200. ALDIZKARIA - 2017ko urriaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

829/2017 EBAZPENA, urriaren 2koa, Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak emana. Honen bidez onesten da Nafarroako toki entitateei (udal eta kontzejuei) diru-laguntzak emateko deialdia, obra txikiak egiteko 0tik 3 urtera bitarteko haur hezkuntzako ikastetxeetan.

Azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez ezarri zen, orokorrean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen diru-laguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra, eta prozeduraren kontrol eta gardentasun hobean aurrera egiteko beharrari erantzuten dio, publizitate, lehia eta objektibotasun printzipioen arabera.

Nafarroako 2017ko Aurrekontu Orokorretan, 410001-41810-7609-325106 (E) partida sartu da, “Obrak 0-3 urtekoen udal jabetzako ikastetxeetan” izenekoa. Partida hori, diru-laguntzaren prozedura erabiliz, arlo horretako inbertsio proiektuak finantzatzeko da.

Maiatzaren 25eko 463/2017 Ebazpenaren bidez, diru-laguntzen deialdi bat onetsi zen, toki entitateek aukera izan zezaten 0tik 3 urtera bitartekoen haur hezkuntzako ikastetxe publikoak eraiki, handitu eta egokitzeko laguntzak eskuratzeko. Irailaren 18ko 766/2017 Ebazpenaren bidez, onetsi zen diru-laguntzak ematea Nafarroako hiru udalerriri, guztira 156.245,30 euro, eta 93.754,70 euroko zenbatekoa gastu konpromisotik kendu zen.

Toki entitateek aukera izan dezaten 0tik 3 urtera bitartekoen haur hezkuntzako ikastetxe publikoetarako laguntzak eskuratzeko, nahitaezkoa da ebazpen berri bat ematea, 2017rako aurrekontuan aurreikusi diren diru-laguntzen deialdia onetsi eta laguntzak banatzeko oinarriak ezar daitezen.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako toki entitateetarako (udal eta kontzejuei) diru-laguntzen deialdia onestea, obra txikiak egin ditzaten 0tik 3 urtera bitarteko haur hezkuntzako ikastetxeetan. Deialdia honako honen kargura finantzatuko da: 2017rako aurrekontuko “Obrak 0-3 urtekoen udal jabetzako ikastetxeetan” izeneko 410001-41810-7609-325106 (E) partida. Gehienez, 93.754,70 euro.

2. Azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14. artikuluan xedatutakoa betez, deialdi berri honen oinarri arautzaileak onestea.

3. Ebazpen hau igortzea Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaileari, 0-3 urteko Haurren eta Landa Eskolen Atalari, Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuari, Obra Atalari eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

5. Ebazpen honen kontra, administrazio publiko interesdunak administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko du, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen ekainaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2017ko urriaren 2an.–Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia, Nekane Oroz Bretón.

ERANSKINA

Nafarroako Foru Komunitateko udalentzako diru-laguntzak arautzeko oinarriak. Diru-laguntzen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko udalek 0tik 3 urtera bitarteko haur hezkuntzako ikastetxeetan obra txikiak egitea eta ikastetxeak handitzea eta berritzea

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak, 2017ko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan xedatutakoa betez, laguntzen gaineko arauak ezartzen ditu oinarri hauen bitartez:

OINARRIAK

1. Helburua.

0tik 3 urtera bitarteko haur hezkuntzako ikastetxeetan deskribatutako obrak finantzatzeko erabiliko dira oinarri hauetan aipatutako diru-laguntzak (ikastetxeek aurretik sortuak behar dute, martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuaren arabera –foru dekretu horren bidez arautu zen Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako lehen zikloa–):

–Instalazioak berritzeko obrak (kanpoko eta barneko guneak), erabiltzaileen segurtasunean eragina dutenak, 0tik 3 urtera bitarteko haur hezkuntzako ikastetxeetan.

–Instalazioak berritzeko obrak, beharrezkoak direnak funtzionamendu egokia izan dezaten 0tik 3 urtera bitarteko haur hezkuntzako ikastetxeek.

–Inbertsioak kanpoko guneetan, berekin dakartenak horien funtzionamendua hobetzea.

2017ko ekitaldian hasi beharko dira obrak eta ekitaldi horrexetan gauzatu.

Diruz lagundu beharreko obra guztiek Nafarroako Foru Komunitatean haur hezkuntzako lehen zikloa arautzen duen martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuak ezartzen dituen baldintzak bete beharko dituzte.

2. Onuradunak.

Diru-laguntza hauek eraikin horien titularrak diren toki entitateek eska ditzakete.

3. Diru-laguntzen portzentajea eta gehieneko zenbatekoak.

Ikastetxe bakoitzeko portzentaje diruz lagungarriak ez du gaindituko eraikitzeko eta urbanizatzeko inbertsioaren kostuaren %65, barnean direla obrako proiektuen eta zuzendaritzen zerbitzu-sariak.

Pirinioen Garapenerako Planari lotuta dauden toki entitateek inbertsioaren %95 arteko diru-laguntza eskuratzen ahalko dute.

Aurrekontu-izendapena izanen da diru-laguntzetarako muga.

Ez da gastu diruz lagungarritzat joko, deialdi honen ondorioetarako, Balio Erantsiaren gaineko Zerga.

Diru-laguntzaren xedeko inbertsioen gaineko kostu-gehikuntzak toki entitate onuradunak hartuko ditu bere gain.

Obren azken kostua diruz lagundutako aurrekontua baino txikiagoa bada, diru-laguntzaren zenbatekoa murrizketaren arabera gutxituko da.

4. Xedea.

Oinarri hauen 1. puntuan (“Helburua”) azaldutako obrak egitea aurreikusten duten jarduketak izanen dira diruz lagungarriak.

2017ko ekitaldian hasi beharko dira obrak eta ekitaldi horrexetan gauzatu, eta 2017ko azaroaren 15a baino lehen bukatu.

Diruz lagundu beharreko obra guztiek Nafarroako Foru Komunitatean haur hezkuntzako lehen zikloa arautzen duen martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuak ezartzen dituen baldintzak bete beharko dituzte.

Esku-hartzearekin zuzenean lotutako elementu edo lanen kostua izanen da soilik diruz lagungarria.

Ez da diru-laguntza honen xede izanen ekipamendua erostea, ezta eraikina eta bertako instalazioak mantentzeko obrak ere.

Hezkuntza Departamentuko teknikariek gainbegiratu beharko dituzte proiektuak.

Edonola ere, deialdi honetan emandako diru-laguntzen kasuan kasuko gastuaren frogagiriak 2017ko azaroaren 30a baino lehen aurkeztu beharko dira.

Jarduketek beste administrazio edo entitate batzuen diru-laguntza jaso badute, edo jaso dezaketela aurreikusten bada, eskabidean horren berri eman beharko da, eta jasotako diru kopurua edo jasotzekoa jakinarazi. Halaber, diruz lagundutako jarduera finantzatzeko lortutako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri eman beharko dute, egoera hori jakin bezain laster eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.

5. Eskaerak aurkezteko epea eta aurkeztu beharreko agiriak.

Eskaerak hamar egun naturaleko epean aurkeztuko dira, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean, Hezkuntza Departamentuan, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorraren bulegoetako edozeinetan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarri diren lekuetako batean edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan.

Toki entitateen legezko ordezkariek aurkeztu behar dituzte eskaerak.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikuluarekin bat, Administrazio Publikoek ez dizkiete interesdunei eskatuko aplikatzekoa den araudiaren arabera beharrezkoak ez diren datuak edo dokumentuak, edo interesdunak edozein administraziotan aurretik aurkeztutakoak. Ondorio horietarako, interesdunak adierazi beharko du zer unetan eta zer organo administratibotan aurkeztu zituen dokumentu horiek, eta Administrazio Publikoek elektronikoki lortu beharko dituzte beren sare korporatiboen bidez edo kontsulta eginez datuen bitartekotzarako plataformetan edo horretarako gaitutako beste sistema elektroniko batzuen bitartez.

Diru-laguntzak eskatzeko aurkezten diren eskabideak Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuari zuzenduko zaizkio, eta eskabideekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:

1. Eskatutako diru-laguntzaren xede diren obren eta zerbitzu-sarien aurrekontuaren edo memoria baloratuaren edo proiektu teknikoaren ale bat, aurrekontua partidaka xehakatuta.

2. Osoko Bilkuraren erabakia, obra gauzatzeko konpromisoari buruzkoa. Onetsitako erabakian adieraziko da ezen azpiegiturak sortu edo egokitzeari buruz aurrerantzean eginen diren jarduketek bete beharko dituztela Nafarroako Foru Komunitatean haur hezkuntzako lehen zikloa arautzen duen martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuak ezartzen dituen baldintzak.

3. Oinarri hauek betetzearen gaineko adierazpena.

4. 0tik 3ra bitartekoen ikastetxeak dauden lurren edo eraikinen jabetzari buruzko egiaztapena.

5. Idazkariaren ziurtagiria, non agertuko baita udal edo kontzejuaren aurrekontuetan behar adinako zuzkidura ekonomikoa dagoela diru-laguntzaren xedeko obran dagokion zatia ordaintzeko.

6. Deialdi honen xedea finantzatzeko eskatu edo lortutako diru-laguntzei, laguntzei, diru-sarrerei edo baliabideei buruzko aitorpena.

7. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, I. eranskineko ereduaren arabera.

8. Erakunde eskatzaileak bere eskaera sendotzeko interesgarritzat jo dezakeen beste edozein dokumentazio, baldin eta oinarri arautzaileetan adierazi diren lehentasun edo irizpideekin lotuta badago.

Eskaerak adierazitako baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio bost egun naturaleko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ebazpen hori jakinarazi eginen zaio.

Bai proiektuek bai obrek indarra duen araudiari jarraituko diote, eta Hezkuntza Departamentuko teknikarien jarraibideak betez egin beharko dira.

Laguntza jasotzen duen toki entitateak deialdi honetan ezarritako xederako erabili beharko du diru-laguntza, eta kalkulatutako obraren zatia egin eta gastua justifikatuko du ezarritako epeetan; halaber, aipatu xederako mantendu beharko du azpiegitura, haren bizitza baliagarriak iraun bitartean.

6. Lehentasunen hurrenkera.

Deialdia lehentasunen hurrenkera honi jarraituz ebatziko da:

–Lehenik: instalazioak berritzeko obrak (kanpoko eta barneko guneak), erabiltzaileen segurtasunean eragina dutenak, 0tik 3 urtera bitarteko haur hezkuntzako ikastetxeetan.

–Bigarrenik: instalazioak berritzeko obrak, beharrezkoak direnak funtzionamendu egokia izan dezaten 0tik 3 urtera bitarteko haur hezkuntzako ikastetxeek.

–Hirugarrenik: inbertsioak kanpoko guneetan, berekin dakartenak horien funtzionamendua hobetzea.

Aurrekontuko kreditua nahikoa ez bada lehentasunen hurrenkeran ezarritako taldeetako bateko onuradun guztiei erantzuteko, hurrenkera honi jarraituko zaio: obren hasierako data (aktan jasoa), aurrekontuko diru erabilgarria agortu arte.

Diru-laguntza jaso baina aurreikusi eta eskatutako gastua aurkezten ez duten toki entitateek justifikatu gabeko diferentzia kobratzeko eskubidea galduko dute, salbu justifikatutako arrazoiren bat edo ezinbesteko egoeraren bat baldin badago.

7. Deialdia ebaztea.

Deialdia norgehiagokako araubidearen bidez ebatziko da, “Lehentasunen hurrenkera” atalean ezarritako taldeen arabera eta aurrekontu-izendapena agortu arte.

Diru-laguntza toki entitate eskatzaile guztiei eman eta esleitu gabeko diru soberakinik badago, zenbateko lagungarriak handitzen ahalko dira, interesdunen artean hasiera batean emandako kopuruaren proportzioan, eta aurrekontuko dirua agortu arte.

Diru-laguntzak ematea eta eskaerak ezestea Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak ebatziko du, horretarako ebazpena emanez. Ebazpen hori eskaerak aurkezteko adierazi den epea bukatu eta hurrengo hilabetean emanen du. Emandako diru-laguntzak Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian (www.navarra.es) argitaratuko dira, adierazirik deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, emandako zenbatekoa eta diru-laguntzaren xedea.

8. Diru-laguntzak ordaintzea.

Diru-laguntza horien ordainketa 2017ko aurrekontuko “Obrak 0-3 urtekoen udal jabetzako ikastetxeetan” izeneko 410001-41810-7609-325106, (E) partidaren kargura eginen da, obrak bukatu ondoko ordainketa bakarraren bidez.

Ematen diren kopuru horiek guztiak jasotzeko nahitaezkoa izanen da obrak bukatu eta frogagiriak aurkeztea 2017ko azaroaren 30a baino lehen.

Diru-laguntza ordaintzeko aurkeztu beharreko agiriak:

a) Egin den esku-hartzearen faktura edo fakturak.

b) Obren ziurtagiriak, zuzendaritza fakultatiboak –halakorik badago–, jabeak eta enpresa esleipen-hartzaileak sinatuak.

c) Egindako ordainketaren frogagiria.

d) Udaleko idazkariaren ziurtagiria, Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legean ezartzen diren aginduak bete izana egiaztatzen duena, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14.1 ñ) eta 28.3 artikuluetan aurreikusten diren ondorioetarako.

e) Harrera-akta, zuzendaritza fakultatiboak sinatua, halakorik badago, baita jabetzak (udalak edo kontzejuak) eta enpresa esleipen-hartzaileak sinatua ere, edo, hala izan ezean, udalak emandako agiria, ziurtatzen duena obrak bukatu direla edo, bestela, aurreikusitako zatia gauzatu dela.

9. Onuradunen betebeharrak.

9.1. Obrak gauzatzea.

Kanpoko inguruabarren eraginez obrak ezin badira egin, toki entitateak aipatu zerbitzuari adierazi beharko dio espresuki uko egiten diola diru-laguntzari, edo diruz lagundutako obra epearen barnean ez egiteko arrazoiak azaldu.

Diru-laguntzaren xedeko inbertsioen gaineko kostu-gehikuntzak toki entitate onuradunak hartuko ditu bere gain.

Obren azken kostua diruz lagundutako aurrekontua baino txikiagoa bada, diru-laguntzaren zenbatekoa murrizketaren arabera gutxituko da.

Oinarrietan xedatuta ez dagoen guztirako, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio eta, onuradunaren betebeharrei dagokienez, haren 9. artikuluan xedatutakoari.

9.2. Gardentasunari buruzko betebeharrak.

Toki entitate onuradunek irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretua beteko dute (foru dekretu horren bidez arautu ziren Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak), baita abenduaren 9ko 19/2013 Legea ere (lege hori gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzkoa da).

10. Bateragarritasuna edo bateraezintasuna.

Deialdi honetan arautzen diren laguntzen onuradunek beste administrazio, entitate eta erakunde (publiko edo pribatu) batzuen diru-laguntzak hartzen ahalko dituzte, edonolakoak eta helburu edo xede berekoak izanik ere, haiek proiektu bakoitzaren inbertsio edo gastuaren %100 gainditzen ez badute, BEZa sartu gabe.

11. Ikuskapen bisitak.

Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuko teknikariek bidezkotzat jotzen dituzten ikuskapen guztiak egin ditzakete hala obra horiek egiten ari direnean nola bukatu ondoren. Diru-laguntzen onuradun diren toki entitateak beharturik daude obretan sartzen uztera eta eskatzen zaizkien obrei buruzko agiriak ematera.

12. Deialdi honen oinarri arautzaileetan ezartzen dena ez betetzea.

Datuen faltsukeria frogatuak, datuak ezkutatzeak edo diru-laguntzaren helburua aldatzeak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 42. artikuluan ezarri diren zehapenak ekar ditzake.

Formazko alderdiak bete ezean, baliteke diru-laguntzaren zati bat itzuli behar izatea. Funtsezko alderdiak bete ezean, berriz, baliteke diru-laguntza osorik itzuli behar izatea, hori guztia Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatuta dagoenaren arabera.

I. ERANSKINA

Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1711465