1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
233E/2017 EBAZPENA, irailaren 7koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena haize-sorgailu baterako dorre prototipo bat ezartzeko proiekturako, Eslabako udal-mugartean. Sustatzailea Nabrawind Technologies SLU da.
2017ko martxoaren 27an, goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.
Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.
Hauxe da egin nahi den jarduketa: altuera handiko haize-sorgailuetarako dorre prototipo bat ezartzea, ahalbidetuko duena baldintza errealetan balidatzea dorrearen erresistentzia eta haren muntaketa. Entsegurako 5 urteko epea ezartzen da, eta Eslabako 1. poligonoko 459. lurzatian eginen da.
Dorreak, gutxi gorabehera, 155 metroko altuera izanen du (gondolarik eta palarik gabe). Elkeako erreka-zuloko beheko aldean ezarriko da prototipoa, eta 111 metro koadroko espazioa okupatuko du. Zimenduek hormigoizko hiru zapata independente eta fabrikatu izanen dituzte. Planteatzen da lur-eremua egokitu dadila, egituraren muntaketa baldintzak hobetzeko. Orobat, esparru horretan aurrez fabrikatutako etxola bat jarriko da 6 hilabetez, bulegotarako erabiliko dena. Oraingo baso pisten bidez izanen du irisbidea.
Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalaren eta Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalaren txostenak daude espedientean, proiektuaren aldekoak, zenbait baldintzarekin.
Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea haize-sorgailu baterako dorre prototipo bat ezartzeko proiekturako, Eslabako udal-mugartean. Sustatzailea Nabrawind Technologies SLU da.
2. Baimena neurri hauek aplikatzearen baldintzapean ematen da:
• Ingurumen arlokoak:
–Lurra lautu behar bada, sortzen diren ezpondetan malda ahalik txikiena izanen da, eta, betiere, 2H:1V baino gutxiago.
–Elkeako erreka-zuloko landaredia ez da inola ere ukituko.
–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratuko dira.
–Behin dorrea ezartzea justifikatzen duen entsegua bukaturik (5 urteko funtzionamendua izanen du), lurrak lehengoratu eginen ditu jardueraren titularrak, barnean direla eraikuntzak eraistea eta/edo kentzea.
• Hirigintza arlokoak:
–Baimen hau lortzeko baldintza da sustatzaileak aldez aurretik erdiestea Aireko Segurtasunaren Estatuko Agentziaren aldeko txostena, eskaeraren xede den dorreak 100 metroko altuera gainditzen baitu.
–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 112.2 artikuluaren arabera, kanpora ateratzen diren instalazioko elementuek 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoaren kanpoko ertzetik neurtuta.
–Egin gogo diren lanek uki ditzaketen edo lanen trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Zehazki, dorrea Elkeako erreka-zuloko polizia eremuan dagoenez, sustatzaileak Ebroko Ur Konfederazioaren kasuan kasuko baimena eskuratu beharko du.
–Nabrawind enpresak ezarri nahi duen jarduketak herrilurrak ukituko dituenez, Eslabako Udalak, obra-lizentzia eman baino lehen, lursail horiek desafektatzeko baimena eskuratu beharko du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Herrilurren Atalaren bidez. Horretarako, aginduzko tramiteen ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluan ezarritakoarekin bat.
–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen.
3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 5.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.
4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu, izan ere artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.
6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
7. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Eslabako Udalari, Basozaintzari (Tafalla-Zangoza barrutia) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2017ko irailaren 7an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.
Iragarkiaren kodea: F1710456