193. ALDIZKARIA - 2017ko urriaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TAFALLA

Oinarri arautzaileak, garapen bidean dauden herrialdeekin lankidetza proiektuak aurrera eramateko diru-laguntzetarako

Tafallako alkate Arturo Goldaracena Asak, 2017ko irailaren 19an, ebazpena eman zuen ondoko oinarri hauek onesteko:

OINARRI ARAUTZAILEAK, GARAPEN BIDEAN DIREN HERRIALDEEKIN LANKIDETZA PROIEKTUAK AURRERA ERAMATEKO DIRU-LAGUNTZETARAKO

1.–Atarikoa.

Tafallako Udalak aurrekontuko partida bat du nazioarteko lankidetza programendako diru-laguntzak emateko, garapen bidean diren herrialdeetako komunitateen ahalmen sozio-ekonomikoak garatzearren.

2.–Diru-laguntzaren xedea.

Deialdi honen bidez, garapen bidean dauden herrialdeetan gauzatuko diren proiektuak kofinantzatu nahi dira, diru-laguntzak emanda. Proiektu horien helburua izanen da pobreziari aurka egitea eta tokian tokiko giza garapena sustatzea hainbat arlotan: hezkuntza, prestakuntza, osasuna, etxebizitza, giza eskubideen defentsa, garapen ekonomikoa edo azpiegiturak herrietako edo hirietako komunitateendako, komunitateek eta horien ordezkariek zuzeneko parte hartzea dutelarik proposatu, kudeatu eta gauzatzean eta, orobat, arreta berezia ematen dietelarik ingurumenaren gaineko eraginari eta baliabide naturalen erabilera jasangarriari.

Alde horretatik, arreta jarriko da Nazio Batuek hautatzen dituzten eta GGIren erdiko edo behe tartean dauden herrialdeetan eta/edo, GGI handia duten herrialdeen barnean egonda ere, dena delako eremuan garapen txikia duten lurraldeetan gauzatzen diren proiektuetan.

Orobat, lankidetza proiektu horiekin batera herritarrak sentikor bihurrarazteko programa bat abiatuko da, Tafallan garatuko dena, komunitatearen parte-hartzea bultzatu eta Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko hartu-emanen inguruan jarrera kritikoak eta gogoetak sustatzen dituena.

Lehenetsiko diren jarduketa eremuak izanen dira oinarrizko beharrak asetzera bideratutako proiektuak, eta halakotzat jotzen dira:

–Ur arazketa eta saneamendua: urez hornitzeko sistemak eta oinarrizko saneamenduaren zerbitzuak eta azpiegiturak.

–Hezkuntza: lehen mailako hezkuntza eta eskolaurrea denei zabaltzea, hezkuntzaren azpiegiturak hobetzea, helduak alfabetatzea eta hezitzaileak trebatzea.

–Oinarrizko osasuna: osasuna bere osotasunean hartzen duten ekintzak; haurren heriotza tasa murrizteko programak; sexu eta ugaltze osasuna hobetzeko programak. Bai aurrea hartzeko fasean bai eritasunak artatzerakoan.

–Etxebizitza: kostu txikiko eraikuntzak, gizartetik baztertuak dauden sektoreen integraziorako.

3.–Entitate eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

Hurrengo deialdietan aurkezten diren erakunde, entitate edo elkarteak oinarri hauei lotuko zaizkie eta ondoko baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Pertsona juridikoak izatea, legeari jarraikiz eratuak eta Elkarteen Udal Erregistroan edo Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziaren Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Erregistroan inskribatuak, eta dokumentazioa eguneraturik edukitzea.

b) Irabazi-asmorik ez izatea.

c) Estatutuetan edo aurreko urteetako jarduera memorietan adieraztea berariazko helburu hau duela: garapenerako lankidetzarekin eta herrien arteko elkartasuna sustatzearekin ikustekoa duten jarduerak egitea.

d) Nafarroan edukitzea egoitza soziala edo delegazio iraunkorra eta aktiboa.

e) Nafarroako Foru Komunitatean jardutea, lankidetzako programak edo giza laguntzakoak kudeatzen, edo Hegoaldeko herrialdeen egoeraren inguruko sentsibilizazioa sustatzen. Horretarako, arlo horretan deialdiaren aurreko azken hiru urteetan egindako jarduera agiri bidez frogatu beharko dute. Deialdiaren aurreko azken urtean eratu direla frogatzen duten GKEak salbuesten dira.

f) Bere helburu sozialak bete ahal izateko egitura egokia izatea eta proposaturiko helburuak lortzeko behar den esperientzia eta gaitasun operatiboa frogatzea.

g) Zerga beharkizunak eta Gizarte Segurantzakoak beteak izatea.

Kanpoan gelditzen dira, espresuki:

a) Irabazi-asmoa duten enpresak edo beste entitate batzuk.

b) Tafallako Udalaren aurreko deialdietan diru-laguntza lortu zuten GGKE edo elkarteak, baldin eta azken urtean ez badituzte jarraipen txostenak aurkeztu (azken deialdian proiektuak aurkezteko epea bukatzen den eguna kontuan hartuta), eta ez badute behar bezala jakinarazi eta arrazoitu.

c) Azken 3 urteetan Nafarroan jardun publikorik izan ez duten GGKE edo elkarteak, azken urtean eratu direla frogatzen dutenak izan ezik (argitaratutako azken deialdian diru-laguntza eskaerak aurkezteko epea bukatzen den eguna kontuan hartuta). Hau da, kanpoan geldituko dira epe horretan Nafarroan sentsibilizazioaren, laguntza humanitarioaren edo lankidetzaren esparruan izandako jardun publikoa agirien bidez frogatzen ez dutenak; ez da jarduntzat hartuko hedabideetan agertze soila edo inoizka artikuluak edo elkarrizketak argitaratzea.

4.–Proiektuek bete beharreko baldintzak.

Diru-laguntza eskatzeko, proiektuek edo jarduketek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Oinarrien xedeari egokituak izatea.

b) Helburuei, jarduerei eta proiektua gauzatzeko behar diren baliabideei buruz nahikoa informazio ematea.

c) Proiektua gauzatzeko ardura duen erakundearen helburuei eta lan esperientziari buruz behar besteko informazioa ematea.

d) GGKE horrek proiektua sakonki ezagutzen duela erakustea eta tokian tokiko GGKEarekin edo komunitate hartzailearekin ezarriko diren harremanak azaltzea, lagundutako egintzaren jarraipena egiteko.

e) Aurreikuspenen arabera, lagundutako egintzak 12 hilabete baino gehiago ez irautea.

f) Proiektua egin nahi den tokian bertako bazkide bat izatea. Bazkide hori GGKE bat izaten ahalko da, edo GGKE eskatzaileak delako herrialdean duen delegazioa.

g) Genero ikuspuntua proiektu osoan sartzea, era koherentean, integralean eta zeharkakoan.

h) Herritarrak sentsibilizatzeko jardueren programa bat aurkeztea, Tafallako biztanle mota guztiei zuzenduta.

i) Sendagaiak dohaintzan ematearekin edo jendearen eskura jartzearekin zerikusia duten jarduerak dituzten proiektuak Osasunaren Mundu Erakundeak 1996an sendagaiak dohaintzan emateari buruz ezarritako jarraibideei lotuko zaizkio.

j) Udalak ematen duen diru-laguntza ez da 15.000 eurotik gorakoa izanen, eskatutako proiektu bakoitzeko.

Entitate eskatzaile bakoitzak garapen proiektuak kofinantzatzeko 2 eskabide aurkezten ahalko ditu, gehienez ere. Proiektu baterako baino gehiagotarako eskatuz gero laguntza, finantzatzerakoan lehentasuna zeinek duen adieraziko da.

5.–Balorazio irizpideak.

Hauek dira proiektuei aplikatuko zaizkien balorazio irizpideak:

–Proiektuaren kalitate teknikoarekin eta aurkeztutako informazioarekin zerikusia dutenak: 34 puntu.

  • Garatu nahi den proiektuaren inguruko informazioa, testuingurua eta proiektu horrek ukituko duen sektorearen egoera (testuingurua, baliabideak, azpiegiturak...).
  • Ekintzaren beharra erakusten duten arrazoiak, zehaztutako helburuak eta proposatutako jarduerak koherenteak izatea haien artean.
  • Ekintzaren bideragarritasun teknikoa (atal honi buruzko informazioa ezinbestekotzat jotzen da ekoizpena eta azpiegiturak ukitzen dituzten proiektuen kasuan).
  • Proiektuak jasangarritasuna izanen ote duen, diruz lagundutako egintza bukatutakoan.
  • Proiektuaren osagarritasuna, eremu horretan gauzatzen diren bestelako garapen ekintzekin.

–Egileen gaitasunarekin eta haien harremanen kalitatearekin zerikusia dutenak: 26 puntu.

  • Tokian tokiko kontrapartearen esperientzia eta gaitasuna, eta herritar onuradunekin eta garapenerako lankidetzako beste entitate batzuekin edo tokiko erakundeekin duen harremana.
  • Pertsona onuradunek parte hartzea proiektua proposatu, gauzatu eta kudeatzeko lanetan.
  • GKE eskatzailearen esperientzia eta haren jarraipen gaitasuna, eta, bereziki, aurreko deialdietan diruz lagundutako proiektuen kudeaketan erakutsitako gaitasuna.

–Proiektuaren gizarte helburuekin zerikusia dutenak: 25 puntu.

  • Bizi baldintzak hobetzea eta tokian tokiko sektore bereziki ahulei laguntza ematea: haurrak, emakumeak, indigenak, desgaitasuna duten pertsonak, errefuxiatuak, etab.
  • Genero ikuspuntua proiektuan eranstea, emakumeek gizartean nahiz politikan ordezkaritza handiagoa lortzea helburu duten ekimen positiboak bultzatzea, ekonomia arloan emakumeen aukerak hobetzea eta herritarrak balio horietan sentsibilizatzea.
  • Komunitatearen antolaketa eta parte hartzea sustatzea.
  • Proiektua gauzatzen den herrialdeko baldintza sozial eta ekonomikoak, Giza Garapenaren Indizean oinarrituz.

–Herritarrak sentsibilizatzeko jardueren programarekin zerikusia dutenak: 8 puntu.

–Erakunde eskatzaileak Tafallan jardutea: 7 puntu.

  • Tafallan egoitza izatea.
  • GKE eskatzailean Tafallako jendea egotea.

6.–Diruz laguntzen ahal diren gastuen ezaugarri orokorrak.

Diruz laguntzen ahal diren gastutzat joko dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak eta 13. puntuan ezarritako epeak bukatu baino lehen ordaindu direnak, ondoko lerroaldeetan ezarritakoarekin bat:

–Emandako diru-laguntzekin materialen, horniduren, ekipamenduen eta ekoizpenerako bestelako aktiboen erosketa eta garraioa ordaintzen ahalko da, betiere proiektua garatuko den herrialde edo eskualde berean eginez gero.

–Salbuespen gisa, lurrak edo ondasun higiezinak erosteko erabiltzen ahalko da diru-laguntza; baina, betiere, legezko egoeraren berri ematen duten eta benetan erosten ahal direla frogatzen duten agiriak aurkeztea izanen da baldintza. Gainera, proiektua zein tokitan egiten den, bertako jendea ordezkatzen duen erakunde batena izanen da ondasun horien titulartasuna. Azken baldintza hori eraikin berriak egiteko proiektuen kasuan ere aplikatuko da.

–Erbesteratutako lankide boluntarioen gastuak diru-laguntzen bidez ordaintzen ahalko dira, egoki denean; baina horretarako, diruz lagundutako proiektuaren xedearekin lotuta daudela frogatu beharko da. Alderdi honen zenbatekoa, gehienez ere, diru-laguntza osoaren %10 izanen da. Erbesteratutako langileen gastutzat jotzen dira langile mota horrek sortzen dituenak (nominak, bidaiak, ostatuak, mantenua eta abar).

–Zeharkako gastuak (administratiboak eta kudeaketakoak), horietarako Tafallako Udalaren diru-laguntza lortu denean, ez dira proiektuaren aurrekontu osoaren %7tik gorakoak izanen eta entitate onuradunak Nafarroan duen egoitzari buruzkoak izanen dira.

–Diru-laguntzekin ordaintzen ahalko dira finantzatutako proiektuarekin sentsibilizatzeko jarduera berariazkoen kostuak, zuzeneko gastuen partidan eta gehienez ere diru-laguntzaren %3 erabiliz, eta betiere Tafallan egin badira eta hasieratik zehazki aurkeztuak izan badira. Ez dira atal honetan sartuko entitate onuradunaren zabalkunderako eta sentsibilizaziorako jarduera orokorrak.

Dena den, emandako diru-laguntzen zenbatekoak ez du inoiz gaindituko –beste erakunde edo entitate pribatu zein publikoen diru-laguntzekin edo laguntzekin batuta– egin beharreko proiektuaren kostu osoa.

Proiektuen finantzaketari dagokionez, gutxienez %10 beharko da izan entitatearen beraren funtsetatik etorria, edo beste administrazio publiko edo entitate batzuek emana.

7.–Eskabideak aurkezteko tokia, epea eta agiriak.

Eskaerak Tafallako Udalaren erregistro orokorrean aurkeztuko dira edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean aurreikusitako edozeinetan.

Eskabidea ez denean Udaletxean bertan aurkezten, eskaneatuta bidali beharko da posta elektronikoz, ssbtafalla@infolocal.org helbidera, dagokion erregistroan aurkeztu ondotik.

Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaerarekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

–Eskabide eredua, 1. eranskinean dagoena.

–Memoria, proiektua aurkezteko inprimakiaren araberakoa, 2. eranskinean baitago. Laburpen orria aurkeztu beharko da, alderdi hauek jasoko dituena: eremu geografikoa, proiektuaren testuinguru orokorra, aurreikusitako helburuak, garatu beharreko jarduerak eta bertako bazkidearen aurkezpen laburra.

–Erakunde eskatzailearen nortasun juridikoa eta erakundearen ordezkariarena frogatzen dituzten agiriak, jatorrizkoak edo kopia baimenduak:

  • Estatutuak.
  • Ziurtagiria, Garapenerako Lankidetzarako Espainiako Agentziako Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Erregistroan inskribaturik dagoelako frogatzen duena.
  • Identifikazio Fiskaleko Txartela.
  • Entitatearen legezko ordezkaria nor den erakusten duen ziurtagiria (nortasun agiri nazionala, pasaportea edo horien gisakoa).

Tafallako Udalak agiri horiek jada bere eskuetan baditu, nahikoa izanen da legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, non adieraziko baita agiri horiek ez direla aldatu.

–GGKE eskatzaileak Nafarroan azken 3 urtean honako esparru hauetan egindako jardueren agiriak: garapenerako sentsibilizazioa eta hezkuntza, edo, oro har, garapenerako lankidetza. Azken urteko jardueren dokumentazioa frogagirien bidezkoa izanen da (jatorrizko memoriak, prentsa artikuluak, web-orrietako argitalpenak eta abar), eta aurreko bi urteetakoa zerrenda batean biltzen ahalko da. Azken urtean eratu direla frogatzen duten GKEak salbuesten dira.

–Tokian tokiko (herrialde hartzailea) bazkidearen edo kontrapartearen nortasun juridikoa erakusten duen agiria, jatorrizkoa edo kopia baimendua:

  • Estatutuak.
  • Legezko eraketaren egiaztagiria, proiektua egin behar den herrialdeko legeen araberakoa.
  • Legezko helbide osoa.
  • Entitatearen legezko ordezkaria nor den erakusten duen ziurtagiria (nortasun agiri nazionala, pasaportea edo horien gisakoa).

Tafallako Udalak agiri horiek jada bere eskuetan baditu, nahikoa izanen da legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, non adieraziko baita agiri horiek ez direla aldatu.

–Betiere, gastuen eta diru-sarreren aurrekontua aurkeztuko da, sailkakoa eta eurotan emana; halaber, adieraziko da proiekturako zer baliabide dauden herrialde hartan eta zer baliabide jarriko dituen entitateak, eta beste erakunde edo entitate batzuei zer diru-laguntza eskatu zaien edo haiengandik jada zer laguntza lortu den.

–Foru Ogasunak –edo, hala denean, Ogasun Ministerioak– eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintzak tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela adierazteko egin dituzten ziurtagiriak.

–Proiektua eginen den tokia zehazki erakusten duten mapak (herrialdea, eskualde edo departamentua, probintzia eta udalerria).

–Eskabidea, transferentzia bidez ordaintzeko. Ziurtagiriak data eguneratua izan beharko du, eskabideak aurkezteko epearen ingurukoa (aurreko urteetan ere aurkeztua izan arren).

–Zinpeko aitorpena, adierazten duena proiektua ez zaiela beste entitate batzuei aurkeztu edo, hala egin bada, horietako bakoitzari zer kantitate eskatu zaion.

–Dokumentazio grafikoa, teknikoa eta finantzen arlokoa, eta proiektuaren ezaugarriez ongi jabetzeko eskaini nahi den bestelako dokumentazioa.

Tafallako Udalak egiaztatuko du, ofizioz, entitate eskatzaileak bete dituela Udalarekiko dituen tributu betebeharrak eta, zorrak egonez gero, horiek konpentsatuko ditu.

–Beste entitate publiko nahiz pribatuek emandako diru-laguntzen jakinarazpena.

Eskabideekin batera ez bada aurkezten entitate eskatzaileari buruzko dokumentazioa, oinarri honetan esandakoa, Tafallako Udalak 10 eguneko epea utziko du, jakinarazi eta biharamunetik aitzina, falta diren agiriak aurkeztu eta egindako akatsak zuzentzeko; hori, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluarekin bat. Dokumentazio hori Tafallako Udalaren sarrera-erregistroan aurkeztu beharko da edo Tafallako Udalaren erregistro elektronikoan (http://sedeelectronica.tafalla.es/es/introduccion/).

Eskatutako hori ez bada emandako epean betetzen, eskabidea artxibatu eta eskatzaileak atzera egin duela ulertuko da.

8.–Diru-laguntzak emateko prozedura.

Diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidean tramitatuko da, esan nahi baita, aurkezten diren proiektuak alderatuko direla, horiek lehentasunaren arabera ordenatzeko, oinarri arautzaile hauetan aldez aurretik ezarri diren balorazio irizpideei jarraikiz, eta irizpide horien arabera balorazio hoberena lortu duten eskaerei diru-laguntza esleituko zaiela, deialdian ezarritako muga eta kreditu erabilgarria gainditu gabe. Prozedura horretan, instrukzio organoak aurkeztuko dio organo emaileari diru-laguntzak emateko proposamena.

1. Gizarte Ongizateko zinegotzi burua lehendakari gisa izanen duen batzorde batek aztertu eta ebaluatuko ditu proiektuak. Hona hemen batzorde horretako kideak:

–Lehendakari 1.

–Idazkari 1.

–8 kide.

2. Batzorkideek deialdian aurkeztutako proiektuak aztertuko dituzte.

3. Batzordeko kide bakoitzak bere puntuazioa emanen dio aurkeztutako proiektu bakoitzari, aldez aurretik ezarritako balorazio irizpideei jarraituz, eta lortuako puntuazio guztien arteko batezbestekoa ezarriko da.

4. Proiektuek 60 puntu eskuratu beharko dituzte gutxienez, baietsi eta baloratuak izateko.

5. Puntuaziorik handiena duen entitateak eskuratuko du Udalari eskatutako zenbatekoa, eta horrela, hurrenez hurren, gainerako GKEek, puntuazio handienetik txikienerako ordenean. Gehienez ere 15.000 euro emanen dira GKE bakoitzeko, horretarako bideratu den aurrekontuko partida bukatu arte.

6. Batzorde horrek proposamen txosten bat prestatuko du, eta erabakia hartzeko eskumena duen organoari igorriko dio.

7. Garapen bidean diren herrialdeekiko lankidetza programaren ardura duen teknikari soziokulturala izanen da instrukzio organoa.

8. Diru-laguntza adjudikatzeko organo eskuduna Tokiko Gobernu Batzarra izanen da eta hiru hilabete izanen ditu, proiektuak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, behar den erabakia hartzeko.

9. Aldez aurretik emanen da diru-laguntza, ordainketa bakar batean. Ordainketa hori bi hilabeteko epean eginen da, gehienez ere, organo eskudunak ebazpena ematen duenetik aitzina.

9.–Emandako diru-laguntzen jakinarazpena.

Diru-laguntzaren banaketa dagokion deialdian onartutako entitateei jakinaraziko zaie; posta ziurtatuaren bidez eta hartu izanaren agiriarekin gauzatuko da.

10.–Bateragarritasuna beste diru-laguntza batzuekin.

Deialdi honetako diru-laguntza bateragarria da edozein administrazio, entitate publiko edo pribatuk edo pertsonak xede berarekin emandako beste diru-laguntza batzuk hartzearekin, baina diru-laguntzen zenbateko osoa ez da inoiz izanen diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa. Diru-laguntzen baturak proiektuaren gastua gainditzen badu, diru-laguntza hori berriz aztertu eta proportzionalki murriztuko da, lortutako diru-sarrera handiagoen arabera.

11.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Deialdian emandako diru-laguntzak argitara emanen dira Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean, Udalaren iragarki oholean eta Udalaren web-orriko gardentasunaren atarian.

12.–GGKEaren edo erakunde onuradunaren betebeharrak.

1. Eskabidean adierazi bezala gauzatzea proiektua. Diru-laguntza jaso ondorengo 2 hilabeteetan hasiko da proiektua, ez beranduago, ezinezkoa ez bada, behintzat, arrazoi bereziak edo ezinbesteko arrazoiak direla medio; inguruabar horiek justifikatu egin beharko dira.

2. 13. klausulan seinalatutako erdi bideko txostenak eta bukaerakoak aurkeztea diru-laguntza eman duen entitateari.

3. Laguntza eman duen entitateak diru-laguntzen inguruan egiten dituen egiaztapen jarduerei eta finantza-kontroleko lanei men egitea.

4. Tafallako Udalari baimena ematea eta laguntzea proiektuaren garapenaren berri ematen, jendea garapenerako lankidetzaren eta nazioarteko elkartasunaren arloan sentsibilizatzeko.

5. Tafallako Udalaren logotipoa ikusteko moduan paratzea proiektuaren agiri eta publizitate guztietan, eta tokian tokiko kontraparteari jakinaraztea nondik etorri den diru-laguntza.

6. Diru-laguntza ematerakoan kontuan izandako inguruabar eta baldintzetan aldaketarik izanez gero, Tafallako Udalari jakinaraztea eta, behar denean, Udalari baimena eskatzea.

Tafallako Udalak berariaz emandako baimena beharko da, aldez aurretik, proiektuan funtsezko aldaketarik egiteko; alegia, honako elementu hauek ukitzen baditu:

–Helburuak.

–Herritar onuradunak.

–Proiektua gauzatzen deneko lekua.

–Aurreikusitako partidan %20 arteko aldaketak egitea.

Proiektuan funtsezko aldaketak egiteko eskabideak behar bezala arrazoituko dira, eta aldaketa horiek ekarri dituzten inguruabarrak sortu eta berehala aurkeztuko dira. Horretarako, deialdiko 2. eranskina bete beharko dute.

Tafallako Udalari adierazi eginen zaio, baldin eta GGKE eskatzailearen nortasun juridikoan aldaketak gertatzen badira proiektua garatu bitartean: estatutuak, entitatearen legezko ordezkaria, etab.

Tafallako Udalak adjudikatutako diru-laguntzaren ebazpenaren gaineko jakinarazpena jaso ondotik, GGKEek 10 egun balioduneko epea izanen dute honako hauetarako:

a) Diru-laguntza proposaturiko baldintzekin onartzea; kasu horretan behartuta daude aurkeztutako proiektua justifikatzera, baldintza berdinetan.

b) Edo diru-laguntza onartzea hasierako eskaera berreginez, proiektua eta aurrekontua egokituz, proposaturiko diru-laguntzaren zenbatekoa eskatutako diru-laguntza baino txikiagoa denean. Bukaerako justifikazioak bat etorri beharko du, azkenean, aurkeztu eta onetsitako eskaera berreginarekin.

Proiektua berregitean ezin dira ukitu aurkeztutako proiektuan ageri diren helburuak, emaitzak eta herritar onuradunak. Eta aurkeztu beharko da dagokion deialdiko 3. eranskinari jarraituz.

c) Edo diru-laguntza onartzea hasierako eskaera berreginez, proiektua egokituz beste entitate eta erakunde publikoetatik jasotako diru-laguntzei. Bukaerako justifikazioak bat etorri beharko du, azkenean, aurkeztu eta onetsitako eskaera berreginarekin.

Proiektua berregitean ezin dira ukitu aurkeztutako proiektuan ageri diren helburuak, emaitzak eta herritar onuradunak. Eta aurkeztu beharko da dagokion deialdiko 3. eranskinari jarraituz.

7. Foru Ogasunarekiko tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteak izatea.

8. Tafallako Udalari jakinarazi beharko zaizkio diruz lagundutako proiekturako GKEari eman zaizkion gainerako diru-laguntza guztiak. Horretarako hilabeteko epea ezarri da, beste entitate edo erakundeek diru-laguntzaren edo diru-laguntzen esleipena jakinarazten dutenetik hasita.

13.–Justifikazioa.

Diruz lagundutako proiektuak gauzatzen dituzten GGKE onuradunek txostena aurkeztuko dute, lanak deskribatzeko; Tafallako Udalaren erregistro orokorrean aurkeztuko dituzte, sei hilean behin; eta beste txosten bat, proiektuaren bukaerari buruzkoa, urtea igarotakoan (4. eranskinari jarraituz); salbu eta aurkeztea galarazten duen arrazoi justifikaturik badago. Kasu horretan ezintasun hori idatziz jakinaraziko zaio Tafallako Udalari, eta honek baloratu eta onartu egin beharko du. Lehen txostena sei hilabete igarotakoan aurkeztuko da, diru-laguntzaren abonu-egunetik aitzina kontatuta. Bukaerako txostena, jarduera egiteko epea bukatu eta hilabetera aurkeztuko da.

Gizarte Ongizateko Zinegotzitzak finantzatutako GGKE bakoitzari deitzen ahalko dio proiektuen gauzatzearen berri eman dezan.

Txostenetan, agiri hauek erantsiko dira:

a) Diru-laguntzaren zenbatekoa bertako kontraparteari bidali izanaren egiaztagiria, aplikatu den aldaketa mota zehaztuz.

b) Tokian tokiko bazkide edo kontrapartearen legezko ordezkariak sinatutako egiaztagiria, diru-laguntza herrialde onuradunean jaso dutela frogatzen duena.

c) Proiektuaren garapenari buruzko txostena, 4. eranskinari jarraituz.

d) Onuradunaren zinpeko aitorpena, frogagiri gisa aurkeztu dituen fakturak eta agiriak diruz lagundutako proiektuan aplikatu direla dioena.

Sei hilean behingo txostenean ez da beharrezkoa izanen proiektuaren garapenaren finantza eta kontabilitate txostena gehitzea.

Justifikaziorako jatorrizko fakturak eta haien kopia bat, Tafallako Udalak diruz lagundutako zatiarenak aurkeztu beharko dira (jatorrizkoak egiaztatu ondotik itzuli eginen dira). Jatorrizko fakturak ezin badira bidali, kopien egiazkotasuna frogatzen duen ziurtagiria erantsi beharko da.

Diru-laguntza lortu duten proiektuen kontrola eta jarraipena egiten ahalko da, haiek gauzatzeko edozein fasetan, eta Tafallako Udalak eskatutako informazio eta agiri guztiak eman beharko dituzte proiektuen ardura duten erakundeek.

Finantzatuko diren proiektuak garatuko diren inguruabar sozial eta geografikoak kontuan hartuta, frogatutako arrazoiengatik klausula honetan adierazitako justifikazio epeak egoki betetzerik ez badago, epea luzatzen ahalko da, betiere hirugarrenak kaltetzen ez badira. Horretarako, txostena aurkezteko epea amaitu baino lehen, idatziz adieraziko zaizkio horretarako dauden arrazoiak Gizarte Ongizateko Zinegotzitzari eta honek baiezkoa eman beharko du.

Informazio hori jaso ondoan, Udalak –Gizarte Ongizateko Zinegotzitza dela medio– laburpen txostena prestatuko du, proiektuak gauzatzeari buruz eta horiei diru-laguntzak emateari buruz.

14.–Jardueraren finantzaketa publikoaren publizitatea.

Diru-laguntzak jasotzen dituen GGKE onuraduna behartuta dago behar bezala iragartzera diru-laguntzaren xede diren programa, jarduera, inbertsio edo jarduketak Tafallako Udalak finantzatu dituela.

15.–Finantza-kontrola eta ez-betetzeak.

Diru-laguntza jasotzen duten entitate guztiak egonen dira Tafallako Udalak eta Udaleko Kontu-hartzailetza Orokorrak egiten dituen egiaztapen jarduketen menpe.

GGKEei edo erakunde onuradunei eginen zaie finantza-kontrola, honakoak egiaztatzeko asmoz: funtsak behar bezala lortu direla, jasotako funtsak aplikatzeko betebeharrak betetzen direla, diru-laguntza ongi justifikatu dela, eta aurkeztutako justifikazioaren arabera diru-laguntzaren bidez finantzatu diren eragiketen errealitatea eta erregulartasuna.

Diru-laguntza jaso duten GGKEek jarraipen eta justifikazio txostenak aurkeztu ondotik, oinarri hauetako 9. klausulan ezarri bezala, unitate kudeatzaileak –Gizarte Ongizateko Zinegotzitza– deialdian diruz lagundutako proiektuaren bukaerako txostena eginen du. Bukaerako txosten hori Tokiko Gobernu Batzarrera igorriko da, diru-laguntzen aprobetxamenduaren berri emateko eta espedientea ixteko.

Diru-laguntza eta laguntza publikoen alorrean, Administrazioaren esparruko ez betetzeak dira honako jokabide hauek, baldin eta dolua, errua edo utzikeria hutsa tartean badaude:

–Diru-laguntza edo laguntza lortzea, horiek eskuratzeko baldintzetan gezurra esanez edo laguntza hori baztertuko edo mugatuko luketen datuak ezkutatuz.

–Diru-laguntza zer helburutarako eman zen, dirua xede horietarako ez erabiltzea, baldin eta ez bada, behintzat, dirua itzuli, errekerimendurik egin gabe.

–Diru-laguntza lortzearen ondorioz bere gain hartutako betebeharrak ez betetzea, entitate onuradunari edo, bestela, zuzenbidezko edo egitezko administrazioaren erantzule gisa aritu denari egozten ahal zaizkion arrazoiak direla medio.

–Jasotako dirua zertan erabili den ez frogatzea edo frogagiri faltsuak erabiltzea.

Ez betetzeen erantzule zuzena izanen da dirua eskuratu eta oinarri hauetako betebeharrak betetzen ez dituen GGKEa.

Itzuli beharraren eta –halakorik badago– zehapenaren erantzuleak izanen dira, subsidiarioki, egitezko edo zuzenbidezko administratzaileak; alegia, betebeharrak saihestu (nahiz eta beren esku egon), ez betetzea ekarri duten erabakiak hartu edo beren mendekoen urraketa onartu zuten pertsona juridikoen administratzaileak.

Gainera, jardunak utzi dituzten pertsona juridikoek itzuli beharreko zenbatekoen eta ordaindu beharreko zehapenen erantzule subsidiarioak izanen dira egitezko edo zuzenbidezko administratzaileak.

16.–Jasotako laguntzak itzultzea.

Kasu jakin batzuetan, jasotako zenbatekoaren zati bat edo zenbateko osoa itzuli beharko da eta, hala badagokio, garapenerako lankidetza proiektu eta hitzarmenen bidez sortu diren diru-sarrera finantzarioak eta diru-laguntzak sorrarazitako korrituak; orobat, itzuli beharko dira diru-laguntza ordaindu den unetik itzuli behar dela erabaki arte diru-laguntzak izan dituen berandutza korrituak (Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 30/2003 Lege Orokorra). Honako kasuetan itzuli beharko dira:

1. Justifikatu beharra betetzen ez denean.

2. Eskatzen diren baldintzak bete gabe eskuratzea diru-laguntza.

3. Finantza erakundeari diru-laguntza jasotzeko ezarririko baldintzak betetzen ez direnean.

Ikuskatzean edo kontrolatzean, zantzuek erakusten badute jasotako dirua edo laguntza modu okerrean lortu edo gastatu dela, edo beste helburu baterako erabili dela, ikuskatu eta kontrolatzeaz arduratzen direnek fakturak, horien pareko agiriak edo horien ordezkoak atxikitzea erabaki dezakete, baita zantzu horiek agertzen diren eragiketei buruzko beste agiri guztiak atxikitzea ere.

Harturiko dirua hein batean itzuli eta dagokion berandutza korritua ordaindu beharra izanen da, baldin eta diru-laguntza izan duten gastuak ez badira justifikatzen edo proiektua gauzatzean izandako diru-sarrerak (edonolakoak) gastuak baino handiagoak badira.

17.–Zehapenak.

Arau-hauste eta zehapen administratiboei dagokienez, Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren IV. tituluan eta 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitako haren erregelamenduan xedatutakoari jarraituko zaio.

18.–Araubide juridikoa.

Oinarri hauetan aurreikusi ez den orotan, Tafallako Udaleko diru-laguntzen ordenantza orokorrean ezarritako manuak aplikatuko dira.

19.–Errekurtsoen araubidea.

Deialdi honen aurka, baita oinarri hauen aurka eta horiek betearazteko hartzen diren administrazio ebazpenen aurka ere, errekurtso hauetako edozein aurkezten ahalko da, aukeran:

–Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio egintzaren udal organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratzen denetik hasita.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunean hasiko da epe hori.

Tafallan, 2017ko irailaren 26an.–Alkatea, Arturo Goldaracena Asa.

Iragarkiaren kodea: L1711141