19. ALDIZKARIA - 2017ko urtarrilaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2016ko abenduaren 21ean hartua. Honen bidez “Iruñeko Xabier kaleko 4 zenbakiko eraikinetik oztopo arkitektonikoak kentzeko plan berezia” izeneko proiektuko lanek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adierazten da, nahitaez desjabetzeko. Proiektua Iruñeko Udalak sustatu du.

Iruñeko Xabier kaleko 4 zenbakiko eraikinaren jabeen elkarteko buruak eskaturik, Iruñeko Udalaren Tokiko Gobernu Batzarrak 2014ko apirilaren 30ean hartutako erabakiaren bidez, hasiera batean onetsi zen “Iruñeko Xabier kaleko 4 zenbakiko eraikinetik oztopo arkitektonikoak kentzeko plan berezia”, haren helburua izanik igogailu bat aipatu higiezinean instalatzea.

Osoko bilkuran 2015eko urriaren 1ean hartutako erabakiaren bidez, behin betiko onetsi zen Iruñeko Xabier kaleko 4 zenbakiko eraikinetik oztopo arkitektonikoak kentzeko plan berezia.

Osoko bilkuran 2016ko maiatzaren 5ean hartutako erabakiaren bidez, hasiera batez onetsi zen oztopo arkitektonikoak kentzeko desjabetzeak ukitutako titularren, ondasunen eta eskubideen zerrenda, Iruñeko Xabier kaleko 4. zenbakiko eraikinetik oztopo arkitektonikoak kentzeko plan bereziari jarraituz.

Jendaurreko epea iraganik eta planteatu ziren alegazioak ebatzirik, Iruñeko Udalak 2016ko azaroaren 3ko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, behin betiko onetsi zen aipatu plan bereziak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, eta Nahitaezko Desbajetzeari buruzko Legeak eskatzen dituen argitalpenak egin ziren.

Nafarroan Etxebizitzarako Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 55. artikuluak babesten du Nafarroako udalek desjabetze espediente bat sustatu ahal izatea jabeen elkarte baten onurarako, betiere haren helburua baldin bada irisgarritasun unibertsala bermatzeko instalazioak paratzea (kasu honetan igogailu bat) batez ere bizitegitarako erabiltzen diren eraikuntzetan.

Iruñeko Udalak aurkeztutako espedientean Iruñeko Etxebizitzak Zaharberritzeko Bulegoaren txosten bat dago, non justifikatzen den desjabetzearen xedeko ondasunen okupazioa presakoa dela.

Horrenbestez, Iruñeko Udalak eskatuta, dagokion txostena ikusita eta balio justua pagatzeko behar adina kreditu dagoela egiaztatuta, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan xedatuarekin bat eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluaren bidez aitortu zaizkion eskumenen arabera, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposatuta,

ERABAKI DU:

1. “Iruñeko Xabier kaleko 4 zenbakian dagoen eraikinetik oztopo arkitektonikoak kentzeko plan berezia” izeneko proiektuko lanek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adieraztea, nahitaez desjabetzeko. Proiektua Iruñeko Udalak sustatu du.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, argitalpenaren egunetik ondorioak izateko, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela, eta haren aurka, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan aurkaratzen ahal dela, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aldez aurretik errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Erabaki hau Iruñeko Udalari jakinaraztea.

Iruñean, 2016ko abenduaren 21ean.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde, Nafarroako Gobernuko idazkariaren ordez.

Iragarkiaren kodea: F1614676