1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
238E/2017 EBAZPENA, irailaren 8koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, Irañetako Udalaren eskariz Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariaren maiatzaren 5eko 165E/2015 Ebazpenean hasitako espedientea iraungi dela deklaratzen duena. 165E/2015 Ebazpen horren bidez baimena eman zen Irañetan enduro kirola praktikatzeko ibilbide bat egokitzeko.
2016ko apirilaren 26an Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan sartu da ingurumen ukipenetarako baimen baten titulartasuna aldatzeko eskaera, hain zuzen, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariaren maiatzaren 5eko 165E/2015 Ebazpenaren bidez eman zena Irañetan enduro kirola praktikatzeko ibilbide bat egokitzeko.
Baimenaren titularra partikular bat da, eta ebazpen honen xedeko eskaeran proposatzen da titulartasuna udalaren beraren alde aldatzea.
Ibilbide hori Irañetako 2. poligonoko 59. lurzatiaren puska batean kokatzen da, herrilurretan, “Irañetako Mendia” izeneko onura publikoko mendiaren eremuan (Nafarroako onura publikoko mendien katalogoaren 500 kodea), eta “Urbasa-Andia” izeneko ES2200021 Kontserbazio Bereziko Eremuaren barrenean dago.
Natura 2000 Sarearen barreneko espazio batean kokatzen denez, ingurumen ukipenetarako baimenaren tramitazioan behar ziren txostenak jaso ziren basogintzaren eta biodibertsitatearen arloetan eskumena duten zerbitzuetatik. Baimenaren titularra aldatzeko eskaera ikusirik, kontsulta egin zaie, berriz ere, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiko Ingurune Naturalaren Zerbitzuaren arduradunei.
Kontsulta bukatuta, eta ebatzi aurretik espedientea berrikusi ondoren, 2016ko azaroaren 15ean Irañetako Udalari eskatu zitzaion aurkez zezala aldatu beharreko baimenaren gaur egungo titularraren adostasuna frogatzeko agiri bat, ikusi baitzen eskaerari ez zitzaiola horrelakorik erantsi. Errekerimendu horretan, propio ohartarazi zen ezen, dokumentazio hori igorri ez eta, horregatik, espedientea hiru hilabetetik gora geldiaraziz gero, eskaera iraungiko litzatekeela eta jarduketak artxibatuko liratekeela, eta, ondorioz, ezin izanen liratekeela proiektatutako obra eta instalazioak egin, hori guztia Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 92. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Emandako epea aise joan denez egindako errekerimenduari erantzun gabe, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuaren indarrez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Irañetako Udalaren eskariz Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariaren maiatzaren 5eko 165E/2015 Ebazpenean agertzen den titulartasuna aldatzeko hasitako espedientea iraungi dela deklaratzea eta espedientean egindako jarduketak artxibatzea. Ebazpen horren bidez ingurumen ukipenetarako baimena eman zen Irañetan enduro kirola praktikatzeko ibilbide bat egokitzeko.
Adieraztea ezen, etorkizunean obra horiek gauzatu nahiko balira, espediente berri bat hasi beharko litzatekeela, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuan ezarritako moduan. Foru dekretu horren bidez Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zen.
2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen hau Irañetako Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2017ko irailaren 8an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.
Iragarkiaren kodea: F1710522