1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
228E/2017 EBAZPENA, irailaren 7koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Monteagudoko udal-mugartean Monteagudoko hustubidea aldatzeko proiekturako. Sustatzailea Nafarroako Toki Azpiegiturak SA da.
2017ko apirilaren 20an, goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N) epigrafean (Uraren goi hornidurarako eta saneamendurako hodiak lurzoru urbanizaezinean paratzen direnean eta dekretu horren beste eranskin batean bilduta ez daudenean) sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.
Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.
Proiektuaren helburua herriko mendebaldeko hustubidean aritzea da; izan ere, ia 6 metroan 90ºko biraketa zakar bat egiten du, MOIP9 eta MOIP10 putzuen artean, eta horrek zaildu egiten du funtzionamendu hidrauliko egokia izatea. Helburua hori zuzentzea da.
Lan hauek eginen dira: biraketa hori kendu, eta horren ordez bihurgune zabalagoa eta iskintxo leunduak dituena jarri. Horretarako, hustubide berria eginen da MOIP12 eta MIP7 putzuen artean, eta tarteko putzu bat jarriko da.
Berritutako hustubidearen ezaugarriak hauek izanen dira:
–Diametro izendatua: 315 mm.
–Materiala: PVCko hodia gomazko junturarekin.
–Malda: %0,65.
–Luzera: 163,47 m.
Proiektuaren gaineko ingurumen ukipenen azterlana egin da; bertan, obrek sor ditzaketen eragin nagusiak egoki identifikatu eta baloratzeaz gainera, babesteko eta eragina zuzentzeko neurriak ere ezartzen dira.
Proiektua herriko hirigunearen iparraldean kokatua dago, eta 394., 395., 396., 400., 404., 1357., 1405. eta 1307. lurzatiei eragiten die; horiek guztiak Monteagudoko udal-mugarteko 4. poligonoan daude. Obren aldi baterako okupazio azalera, guztira, 3.430 m² ingurukoa izanen da, zangak irekitzeko beharrezkoak diren zerrendak eta materialak pilatzeko eremuak kontuan hartuta.
Ukitutako finkak ureztatutako alor eta arbendolondo-sail gisa erabiltzen dira, 395. lurzatia izan ezik, larre gisa erabiltzen baita. Lurzati hori eta proiektuaren jarduketa eremuan dauden erretenak dira ingurumen interesik handieneko elementuak. 395. lurzatiak 664,43 m²-ko azalera du; horietatik 51 m² bakarrik ukituko dira. Lurzatiaren gainerakoan sastrakadia dago, andeatu samarra. Europar Batasunaren intereseko habitat honekin bat etor liteke: “Lehen mailako eta bigarren mailako sastrakadi mediterraneoak eta oromediterraneoak, maiz genistak nagusi direla” (HIC- 4090). Inguruko erretenek eta horiei lotutako landarediak interes berezia dute faunarentzat, eta espezie mehatxatu batzuentzat babesleku izan litezke, hala nola bisoi europarrarentzat (Mustela lutreola) eta apoarmatu istilzalearentzat (Emys orbicularis). Erreten bat behin bakarrik gurutzatzea proiektatu da, landarerik gabeko toki batean, eta, oro har, landaredi guztia errespetatzea aurreikusten da.
Proiektuak ez ditu ukitzen naturgune babestuen sarea, Natura 2000 Sarea, estepako hegaztiak babesteko eremuak, hezeguneak, sare hidrografikoak, erabilera publikoko mendiak, abelbideak eta ezta bide historikoak ere.
Lurraldearen Antolamendu eta Estrategiaren Atalalak 2017ko abuztuaren 16an zenbait baldintzarekin emandako aldeko txostena sartu da espedientean. Ingurumen Eraginaren Atalak proiektuaren aldeko txostena egin du, baina ebazpen honen ebazpen zatian biltzen diren baldintzak bete beharko dira.
Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Monteagudoko hustubidea aldatzeko proiektuari Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, Monteagudoko udal-mugartean. Sustatzailea Nafarroako Toki Azpiegiturak SA da.
2. Baimenak ondoko neurri hauek aplikatzera behartzen du:
• Ingurumen arlokoak:
–Proiektuarekin batera aurkeztutako Ingurumen ukipenen azterlanean ezarritako neurri zuzentzaile eta prebentzioko guztiak beteko dira.
–48 ordu lehenago abisua emanen zaio Tuterako barrutiko Basozaintzari (telefonoa: 948 847 033; e-posta: ogfotude12@cfnavarra.es) obra-zuinketa gainbegiratzeko eta egiaztatzeko ia baden babestutako faunarik erretenetan gordea.
–Balizatu eginen dira 4. poligonoko 395. lurzatian dauden sastrakadi eremuak eta erretenei lotutako landaredia; horiek ezin izanen dira inola ere ukitu.
–Aurkeztutako Ingurumen ukipenen azterlanaren arabera, erretena gurutzatzea eta horren ondoko lanak (1357. eta 1405. lurzatiak) bisoi europarraren ugalketa eta hazkuntza garaitik kanpo eginen dira (apirilaren 1etik abuztuaren 30era izaten da hori).
–Zangak hondeatzean, lurzoruaren azaleko geruza emankorra bereiz pilatuko da, bukaeran zanga horien gainazala betetzeko erabiltzeko.
–Azkenik, obrek ukitutako eremu guztiak hasierako egoerara leheneratuko dira; makinek zapaldutako lurzorua destrinkotu eginen da, eta gainazalak birprofilatu, inguruko lurretan egokitzapen fisiografiko ona lortu arte.
–Lanak bukatu ondoren, kendu eginen dira proiektuaren jarduketa eremuan dauden zabor eta hondakin guztiak, eta indarreko legediaren arabera kudeatuko dira.
• Hirigintza arlokoak:
–Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean paratu gogo diren jarduerak saneamendu sarera lotzea.
–Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuaren 2017ko uztailaren 4ko txostenarekin bat, lurzoruak nekazaritzarako duen gaitasunari ahalik eta gehien eusteko, baimena jasotzeko, beharrezkoa izanen da eskatzaileak konpromisoa hartzea lurzorua berriz ere egokitzeko, behin zanga bete ondoan.
–Egin gogo diren lanek uki ditzaketen edo lanen trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.
–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen. Jarduera uzteak berarekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharra, gehienez ere 5 urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Alde horretatik, 35/2002 Foru Legearen 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak eskatuko dio sustatzaileari aitor dezala konpromisoa hartzen duela lurzorua bost urteko epean gehienez lehengoratzeko, baimendutako jarduera uzten badu.
3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.
4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Monteagudoko Udalari, Basozaintzari (Tuterako barrutia) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2017ko irailaren 7an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.
Iragarkiaren kodea: F1710452