1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
931/2017 EBAZPENA, abuztuaren 1ekoa, Ingurune Naturalaren Zerbitzuko zuzendariak emana, Vianako udal-mugartean 18. iraganbideak eta 20. adarrak egiten duten tartean hondatu edo galdu diren mugarriak berritzeko eta haien inbentarioa egiteko lanei hasiera ematen diena.
Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Legearen laugarren xedapen gehigarriaren arabera, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak bere gain hartuko ditu Abelbideei buruzko abenduaren 15eko 19/1997 Foru Legeak Ekonomia eta Ogasun Departamentuari esleitutako ahalmen eta botereak. Beraz, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak ahalmen osoa du Vianako udal-mugartean 18. iraganbideak eta 20. adarrak egiten duten tartean mugarriak berritzeko eta haien inbentarioa egiteko lanak gauzatzeko.
19/1997 Legearen arabera, mugaketa “egintza administratibo bat da eta, horren bidez, abelbideen mugak zehazten dira, sailkapenaren egintzan ezarritakoaren arabera”, eta mugarriztatzea “prozedura administratibo bat da eta, horren bidez, abelbideen mugak zehaztu eta modu iraunkorrean seinalatzen dira tokian berean”.
Vianako udal-mugartean 18. iraganbideak eta 20. adarrak egiten duten tartean hondatu edo galdu diren mugarriak berritzeko eta haien inbentarioa egiteko lanak beharrezkoak dira horiek berreskuratzeko, eta haien xedea da abelbideei balioa ematea, eta eragin onuragarria dute lurralde antolamendurako eta landa eremuaren garapenerako.
Hondatu edo desagertutako mugarriak berrezartzearen helburua Nafarroako Gobernuak onetsitako mugaketa- eta mugarriztatze-akta duten abelbideak eguneratzea da, abelbidea zedarritzen duten mugarriei kokaleku zehatza emanez gaur egungo baliabideak erabiliz.
Administrazio prozesuaren tramiteak bete ondoren, lanaren jendaurreko epea barne, hogeita bost alegazio aurkeztu ziren eta horiei buruzko txostena egin da, eta halaxe jaso da espedientean.
Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak Ingurune Naturalaren Zerbitzuari esleitzen dio abelbideak babestu, lehengoratu eta kudeatzeko eskumena. Dekretu horrek arlo horretako eskudantziak ematen ditu.
Horrenbestez, Nafarroako Abelbideei buruzko abenduaren 15eko 19/1997 Foru Legean xedatutakoaren arabera, abelbideei dagokienez bakarrik eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 35.3 artikulua aplikatuz,
EBATZI DUT:
1. Vianako udal-mugartean 18. iraganbideak eta 20. adarrak egiten duten tartean hondatu edo galdu diren mugarriak berritzea eta haien inbentarioa egitea onestea, dagokion espedientean ageri den moduan.
2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Atalera igortzea.
3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute interesdunek hilabeteko epean, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua.
Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahalko dute aurretik Nafarroako Gobernuan, bi hilabeteko epean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien jurisdikzioan. Horrek ez du galaraziko errekerimendua egiteko aukera.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.
4. Erabaki hau interesdunei jakinaraztea: Vianako Udala eta alegazioak aurkeztu dituzten guztiak.
Iruñean, 2017ko uztailaren 27an.–Ingurune Naturalaren Zerbitzuko zuzendaria, Fermín Olabe Velasco.
Iragarkiaren kodea: F1710104