19. ALDIZKARIA - 2017ko urtarrilaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1483/2016 EBAZPENA, abenduaren 14koa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, 2016. urtean nazioartekotzeko jarduerak egiteko lanak Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganberari esleitzea formalizatzeko hitzarmena onesten duena, eta horretarako gastua baimentzen duena.

Nafarroako 2013-2016 Nazioarteko Planaren ardatzetako bat da enpresak nazioartera ateratzeko laguntzak ematea. Plan horretan, beste neurri batzuen artean, aurreikusten da nazioartera ateratako enpresen errolda egitea eta Estatu Batuetako nekazaritzako elikagaien merkatura hurbiltzeko programa garatzea.

Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera, apirilaren 10eko 17/2015 Foru Legearen 2. artikuluan xedatutakoaren arabera, zuzenbide publikoko korporazio bat da, nortasun juridikoaz gainera, bere helburuak lortzeko jardute-gaitasun osoa duena, eta Administrazio Publikoekin lankidetzan aritzeko aholku organo gisa eratua dago. Ganberaren helburua da merkataritzaren, industriaren eta zerbitzuen interes orokorrak ordezkatzea, sustatzea eta defendatzea, deusetan galarazi gabe interes pribatuak, horiek ere xede baititu. Ganberak sarbide zuzena du Espainiako ganberen sareak Estatu Batuetan dituen kontaktuekin, eta bitartekari ofizial gisa aritzeko aitorpena du; horri esker, intereseko destinoetan prospekzio lanetan ari diren merkataritza eta administrazio arloetako erakundeen arduradunengana iristeko aukera dago. Bestalde, Nafarroako Gobernuak ez du baliabide propiorik Nafarroako enpresa eta sektoreentzat garrantzitsuak diren destinoetan.

Ganberak gure herrialdeko bizitza ekonomikoarentzat funtsezko oinarrizko erakundeak direnez, hala ezarrita baitago Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialei buruzko apirilaren 1eko 4/2014 Lege Orokorraren zioen azalpenean, apirilaren 10eko 17/2015 Foru Legeak, 5. artikuluan, eginkizun publiko-administratiboak ematen dizkie. Horri esker, oso baliabide onak izan daitezke gure erkidegoaren ekonomia eta enpresa-sarea garatzen laguntzeko. Eginkizun horien artean kanpo merkataritza bultzatu, lagundu eta akuilatzeko jarduerak egitea dago.

Era berean, apirilaren 10eko 17/2015 Foru Legearen 7. artikuluaren bidez, Administrazioari ahalmena ematen zaio Ganberari esleitzeko bere eskumeneko jarduera material edo tekniko batzuk edo zerbitzu batzuk egitea, eraginkortasun arrazoiengatik edo jarduera horiek egiteko baliabide tekniko egokirik ez badu, betiere aurretik Parlamentuari jakinarazita. Kudeaketa-esleipen hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta Ganberaren arteko hitzarmen baten bidez gauzatuko da, zeina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko baita. Honako hauek agertuko dira hitzarmen horretan: esleipenaren xedeko jarduerak, esleipenaren indarraldia, esleitutako kudeaketaren izaera eta hedadura eta, hala badagokio, bi alderdiek jartzen dituzten bitarteko ekonomikoak.

Hori guztia ikusirik, eta kontuan harturik Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganberak duen izaera juridikoa eta esleiturik dituen eginkizun publiko administratiboak, eta, orobat, eraginkortasun arrazoiengatik eta baliabideak optimizatzeko asmoz, gomendagarria da, apirilaren 10eko 17/2015 Foru Legearen 7. artikuluan xedatutakoaren babesean, Ganberari esleitzea jarduera hauen kudeaketa: “Nazioartera ateratako enpresen errolda eta Estatu Batuetako nekazaritzako elikagaien merkatura hurbiltzeko programa”. Lan horiek 2016. urtean eginen dira, eta Administrazioari 42.000 euroko gastua eragiten diote.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 2016. urtean nazioartekotzeko jarduerak kudeatzeko lanak Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganberari esleitzea formalizatzen duen hitzarmena onestea. Hitzarmena ebazpen honen eranskinean jaso da.

2. Ebazpen honen ondoriozko konpromisoak betetzeko 42.000 euroko gastua baimentzea, 2016ko gastuen aurrekontuetako “Nazioarteko Plana” izeneko 810004 81410 2276 145106 kontu-sailaren kargura.

3. Ebazpen hau Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentura bidaltzea (Foru Erakundeekiko Prozeduren Kudeaketarako Atalera), Nafarroako Parlamentuari igorri diezaion, Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganberari buruzko apirilaren 10eko 17/2015 Legearen 7. artikuluan ezarritakoarekin bat.

4. Ebazpen hau eta esleipenaren hitzarmena, behin bi alderdiek sinatu ondoren, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2016ko abenduaren 14an.–Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

HITZARMENA, NAFARROAKO MERKATARITZA, INDUSTRIA ETA ZERBITZU GANBERA OFIZIALARI EGITEN ZAION KUDEAKETA-ESLEIPENA FORMALIZATZEN DUENA, NAZIOARTEKOTZEKO JARDUERAK EGIN DITZAN

Iruñean, 2016ko abenduaren 15ean.

BILDURIK:

1. Batetik, Izaskun Goñi Razquin andrea, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia.

Eta bestetik, Javier Taberna Jiménez jauna, Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera ordezkatuz, Ganberako lehendakaria baita.

Bildutakoek, nork bere ordezkaritza erabiliz, eta adostasunez,

ADIERAZTEN DUTE:

Lehena.–Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren Zuzendaritza Nagusiak, Nafarroako jarduera ekonomikoaren nazioartekotzea sustatzearen arloan dituen eskumenak erabiliz, nazioartera atera diren enpresen errolda bat behar du sektorearen egoera eta beharrak ezagutu ahal izateko. Era berean, Estatu Batuen nekazaritzako elikagaien merkatua hobeki ezagutu behar du.

Bigarrena.–Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera, apirilaren 10eko 17/2015 Foru Legearen 2. artikuluan xedatutakoaren arabera, zuzenbide publikoko korporazio bat da, nortasun juridikoaz gainera, bere helburuak lortzeko jardute-gaitasun osoa duena, eta administrazio publikoekin lankidetzan aritzeko aholku organo gisa eratua dago. Ganberaren helburua da merkataritzaren, industriaren eta zerbitzuen interes orokorrak ordezkatzea, sustatzea eta defendatzea, deusetan galarazi gabe interes pribatuak, horiek ere xede baititu.

Hirugarrena.–Ganberak gure herrialdeko bizitza ekonomikoarentzat funtsezko oinarrizko erakundeak direnez, hala ezarrita baitago Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialei buruzko apirilaren 1eko 4/2014 Lege Orokorraren zioen azalpenean, apirilaren 10eko 17/2015 Foru Legeak, 5. artikuluan, eginkizun publiko-administratiboak ematen dizkie. Horri esker, oso baliabide onak izan daitezke gure erkidegoaren ekonomia eta enpresa-sarea garatzen laguntzeko. Ganberak dituen eginkizun publiko eta administratiboen artean, zehazki, kanpo merkataritza bultzatu, lagundu eta akuilatzeko jarduerak egitea dago, eta, horretarako, Nafarroako produktu eta zerbitzuak kanpoan hedatzea eta esportazioak sustatuko ditu batez ere. Apirilaren 10eko 17/2015 Foru Legeak, gainera, Ganberari esleitzen dio Nafarroako Foru Komunitatean industria jardueretan eta zerbitzuetan aritzen diren enpresen errolda publiko bat prestatzea.

Laugarrena.–17/2015 Foru Lege horrek ahalmena ematen dio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari, Nafarroako Parlamentuari aurretik jakinarazita, bere eskumeneko lan material edo tekniko edo zerbitzu batzuk Ganberari esleitzeko, dela eraginkorrago aritzeko, dela lan horietarako baliabide tekniko egokirik ez edukitzeagatik.

Bosgarrena.–Kasu honetan, eraginkortasun arrazoiak daude tartean, eta, gainera, Administrazioak ez du baliabide tekniko egokirik. Hortaz, Ganberari esleitzea baliabide egokia da eskura dauden baliabideak eta informazioa optimizatzeko. Zehazkiago, aipagarria da Espainiako Merkataritza Ganberen sarea, mundu osoan barna eta, zehazki, Estatu Batuetan hedatua dagoena. Horri esker, helburu hauek betetzen ahalko dira:

1. Mundu osoan barna dauden Nafarroako enpresen unibertso eguneratua modu fidagarrian ezagutzea (enpresa esportatzaileak, inportatzaileak eta kanpoan ezarrita daudenak).

2. Nekazaritzako elikagaien sektoreko enpresa nafarrak prestatzea Estatu Batuetako merkatuaren beharrei eta eskakizunei aurre egiteko.

3. Nekazaritzako elikagaien sektoreko enpresei laguntzea Estatu Batuetako merkatuan sar daitezen.

4. Kontaktuak sortzea Estatu Batuetako erakunde eta enpresetan, Nafarroako enpresen sarbidea eta merkataritza-sarrera sustatzeko eta errazteko.

Klausulak

Lehendabizikoa.–Xedea.

Garapen Ekonomikorako Departamentuak honako jarduera hauek egitea esleitzen dio Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganberari:

1. Mundu osoan nazioartera atera diren Nafarroako enpresen errolda prestatzea (enpresa esportatzaileak, inportatzaileak eta kanpoan ezarritakoak). Ganberako eta ICEXeko datu baseetatik informazioa atera eta analizatzea, Nafarroako enpresen herrialdez herrialdeko ezarpena ezagutzeko. Eginkizun eta eskumen publiko hori 17/2015 Foru Legearen 5. artikuluan jasota dago. (“Enpresa guztien errolda publiko bat kudeatzea, bai eta bere mugapean enpresa horiek dituzten establezimendu, ordezkaritza eta agentziena ere”).

Horri esker, kanpo sektorearen egoera eta beharrak ezagutzen ahalko dira, eta nazioarteko merkatu eta sektore berariazkoei zuzendutako ekintza eta neurriak eta komunikazioa egokiago zuzenduko dira.

2. Nekazaritzako elikagaiek Estatu Batuetan sartzeko dituzten oztopoen analisia.

Nafarroako nekazaritzako elikagaien enpresei beren produktuak Estatu Batuetara esportatzeko ezartzen zaizkien errekerimendu nagusiak biltzen dituen gida bat prestatzea. Gida hori prestatzeko, Ganberak ganberen nazioarteko sarearen informazioa erabiliko du.

3. Enpresen sektoreari jakinaraztea nekazaritzako elikagaiak Estatu Batuetan saltzeko dauden arau mailako eskakizunak. Horretarako, bide hauek erabiliko dira:

–“Nekazaritzako elikagaiak Estatu Batuetan sartzeko gakoak” izeneko jardunaldia, ezagutarazteko Estatu Batuetako merkatuan sartzeko eta banatzeko dauden bideak, kontuan hartu beharreko araudia, etiketatzea, marken erregistroa, enpresen esperientziak...

–Prestakuntza ikastaroa, sektore hauetan trebatzeko: elikadura, gehigarri dietetikoak, paketegintza, osagaiak eta Estatu Batuetara esportatzen duten antzekoak.

Helburua da araudia ezagutaraztea, baita erregulazio agentzia nagusiek, konparazio batera Food and Drug Administration (FDA) delakoak, sartutako aldaketak ere. Eskatutako ziurtapena emateko (bete beharreko arauak, enpresaren barne-araudia, eta abar) gaur egun gaiturik dagoen hornitzaile bakarra Ganberak du. Prestakuntza hau merkataritza ganberetan baizik ez da ematen. Prestakuntza ekimen hau ganberen sareak gidatuko du.

4. Estatu Batuetako nekazaritzako elikagaien merkatuaren prospekzio bidaia bat prestatzeko behar diren aurretiazko kudeaketa lanak egitea. Bidaia hori eginen da ezagutzeko nekazaritzako elikagaien sektoreko enpresa nafarrek zenbaterainoko negozio aukerak dituzten. Zehazki, honako hauek eginen dira:

–Aurrez aurreko lan bilerak bi herrialdeetako merkataritza bulegoen sarearekin eta ganberetako bulegoekin, Nafarroako espezializazio adimentsuaren sektoreentzat interesgarriak diren gaiak lantzeko.

–Hornidura, produkzio eta merkaturatze kateko eragile nagusiak identifikatzea.

–Erakunde mailako harremanak eta harreman pertsonalak ezartzea Administrazioarekin, bitarteko erakundeekin, enpresaburuen elkarteekin, lobby sektorialekin eta sektoreko gako-enpresekin.

Kudeaketa-esleipen hau erabaki da Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganberari buruzko apirilaren 10eko 17/2015 Foru Legearen 7. artikuluan ezarritakoaren babesean.

Bigarrena.–Ganberaren betebeharrak.

Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera konprometitzen da esleipen honen xedeko jarduketak egitera Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak ematen dizkion jarraibideekin bat.

Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganberak kudeaketa-esleipen honen esparruan egiten dituen lanen emaitzen eta materialen jabetzari dagokionez, jabetza partekatua izanen da Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganberaren eta Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiaren artean.

Esleipenaren ondorioz sortzen diren euskarrietan Nafarroako Gobernuaren, Ganberaren eta Nafarroako Nazioarteko Planaren logoak agertu beharko dira.

Era berean, Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganberak 17/2015 Foru Legearen 38. artikuluan jasotako aurreikuspen guztiak bete beharko ditu, eta, zehazki, esleipen honi dagokionez, ezagutzera eman beharko du hemen aurreikusitako baliabide ekonomikoak jaso dituela.

Hirugarrena.–Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiaren betebeharrak.

1. Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusia konprometitzen da esleitutako lanak errazteko behar diren kudeaketak egitera eta behar den informazio guztia Ganberaren esku jartzera.

2. Era berean, konprometitzen da gehienez 42.000 euro ordaintzera lehenengo klausulan aipatutako jarduketak egiteko. Diru hori honela banatuko da:

–Nazioartera atera diren Nafarroako enpresen errolda prestatzea (enpresa esportatzaileak, inportatzaileak eta kanpoan ezarritakoak): 22.314,77 euro.

Nekazaritzako elikagaiek Estatu Batuetan sartzeko dituzten oztopoen analisia: 10.140,92 euro.

–Nekazaritzako elikagaiak Estatu Batuetan saltzeko dauden arau mailako eskakizunak jakitera emateko informazio jardunaldia eta prestakuntza ikastaroa antolatzea: 3.433,50 eta 2.317,00 euro, hurrenez hurren.

–Estatu Batuetako nekazaritzako elikagaien merkatua ezagutzeko prospekzio bidaia bat egitea: 2.959,00 euro.

Jarduketen aurrekontuen eta exekuzio gastuen artean %10eko aldea onartuko da.

3. Aurreko atalean zehaztutako diru kopuruak erabiliko dira Ganberak, esleitu zaizkion lanak egiteko, izaten dituen gastuak ordaintzeko, hitzarmen honi erantsitako aurrekontuan azaltzen denaren arabera.

4. Diru hori Ganberari ordainduko zaio bukaerako exekuzio memoria eta izandako gastuen egiaztagiriak aurkeztu ondoren, zehazki, honako hauek:

a) Gastuen eta ordainketen ziurtagiriak, Ganberako arduradun ekonomikoak eginak, non agertuko baitira egotzitako gastuen datuak eta benetan egindako ordainketak, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren Zuzendaritza Nagusiak konprometitutako gehieneko muga arte.

b) Langileria gastuak justifikatzeko, langileen nominak, Gizarte Segurantzako TC1 eta TC2 kotizazio agiriak (epe horri dagozkionak), PFEZaren atxikipenen eredua eta aipatutako gastuak ordaindu izanaren banku agiriak aurkeztu beharko dira.

c) Gainerako gastuak, gastu orokorrak eta bestelako gastuak justifikatzeko, gastu horien jatorrizko fakturak eta ordaindu izanaren banku agiriak aurkeztu beharko dira, baita gastuak hainbanatzeko erabilitako metodo zuzen eta justua azaltzeko memoria ere, hala badagokio.

d) Zeharkako gastuak xedeko lana gauzatzeari egozten ahal zaizkion kostu errealetan oinarrituko dira, oro har onartuta dauden kontabilitateko printzipio eta arauekin bat.”

e) Gastuen artean ezin da zeharkako zergarik sartu, berreskuratu edo konpentsatzeko modukoak badira, ez eta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere. Balio erantsiaren gaineko zergari dagokionez, gastu gisa egozteko baldintzak betetzen dituenean, 390 eredua aurkeztu beharko da, hots: “Balio erantsiaren gaineko zergaren urteko laburpena-aitorpena”.

Laugarrena.–Jarraipen Batzordea.

Esleipen hau egoki gauzatzen dela begiratzeko, jarraipen batzorde bat eratzen da. Batzorde horretako burua Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da, edo horren eskuordetza hartzen duen pertsona, eta bi batzordekide hauek ere arituko dira: Bata zuzendaritza nagusi horrek izendatua, eta bestea Ganberak izendatua.

Batzordeko buruak boto erabakitzailea izanen du. Zuzendaritza nagusi horrek izendatuko du batzordeko idazkaria, zeinak hizpidea izanen baitu baina botorik ez.

Batzordearen funtzionamenduari dagokionez, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen Atariko Tituluaren II. kapituluan, 3. atalean administrazio publikoetako kide anitzeko organoei buruz xedatutakoari jarraikiko zaio, eta, halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen III. tituluko III. kapituluan xedatutakoari.

Bosgarrena.–Auziak ebaztea.

Alderdien artean sortzen diren eztabaida eta auzien gainean Jarraipen Batzordean adostasunik lortzen ez bada, Garapen Ekonomikorako kontseilariak ebatziko ditu, eta, hala badagokio, administrazioarekiko auzien gaineko jurisdikzio-ordenari jakinaraziko zaizkio eta haren eskumenean geldituko dira, jurisdikzio hori arautzen duen uztailaren 13ko 29/1988 Legean xedatutakoari jarraikiz.

Seigarrena.–Iraupena.

Kudeaketa-esleipen honek sinatzearekin batera hartuko du indarra, 2016ko abenduaren 31 arte.

Esleitzen diren jarduerak nola garatzen diren, epe hori luzatzen ahalko da, Jarraipen Batzordeak proposatuz gero eta bi alderdiek berariaz hala erabakita.

Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia

Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganberako lehendakaria

Izaskun Goñi Razquin

Francisco Javier Taberna Jiménez

Iragarkiaren kodea: F1614591