198. ALDIZKARIA - 2017ko urriaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZIZUR NAGUSIA

Diru-laguntzak arautzen dituen ordenantza orokorra.
Behin betiko onespena

Zizur Nagusiko Udalak, 2017ko ekainaren 29an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Diru-laguntzak arautzen dituen ordenantza orokorra, baita horren arauzko tramitazioa ere.

Ordenantza horren espedientea jendaurrean paratu zen iragarkia argitaratuta 2017ko 143. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 26an, eta Udaletxeko iragarki oholean. Jendaurreko epean inork ez dio espedienteari inolako alegaziorik aurkeztu, ezta geroago ere. Beraz, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, hasierako onespenaren erabakia behin betikotzat hartzen da.

Argitara ematen da, aipatu ordenantzaren testu osoarekin batera, behar diren ondorio juridikoak izan ditzan.

Zizur Nagusian, 2017ko irailaren 26an.–Alkatea, Jon Gondán Cabrera.

UDALAREN DIRU-LAGUNTZAK ARAUTZEN
DITUEN ORDENANTZA OROKORRA

Zioen azalpena

Zizur Nagusiko Udalak eta haren erakunde autonomoek, indarreko legerian aurreikusitako sustapenerako teknika aplikatuz, lan handia egiten dute proiektuak, jarduerak edo jokabideak garatzen dituzten pertsona juridiko edo fisikoei, edo nortasunik gabeko entitateei diru-laguntzak emanez, horiek interes orokorrekoak diren eremuetan toki-entitateen eskumenekoak diren jarduerak laguntzen edo ordezkatzen baitituzte.

Jarduera hori eremu horretan arautzeko, esparru juridiko hau onetsi beharra dago, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeari, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrari eta Diru-Laguntzen erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuari egokitzen zaiona. Halaber, diru-laguntzak ematea eta sustatzea bat etortzen dira jarduera hori oinarritu behar duten printzipioekin: berdintasuna, publikotasuna, gardentasuna, objektibotasuna, eraginkortasuna eta efizientzia.

Bestalde, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrari eta hori garatzen duen araudiari jarraikiz, diru-laguntzen plan estrategiko bat egin beharra dago, aurreikusten diren diru-laguntzak kontrolatzeko eta ebaluazioa egiteko tresna izan dadin.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 9.2 artikuluari jarraikiz, diru-laguntzak eman aurretik, lege honetan ezarritako baldintzetan onetsi beharko dira laguntzak emateko oinarri erregulatzaileak ezartzen dituzten arauak. Halaber, Lege horren beraren 17.2 artikuluaren arabera, diru-laguntzak arautzen dituzten aipatu oinarri erregulatzaileak aurrekontua betetzeko oinarrien baitan onetsi behar dira, diru-laguntzen gaineko ordenantza orokor baten bitartez, edo, bestela, berariazko ordenantza bat eginez, diru-laguntzen modalitate bakoitzerako.

Aurreko paragrafoan adierazitakoa bete dadin, Diru-laguntzen ordenantza orokor hau onesten da, Zizur Nagusiko Udalak eta haren erakunde autonomoek eman beharreko diru-laguntzen oinarrien esparru juridiko erregulatzailea izan dadin diru-laguntzen berariazko ordenantzarik ez dagoenean, eta, betiere, azken horien osagarri aplika dadin.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

1. Zizur Nagusiko Udalak eta haren erakunde autonomoek eman eta, gaia dela medio, berariazko ordenantzarik ez duten diru-laguntzen araubide juridiko orokorra erregulatzea du xede ordenantza honek.

Horrela, diru-laguntzetarako berariazko ordenantza duten gaiei lotutako diru-laguntzak, ordenantza propio horien xedapenen arabera arautuko dira, eta Diru-laguntzak arautzen dituen ordenantza orokor hau osagarri gisa aplikatuko da.

2. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 17.3 a) artikuluak ezarritakoa bete beharrez, ondotik azaltzen diren objektu, gai, helburu, proiektu, jarduera edo jokabideak izaten ahalko dira diru-laguntzen xede, kontuan hartuta, betiere, horiek dagozkien deialdietan berariaz garatzen ahalko direla, edo zehazkiago zedarritu. Hona hemen:

a) Arlo sozialean:

–Beren mugikortasunean desgaitasunak dituzten pertsonei egokitutako garraiobide bat ematea.

–Laguntza ekonomikoak ematea larrialdi sozialeko egoeran dauden familiei, bizirauteko oinarrizko beharrei erantzuteko.

–Laguntza ematea beharra duten familiei ohiko etxebizitza mantentzeko.

–Laguntza ekonomikoak ematea hezkuntzarako eta eskolako jantokirako herriko ikastetxe publikoetan eskolatutako adingabeei, haien familiek diru premia larria pairatzen dutenean.

–Laguntza ekonomikoak ematea osasunarekin zerikusia duten gaientzako, gizarte bazterketarako arriskua duten pertsonen integrazioa eta normalizazioa errazte aldera, betiere horren kostua Nafarroako Gobernuak edo beste instituzioek bere gain ez badute.

–Familiei edo pertsonei sostengua ematea, familiako kideren bat tratamendu terapeutikoan badute errehabilitazio zentro batean, eta egonaldiaren kostuari aurre egiteko baliabiderik ez badute.

–Laguntzak ematea gizarte ekintzaren alorreko elkarte, talde edo kolektiboei, haien lana Nafarroan egiten badute.

–Gizarte ekintzako proiektuak garatzea behar berezia duten kolektiboentzat.

–Familientzako laguntzak ematea, adingabeak beren kargu badituzte.

–Garapen bidean dauden herrialdeekin lankidetza proiektuak egitea.

–Prestakuntzarako laguntza ekonomikoak, gizarteratzeko eta laneratzeko programan parte hartzen dutenentzat.

–Lana eta gizarte kontuak bateratzeko laguntzak ematea familiei edo pertsonei.

–Aisiaren eta denbora librearen esparruan prebentzio eta sustapenerako proiektuak garatzea.

–Larrialdi humanitarioko jarduketak egitea.

–Laguntza ematea herriko jubilatuen elkarteari, jarduerak egin ditzaten hirugarren adinekoentzat, pentsionistentzat eta jubilatuentzat.

–Eta oro har, beste edozein jarduera, baldin eta bideratuta badago familien, haurren eta nerabeen, adinekoen, emakumeen, desgaitasuna dutenen, etorkinen, etnien eta gizartetik baztertzeko arriskuan dauden beste talde batzuen prebentziora, esku hartzera, asistentziara, errehabilitaziora, gizarteratzera edo gizarte ongizateraren sustapenera; baita elkarteen mugimendua eta gizarte boluntariotza sustatzeko, eta gabezia egoera larriei eta larrialdi sozialeko egoerei arreta emateko edozein jarduera ere.

b) Lan arloan:

–Lanik gabe dauden pertsonen kontratazioa sustatzea, Zizur Nagusian erroldatuta badaude.

–Autoenplegua laguntzea eta sustatzea, Zizur Nagusian enpresak sortzea.

c) Merkataritza arloan:

–Zizur Nagusian txikizkako merkataritza sustatzea.

d) Hezkuntza arloan:

–Eskolaz kanpoko jarduerak eta jarduera osagarriak sustatzea eta laguntzea, hezkuntza-garapena laguntzeko eta ikasleen eta haien gurasoen parte hartzea sustatzeko, Zizur Nagusiko haur hezkuntzako, lehen hezkuntzako, bigarren hezkuntzako eta batxilergoko ikastetxeetako ikasleen guraso elkarteek antolatuak direnean.

e) Hirigintza arloan:

–Laguntza ematea Zizur Nagusiko eraikinak zaharberritzeko, eta horeitan dauden oztopo arkitektonikoak kentzeko.

f) Kultura arloan:

–Kultur elkarte eta taldeek kultur jarduerak gauzatzea eta programatzea.

–Musika emanaldiak.

–Kultur adierazpen oro sustatu eta hedatzea.

–Talde profesionalen kultur jarduna sustatzea.

–Sormena, arte plastikoak, eszenikoak eta musikalak sustatzea.

–Oro har, harremana duen edozein kultur jarduera sustatzea.

g) Kirol arloan:

–Zizur Nagusiko kirol instalazioetan abonamendua duten haur, gazte eta helduei kirol jardueretako partaidetza eta kirol bakoitzarekiko fidelizazioa erraztea.

–Zizur Nagusiko klubek eta kirol sailek Zizur Nagusian antolatzen dituzten kirol ekitaldiak eta ikuskizunak erraztea eta sustatzea.

h) Bestelakoak:

–Udalaren jardunaren osagarri izan eta artikulu honetan deskribatu ez den beste edozein jarduera, betiere diruz laguntzeko modukoa bada.

3. Diruz laguntzen ahal diren objektuak, gaiak, helburuak, proiektuak, jarduerak edo jokabideak, artikulu honetan ageri direnak, ez dira numerus clausus moduan hartuko ordenantza honen ondorioetarako; aitzitik, dagokien deialdian zabaldu eta zehazten ahalko dira edo, orobat, diru-laguntza lerro berriak ezarri diru-laguntzen plan estrategikoaren bitartez.

2. artikulua. Diru-laguntza zer den.

1. Hona zer jotzen den diru-laguntzatzat, Ordenantza honen ondorioetarako: Zizur Nagusiko Udalak edo haren erakunde autonomoek emandako dirua, Ordenantza honen arabera diru-laguntzak eskuratzen ahal dituzten pertsonen alde, betiere ondoko baldintzak betez gero:

a) Dirua onuradunen zuzeneko kontraprestaziorik gabe ematea.

b) Dirua emateko baldintza izatea xede jakin bat bete dadila, edo proiekturen bat gauzatu, jardueraren bat egin nahiz jokabide berezia har dadila (jada burutuak izan daitezke nahiz oraindik burutu gabeak), edo inguruabar jakin bat gertatzea; eta onuradunari ezarritako betebehar material eta formal batzuk betetzea.

c) Finantzatzen den proiektu, ekintza, jokabide edo egoeraren helburuak onura publikoko, gizarte intereseko edo interes orokorreko jardueraren bat bulkatzea edo xede publikoren bat sustatzea izan behar du.

2. Honako hauek ordenantza honen aplikazio eremutik kanpo daude:

a) Zizur Nagusiko Udalaren edo haren erakunde autonomoen eta beste administrazio publikoen arteko diru-ekarpenak, oro har haien eskumenen esparruko jarduna finantzatzekoak badira.

b) Udaleko talde politikoei edo Udalbatzari ematea udal aurrekontuan aurreikusiak dauden diru-ekarpenak.

c) Publizitatez deitzen diren sari ofizialak eta onuradunek aldez aurretik eskatu gabe ematen direnak.

d) Onura fiskalak.

3. artikulua. Diru-laguntzen plan estrategikoa.

1. Zizur Nagusiko osoko bilkurak, ezein diru-laguntza ezarri aurretik, diru-laguntzen plan estrategiko bat onetsi beharko du, edo indarrean dagoena ordezkatu.

2. Plangintza hau urte anitzekoa izango da eta 3 urteko indarraldia izango du.

3. Diru-laguntzen plan estrategikoak eduki hau izango du:

a) Berau aplikatuz erdietsi nahi diren helburu eta efektuak.

b) Gauzatzeko behar den epea.

c) Aurreikusitako kostuak eta finantziazio iturriak, betiere aurrekontuen egonkortasunerako helburuak bete beharraren menpean.

d) Jarraipena eta etengabeko ebaluazioa egiteko sistema, diru-laguntza lerro bakoitzari aurreikusitako helburuen araberako adierazleak esleituz.

e) Aurreko plan estrategikoen ebaluazioaren emaitzak.

4. Diru-laguntzen plan estrategikoaren eremuak Zizur Nagusiko Udalak eta haren patronatuek aurreikusten duten diru-laguntza oro bilduko du. Salbu, behar bezala egiaztatutako arrazoiak tarteko, plan estrategiko batean baino gehiagotan banakatzea komenigarria dela ikusten bada.

5. Urtero, ekitaldiko lehen lauhilekoan zehar, alor bakoitzak, kudeaketa zentro, administrazio unitate edo menpeko erakunde bakoitzak, osoko bilkurari justifikazio memoria bat helaraziko dio, diru-laguntza lerroak xede dituen helburuen bete maila baloratzeko, baita programaren bidezkotasuna edo ezabapena ere. Xede diren helburuak behar den mailan lortzen ez dituen edo inbertitutako errekurtsoen neurriko emaitzarik lortzen ez dituen diru-laguntza lerrorik baldin badago, aldatzen ahalko dira edo eraginkorragoak eta efizienteagoak diren beste batzuk jarri haien ordez, edo hala dagokionean, deuseztatzen ahalko dira.

4. artikulua. Printzipio nagusiak

1. Honako printzipio hauen arabera kudeatuko dira ordenantza honek aipatzen dituen diru-laguntzak:

a) Publikotasuna, gardentasuna, lehia, objektibotasuna, tratu berdintasuna, diskriminazio eza eta kontrola.

b) Eraginkortasuna, finkatutako helburuak betetzean.

c) Efizientzia, baliabide publikoak esleitu eta erabiltzean.

d) Laguntzak ematea justifikatzen duten bitartekoak eta helburuak elkarrekin bat etortzea.

2. Diru-laguntzak ezartzea proposatzen duten organoek aldez aurretik adierazi beharko dute zein xede eta onura publiko edo sozialeko eragin lortu nahi diren, zenbat denbora behar den horiek lortzeko, ustez zenbateko kostuak izanen diren eta zein finantzabide erabiliko diren, eta, betiere, aurrekontuan dirua egotearen mende jarriko dute diru-laguntza.

3. Lortu nahi diren xedeek merkatua ukitzen baldin badute, argi eta garbi identifikaturiko akatsak zuzentzera bideratu behar dira eta haien ondorioek ahalik distortsiorik txikiena eragin behar dute.

5. artikulua. Diru-laguntzak emateko irizpide objektiboak.

Diru-laguntzen plan estrategikoko lerro estrategikoetan eta kasuan kasuko deialdietan ezar daitezkeen irizpide propioak eta berariazkoak deusetan ukatu gabe, ondoko irizpide objektibo orokorrak izan daitezke oinarri, Zizur Nagusiko Udalak diru-laguntzak emateko:

a) Eskatzailearen gaitasun ekonomikoa.

b) Proiektuaren bideragarritasuna.

c) Ekintzaren justifikazioa, ezarritako helburuak eta proposatutako jarduerak bat etortzea elkarren artean.

d) Jardueraren edo proiektuaren sormena, prestatze maila, berrikuntza, originaltasuna eta interesa.

e) Proiektuari generoaren ikuspegia eranstea.

f) Jarduerak edo proiektuak sortutako ondorioen iraunkortasun maila.

g) Beste entitateekiko koordinazio eta lankidetza mailak.

h) Antzinatasuna eta eskarmentua, gisako proiektuetan.

i) Entitatea osatzen duten kide kopurua eta jarduerek gizartean izanen duten eragina, haietan zenbat lagunek izena eman duten kontuan hartuta.

j) Eskatzailearen gaitasun teknikoa nahiz antolaketarako eta kudeaketarako gaitasuna.

k) Proiektua zer esparrutan garatuko den, horrexen baldintzetara egokitzea gizartearen, kulturaren eta abarren aldetik.

l) Kalitate teknikoa.

m) Kalitate artistikoa.

n) Eskatzaileak bere burua finantzatzeko duen gaitasuna eta beste finantziazio-funtsak eskura izatea.

ñ) Proiektuaren edo programatutako jardueren segimendu eta ebaluazio sistemak.

o) Iritzi publikoa sentsibilizatzen laguntzea.

p) Zizur Nagusiko herritarrek jardueretan parte hartzeko eskuragarritasun maila.

q) Boluntarioek parte hartzea proiektua edo jarduera gauzatzen.

r) Prestakuntzaren edo hezkuntzaren aldetik biztanleriaren bizi mailaren hobekuntzan eragiten ahal duten alderdiei mesede egitea.

s) Onuradunen parte hartze aktiboa, diru-laguntzaren xedea den ekintzan.

t) Antzinatasuna Zizur Nagusiko erroldan.

u) Eskabideak erregistroan aurkezteko ordena kronologikoa.

6. artikulua. Diru-laguntzak emateko betekizunak.

1. Ondoko baldintzak bete behar dira, diru-laguntzak emateko:

a) Diru-laguntza ematen duen administrazio organoa eskuduna izatea.

b) Kreditu egokia eta nahikoa izatea, diru-laguntza emateak berekin dakartzan betebehar ekonomikoei aurre egiteko.

c) Diru-laguntza emateko prozedura tramitatzea.

d) Eduki ekonomikoa duten egintzen aldez aurretiko fiskalizazioa, aplikatzeko diren arauetan aurreikusitakoarekin bat.

e) Horretarako eskumena duen organoak gastua onestea.

2. Aitzineko betekizunez gain, nahitaezko baldintza izanen da Zizur Nagusiko udalerriko lurralde esparrua izatea, oro har, proiektuaren xederen eta helburuaren kokalekua, hau da, proiektua gauzatzeko, jarduera egiteko edo jokabide berezi bat hartzeko lekua horixe izatea edo diruz laguntzen den gertaera bertan egitea.

3. Salbuespen gisara, diru-laguntzaren xede den inguruabarra Zizur Nagusiko udal mugarteaz gaindikoa bada, Udalaren interesen aldekoa izan beharko du, zuzenean edo zeharka izan ere, halako moduz non baldintza horrek aski justifikaturik gelditu beharko baitu espedientean, txosten arrazoitu baten bitartez, diru-laguntza eman baino lehen.

Baldintza horretatik salbuetsiak daude garapen bidean dauden herriendako laguntzen aurrekontu programan aurreikusitako garapen proiektuetarako eta larrialdi humanitarioko jarduketetarako diru-laguntzak.

4. Ezin izanen dira diru-laguntzen xede izan herritar orori irekiak ez diren jarduerak, hala horiek prestatzean nola gauzatzean.

7. artikulua. Eskumena.

1. Diru-laguntzen deialdia egiteko eta haiek emateko eskumena Alkatetzari dagokio, ezartzen diren eskuordetzeak deusetan ukatu gabe.

2. Erakunde autonomoen esparruan, bere estatutuetan eskumen hori zein organori esleitu zaion, horiexek izanen dira eskudunak.

8. artikulua. Onuradunak.

1. Diru-laguntzen onuraduntzat joko da diru-laguntza ematea zertan oinarritu den, jarduera horixe gauzatuko duen pertsona, edo diru-laguntza ematea bidezko bilakatzen duen egoeran dagoena.

2. Onuraduna pertsona juridikoa denean, honako hauek ere onuraduntzat joko dira: bazkide izanik haren izenean eta haren kontura diru-laguntzaren xede diren jarduerak osorik edo zati batean egiteko konpromisoa hartzen dutenak.

3. Onuradun izaten ahalko dira pertsona fisikoen edo juridikoen batasunak –publikoak nahiz pribatuak–, ondasun erkidegoak eta bestelako unitate ekonomikoak edo ondare bereiziak, nortasun juridikorik ez izanik ere, baldin eta diru-laguntzaren xede diren proiektu, jarduera edo portaerak gauzatzen ahal badituzte edo diru-laguntza ematea zilegi egiten duen egoeran aurkitzen badira.

Halakoetan, batasuneko kide bakoitzak bere gain hartutako konpromisoak espresuki adieraziko dira eskaeran eta kontzesioaren ebazpenean; orobat, bakoitzari aplikatuko zaion diru-laguntzaren zenbatekoa. Kide guztiak onuraduntzat hartuko dira. Nolanahi ere, batasunaren ordezkari edo ahalorde bat izendatu beharko da, batasunari onuradun gisa dagozkion zereginak betetzeko adinako ahalen jabe. Diru-laguntzak arautzen dituen legerian ezarritako preskripzio epea bukatu arte batasuna ezin da desegin.

9. artikulua. Onuradunaren betebeharrak.

1. Onuradunaren betebeharrak.

a) Diru-laguntza jasotzeko behar den jokabidea izan, xedea bete, proiektua gauzatu edo jarduera egitea.

b) Emandako diru-laguntza diru-laguntzaren xede diren gastuak finantzatzeko baizik ez erabiltzea.

c) Organo emaileari edo, halakorik bada, entitate laguntzaileari frogatzea betebeharrak eta baldintzak betetzen direla eta diru-laguntza emateko edo jasotzeko arrazoi izan diren jarduera eta helburua gauzatu eta bete direla.

d) Organo emaileak edo entitate laguntzaileak egin beharreko egiaztapenak onartzea, eta kontrol organo eskudunek egin beharreko egiaztapenak eta finantza-kontrolak ere bai, betiere Udalaren agiritegietan jaso ez eta halako jarduketak egiteko eskatzen dioten informazio guztia emanik.

e) Lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu edo lortutako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari edo entitate laguntzaileari. Jakin bezain laster emanen da haien berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.

f) Diru-laguntzak ematen dituen ebazpenaren proposamena egin baino lehen, Gizarte Segurantzarekiko obligazioak eta zerga-betebeharrak eguneratuak dituztela frogatzea. Zizur Nagusiko Udalarekiko zerga-betebeharrak eguneratuak daudela frogatzea ofizioz eginen da.

g) Egiaztatze eta kontrol ahalmenakbehar bezala erabiltzen direla bermatzeko, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak edukitzea, behar bezala ikuskaturik, onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan, eta halaber, deialdietan edo ebazpenetan eskatzen diren kontabilitate orriak eta erregistro berariazkoak edukitzea, eta horiek guztiak zaintzea.

h) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

i) Behar bezalako publizitatea egitea, diru-laguntza jaso behar duten programak, jarduerak, inbertsioak edo jarduketak Zizur Nagusiko Udalak finantzatu dituztela jakitera emate aldera, betiere betekizun hori kasuan kasuko deialdiak, hitzarmenak edo ebazpenak galdatzen badu.

j) Euskararen eta berdintasunaren arloko udal ordenantzen xedapenak errespetatu eta betetzea, bai publizitatea eta materialak erabiltzean bai jarduerak gauzatzean.

k) Eskuratutako diruak itzultzea, bidezko delarik.

10. artikulua. Entitate laguntzaileak.

1. Honakoak joko dira entitate laguntzailetzat: diru-laguntzari dagokion guztian organo emailearen izenean eta haren kontura ari direlarik, onuradunei funts publikoak eman eta banatzen dizkietenak, edo, aurretiaz funtsak eman eta banatu gabe, diru-laguntzaren kudeaketan laguntzen dutenak. Funts horiek ez dira inoiz hartuko entitate laguntzailearen ondaretzat. Halaber, Batasuneko araudiari jarraituz onuradun izendatutakoak entitate laguntzailetzat joko dira baldin eta aurreko paragrafoan aipatutako eginkizunak soil-soilik bete behar badituzte.

2. Entitate laguntzailetzat jo ahalko dira erakunde eta gainerako ente publikoak, administrazio publikoren bat partaide bakarra edo nagusia duten merkataritza-sozietateak, zuzenbide publikoko erakunde edo entitateak eta toki entitateek beren interes komunak sustatu eta babesteko eratutako elkarteak, baita ezartzen diren kaudimen eta eraginkortasun baldintzak betetzen dituzten gainerako pertsona juridikoak ere, publikoak izan nahiz pribatuak.

3. Entitate laguntzaileen kaudimena egiaztatutzat joko da finantza-erakundeen aldeko txostena aurkeztuta, non eta ez den eskatzen deialdian bertan beste baliabide batzuen bitartez frogatzeko.

4. Entitate laguntzaileen eraginkortasuna egiaztatzeko, diru-laguntzaren xedearekin zerikusia duten jardueren zerrenda aurkeztuko da, betiere ez bada deialdian beste bitartekoren bat jartzen.

5. Diru-laguntza ematen duen administrazio organoaren eta entitate laguntzailearen arteko lankidetza hitzarmena eginen da eta bertan arautuko dira entitate laguntzaileak bete beharreko baldintzak eta betebeharrak.

6. Diru-laguntza emateko eskumena duen organoak izanen du hitzarmen hori onesteko eskumena.

7. Lankidetza hitzarmenak gehienez ere lau urte iraunen du.

11. artikulua. Onuradun edo entitate laguntzaile izateko betekizunak.

1. Onuradun edo entitate laguntzaile izan daitezke diru-laguntza jaso ahal izateko moduko egoeran dauden pertsona edo entitateak, edo ordenantza honetan eta deialdietan adierazitako egoeran daudenak.

2. Pertsonak edo entitateak ezin dira onuradun edo entitate laguntzaile izan, ondoren aipatzen diren arrazoietako bat dagoenean, betiere diru-laguntzaren izaera kontuan izanik, deialdian salbuespenen bat egiten ez bada:

a) Epai irmoan ezarritako kondenaren ondorioz diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko gaitasunaz gabeturik egotea, edo kondenaturik izan direnak delitu hauengatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoen bidegabeko eralgitzea, influentzia trafikoa, iruzurrak eta ordainarazpen legez kanpokoak edo hirigintzako delituak, sententzian jasotako moduan, epean eta hedaduran.

b) Konkurtso deklarazioa eskatua izatea, prozeduraren batean kaudimengabe deklaratua izatea, konkurtsoan deklaratua izatea, esku-hartze judizialaren menpe egotea, edo desgaitua Konkurtsoari buruzko Legearen arabera, konkurtsoa kalifikatzeko epaian ezarritako desgaikuntza aldia bukatu gabe.

c) Administrazioarekin izenpeturiko edozein kontratu bukatutzat ematera behartua izatea, kausaren batean erruduntzat joa izateagatik.

d) Pertsona fisikoak, merkataritzako sozietateen administratzaileek edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenek bateraezintasuna izatea kontratua egiteko, kasu bakoitzari aplikatzen zaion legerian jasota baitago, edo Hauteskundeetako Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoak arautzen dituen hautapen bidezko karguetako bat izatea, hartan ezarritako moduan.

e) Diru-laguntza emateko ebazpen proposamena egiten den unean zerga arloko eginbeharrak edo Gizarte Segurantzakoak bete gabe izatea, indarra duten xedapenek behartzen dutenez.

f) Erregelamendu bidez paradisu fiskaltzat jotako herrialde edo lurralde batean izatea egoitza fiskala.

g) Udalak edo bere erakunde autonomoek emandako diru-laguntzak itzultzera beharturik, haiek ordaindu gabe izatea.

h) Diru-laguntza eta laguntza publikoen arloan edo zerga kontuan arau-haustea egin eta administrazio prozedura batek emandako epai irmo bat dela bide, diru-laguntzarik hartzeko aukera galdu izatea zehapen gisa.

i) Ordenantza honen 8. artikuluaren 3. apartatuko bigarren paragrafoan aipatzen diren batasunak ezin izanen dira onuradun izan, haien kideetako edozeinek aurreko debekuetakoren bat badu.

3. Elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan ezarritako debekuak dituzten elkarteak ezin dira inola ere izan ordenantza honetan araututako diru-laguntzen onuradun edo entitate laguntzaile.

Halaber, elkarteak ezin izanen dira onuradun edo entitate laguntzaile izan, baldin erregistroan inskribatzeko administrazio prozedura etenik badute, lege-hauste penala egin izanaren arrazoizko zantzuak agertu direlako eta 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatu zaielako, harik eta erregistroan inskribatzen uzten dien ebazpen judizial irmoa eman arte.

4. Halaber, ezin izanen zaie diru-laguntzarik eman Zizur Nagusiko Udalarekin dauzkaten zorrak direla-eta premiamendu bidez kobratzeko prozeduran sarturik dauden entitate edo partikularrei, ezta toki erakunde horrekin zerga-betebeharrak egunean ez dituztenei ere, harik eta zor horiek ordaindu eta likidatu arte edo zerga-betebeharrak bete arte. Ofizioz egiaztatuko dira inguruabar horiek.

Esanak esan, salbuespen gisara, diru-laguntzaren izaera nolakoa den, Zizur Nagusiko Udalak ofizioz kitatzen ahalko ditu diru-laguntzen onuradunekin kobratzeke dituen zorrak, diru-laguntzen bidez horiek osorik edo parte batean berdinduta; edo, baita ere, baldintza hori bete gabe uzten ahalko du, gizarte larrialdietako egoera berezietan. Salbuespen hori aplikatu ahal izateko, aukera horrek kasuan kasuko deialdian, hitzarmenean edo ebazpenean jasota egon beharko du, eta espedientean justifikatuta egon, txosten tekniko bidez, neurri horretatik salbuesteko arrazoia edo arrazoiak.

5. Pertsona edo entitateek, onuradun edo entitate laguntzaile izateko, artikulu honen 2. eta 3. Apartatuetan ezarri diren debekuetako bat bera ere ez dutela frogatzeko, ondoko bideren bat erabiltzen ahalko dute:

a) Lekukotza judizial, ziurtagiri telematiko edo datu-transmisio bidez, Estatuko Administrazio Orokorrak edo erkidego autonomoek teknika elektroniko, informatiko eta telematikoen gainean egiten duten erabilera arautzen duten erregelamenduzko arauekin bat, edo kasuen arabera, administrazio-ziurtapen bidez.

b) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez. Deialdian bestelako frogabideak ezartzen ahalko dira. Betiere administrazioak ahalmena izanen du aurkeztutako adierazpen edo frogagiriak egiazkoak ote diren ikertzeko.

Ez da beharrezkoa izanen Udalaren agiritegietan jasota dauden alderdiak agiri bidez egiaztatzea; halako kasuetan, entitatearen legezko ordezkariak erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du, Udalaren agiritegietan dauden agiriak indarrean daudela eta ez direla aldatu ziurtatzeko.

12. artikulua. Eskaerak aurkezteko modua eta epea.

1. Interesdunen eskaerak interesdunak sinatutako eskabide baten bitartez egin behar dira, betiere kasuan kasuko deialdiak ezarritako eredu normalizatuarekin bat.

2. Hona eskaerak aurkezteko epea:

a) Norgehiagoka bidezko diru-laguntzen kasuan, oro har, eskaera aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdia argitaratu eta biharamunetik aitzina, deusetan ukatu gabe diru-laguntzaren izaera berezia dela-eta edo inguruabar berezirik suertatzen bada, deialdiak bestelako epea ezartzen ahal duela.

b) Norgehiagokarik gabeko diru-laguntzen kasuan, deialdia argitaratu eta hurrengo lehen egun baliodunean hasiko da eskaerak aurkezteko epea eta haren indarraldia bukatu arte iraunen du.

II. TITULUA

Diru-laguntzak emateko prozedurak

I. KAPITULUA

Prozedura ezberdinen sailkapena

13. artikulua. Diru-laguntza emateko prozedurak: norgehiagoka bidez, banakako ebaluazioaren araubidea eta zuzenean.

1. Diru-laguntzak emateko ohiko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da. Honako hau joko da norgehiagokatzat: diru-laguntzak emateko aurkezten diren eskaerak alderatzea, lehentasunaren arabera ordenatzeko, deialdi bakoitzean ezarri diren balorazio irizpideei jarraituz, eta irizpide horien arabera balorazio hoberena lortu duten eskaerei diru-laguntza esleitzea, deialdi bakoitzean gastuendako ezarritako muga gainditu gabe. Salbuespena egin daiteke lehentasun hurrenkera ezartzeko betekizunean, baldin eta deialdian ezarritako kreditua behar adinakoa bada, eskaerak aurkezteko epea bukatutakoan onetsitako eskaeren kopurua kontuan harturik.

Eskaerak baloratzeko Ebaluazio Batzordea eratuko da, kide hauek osatua:

–Batzordeburu bat.

–Hiru kide.

–Idazkari bat, hitzarekin eta botoarekin.

Ebaluazio Batzordea eratuko duten kideen izendapena, kasuan kasuko deialdian adieraziko da.

Batzordearen jarduna lotuko zaio Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak kide anitzeko organoendako ezarri duen araubideari; proposamen-txosten arrazoitu bat eman beharko du, egindako ebaluazioaren emaitza zehazteko.

Salbuespenez, deialdiaren xedea zein den eta horrexekin bat, eta deialdian hala aurreikusiz gero, organo eskudunak diru-laguntzaren onuradunen artean hainbanatzen ahalko du diru-laguntzetarako jarritako gehieneko zenbateko osoa.

2. Diru-laguntzaren izaera kontuan harturik “lehia” izan bai, baina horrek ez badu “norgehiagokaduna” izateko ezaugarririk, banakako ebaluazioaren araubidea aplikatuko da.

Banakako ebaluazioaren araubidetzat ulertuko da, berriz, eskaerak ebaluatzeko eta bakoitzari bere ebaluazioaren araberako diru-laguntza emateko irizpideak deialdiaren oinarrietan ezartzen direnean. Eskaerak jaso ahala espedienteak izapidetu eta ebatziko dira, eta diru-laguntzak emanen dira horretarako aurrekontu-krediturik dagoen bitartean.

Banakako ebaluazioaren araubideari ordenantza honetan jasotako norgehiagokaren prozeduraren arau orokorrak zaizkio aplikagarri, salbu eta, diru-laguntza mota hauen izaera berezia dela-eta, “norgehiagoka” ezaugarri berariazkoari dagozkion alderdietan edo galdakizunetan.

Araubide berezi horretan ez da nahitaez kide anitzeko balorazio batzorderik osatu beharrik, aitzineko apartatuan aipatu bezala; izan ere, instrukzio organoari egokituko zaio ofizioz egitea eskaeren gaineko ebaluazioa, betiere deialdian, hitzarmenean, ebazpenean edo berariazko ordenantzan ezarritako irizpideekin, moldeekin eta lehentasunekin bat.

3. Diru-laguntza hauek zuzenean eman ahalko dira:

a) Zizur Nagusiko Udalaren edo haren erakunde autonomoen aurrekontu orokorrean aurreikusitako diru-laguntza izendunak. Udal aurrekontuan agertuko dira onuradunaren izena, diru-laguntzaren xedea eta zenbatekoa.

Aurrekontua betearazteko oinarrietan mota honetako diru-laguntzak zehaztuko dira. Hitzarmenak izango dira diru-laguntza hauek formalizatzeko ohiko instrumentua. Hitzarmena ez bada formalizatzen, aurreko aferak diru-laguntza emateko ebazpenaren bidez zehaztu beharko dira.

b) Lege mailako arauren batek aginduta edo zenbatekoa zehaztuta Administrazioak ematen dituenak. Prozedura aplikagarria erabiliko da diru-laguntza horiek emateko, bakoitzaren araudiari jarraikiz.

c) Salbuespen gisara, interes publiko, sozial, ekonomiko edo humanitarioko arrazoi frogatuengatik edo behar bezala justifikatutako beste arrazoi batzuengatik ematen diren diru-laguntzak, deialdi publikoa egitea zailtzen dutelako.

II. KAPITULUA

Diru-laguntzak norgehiagoka bidez emateko prozedura

14. artikulua. Abiapuntua: deialdia.

1. Diru-laguntzak emateko prozedurari ofizioz emango zaio hasiera, Ordenantza honetan ezarritako organo eskudunak onetsitako deialdi baten bidez.

2. Udaleko alor edo erakunde autonomo kudeatzaileak, gaia zein den, organo eskudunari aurkeztuko dio deialdiaren proposamena, behin aurrekontuan eskuragarri dauden kredituetatik beharrezko kreditua atxiki, eta Udalaren Kontu-hartzailetzak txostena egin eta gero, hark onar dezan. Honakoa Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean (DDBN) argitaratu beharko da, eta horren laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

3. Deialdiak eduki hau izanen du, gutxienez ere.

a) Adierazi beharra dago Zizur Nagusiko Udalaren Diru-laguntzen gaineko ordenantza orokorra behin betiko onetsi duen Udalbatzaren erabakia, bai eta hori Nafarroako Aldizkari Ofizialaren zein zenbakitan eta zein datatan eman den argitara ere, salbu oinarri arautzaileak berariazkoak izateagatik deialdian bertan argitaratzen badira.

b) Diru-laguntzak zein aurrekontu-kredituri egozten zaizkion eta, eskuragarri diren kredituen zenbatekoa kontuan harturik, diru-laguntzek guztira zenbat jotzen duten. Salbuespenez, deialdiak zenbateko gehigarri bat ezartzen ahalko du, eskuragarri diren kredituen guztirako gehieneko zenbatekoaz gain, diru-laguntzak emateko deialdi berria egitea beharrezkoa ez bada eta bere eraginkortasuna kreditu erabilgarria egotearen menpe egonik, Diru-laguntzei buruzko Legearen Erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 58 artikuluan aurreikusitakoaren ondorioz. Kreditu gehigarri hau Alkatetzak onetsi beharko du, edo erakunde autonomoetako organo eskudunak, kudeaketa alorreko arduradunaren proposamenez, edo erakunde autonomoaren proposamenez, eta hala badagokio, aldez aurretik onetsiz bidezko den aurrekontuko aldaketa.

c) Diru-laguntzaren xedea, baldintzak eta helburua.

d) Diru-laguntzak norgehiagoka bidez emanen direla adieraztea.

e) Diru-laguntza eskatzeko baldintzak eta haien frogabideak. Adingabeendako zerbitzu eta programak egiteko diru-laguntzen deialdi publiko guztietan, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da, diru-laguntza eskatzen duen entitatearen legezko ordezkariak emana, non adieraziko baita jarduerak edo programak egin behar dituzten pertsona guztiek zein boluntarioek 1/1996 Lege Organikoaren 13.5 artikuluan eta 45/2015 Legearen 8.4 artikuluan ezarritako baldintza betetzen dutela.

f) Prozedura ebatziko duen organo eskuduna, eta, erakunde autonomoen kasuan, instrukzio organoa adieraztea.

g) Ebaluazio Batzordea eratuko duten kideen izendapena.

h) Eskaerak aurkezteko tokia eta epea.

i) Ebazteko eta jakinarazteko epea.

j) Eskaerari erantsi beharreko dokumentu eta argibideak.

k) Ebazpenak bide administratiboari amaiera ematen diola ohartaraztea.

l) Eskaerak baloratzeko irizpide objektiboak.

m) Hala behar badu, eta deialdiaren xedea zein den, adierazi beharra dago gehieneko zenbateko osoa diru-laguntzen onuradunen artean hainbanatuko ote den.

n) Jakinarazteko edo argitaratzeko bidea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezarritakoaren arabera.

o) Ezespen espresaren edo ustezkoaren aurka paratzen ahal diren errekurtsoak.

Gehigarri gisara, deialdiak ondoko alderdiak jasotzen ahalko ditu:

a) Azpikontratazioa egiteko aukera, betiere araudian ezarritako mugekin bat.

b) Onuradunak proiektuaren ehuneko zenbat finantzatu behar duen, dela bere funts propioekin dela beste diru-laguntzen bitartez.

c) Ordaintzeko modua, behar izatera konturako ordainketak eta aldez aurretiko ordainketak egiteko aukera finkatu eta justifikatuta.

d) Diru-laguntzaren bateragarritasuna edo bateraezintasuna.

e) Justifikatzeko manerak, dagozkion agiriak aurkezteko epea eta ebaluazio memorian adierazi beharreko alderdiak.

f) Aurreikusi ez diren inguruabarrak direla medio proiektuan aldaketak egiteko aukera.

g) Beharrezkoa bada, eta diru-laguntzaren izaera nolakoa den, adierazi beharra dago posible ote den ofizioz kitatzea diru-laguntzen onuradunekin kobratu gabe dituen zorrak, diru-laguntzen bidez horiek berdinduta.

h) Beharrezko bada, onuradunek edo entitate laguntzaileek eratu behar dituzten berme neurriak nahiz horiek eratzeko, gordailatzeko eta baliogabetzeko bitartekoak.

i) Beharrezko bada, dirua jaso duen jardueraren gaineko agirietan eta propaganda idatzi edo grafiko orotan Udal honen diru-laguntza jaso duela adierazteko baldintza.

4. Deialdi bakoitzean, testuarekin batera txosten juridikoa aurkeztu beharko da, Udalaren zerbitzu juridikoek egina, edo erakunde autonomoarenek, hala badagokio.

5. Interesdunen eskabidearekin batera, dagokion deialdian zehaztutako agiriak eta argibideak aurkeztuko dira, salbu eta galdatutako agiriak administrazio honen edo haren erakunde autonomoen eskuetan badaude; horrelakoetan, haien ordez erantzukizunpeko adierazpena aurkezten ahalko da, eta bertan adieraziko, noiz eta zein organotan edo bulegotan aurkeztu edo egin ziren edo, beharrezkoa bada, zeinetan dauden jasota.

Inoiz ere ezin izanen dira bortz urte baino gehiago iragan, dagokien prozedura amaitu denetik.

6. Arestian xedatua gorabehera, administrazio honek edo haren erakunde autonomoek ezin badute dokumentua eskuratu, eskatzaileari eskatu ahal izanen diote aurkezteko edo, bestela, dokumentuan erakusten diren beharkizunak beste bide batzuen bidez frogatzeko, ebazpen proposamena eman aitzin.

7. Diru-laguntzei buruzko deialdiak, aukeran, hainbat agiriren ordez eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea onartzen ahalko du. Halako kasuetan, diru-laguntza emateko ebazpen proposamena egin baino lehen, adierazpenean jasotako datuen egiazkotasuna ziurtatzen duten agiriak aurkezteko galdatu beharko da, 15 egun baliodun baino gehiago joko ez duen epean aurkeztu ere.

8. Eskaerak ez baditu betetzen deialdian ezarritako betekizunak, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere 10 egun balioduneko epe luzaezinean zuzenketa egin dezala, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela. Betiere aitzinetik ebazpena emanen da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan aurreikusiarekin bat.

15. artikulua. Instrukzioa.

1. Diru-laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa ondokoek eginen dute:

a) Zizur Nagusiko Udalaren esparruan, diru-laguntza kudeatzen duen alorreko arduraduna.

b) Erakunde autonomoen esparruan, deialdian zehaztutako organoa edo pertsona.

2. Instrukzio organoak datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen dituen jarduketak eginen ditu, ofizioz, horiei jarraikiz eginen baita ebazpen proposamena.

3. Instrukzio jarduketek ondokoak hartuko dituzte barne, nahitaez hartu ere:

a) Ebazpena emateko beharrezkotzat jotzen diren txosten guztiak eskatzea. Txostena emateko epea 10 egunekoa izanen da, instrukzio organoak,txostenaren edo prozeduraren ezaugarriak kontuan hartuta, txostena epe luzeagoan edo laburragoan emateko eskatzen duenean izan ezik; betiere epeak ez du bi hilabetetik gora joko.

b) Eskaeren gaineko ebaluazioa, betiere deialdian ezarritako balorazio irizpideak, manerak eta lehentasunak aintzat harturik.

4. Instrukzio organoak aurre-ebaluazio bat eginen du, eta hori abiapuntutzat hartuta, txosten bat, non eskura daukan informazioaren arabera onuradunek halakoak izateko bete behar dituzten betekizun guztiak betetzen dituztela egiaztatuko baita.

5. Behin aurre-ebaluazioaren fasea bururatuta, espedientea Balorazio Batzordera igorriko da, eskaerak bertan ebalua ditzaten. Balorazio Batzordeak txosten arrazoitu bat eginen du, eta bertan agertuko da egindako ebaluazioaren emaitza.

6. Instrukzio organoak, espedientea eta Balorazio Batzordearen txostena kontuan harturik, ebazpen proposamena emanen du, behar bezala arrazoitua, eta ebazteko eskumena duen organoari helaraziko dio.

7. Ebazpen proposamenak ez du inolako eskubiderik sortuko proposatutako onuradunaren alde, Zizur Nagusiko Udalaren edo haren erakunde autonomoen aldera, harik eta aipatu onuradunari diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazi arte.

16. artikulua. Ebazpena.

1. Behin ebazpen proposamena eta espedientearen gainerako agiriak jasota, organo eskudunak prozedura ebatziko du, betiere Udalaren Kontu-hartzailetzak hori fiskalizatu eta gero.

2. Ebazpena ordenantza honetan eta bera arautzen duen deialdian ezarritakoarekin bat arrazoituko da; prozeduran egiaztaturik gelditu behar dira emandako ebazpenaren oinarriak.

3. Ebazpenak ondokoak adierazi beharko ditu, berariaz adierazi ere: diru-laguntza jaso duten eskatzaileen zerrenda, laguntzaren zenbatekoa eta, eskaera ezetsirik izanez gero, horien eskatzaileak.

4. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea sei hilabete da, gehienez ere. Epea kasuan kasuko deialdia argitaratu eta hortik aitzina zenbatuko da, salbu deialdiak berak ondorioak ondoko data baterako geroratzen dituenean. Prozedura ebazteko gehieneko epea berariazko ebazpena eman gabe iraganik, eskaera ezetsitzat joko da.

5. Ebazpena eskatzaileei jakinaraziko zaie Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitakoari jarraikiz, eta amaiera emanen dio administrazio bideari. Haren kontra zein errekurtso diren bidezko, zein organo administratibori edo judiziali aurkeztu eta zein epe duten adierazi beharko da; haatik, interesdunek beste bat egokitzat joz gero, hura erabiltzen ahalko dute.

17. artikulua. Publizitatea.

1. Ematen diren diru-laguntzak Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean argitaratu beharko dira, kasu bakoitzean honako hauek argituz: deialdia, aurrekontuko zein programa eta kredituri dagozkion, onuraduna, onetsitako zenbatekoa eta diru-laguntzaren helburua, lagundutako programa edo proiektu desberdinak adieraziz. Halaber, behar den orotan kide bakoitzak hartutako konpromisoaren berri eman beharko da Ordenantza honen 8.3 artikuluko 2. paragrafoan jasotako egoeretan, eta urte anitzetako diru-laguntzen kasuan, urtekako banaketaren berri.

2. Emandako diru-laguntzak ez dira argitaratuko, kasuko diru-laguntzaren xedea dela-eta onuradunaren datuen argitaratzea ohorearen errespetuaren eta babesaren aurkakoa edo pertsona fisikoen intimitate pertsonal eta familiarraren aurkakoa denean, Ohorea, intimitate pertsonala eta familiarra eta norberaren irudia izateko eskubidearen babes zibilari buruzko maiatzaren 5eko 1/1982 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera, eta dagokion deialdian aurreikusita badago.

3. Zizur Nagusiko Udalak emandako edozein diru-laguntzak, berekin ekarriko du dirua jaso duen jardueraren gaineko agirietan eta propaganda idatzi edo grafiko orotan Udal honen diru-laguntza jaso duela adieraztea, bai eta Zizur Nagusiko Udalaren logotipoa agertzea ere.

III. KAPITULUA

Diru-laguntzak zuzenean emateko prozedura eta araubidea

18. artikulua. Araubidea.

1. Zuzenean ematen diren diru-laguntzak horiek emateko ebazpenen bidez eta/edo horiek bideratzeko sinatuko diren hitzarmenen bidez arautuko dira. Horietan ezarriko dira aplikatzen ahal zaizkien baldintzak eta berariazko konpromisoak, betiere ordenantza honetan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako xedapenekin bat, salbu eta lehia eta publizitate printzipioei dagozkienak.

2. Hitzarmenaren testuan, ondokoak zehaztu beharko dira, gutxienez:

a) Hitzarmena sinatzen duten aldeak, bertan adierazita onuradunaren identifikazio datuak.

b) Xedearen deskribapena.

c) Aurreikusitako jarduketak eta alderdien konpromisoak.

d) Aurrekontuko zer kredituri egozten zaion diru-laguntza.

e) Diru-laguntzaren zenbatekoa.

f) Justifikatzeko manerak, dagozkion agiriak aurkezteko epea eta ebaluazio memorian adierazi beharrekoak.

g) Onuradunak aurkeztu beharreko dokumentazioa, beharrezkoa bada.

h) Indarraldia, betekizunak eta baldintzak.

i) Diru-laguntzaren bateragarritasuna edo bateraezintasuna.

j) Jarraipena egiteko bideak, hitzarmena betetzen ote den egiaztatze aldera.

k) Araubide juridikoa.

l) Hitzarmenaren administrazio izaera eta administrazioarekiko auzien jurisdikzioari men egiteko beharra, hitzarmenaren edukiak eta aplikazioa direla eta sor daitezkeen auzietan.

3. Gehigarri gisara, hitzarmenak ondoko alderdiak jasotzen ahalko ditu:

a) Azpikontratazioa egiteko aukera, betiere araudi honetan ezarritako mugekin bat.

b) Konturako ordainketak eta aurretiazko ordainketak egiteko aukeraren finkapena eta justifikazioa.

c) Beharrezkoa bada, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak ezarritako arau orokorretan salbuespenak diren berariazkotasunak.

d) Beharrezkoa bada, eta diru-laguntzaren izaera nolakoa den, adierazi beharra dago posible ote den ofizioz kitatzea diru-laguntzen onuradunekin kobratu gabe dituen zorrak, diru-laguntzen bidez horiek berdinduta.

e) Beharrezkoa bada, onuradunek eratu behar dituzten berme neurriak nahiz horiek eratzeko, gordailatzeko eta baliogabetzeko bitartekoak.

f) Beharrezko bada, dirua jaso duen jardueraren gaineko agirietan eta propaganda idatzi edo grafiko orotan Udal honen diru-laguntza jaso duela adierazteko baldintza.

19. artikulua. Hastapena.

1. Diru-laguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da, Udalaren alor edo erakunde autonomo kudeatzaileen proposamenaren bidez, betiere nahitaezkoa izanik Udalaren aurrekontu orokorrean berariazko esleipena egotea, diru-laguntza jaso behar duen pertsona publikoaren edo pribatuaren alde. Zuzenean ematen diren diru-laguntzen kasuan, horretarako egiaztatzen diren arrazoiak interes publikokoak, sozialak, ekonomikoak, hezkuntzakoak, kulturalak, zientifikoak, humanitarioak edo bestelakoak direnean, baldin eta, hartzailea dela-eta, ez badago konkurrentzia publikorako aukerarik, diru-laguntzaren xedea aitzina eramateko onuradun bakarra edo onuradun talde bakarra dagoelako, espedientean justifikatu beharko da, diru-laguntzaren onura, interes soziala edo helburu publiko bat erdiesteaz gain, publizitate eta lehia printzipioak aplikatzeko ezintasuna.

2. Udalaren aurrekontu orokorrean diru-laguntza izendunen kasuan, onuraduna, zenbatekoa eta kontzeptua (xedea) zehaztu behar dira, eta organo kudeatzaileak behar bezala justifikatu behar du lehia printzipioa ezin dela aplikatu.

3. Aurrekontu-partida Udalaren aurrekontuan agertzeak ez du sortzen inolako eskubiderik onuradunaren alde, harik eta organo eskudunak diru-laguntza emateko ebazpena hartzen ez duen artean, horretarako prozedura ezarri eta gero. Halaber, aurrekontu ekitaldi batean diru-laguntzaren bat esleitu izanak ez du hurrengo urtealdietarako inolako eskubide itxaropenik sortzen.

20. artikulua. Instrukzioa.

1. Diru-laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa ondokoek eginen dute:

a) Zizur Nagusiko Udalaren esparrua, diru-laguntza kudeatzen duen alorreko arduraduna.

b) Erakunde autonomoen esparruan, ebazteko eskumena daukanak izendatutako organoa.

2. Instrukzio jarduketek ondokoak hartuko dituzte barne, nahitaez hartu ere:

a) Diru-laguntzak arautzen dituen hitzarmenaren testua, edo aurreko ekitaldiko hitzarmenaren indarraldia luzatzen dela adierazten duena. Horrek, Udaleko edo, bestela erakunde autonomoko zerbitzu juridikoen txosten juridikoa jaso beharko du, Zuzenbidearekin bat datorrela adierazita.

b) Udaleko Kontu-hartzailetzaren txostena.

c) Instrukzio organoaren txostena, non eskura dituen datuen arabera onuradunak diru-laguntza jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituela agertuko baita.

3. Behin instrukzioa eginda, diru-laguntza emateko proposamena aurkeztuko zaio ordenantza honetan ezarritako organo eskudunari, horrek onets dezan.

21. artikulua. Ebazpena.

1. Behin ebazpen proposamena eta espedientearen gainerako agiriak igorrita, organo eskudunak diru-laguntzak emateko prozedura ebatziko du.

2. Ebazpena ordenantza honetan eta indarra duen araudian ezarritakoarekin bat arrazoituko da, onuradunari jakinaraziko zaio eta Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean argitaratuko da.

22. artikulua. Diru-laguntzaren onarpena.

Diru-laguntza jasotzea onartzen dela formalizatzeko bi aldeek hitzarmena sinatuko dute, salbu halakorik behar ez bada bere indarraldia luzatua duen hitzarmen bat delako, edo diru-laguntza hitzarmenaren bidez formalizatzen ez delako.

III. TITULUA

Udalaren diru-laguntzak kudeatu eta justifikatzeko prozedura

I. KAPITULUA

Diruz laguntzen ahal diren gastuak eta finantzabideak

23. artikulua. Diruz laguntzen ahal diren gastuak.

1. Diruz laguntzen ahal diren gastutzat joko dira diru-laguntzaren xede den jarduerarekin bat datozenak, baldin eta deialdian, hitzarmenean edo ebazpenean ezarritako epean egiten badira. Diruz laguntzen ahal diren gastuen kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

2. Deialdian, hitzarmenean edo ebazpenean kontrakorik xedatu ezean, egindako gastutzat joko da deialdian, hitzarmenean edo ebazpenean –edo, halakorik ezean, ordenantza honetako 30. artikuluan– ezarritako justifikazio-epea amaitu aurretik benetan ordaindu dena.

3. Diruz laguntzen ahal den gastuaren zenbatekoa 30.000 eurotik goitikoa bada, obren exekuzioak sortutako kostuaren kasuan, edo 6.000 eurotik goitikoa, ekipamenduko ondasunek edo aholkularitzako edo laguntza teknikoko enpresen zerbitzuek sortutako gastuen kasuetan, onuradunak gutxienez ere hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu, zerbitzua edo ondasuna emateko konpromisoa hartu baino lehen, salbu eta, diruz laguntzen ahal diren gastuek izandako ezaugarri bereziren bat dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzua emateko behar adina enpresa ez badago edo gastua diru-laguntza eskatu baino lehen egin bada.

Aurkeztutako eskaintzen artean aukeratzeko, eraginkortasun eta ekonomiaren irizpideei jarraituko zaie, eta txosten batean berariaz justifikatu beharko da diru aldetik onuragarriena ez den proposamena aukeratzen denean. Eskaintza horiek justifikazioan beharko dira aurkeztu, edo diru-laguntzaren eskaeran.

4. Amortizazio gastuak diru-laguntzaren xedea izaten ahalko dira, ondoko baldintzak betez gero:

a) Diru-laguntzak ondasunen erosketarako ekarpen gisa erabili ez izana.

b) Amortizazioa kontabilitateko arau orokor onartuen arabera kalkulatzea.

c) Kostua diru-laguntzaren xede den aldikoa soilik izatea.

5. Finantza-gastuak, aholkularitza juridiko edo finantzarioko gastuak, notario eta erregistro gastuak, diru-laguntza jaso duen proiektua egiteko peritu gastuak eta berariazko administrazio gastuak, horiek guztiak diru-laguntza jaso dezaketen gastutzat joko dira, baldin eta zuzeneko lotura badute diru-laguntzaren xede den jarduerarekin eta ezinbestekoak badira hura behar bezala prestatu nahiz gauzatzeko.

Salbuespenez, banku-bermearen gastuetarako diru-laguntza ematen ahalko da, dagokion deialdian edo hitzarmenean hala aurreikusiz gero.

6. Ondokoak ez dira inola ere izanen diru-laguntza jaso dezaketen gastuak:

a) Banku-kontuetako interes zordunek.

b) Interesek, errekarguek eta zehapen administratibo eta penalek.

c) Prozedura judizialetako gastuak.

d) Tokiko zergek, legean aurreikusi gabeko salbuespen fiskalak, konpentsazioak edo toki ogasunarekiko zor murrizketak diren heinean.

7. Tokikoak ez diren tributuak diru-laguntzak estaltzeko moduko gastuak dira, diru-laguntzaren onuradunak zuzenean ordaintzen baditu. Ondokoak ez dira inola ere izanen diruz laguntzen ahal diren gastuak:

a) Berreskuratzen edo konpentsatzen ahal diren zeharkako zergak. Zehazki, balio erantsiaren gaineko zergari dagokionez, onuradunak ordaindutako kopuruak diru-laguntza hartzeko moduko gastuak dira kostu erreala badira, hau da, onuradunak ordaindu baditu eta kengarriak ez badira; izan ere, hala izatera, onuradunak zerga berreskuratuko luke. Onuradunak modu sinesgarrian frogatu beharko du.

b) Errentaren gaineko zerga pertsonalak.

8. Zeharkako kostuetatik, onuradunak diru-laguntzaren xede den jarduerari egotziko dio zati egokia, guztiek onartzen duten kontabilitateko printzipio eta arauei jarraituz kalkulatua, eta, betiere, halako kostuak jarduera benetan egin den aldiari dagozkion heinean.

24. artikulua. Diruz lagundutako jardueren finantziazioa.

1. Diruz lagundutako jarduera zati batean edo portzentaje batean funts propioekin finantzatu dadila eskatu ahal izanen da diru-laguntzaren deialdian, hitzarmenean edo ebazpenean. Diru-laguntzaren xede den proiektu edo ekintzarako diru propioak jarri izana diru-laguntza justifikatzeko aurreikusi bezala frogatu beharko da.

2. Diru-laguntzaren deialdiak, hitzarmenak edo ebazpenak bateragarritasun edo bateraezintasun araubidea zehaztuko du beste edozein administrazio, entitate edo pertsonarengandik xede bererako beste diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratzeko, hurrengo atalean xedatzen dena deusetan ukatu gabe.

3. Onuradunari jarduera bera egiteko beste diru-laguntza bateragarri batzuk ematen bazaizkio, horien zenbatekoa ez da inola ere izanen, berez edo beste diru-laguntza, laguntza eta diru-sarrera batzuk eta diru-laguntzaren xede den jardueraren baliabide propioak gehituta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

4. Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak ezertan aldatzen badira eta, betiere, aldi berean haiekin ezin bateratu den beste diru-laguntzarik eskuratzen bada, aldatu eginen da haiek emateko ebazpena.

5. Onuradunek jasotako funtsetatik sortzen diren finantza-etekinak diru-laguntzaren zenbatekoari gehituko zaizkio, eta diru-laguntzaren xede den jarduerarako erabiliko dira horiek ere, salbu eta diru-laguntzaren deialdian besterik xedatzen delarik.

Onuraduna administrazio publiko bat izanez gero, apartatu hau ez da aplikatuko.

6. Deialdiaren, hitzarmenaren edo ebazpenaren oinarriek horretarako bidea ematen badute, aurreikusi ez diren inguruabarrak direla medio, aldaketak egiten ahalko dira proiektuan; kasu honetan, organo eskudunak onetsi beharko ditu horiek, Udalaren alor edo erakunde autonomo kudeatzaileak balorazioa egin eta gero.

7. Benetako defizita edo benetako gastuak eskaera egitean aurreikusiak baino gutxiago diren kasuetan, kontuan harturik, betiere, azken horiek zedarritzen dutela hasiera batez diru-laguntzaren zenbatekoa, aintzat hartuko da inguruabar hori, eta proportzioan murriztuko da behin betiko ordaindu behar den kopurua.

II. KAPITULUA

Aurrekontua kudeatzeko prozedura.

25. artikulua. Gastua onestea.

1. Diru-laguntzen deialdiek edo horiek zuzenean emateak berekin ekarriko dute gasturako baimena, udal aurrekontua betearazteko oinarrietan adierazten diren baldintzetan. Aditzera eman beharko da zenbateko gastua egiteko baimena eman den, eta, diru-laguntza urteka banatu behar bada, urteko zenbateko guztiak jarriko dira.

2. Ordenantza honetan jasotzen diren prozeduretarik edozein erabiliz diru-laguntzak emateak dagokion gastu konpromisoa ekarriko du.

3. Diru-laguntzak zuzenean ematekoak badira, metatzen ahalko dira aitzineko aurrekontu-faseak.

26. artikulua. Diru-laguntzaren ordainketa.

1. Diru-laguntza zertarako eman zen, jarduera, proiektu edo helburu horiek gauzatu direla edo jokabidea hartu dela justifikatuko dute onuradunek, betiere ordenantza honetan eta kasuan kasuko deialdian, hitzarmen erregulatzailean edo ebazpenean ezarritakoarekin bat. Horren ondotik ordainduko da diru-laguntza.

Onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko dute, osorik edo hein batean, justifikazio egokirik ez badute aurkezten, edo Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako arrazoiren bat izanez gero.

2. Diru-laguntzaren izaerak justifikatzen badu, konturako ordainketak egiten ahalko dira. Ordainketa zatituak izaten ahal dira, diruz lagundutako ekintzak gauzatu ahalean, eta aurkeztutako frogagirietako zenbatekoa ordainduko da.

Ordainketa aurreratuak ere egiten ahalko dira, hau da, gastua frogatu aitzin dirua ematea, diru-laguntzari lotutako jarduerak gauzatzeko behar den finantzaketa gisa.

Hala konturako ordainketek nola ordainketa aurreratuek aurreikusita egon behar dute diru-laguntzen deialdian, hitzarmen erregulatzailean edo ebazpenean.

Ordainketa aurreratuak eginez gero, bermeak aurkezteko eskatzen ahalko da gordailu, abal, kauzio aseguru edo berme pertsonal eta solidario eta bermeetako eskubide errealen bidez, indarra duen legerian araututa baitaude. Diru-laguntzaren deialdian edo hitzarmenean erabakiko da. Bermeak ezarri beharko dira nahitaez aurrerakina 60.000 eurotik goitikoa bada, onuraduna sektore publikoko entitate bat denean salbu.

3. Diru-laguntza ezin izanen da ordaindu, baldin eta onuradunak ez baditu eguneraturik tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, edo diru-itzulketa bidezkoa dela xedatu duen ebazpen batek zorduntzat jotzen badu.

Erranak erran, salbuespen gisara, diru-laguntzaren izaera nolakoa den, Zizur Nagusiko Udalak ofizioz kitatzen ahalko ditu diru-laguntzen onuradunekin kobratzeke dituen zorrak, diru-laguntzen bidez (osorik edo parte batean) berdinduta; edo, baita ere, baldintza hori bete gabe uzten ahalko du, gizarte larrialdietako egoera berezietan. Salbuespen hori aplikatu ahal izateko, aukera horrek kasuan kasuko deialdian, hitzarmenean edo ebazpenean jasota egon beharko du, eta espedientean justifikatuta egon, txosten tekniko bidez, neurri horretatik salbuesteko arrazoia edo arrazoiak.

III. KAPITULUA

Zizur Nagusiko Udalak emandako diru-laguntzen justifikazioa.

27. artikulua. Justifikazioa.

1. Diru-laguntza ematerakoan ezarri ziren baldintzak eta helburuak bete direla frogatzeko, ordenantza honek aurreikusitakoari jarraitu behar zaio, salbu diru-laguntzen deialdiak, lankidetza-hitzarmenak edo ebazpenak berariazko araubidea ezarri badute, betiere hori ordenantzaren edukiarekin bateragarria delarik.

2. Justifikazioa organo emaileari aurkeztu behar zaio. Diru-laguntzak justifikatzeko modua diru-laguntzen deialdiak zehaztuko du edo, bestela, lankidetza-hitzarmenaren testuak edo ebazpenak, eta betiere modu hauetakoren bat izanen da:

a) Egindako gastua frogatzeko kontua.

b) Gastua moduluka frogatzea.

c) Kontabilitate orriak aurkeztea.

3. Ez deialdiak, ez hitzarmenak, ez ebazpenak zehazten ez badute frogatzeko modua, orduan, egindako gastua frogatzen duen kontua aurkeztuko da.

4. Diru-laguntzak hartzailearen egoera jakin bat aintzat harturik ematen direnean, diru-laguntza eman baino lehen hartzailea egoera horretan aurkitzen dela frogatu beharko da besterik gabe, zuzenbidean onargarria den edozein frogabide erabiliz, eta ez da bestelako justifikaziorik eskatuko, baina egoera hori egiaztatzeko kontrolak ezarri ahalko dira. Justifikazioa, horrenbestez, ez da diru-laguntza jasotzeak eragindako karga edo betebeharra, baizik eta diru-laguntza jasotzeko betekizuna.

28. artikulua. Egindako gastua frogatzen duen kontu bidezko justifikazioa.

1. Gastua frogatzeko kontu-ematea nahitaez aurkeztu behar dio onuradunak edo entitate laguntzaileak diru-laguntza eman duen organoari. Kontu horretan, dirua jaso duen jarduera dela-eta aitortzailearen erantzukizunaren pean egindako gastuak oro justifikatu behar dira (ez bakarrik diru-laguntzaren zenbatekoaren adinakoa), gastuen zuzeneko egiaztagiriak aurkeztuta. Fakturak eta gainerako agiri baliokideak aurkeztu behar dira, betiere trafiko juridikoan balioa dutenak edo indar administratiboa dutenak, diru-laguntzaren xedea bete dela egiaztatze aldera.

2. Frogatzeko kontu-ematea ondoko agiriek osatuko dute:

a) Diruz lagundutako jardueraren gaineko ebaluazioaren memoria, non xehetasunez aitortuko baitira diru-laguntzen bidez finantzatu diren jarduerak eta haien kostua.

Memoriaren edukia, gutxienez, ondokoek osatuko dute:

–Programaren edo proiektuaren izena.

–Diru-laguntzaren xedea, aurkeztutako aurrekontuaren eta proiektuaren araberakoa.

–Egindako jarduketak eta proposatutako helburuen zein lortutako emaitzen deskribapena.

–Egindako aldaketak proiektua edo jarduera gauzatzen.

–Finantzabideen zerrenda: diru-laguntzarekin finantzatu diren jardueren deskribapena, haien kostua adierazita, bai eta norbere funtsekin edo beste diru-laguntzekin finantzatu diren jarduerak ere.

–Ondorioak.

b) Udaleko teknikari eskudun batek sinatutako balorazio-txostena, bertan espresuki jasota guztiz bete izan dela diru-laguntzaren xedea edo, bestela, justifikazioaren onespena eragozten duten akatsak edo inguruabarrak. Inbertsioak egiteko diru-laguntzen kasuan, akta edo txosten bat aurkeztu behar da, egindako egiaztapen materialaren emaitzen gainean.

c) Egindako gastuen eta lortutako diru-sarreren zerrenda izenpetua eta ordenan zenbakitua, kontzeptuen arabera ordenaturik eta kontzeptu bakoitzaren zenbatekoa guztira emanik.

d) Maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuak aipatzen dituen egiaztagiriak, fakturak edo horien ordezkoak, gastua egiaztatze aldera, baita ordainagiriak, tributuak zein Gizarte Segurantzako kuotak eta, oro har, trafiko juridikoan baliodun izan edo indar administratiboa eduki eta balio frogagarria duten bestelako agiriak ere, betiere modu korrelatiboan ordenaturik zerrendan emandako ordena-zenbakiaren arabera. Agiri horien fotokopiak egin eta zerbitzu kudeatzaileak konpultsatu eta adostuko ditu, jatorrizkoak interesdunei itzuliko zaizkielarik. Dokumentu horien jatorrizkoak edo haien kopia konpultsatua entitate onuradunean gordailatuko dira, gutienez ere lau urtean.

Aurrekoaz gain, honako baldintza hauek bete beharko dira:

I.–Faktura jaulkitzen duen entitatea BEZetik salbuetsirik dagoenean, organo eskudunak emandako egiaztagiria aurkeztu beharko da, kasuan kasuko salbuespena egiaztatu eta horretaz fede emateko.

II.–Langileen gastuei dagozkien soldata kostuak frogatutzat eman daitezen, lan kontratuaren, hartzaileak sinaturiko nomina ordainduen edo bankuko abonu-agirien kopiak erantsi beharko dira, bai eta Gizarte Segurantzarako kotizazioen agiriak ere.

III.–Proiektua gauzatzeko bestelako data duten fakturak onartuko dira, baldin eta organo eskudunak aitzinetik proiektuaren aldaketaren bat baimendu badu eta aldaketa horrek proiektua gauzatzeko epeari eragiten badio.

e) Hartzekodunei ordaindu izana egiaztatzen duten ziurtagiriak. Ordaindu izana banku zordunketa bidez egiaztatu behar da, behar bezala sinatutako hartu agiri baten bidez edo, bestela, aurkeztutako fakturak ordaindu egin direla ziurtatzen duen beste agiri bat aurkeztuz.

f) Dagokion itzulketaren ordainketa-gutuna, baldin eta aplikatu gabeko gerakinik bada edo diru-laguntzen xede izan den jardueraren kostua baino diru gehiago jaso bada, eta horiei dagozkien berandutze-interesa.

29. artikulua. Gastua moduluka frogatzea.

1. Modulukako araubidea aplikagarri izanen da diru-laguntzen xedeak berekin dakarrenean unitate bidez neurtzen ahal diren jarduerak bete direla frogatu beharra.

2. Diru-laguntzak moduluka frogatzea bakarrik aplikatuko da, baldin eta diru-laguntzen deialdiak, lankidetza hitzarmenak edo ebazpenak horrelakorik ezarri badute.

3. Halakoetan, deialdiak, hitzarmenak edo ebazpenak ezarriko du modulu bat zenbat unitatek osatzen duten, bai eta haien aleko kostua eta behar diren gainerako inguruabarrak ere.

30. artikulua. Justifikazioa, kontabilitate orriak aurkeztuta.

1. Helburu generikoak (elkartea mantentzea, jardueren kudeaketa generikoa...) asetzea xede duten funtsen kasuan edo ustiaketan defizita estaltzea xede duten diru-laguntzenean, aski izanen da kontuak edo kontabilitate orriak aurkeztea; haien bidez egiaztatuko da bai aipatu defizita bai partez lagundutako programa edo jarduera gauzatu dela, onuradunari diru-laguntza ordaindu ahal izateko.

2. Ordenantza hau den bezainbatean, kontuak edo kontabilitate orriak izanen dira ofizialak direnak eta entitate bakoitzeko organoek behar bezala onetsi dituztenak. Hori guztia, deusetan ukatu gabe finantza-kontrolaren eginkizuna edo, hala behar badu, kontu-ikuskaritza pribatuaren eskakizuna.

31. artikulua. Justifikatzeko epea.

Diru-laguntzen deialdiak, edo, bestela, lankidetza-hitzarmenak edo ebazpenak, zehaztuko ditu diru-laguntzak justifikatzeko epemugak.

Baldin eta deialdiak, lankidetza-hitzarmenak edo ebazpenak ez badute diru-laguntza justifikatzeko epemuga adierazi, epe hori gehienez ere hiru hilabetekoa izanen da, jarduera egiteko epea amaitu eta hortik aitzina.

32. artikulua. Justifikatzeko betebeharra ez betetzeak dakartzan ondorioak

Diru-laguntza justifikatzeko betebeharra betetzen ez bada, edo behar adinako justifikaziorik aurkezten ez bada, diru-laguntza itzuli beharko da, osorik edo parte batez, betiere ez-betetzearen maila eta gainerako inguruabarrak kontuan harturik.

33. artikulua. Diru-laguntzak egiaztatzea.

1. Behin diru-laguntza justifikatzeko agiriak behar den epean eta deialdiak, hitzarmenak edo ebazpenak aurreikusitako tokian aurkeztuta, ondokoak gauzatuko dira:

a) Zerbitzu kudeatzailearen egiaztapen materiala, aurkeztutako agiriek ordenantza honetan, diru-laguntzen deialdian, lankidetza-hitzarmenean, diru-laguntza emateko ebazpenean, eta deialdia edo hitzarmena onesteko ebazpenean ezarritako baldintzak betetzen dituzten ziurtatzeko.

b) Udalaren alor edo erakunde autonomo kudeatzailearen txostena, diru-laguntzaren xedea ikuspuntu materialaren aldetik bete dela egiaztatzeko.

Aipatu txostenak ondokoak jaso beharko ditu: Udalaren diru-ekarpena eta, halakorik izatera, onuradunak jaso dituen gainerako baliabideak. Datu horiek, bestalde, onuradunak eman beharko ditu ebaluazio-memorian.

Halaber, txosten horretan onuradunak aurkeztutako gastuen eta diru-sarreren gaineko justifikazioaren balorazioa jaso behar da.

c) Espediente osoaren igorpena Udalaren Kontu-hartzailetzara, bertan ikuskapen-txostena egin dezaten. Ikuskapen horren norainokoa aldez aurreko kontu-hartze mugatuaren araberakoa izanen da, eta barne hartuko du, baita ere, aurkeztutako justifikazioari aldeko txostena eman izanaren gaineko egiaztapena.

2. Justifikazio hori, behin ikuskatua izan eta gero, organo eskudunak onetsi beharko du, hau da, diru-laguntza eman duen organoak. Udalaren kasuan kasuko alor edo erakunde autonomo kudeatzaileak artxibatuko du justifikazioa, eta horren berri emanen zaio Udalaren Kontu-hartzailetzari.

3. Diru-laguntzen konturako ordainketarik ezarriz gero, horiek zatika egindako ordainketatzat joko dira, justifikatzen dena bezainbat jo ere, eta justifikazioa diru-laguntza osoarentzat aurreikusitako modu berean egin beharko da, betiere arau hauetan justifikatzeko ezarri diren betekizunekin bat.

IV. TITULUA

Diru-laguntzak itzuli beharra

34. artikulua. Diru-laguntza emateko ebazpenaren baliogabetasuna.

1. Hauek dira diru-laguntza emateko ebazpenaren baliaezintasuna dakarten arrazoiak: legeria orokorrean adierazitako deuseztasun eta deuseztagarritasun kasuak gertatzea edo krediturik ez izatea edo gutxiegi izatea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko legeetan ezarritakoaren arabera.

2. Diru-laguntza emateko egintza aurreko apartatuan aipatutako kasuren batean gertatzen bada, organo emaileak egintza hori berrikusiko du ofizioz, edo, bidezkoa izanez gero, kaltegarri deklaratu eta gero inpugnatu eginen du, legeria orokorrean ezarritakoari jarraituz.

3. Deuseztasunaren edo deuseztapenaren deklarazio judizial edo administratiboa eginez gero, hartutako kopuruak itzuli egin beharko dira.

4. Hurrengo artikuluan azaltzen diren arrazoiengatik diru-laguntza itzuli behar den kasuetan, ez da bidezkoa izanen diru-laguntza emateko egintza ofizioz berrikustea.

35. artikulua. Gastuak itzultzeko eta atxikitzeko arrazoiak.

1. Bidezkoa izanen da ondoko kasuetan eskuratutako kopuruak osorik edo hein batean itzultzea eta berandutze-interesa eskatzea ere, diru-laguntza ordaindu den egunetik hasita:

a) Diru-laguntza lortzen denean, horretarako eskatzen diren baldintzak faltsutuz edo hori eragotziko zuketen baldintzak ezkutatuz.

b) Diru-laguntzaren xede den helburua, jarduera edo proiektua gauzatu gabe uzten denean, osorik nahiz hein batean, edo hartu behar zen jokabidea hartzen ez denean.

c) Justifikatzeko betebeharra ez betetzea, edo behar bezainbat ez justifikatzea.

d) Egiaztapenak eta finantza-kontrolak saihestea edo haiei uko egin edo trabak eta eragozpenak jartzea, eta kontabilitateari, erregistroari eta agirien kontserbazioari buruzko betebeharrak ez betetzea, baldin eta horren ondorioz ezin bada egiaztatu hartutako dirua zertarako erabili den, helburua lortu ote den, diru-laguntza jaso duten jarduerak benetan eta erregulartasunez egin diren, edo xede bererako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera nahiz baliabide batzuk lortu ote diren, Estatuko, Europar Batasuneko edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik edo nazioarteko erakundeetatik.

e) Administrazioak entitate laguntzaileei eta onuradunei ezarritako betebeharrak betetzen ez direnean, edo onuradunek hartutako konpromisoak betetzen ez dituztenean, baldin eta konpromiso horiek zerikusirik badute diru-laguntzaren xede diren helburuak lortzeko, jarduera egiteko, proiektua gauzatzeko edo jokabidea hartzeko erabili behar den moduarekin.

f) Administrazioak entitate laguntzaileei eta onuradunei ezarritako betebeharrak betetzen ez direlarik, edo onuradunek diru-laguntza onartzerakoan hartutako bestelako konpromisoak betetzen ez dituztelarik, baldin eta horren ondorioz ezin bada egiaztatu hartutako dirua zertarako erabili den, helburua lortu ote den, diru-laguntza jaso duten jarduerak benetan eta erregulartasunez egin diren, edo xede bererako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera nahiz baliabide batzuk lortu ote diren Estatuko edo Europar Batasuneko edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik edo nazioarteko erakundeetatik.

g) Publizitate eta hedapen neurriak hartzeko betebeharra betetzen ez denean, agirietan eta propagandan; izan ere, adierazi behar da jarduera Udal honek diruz lagundua dela, halako baldintza ezarri den kasuetan.

h) Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorrean eta hori garatzen duen araudian aurreikusitako gainerako kasuetan.

2. Entitate onuradunak edo, halakorik egonez gero, entitate laguntzaileak lortutako betetze maila aski hurbil badago erabateko betetze mailatik, eta horiek ezbairik gabe erakusten badute haien konpromisoak betetzen ahalegindu direla, itzuli beharreko kopurua proportzionaltasun printzipioa aplikatuta xedatuko da; gisa hartara, diruz lagundutako zein heinetan bete den, horrenbesteko ehunekoan jasoko du entitate onuradunak diru-laguntza, betiere organo emaileak dagokion espedientea abiarazi eta gero.

3. Era berean, beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propioak gehituta, dirua jaso duen jardueraren kostua gainditzen bada, bidezkoa izanen da diru-laguntza jaso duen jardueraren kostuaren gainetik lortutako soberakina itzularaztea, bai eta dagozkion berandutze-interesa eskatzea ere.

36. artikulua. Itzuli beharreko kredituaren izaera.

1. Itzuli beharreko zenbatekoak eskubide publikoko diru-sarreratzat hartuko dira.

2. Eskuratutako zenbatekoak itzuli beharrak berandutze-interesa ere eskatzea ekarriko du berekin; interes hori azaroaren 17ko 38/2003 Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorrak ezarritakoa izanen da, eta diru-laguntza ordaindu denetik itzulketa bidezkoa dela erabakitzen den egunera arteko aldia hartuko du.

3. Diru-laguntzak itzularazteko galdatzeko prozedurak administratiboak izanen dira beti.

37. artikulua. Preskripzioa.

Lau urte iraganda preskribatuko da itzulketa aitortu eta likidatzeko eskubidea. Epearen kontaketa eta preskripzioaren etena Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatuari jarraikiko zaizkio.

38. artikulua. Itzultzeko prozedura.

1. Diru-laguntzaren organo emaileak izanen du eskumena diru-laguntzak itzultzea eskatzeko.

2. Legeria orokorrean administrazio-prozedurei buruz jasotako xedapen orokorrek arautuko dute prozedura, deusetan ukatu gabe Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritako berezitasunak.

3. Diru-laguntzak itzularazteko prozedurari ofizioz eta organo eskudunak erabakia hartuta emanen zaio hasiera.

4. Behin itzultzeko prozeduraren hasiera erabakita, kautelazko neurri gisara, onuradunari edo entitate laguntzaileari ordaintzeko dauden kopuruen ordain-igorpenak etetea erabakitzen ahal du organo emaileak, betiere horiek itzultzeko espedientea hasteko proposamenak edo ebazpenak ezarritako zenbatekoa gaindituko ez dutelarik, une horretara arte sorturiko berandutze-interesak ere kontuan hartuta.

Kautelazko neurri hori ebazpen arrazoitu baten bidez hartu behar da, eta interesdunari jakinarazi, bertan adierazita zer errekurtso para ditzakeen.

Nolanahi ere, etendura bidezkoa izanen da, ordainketa jasotzea ezinezko dela aurreikusten duten arrazoizko zantzurik bada, edo hori zapuztu badaiteke edo eragozpen larriak badaude, eta, bereziki, jasotzaileak ondasunak ezkutatu, kargatu edo erabiltzeko egintzak egiten baditu.

Ordainketen atxikipena ondoko araubide juridikoari lotuko zaio, aurreko kasu guztietan:

a) Lortu nahi den helburuaren heinekoa izan behar du, eta, nolanahi ere, atxikipena ez da gauzatuko, eragin konpongaitzak edo konponezinak sortzen ahal baditu.

b) Gastuen atxikipenak itzulketa espedienteari buru ematen dion ebazpena eman arte iraun behar du, eta ezin du gainditu tramitatzeko ezarritako gehieneko aldia, luzapenak ere barne hartuta.

c) Aurreko paragrafoan xedatua gorabehera, atxikipena kendu beharra dago, hori sortu zuten inguruabarrak desagertuz gero, edo interesdunak kautelazko neurri horren ordez nahikotzat jotako bermea eratzea proposatuz gero.

5. Prozedura tramitatzean, dena dela, interesdunari entzuna izateko eskubidea bermatuko zaio.

6. Ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epea 12 hilabetekoa izanen da, prozedura hasteko erabakia hartu zen egunetik aitzina. Epe hori eteten ahalko da, edo luzatzen, legeria orokorrean aurreikusitakoari jarraikiz.

7. Itzulera egin behar dutenek jasotako kopuruak itzuli behar dituzte, osorik edo hein batean, betiere ebazpenean zer xedatu eta horrekin bat, bai eta haiei dagozkien berandutze interesak ere. Itzuli behar horretatik aparte, bidezko diren zehapenak ezartzen ahalko dira.

8. Onuradunek azkenik itzuli behar duten kopurua zehazteko, espedientearen ondorioz ez betetzeak mailakatzeko ezarri diren irizpideei heldu behar zaie, betiere proportzionaltasunaren printzipioa gorde beharko delarik.

9. Itzultzeko prozeduraren ebazpenak emanen dio buru administrazio bideari.

V. TITULUA

Finantza kontrola

39. artikulua. Finantza kontrolaren prozedura.

1. Onuradunei eta, hala dagokionean, entitate laguntzaileei eginen zaie finantza kontrola, honakoak egiaztatzeko asmoz: funtsak behar bezala lortu direla, jasotako funtsak aplikatzeko betebeharrak betetzen direla, diru-laguntza ongi justifikatu dela, aurkeztutako justifikazioaren arabera diru-laguntzaren bidez finantzatu diren eragiketen errealitatea eta erregulartasuna, diruz lagundutako jarduerak behar bezala finantzatu direla, diru-laguntzen zenbatekoa ez dela izan berez edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideak gehituta, diru-laguntzaren xedea den jardueraren kostua baino handiagoa ez dela kontrolatze aldera, eta badirela deklaratu ez diren gertaerak, inguruabarrak edo egoerak, horiek eraginik izan badute, diruz lagundutako jardueraren finantzaketan, diru-laguntza behar bezala eskuratu, erabili edo justifikatzeko unean edo diru-laguntzarekin finantzatu diren eragiketen benetakotasunean edo erregulartasunean.

2. Udal honek eta bere erakunde autonomoek emandako diru-laguntzen gaineko finantza kontrola gauzatzeko eskumena Udalaren Kontu-hartzailetzari dagokio.

3. Onuradunen gainean eta, hala behar badu, entitate laguntzaileen gainean finantza kontrola gauzatzeko jarduketei hasiera emateko, jakinarazpena helaraziko zaie, eta bertan adieraziko, garatu beharreko jarduketen izaera eta helmena, Udalaren Kontu-hartzailetzaren eskuetan hasiera batean utzi behar den dokumentazioa eta beharrezkotzat jotzen den beste edozein alderdi. Onuradunek eta, halakorik bada, entitate laguntzaileek argibideak jaso behar dituzte jarduketak hastearekin batera, horietan dituzten eskubide eta betebeharrei buruz.

4. Jarduketa horiek 12 hilabeteko epean burutu behar dira, behin jarduketen hasiera jakinarazi eta hortik aitzina.

5. Onuradunen eta, halakorik bada, entitate laguntzaileen gaineko finantza kontroleko jarduketei buru emateko, kasuan kasuko txostena emanen da; hartan agerian jarritako egintzak eta horietatik atera daitezkeen ondorioak jasoko dira.

6. Txostenok kontrolaren xede izan diren onuradunei edo entitate laguntzaileei jakinaraziko zaizkie. Diru-laguntza Udaleko zein alor edo erakunde autonomo kudeatzailek eman zuen, horrexeri igorriko zaio txostenaren kopia bat, bertan adierazita, behar izatera, itzultzeko eta zehatzeko espedienteak abiatzeko beharra.

7. Udalaren Kontu-hartzailetzak emandako txostenean diru-laguntza osorik edo hein batean itzultzea bidezko jotzen bada, Udaleko alor edo erakunde autonomo kudeatzaileak, aipatu txostena oinarritzat hartuta eta hilabeteko epean, itzultzeko espedienteari hasiera ematea erabaki beharko du, betiere horren berri onuradunari edo entitate laguntzaileari jakinaraziko diolarik. Horrek, bertzalde, 15 eguneko epea izanen du, haren defentsarako egoki iruditzen zaizkion alegazio guztiak aurkezteko.

VII. TITULUA

Diru-laguntzen arloko arau-hauste eta zehapen administratiboak Zehapen prozedura

40. artikulua. Arau-haustea zer den.

Diru-laguntzen arloko arau-hauste administratiboak dira Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean tipifikaturiko ekintzak eta omisioak, eta zehatzen ahalko dira, baita utzikeria hutsagatik ere, aipatu legeriari eta hura garatzen duen araudiari jarraikiz.

Xedapen gehigarria.–Hurrengo ekitaldietako aurrekontuetan eragina duten diru-laguntzen gastuak onesteko aukerari dagokionez, aurrekontuetako araudi aplikagarrian ezarritakoa hartuko da kontuan.

Azken xedapenetan lehena.–Ordenantza honek aurreikusten ez duen guztian Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatua aplikatuko da, baita Diru-laguntzei buruzko Erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan xedatua ere.

Iragarkiaren kodea: L1711129