela, Osasun Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira (Armada etorbidea, 2, 31002 Iruña), Osasuneko zuzendari nagusiari eskabidea zuzenduta, deusetan galarazi gabe Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritakoa. Eskaerari deialdiaren 4. oinarrian adierazitako dokumentuak erantsi beharko zaizkio.
Postetxeetan aurkezten diren eskaerei dagokienez, gutun-azal ireki batean aurkeztuko dira, lehen orrialdearen idazpuruan bulegoaren izena, data eta tokia adieraz daitezen. Datu horiek eskaera igorri dela frogatzen duen gordekinean ere adierazi beharko dira.
3.4. Eskaerak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzendu ditzala, eta adieraziko dio, hala egiten ez badu, eskaerari uko egiten diola ulertuko dela eta artxibatu eginen dela, behar den ebazpena eman ondoren.
3.5. Diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.
4.–Betebeharren frogagiriak.
Deialdi honetako baldintzak betetzen direla frogatzeko, diru-laguntzaren eskaerari honako agiri hauek erantsiko zaizkio:
a) Nafarroako Foru Komunitateko errolda-ziurtagiria edo asilo-eskubidea emateko ebazpena.
b) Txosten medikoa, sendagile espezialista batek egin duena eta iritzi klinikoa edo diagnostikoaren susmoa biltzen duena. Txosten hori aurretik eman bada diru-laguntza bererako, txosten berriak baino ez dira aurkeztu beharko, horrelakorik baldin badago.
5.1 oinarrian aipatutako Batzordeak argibide-txostenak eskatzen ahalko dizkie onuradunei.
Diru-laguntza aurkezteak berarekin dakar baimena ematea Batzordeko osasun profesionalek onuradunaren historia klinikoa kontsultatzeko, diru-laguntzaren onuradun izateko eskatutako baldintzak betetzen dituela egiaztatze aldera.
c) Izen oneko profesional baten txostena, tratamendua komenigarria dela dioena eta haren helburuak adierazten dituena.
d) Tratamendua eman duen profesionalaren txostena, tratamenduaren azalpena eta lortutako emaitzen ebaluazioa biltzen dituena. Tratamendua agindu eta eman duena pertsona bera bada, txosten bakarra egiten ahalko da.
e) Onuraduna adingabea bada edo ezintasuna badu, pertsona horren legezko ordezkaria izatearen frogagiriak. Aita edo ama bada, familia liburua eta guraso baten NANa. Dibortzioaren kasuan, edo zaintza guraso bakar bati dagokionean, dibortzioaren epaia, hitzarmen arautzailea eta haren NANa. Tutorea edo legezko beste ordezkari bat izanez gero, horren frogagiria.
f) Ordainketa transferentzia bidez egiteko eskaera.
g) Egindako gastuaren justifikazioa faktura adostuen bitartez, gutxienez honako datu hauek jasoko dituztenak:
–Tratamendua jasotzen duen pertsonaren izena.
–Tratamendua eman duen entitatea edo pertsona.
–Jasotako tratamendua, honako hau adierazita: emandako saioen kopurua, eta horiek banakakoak ala taldekoak izan diren.
–Ordaindutako zenbateko osoa.
h) 5.3 oinarrian adierazitako zuzenketa-faktoreari onura ateratzen ahal dioten onuradunek gizarteratze-errenta edo errenta bermatua onartu zaiela adierazten duen ebazpena aurkeztu beharko dute, edo genero-indarkeriaren biktima direla dioten frogagiria, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak edo Nafarroako Delituen Biktimen Arretarako Bulegoak emana.
i) Eskaera aurkeztearekin baimena ematen zaio Osasun Departamentuari Ogasun Publikoan eta Estatuko Administrazio Orokorrean bildu dezan eskatzaileak bere zerga betebeharrak, dirua itzultzekoak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen ote dituen jakiteko informazioa.
j) Beste laguntza batzuei buruzko aitorpena, 8. oinarrian xedatutakoaren arabera.
Ez da beharrezkoa izanen a), b), e) eta f) puntuetan aipatzen diren agiriak aurkeztea, baldin aurreko deialdietan aurkeztu baziren eta aipaturiko datuak aldatu ez badira. Kasu horretan, onuradunaren edo haren legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da, datuak aldatu ez direla adierazten duena.
5.–Emateko modua, zenbatekoa eta irizpideak.
5.1. Osasuneko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emanen dira diru-laguntzak, instrukzio organoak proposaturik, hots, Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuak proposaturik, aurretik ebaluazio batzordeak eginen duen balorazio loteslea aintzat hartuta.
5.2. Ebaluazio batzordea honako hauek osatuko dute:
Ana Guinea Hidalgo, Haur eta Gazteen Osasun Mentaleko Zentroko psikologo klinikoa.
Julio Palacios Osambela, Osasun Departamentuko Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Ataleko gizarte-langilea.
M.ª José Lasanta Sáez, Osasun Departamentuko Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Ataleko burua.
5.3. Ebaluazio batzordeak egiaztatuko du ea onuradunek betetzen dituzten 2. oinarrian diru-laguntza emateko ezartzen diren betebeharrak, eta irizpide hauei jarraikiz proposatuko ditu zenbatekoak:
–Honako zenbateko hauek ezarri dira diruz laguntzen ahal diren gehieneko tarifa gisa, tratamendu moten arabera:
- Banakako terapiaren ordua: 30 euro.
- Taldeko terapiaren ordua: 15 euro.
–Diru-laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, onuradun bakoitzaren tratamenduaren kostuari begiratuko zaio, xede bererako jasotako beste laguntza batzuk deskontatu eta gero, halakorik bada.
–Eskatutako zenbatekoen baturak dagoen aurrekontu erabilgarria gainditzen badu, dirua eskatzaile guztien artean hainbanatuko da, eskatzaile bakoitzak portzentaje bera jaso dezan egindako gastuaren arabera. Hainbanaketa horretatik kanpo utziko dira onuradunak, baldin eta haien familia unitatean 2017an eta/edo 2018an genero-indarkeriaren biktima edo gizarteratze-errentaren / errenta bermatuaren hartzaile den kide bat badago.
–Diru-laguntza ez da inola ere izanen jasotako tratamenduaren kostu osoa baino handiagoa.
6.–Ebazpena.
6.1. Osasuneko zuzendari nagusiak, aurretik Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuak proposaturik, ebatziko du diru-laguntzak ematearen edo ukatzearen gainean.
6.2. Ebatzi eta jakinarazteko epea hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, interesdunek eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena espresuki ematera.
7.–Bateragarritasuna.
Laguntza hauek bateragarriak dira bestelako diru-laguntza edo laguntzekin, baina guztira emandakoaren zenbatekoak ez du inoiz gaindituko guztira ordaindutako tratamenduaren kostua.
8.–Onuradunen betebeharrak.
Onuradunek edo, hala denean, haien legezko ordezkariek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dute xede bererako beste laguntzaren bat jaso duten ala ez adierazteko. Jasoz gero, haren zenbatekoa ere aipatu beharko dute.
Horren ondotik laguntzaren bat jasotzen bada, laguntza eman dela jakin bezain laster komunikatu beharko da, eta, betiere, 2019ko abuztuaren 31 baino lehen.
Era berean, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako gainerako betebeharrak bete beharko dituzte.
9.–Diru-laguntzaren ordainketa.
Ordainketa bakarra eginen da, kontzesioaren ebazpenarekin batera.
10.–Dirua itzultzea.
Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira.
Legez ezarritako kasuetan eta, bereziki, xede bererako beste diru-laguntzaren bat kobratzeagatik tratamenduaren kostua gainditu duela komunikatzen ez den kasuetan, kostu horren gainetiko diru-zenbatekoa itzultzeko eskatuko da, eta berandutze-interesa ere bai, hain zuzen ere diru-laguntza ordaintzen denetik itzuli beharraren gaineko ebazpena eman arte sortutakoa.
11.–Arau-hausteak eta zehapenak.
Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak jasotzen dituzten pertsonak Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan diru-laguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta hartan ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.
Diru-laguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoari jarraikiz.
12.–Datuak babestea.
Eskatzaileek diru-laguntza kobratzeko aurkezturiko datuak edo administrazioaren esku daudenak deialdi honi buruzko espedientea tramitatzeko erabiliko dira bakar-bakarrik. Interesdunek datu horiek ikusi, zuzendu, ezabatu eta haien aurka jotzeko eskubidea erabiltzen ahalko dute, Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Foru Legearekin bat.
13.–Publizitaterako arauak.
Ematen diren diru-laguntzak ez dira argitaratuko, zeren, onuradunen datuak zabaltzea, diru-laguntzaren xedea dela-eta, pertsonen intimitatearen aurkakotzat jotzen baita, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1.b) artikuluan aurreikusi bezala.
14.–Aplikatu beharreko araudia.
Oinarri arautzaile hauetan ezarri gabekoetan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.
15.–Errekurtsoak.
Deialdiaren kontra, oinarri arautzaile hauen kontra eta garatzeko egintzen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Osasuneko kontseilariari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedatutakoarekin bat.
Iragarkiaren kodea: F1711607