1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
234E/2017 EBAZPENA, irailaren 7koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena TA Altzo-Adunatik eta TA Altzo-Leitzatik Martikonea maniobra zentrora linea elektrikoaren proiekturako, Leitzako udal-mugartean. Sustatzailea Iberdrola Distribución Eléctrica SAU da.
2016ko apirilaren 5ean, goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.
Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.
Jarduketa horren asmoa da egungo instalazio elektrikoak hobetu eta dauden hornidura elektrikoak bermatzea. Horretarako, 30 kV-ko lurrazpiko kanalizazio elektrikoa sartuko da TA Altzo-Adunatik eta TA Altzo-Leitzatik Martikonea maniobra zentrora (1. poligonoko 456. lurzatian, Arkiskil alderdian eta NA-170 errepidearen bazterrean).
30 kV-ko TA Altzo-Aduna lurrazpiko linea elektrikoaren jatorria T-2138 dorrean dago, Martikonea maniobra zentroraino doa eta dorre horretara bertara itzultzen da. Luzera guztira 476 metrokoa da, eta kanalizazioa, 206 metrokoa. 30 kV-ko TA Altzo-Leitza lurrazpiko linea elektrikoaren jatorria T-2502 dorrean dago, Martikonea maniobra zentroraino doa eta dorre horretara bertara itzultzen da. Luzera guztira 486 metrokoa da, eta kanalizazioa, 221 metrokoa.
Hasierako proiektuak proposatzen zuen Martikonea maniobra zentroa 1. poligonoko 447. lurzatian kokatzea, baina udalaren txosten baten ondorioz, 1. poligonoko 456. lurzatira aldatu zen bere behin betiko kokapena. Proiektatutako trazadura bide publiko batean barrena iragaten da eta azkenean NA-170 errepidearen bazterretik biribilgunearen aldameneko 2+125 k.p.raino; hor dago maniobra zentroaren eraikina. Proiektu berriak ez dio eragiten 1. poligonoko 447. lurzatiari, ezta mugakide duen biribilgunearen aldameneko bideari ere.
Espedientean Leitzako Udalak proiektuaren alde emandako txostena jaso da. Honakoa ere jaso da espedientean: Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak eta Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak zenbait baldintzarekin emandako aldeko txostena.
Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea TA Altzo-Adunatik eta TA Altzo-Leitzatik Martikonea maniobra zentrora hargunea egiteko proiektuari, Leitzako udal-mugartean. Sustatzailea Iberdrola Distribución Eléctrica SAU da.
2. Baimenak ondoko neurri hauek aplikatzera behartzen du:
• Ingurumen arlokoak:
Aireko linea lur azpikoa bihurtzeko euskarrietan, lineako eroaleen, etengailuen eta tximistorratz autobalbulen arteko lotune zubiak isolatuko dira, bai eta horien eta loturako botilen artekoak ere. Isolamenduan erabilitako materiala egokia izan beharko da goi tentsioko lanetarako eta hegaztiak babesteko. Halaber, tximistorratz autobalbulak BCAC (“Bushing connection animal cover”) aurremoldeatutako estalkiekin edo antzekoekin babestuko dira.
–Obrak aldatzen dituen eremu guztiak lehengoratu beharko dira.
• Hirigintza arlokoak:
–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratuko dira. Lursailaren esku-hartze baldintzak eta bukaerako egoera zainduko dira jarduketak ahalik eta eragin txikiena izan dezan ingurunean, eta horretarako, egokitzat jotzen dituen neurriak hartuko ditu ingurumeneko tramitazioan eskumena duen organoak.
–Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean paratu gogo diren jarduerak azpiegitura honekin lotzea.
–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 112.2 artikuluaren arabera, proiektatutako azpiegiturari lotuta lurraren sestra gainditzen duten elementuek eta eraikinak 3 m-ko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko ertzetik neurtuta.
–Egin gogo diren lanek uki ditzaketen edo lanen trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.
- Bereziki, Kantauri aldeko Ur Konfederazioarena, bi ibilgu oso hurbil baitaude (Leitzaran ibaia eta Txaragorriko erreka), Urei buruzko lege indardunarekin bat.
- NA-170 errepideari dagokionez, Herri Lanetako zuzendari nagusiaren otsailaren 6ko 119/2017 Ebazpenean ezarritako baldintzak bete beharko dira. Ebazpen horren bidez, baimena eman zitzaion Iberdrola Distribución Eléctrica SAUri kanalizazio bat egiteko 1+965 k.p. eta 2+125 k.p.ren artean, eta Maniobra Zentro bat jartzeko 2+125 k.p.an, NA-170 errepidearen ezkerreko bazterrean, A-15-Doneztebe-Santesteban, AOP 2017139 espedientea, eta baita obra horien ondorioz aldi baterako okupazioa ere, Nafarroako Foru Komunitatearen jabetza diren lursailetan (errepideak) eragindako ukipenengatik.
–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen. Jarduera uzteak berarekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharra, gehienez ere 5 urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Alde horretatik, 35/2002 Foru Legearen 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak eskatuko dio sustatzaileari aitor dezala konpromisoa hartzen duela lurzorua bost urteko epean gehienez lehengoratzeko, baimendutako jarduera uzten badu.
3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.
4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Leitzako Udalari, Basozaintzari (Bidasoako barrutia) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2017ko irailaren 7an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.
Iragarkiaren kodea: F1710450