2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ARROITZ
Kiroldegiko gimnasioaren gaineko ordenantza.
Behin betiko onespena
Arroizko Udalak, 2017ko uztailaren 27an egin osoko bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zuen Kiroldegiko gimnasioaren gaineko ordenantza.
2017ko 155. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 11n, delako ordenantzaren hasierako onespenaren eta jendaurreko epearen iragarkia, baita Udalaren iragarki oholean ere. Jendaurreko epea inolako erreklamazio, kexa edo oharrik gabe iraganik, hasierako onespenaren erabakia behin betikoa bilakatu da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraituz. Aldaketa horrek ondorio juridiko egokiak izan ditzan, osorik argitaratzen da haren testua, delako artikuluan ezarria bete beharrez.
Arroitzen, 2017ko irailaren 27an.–Alkate udalburua, Antonio Ángel Moleón Segura.
KIROLDEGIKO GIMNASIOAREN GAINEKO ORDENANTZA
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Ordenantza honek xede nagusia du Udalaren kiroldegiko gimnasioaren instalazioetako erabilera arautzea. Makinen gela eta aldagela hartzen dira gimnasioko instalaziotzat. Horien barnean sartuko dira, halaber, aipatutako jarduerei loturik eta aurreko paragrafoan azaldu diren instalazioetako ondasun higigarriak, instalazioak eta zerbitzuak.
2. artikulua. Instalazio horiek erabiltzen ahalko dituzte, aurreko artikuluan aipatu diren jarduerak praktikatzeko, Udalak zehazten dituen baldintzak betetzen dituzten herritarrek.
3. artikulua. Instalazioa erabiltzen ahalko da harentzat aurreikusitako xede diren edo hari dagozkion kirolak praktikatu eta jarduerak egiteko.
4. artikulua. Udalak zehaztuko du instalazioa noiz egonen den itxita (mantentze lanak egiteko eta abar) eta zer ordutan irekiko den jendearentzat.
5. artikulua. Gimnasioko instalazioetan kartela paratuko da, erabiltzaileak ongi ikusteko eta erraz iristeko moduko tokian, ondokoak azaltzeko:
–Jardueraren ordutegia.
–Funtzionamendurako oinarrizko arauak.
–Ordenantza honen ale bat.
6. artikulua. Abonamendua edo sarrera erosten duen orok ordenantza hau onartzen eta bere egiten du, bai eta Udalak horren gainean onetsi ditzakeen aldaketak ere, halakorik bada.
7. artikulua. Arroizko Udalak araudi hau alda dezake, hobetze aldera.
II. KAPITULUA
Instalazioen irekiera eta itxiera
8. artikulua. Gimnasioa urte osoan egonen da irekia.
8.1.–Aurreko puntuan xedatutakoa gorabehera, Udalak zehaztuko du zer alditan egonen den itxia, baita jendearentzat irekia egoteko ordutegia ere.
III. KAPITULUA
Abonatuak eta eguneko sarrerak
9. artikulua. Abonatutzat hartuko dira Udalak urtero onesten dituen prezio publikoen ordainketa eguneraturik duten pertsona guztiak. Sartzeko txartela lortuko dute, ordainketaren frogagiria eman ondoren.
9.1.–Sartzeko txartela duten abonatuak instalazioetan libreki sartzen ahalko dira, eta, halakorik bada, eskubidea izanen dute deskontuez baliatzeko antolatzen diren jardueretan.
9.2.–Honako tarifa hauek aplikatuko dira:
–Sartzeko txartela, urte osoko abonamendua, 100,00 euro.
–Sartzeko txartela, hilabete bateko abonamendua, 20,00 euro.
–Eguneko sarrera, 5,00 euro.
9.3.–Gimnasioan abonatu nahi duten guztiek ordaindu beharko dituzte finkatutako prezio publikoak, eta Udalaren bulegoetan aurkeztu beharko dituzte ordaindu izanaren frogagiria eta abonatu izaera lortzeko datu pertsonalak.
9.4.–Baja ematen duen abonatuak ez du eskatzen ahal ordaindutakoa itzultzeko, ezta baja egunetik egoki litzatekeen zatikia ere.
10. artikulua. Udalak urtero alda ditzake tarifak.
11. artikulua. Abonamenduen prezioa berbera izanen da urte osoan, ordainketa urteko edozein egunetan eginik ere. Sartzeko txartela lortzeko interesa duenak dagokion zenbatekoa ordaindu beharko du, dirua sartuz Udalak horretarako jarritako kontuan. Izen-deiturak agertu behar dira; eta kontzeptuan, “Gimnasioko abonamendua”. Urteko eta hilabeteko abonamenduak emanen dira urte bakoitzerako edo hilabete natural bakoitzerako hurrenez hurren. Urteko abonamenduarekin hasiz gero, urteko tarifa hainbanatuko da epealdi motzagoetan. Urteko abonamenduak urteroko urtarrilaren lehen hamabostaldian berritu beharko dira.
12. artikulua. Abonatu izaera frogatzen duen sartzeko txartela galdu, lapurtu edo hondatuz gero, berehala eman beharko zaio horren berri Udalari.
13. artikulua. Sartzeko txartela galdu, lapurtu edo hondatuz gero, abonatuak ordaindu beharko du ematen zaion txartel berria. Lapurretaren kasuan, egindako salaketa aurkeztu beharko da, txartelak kosturik ez izateko.
14. artikulua. Abonatuaren sartzeko txartela pertsonala eta besterenezina da. Beste inork okerreko erabilera egiteak zehapena ekarriko du.
15. artikulua. Honako eskubide hauek dituzte abonatuek:
15.1.–Instalazioetan libreki sartzea, abonatuaren sartzeko txartela erakutsita, gimnasioa irekia dagoen orduetan.
15.2.–Instalazioak erabili ahal izatea, onetsitako araudiari jarraituz.
15.3.–Kasu bakoitzean onesten diren deskontuez baliatzea.
15.4.–Egoki iruditzen zaizkien erreklamazioak eta iradokizunak egitea instalazioen funtzionamenduaren gainean.
16. artikulua. Abonatuak beharturik daude erabiltzaileentzat, oro har, aurrerago ezartzen diren obligazioak betetzera.
IV. KAPITULUA
Instalazioen erabileraren gaineko araudia
17. artikulua. Erabiltzaileen betebeharrak.
17.1.–Instalazioak eta zerbitzuak egoki eta zuzen erabiltzea. Gimnasiora sartzen diren guztiek behar diren neurriak hartuko dituzte makinak, bizikleta estatikoak eta abar behar bezala erabiltzeko, eta Udalari adieraziko diote baldin eta zerbait hondatua badago edo gaizki badabil, konpontzeko egoki diren neurriak hartzeko.
17.2.–Gainerako abonatu edo erabiltzaileengana behar den errespetua gordetzea, elkarrekiko harremanetarako behar den jokabidea izanez.
17.3.–Ezarritako kuotak garaiz ordaintzea.
17.4.–Onartu eta betetzea instalazioen erabilerari buruz ematen diren arau eta jarraibide guztiak.
17.5.–Udalak ezartzen dituen zehapenak betetzea.
17.6.–14 urte baino gutxiagokoek ez dute gimnasioan sartzerik izanen. 14 urtetik 17ra bitartekoek, izena emateko, baimena beharko dute, gurasoek edo tutoreek sinatua.
17.7.–14 eta 15 urtekoak ezin dira bakarrik egon gimnasioan. Baimena eman dien helduak lagunduta egon behar, eta horrek zainduko ditu instalazioetan dauden bitartean.
17.8.–Adin nagusiko erabiltzaileen ardura da beren karguko adingabeen jokabidea, eta erantzun beharko dute, baldin eta beren ardurapean dituzten adingabeek ordenantza honetako arauak betetzen ez badituzte edo bertan zehazturiko arau-hausteak egiten badituzte.
17.9.–Erabiltzaileek bere gain hartuko dituzte instalazioetan gertatzen diren objektu pertsonalen galerak, baldin eta desagertzearen, galtzearen edo hondatzearen ondoriozkoak badira.
17.10.–Instalazioen erabiltzaileek zehatz-mehatz bete beharko dute ezarritako ordutegia, aitzinetik kalkulatuz zenbat denbora egin beharko duten dutxatzen eta aldageletan, ixteko ordua inola ere ez gainditzeko.
17.11.–Erabiltzaileek erantzun beharko dute, baldin eta instalazioetan ematen duten denboran asmo txar edo zabarkeriaz kalte edo galerarik eragiten badute instalazioetan beraietan edo hirugarrenengan.
17.12.–Gimnasioaren erabiltzaile guztiek zaindu beharko dute gimnasioa ongi erabiltzen dela, modu seguruan eta egoera onean mantentzekoa, eta alde egitean ateak ongi itxi direla egiaztatuz.
17.13.–Dutxa ezin da 10 minutu baino gehiagoan erabili.
17.14.–Instalazioak erabiltzen azkenak direnek argiak itzaliko dituzte, bai eta txorrotak eta ateak itxi ere, derrigorrez.
17.15.–Ezin da animaliarik sartu.
18. artikulua. Makinen gela eta aldagela.
18.1.–Erabiltzaileek lagunduko dute instalazioak eta makinak garbi egon daitezen, horretarako dauden zakarrontziak eta papera erabiliz.
18.2.–Ezin izanen da ez jan ez erre. Ezin da ez sartu ez erabili beirazko edo bestelako material zorrotzezko edozein gauzarik, ez eta edari alkoholdunik edo jakirik ere (barra energetikoak izan ezik). Botilatxo bat ur edo edari isotoniko eraman daiteke, eta kontu izan behar da lurrera ez isurtzeko.
18.3.–Eskuoihala derrigorrez eraman behar da makinak erabiltzeko. Erabiltzaile bakoitzak garbitu beharko du makinan zikindutako zatia, dela izerdiz, eskuez, oinetakoez eta abarrez. Horretarako jarriko dira papera, ura, zakarrontziak eta abar.
18.4.–Erabiltzaileek altzari guztiak errespetatu eta zaindu beharko dituzte. Erabili eta gero, materiala bere tokira bueltatuko da. Makinetan diskoak erabiltzen badira, kendu eta bere tokira eraman behar dira.
18.5.–Erabiltzaileek errespetatuko dituzte instalazioaren funtzionamendu orduak.
18.6.–Erabiltzaileek behar diren jokabidea eta egokitasuna agertu beharko dute, gainerako erabiltzaileak errespetatu behar baitituzte, hala jendetasunean nola kiroltasunean.
18.7.–Jarritako aparatuen erabilera txanda bakoitza 30 minutukoa izanen da. Txanda bukatu eta gero, erabiltzaileak aparatua utzi behar du. Inor ez bada txanda hartzeko zain, segi dezake berak erabiltzen eta beste txanda bati ekin diezaioke.
18.8.–Erabiltzaileek txandaka erabili behar dituzte pisuak jasotzeko makinak, batak besteari tokia utziz serie osteko atsedenaldi bakoitzean.
18.9.–Gimnasioan 15 lagun egon daitezke batera, gehienez ere. Gehienekora helduta, ezin izanen da beste inor gimnasioan sartu. Edukiera beteta dagoenean, ezin izanen da gimnasioan egon bi ordu baino gehiagoan inor bada sartzeko zain.
18.10.–Higienea dela-eta, txankletak erabili beharko dira aldageletan eta dutxen aldean.
18.11.–Hauetako bat izan behar dute instalazioak erabili nahi dituzten guztiek: behar den abonamendua eta sartzeko txartela edo eguneko sarrera.
18.12.–Arropa egokia jantzi behar da (kamiseta eta/edo kirol-jertsea, kirol-prakak edo txandala eta kirol-oinetakoak); debekua da kamisetarik gabe aritzea eta kanpoko oinetakoak erabiltzea. Arau hau betetzen ez duten erabiltzaileei kirol eremu horretara sartzea ukatzen ahalko zaie.
18.13.–Gimnasiora sartzen diren guztiek behar diren neurriak hartuko dituzte makinak, bizikleta estatikoak eta abar behar bezala erabiltzeko, eta Udalari adieraziko diote baldin zerbait hondatua badago edo gaizki badabil, konpontzeko egoki diren neurriak hartzeko.
18.14.–Instalazioek ongi funtziona dezatela zainduko dute Udalak horretarako kontratatutako edo izendatutako langileek, baita araubide honetako arauak bete daitezela ere, eta, egoki jotzen dutenean, gorabeheren berri emanen diote Udalari. Haien jarraibideak nahitaez bete beharrekoak izanen dira.
V. KAPITULUA
Zehapenak
19. artikulua. Ordenantza honen aurkako arau-haustea da bertan ezarritako betebeharrak edo debekuak osotara nahiz partez ez betetzea.
20. artikulua. Zehatzeko ahala erabiltzean, aplikatzeko den araudiari jarraituko zaio. Arau-hausteen larritasunaren arabera, ondoko zehapen hauek ezartzen dira:
–Arinak: 50 euro gehienez.
–Larriak: 51 eurotik 100 eurora bitarte.
–Oso larriak: 101 eurotik 300 eurora bitarte.
Arau-hauste arinak:
1.–Modu desegokian jokatzea beste erabiltzaile batekin.
2.–Aurreko artikuluetan ezarritako betebeharren bat noizean behin ez betetzea.
Arau-hauste larriak:
1.–Aurreko artikuluetan ezarritako betebeharrak behin eta berriz ez betetzea.
2.–Nortasunaren inguruko datuak faltsutzea.
3.–Arau-hauste arinetan berrerortzea.
4.–Animaliak sartzea, bai eta instalazioak hondatu ditzaketen gaiak ere.
Arau-hauste oso larriak:
1.–Arau-hauste larrietan berrerortzea.
2.–Norberaren giltza beste pertsona bati uztea instalazioan sartzeko.
3.–Instalazioko beste erabiltzaile bati erasotzea.
4.–Instalazioetan eta gimnasioko tresnerian kalte larriak nahita egitea.
5.–Gimnasioaren materiala edo beste erabiltzaile baten gauzak ebatsi edo lapurtzea.
Urtebetean bi arau-hauste larri edo oso larri bat egiteak berekin ekarriko du Udalaren gimnasioko erabiltzaile izateari kentzea urtebetez, gutxienez, izan litezkeen zehapenak aparte utzita.
Zehapenak ezartzerakoan kontuan izanen da arauak nahita hautsi diren edo behin eta berriz hausten diren eta sortutako kalteak nolakoak diren.
Udalak sarrera debekatzen ahalko die arau hauek behin eta berriz hausten dituztenei, eta, halakoetan, arau-hausleak ez du eskubiderik izanen ordaindutakoa itzul dakion.
VI. KAPITULUA
Osasun eta segurtasun arloetako neurriak
21. artikulua. Instalazioetan jarritako karteletan azaltzen diren jarraibideak bete beharko dituzte erabiltzaileek, osasun arloaz, jokabideez, arriskuen prebentzioaz eta eskubide eta betebeharrez, besteak beste.
VII. KAPITULUA
Ordenantza honetako xedapenak
22. artikulua. Udalaren esku gelditzen dira ordenantza honen interpretazioa eta aplikazioa. Zerbitzuaren kudeaketaz arduratzen den pertsona edo entitatea Udalak eskuordeturik arituko da xedapenak interpretatu eta aplikatzeko eginkizunetan, eta konponbiderik zuzenena bilatuko du instalazioen eguneroko erabileran sortzen diren arazoetan.
23. artikulua. Udalari dagokio behar diren arauak ematea gimnasioa ongi erabil dadin, ordenantza honetan jaso gabeko egoerak izaten direnean.
Iragarkiaren kodea: L1711151