195. ALDIZKARIA - 2017ko urriaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ALLIN

Diru-laguntzak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Allingo Udalak, 2017ko irailaren 11n egin osoko bilkuran, behin betiko onesti zuen Diru-laguntzak arautzen dituen udal ordenantza, eta horren testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratzeko agindu zuen, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin bat.

Amillaon, 2017ko irailaren 25ean.–Alkate udalburua, Eduardo Martinicorena Mortal.

DIRU-LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Zioen azalpena

I.–Allin dugu bizitza modernoaren alor korapilatsuetan partaidetza eta konpromisoa sustatu nahi dituen herria. Beraz, ondokoak hartzen ditu aintzat helburu horiei begira: kultura, elkartasuna, berdintasuna, kirola, boluntariotza, ingurumena, kulturen arteko elkarbizitza sozialerako guneak antolatzea, gizartearen parte-hartzea, herritartasuna eraikitzea eta abar.

Gizartearen bultzada hori dela eta, gero eta gehiago dira gizarte-ekimeneko programak eta jarduerak eskatu eta hartzen dituztenak, Allingo udalerrian ugariak diren horietara joz.

Allingo Udalak badaki egiten diren jarduerek balio erantsi handia dutela udalerriko gizartearentzat, hala zuzeneko egile eta bultzatzaileentzat nola jardueren onuradunentzat. Horregatik, gero eta partida handiagoak ematen ditu elkarteen lana errazteko eta, aldi berean, esker ona eta beren jardueraren gizarte-balioa agertzeko.

II.–Bestalde, publikotasuna, tratu berdintasuna eta bat etortzea dira laguntzak ematean jarraitu beharreko irizpideak; hala dio Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen VI. kapituluak, Nafarroako toki entitateek erakunde publiko eta pribatuei eta partikularrei tokiko eskumenei lotutako zerbitzuak eta jarduerak osatu edo ordeztu beharrez laguntza ekonomikoak eman eta sustatzeko arauak jartzen dituenean.

Xedapen horiek betetzeko, ezinbestekoa da udal arau batzuk jartzea, diru-laguntzak emateko prozedura arautu eta ezartzearren; batetik, aipatutako legeari jarraituko zaio, nahitaez bete beharrekoa baita, eta, bestetik, udalerriaren aipatu errealitate berriari.

III.–Horrenbestez, aipatu eremuetan egiten den jarduera guztira iritsi nahi du Udalaren ordenantza honek, eta Administrazioaren jarduera guztietan agintzen duten printzipio orokorretan oinarritzen da. Printzipio horietako batzuk dira objektibotasuna eta efizientzia, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 3. artikuluan aipatuak; orobat, diru-laguntzen esparruari dagokionez, berdintasunaren, publikotasunaren eta bat etortzearen printzipio arestian aipatuak, gardentasunaren eta objektibotasunaren printzipioekin batera.

XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Ordenantza honek diru-laguntzak emateko irizpideak eta prozedura finkatzea du xede, Allingo udalerriaren esparruan, eta baldintza berak bermatzea herritar eta entitateei onura publiko edo interes sozialeko helburu zehatz bati erantzuten dioten zerbitzu eta jardueretarako laguntzak eskuratzeko.

2. artikulua. Udalak pertsona edo entitate publikoei nahiz pribatuei dirua zein gauzak emateari esaten zaio diru-laguntza, horren xedea baldin bada onura publiko edo interes sozialeko jarduerak bultzatu edo sustatzea, hala nola bekak, primak, laguntzak, eta laguntza pertsonal, material edo ekonomikoa dakarten gainerako xedapen guztiak.

Printzipio orokorrak

3. artikulua. Honako printzipio hauen arabera kudeatuko dira ordenantza honek aipatzen dituen diru-laguntzak:

1. Publikotasuna, gardentasuna, konkurrentzia, objektibotasuna, berdintasuna, diskriminazio eza eta kontrola.

2. Eraginkortasuna, administrazio emaileak finkatutako helburuak betetzean.

3. Efizientzia, baliabide publikoak esleitu eta erabiltzean.

4. artikulua. Diru-laguntzen xedeko alor baten edo gehiagoren gainean onesten diren oinarri arautzaileetan aurreikusitako irizpide, xede eta prozedurei begiratuta eman beharko dira diru-laguntzak.

Oinarriak onetsi aitzin, aginduzkoa izanen da xede horretarako dirua esleitzea aurrekontuetan.

Onuradunak

5. artikulua. Hona nor diren diru-laguntzak eskatzen ahal dituztenak:

a) Irabazi asmorik gabeko entitate, erakunde eta elkarteak, Allinen helbidea izanik Udalaren intereseko zerbitzuak eman edo jarduerak egiten dituztenak.

b) Pertsona fisikoak, Allinen helbidea izanik Udalaren intereseko zerbitzuak eman edo jarduerak egiten dituztenak.

c) Allinen helbidea ez duten irabazi asmorik gabeko entitate eta elkarteak eta pertsona fisikoak, Udalaren intereseko zerbitzuak eman edo jarduerak egiten dituztenak.

Diru-laguntzak arautzen dituzten oinarriek ezarri ahal izanen dutenez, funts publikoak entitate laguntzaile baten bidez ematen ahalko zaizkie onuradunei. Hala bada, lankidetza hitzarmena eginen da Udalaren eta entitate laguntzailearen artean, eta hartan arautuko dira entitateak bere gain hartzen dituen baldintzak eta betebeharrak. Hitzarmen horrek ez du inondik ere lau urte baino gehiago iraunen.

Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak

6. artikulua. Diruz laguntzen ahal dira jarduera programatuak, baldin eta jarraian aipatzen diren arloetakoren batekoak badira, Udalaren eskumeneko zerbitzuetan lagundu edo horiek ordezten badituzte edo tokiko intereseko jarduerak badira; eta diru-laguntzen deialdiari dagokion aldian gauzatzen badira:

–Kultura.

–Hezkuntza.

–Euskararen sustapena.

–Kirolak.

–Gazteria.

–Berdintasuna eta emakumea.

–Enplegua eta prestakuntza.

–Gizarte laguntza.

–Hirugarren adina.

–Memoria historikoaren berreskurapena.

–Laguntza humanitarioa eta/edo garapenerako lankidetza programak hirugarren munduko herrietan.

–Interes sozialeko jarduerak egiten dituzten irabazi asmorik gabeko entitateentzako laguntzak.

–Irabazi asmorik gabeko herri entitate eta taldeentzako laguntzak, herritarren partaidetzaren arloan.

–Jasangarritasunaren eta ingurumenaren alde ari diren entitateentzako laguntzak.

Banakako ebaluazioaren sistema hautatzen denean diru-laguntza emateko, haren gaineko araudi berariazkoak irizpideak ezartzen ditu eskaerak ebaluatzeko eta ebaluazio horren arabera diru-laguntza handiagoa edo txikiagoa esleitzeko. Espedienteak aurkeztu ahala tramitatu eta ebazten dira, aurrekontuan horretarako dirua dagoen bitartean.

7. artikulua. Ezin izanen dira diruz lagundu honako hauek:

a) Lokalak egokitzea edo eraikinetako beste edozein esku-hartze.

b) Ondasun higiezinak erostea.

c) Funtzionamenduak eragindako gastuak (alokairua, telefonoa, argia, langileen nominak eta abar). Horretan salbuespena egiteko, Udalak baloratu beharko du, eta horretarako arrazoiak agertu.

Prozedura

8. artikulua. 1. Orokorrean, diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da.

Udalak zenbateko bat esleituko du urtero aurrekontuan, diru-laguntza har dezaketen jardueretarako.

Diru-laguntzak eman aitzin, organo eskudunak diru-laguntzetarako deialdia egin beharko du, eta haiek arautzeko oinarriak onetsi.

Aurrekontuan dagoen dirua aurkeztu diren eskaeren artean banatuko da, honako hauek kontuan hartuta: deialdiaren oinarrietan aipatzen den jardueraren arlo edo esparrua, lortu nahi diren xedeak eta aurrekontuan horretarako dagoen partida. Biltzen diren inguruabarrak aztertu ondoan emanen da, zenbateraino eta zer ehunekotan laguntzen ahal diren zenbatetsi ondoan.

2. Nolanahi ere, beste diru-laguntza batzuk modu zuzenean ematen ahalko dira, horretarako egiaztatzen diren arrazoiak interes publikokoak, sozialak, ekonomikoak, kirol edo euskara arlokoak, hezkuntzakoak, kulturalak, zientifikoak, humanitarioak edo bestelakoak direnean, baldin eta, hartzailea dela-eta, ez badago konkurrentzia publikorako aukerarik, diru-laguntzaren xedea aitzina eramateko onuradun bakarra edo onuradun talde bakarra dagoelako.

Ondoko kasu hauetan ematen diren diru-laguntzak ere zuzenekoak izanen dira:

a) Udalaren aurrekontuan berariaz aurreikusita daudenean.

b) Lege mailako arau batek agintzen badio Administrazioari diru-laguntza emateko edo zenbat eman behar duen.

c) Diru-laguntzaren izaeragatik edo helburuagatik lehiaketa publikoaren deialdirik behar ez denean, edo izaeragatik nahiz helburuagatik publikotasunaren tramitea betetzea ezinezko bada, gauzatzeko gaitasuna duen onuraduna bakarra delako.

d) Gizarte ongizateko laguntzak; hala nola, larrialdi sozialeko laguntzak eta banakoetzako gizarte laguntzak.

Apartatu honi jarraikiz ematen diren diru-laguntzak gauzatzeko, lankidetza akordioak edo hitzarmenak eginen dira. Haietan diru-laguntzak arautzeko oinarriak ezarriko dira, ordenantza honetako aurreikuspenekin bat, publikotasunaren eta konkurrentziaren printzipioei dagozkienetan izan ezik.

9. artikulua. Udalbatza da ordenantza honetan aipatu deialdiaren oinarriak onetsi, argitaratu, zuzendu, luzatu edo deuseztatzeko organo eskuduna, baita diru-laguntzak ematea edo ukatzea erabakitzeko ere eta haien zenbatekoa zehazteko, horretarako den batzordeak txostena egin ondoan.

Oinarriek eduki hau izan behar dute:

a) Diru-laguntzaren xedearen zehaztapena.

b) Diru-laguntza eskuratzeko onuradunek bete behar dituzten baldintzak, eta eskaerak aurkezteko modua eta epea.

c) Pertsona juridikoek kaudimenaren eta eraginkortasunaren aldetik bete behar dituzten baldintzak.

d) Diru-laguntza emateko prozedura.

e) Diru-laguntza onartzeko irizpide objektiboak eta, hala behar badu, horien haztapena.

f) Diru-laguntza bakoitzaren zenbatekoa edo hori zehazteko irizpideak.

g) Diru-laguntza emateko prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko eskumena duten organoak, eta ebazpena jakinarazteko epea.

h) Diru-laguntzaren justifikazio egokia bermatzeko kontabilitateko liburu eta erregistrorik behar bada, horien zehaztapena.

i) Diru-laguntza zertarako eman zen, xede hori bete dela eta eskuratutako diruak aplikatu direla frogatzeko onuradunak edo entitate laguntzaileak izanen duten epea eta modua.

j) Diru-laguntza ematen duen organoaren aldeko berme neurriak eratu behar badira, horiek zein diren, nola eratzen diren eta horiek bertan behera uzteko prozedura zein den.

k) Aurreordainketak eta konturako ordainketak egiteko aukera, eta onuradunek eman behar dituzten bermeak.

l) Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzea eta bestelako inguruabarrak, ebazpena aldatzeko bidea eman dezaketenak.

m) Bateragarritasuna edo bateraezintasuna xede bererako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin, edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatuetatik edo nazioko, Europar Batasuneko nahiz nazioarteko erakundeetatik etorrita ere.

n) Diru-laguntzak emateagatik ezarritako baldintzak betetzen ez badira, ez betetze hori norainokoa den neurtzeko irizpideak. Irizpide horiek aplikatuko dira azken-azkenean onuradunak jaso edo, hala behar badu, itzuli behar duen dirua zehazteko, eta proportzionaltasun printzipioari jarraitu beharko diote.

10. artikulua. Deialdi bakoitzeko oinarri partikularretan agertzen diren betekizun zehatzez gain, diru-laguntza eskaera egiteko, betiere, eskabide bat aurkeztuko da, eskatzaileak sinatua edo, pertsona juridikoen kasuan, entitateko buruak edo behar bezala egiaztatutako ordezkaritza duenak. Deialdiko oinarri partikularretan aipatzen den dokumentazioa eman beharko da eskabidearekin batera.

Eskabidean azalduko da sinatzaileak zer gisa diharduen. Orobat azalduko dira diru-laguntza eskatzen duen jarduera zehatza, lortu nahi duen helburua, zabalpen eremua eta non eginen den; halaber, kostua eta sor ditzaketen diru-sarrerak.

Eskabidearekin kopia bat aurkeztuko da. Zigilua jarrita, kopia horrek frogagiri gisa balioko du eskatzailearentzako.

11. artikulua. Diru-laguntza emateko deialdi bakoitzaren oinarri partikularretan ezarriko da eskabideak aurkezteko epea zein den.

Zuzeneko emakidak direlako epe zehatza ez duten diru-laguntzak direnean, eskabideak aurkezteko epea irailaren 30ean bukatuko da, urtero. Horretan salbuespena egiteko, Udalak baloratu beharko du, eta horretarako arrazoiak agertu.

12. artikulua. Deialdiaren oinarriak onestean finkatzen diren irizpide berariazkoez gain, honako hauek jotzen dira diru-laguntzak emateko irizpide objektibo orokortzat:

a) Jardueraren interes orokorra Allingo Udalarentzat.

b) Biztanleriaren partaidetza aktiboa programa hauetan, eta jardueren eragina gizartean.

c) Prestakuntzaren edo hezkuntzaren aldetik biztanleen bizi-kalitatea hobetu dezaketen alderdiei mesede egitea.

d) Proiektua zer esparrutan garatuko den, horrexen baldintzetara egokitzea gizartearen, kulturaren, kirolaren eta abarren aldetik.

e) Jarduerak Allingo herritarren eskura izatea eta iritzi publikoa sentsibilizatzen laguntzea.

f) Boluntarioek parte hartzea proiektua edo jarduera gauzatzen.

g) Antzinatasuna Allingo erroldan.

h) Gisako jardueren urritasuna.

i) Kirola eta kultura sustatzea.

j) Diru-laguntzarik gabe nekez gauza litezkeen interes orokorreko jarduerei laguntza ematea.

k) Proiektuan ingurumenaren, gizartearen edo genero berdintasunaren ikuspegia txertatzea.

l) Antzinatasuna eta eskarmentua, gisako proiektuetan.

m) Eskatzailearen gaitasun teknikoa nahiz antolaketarako eta kudeaketarako gaitasuna.

13. artikulua. Informazio-batzordeak eskaerak aztertuko ditu eta, ondoren, txostena aurkeztuko dio Udalbatzari. Horrek ebazpena emanen du eta diru-laguntza onartuko, biltzen diren inguruabarrak azterturik, kasu bakoitzean zenbateraino eta zer ehunekotan laguntzen ahal den zenbatetsi ondoan. Arau orokorra da jarduerentzako diru-laguntzek, guztira, ez gainditzea hartarako aurkeztu den aurrekontu osoaren %50. Deialdi bakoitzaren oinarri partikularrek adieraziko dute gehieneko zenbatekoa. Dena dela, salbuespen gisa, ikusirik jardueraren izaera, pertsona edo entitate eskatzailearen ibilbidea eta sendotasuna, eta proposatzen den jarduerak hala Allingo udalerrian nola herritik kanpo izan dezakeen oihartzuna, organo eskudunak, bidezko iruditzen bazaio, diru-laguntzaren zenbatekoa ezarritako %50 horretatik gorakoa izan daiteke, eskatutakoaren mugara iritsi bitarte.

Onuradunen betebeharrak

14. artikulua. Hauek dira onuradunen betebeharrak:

–Diru-laguntza jasotzeko oinarri den xedea betetzea, proiektua gauzatzea, jarduera egitea edo portaera izatea.

–Organo emaileari edo, halakorik bada, entitate laguntzaileari frogatzea betekizunak eta baldintzak betetzen direla eta diru-laguntza emateko edo jasotzeko arrazoi izan diren jarduera eta helburua gauzatu eta bete direla.

–Organo emaileak edo, halakorik bada, entitate laguntzaileak egin beharreko egiaztatze lanak onartzea, baita kontrol organo eskudun nazionalek zein europarrek finantzak egiaztatu eta kontrolatzeko egiten ahal dituztenak ere; bestetik, lehenagoko jarduketen ondorioz eskatzen ahal zaion informazio guztia ematea.

–Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu edo lortutako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea diru-laguntza eman duen organoari edo entitate laguntzaileari. Jakin bezain laster emanen da haien berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.

–Diru-laguntzak ematen dituen ebazpenaren proposamena egitean, zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteak izatea.

–Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrolaren xede izaten ahal diren bitartean.

–Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aurreikusitako kasuetan, bildutako dirua itzultzea.

–Allingo Udalak ematen duen diru-laguntza orok betebehar bat izanen du onuradunarentzat, hau da, diruz lagundutako jardueraren agiri eta iragarki idatzi guztietan aditzera emanen da Allingo Udalaren diru-laguntza jaso dela, eta Udalaren logotipoa ere agerraraziko da ematen diren eredu tipografikoak erabiliz.

15. artikulua. Entitate laguntzaileak, onuradunak eta diru-laguntzen xedearekin edo haren justifikazioarekin ikusteko duten hirugarrenak beharturik daude Udalaren kontrol organoen lana erraztera, baita kontrol organo eskudunek finantzen egiaztatze eta kontrolaren arloan egin ditzaketen gainerakoak ere, bereziki uztea kontrolaren eta segimenduaren xedeko dokumentazioa aztertzen eta lokaletan sartzen.

16. artikulua. Jarduera baterako diru-laguntzaren eskabidea aurkezte hutsak berarekin dakar ordenantza hau eta diru-laguntza emateko oinarriak ezagutzea eta onartzea.

17. artikulua. Ordenantza honetako betebehar eta aginduak ez betetzeak diru-laguntza itzuli beharra ekar dezake. Erabaki hori organo emaileak hartuko du, espedientea instruitu ondoan. Hartan, zentro kudeatzailearen proposamen arrazoituarekin batera, bidezko diren txosten eta frogak aurkeztuko dira, baita onuradunaren alegazioak ere, halakorik bada. Espedientea hiru hilabeteko epean ebatzi beharko da.

Justifikazioa eta kobrantza

18. artikulua. Hitzarmenaren esparrua.

Hitzarmen baten ondoriozko diru-laguntza denean, horren klausulek agintzen dutena eginen da justifikatzean eta ordaintzean.

Beste kasu guztietan, arau arautzaile hauetan ezarritako prozedurari jarraikiko zaio; hitzarmenen kasuan, berriz, modu osagarrian aplikatuko dira arau hauek.

19. artikulua. Hitzarmen kanpoko esparrua.

Ordenantza honetako aginduei jarraikiz emandako diru-laguntzak jasotzeko, agiri hauek aurkeztu beharko dira udaletxean:

a) Egindako jardueraren memoria zehatza.

b) Eskabidea, entitateko buruak edo behar bezala egiaztatutako ordezkaritza duenak sinatua, alkateari zuzendua, diru-laguntzaren ordainketa eskatzeko. Bertan, kontu korrontearen zenbakia adieraziko da, hartara transferentzia egiteko.

c) Onuradunaren zinpeko deklarazioa, frogagiri gisa aurkeztu dituen fakturak diruz lagundutako jardueran aplikatu direla azaltzen duena.

d) Fakturak, diruz laguntzen ahal den jardueraren zenbateko osoa adieraziko dutenak. Hala ere, salbuespenez deialdiak ezartzen ahalko du fakturak emandako diru-laguntzaren zenbatekoaren heinekoak izatea.

Betiere, fakturetan betekizun hauek bete beharko dira:

–Jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak izatea.

–Jaulkitzailearen NANa edo IFZ, izena eta helbide soziala edukitzea.

–Fakturaren zenbakia eta jaulkipen eguna; egun hori jarduera garatu den aldikoa izanen da, ezinbestean. Diru-laguntza eman den urteko data eduki beharko dute, edo aitzineko urteko laugarren hiruhilekokoa. Jarduera puntuala baldin bada, aipatu jarduerari dagokion data.

–Jardueraren deskribapena.

e) Jarduerak sortutako gastuen zerrenda eta dokumentazio inprimatua.

f) Beste entitate publiko nahiz pribatu batzuek emandako diru-laguntzen zerrenda.

20. artikulua. 18. artikuluan aipatzen diren frogagiriak diru-laguntza ordaintzeko eskabidearekin batera aurkeztuko dira. Batzordeak espedientea aztertuko du eta Udalbatzari proposatuko dio –kasuan kasuko alorreko zerbitzu teknikoen txostena ikusi ondoren– diru-laguntza onetsi eta ordaintzea, bidezkoa bada. Udalbatzak espedientea ebatzi eta ordainketa onetsiko du, betiere egitekoa den gastua bere eskumenen barnean badago. Bestelakoetan, legeak ezartzen duen gobernu organoak emanen du ebazpena.

21. artikulua. Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan aplikatzekoak izanen dira Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, hari buruz uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamendua eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditzen dira ordenantza honetan xedatuari kontra egiten dioten indarreko udal ordenantzetako xedapenak, bai eta kontrakoa esaten dutenak ere.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Iragarkiaren kodea: L1711253