193. ALDIZKARIA - 2017ko urriaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

393E/2017 EBAZPENA, abuztuaren 28koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, Ingurumen eraginaren adierazpena egiten duena proiektu honetarako: “El Infanzón 2” legar-hobia, Faltzesko 19. poligonoko 682 B azpilurzatian. Aguas de Navarra aldi baterako enpresa-elkarteak sustatu du.

2016ko irailaren 22an, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak Ingurumen eraginaren ebaluazio arruntaren aurreko tramiteak egin zituen, Aguas de Navarra ABEEak aurkeztutako “Infanzón legar-hobia ustiatzeko proiektuaren aldaketa” proposamenerako, Ingurumen Ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen I. eranskinean hala jasota baitago. Egun horretan egin zen “ukitutako administrazioei eta pertsona interesdunei kontsultatzeko epea”, aipatutako 21/2013 Legearen 37. artikuluarekin bat.

Tramite horretan, organo substantiboak Ebroren Ur Konfederazioaren aldeko txostena jaso zuen, betiere maila freatikoari eusteko baldintzarekin, baita Ondare Historikoaren Zerbitzuaren Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren aldeko txostena ere. Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak 2016ko urriaren 28ko txosten batekin erantzun zien kontsulta horiei, adieraziz ezen dokumentazioa jendaurrean jar daitekeela, ingurumen eraginaren ebaluazioaren arloko indarreko legeriaren ondorioetarako.

Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak, iragarkia 2016ko 197. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, urriaren 11n, proiektu horren jendaurreko tramitea hasi zuen, ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretuan aurreikusitako ondorioetarako (errege dekretu hori erauzketa industrien hondakinak kudeatzeari eta meategiko jarduerek ukitzen duten espazioa babestu eta lehengoratzeari buruzkoa zen) eta Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio arrunta tramitatzearen ondorioetarako (Ingurumen Ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen I. eranskinean jaso da). Jendaurrean egoteko epea 2016ko azaroaren 28an bukatu zen, alegaziorik jaso gabe.

2017ko apirilaren 12an, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari eskatu zion hasiera eman ziezaiola “Infanzón legar-hobia ustiatzeko proiektuaren aldaketaren” Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio arruntaren tramitazioari, Ingurumen Ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen 39. artikuluarekin bat, eta Aguas de Navarra ABEEak horretarako aurkeztutako dokumentazioa bidali zion.

Hemendik aurrera “Infanzón 2” legar-hobia izanen da proiektua; izan ere, aldaketa hau ez da 2015ean tramitatu zen legar-hobiaren mugakide, eta, gainera, “Infanzón” legar-hobia bukatzeko fasean dago tramitazio berri honen unean.

Aurkeztutako dokumentazioa nahasgarria izan zitekeen, 2015eko proiektuaren aipamena zela eta. Horregatik, 2017ko ekainaren 7an, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak sustatzaileari agiri sinplifikatu bat eskatu zion, “Infanzón 2” proposamenari buruzkoa bakarrik izanen zena, proposameneko zenbait puntu zehazturik. 2017ko ekainaren 19an jaso zen dokumentazio hori.

Faltzesko 19. poligonoko 682 B azpilurzatian kokatuko da “Infanzón 2” ustiategi proiektua, “Infanzón” izeneko beste legar-hobi batetik 450 bat metrora. Bigarren hori abandonatze fasean dago (Faltzesko 19. poligonoko 682 A eta 682 I azpilurzatietan dago).

Legar-hobiak 15.500 bat metro koadro hartuko ditu, Faltzesko 19. poligonoko 682 B azpilurzatiak dituen 27.600 metro koadroetatik, eta aurreikusi den erauzketa bolumena 15.800 m³ da. Erauzketa-potentzia 1 m izanen da batez beste, eta, gehienez ere, 1,5-2 m. Bazterretan ezponda batzuk geldituko dira, laborantza onartzen dutenak, baita azalera lauak ere.

Ateratzen diren lurrak XXII Arga 4 (Azkoien) Sektoreko iparraldeko obren esparrura eramanen dira, eta hau izanen du irisbidea: Erriberriko bidea, NA-6100 errepiderantz, eta, bide erdian, hegoalderako adarra, NA-6210 errepiderantz doana.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak, aldeko txosten baten bidez, adierazi du egokia dela Ingurumen eraginaren ebaluaziorako prozedura, eta aurkeztutako Ingurumen eraginaren azterlanak behar bezala jasotzen dituela ukituta geldi daitezkeen ingurumeneko balioak eta ingurumenaren aldetik aplikatu beharreko neurriak, izan zuzentzaileak edo ingurumenaren segimendua egitekoak, batik bat proiektuaren eremua ingurumenaren aldetik lehengoratzekoak.

Orobat, zehaztu denez, tramiteko dokumentazioa aztertuta, irizten da proiektua bideragarria dela ingurumenaren aldetik, eta bidezko dela Ingurumen eraginaren adierazpena egitea eta adieraztea ezen tramitatutako dokumentazioko ingurumen-baldintzetan egiten ahalko dela proiektua, ingurumeneko ondorioetarako soil-soilik.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren prozedura osatuta dagoela iritzita, eta azaldutakorekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT

1. Ingurumen eraginaren adierazpena egitea proiektu honetarako: “El Infanzón 2” legar-hobia, Faltzesko 19. poligonoko 682 B azpilurzatian. Aguas de Navarra aldi baterako enpresa-elkarteak sustatu du.

2. Gainera, ezartzea jarduera eginen dela izenburuan aipatutako espedienteari atxikitako dokumentazio teknikoan jasotako baldintzei jarraikiz.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 53. artikuluan xedatutakoari jarraikiz (foru dekretu haren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua).

4. Ebazpen hau jakinaraztea Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuari, Lurralde eta Paisaia zerbitzuari, Basozaintzako 10. Barrutiari (Tafalla-Zangoza), Faltzesko Udalari eta sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2017ko abuztuaren 28an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

Iragarkiaren kodea: F1710516