191. ALDIZKARIA - 2017ko urriaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

TUTERA

Deialdia, kultura teknikari lanposturako izangaien zerrenda oposizio-lehiaketa bidez osatzeko

OINARRIAK

Oinarriak, kultura teknikari lanpostuan (B maila/taldearekin parekatua) aritzeko izangaien bi zerrenda oposizio-lehiaketa bidez osatzeko, bata prestakuntzarako eta bestea aldi baterako kontratuarekin aritzeko, Castel Ruiz TEEPan sortzen diren beharrei erantzutearren

Lehena.–Arau orokorrak.

Deialdia iragartzen da, Castel Ruiz tokiko enpresa-erakunde publikoan kultura teknikari lanpostua oposizio-lehiaketa bidez betetzeko izangaien bi zerrenda hautaproben bidez eratzeko, bata prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeran eta bestea aldi baterako kontratuarekin aritzeko, aipatu erakundean sortzen diren beharrei erantzutearren.

1.1. Lanpostuak B mailako lansariak izanen ditu, baita Castel Ruiz TEEParen plantilla organikoan jasotzen diren osagarri guztiak ere, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan eta Tuterako Udalari aplikatzen ahal zaizkion gainerako xedapenetan ezarritakoari jarraikiz.

1.2. Lanaldia osoa izanen da eta zerbitzuaren beharretara egokituko da. Administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute, zerbitzuaren beharren arabera. Edozein kasutan, zerbitzua lehentasunez goizeko ordutegian emateko aukera berariaz jasotzen da, lanpostuari dagozkion zenbait funtzio arratsaldeko ordutegian egitea beharrezkoa izanen delarik, baita salbuespen gisa larunbatetan, igandeetan eta jai egunetan ere.

1.3. Lan eta enplegu baldintzei buruz, oinarri hauetan agertzen ez badira, eta erakunde honi dagokionez, Tuterako Udaleko funtzionarioen eta lan-kontratudun finko nahiz aldi baterakoen lan baldintzen gainean indarra duen akordioan ezarritakoari jarraikiko zaio.

1.4. Eginkizunak.

Castel Ruiz tokiko enpresa-erakunde publikoa Tuterako Udalak kultur aferak kudeatzeko darabilen lanabes juridikoa da. Horretarako, bere urteko aurrekontua, ekipamendu zehatzak eta plantilla organikoa ditu; eta deialdi honen xede den B mailako kultura teknikaria plantilla horri atxikiko zaio, bere gain hartuta mailari dagozkion eginkizun eta erantzukizunak, eta orpoz orpo lan eginik kultura koordinatzailearekin (A maila) eta kultura laguntzailearekin (C maila), bai eta gainerako langileei lagunduz ere administrazio, mantentze zein logistika kontuetan.

Ondorioz, lanpostuari dagozkion eginkizunak, oro har, eta dagokion maila aintzat hartuta, hauek dira: kultur jarduerak diseinatzea, planifikatzea, aurrekontuak egitea, koordinatzea, kudeatzea, kontrolatzea eta ebaluatzea.

Bigarrena.–Betebeharrak.

2.1. Parte hartu nahi dutenek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.

Orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatu nazioarteko itunen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak baldin haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Honako hauen jabe izatea:

–Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, unibertsitateko diplomadunaren, graduatuaren, ingeniari teknikoaren edo arkitekto teknikoaren titulua edo haien baliokidea den beste bat, edo, bestela, titulua lortzeko eskubideak ordaindu dituela frogatzen duen gordekina, edo lizentzia bateko, ingeniaritzako edo arkitekturako lehenengo hiru ikasmailak osorik gaindituak izateari buruzko ziurtagiria. Goi mailako titulazioa eskatzen ez bada ere, eskatutako mailatik gorako tituluak ere onartuko dira. Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

d) Lanpostuaren eginkizunak betetzeko behar diren gaitasun fisikoak eta psikikoak izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Espainiako nazionalitatea ez izanik parte hartu nahi dutenek zinpeko aitorpena edo hitzematea aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik beren estatuko funtzio publikoan sartzea galarazten dienik.

2.2. Prestakuntzan aritzeko izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

Udal honen eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa izatea, C, D edo E mailakoa.

A) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

B) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, unibertsitateko diplomadun edo gradudun titulua edo horren baliokidea izatea, edo titulu hori eskuratzeko baldintzak betetzea (hori lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina). Goi mailako titulazioa eskatzen ez bada ere, eskatutako mailatik gorako tituluak ere onartuko dira. Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

2.3. Oinarri honen 2.1.c) apartatuan eskatzen den titulazio betebeharrak agiri bidez frogatu beharko dira, deialdi honen 9.7 apartatuan ezarritakoarekin bat.

2.4. Oinarri honetan ezarritako baldintza guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, bai eta hautapen prozedurak eta kontratazioak iraun bitartean mantendu ere.

2.5. Baldintza horiek agiri bidez frogatu beharko dituzte hautatu eta kontratatzen diren izangaiek, kontratuak sinatu aurretik horretarako ezartzen zaien unean. Egiaztagirien kopia konpultsatuak aurkeztuko dira. Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan salbu, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira kontratatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, euren eskabidearen faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzunbeharra galarazi gabe.

Hirugarrena.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Tuterako Udalaren Erregistro Orokorrean (Udaletxe plaza, 1) aurkeztu beharko dira, edo Castel Ruiz TEEParenean (Rúa, 13, 4. solairua) deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita 20 egun naturaleko epean, azken eguneko 14:00ak arte, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako gainerako bideak ere erabil daitezke eskabideak aurkezteko. Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten eskabideari, ziurtatu aurretik.

3.2. Eskabideak II. eranskinean (aldi baterako kontrataziorako izangaiak) edo III.eranskinean (prestakuntzarako izangaiak, zerbitzu berezietako egoeran) argitaratzen diren ereduei lotuko zaizkie. Horiek Udaleko Herritarren Arretarako Zerbitzuaren bulegoetan eta Castel Ruiz TEEParenetan eskura daitezke, baita Interneten ere, www.tudela.es helbidean eta honako honetan: http://www.castelruiz.es/Programaci%C3%B3n/Descargas.aspx Eskabideetan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela.

3.3. Eskabidearekin batera, izangaiek nortasun agiri nazionalaren kopia aurkeztu behar dute, baita titulazioaren baldintzak betetzen direla frogatzen duten agiriak eta lehiaketako baremazioan kontuan hartzea nahi dituenak ere, hau da, 2.1.C) oinarriko titulazioaren fotokopia konpultsatua aurkeztuz, edo hura lortzeko eskubideak eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehenago ordaindu izanaren frogagiria, eta gainerako dokumentazioa.

3.4. Desgaitasun aitorturen bat duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, egoera horren frogagiria aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatu ahalko dituzte, eskabidean bertan. Aparteko orri batean, zein desgaitasun duten eta zein egokitzapen eskatzen duten adierazi beharko dute.

3.5. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

3.6. Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira, noiznahi.

Laugarrena.–Izangaien onarpena.

4.1. Behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Castel Ruiz TEEPko buruak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta aginduko du Castel Ruiz TEEPko eta Tuterako Udaleko iragarki-oholetan eta web-orrietan argitara dadila.

Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko dira onartuen behin betiko zerrendak.

Izangai baztertuek, behin-behineko zerrenda argitaratu ondoko 5 egun baliodunen barrenean, erreklamazioak egiten ahalko dituzte eta, okerrik egin baldin badute, horiek zuzendu.

4.2. Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiek ebatzi ondotik, TEEPko buruak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du aipatu iragarki-oholetan eta web-orrietan argitaratzeko. Ebazpen horretan berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

4.3. Onartuen zerrendan agertzea ez da aski deialdian eskatutako betebeharrak betetzen direla aitortzeko. Izangaiek aurkeztutako dokumentazioa edo deitzaileak bere eskuetan daukana aztertuta, eskatutako baldintzetako bat betetzen ez dutela ohartuz gero, deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

4.4. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Bosgarrena.–Lehiaketa.

Epaimahaiak izangaiek aurkezturiko merezimenduak baloratuko ditu ondotik aipatzen den merezimendu baremoari jarraikiz. Merezimendu guztiak alegatu eta frogatuko ditu izangai bakoitzak, hautapen prozedura honetan parte hartzeko eskabidea aurkeztean. Merezimenduen balorazioa egindakoan, emaitzak aipatu iragarki-oholetan eta web-orrietan jarriko dira ikusgai.

Lehiaketaldia ez da baztergarria izanen eta gehienez ere 30 puntu lortu ahalko dira. Honela baloratuko da:

5.1. Formakuntza: 14 puntu gehienez.

Kultur kudeaketan, Kultur zerbitzuetan, Funtzio publikoan edo baliokideak diren arloetan Masterrak izateagatik, titulu ofizial bakoitzeko: 6 puntu.

Kultur arloko unibertsitateko gradu edo lizentzia bakoitzeko: 3 puntu.

Kultur arloko unibertsitateko diplomatura bakoitzeko: 1,5 puntu.

Animazio soziokulturaleko goi mailako teknikariaren titulua: 2 puntu.

5.2. Lanbide-esperientzia: 14 puntu gehienez.

–B mailako kultura teknikari, parte-hartze teknikari, berdintasun teknikari, funtzio baliokide edo maila bereko kategoriari dagozkion funtzioak betez administrazio publikoetan erregimen administratiboan edo laboralean besteren konturako langile gisa emandako zerbitzuengatik: 0,20 puntu/hilabetea; 6 puntu gehienez.

Lan egin den administrazioaren egiaztagiri bidez frogatu beharko da aipatutakoa, kontratuaren iraupena eta lanpostua adieraziz.

–C mailako animatzaile soziokultural, gizarte integrazioko goi mailako teknikari, funtzio baliokide edo maila bereko kategoriari dagozkion funtzioak betez administrazio publikoetan erregimen administratiboan edo laboralean besteren konturako langile gisa emandako zerbitzuengatik: 0,15 puntu/hilabetea; 5 puntu gehienez.

Lan egin den Administrazioaren egiaztagiri bidez frogatu beharko da aipatutakoa, kontratuaren iraupena eta lanpostua adieraziz.

–Animatzaile soziokultural, kultura teknikari, parte-hartze teknikari, berdintasun teknikari funtzioak edo funtzio baliokideak betez, entitate pribatuan besteren konturako langile gisa emandako zerbitzuengatik: 0,10 puntu/hilabetea; 3 puntu gehienez.

Lan kontratuaren kopia bidez eta bizitza laboralaren agiri bidez egiaztatu beharko da aipatutakoa.

5.3. Atzerriko hizkuntzak jakitea, 2 puntu gehienez ere.

Europar Batasuneko hizkuntza bat edo gehiago ezagutzeagatik (agiri ofizial bidez egiaztatuz gero), gehienez ere 2 puntu emanen dira:

–C1 mailako titulu bakoitzeko: puntu bat.

–B2 mailako titulu bakoitzeko: 0,5 puntu.

–B1 mailako titulu bakoitzeko: 0,25 puntu.

Seigarrena.–Oposizioa.

Hautapen prozesua bi proben bidez eginen da. Bata teorikoa izanen da, eta bestea praktikoa, eta biak ere baztergarriak izanen dira.

6.1. Proba teorikoa.

Proba teorikoa: deialdi honen I. eranskineko gaiei buruzko 100 galdera erantzun beharko dira, idatziz, gehienez ere hiru orduz; galdera bakoitzak zenbait erantzun izanen ditu aukeran, baina bat bakarra izanen da zuzena.

Atal honetan 35 puntu lortzen ahalko dira gehienez; erantzun okerrek puntu galera ekarriko dute. Proba gainditzeko, izangaiek gehieneko puntuazioaren %50 lortu beharko dute gutxienez.

Proba hau egiteko ez da inolako testurik erabiltzen ahalko, ezta kalkulagailurik edo bestelako materialik ere, bolaluma urdina edo beltza ez bada.

Epaimahaiak izangaien zerrenda eta atera duten kalifikazioa jendaurrean jarriko ditu, aipatu iragarki-oholetan, eta hurrengo ariketa noiz eta non eginen den adieraziko du, berrogeita zortzi ordu lehenago gutxienez.

6.2. Proba praktikoa.

Proba praktikoa: I. eranskineko gaiei buruzko ariketa praktiko bat edo batzuk egin beharko dira.

Epaimahaiak zehaztuko du ariketa horretako probak egun bakarrean edo gehiagotan eginen diren, bai eta zenbat denbora iraunen duten ere, betiere haien edukiaren arabera.

Proba honetan 35 puntu lortzen ahal dira gehienez. Proba gainditzeko, izangaiek gehieneko puntuazioaren %50 lortu beharko dute gutxienez, proba praktiko osoa eta ariketa bakoitza banan-banan kontuan harturik.

6.3. Lehenbiziko eta bigarren ariketak plika sistemaren bidez eginen dira, salbu kalifikazio epaimahaiak erabakitzen badu, bigarren ariketan, egin ondoren jendaurrean irakur eta defenda dadila.

6.4. Epaimahaiak erabakitzen ahal du lehenbiziko eta bigarren ariketak saio bakarrean egitea. Hala izanez gero, bi ariketak batera eginen dira eta lehenbizi test motako zatia zuzenduko da eta, bigarrenik, test motako ariketa gainditu dutenei dagokien kasu praktikoen zatia. Ez da pliketako kasu praktikoen zatia zuzenduko ez bada test motako zatia gainditu.

6.5. Probetarako dei bakarra eginen da. Parte-hartzaileek aldean eraman beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertuta geldituko dira.

6.6. Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitorturen bat dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak jarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

Zazpigarrena.–Kalifikazio epaimahaia.

7.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Mahaiburua: Javier Gómez Vidal, Castel Ruiz TEEPko burua.

Ordezko mahaiburua: Sofía Pardo Huguet, Castel Ruiz TEEPko buruordea.

Mahaikidea: Manuel Motilva Albericio, Castel Ruiz TEEPko kultura koordinatzailea.

Ordezko mahaikidea: Alberto Ruiz Moliner, Tuterako Udaleko gazteriako teknikari koordinatzailea.

Mahaikidea: Antonio Martínez Jiménez, Corellako Udaleko kultura koordinatzailea eta NGKTEPko kidea.

Ordezko mahaikidea: Lorenzo García Echegoyen, Cintruénigoko Udaleko kultura koordinatzailea eta NGKTEPko kidea.

Mahaikidea: Mikel Ziordia Osta, langileen ordezkaria.

Ordezko mahaikidea: Ana José Martínez Navarro, langileen ordezkaria.

Mahaikide-idazkaria: Tuterako Udaleko erdi mailako teknikaria edo baliokidea.

Ordezko mahaikide-idazkaria: Tuterako Udaleko erdi mailako teknikaria edo baliokidea.

7.2. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aurreikusiak dauden arrazoiak suertatzen direnean.

Halaber, zilegi da mahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada mahaikideek parte ez hartzeko eta haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, jakinarazi eginen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

7.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez ere kideen gehiengo osoa bertan ez bada. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

7.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdietako oinarrien interpretazio eta aplikazioaren inguruan sortzen diren arazoak.

7.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistak hartzen ahalko ditu probarako, eta horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

Zortzigarrena.–Emaitzak.

8.1. Parte-hartzaileen artean berdinketarik gertatuz gero, epaimahaiak ebatziko du, kontuan izanik probaren lehenbiziko zatian (proba teorikoa) lehenbiziko zatian zein den puntuaziorik handiena. Berdinketak irauten badu, proba praktikoan puntuaziorik altuena lortu duenaren alde ebatziko da, eta, hala ere berdinketak iraunez gero, zozketa bat eginen da, epaimahaiak horretarako prestatuko duena. Zozketaren emaitzak Tuterako Udalaren eta Castel Ruiz-en web-orrietan (deialdiaren aipuan) eta iragarki-oholetan argitaratuko dira. Betiere, Tuterako Udaleko Osoko Bilkurak 2004ko azaroaren 29an hartu erabakian jasotzen diren arauei jarraikiko zaie; arauok 2005eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman ziren argitara, urtarrilaren 24an.

8.2. Proben kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak aipatu iragarki-oholetan eta web-orrietan jarriko du probak gainditzen dituzten izangaien zerrenda, guztira lortzen duten puntuazioaren ordenaren araberakoa.

Izangaietako batek ere ez baditu proba guztiak gainditzen edo gaindituta ere nahi ez badu administrazio deitzaileak kontratatzerik, Udalak kontratatu ahalko du oposizioko ariketa teorikoa gainditu duen hurrengo izangaia, hautapen prozesuan lortutako puntuazio ordenari zorrotz jarraituz.

8.3. Ondotik, kalifikazio epaimahaiak TEEPko buruari igorriko dizkio hautapen prozesuaren bi zerrendak, bata prestakuntzan aritzekoa eta bestea aldi baterako kontratuarekin aritzekoa, eta lortutako ordenaren araberakoak; horiekin batera hautapen prozesuari buruzko espediente osoa ere bidaliko dio, onets dezan.

Bederatzigarrena.–Aldi baterako kontrataziorako dei egitea.

9.1. Gainditu duten izangaiei Castel Ruiz TEEPan edo Tuterako Udalean sortzen diren beharren arabera dei eginen zaie, deialdi honetan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraituz.

9.2. Izangaiei dei egiterakoan, kontuan hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak onetsia, desgaitasuna duten pertsonek enplegu publikoa lortzeari dagokionez. Behar diren zereginak eta eginkizunak betetzeko bateragarritasuna frogatzen duten agiriak Castel Ruiz TEEPak egiaztatuko ditu.

9.3. Errazago aurkitu ahal izateko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen eman beharko dute (harremanetarako beste telefono batzuk ere eman ditzakete), baita helbide elektroniko bat ere. Informazio hori etengabe eguneratua eduki behar dute.

9.4. Kontratazio guztiak egiteko, Tuterako Udalari eta haren mendeko erakunde autonomoei aplikagarri zaizkien irizpideetan ezarritakoari jarraikiko zaio.

9.5. Eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten pertsonak hautapen prozesutik baztertuko dira, TEEPko buruaren ebazpen bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

Hamargarrena.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, erabaki hau edo errekurritzen den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean, organo egileari errekurritzeko asmoaren berri emanik; edo bestela,

b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, erabaki hau argitaratu edo errekurritzen den egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epearen barnean.

c) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen erakundean berean, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Tuteran, 2017ko irailaren 22an.–Castel Ruiz TEEPko burua, Javier Gómez Vidal.

I. ERANSKINA

Gai zerrenda

1.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: xedapen orokorrak, prozeduretako interesdunak: jarduteko gaitasuna eta interesdunaren kontzeptua. Prozedurako interesdunen identifikazioa eta sinadura. Administrazio publikoen jarduera: jarduketaren, epe-mugen eta epeen arau orokorrak.

2.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: administrazio prozedurari buruzko xedapenak: abiaraztea, antolamendua, instrukzioa, amaiera eta betearazpena.

3.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: egintzen berrikuspena administrazio bidean. Ofiziozko berrikuspena. Administrazio errekurtsoak.

4.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa: xedapen orokorrak. Administrazio publikoen organoak.

5.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa: zehatzeko ahalmenaren printzipioak. Administrazio publikoen ondare-erantzukizuna.

6.–6/2006 Foru Legea, ekainaren 9koa, Kontratu Publikoei buruzkoa: aplikaziorako arau orokorrak. Esleitzeko prozedurak.

7.–15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, Datu Pertsonalen Babesari buruzkoa: xedapen orokorrak. Datuak babestearen printzipioak. Pertsonen eskubideak.

8.–Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari buruzko kontzeptu orokorrak. Castel Ruiz TEEPko diru-laguntzen deialdia, irabazi-asmorik gabeko entitateentzat.

9.–Genero ikuspegia: kontzeptua, egokitasuna, berau aplikatzeko tresnak, hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista. Arloari buruzko araudia Tuterako Udalean.

10.–Laneko jazarpenari aurrea hartzeko eta haren kontra esku hartzeko protokoloa Tuterako Udalean eta haren mendeko erakundeetan (Ur Batzordea eta Castel Ruiz TEEPa), 2017ko martxoaren 17koa.

11.–Kultur jarduera planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko metodologia.

12.–Kultur jardueraren zabalkundea: publizitatea eta gizarte-sareak.

13.–Kultura eta emakumea: kultur kudeaketa, generoaren ikuspegitik.

14.–Kultura Ministerioaren esku-hartze ildoak, Tuterako toki entitatean aplikatzeko modukoak izan daitezkeenak. Programak eta deialdiak.

15.–Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiaren esku-hartze ildoak, Tuterako toki entitatean aplikatzeko modukoak izan daitezkeenak. Departamentuaren antolaketa. Programak eta deialdiak.

16.–Erakunde publikoek antolatu kultur jardueren finantziazioa. Kontzeptua, iturriak, erakundeak eta ezaugarriak. Nafarroako mezenasgo kulturala.

17.–Nafarroako eta Tuterako kultura-ehun asoziatiboaren ikuspegia. Castel Ruiz TEEParekin dituen loturak.

18.–Castel Ruiz TEEParen estatutuak eta ordenantzak.

19.–Castel Ruiz TEEParen kultur programazioa.

20.–TEEPari atxikitako kultur ekipamenduak. Izena. Edukia. Bilakaera. Jarduketa programak.

II. ERANSKINA

Eskabide eredua: aldi baterako kontratatzeko izangaiak (PDFa).

III. ERANSKINA

Eskabide eredua: prestakuntzarako izangaiak, zerbitzu berezietako egoeran (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L1711013