195. ALDIZKARIA - 2017ko urriaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

229E/2017 EBAZPENA, irailaren 7koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Orbaizetako udal-mugartean, Legartzako Ubidea konpontzeko proiekturako. Sustatzailea Acciona Energía SA da.

2017ko maiatzaren 10ean, goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko P) epigrafean sartzen da: “erregelamendu honen eranskinetan sartu ez diren obra, lan edo aprobetxamenduen proiektu guztiak, Nafarroako Gobernuak onetsitako babes bereziko eremuetan edo Natura 2000 Sarearen barreneko lekuetan egiten direnak, eta, betiere, tokian tokiko erabili eta kudeatzeko plan gidarietan jaso ez badira, plan sektorial batetik eratorri edo ez”. Foru dekretu horren bidez, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektuaren helburua da Legartzako Ubidea konpontzeko lanak egitea, Orbaizetako udal-mugartean. Ubide horrek aprobetxamendu hidroelektrikorako ura darama. Orbaizetako arma-olatik hurbil hasten da, eta Betolegiko Zentral Hidroelektrikoa elikatzen duen ubidearekin bat egiten duen tokian bukatzen.

Proiektuak, zehazki, ubidearen 1. tunelean dauden kalteak konpontzea aurreikusten du. Tunelaren hasiera ubidearen abiapuntutik eta presa txikitik 73 metrora dago (ETRS 89 UTM koordenatuak, ardatza 30 X= 644.431 Y= 4.762.369). Sasi tunel bat da, non ubidearen sekzioa 121 metro luze den ganga batekin sendotu den (0+073 k.p.tik 0+194 k.p.ra). Tarte horretan, trazadura mendi-hegal batetik doa, Legartza errekarekin paralelo. Gangak luzera desberdineko arraildurak ditu, mendi-hegaletik eroritako materialen kanpo-gainkargarengatik, eta erori eta kolapsoa eragiteko arriskua dago. Ukitutako tarteak hauek dira: 0+073 k.p.tik 0+098 k.p.ra (25 m) eta 0+114 k.p.tik 0 +139 k.p.ra (25 m).

Egin beharreko lanetarako, fase hauek aurreikusi dira:

1. Hurbilpena eta errekaren desbideraketa.

Obra-eremuetara iristeko, belardi bat erabiliko da, errekaren eskuineko bazterrera iritsi arte. Erreka gurutzatzeko, pasabide bat egokitu beharko da, belardiaren eta ibilguaren arteko arrapala bat eginez. Errekaren emaria ibilguaren eskuineko aldean bilduko da. Ibai-ohearen beraren gainean, kanalizazio bat hondeatuko da, alboko dike batekin (130 metro luze eta 1 m x 0,5 m-ko sekzioa). Kanalizazioaren gainean, makinentzako pasabide bat egokituko da, Ø400 mm-ko hodi bat paratuz. Ibilguaren ezkerreko aldetik lan eginen da, alde hori idortua geldituko baita.

2. Sastrakak kendu eta zuhaitzak botatzea.

Lanek 480 m²-ko azalerari eragingo diote guztira. Hala, beharrezkoa da sastrakak kentzea ibilgutik pasatzeko eremuan eta errekaren eta ubidearen arteko zerrenda batean, 121 metro luze eta 3,75 metro zabal.

3. Gangaren gainera eroritako materiala kentzea.

4. Ubidea eraitsi eta berregitea 2. zonan edo tunelaren bukaerako tartean.

5. Ubidea konpontzea 1. zonan edo hasierako zonan: garbiketa lanak, arraildurak josi eta zigilatzekoak eta ondorengo iragazgaiztea.

6. Obra eremua egokitzea, konponketa eta garbiketa lanak eginez, eremu horrek hasieran zituen antzeko baldintzetan utzi arte.

Mendi-hegaletik eroritako materialarentzat (150 m³-ko bolumena aurreikusten da), honako destino hauek proposatzen dira proiektuan: ubidearen ondoko lurretan uztea, betelanetarako erabiltzea Orbaizetako 2. poligonoko 812. lurzatian edo hondakindegi baimendu batera eramatea. Ubidea eraistearen ondoriozko materialari dagokionez (14 m³-bolumena aurreikusten da, guztira), hori ere 812. lurzatiko betelanetarako erabiltzea proposatzen da.

Proiektuaren gaineko ingurumen ukipenen azterlana egin da, non, ingurune naturalean gerta daitezkeen eragin nagusiak identifikatu eta baloratzeaz gainera, babesteko eta eragina zuzentzeko neurriak ere ezartzen diren.

Lan hauek Natura 2000 Sareko “Irati, Urrobi eta Erro ibaien sistema” izeneko Kontserbazio Bereziko Eremuan eginen dira (ES2200025), zeinak uztailaren 2ko 54/2014 Foru Dekretuaren bidez onetsitako kudeaketa plan bat duen.

Kalte handienak ibaiaren oheari, errekaren eta ubidearen artean dagoen ur-bazterreko landareei eta ur-inguruneari lotutako faunari eraginen zaizkie. Ibai-tarte honi loturiko faunari dagokionez, Pirinioetako desmana eta salmonidoak dira aipagarrienak.

Sastrakak garbitzeko lanek eta zuhaitz-mozketak, batez ere, hurritzetan izanen dute eragina. Hurritz horien artean, han-hemenka, sahats, haltz eta lizar ondo bakar batzuk ageri dira. Ondo horiek, oro har, diametro txikikoak dira, eite ederreko aleren bat edo beste dagoen arren.

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak proiektuaren aldeko txostena egin du, baina ebazpen honen ebazpen zatian biltzen diren baldintza eta neurri guztiak bete beharko dira.

Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak adierazi du jarduera onartu bat dela honakoa, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen 111.2 artikuluaren a) apartatuan biltzen direnetako bat. Horregatik, ez du lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimenik behar, lege horren 117. artikuluaren arabera. Espedientean Orbaizetako Udalaren txostena eta Ingurumen Zerbitzuaren eta Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuaren txostenak ere jaso dira.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Orbaizetako udal-mugartean Legartzako Ubidea konpontzeko proiekturako. Sustatzailea Acciona Energía SA da.

2. Baimena ingurumen arloko neurri hauek betetzearen baldintzapean eman da:

–Debeku da lanak azaroaren 1etik maiatzaren 31ra bitarteko aldi kritikoan egitea, salmonidoen gaineko eta ibai-tarte honetan bizi den fauna interesgarrienaren gaineko eragina gutxitzeko.

–Lanak hasi baino hiru egun lehenago, Aezkoa-Kintoa aldeko Basozaintza jakinaren gainean jarriko da (948184715 edo 686502927, ogfoaequ2@cfnavarra.es), obren zuinketa gainbegira dezan.

–Makinak sartu baino lehen, obraren eraginpeko eremua balizatu eta seinaleztatuko da, eta, hala, debekaturik egonen da balizatutako eremutik kanpo zirkulatzea.

–Makinak ibilguan sartu baino lehen, sustatzaileak arrantza elektrikoa egin beharko du ukitutako tartean, eta jarduera hori egin bitartean basozainak bertan egon beharko dira, arrantza gainbegira dezaten. Arrantza elektronikoaren emaitzei buruzko txosten bat bidali beharko zaio Lehengoratzeko eta Arrantza Kudeatzeko Atalari (restauracionderiberas@navarra.es).

–Sastrakak garbitzeko eta zuhaitzak botatzeko lanei dagokienez, lanak egin ahal izateko behar-beharrezkoak diren zurezko landareak baizik ez dira moztuko. Oro har, 15 cm-tik gorako diametroa duten sahats, haltz eta lizarren ondoak babestu eta errespetatuko dira. Horietako bat bota beharra baldin badago, basozainei abisatuko zaie, zuhaitzak marka ditzaten. 15 cm-tik gorako diametroko zuhaitzen bat botaz gero, sustatzaileak espezie bereko 5 landare landatu beharko ditu bakoitzeko. Sahatsen bat botaz gero, moztu aurretik adar-aldaxkak kenduko zaizkie (gutxienez 50 cm luze eta 2 cm-ko diametrokoak), geroago, ukituriko eremuan birlandatzeko. Aldaxkak kontserbatzeko, obrek iraun bitartean, toki heze batean gorde beharko dira, oinaldea lur azpian sartuta.

–Landareei mozketa garbiak eginen zaizkie, urradurarik gabekoak, eta betiere motozerrarekin, eta ez atzerako hondeamakinaren palarekin. Hurritzen birsorkuntza egokia bermatzeko asmoz, sastrakak garbitzeko orduan mozketa garbiak eginen dira oinetan.

–Sortzen diren landare hondarrak, erorketen ondoriozko materialak eta eraispenetako hondakinak ezin dira ubidearen edo errekaren ondoan utzi, eta inguru horretatik eraman beharko dira.

–Espresuki debekatuta dago ibai-ibilguan edonolako isuriak egitea, eta arreta berezia jarriko da substantzia kutsagarriak erabiltzean, hala nola gasolioa, olioak edo hormigoia. Hormigoi freskoa ibilguan botaz gero, fauna piszikola berehala hilko litzateke. Era berean, debekatuta dago erramintak errekan garbitzea.

–Erorketen ondoriozko materiala, lurra eta harriak, garbiak eta kutsatu gabe badaude, proposatutako lurzatia egokitzeko lanetan erabiltzen ahalko dira, betiere betegarria lur landuan edo elkorrean botatzen bada, metro batetik gorakoa ez bada eta inguruko lurrekin behar bezala integratzen bada. Bestela, obrak behar den ingurumen baimena eduki beharko du. Ubidea eraistearen ondoriozko materiala (14 m³-ko bolumena aurreikusten da) ezin izanen da erabili Orbaizetako 2. poligonoko 812. lurzatian betelanak egiteko, eta hondakinen kudeatzaile baimendu batek kudeatu beharko ditu.

–Proposatu den alternatiba, hots, hondakinak ubidearen ondoan uztea, ez da bideragarria ingurumen aldetik.

–Lanak bukatuta, obrek ukituriko alde guztiak ingurumen aldetik lehengoratuko dira, lurzorua destrinkotuz makinen pasaerak ukituriko eremuetan, azalgainak birprofilatuz egokitzapen fisiografiko ona lortu arte inguruko lurretan eta aurreikusitako landaketak eginez. Era berean, ukitutako ibaiaren ohearen morfologia eta granulometria jatorrizko egoerara itzuli beharko da, eta ubidearen profil naturala lehengoratu. Eremutik zabor eta hondakin guztiak eraman beharko dira.

–Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalari obren bukaeraren gaineko txosten bat igorri beharko zaio, eta bertan adierazi zenbatekoa izan den ingurumenaren eta paisaiaren aldetik lortutako lehengoratzea.

–Sustatzaileak behar diren baimen guztiak lortu beharko ditu kasuan-kasuan eskumena duten organoen aldetik. Zehazki, Ebroko Ur Konfederazioaren baimena eskuratu beharko du.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 4.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko Lehengoratzeko eta Arrantza Kudeatzeko Atalari, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Ingurune Naturalaren Zerbitzuko Pirinioaldea Kudeatzeko Atalari, Orbaizetako Udalari, Basozaintzari (Aezkoa-Kintoako barrutia) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2017ko irailaren 7an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1710449