190. ALDIZKARIA - 2017ko urriaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

1707E/2017 EBAZPENA, irailaren 19koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen zuzendariak emana. Honen bidez, hamar egun balioduneko epea ezartzen da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko BFE/Medikuntza Intentsiboko albokoaren kategoriako izangaiek Tuterako Reina Sofía ospitalea lantoki/lan eremu gisa hautatzeko aukera dezaten, bai iraupen luzeko zerrendetan bai iraupen laburrekoetan.

Osasuneko kontseilariak martxoaren 23an emandako 347/E Foru Aginduaren bidez, aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak kudeatzeko arauak onetsi ziren, Osasun Departamentuari atxikitako erakunde autonomoetako zentro eta establezimenduetarako. Foru Aginduaren 19. artikulua kontrataziorako eremuen/aukeren hautaketari buruzkoa da. Gainera, haren I. eta II. eranskinetan lan eremuak eta aukerak biltzen dira, bai iraupen luzeko zerrendetarako bai iraupen laburrekoetarako, hurrenez hurrren.

Bestalde, Tuterako Reina Sofía ospitaleko Zainketa Intentsiboetako Unitatea abian jartzen ari da. Aipatu unitatea orain arte existitzen ez zenez, BFE/Medikuntza Intentsiboko albokoaren kategoriako zerrendan daudenek ezin izan zuten lan eremu hau hautatu.

Horregatik, beharrezkoa da pertsona hauek beren lantoki/lan eremua hautatzeko aukerak zabaltzea. Horrenbestez, egoki da epe bat irekitzea, aipatu zerrendan izena eman duten izangaiei kontrataziorako eremua/aukera handitzeko, eta, nahi badute, Tuterako Reina Sofía ospitalea aukera dezaten.

Irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren estatutuek ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Hamar egun balioduneko epea ezartzea, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko BFE/Medikuntza Intentsiboko albokoaren kategoriako izangaiek Tuterako Reina Sofía ospitalea lantoki/lan eremu gisa hautatzeko aukera izan dezaten, bai iraupen luzeko zerrendetan bai iraupen laburrekoetan.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honen kontra, ez baitu administrazio bidea amaitzen, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuko Osasuneko kontseilariari zuzendua, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57.1. eta 2.c) artikuluarekin bat eta Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko kontseilariaren apirilaren 19ko 82/2016 Foru Aginduaren bidez egindako eskuordetzarekin, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2017ko irailaren 19an.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen zuzendaria, Esteban Ruiz Álvarez.

Iragarkiaren kodea: F1710997