Iragarkia
190. ALDIZKARIA - 2017ko urriaren 2a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
35E/2017 FORU AGINDUA, irailaren 12koa, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak emana, 2017. urterako 30.000 euro gastua baimentzen duena, eta ikerketa zentroentzako diru-laguntzen deialdi bat eta oinarri arautzaileak onesten dituena, ikerketa zientifikoak eta bilketa dokumentala egin ditzaten, xede izanen dituztenak eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek Nafarroan edo nafarrei eragindako indarkeriazko gertakariak.
ETAren indarkeria bukaturik, ETAren 50 urtetik gorako existentziari eta jarduera terroristaren inguruan bizitako inguruabarrei buruzko interpretazioek eta analisiek eztabaida gatazkatsu ugari eragiten dituzte, eta ikuspuntuak, gehienetan, karga negatibo handiarekin adierazten dira gure historiaz desadostasunak dituztenen artean, honako hauei buruzko desadostasunak hain zuzen: gertatutakoaren kontakizunak, zergatien analisia, ondorioak, indarkeriaren espirala eta dituen askotariko aldeak, eragindako minaren tamaina, erreparazioa eta justizia egiteko zailtasunak, adiskidetzeko zailtasunak, nola ezarri bermeak berriz halakorik gerta ez dadin, etab.
Testuinguru honetan, Nafarroako Gobernuaren Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak uste du oso garrantzitsua dela eginahal zorrotza egitea ikertzeko eta argitzeko, halako moduz non ahalbidetuko baita erakundeek eta gizarteak baliabide dokumental eta erreferentzia irmoak izatea denbora honetan jasandako Giza Eskubideen urraketen eta horien ondorioen tamaina ezartzeko. Hori eginez, espero da lortzeko errazagoak izanen direla egia argitzea, justizia, biktimentzako erreparazioa, ikuspuntu desberdinen arteko ulermena eta errekonozimendua erraztea eta ziurtatzea ez direla berriz gertatuko indarkeriazko gertakaririk.
Gobernuek, erakundeek eta fundazioek azken urteetan egindako txosten eta ikerketek sakon landu dituzte ETAren jarduera terroristaren eta haren biktimen definizioa eta tamaina. Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak ere bultzatu du txostenak egin daitezela jakin dezagun zer ondorio mota izan dituen indarkeria terroristak Nafarroan.
ETAk bere jarduera gauzatu duen epe kronologiko berean, baina indarkeriaren ezaugarritze desberdin baten testuinguruan, agerian gelditu dira, orobat, eskuin muturreko taldeen eta funtzionario publiko batzuek egindako edo eragindako Giza Eskubideen urraketen ondorioak. Hala, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak abiapuntutzat duen printzipioetako bat da biktimari arreta ematea bere biktima-izaeraren testuinguru propioan, beste aldeko urraketak nahasi edo lausotu gabe, horiek denak ikusgarri eginez, hori baita modua kontakizun egiazko, justu eta inklusiboa lortzeko, biktima guztiei erantzuna emateko modukoa. ETAren biktimek, beste terrorismo batzuen biktimek eta motibazio politikoko indarkeriaren eta Giza Eskubideen bestelako urraketen biktimek egiarako eskubidea dute; bazterketarik gabeko egia izan behar du, indarkeria batzuk beste batzuen bidez azaltzea bilatzen ez duena. Nahitaezko printzipioa da hori, iraganean gertatutakoa argitzeko lan orotan izan beharrekoa.
Eskuin muturreko talde batzuek eta funtzionario publiko batzuek egindako delitu-egintzak direla-eta errekonozitutako, salatutako eta epaitutako motibazio politikoko indarkeria kasuak ikusirik, urraketa horiek hauek izanen lirateke: eskuin muturreko taldeek (Triple A, Batallón Vasco Español, etab.) antolatutako atentatuak edo hilketak, motibazio politikoko testuinguruan funtzionario publikoek gauzatutako indarraren abusua edo indarkeriaren erabilera ez-zilegia, atxilotuen tortura, etab.
Hori hala dela ikusirik, Nafarroako Parlamentuak apirilaren 10eko 16/2015 Foru Legea onetsi zuen. Eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen errekonozimenduari eta erreparazioari buruzkoa da foru lege hori. Estatuko Gobernuak errekurtsoa jarri zuen lege horren kontra Konstituzio Auzitegian. Hasierako etendura baten ondoren, Auzitegiak legearen edukia aztertu, eta erabaki zuen zenbait artikuluren etendura altxatzea. Besteak beste, 1. artikuluaren zati batena. Hartan lege horren helburua arautzen da, xede nagusi baitu eskuin muturreko taldeen edo funtzionario publikoen jardunak eragindako motibazio politikoko biktimak halakotzat hartuak izan daitezela, eta, beraz, dagozkien errekonozimendurako eta erreparazio integralerako eskubideen onuradun ere bai. Halaber, indarrean daude, 1. artikuluko 2. puntuan, Nafarroako erakundeei behar diren neurriak hartzeko dei egiten dietenak, “motibazio politikoko biktimei erreparazioa emateko eta haiek oneratzeko”, “Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalean bildutako balioak sustatzeko” eta “biktimen errekonozimendu instituzionala eta soziala sustatzeko”.
Bestalde, foru lege horren 8. artikuluak arautzen du nola antolatu behar dituen Nafarroako Gobernuak “ziklo, ikastaro, mintegi edo biltzarrak [...] gizarteari, oro har, informazioa eman eta gogoeta egite aldera motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan gertatzen diren giza eskubideen bortxaketen larritasunari eta garrantziari buruz”.
Hori hala izanik, guztiz beharrezkoa eta koherentea da informazioa zorrotz biltzeko lanari ekitea, halako moduz non, oinarri metodologiko irmo eta zientifikoekin, ahalbidetuko baita erakundeak eta gizarteak hobeki ulertzea eta neurtzea gure historia berrienean izandako Giza Eskubideen urraketak.
Bestalde, Nafarroako Parlamentuak, aurrekontuetako zuzenketa baten bidez, 2017. urterako sartu zuen 30.000 euroko zuzkidura duen partida bat Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren gastuen aurrekontuan, helburu duena laguntzak ematea funts dokumentala egiteko, eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako indarkeriazko gertakariei buruz. Baliabideen zuzkidura horri esker, memoria hurbilaren arloan ari diren ikerketa entitateei dei egin dakieke, laguntza jaso dezaten proiektuak egiteko, baldin helburu hau betetzen badute: ikerketak egitea, zorrotz egin ere, lagungarri izanen direnak Nafarroako erakundeek eta gizarteak zehatzago eta objektiboago ulertzeko zer tamaina eta ondorio izan dituzten indarkeriazko gertakari horiek Nafarroako historia hurbilean.
Memoria eta Bizikidetza Zerbitzuaren txosten-proposamena jasotzen du espedienteak.
Horrenbestez, eta Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen abuztuaren 28ko 129/2015 Foru Dekretuaren 2.2.a) artikuluan emandako eskudantziak erabiliz eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearekin bat,
AGINDU DUT:
1. 30.000 euro gastua baimentzea, 2017. urterako, partida honen kargura: B20002 B2100 4819 232503 “(E) laguntzak ematea funts dokumentala egiteko, eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako indarkeriazko gertakariei buruz”.
2. Ikerketa zentroetarako diru-laguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak onestea, 2017. urterako, ikerketa zientifikoak eta bilketa dokumentala egin ditzaten, xede izanik eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek Nafarroan eta/edo nafarrei eragindako indarkeriazko gertakariak. Foru agindu honen eranskinean bildu dira.
3. Informazio hau Nafarroako Gobernuaren Diru-laguntzen Datu Basera igortzea.
4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
6. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2017ko irailaren 12an.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.
IKERKETA ZENTROENTZAKO DIRU-LAGUNTZEN OINARRI ARAUTZAILEAK, 2017. URTERAKO, IKERKETA ZIENTIFIKOAK ETA BILKETA DOKUMENTALA EGIN DITZATEN, XEDE IZANIK ESKUIN MUTURREKO TALDEEK EDO FUNTZIONARIO PUBLIKOEK NAFARROAN ETA/EDO NAFARREI ERAGINDAKO INDARKERIAZKO GERTAKARIAK
1.–Xedea.
Nafarroako Gobernuaren Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen esparruan, eta 16/2015 Foru Legea betez, laguntzen deialdi honen xedea da ikerketa zentroen lana finantzatzea, ikerketa zientifikoak eta bilketa dokumentalak egin ditzaten, azaltzeko zer ezaugarri eta tamaina dituzten eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek gauzatutako indarkeriazko kasuek eta Giza Eskubideen urraketek, betiere kasu horiek Nafarroan gertatu badira edo nafarrak Nafarroatik kanpo ukitu badituzte.
Gastu hauek izanen dira diruz lagungarriak:
–Ikerketa lanak, lagunduko dutenak hobeki ulertzen gure historia hurbilean izandako motibazio politikoko indarkeriazko kasuak, hain zuzen ere honelakoak: eskuin muturreko taldeek (Triple A, Batallón Vasco Español, etab.) antolatutako atentatuak edo hilketak, motibazio politikoko testuinguruan funtzionario publikoek gauzatutako indarraren abusua edo indarkeriaren erabilera ez-zilegia, atxilotuen tortura, etab.
–Honako honi erantzunen dioten lanak: gure historia hurbilean (1960-) motibazio politikoko indarkeriazko ekintzen ondoriozko Giza Eskubideen urraketen eta testuinguruen tipologiarako hurbilketa teorikoa.
–Dokumentazioaren bilketak, arlo honetako etorkizuneko ikerketetarako oinarri izan daitezkeenak.
Txostenek tipologia guztien ikerketa har dezakete beren baitan, edo tipologia horietako batean zentratu daitezke, edo, denboraldien (Frankismoa, Trantsizioa...) araberako irizpideei jarraituz, edo ikerketarako baliogarri izan daitekeen beste edozein irizpideri jarraituz, kasu jakin batzuetan.
2.–Jarduketa eremua eta helburua.
Diru-laguntzaren xede diren proiektuek lagundu behar dute zorrotz egin daitezen halako ikerketak, zeinek erraztuko baitiete Nafarroako erakundeei eta gizarteari zehatzago eta objektiboago ulertzen zer tamaina eta ondorio izan dituzten indarkeriazko gertakari horiek Nafarroako historia hurbilean.
3.–Entitate eskatzaileek bete beharreko baldintzak.
Honako hauek har ditzakete oinarri hauetan araututako laguntzak:
–Unibertsitateen menpeko departamentu, katedra eta institutuetako Giza eta Gizarte Zientzien ikerketa zientifikoko taldeak.
–Giza eta Gizarte Zientzien arloan ikerketa zientifikoak egiten dituzten eta Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorenaren (CSIC) sarean dauden zentroetako ikerketa taldeak.
Aurkezten diren zentroek betebehar hauek ere bete beharko dituzte:
a) Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean izatea, eta zorrik ez izatea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin.
b) Diru-laguntzen onuraduna izateko Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritako gainerako debeku-egoeretan ez egotea.
Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira baldintza guztiak, eta, orobat, diru-laguntza jasotzen duen jarduerak irauten duen bitartean.
4.–Jarduerek bete beharrekoak.
Laguntzaren xedeko jardueren ezaugarriak eta helburuak hurrenez hurren 1. eta 2. oinarrietan ezarritakora egokituko dira.
Laguntzaren xedeko jarduera guztiak 2017ko urtarrilaren 1etik abenduaren 1era bitarte egin beharko dira.
5.–Eskaeren aurkezpena.
5.1. Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.
Entitate interesdunek eskaera aurkeztu beharko dute horretarako prestatu diren ereduen arabera, I. eranskinean jaso baitira. Eredu horiek ikerketa zentroen eskura egonen dira Nafarroako atariaren web-orriko (www.navarra.es) “Laguntzak eta Bekak” izeneko atalean eta Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren egoitzan (Arrieta kalea, 12-5. solairua). Eskaerarekin batera Nafarroako Gobernuaren eskabide-orri orokorra aurkeztuko da.
Ikerketa zentro edo organismoaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztu beharko da eskaera, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 20 egun naturaleko epean.
Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira eskaerak, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezartzen diren tokietako edozeinetan, edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoari buruzko ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuaren bidez sortu eta araututako Erregistro Orokor Elektronikoan. Eskaerak Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiari zuzendu beharko zaizkio.
Postetxeetan aurkezten diren eskaerei dagokienez, argi eta garbi adieraziko dira bulegoaren izena eta eguna, tokia eta ordua, minutu eta guzti. Gainera, entitate interesdunak, egun berean, telefax baten edo posta elektronikoaren bidez jakinarazi beharko dio Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiari eskaera igorri duela.
Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.
Diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.
5.2. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Eskaerak, ezarritako ereduen arabera prestatuak (ereduak zentro interesdunen eskura daude 5.1 oinarrian ezarritako tokietan), zentro edo organismoaren ordezkariak behar bezala sinatuak aurkeztu beharko dira, Nafarroako Gobernuaren eskabide-orri orokorra eta honako dokumentazio hau erantsita:
a) Ikerketa zentroaren estatutuak.
b) Ikerketa taldearen osaerari buruzko txosten laburra, honako hauek behinik behin izanen dituena: ikertzaile nagusiaren edo ikerketa lantaldearen koordinatzailearen izen-deiturak, hura osatzen duten ikertzaileen izen-deiturak, titulazioa eta gaitasunak, eta azken bost urtean egindako ikerketa eta argitalpen nagusiak.
c) Eskaera sinatzen duen entitatearen ordezkariari emandako ahalordea frogatzen duen agiria eta haren nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua.
d) Behar diren ziurtagiriak, egiaztatzeko ezen zerga arloko eta Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean dituela eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko edo haren erakunde autonomoekiko zorrak ordainduak dituela.
e) Entitatearen erantzukizuneko adierazpen berariazkoa, II. eranskineko ereduaren araberakoa, adierazten duena ez dagoela Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan diru-laguntzen onuradun izateko ezarritako debeku-egoera batean ere.
f) Transferentzia bidez ordaintzeko eskabidea, behar bezala betea (Nafarroako Gobernuari eskaera lehen aldiz aurkezten diotenentzat eta banku kontuko zenbakia aldatu dutenentzat bakarrik).
g) Jarduera bererako eskatu diren beste laguntza guztien zerrenda, III. eranskineko ereduaren araberakoa, adierazita eskatutako kopurua, zer administrazio edo entitate publikori zein pribaturi eskatu zaien eta laguntza horien egoera (ukatuak, ebazteko zain, emanak eta haien zenbatekoak). Bestela, entitateek erantzukizuneko adierazpena aurkeztu beharko dute, beste laguntzarik eskatu ez dutela dioena.
5.3. Eskaerako akatsak zuzentzea.
Eskaerak aipatutako betebeharrak betetzen ez baditu edo harekin batera aginduzko agiriak aurkezten ez badira, instrukzio organoak entitate interesdunari eskatuko dio akatsak gehienez ere 10 egun balioduneko epean zuzen ditzala, eta adieraziko, horrela egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da eta dagokionari jakinaraziko zaio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatu bezala.
6.–Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko eskumena duten organoak.
Deialdi honen ondorioetarako, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiko Memoria eta Bizikidetza Zerbitzuari esleitu zaizkio prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak, laguntzak emateari begira. Oinarri arautzaileotan “instrukzio organoa” aipatzen delarik, ulertzen da zerbitzu horretaz ari dela.
Instrukzio organoak ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, 7. oinarri arautzailean ezarritako irizpideak kontuan hartuz, eta ebazpen proposamena emanen du, txosten batekin batera, non adieraziko baitu entitate onuradunek diru-laguntzak hartzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.
Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak du eskumena diru-laguntzak emateko prozedura ebazteko.
7.–Balorazioa.
Deialdi honetan aipatzen diren laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak konparatuz, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.
Baremo honi jarraikiz baloratuko dira eskaerak:
1. Ikerketa ildoak zer neurritan definitu diren eta horien exekuzio-plana: gehienez 20 puntu:
–Ikerketa ildoen planteamendu orokorra eta horiek zer neurritan definitu diren: gehienez 15 puntu
–Ikerketa jarduerak abian jartzeko eta garatzeko plangintza: gehienez 5 puntu
2. Ikerketan lortzea espero diren emaitzen kalitatea eta irismena: gehienez 30 puntu
3. Iturri dokumental desberdinak erabiltzea eta biltzea, eta horien kalitatea: gehienez 40 puntu.
4. Aurrekontuaren efizientzia: gehienez 10 puntu.
Laguntza jasotzeko, proiektuek 60 puntu lortu beharko dituzte gutxienez.
8.–Laguntzaren zenbatekoa esleitzea.
Diru-laguntzaren zenbatekoa eskatu eta onartzen den aurrekontuaren %100 adinakoa izan daiteke. Entitate bakoitzak deialdi honen babesean zer ikerketa ildotarako eskatzen duen laguntza, ikerketa ildo horiek guztiak jaso beharko dira proiektuan.
Aurrekontuko izendapena gainditzen baldin bada, irizpide hauei jarraituko zaie laguntza kalkulatzeko:
a) Diru-laguntza kalkulatzeko, portzentaje tarte hauek aplikatuko zaizkio eskatu eta onartutako diru kopuruari, lortutako puntuazioaren arabera:
TARTEAK | PORTZENTAJEA % |
60 eta 64 artean | 65 |
65 eta 69 artean | 70 |
70 eta 74 artean | 75 |
75 eta 79 artean | 80 |
80 eta 84 artean | 85 |
85 eta 89 artean | 90 |
90 eta 94 artean | 95 |
95 eta 100 artean | 100 |
b) Aurreko irizpidea aplikatu ondoren aurrekontuko kontsignazioa gainditzen bada oraindik ere, banaketa proportzionala edo hainbanaketa eginen da aurreko irizpidearen aplikazioaren ondoriozko zenbatekoetatik abiatuta.
Instrukzio organoak proposamen-txostena eman aurretik, erakunde interesdunei entzuteko tramitea egin daiteke, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 84. artikuluari jarraikiz.
9.–Gastu diruz lagungarriak.
2017ko urtarrilaren 1etik abenduaren 1era bitarte egiten diren gastuak izanen dira diruz lagungarriak.
Gastu hautagarritzat hartzeko, gastu horiek zuzeneko lotura izan beharko dute proiektuaren garapenarekin, zalantzarik gabe, eta entitate eskatzaileak aurkezten duen ikerketa proiektuaren aurrekontu xehakatu eta zehaztuan jasota egon beharko dira.
Gastu diruz lagungarriak izanen dira zerbitzu-sari profesionalen ordainketak ekarritakoak; betiere, behar bezala frogatuko dira, lan kontratuen, nominen eta kotizazio agirien eta txostenen bidez, non agertuko baita zenbat ordu bete diren, langileek eta horien arduradunek sinatuta. Nominen kasuan, ikertzaileek jasotako kontzeptu guztiak bilduko dituzte, barnean direla joan-etorriek eta/edo dietek ekarritako ordainak.
Orobat, diruz lagungarritzat joko da beste entitate batzuen kanpo-kontratazioa lan espezializatuak egiteko, baldin fakturen guztizko zenbatekoak ez badu gainditzen 6.000 euroko zenbatekoa, BEZa kanpo, eta ikerketa proiektuaren aurrekontuaren %30 gainditzen ez badu.
Halaber, gastu diruz lagungarritzat hartuko dira ondasun suntsikor bat erostea dakartenak, baldin erosketa behar bezala justifikatzen bada eta beharrezkoa bada ikerketa jarduera garatzeko. Fakturak eta ordainagiriak aurkeztuz frogatuko dira.
Instrukzio organoak irizten baldin badu gasturen bat ezin zaiela egotzi diru-laguntzaren xedeari eta helburuari, diruz lagungarri ez den gastutzat hartzen ahalko du.
Gastu diruz lagungarrien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.
Inbertsio gastuak ez dira diruz lagungarriak. Berreskuratzen edo konpentsatzen ahal diren zeharkako zergak (hala nola, BEZa) eta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere ez dira diruz lagungarriak.
Entitate eskatzaileak aurkezten duen aurrekontuan diruz lagungarria ez den gasturen bat baldin badago edo gastuak neurriz kanpokoak badira nabarmen, kendu eginen dira, laguntzaren muga zehazteko orduan oinarri gisa hartuko den gastu diruz lagungarrien aurrekontua finkatzearren.
Gastu diruz lagungarrien gainean oinarri honetan zehazten ez den guztian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluan ezarritakoari jarraikiko zaio.
10.–Prozeduraren ebazpena eta publizitatea.
Eskaerak baloratu ondoren, instrukzio organoak aurkeztutako ebazpen proposamena ikusita, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak ebazpena emanen du diru-laguntzen gainean.
Ebazpena entitate interesdunei jakinaraziko zaie eta bertan adieraziko dira diru-laguntza emateko arrazoiak, hura jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta gainerako eskaerak ezesteko arrazoiak, halakorik bada. Diru-laguntza emanez gero, helburua, zenbatekoa, ordaintzeko modua eta diru-laguntza justifikatzeko modua eta epea zehaztuko dira.
Aurrekoa deusetan galarazi gabe, Nafarroako atariko web-orriko “Laguntzak eta bekak” atalean argitaratuko da (www.navarra.es). Argitalpen horretan, deialdia, programa, diru-laguntzak finantzatzeko aurrekontuko kreditua, entitate onuradunak, emandako zenbatekoa eta diru-laguntzaren helburua adieraziko dira.
Ebatzi eta jakinarazteko epea lau hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukaturik, interesdunek eskaera ezetsi dela ulertu beharko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.
11.–Bateragarritasuna.
Deialdi honetako laguntzak bateragarriak dira jarduera garatzeko lortzen ahal diren beste batzuekin, horiek beste administrazio publiko batzuetatik, beste erakunde publiko edo pribatu batzuetatik edo partikularretatik etorri, Espainiakoak edo nazioartekoak izan.
Hala ere, diru-zenbatekoak, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, edo diru-sarrera batzuekin baturik, ez du behin ere gaindituko entitate onuradunak garatu beharreko ikerketa proiektuaren kostua. Halakoetan, diruz lagundutako ikerketa proiektuaren kostuaren gaineko soberakina itzuli eginen da eta berandutze-interesa eskatuko da.
12.–Diru-laguntzaren ordainketa eta justifikazioa.
12.1. Egindako lanak justifikatu eta deskribatu ondoren ordainduko da laguntza, eta dokumentazioa 2017ko abenduaren 7a baino lehen aurkeztu beharko da.
12.2. Justifikazio ekonomikoak eginen dira diru-sarrerak eta gastuak frogatzeko kontu bat aurkeztuz, IV. eranskineko ereduaren araberakoa. Gastuen atalean dokumentuaren zenbakia, kontzeptua, jaulkitzailea, jaulki zeneko data, zenbatekoa (BEZarekin edo BEZik gabe, dagokiona) eta egiazki noiz pagatu zen azalduko dira; eta diru-sarreren atalean, jatorria eta zenbatekoa (BEZarekin edo BEZik gabe, dagokiona). Kontu horrekin batera, kasuan kasuko frogagiriak aurkeztuko dira, jatorrizkoak edo behar bezala konpultsatutako fotokopiak. Egiaztagiri gisa, kontratuak, nominak, kotizazio agiriak, banku-laburpenak, ordainagiriak eta fakturak onartuko dira bakarrik, eta horietan adierazi beharko dira jaulkitzailearen eta hartzailearen datuak, data, kontzeptua, prezioa eta ordaintzeko modua, maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, horren bidez onetsi baitzen fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua. Nolanahi ere, diru-laguntzaren azken likidazioa proiektuei benetan egozten zaizkien gastu eta sarreren araberakoa izanen da.
12.3. Justifikazio teknikoa egiteko, emaitzen txosten bat aurkeztuko da Nafarroako Gobernuaren eskabide orokorrarekin batera 2017ko abenduaren 7a baino lehen, haiek Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiko Memoria eta Bizikidetza Zerbitzuari zuzenduta. Txosten horrek diruz lagundutako ikerketa ildo bakoitza zenbateraino eta nola betetzen ari den azaltzen duten datuak jaso behar ditu, V. eranskineko ereduaren araberakoa izanen da eta eredu hori entitate interesdunen eskura egonen da Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiko Memoria eta Bizikidetza Zerbitzuan. Nahi izanez gero, entitate onuradunak bestelako agiriak aurkezten ahalko ditu, idatziak edo grafikoak, diruz lagundutako ekintzak ongi egin direla bermatzeko. Emaitzen txostenean nahiz entitate onuradunak bere borondatez aurkezten duen dokumentazioaren parte diren datuak, elementu grafikoak eta idazkiak erabiltzen ahalko ditu Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak txosten, memoria, informazio kanpaina eta bere eginkizunen ondoriozko edozein jardueratan.
13.–Entitate onuradunen betebeharrak.
a) Laguntza ematea eragin duten proiektua gauzatzea deialdi honetako oinarri arautzaile orokorren eta berariazkoen eta baldintza eta betebehar formal eta materialen arabera, eta dirua zer helburutarako eman zen, hartarako baino ez erabiltzea.
b) Berariazko oinarri arautzaileetan aipatzen diren frogagiriak aurkeztea.
c) Diru-laguntzaren jatorri publikoa adieraztea jardueren zabalkunde eta publizitate lan guztietan. Zabalkunde lan idatzizko eta grafikoetan Nafarroako Gobernuaren logotipoa agertu beharko da, diru-laguntza jasotzen duen entitatearenak duen tamaina berean eta ikusteko moduko baldintza beretan, eta Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraituz.
d) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelako organoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea.
e) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatutako eta/edo lortutako bestelako laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea diru-laguntza eman duen organoari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren frogatu baino lehen.
f) Entitatearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.
g) Diru-laguntza ordaindu baino lehen, entitate onuradunek gardentasunaren gainean ezarritako informazio betebehar eta xedapenak bete beharko dituzte, hain zuzen, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 4. eta 5. artikuluetan ezarritakoak. Horretarako, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen betebeharrei buruzko agiria bete beharko dute, VI. eranskinean dagoena. Foru dekretu honen 3. artikuluan eskatzen den informazioa aurkezteko betebeharra bete ezean, 7. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen dira.
h) Deialdi honetan eta aplikatzekoa den legedian ezarritako kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.
i) Oinarri arautzaile hauen ondoriozko edozein ekintzaren berri ematea eskabide orokorraren bidez.
j) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.
14.–Jarraipena.
12. oinarri arautzailean adierazten diren ordainketak egin aurretik, instrukzio organoak egokitzat jotzen dituen egiaztapenak eginen ditu, justifikatutako jarduerak behar bezala gauzatu diren, zer hedadura izan duten eta entitate onuradunak aurkeztutako gastuak onargarriak diren egiaztatzeko.
15.–Baldintzak aldatzea.
Entitate onuradunek, jasotzen dituzten bestelako diru-laguntza, laguntza edo diru-sarrera bateragarriez gain, diru-laguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko orduan kontuan hartutako baldintzetan gertatzen diren aldaketa guztien berri eman beharko diote Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiko Memoria eta Bizikidetza Zerbitzuari. Betiere, funtsezkoak diren aldaketak organo eskudunak baloratu eta onartu beharko ditu.
Salbuespen gisa, programa gauzatzea eragozten edo zailtzen duten gorabeherak agertuz gero, diru-laguntzak jasotzen dituzten entitateek zilegi izanen dute diru-laguntza jasotzen duen ikerketa proiektuaren edukia aldatzeko eskatzea, bai eta hura egiteko modua eta epeak ere.
Programa aldatzeko eskaeretan aldaketa edo zailtasun horren inguruko behar adina arrazoi eman beharko dira eta inguruabar horiek gertatu eta berehala adierazi beharko dira, betiere, diruz lagundutako jarduerak egiteko epea bukatu baino lehen.
Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan edozer aldatuz gero, administrazioak onartu ala ez, diru-laguntza emateko ebazpena aldatzen ahalko da, edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da.
16.–Dirua itzultzea.
Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, proiektua gauzatzen ez bada, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.
Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.
Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.
17.–Erantzukizuna eta zehapen araubidea.
Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzen entitate onuradunak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 43. artikuluan eta hurrengoetan ezarrita dagoen diru-laguntzen arloko arau-hauste administratiboentzako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.
Diru-laguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoari jarraikiz.
18.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen aurka bidezkoak diren errekurtso administratiboak.
Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedatutakoarekin bat.
19.–Aplikatu beharreko araudia.
Oinarri arautzaile hauetan ezarritakoaz gain, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.
I. ERANSKINA
II. ERANSKINA
Diru-laguntzen onuradun izateko ezarritako ezein debekutan ez egotearen adierazpena.
III. ERANSKINA
Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpen berariazkoa, eskatutako beste laguntza batzuei buruz.
IV. ERANSKINA
Diru-sarreren eta gastuen justifikazio-kontuaren eredua.
V. ERANSKINA
VI. ERANSKINA
Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena.
Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.
Iragarkiaren kodea: F1710881
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
