196. ALDIZKARIA - 2017ko urriaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

233E/2017 EBAZPENA, irailaren 13koa, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariak emana, Leitzako udal-mugartean paperaren deribatuak fabrikatzeko dagoen instalazioaren aldaketa nabarmena baimentzen duena. Instalazioaren titularra Torraspapel SA da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak apirilaren 30eko 880/2008 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren apirilaren 14ko 130E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratu eta Ingurumen Kalitatearen eta Aldaketa Klimatikoaren Zerbitzuko zuzendariaren 416E/2015 Ebazpenaren bidez aldatu zena.

2014ko otsailaren 24an, titularrak instalazioa aldatzeko proiektua jakinarazi zuen, helburu zuena paper termikoaren sukaldea handitzea eta P4 pintatzeko makina berria (P1 ordezteko) eta bobinagailu berria ezartzea. Ingurumen Kalitatearen eta Aldaketa Klimatikoaren Zerbitzuak 2014ko apirilaren 27an emandako irizpenaren arabera, aldaketa hori “ez funtsezkoa-nabarmena” zen.

2014ko abuztuaren 1ean, ingurumen baimen integratuaren aldaketa eskatu zuen titularrak, paper termikoko gehigarriak prestatzeko instalazioa (sukaldea) handitzeko, besterik ez. Baimena eman zitzaion Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren urriaren 30eko 481E/2014 Ebazpenaren bitartez.

2017ko otsailaren 3an, titularrak instalazioa aldatzeko proiektuaren berri eman zuen, bobinak paketatzeko makina berri bat ezartzeko. Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak 2017ko otsailaren 21ean emandako irizpenaren arabera, aldaketa hori “ez funtsezkoa-garrantzirik gabea” zen.

2017ko ekainaren 26an, instalazioa aldatzeko proiektua jakinarazi zuen titularrak, eraikin berriak egiteko, bertan P4 pintatzeko makina berria eta bobinagailu berria sartzeko. Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak 2017ko uztailaren 11n emandako irizpenaren arabera, aldaketa hori “ez funtsezkoa” zen, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Horregatik, ez zen beharrezkoa ingurumen baimen integratu berria ematea. Baina bai aldaketa “nabarmena” zela zioen, aldaketa garrantzitsuak ekartzen baizituen instalazioaren funtzionamendu-baldintzetan, ingurumen baimen integratuan kontuan hartu beharrekoak eta hura aldatzeko behartzen zutenak.

2017ko uztailaren 12an, ingurumen baimen integratua aldatzeko prozedura hasi zen, eraikin berriak egiteko proiektua gauzatzeko. P4 pintatzeko makina berriaz eta bobinagailu berriaz gain, instalazio osagarri batzuk jarri nahi ziren eraikin horietan, aipatu makinak eta bobinak paketatzeko makina berria ezartzearekin batera.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz tramitatu da espedientea. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Ebazpen-proposamena instalazioaren titularrari entzuteko tramitean egon da hamar egunez, eta ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu aipatu epean.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez emandako eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehendabizikoa.–Aldaketa nabarmena baimentzea Leitzako udal-mugartean dagoen paperaren deribatuak fabrikatzeko instalazioan, Torraspapel SA titular gisa duena. Xedea da eraikin berriak egiteko proiektua gauzatzea, bertan P4 pintatzeko makina, bobinagailua eta bobinak paketatzeko makina berria sartzeko. Hortaz, instalazioak eta jarduerak ingurumen baimen integratuaren administrazio espedienteetan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte, eta, betiere, ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak eta neurriak.

Bigarrena.–Aldaketa abiarazi baino lehenago, titularrak martxan jartzeko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatuarekin bat.

Hirugarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunean eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unean. Bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Laugarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berarekin dakar ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onesten duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau Torraspapel SAri, Leitzako Udalari eta Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibilerako Zerbitzuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2017ko irailaren 13an.–Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendaria, César Pérez Martín.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea, 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren web-orrian: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/

Iragarkiaren kodea: F1710802