1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
1639/2017 EBAZPENA, 2017ko irailaren 15ekoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeak emana. Haren bidez, ikertzaileen lan kontratazioa egiteko hautaprobetarako deia egiten da, honako ikerketa proiektu hau garatzeko: “0011-1365-2017-000146 OPTI-CASEIN-APPLY”.
2017ko irailaren 13an, Ikerketa Zerbitzuak ikertzaileak kontratatzeko hautaprobetarako deia egiteko eskatu zuen, proiektuko laguntzaile gisa “0011-1365-2017-000146 OPTI-CASEIN-APPLY” ikerketa proiektua egiteko. Ikerketa proiektuaren ikertzaile nagusia Juan Maté Caballero da, Unibertsitateko katedraduna eta Elikagaien Teknologia Sailari atxikia.
Langileen Kudeaketarako Ataleko buruaren proposamenez, zeinak Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren oniritzia baitauka.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak, errektoretza taldearen egitura orokorra onetsi eta bere funtzioak zehazteko 2015eko ekainaren 24an eman zuen 1042/2015 ebazpenaren bidez, eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
Lehena.–Hautaprobetarako deialdia egitea “0011-1365-2017-000146 OPTI-CASEIN-APPLY” ikerketa proiektua garatzeko ikertzaileen lan kontratazioa egiteko.
Bigarrena.–Onestea hautaproben deialdia arautuko duten oinarriak, ebazpen honekin batera doazenak, ebazpenaren parte gisa.
Hirugarrena.–Hautapen Batzordeko kideei eta Ikerketa Zerbitzuko Zuzendaritzari Ebazpen hau igortzea.
Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web orrialdean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea.
Bosgarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, Unibertsitateei buruzko 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 6.4 artikuluak xedatzen duenaren arabera, eta zilegi da berraztertzeko errekurtsoa errektorearen aurrean, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegietan, hilabeteko epean lehenengo kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere, ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Iruñean, 2017ko irailaren 15ean.–Ikerketako errektoreordea, Ramón Gonzalo García.
OINARRIAK
1.–Datu orokorrak.
–Deialdiaren xedea: Deialdi honen xedea ikertzaileak hautatzea da, ondoren lan kontratazioa egiteko ikerketa proiektu hau garatzeko: “0011-1365-2017-000146 OPTI-CASEIN-APPLY”.
–Maila profesionala: proiektuko laguntzailea, batez ere ikerketa lanetan aritzeko.
–Egin beharreko eginkizunak: esneki-proteinadun kontzentratuen ekoizpen, kontserbazio, erabilera eta analisiarekin lotutako jarduerak.
–Kontratu mota: Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikertzaileak Kontratatzeko Arautegian, Gobernu Kontseiluak 2017ko maiatzaren 3an hartu zuen Erabaki baten bidez onetsitakoan, ezarritakoarekin bat etorriz, Langileen Estatutuko 15. artikuluak ezarritako obra edo zerbitzu zehatzeko kontratu modalitatearen bidez egingo da kontratazioa.
–Iraupena: 2019ko apirilaren 30era arte, kontratua sinatzen denetik.
Langileen Estatutuari buruzko Legea garatzen duen 1998ko abenduaren 18ko 2720/1998 Errege Dekretuaren Testu Bateginaren 15. artikuluan ezarritakoarekin bat, iraupen hori orientatzekoa da eta inolaz ere ez da izango proiektua indardun den denbora baino luzeagoa, betiere esleitutako diru kopuruak baldintzatuko du, eta, horrenbestez, ikerketa proiektuari lotzen zaion funtsa ez edukitzea kontratua iraungitzeko zioa izango da.
–Lanaldi-mota: osoa.
–Ordainsariak: Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikertzaileak Kontratatzeko Arautegiak, 2017ko maiatzaren 3an Gobernu Kontseiluaren erabaki batez onetsitakoak, bere Eranskinean ezarritakoak.
Diru gehigarriak ordaintzeko aukera egongo da, proiektuan edo kontratuan ezarritako helburuak betez gero. Diru gehigarri horiek ordaintzeko, proiektuaren arduradunak ordainketa justifikatzen duen azken txosten bat egin beharko du, eta aurrekontuan diru kopuru nahikoa izan beharko da.
–Finantzaketa: Nafarroako Gobernua.
–Argitaratzeko tokia: deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeaz gainera, deialdiarekin lotutako egintza eta ebazpen guztiak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webean argitaratuko dira.
2.–Parte hartzeko baldintzak.
2.1.–Hautaprobetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa izatea edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiar Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa.
Halaber, Espainiako, Europar Batasuneko estatuetako eta aipatu nazioarteko itunak aplikatzen diren eremuko estatuetako herritartasuna dutenen ezkontideek parte hartzeko aukera dute, betiere zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude; herritartasuna duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartzeko aukera dute, zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude, baldin eta 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.
Espainian legezko bizilekua duten atzerritarrek administrazio publikoetako lan kontratupeko langile aritzeko aukera izango dute.
b) 18 urte baino gehiago izatea, eta erretiro adina betea ez izatea.
c) Graduko, diplomaturako, arkitektura teknikoko edo ingeniaritza teknikoko titulazio akademiko ofiziala edo hezkuntza alorrean eskuduna den ministerioak ezarritako titulazioak, Goi Mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruko (MECES) 2. mailari (graduari) dagozkion titulazioak.
Atzerrian lortutako titulazioak badira, beharrezkoa izango da atzerriko tituluak homologatzeko eskumena duen ministerioak titulazioa baliokidetzea, eskaerak aurkezteko epea amaitu baino lehenago. Europar Batasuneko tituluak dituzten izangaien kasuan, homologazioa aurkeztuko dute, edo, bidezkoa bada, dagokion baliokidetza ziurtagiria. Homologazio edo baliokidetza betekizun hori ez zaie aplikatuko lanbide arautuen eremuan kualifikazio profesionalaren aitorpena daukaten izangaiei, Europako Erkidegoko Zuzenbidearen xedapenen babesean erdietsi dutenei.
d) Deialdiko xede diren lanpostuak betetzea galarazten duen gaixotasunik, muga fisikorik edo psikikorik ez edukitzea.
e) Diziplinako espediente baten ondorioz edozein administrazio publikotako zerbitzutik baztertua ez izatea, eta eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua ez egotea epai irmo baten bidez.
2.2.–Aurreko arauetan ezarri diren baldintzak eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete beharko dira, eta kontratazioa egin arte beteko dira.
3.–Eskaerak.
Eskabideak aurkezteko epea 10 egun baliodun igaro ondoren bukatuko da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.
Eskabide eredua esteka honetan dago:
http://www2.unavarra.es/gesadj/registroGeneral/instancias/recursos-humanos/contratacion-personal-investigador.pdf
Eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztuko dituzte:
–Nortasun Agiri Nazionalaren, AIZaren edo pasaportearen fotokopia.
–Deialdian eskatzen den tituluaren fotokopia.
–Ikasketa espedientearen fotokopia, batez besteko nota zehaztuta.
–Curriculum vitaea, egoki jotzen dituen merezimendu egiaztagiriekin batera.
Parte hartzeko eskabideak eta dokumentazioa Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistro Orokorrean aurkeztu behar dira (Arrosadiko campusa, z/g, 31006 Iruñea / Tuterako campusa, Tarazona etorbidea, z/g, 31500 Tutera), edo Estatuaren Administrazio Orokorreko erregistroetan, Autonomia Erkidegoetako Administrazioetako erregistroetan, Toki Administrazioa osatzen duten Erakundeetako erregistroetan, posta bulegoetan edo Espainiak atzerrian dituen kontsulatuetan edo ordezkaritza diplomatikoetan.
Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun azal irekian egingo da, posta zerbitzuko langileak, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzan, eta ondoren egiaztatu eta bidali Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistrora.
Giza Baliabideen Zerbitzuak eskaerak behar bezala kudea ditzan, Nafarroako Unibertsitate Publikoko erregistroak aukeratzen ez dituzten eskatzaileek eskaeraren kopia eskaneatu bat bidali behar dute dagokion erregistroko sarrera-zigiluarekin recursos.humanos@unavarra.es helbide elektronikora.
4.–Izangaiak onartzea.
4.1.–Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gero, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da.
Eskatzaileetako inor baztertzen ez bada, lehiaketa publikorako onartu diren izangaien behin betiko zerrenda argitaratuko da.
4.2.–Izangai baztertuek edo azaldu gabeek, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo 5 egun balioduneko epean, zilegi dute erreklamatzea eta, akatsen bat badago, akatsak zuzentzea.
4.3.–Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gero, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da.
4.4.–Izangaiak hautaketa prozesuan onartuen zerrendan egoteak, edota 6.2 oinarriak aipatu hautaketa prozesua gainditu dutenen zerrendan egoteak ez du ekarriko inoiz ere unibertsitateak aitortzea betetzen dituztela deialdiko oinarrietan eskatu diren baldintza orokorrak edo bereziak. Kontratatzeko deitzen dituzten izangaiek ziurtatu eta egiaztatu beharko dituzte horiek, jatorrizko dokumentazioa aurkeztu beharko baitute kontratua sinatzen dutenean.
4.5.–Jatorrizko dokumentazioan aitortzen dena parte hartzeko eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentazioan zehatz ez emateak, faltsutzeak edo ez emateak kontratua sinatzeko ezintasuna eta kontratazio zerrendatik baztertzea ekarriko du, interesdunak berak sinatutako ardura aitorpenarekin bat etorriz.
5.–Hautaketa prozesua.
Izangaien merezimenduak balioetsiko dira aurkeztutako dokumentazioarekin bat etorriz eta I. eranskineko baremoaren arabera.
Izangaiek eskabideak aurkezteko epea bukatzean dituzten merezimenduak bakarrik balioetsiko dira, eta gero lortutakoak ez dira kontuan hartuko. Hautapen Batzordeak inola ere ez du onartuko izangaiek alegatu ez duten edo agirien bidez frogatu ez duten merezimendurik, eta ezin izango du atal bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman.
Adierazten diren merezimendu guztiak zuzenbidean baliozkoa den edozein baliabideren bidez frogatu behar dira.
Hautapen Batzordeko kide bakoitzak balioetsiko ditu izangaien merezimenduak. Azken puntuazioa izangai bakoitzari emandako puntuazioen batezbestekoa izango da.
6.–Hautaketa prozesuaren ebazpena.
6.1.–Izangaiek aurkeztutako merezimenduen balioespena amaitu eta gero, Hautapen Batzordeak Ikerketako errektoreordeari bidaliko dio hautaketa prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako puntuazioekin.
6.2.–Ikerketako errektoreordeak ebazpena emango du hautaketa prozesua gainditu duten izangaien zerrenda onesteko, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web orrialdean argitaratuko da.
6.3.–Deialdi honetako kontratazio zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasi eta proiektua amaitzen den arte egongo da indarrean.
7.–Hautapen batzordea.
Batzordeburua: Teresa Fernández García doktore andrea, Unibertsitateko irakasle titularra eta Elikagaien Teknologia Sailari atxikia, Ikerketa errektoreordeak delegatuta.
Idazkaria: Juan Maté Caballero doktore jauna, Unibertsitateko katedraduna, Elikagaien Teknologia Sailari atxikia.
Batzordekidea: Montserrat Navarro Huidobro doktore andrea, Unibertsitateko irakasle titularra, eta Elikagaien Teknologia Sailari atxikia.
–Balioespen batzorde ordezkoa:
Batzordeburua: Cristina Arroqui Vidaurreta doktore andrea, Unibertsitateko irakasle titularra, Elikagaien Teknologia Sailari atxikia.
Idazkaria: Iñigo Arozarena Martinicorena doktore jauna, Unibertsitateko irakasle titularra, Elikagaien Teknologia Sailari atxikia.
Batzordekidea: Idoya Fernandez Pan irakasle laguntzaile doktore andrea, Elikagaien Teknologia Sailari atxikia.
Hautapen Batzordearen jarduerak, une oro, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legeak ezartzen dutenaren arabera gauzatuko dira. Jakinarazpenak emateko eta bestelako gorabeheretarako, Hautapen Batzordearen egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazio eta Kudeaketa eraikina izango da.
8.–Norberaren datuak babestea.
Norberaren Datuak Babesteari buruzko 1999ko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak (DBLO) ezarritakoarekin bat etorriz, izangaiek emandako datuak Langileen fitxategian jasoko dira. Fitxategi horren helburua da Nafarroako Unibertsitate Publikoko langileen kudeaketa.
Kontratu hau finantzatzen duen erakundearen aurrean gastuak justifikatzeko, nominei eta gizarte segurantzari buruzko datuak, edo kontratupekoak jasotzen dituen beste edozein ordainsariri buruzko datuak erakunde horri lagako zaizkio. Nolanahi ere, kontratua gauzatzen denean baimenduko da lagapen hori.
9.–Errekurtsoak.
Deialdi honen eta haren oinarrien aurka zilegi da errekurtso hauetako bat, arau indardunekin bat etorriz:
a) Aukerako berraztertze errekurtsoa errektorearen aurrean, hilabeteko epean, aurkatzen den egintza jakinarazten edo argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.
b) Administrazioarekiko auzi errekurtsoa Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, aurkatzen den egintza jakinarazten edo argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.
Hautapen Batzordeak deialdi hau aplikatzeko erabakitzen dituen gainerako egintzen aurka, zilegi da gorako errekurtsoa jartzea errektorearen aurrean, hilabeteko epean, ekitaldia edo erabakia jakinarazten edo argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.
I. ERANSKINA
Hautatzeko irizpideak
ERABILIKO DEN ETA/EDO EGINGO DIREN PROBAK |
1. ATALA: Ikasketa espedientea | Puntuak | 20 |
Titulazioaren ikasketa espedientea proportzionalki balioetsiko da, gehienez ere, 10 punturekin. Ateratzen den puntuazioa 2 faktorearekin biderkatuko da izangaiaren titulazioa Elikagaien Teknologiako Gradua, Nekazaritza Ingeniaria edo Nekazaritza Ingeniaria eta Nekazaritza Ingeniari Teknikoa, Elikadura Industriak espezialitatekoa, bada, eta 0,5 faktorearekin, bestelako titulazioa bada. |
2. ATALA: Graduondoko ikasketak | Puntuak | 25 |
Master bat izatea 10 punturekin balioetsiko da, gehienez ere, kontratu honen eta hari dagokion espedientearen xede diren lanekin masterrak duen erlazioaren arabera. Doktoretza bat izatea 15 punturekin balioetsiko da, gehienez ere, kontratu honen xede diren lanekin tesiak duen erlazioaren arabera. |
3. ATALA: Ikerketa esperientzia | Puntuak | 20 |
Laborategiko esperientzia. Elikagaien teknologiarekin lotura duen laborategi batean kontratu edo beka bat izana, gehienez ere, 3 punturekin balioetsiko da kontratu-urte bakoitzeko, kontratu honen xede diren lanekin laborategiko esperientziak duen erlazioaren arabera. Elikagaien teknologiaren arloko ikerketa proiektuetan parte hartu izana. Gehienez ere, 3 punturekin balioetsiko da urte eta proiektu bakoitzeko, proiektu motaren (eskualdekoa, nazionala edo nazioartekoa den) eta kontratu honen xede diren lanekin proiektuak duen erlazioaren arabera. Bi kasuetan, urtebete baino gutxiagoko denboraldiei puntuazio proportzionala emango zaie. Elikagaien teknologiarekin lotutako argitalpen bakoitza 2 punturekin balioetsiko da JCRko nazioarteko aldizkari batean argitaratu bada, eta 0,5 punturekin, aldizkari nazional batean edo liburu baten kapituluan argitaratu bada. |
4. ATALA: Beste merezimendu batzuk | Puntuak | 10 |
Gehienez ere, 2 punturekin balioetsiko da Elikagaien teknologiarekin erlazioa duten ikastaroetan parte hartu izana. Gehienez ere, 2 punturekin balioetsiko da Elikagaien teknologiarekin erlazioa duen lan esperientzia izana. Gehienez ere, 2 punturekin balioetsiko da Elikagaien teknologiarekin erlazioa duen nazioarteko esperientzia izana. Gehienez ere, 2 punturekin balioetsiko da ingelesez jakitea: puntu 1, B1 mailako titulua izateagatik, eta 2 puntu, C1 mailako titulua izategatik. Gehienez ere, 2 puntu emango dira beste merezimendu batzuengatik, Balioespen Batzordearen iritziz garrantzitsuak badira kontratu honen xede diren lanak egiteko. |
Hautaketa prozesua gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuazioa 20 puntu da.
Hautaproben azken emaitzan gerta daitezkeen berdinketak 3. ATALEAN puntuazio handiena atera dutenen alde ebatziko dira. Berdinketa badago, 1. ATALEAN puntuazio handiena lortzen dutenen alde. Berdinketak jarraitzen badu, zozketaz erabakiko da.
Iragarkiaren kodea: F1711144