Iragarkia
200. ALDIZKARIA - 2017ko urriaren 17a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
62/2017 FORU AGINDUA, urriaren 3koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana. Honen bidez onesten dira Arkeologiako ikertzaile gazteen prestakuntzarako bi beka.
Ondare Historikoaren Zerbitzuak bi beketarako deia egin nahi du, unibertsitateko tituludunentzat, horien prestakuntza sustatzeko, halako moduz non zuzeneko ezagutza hobea eskuratuko duten, bai teorikoa bai praktikoa, jakiteko nola kudeatzen den eta zer lan egiten den Nafarroako ondare arkeologikoari buruz Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioan, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren bidez.
Bekak ematerakoan, deialdiko oinarri arautzaileetan aurreikusten ez den orotan, ondokoei jarraituko zaie: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuan xedatutakoa, eta, modu osagarrian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoa.
Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. Arkeologiako ikertzaile gazteen prestakuntzarako bi beketarako deialdia onestea, Nafarroako ondare arkeologikoari buruzkoak. Destinoa Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusian dute.
2. Bekak emateko oinarri arautzaileak onestea; foru agindu honen eranskinean jaso dira.
3. 6.300 euroko gastua baimentzea, betiere horretarako kreditu egokia eta nahikoa baldin badago. Honela banatuko da:
–6.230,13 euro bi beketarako. 2017rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Ikerketarako bekak” izeneko A20000-A2100-4800-337100 partidaren kargura egotziko dira.
–69,78 euro –34,89 euro beka bakoitzerako– Gizarte Segurantzako enpresa kuota ordaintzeko izanen dira, zehazki 2017ko abendukoa, eta 2018ko urtarrilean ordainduko dira.
4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua. Errekurtso horiek aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdia argitaratu edo ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita, kasua zein den.
6. Foru agindu hau igortzea Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusira, Ondare Historikoaren Zerbitzura eta Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2017ko urriaren 3an.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.
ARKEOLOGIAKO IKERTZAILE GAZTEEN PRESTAKUNTZARAKO BI BEKETARAKO DEIALDIA (DESTINOA VIANAKO PRINTZEA ERAKUNDEA-KULTURA ZUZENDARITZA NAGUSIAN DUTE). OINARRIAK
1.–Xedea:
1.1. Deialdi honen xedea da oinarriak ezartzea bi prestakuntza beka norgehiagokako araubidean emateko, unibertsitate tituludunentzat (Arkeologia, Historia edo horien edozein espezialitate edo adar, agintaritza eskudunak onartzen dituenak), Ondare Historikoaren Zerbitzuan aritzeko, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari atxikia baitago.
Bekaren helburua da unibertsitate tituludunen prestakuntza bultzatzea, halako moduz non ezagutza lortuko duten, zuzenago, jakiteko zer jarduketa egiten dituen Ondare Historikoaren Zerbitzuak (Nafarroako Foru Komunitateko Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari atxikia).
2.–Aurrekontuko diru erabilgarria.
Deialdi honi aurre egiteko gastua, guztira, 6.300 eurokoa da, 3.150 euro beka bakoitzeko, betiere ordainduko direnak baldin horretarako kreditu egokia eta nahikoa badago. 2017rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Ikerketarako bekak” izeneko A20000-A2100-4800-337100 partidaren kargura egotziko dira 6.230,13 euro, eta 69,78 euro –34,89 euro beka bakoitzerako– Gizarte Segurantzaren 2017ko abenduko enpresa kuotarako da, zeina 2018ko urtarrilean ordaindu behar baita. 2018. urterako onetsiko diren Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen den partidaren kargura egotziko dira.
3.–Iraupena.
Bekak emateko ebazpenean adieraziko den egunean hasiko dira (2017ko urriaren 1a baino lehenago ez, betiere), eta 2017ko abenduaren 31n bukatuko. Bekak ezin dira luzatu.
4.–Beken zenbatekoa eta ordainketa.
Beka bakoitzerako 3.045,33 euroko zuzkidura izanen da. Guztirako zenbateko horretan Gizarte Segurantzaren kotizazioak sarturik daude. Onuradunei hilero 1.015,11 euro gordin pagatuko zaizkie, edo zati proportzionala, bidezko bada. Zenbateko horretatik Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari dagokiona kenduko da. Halaber, Ondare Historikoaren Zerbitzuak, hilero, bekadun bakoitzari dagokion Gizarte Segurantzaren kotizazio kuotaren zatia ere ordainduko du (34,89 euro).
5.–Bateraezintasunak.
Prestakuntza beka hauek ez dira bateragarriak izanen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio batzuek edo beste entitate publiko edo pribatuek edo partikularrek ematen dituzten beste batzuekin.
6.–Eskatzaileak.
Beka hartzen ahalko dute, bakar-bakarrik, jarraian azaltzen diren betebehar guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoek:
a) 1. oinarrian azaldu den unibertsitateko titulu ofiziala izatea, Espainiako agintariek emana edo homologatua, eta deialdi hau argitaratu aurreko hiru urtean lortu izana.
b) Espainiako herritarra izatea, Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Nolanahi ere, Espainiako nazionalitatea ez duenak gaztelaniaz behar adina badakiela frogatu beharko du.
c) Bizitokia Nafarroan izatea, deialdiaren eguna baino urte bat lehenagotik gutxienez.
d) Adinez nagusia izatea.
e) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen laguntza eta diru-laguntza publikoak jasotzeko desgaitua ez egotea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluarekin bat.
f) Bekaren xede den prestakuntza jardueran aritzea galaraz diezaiokeen desgaitasun fisikorik edo gaixotasunik ez izatea.
7.–Eskaerak.
7.1. Laguntza eskaerak oinarri hauetako 1. eranskinean ageri den ereduaren araberakoak izanen dira, eta Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira (Iruñeko Navarrería kaleko 39an, 31001), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan eta Erregistro Orokor Elektronikoan.
Eskaerak telematika bidez aurkezten ahalko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko berariazko fitxaren bidez (http://www.navarra.es/home_es/Servicios/). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.
Dokumentazioa paperean eta bertsio digitalean aurkeztu beharko da, tramitazioa errazteko.
Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Ondasun Historikoaren Zerbitzuari zuzendu behar zaio eskaera, honako hau adierazita: “Arkeologiako ikertzaile gazteen prestakuntzarako bi beketarako deialdirako (destinoa Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusian dute)”.
7.2. Eskaerak aurkezteko epea hamar egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
7.3. Honako agiri hauek aurkeztuko dira eskabide orokorrarekin batera:
a) Eskabide-orria (deialdiaren 1. eranskinaren arabera).
b) Ikasketa-espedientearen ziurtagiria, kurtso bakoitzeko irakasgai guztien kalifikazioekin, batez besteko nota barne, zein deialditan gainditu zituen espresuki aipatuta.
c) Eskatzailearen curriculum vitaea, honako dokumentazio hau aurkeztuz:
a. Indusketa arkeologikoetan parte hartu izanaren frogagiriak (gutxienez 14 egun iraun dutenak bakarrik hartuko dira kontuan).
b. Prestakuntza ikastaroetara joan izana frogatzen duten agiriak, adierazita zenbat ordu izan diren.
c. Egile edo egilekide gisa arkeologiako argitalpenak egin izanaren frogagiriak.
d. Lan arkeologikoen zuzendari edo zuzendarikide izatearen frogagiriak.
d) Prestakuntzako master hauek egin izanaren frogagiriak, betiere ofizialki aitortutako erakundeek eman badituzte: Arkeologia, Historiaurrea, Antzinaroa eta Kultura Ondarea.
e) Hizkuntzak jakiteari buruzko frogagiriak (9. d) oinarrian aipatuak).
f) Lehenbiziko oinarrian aipatzen den titulu ofizialaren fotokopia.
g) Nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen fotokopia.
h) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluari jarraikiz, adierazten duena ez dagoela onuradun izatea galarazten dioten egoeretako bakar batean ere. (Deialdi honen 2. eranskina).
7.4. Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak aztertuko ditu epe barnean aurkeztutako eskaerak. Epearen barrenean aurkeztutako eskaeraren batek aurreko zenbakietan finkatutako baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio bost egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela; ebazpena jakinaraziko zaio.
Eskatzaileek laguntzak jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituzten ala ez adieraziko duen txostena prestatuko du Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak. 6. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak ez dira baloratuko.
8.–Ebaluazio batzordearen osaera. Osaera eta prozeduraren instrukzioa.
8.1. Ebaluazio batzordea arduratuko da beka eskatzaileek alegatutako merezimenduak ebaluatzeaz eta ebazpen proposamena prestatzeaz, non adieraziko baitira izangai onartu bakoitzari guztira emandako puntuak.
Ebaluazio batzordea kide hauek osatuko dute:
Burua: Carlos Martínez Álava. Ondare Historikoaren Zerbitzuko zuzendaria.
Ordezkoa: Alicia Ancho Villanueva. Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Ataleko burua.
Idazkaria: Jesús García Gazólaz. Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Ataleko teknikari arkeologoa.
Ordezkoa: Berta Balduz Azcárate. Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Ataleko goi mailako teknikari zaharberritzailea.
Epaimahaikidea: Jesús Sesma Sesma. Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Ataleko teknikari arkeologoa.
Ordezkoa: Violeta Romero Barrios. Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Ataleko goi mailako teknikari zaharberritzailea.
8.2. Ebaluazio Batzordea instrukzio organoa da eta ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, deialdi honetan ezarritako irizpideen arabera.
8.3. Aurkezten diren eskaerak aztertu eta baloratuko ditu Ebaluazio Batzordeak; gero, bi bekak emateko proposamena eginen du, lortutako puntuazioaren araberako ordenari jarraikiz.
9.–Balorazio baremoa.
a) Ikasketa-espedientea. Gehienez ere, 4 puntu.
Ikasketa-espedientearen batez besteko nota baloratuko da, azaroaren 27ko 1497/87 Errege Dekretuaren arabera (errege dekretu hori abuztuaren 1eko 1044/2003 Errege Dekretuaren bidez aldatu zen), eta puntuazio hau emanen da:
Gai: puntu 1.
Oso ongi: 2 puntu.
Bikain: 3 puntu.
Ohorezko matrikula: 4 puntu.
b) Curriculum vitae-a: gehienez ere, 4 puntu.
a. Indusketa arkeologikoak. Gutxienez 14 egun iraun dutenak bakarrik hartuko dira kontuan; indusketa bakoitzeko 0,2 puntu emanen dira. Gehienez ere 2 puntu.
b. Lan arkeologikoen zuzendari edo zuzendarikide izatea. Esku-hartzeko lizentzia bakoitza 0,2 punturekin baloratuko da. Gehienez ere 1 puntu.
c. Arkeologiako prestakuntza ikastaroetara eta/edo biltzar-bilkuretara joatea. Ordu bakoitza 0,02 punturekin baloratuko da. Gehienez ere 0,5 puntu.
d. Egile edo egilekide gisa arkeologiako argitalpenak egin izana. Argitalpen bakoitza 0,05 punturekin baloratuko da. Gehienez ere 0,5 puntu.
c) Prestakuntzako master hauek egin izana, betiere ofizialki aitortutako erakundeek eman badituzte: Arkeologia, Historiaurrea, Antzinaroa eta Kultura Ondarea. Master bakoitza 1 punturekin baloratuko da. Gehienez ere 2 puntu.
d) Hizkuntzak jakitea: euskara, ingelesa, frantsesa, alemana eta italiera. Gehienez ere, 2 puntu.
Hizkuntza eskola ofizial batek emandako gaitasun agiria edo C1 titulua edo ofizialki baliokidea den titulua edukiz gero, 0,50 puntu hizkuntza bakoitzarengatik. B2 tituluak edo ofizialki baliokidetzat jotako tituluak 0,25 punturekin baloratuko dira.
10.–Bekak ematea.
10.1. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez emanen dira bekak, instrukzio organoaren proposamena ikusita. Puntuaziorik altuena lortzeagatik beka jasoko duten interesdunei jakinaraziko zaie ebazpena; gainera, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 22. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Ebazpenean, gutxienez, gainditu duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da, eta beka nori eman zaion, eta espresuki adieraziko da gainerako eskaerak ezetsi egin direla, halakorik baldin bada.
Ebazpen hori eta hautagaien zerrenda, merezimenduen baremazioan lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiaren iragarki oholean jarriko dira jendaurrean (Navarrería kalea, 39), informazio gisa.
Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hiru hilabeteko epean berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, ukatu egin direla ulertuko da.
10.2. Hautapen prozesua bukatu ondoren, beka jasotzeko hautatzen diren pertsonek aurkeztu beharko dituzte prestakuntza beka eskatzerakoan alegatu zituzten merezimendu guztien jatorrizko frogagiriak edo haien kopia konpultsatuak. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiaren egoitzan (Navarrería kalea, 39) egin daitezke konpultsak. Behin betiko dokumentazioa aurkezteko epea 5 egun naturalekoa izanen da, jakinarazi eta biharamunetik hasita. Behar diren frogagiriak aurkezten ez badira, puntuazio-ordenan hurrengo den eskatzaileari esleituko zaio beka, eta horrela hurrengoekin ere.
11.–Tutoretzak.
11.1. Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Ataleko teknikari arkeologoek zuzendu eta gainbegiratuko dituzte bekadunen jarduerak, eta teknikari bati esleituko zaio bekadun bakoitza.
11.2. Tutoreek prestakuntza ekintza batzuk egitea aginduko diete bekadunei, ataleko lanekin koordinazioan, zentzurik zabalenean.
Tutoreak ordutegiak zehaztuko ditu (gehienetan 9:00etatik 15:00etara, astelehenetik ostiralera), eta begiratuko du bekadunak bere betebehar orokor eta zehatzak betetzen dituela.
12. Justifikatzeko epeak eta modua.
Beka amaitu eta hurrengo hilabeteko epean, onuradunak egindako prestakuntza jardueraren azken memoria aurkeztu beharko du.
Azken memoria hori prestatzen ez badu, bekadunak jaso duen bekaren azkeneko hileko ordainsaria itzultzeko eskatuko zaio.
Memoriak tutorearen adostasuna izan beharko du, eta, horretarako, beka emateko baldintzak eta aurreikusitako helburuak noraino bete diren baloratu eta azaltzeko atal bat jaso beharko du.
13. Onuradunaren betebeharrak.
Bekaren onuradunak apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 19. artikuluan adierazitako betebehar orokorrak bete beharko ditu, foru dekretu horretan ezarrita baitago Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra.
Besteak beste, betebehar hauek izanen ditu:
a) Bekaren xedeko prestakuntza jarduera betetzea.
b) Organo emaileari frogatzea betebeharrak eta baldintzak betetzen dituela eta, orobat, beka jasotzeko arrazoi izan diren jarduerak egin dituela eta helburuak bete direla.
c) Eskumena duten organoek beken gainean egin ditzaketen egiaztapen lan guztiak onartzea.
d) Xede berarekin eskatu edo jaso dituen bestelako beka edo diru-laguntzen berri ematea beka eman duen organoari.
e) Nafarroako Ogasun Publikoarekiko zerga arloko betebeharrak egunean dituela egiaztatzea. Dena dela, eskabide-orrian hala adieraziz, baimena ematen ahalko dio Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari jarduerak hasten direnean bere zerga betebeharrak egunean dituela egiaztatzeko behar diren datuak kontsulta ditzan. Horrekin batera, zinpeko aitorpen edo hitzemate idazki bat aurkeztu beharko du, adierazteko ez duela kobratzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste departamentu batetik edo beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batetik helburu bera duen beste edozein laguntza publiko bateraezin.
f) Bere gain hartzea dagozkion betebeharrak, Gizarte Segurtasunaren araubidean sartzeagatik.
g) Organo eskudunari jakinaraztea emandako bekari espresuki uko egiten zaiola, jarduerak utzi baino 15 egun natural lehenago gutxienez.
h) Bekaren zuzeneko ondorio diren jarduera eta argitalpen guztietan bekadun gisa aritu dela adieraztea.
i) Prestakuntza jarduera bitartean ezagutzen duen isilpeko informazio tekniko edo administratiboaren gainean sekretua eta konfidentzialtasuna gordetzea.
j) Zein erakundetan jarduten duen, bertako barne edo funtzionamendu araubidea betetzea.
14. Prestakuntza jardueraren hasiera eta bekari uko egitea.
Onuradunak beka emateko ebazpenean adierazten den egunean hasi beharko du lanean. Horrela egiten ez bada, ulertuko da bekari egiten zaiola behin betiko uko, salbu organo eskudunak ezinbesteko arrazoiak edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera ikusten ez baditu.
Bekari uko eginez gero, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari horren berri eman beharko zaio, gutxienez 15 egun natural lehenago.
Emandako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, zilegi izanen da beka instrukzio organoak ezarritako zerrendan hurrengoa denari ematea. Hori dena, deusetan galarazi gabe onuradunak uko egin arte zituen betebeharrak.
15.–Prestakuntza jarduera egitea.
Bekadunen jarduerak Artxiboen eta Ondare Historikoaren Zerbitzuaren instalazioetan eginen dira, barnean dela Arkeologiako Biltegia, astean gehienez ere 30 orduz. Halaber, prestakuntzarako behar diren joan-etorriak egin beharko ditu bekadunak.
Bekaldiaren hilabete bakoitzeko 2,5 egun naturaleko atsedenaldia emanen zaie onuradunei.
16.–Jabetza intelektuala.
Bekadunek jabetza intelektualaren gainean dituzten eskubideak, bekaldian egindako jardueraren ondorioz eskuratzen direnak, eskubide horiek erregulatzen dituzten Estatuko arauetan ezarritakoari jarraikiz arautuko dira. Horri dagokionez, Administrazio Publikoak ez dio uko egiten legokiokeen jabetzari agirien, azterlanen, ikerlanen, lanen, eskubideen, emaitza zientifikoen eta izan litezkeen asmakuntzen gainean.
17.–Lan edo administrazio harremanik eza.
17.1. Bekak erabiltzea eta bekaduna izatea ez da zerbitzuak ematea, eta egoera horrek ez dakar berarekin lan harremanik, administratiborik edo estatutupekorik sortzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin, ez eta antzeko eskubiderik lortzea ere. Administrazioak ez du konpromisorik hartuko beka bukatutakoan bekaduna bere plantillan sartzeko.
17.2. Kasuan kasuko departamentuko funtzionario edo kontratudunek gainbegiratuko dituzte prestakuntzako bekadunei agintzen zaizkien lan edo jarduerak, eta haiek izanen dira lan horien erantzuleak. Bekadunek ezin izanen dituzte funtzionario publikoen eginkizunak bete edo berentzat hartu, ez eta hirugarrenen aurrean administrazio publikoaren kide, ordezkari edo agente gisa agertu ere.
18.–Kalte-ordainak jasotzeko eskubidea.
Bekadunek, prestakuntza egiten ari direneko Administrazio Publikoarekin duen harreman juridikoa ezertan aldatu gabe, eskubidea izanen dute zerbitzuagatik eta bidaiengatik izaten dituzten gastuengatik funtzionarioei dagozkien ordain berberak jasotzeko.
19.–Baldintzak ez betetzea.
Bekadunak bere gain hartutako betebehar eta eginkizunak betetzen ez baditu, haiek egitean ardurarik jartzen ez badu, errendimendu eta aprobetxamendu eskasa badu edo lanak kalitate gabekoak badira, beka aldi baterako edo betiko kentzea erabakiko du organo eskudunak, dagokion administrazio unitateak proposaturik eta interesdunari entzunaldia eman ondoren; horrekin batera zuzkidura ekonomikoaren zati proportzionala ere galduko du, galarazi gabe Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluaren arabera eska daitezkeen diru-itzulketak, berandutze-interesak eta ezar litezkeen zehapenak.
20.–Errekurtsoak.
Deialdi honen eta bere oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.
Deialdi honen aplikazio egintzen kontra zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedatutakoarekin bat.
21.–Aplikatu beharreko legeria.
Oinarri hauetan ezartzen ez den orotan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.
1. ERANSKINA
Eskabide-orria (PDFa).
2. ERANSKINA
Erantzukizunpeko adierazpena (PDFa).
Iragarkiaren kodea: F1711528
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
