19. ALDIZKARIA - 2017ko urtarrilaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZANGOZA

Aldaketa, Animaliak eduki eta babestea arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena

Zangozako Udalak, 2016ko abuztuaren 30ean egin osoko bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zuen aldaketa Animaliak edukitzea eta babestea arautzen duen udal ordenantzan.

Espedientea jendaurrean edukirik Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean xedatuari jarraikiz, epe horretan inork ez du alegaziorik batere aurkeztu; beraz, ordenantzaren testu aldatua behin betikoz onetsirik gelditu da eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean emanen da argitara.

Zangozan, 2016ko abenduaren 22an.–Alkatea, Ángel Navallas Echarte.

UDAL ORDENANTZA, ANIMALIAK EDUKI ETA BABESTEA ARAUTZEN DUENA

I. KAPITULUA

Ordenantzaren esparrua eta xedea

1. artikulua. Osasungintza eta segurtasun aldetik behar diren baldintzak ezartzea da ordenantza honen xedea, herritarrek, animaliekin batera bizitzean, bizi kalitate egokia izan dezaten. Horrez gain, Zangozako udal mugapearen barnean animalien behar bezalako babesa bermatu eta animaliekin ikusteko duten industria, merkataritza edo zerbitzu jarduerak arautu nahi dira, Udalaren eskumen eta beharkizunen esparruaren barnean.

2. artikulua. Aplikazio eremua Zangozako udal mugapera mugatuko da.

3. artikulua. Animalien edukitzaileak, jabeak edo haien zainketako arduradunak, haien saltokiak, lagun egiteko animaliak aldi batean altxatzeko establezimenduak, animalien babes eta defentsarako elkarteak eta abeltzaintzako ustiategiak, denak beharturik daude ordenantza honetan xedatzen dena betetzera eta, horren ezean, Animaliak babesteari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Legean ezarritakoa betetzera, baita udal agintaritzarekin lankidetzan aritzera ere, beraiekin harremana duten animalien datu eta aurretiko zehatzak eskuratzeko.

Era berean, betekizun berberak izanen dituzte hirilur nahiz landalurreko finketako atezain, etxezain, zaindari edo arduradunek, zerbitzu egiten duten toki horretako animaliei dagokienez, betiere nork bere lan kontratuaren arabera dituen mugetan.

4. artikulua. Arau hauetako edozein bete ezean, zehapena ezarriko da eta, hala behar bada, animaliak kenduko eta/edo jarduera hein batean nahiz erabat itxiko.

II. KAPITULUA

Definizioak

5. artikulua. 1. Lagun egiteko etxeko animalia: irabazi asmorik gabe, atsegin eman eta lagun egiten diolako gizakiak bereziki etxean zaintzen duen animalia.

2. Lagun egiteko basa animalia: irabazi asmorik gabe, atsegin eman eta lagun egiten diolako gizonak, bereziki etxean, zaintzen duen animalia, baldin eta hura hemengo edo kanpoko faunakoa bada eta giza ingurura egokitzeko aldi bat iragan behar izan badu.

3. Ustiatzeko edo errentan emateko etxeko animalia: giza-ingurura egokitua izanik, gizonak irabazi asmoarekin zaintzen duena, betiere inguruko gizon-emakumeentzat arriskutsua izan gabe.

4. Animalia abandonatua: ez jabe ez helbide ezagunik ez duen animalia, jatorriaren edo jabearen identifikagarririk ez duena, eta bere jabetza froga dezakeen jende lagunik ez duena.

III. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

6. artikulua. Udal mugapean animaliak izateko beharrezkoa da osasungintza aldetik arriskurik ez eragitea, animaliak berak arriskutsuak ez gertatzea, hirugarrenei trabarik ez egitea, egokiro edukitzea eta edukitzeko egoki diren higiene-baldintzak betetzea.

7. artikulua. Animaliekin ikusteko duten jardueretarako Udalaren aginduzko baimen edo lizentzia beharko da, eta jarraipena izateko, ordenantza honetan eskatzen diren baldintzak bete beharko dituzte betiere, eta aipatua ez ezik, geroan nahitaezkotzat jo daitezkeen zuzenketak aplikatu ere egin beharko dituzte, muntadurek eta beren hartan egiten diren jarduerek kalterik ez dutela eragiten bermatzearren.

Alderdi horiek kontrolatu ahal izateko, Udalaren zerbitzu tekniko eskudunek ikuskatuko dituzte aipatu jarduerak.

8. artikulua. Animalia guztien jabeek uneoro bete beharko dute gaitz zoonosiko eta epizootikoei aurrea hartzeari eta desagerrarazteari buruz indarra duen araudia. Epizootiak deklaratzen badira, aurrea hartzeari buruz agintari eskudunek ematen dituzten xedapenak bete beharko dituzte.

Albaitariek eta albaitaritza-klinikek, beren lanean dihardutela, zoonosi gune edo kasuen berri badute, Udalaren osasun zerbitzuei jakinarazi beharko diete berehala, Nafarroako Gobernuan dagokion departamentuarekin bete behar diren osasun beharkizunak deusetan galarazi gabe.

IV. KAPITULUA

Lagun egiteko animalien gaineko arau orokorrak

9. artikulua. 1. Animalia abandonatua da jatorriaren edo jabearen identifikagarririk ez duena eta inorekin ez doana. Horrelako kasuetan, Udalak animalia bere gain hartu eta atxiki beharko du, harik eta dagokionak hartu, norbaiti utzi edo heriotza ematen zaion arte.

2. Bi eguneko epea egonen da identifikaziorik gabeko animaliak berreskuratzeko.

3. Animaliak identifikagarririk badu, jabeari gaztigatuko zaio eta horrek, une horretatik goiti, hiru eguneko epea izanen du berreskuratzeko, aldez aurretik ordaintzen baditu haren mantenuaren gastuak. Epe hori jabeak berreskuratu gabe iraganda, animalia abandonatutzat joko da eta horrek animaliaren jabeari erantzukizunak eskatzeko parada emanen du.

10. artikulua. Animalien jabe edo edukitzaile izaten segitu nahi ez dutenek debeku dute udalerriaren barreneko edozein lekutan haiek abandonatzea, bai toki irekietan, bai finka edo lokal itxietan, abandonatzen badituzte dagokien zehapen espedientea irekitzen ahal delako.

11. artikulua. Animaliek pertsonei nahiz ondasunei arazorik ez eragiteko:

1. Animalia deslai edo abandonaturik ikusiz gero, herritarrek Udalaren osasun zerbitzuei horren gaztigu egin beharko diete. Animaliak halako moduan egon ez daitezen, debekaturik dago jaten ematea kasu guztietan eta edozein tokitan, dela etxebizitzen patioan, dela teilatuan, etab.

2. Debeku da, inolako salbuespenik gabe, bide eta gune libre publikoetan edota pribatu baina jendea ibili ohi denetan, basa espezietako animaliarik ibiltzea, etxekoturik egonagatik ere.

12. artikulua. 1. Udalerriek lagun egiteko animaliak dekomisa ditzakete tratu txar edo tortura zantzurik bada, unadura edo desnutrizio aztarnarik badute edo muntadura desegokietan badira.

2. Halaber, osasun arloko eskumenak dituzten administrazio publikoek lagun egiteko animalien isolamendua edo dekomisoa agintzen ahal dute, gizonarentzat kutsagarri den eritasuna diagnostikatuz gero, bai sendabide egokia emateko, bai heriotza emateko, horren beharrik bada.

3. Jendeari edo beste animalia batzuei lesioak eragin dizkieten animaliak, baita amorrua dutelako susmagarriak direnak ere, albaitariaren kontrolpean egonen dira hamalau egunean. Behaketan egon beharreko denbora hori Udalak esaten duen zentroan eginen da.

4. Jabeak eskatzen badu eta albaitari zerbitzuek adostasun txostena emanez gero, zakur erasotzaile baten behaketa jabearen etxean egin daiteke, betiere animaliak agiri egokiak baditu, eta kasuan kasuko urteko txertoa eta identifikazioa jasota badago.

5. Udalak animaliak hartzeko zentrorik ez badu, behaketa jabearen etxean eginen du behar den administrazio publikoak izendaturiko albaitari batek.

6. Jabeek ordainduko dituzte aipatu animaliak atxiki eta kontrolatzeak sorrarazten dituen gastuak.

13. artikulua. 1. Debeku da animalia hilik leku agerietan, ibaibideetan eta gainerako gune publiko edo pribatuetan uztea, baita haiek ehorztea ere.

2. Animalia hilak gainetik kendu nahi dituenak udal mugapearen barnean ezarritako zerbitzuen bitartez eginen du.

3. Animalia hilen deuseztapenak ez ditu jabeak salbuesten animaliaren heriotzaren eta horren arrazoien berri emateko betebeharretik, ordenantza honek edo bertze ordenantza eta erregelamenduek horrela ezartzen badute.

14. artikulua. 1. Pertsonen garraio kolektiboan diharduten zerbitzu publikoko ibilgailuetan, bidaiariek debeku dute berekin inolako animaliarik eramatea, non eta ibilgailuan ez dagoen horrelakorik garraiatzeko leku berezirik. Debeku honen barrenean ez dira sartzen ikusmen urriko pertsonak laguntzeko gida-zakurrak.

Animaliak ibilgailu pribatuetan garraiatzeko, kontuan hartu beharko da beren mugimenduekin ez dezaten txoferra distraitu, ez eta gidatu edo ikusteko ahalmena kendu ere, eta bete beharko dira arlo horri doakionean Zirkulazioari buruzko Erregelamendu Orokorrak ezartzen dituen baldintzak.

2. Animaliek, beren etologia eta espeziearen arabera, behar adina leku izan beharko dute batetik bertzera garraiatzeko. Animaliak garraiatzeko ibilgailuek eta enbalajeek haiek eguralditik eta hozbero aldaketa handietatik babesteko modukoak izan beharko dute, eta enbalaje horietan paratu beharko da barrenean animalia bizidunak eramaten direla. Animalia zutik egoteko eta jarreraz aldatzeko adinako neurriak izan beharko dituzte. Animaliak erasokorrak badira, garraiorako behar diren segurtasun neurriak hartuko dira.

3. Garraioan eta egonaldietan, egoki edatera eta jatera emanen zaie animaliei, behar bezain maiz.

4. Animaliekiko zamalanak behar bezala eginen dira.

15. artikulua. Espresuki debekaturik dago animaliarik sartu eta egotea elikagaiak fabrikatu, erabili eta biltegiratzeko lokaletan, eta horiek garraiatzeko ibilgailuetan.

Mota guztietako establezimendu publiko edo ostalaritzakoen jabeek, hala nola hotel, apopilo-etxe, jatetxe, ostatu, kafetegi eta gisakoak dituztenek, beren nahierara, uzten ahalko dute zakurrak beren establezimenduetan sartu eta egon daitezen, baina kasu horretan egoitzaren sarreran seinalea paratu beharko dute denek ikusteko maneran. Baimenduta ere, sartu eta egon ahal izateko, erregelamenduaren arabera identifikaturik eta behar bezalako osasun baldintzetan egon daitezen eskatuko da, baita beren muturrekoa emanik eta uhalez edo kateaz loturik egon daitezen ere. Ikusmen urriko pertsonak laguntzeko gida zakurrek betiere izanen dute sarrera baimendua.

16. artikulua. Ez dago baimendurik animaliak sartzea ikuskizun publikoetako lokaletara, kultur eta kirol arlokoetara, ez eta erabilera publikoko igerilekuetara ere.

Orobat, debeku da animalia erietxeetara edo anbulatorioetara eta ikastetxeetara sartzea.

Artikulu honetan ezarritako debekuetatik salbuetsirik daude ikusmen urriko pertsonak laguntzeko gida zakurrak.

17. artikulua. Jendeari ostatu ematen dioten etxeetan eta elikadura arlokoak ez diren establezimenduetan, jabeen esku gelditzen da animalien sarrera eta egonaldia debekatzea, tokiaren maila edo kategoria kontuan hartu gabe, baina kasu horretan egoitzaren sarreran ikusteko moduko seinalea paratu beharko dute.

Nolanahi ere, debeku horrek ez du indarrik ikusmen urriko pertsonak laguntzeko gida-zakurrentzat.

18. artikulua. Etxeetako igogailuetan animaliekin batera sartu nahi denean, beste erabiltzaileak bertan ez daudela erabiliko dira, beroriek horrela eskatuz gero. Dena dela, nor iristen den lehenago, hark izanen du erabiltzeko lehentasuna.

Jabe edo edukitzaileak beharturik daude beren animalien gorotzak edo haiek eragiten dituzten zikinkeriak galaraztera edo, bertzenaz, biltzera eta garbitzera, bai higiezinetako alderdi eta elementu komunetan bai udalerriko hiriguneko eremu eta espazio publikoetan (galtzadak, espaloiak, lorategiak, pasealekuak eta abar).

19. artikulua. Lagun egiteko animaliaren batek norbaiti ausiki eginez gero, horrek gertatuaren berri emanen die Udalaren osasun zerbitzuei, eta horrekin batera medikuaren partea aurkeztuko. Udalaren teknikari eskudunek erabakiko dute animalia ausikigilearekin egin beharreko osasun kontrola.

Osasun zentroek eta sendagileek Udalaren zerbitzuak jakitun egin behar dituzte, baldin eta laguntza medikoa edo kirurgikoa ematen badiote norbaiti animaliaren batek hozka egin diolako.

V. KAPITULUA

Zakurren gaineko arau berariazkoak

20. artikulua. Zangozako mugapean, zakurren zentsua prestatu eta kudeatzea Udalaren eginkizuna da. Udalerrian bizi diren zakurren jabe edo edukitzaileak beharturik daude haiek identifikatzera lau hilabete egitean, une horretan legeriak ezarria dukeen prozeduraren bidez. Udal zerbitzuek edo albaitaritza-klinikek edo profesional partikularrek egiten ahalko dute identifikazio lan hori. Azken bi kasu horietan, egindako identifikazioen berri eman beharko diete Udalaren osasun zerbitzuei, gehienez ere zortzi eguneko epearen barrenean, zentsua eguneratu ahal izateko.

Identifikazioa egindakoan, zakurraren eramaileari emanen zaio animaliaren identifikaziorako osasun agiria.

21. artikulua. Xede berarekin –zakurren zentsua eguneratzea– zakurren jabeak edo edukitzaileak beharturik daude Udalaren osasun zerbitzuari, hamar eguneko epean, honako hauen berri ematera:

a) Bajak, heriotza edo desagertzea dela medio.

b) Beste udalerriren batean identifikatutako zakurrak eskuratu direla.

c) Zakurren jabetzari dagokionez gertatutako aldaketak.

d) Jabeen helbide aldaketak.

22. artikulua. Udalerrian bizi diren zakurren jabe edo edukitzaileak beharturik daude animaliei amorruaren kontrako txertoa ematen hastera lau hilabete betetzen dituztenetik, eta hortik aitzina ezarrita dagoen txertaketa egutegiarekin segitzera.

Txertaketa horiek animaliaren identifikaziorako osasun agirian agertu beharko dute, eta horretaz jabea edo edukitzailea bera arduratuko da.

Udal zerbitzuek nahiz albaitaritza-klinikek edo profesional partikularrek egiten ahalko dute txertatze lan hori. Azken kasu horietan, egindako txertaketen berri eman beharko diete Udalaren osasun zerbitzuei, gehienez ere zortzi eguneko epearen barrenean.

23. artikulua. Zakur batek ausikirik inori egiten badio, horrek gertatutakoa jakinaraziko die Udalaren osasun zerbitzuei, eta horrekin batera medikuaren gaztigu-orria aurkeztuko.

Hozka egiten duen zakurraren jabe edo edukitzailea beharturik dago animaliaren datuak ematera erasotua gertatu denari edo haren legezko ordezkariei, bai eta, eskatzen badizkiote, agintari eskudunei ere. Horretaz gain, beharturik dago animalia bere ohiko aterpean edukitzera, espresuki debekaturik baitago bertze inora eramatea edo hiltzea.

Animalia osasun aldetik aztertu eta begiratuko dute, legeriak ezarrita daukan denboran, eta, bidezkoa bada, nahitaezko txertoa jarriko diote.

Orobat, zakur baten jabe edo edukitzaileak uste badu bere zakurrak badituela amorru zantzuak, edo arrazoi horregatik animalia hiltzen bada, Udalaren osasun zerbitzuei jakinaraziko die, osasun aldetik egin beharrekoak egin daitezen.

24. artikulua. Udal mugapean, behar bezala identifikaturik eta txertaturik dauden zakurrak baizik ez dira ibiltzen ahal. Leku hauetan ibiliz gero haien erantzuleek eraman beharko dituzte beti, eta kateaz edo uhalez loturik joan:

–Higiezinetako sarbide eta alderdi komunetan barna (atariak, eskailerak, igogailuak, eskailera-buruak eta abar).

–Udalerriko hiriguneko eremu publikoan barna (karrikak, espaloiak, pasealekuak eta abar).

–Hirigunetik kanpora, 1.000 metro linealeko inguruan, mugatik hasita. Distantzia horretatik harata, jabeak betiere bete beharko ditu ingurumenaren eta ehizaren arloan aldi bakoitzean indarra duten arauak. Gainera, animaliaren presentziak ez die inola ere hirugarren pertsonei traba egiten ahalko.

Ez dira inola ere hiriguneko berdegune edo lorategietan barna ibiltzen ahalko, ez uhalez loturik ezta lotu gabe ere.

Gainera, ondoko 31. artikuluan xedatzen denari jarraikiz “arriskutsuak izan daitezkeenen” sailean sartzen diren animaliek muturrekoa eraman beharko dute nahitaez, udal mugapean edozein tokitan izanda ere.

Agintaritzako agenteek zehapena paratuko dute zakurrak aipatu baldintzak bete gabe ibiliz gero, eta Udalaren osasun zerbitzuek agindua emanen dute, pertsona arduradunik gabe dabiltzan zakurrak harrapatu eta eraman ditzaten.

25. artikulua. Aurreko artikuluan ezarritakoa betez harrapatzen diren zakur guztiak identifikaturik ote dauden egiaztatuko da.

Identifikazioa jakindakoan, animaliaren jabeari jakinaraziko zaio.

Identifikaziorik ez duten zakurrak eta ezarritako epean jabeak biltzen ez dituenak edo, formalki adierazita, berreskuratu nahi ez dituenak, Zakurtegiaren esku geldituko dira.

26. artikulua. Zakurtegiaren esku gelditzen diren zakurrek bete beharko dituzte altxatokiaren funtzionamendu egokirako legez ezarrita dauden arau eta xedapenak.

27. artikulua. Zakurrekin dabiltzan pertsonek galarazi behar dute zakurrek kaka egin dezaten espaloi, galtzada, parterre, berdegune eta eremu publikoko nahiz erabilera publikoa duen eremu pribatuko bertze edozein elementuren gainean. Galarazten ahal ez badu, zakurraren eramailea beharturik egonen da aitzineko lerroaldean zehazten diren lekuetan egindako gorotza jaso eta, behar bezala bildurik, hondakin organikoetarako eremu publikoan dauden edukiontzietan uztera, eta zikindutakoa garbitzeaz ere arduratu beharko du. Ez dira inola ere paperontzietara botako.

Aitzineko paragrafoan deskribaturiko betebeharrak orobat aplikatuko dira “zakurren aisialdirako eremutako” paraturiko aldeetan.

Aurrekoa betetzen ez bada, agintaritzako agenteek arau-hausleak salatuko dituzte eta behar den zehapen espedientea irekiko zaie.

28. artikulua. Debeku da etxebizitzetako komunitateko patioetan eta etxeetako terraza edo jabetza komuneko bertzelako lekuetan zakurrak egotea.

Halaberean, debeku da balkoiak, terrazak, etab. erabiltzea, etxebizitza pribatukoak direnean ere, baldin eta gorotz eta hondakinen bidez bertatik kutsatu edo zikintzen badira azpiko etxebizitzak edo bide publikoa.

29. artikulua. Ikusmen urriko pertsonen “gida-zakurtzat” hartuko dira, Itsuen Erakunde Nazionalak aitorturiko zentro nazional edo atzerrikoetan, ikusmen urriko pertsonei lagun egin, eta haiek gidatu eta laguntzeko irakatsiak izan direla egiaztatzen direnak.

Gida-zakurrek, ikusmen urriko pertsonei lagun egiten joaten direnean, agerian eraman beharko dute zer diren adierazteko ofizialki ezarrita dagoen seinale berezia.

Gida-zakurra bere lana egiteko ezgauzatzat hartuko da eri dagoela ikusten bada, oldarkor ageri bada, behar bezain garbi ez badago eta, oro har, pertsonentzat arriskutsu izan daitekeela uste bada.

Ikusmen urriko pertsona bera arduratuko da animalia behar bezala porta dadin, eta berarekin eramanen du gida zakurraren osasun egoera ona dela egiaztatzen duen agiria.

Ordenantza honek ematen dion eskubideaz baliatuz, gida-zakurra norabait sartzeagatik, ikusmen urriko pertsonak ez du gastu gehigarririk ordaindu beharko, non eta gastu hori ez den dirutan neur daitekeen zerbitzu bereziren bat emateari dagokiona.

30. artikulua. Edozein motatako finka edo lokaletan, zaindari lanetan zakurrik baldin bada, ikusteko moduko lekuan ongi seinalaturik adierazi beharko da. Betiere, beren jabeak erantzule direla, jendeari edo gauzei kalterik eginen ez dieten lekuetan egonen dira.

Zakur horiek idorperik ez badute, etxola edo aterpe egokia beharko dute, eguraldi txarra denean babeslekua izan dezaten.

Ez dira beti lotuak egonen, eta, hala daudenean, lokarriak ez die galaraziko mugitu ahal izatea.

VI. KAPITULUA

Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak

31. artikulua. Definizioa. Arriskutsuak izan daitezkeen animaliatzat hartzen dira, 50/1999 Legean aipatzen direnez gain, ondotik zehazten diren hauek:

1. Izatez basa direnetakoa izanik, etxeko gisa erabiliz, edo lagun egiteko, pertsonei nahiz beste animalia batzuei lesioak eragin edo heriotza eman diezaiekeen espezie edo arrazatakoa dena, eta ondasunei kalte egin ahal diena, erasokorra izan ala ez.

2. Honako arraza hauetako zakurrak: american staffordshire terrier, pitbull terrier, staffordshire bull terrier, Mallorcako hozkaria, Kanarietako hozkaria, fila brasileiro, mastin napoliarra, dogo argentinarra, rottweiler, bullmastiff, dobermann eta tosa japoniarra. Horietaz gain, oro har, arraza horien ondorengoak izanik, haien ezaugarri etnikoak dituztenak.

3. Edozein espezietakoa izanik, eraso eta defentsarako berariaz erakutsi edo hezia izan den animalia.

4. Edozein espezietakoa izanik, behin bederen pertsonaren bati eraso egin diona.

32. artikulua. Animalia arriskutsu bat edukitzeko lizentzia pertsonala.

1. Ordenantza honetan oinarriturik, arriskutsuak izan daitezkeenen artean sartzen den animalia baten jabe edo edukitzaileak lizentzia berezi bat izan beharko du. Animalia eskuratu baino lehen eskatu beharko da lizentzia, aurreko artikuluaren 1., 2. eta 3. ataletako kasuetan, eta 4. ataleko kasuan, berriz, 5 eguneko epearen barrenean, animaliak pertsonaren bati eraso egin dionetik hasita.

2. Lizentzia eskuratzeko, honako baldintza hauek beharko dira:

a) Adinez nagusi izatea eta ez egotea ezindurik animalia behar bezala zaintzeko.

b) Ez izatea inoiz kondenatua honako delitu hauetakoren batengatik: homizidioa, lesioak, torturak, askatasunaren edo osotasun moralaren aurkakoak, sexu-askatasunaren eta osasun publikoaren aurkakoak, lotura talde armatu batekin edo droga salerosketarekin. Ildo beretik, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko araudiaren aurkako arau-haustea egiteagatik zehatua ez izatea.

c) Gaitasun psikologikoaren agiria, udal agintariek aintzat jotzen duten erakunde ofizial batek luzatua.

d) Egiaztatzea erantzukizun zibileko aseguru bat egin izana, animaliek hirugarrenei egiten ahal dizkieten kalteengatik, bederen urtebeteko iraupena eta gutxienez 30 milioi pezetako zenbatekoa duena.

e) Kasuan kasuko ordenantzetan onartzen den udal tasa ordaintzea.

3. Lizentzia eskatzera beharturik daude arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabe edo edukitzaileak, baldin eta Zangozan bizi badira edo animaliak salerosi nahiz trebatzeko jarduera Zangozan egiten bada. Era berean, lizentzia hau eskatu beharko dute animalia arriskutsuen jabe edo edukitzaileek, animaliak hiru hilabetez bederen Zangozan egon behar badu. Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabe edo edukitzaileek betebehar hori izatea alde batera utzirik, edozein herritarrek komunikatzen ahalko dio Zangozako Udalari mota honetako animaliak dituzten pertsonak badirela, Zangozako Udalak legeen arabera bidezkoak diren urratsak eman ditzan.

4. Lizentziak 4 urteko indarraldia izanen du, eta indarrik gal ez dezan, eskuratzeko eskatu ziren baldintzei eutsi beharko zaie. Hala ere, Zangozako Udalak egiaztatzen ahalko du, ofizioz edo salaketaren ondorioz, arriskutsua izan daitekeen animaliaren jabe edo edukitzaileak eusten ote dien lizentzia eskuratzeko betebeharrei, eta, ikuskapena egin ondotik, egiaztatzen bada arriskutsua izan daitekeen animaliaren jabe edo edukitzaileak ez duela betetzen baldintzetakoren bat, animalia edukitzeko lizentziarik ez duela erabakiko da eta hasiera emanen zaie behar diren legezko ekintzei.

33. artikulua. Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabe, hazle eta edukitzaileen betebeharrak.

Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabe, hazle eta edukitzaileek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Arriskutsua izan daitekeen animalia edukitzeko lizentzia eskuratzea, ordenantza honetan zehazten den epean.

b) Lizentzia eskuratzeko ordenantza honen 45. artikuluko 2. atalean aipatzen diren baldintzei eustea eta haiek galdu direla komunikatzea.

c) Erregistroan sartzea arriskutsuak izan daitezkeen beren animalia guztiak, ordenantza honetan ezartzen den epearen barrenean.

d) Udalari animaliaren lapurreta edo galeraren berri ematea, gertatzen denetik bost eguneko epean, baita hura bertze inori utzi edo saldu zaiola ere, edo hil egin dela, hamabortz eguneko epean, identifikaziorako datuak emanda.

e) Animalia eskuratzeko unean, bertze jabe baten izenean zentsaturik baldin badago, jabe berriak, eskuratu aitzinetik, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko lizentziaren jabe izan beharko du, eta Udalari jakinarazi beharko dio, eskuratzen duenetik hasi eta bost eguneko epean gehienez, animaliaren jabe aldaketa gertatu dela.

f) Erregistroko datuetan gertatzen den bertze edozein aldaketa ere jakinarazi beharko da, gehienez ere hamabortz eguneko epean.

g) Animalia zikiratu edo antzutu dela jakinarazi beharko du, hala jabeak eskaturik gertatzen denean nola administrazio nahiz epaitegiko agintariaren ebazpen edo aginduaren ondorioz egiten bada.

h) Arriskutsuak izan daitezkeen animalien erregistroan aurkeztu beharko ditu, urtea bukatu baino lehen, albaitariaren urteroko azterketa egiaztatzen duen agiria eta mota honetako animaliak edukitzeak dakartzan arriskuetatik babesteko formalizatzen den aseguruaren nahiz erantzukizun zibileko sariaren kopia konpultsatuak.

i) Arriskutsua izan daitekeen animalia bat Zangozara ekartzen bada, mugarik gabe edo hiru hilabetetik goitiko denbora baterako, jabea beharturik egonen da arriskutsuak izan daitezkeen animalien erregistroan inskribatzera. Animaliaren egonaldia hiru hilabetetik beheitikoa bada, edukitzaileak frogatu beharko du bere ohiko bizilekuan betetzen duela arriskutsuak izan daitezkeen animalien gaineko araudia, eta higiene nahiz osasunerako eta herritarren segurtasunerako neurri egokiak hartu beharko ditu.

j) Oro har, animaliak edukitzeari buruz bete behar diren obligazio guztiak bete beharko dituzte.

Betebehar horietarako epea kasu bakoitzean zehaztuko da, eta, eperik zehazten ez bada, hamabost egun izanen da.

34. artikulua. Erregistroa.

Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeek Zangozako Udalari eman beharko dizkiote hurrengo datuen berri, Erregistroan inskribatzeko:

a) Animaliaren espeziea.

b) Animaliaren identifikaziorako zenbakia, hala behar badu.

c) Arraza. Gurutzatu ondoko lehenbiziko belaunaldikoa bada, jatorriko arrazak aipatuko dira.

d) Sexua.

e) Erreseina edo erreseina erdia.

f) Jaioteguna.

g) Animaliaren ohiko bizilekua, zehazturik gizakiekin batera edo bestela biziko ote den, alegia, zaintza, babes edo aipatzen den halako beste xede baterako den.

h) Jabearen izena, helbidea eta NANa.

i) Animaliaren haztegiaren edo sorlekuaren datuak.

j) Albaitari kolegiatu baten urteroko azterketak, zeinetan frogatuko baita animalia osasunez nola dagoen, bereziki arriskutsu bihurtuko duen eritasun edo nahasterik ez duela, ez eta borroketan nahiz bestelako jarduera debekatuetan erabilia izatearen ondoriozko lesio edo orbainik ere.

k) Hezi duten zentroko datuak, halakorik bada.

l) Eraso kasuak.

Datu horiek denak Erregistroan sartuko dira eta aldaketarik gertatzen bada, jabeak haren berri eman beharko du, erregistroan sartu behar den aldaketa gertatu ondoko hamabortz eguneko epean, eraso kasuetan izan ezik, halakoetan berehala komunikatu behar baita.

35. artikulua. Animalia arriskutsuen erregistro liburua.

Albaitaritzako klinika, kontsultategi eta ospitaleek erregistro liburu bat eduki beharko dute, zeinetan paratu beharko baitituzte 34. artikuluko a, b, c, d, e, f, g eta h puntuetan aipatzen diren datuak, arriskutsu gerta daitekeen animaliak udal erregistroan duen zenbakiarekin batera.

36. artikulua. Debekuak.

Abenduaren 24ko 50/1999 Legean aipatzen direnez gainera, honako hauek ere debeku dira:

1. Arriskugarritzat hartzen den animalia muturrekorik gabe ibiltzea eremu publikoan barna edo adingabe batek daramala.

2. Uztea, esku hartuz edo esku ez hartzeagatik, arriskutsua izan daitekeen animaliak eraso egin diezaien pertsonei edo beste animalia batzuei, edota kalte, bestela, edozein ondasuni, hala eremu publikoan nola leku pribatuetan, erasoaren unean edo aurretik halakorik ez gertatzeko behar diren neurriak hartu gabe.

3. Zangozako Udalaren errekerimendua horretarako adierazitako epetik kanpo betetzea.

4. Ordenantza honetan ezartzen diren obligazioak epetik kanpo betetzea, non eta jokamolde hori ez den hartzen 50/1999 Legearen aurkako beste arau-haustetzat.

37. artikulua. Zehapenak.

50/1999 Legean ezarritako zehapenez gain, aitzineko artikuluaren 1, 2, 3 eta 4. ataletan aipatzen diren arau-hausteak, ordenantza honen aurkako arau-hauste oso larritzat hartuko dira eta, ondorioz, 1.000 eurotik 1.500era bitarteko isuna paratuko da, eta erantzulea izanen da arriskutsua izan daitekeen animaliaren jabea edo edukitzailea.

Zehapena mailarik gorenean ezarriko da urtebete natural berean arau-haustea berriz gertatzen bada.

Arau-haustean berrerori dela ulertuko da, baldin eta animaliari edo animaliaren edukitzaileari zehapena ezarri bazaio bi aldiz gutxienez, animaliak edukitzeari buruzko araudia hausteagatik.

38. artikulua. Datu pertsonalen babesa.

Datu Pertsonalei buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera, aditzera ematen da:

Ordenantza honek indarra hartzen duenean, datu pertsonalen fitxategi bat izanen dela, arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeak edo edukitzaileak erregistratzeko.

Haren xedea da Zangozako Udalak 50/1999 Legean Udalei ematen zaizkien beharkizunak bete ditzala. Fitxategia Zangozako Udalak bakarrik erabili ahalko du.

Ordenantza honetan aipatzen diren datu pertsonalak ematea nahitaezko betebeharra da.

Ordenantza honetan aipatzen diren datu pertsonalak ematen dituen pertsonak onartzen du haiek erabil daitezen artikulu honetan zehazten den xedearekin.

Datu pertsonalak emateari uko eginez gero, artxibatu eginen da lizentziaren espedientea.

Artxiboan erregistraturik dauden pertsonek badute eskubidea datuak sartu, zuzendu, deuseztatu eta aurka egiteko.

Datuak deuseztatzeko eskabidea aurkeztuz gero, galdu eginen da animalia arriskutsua edukitzeko lizentziari eusteko eskubidea.

39. artikulua. Arriskutsua izan daitekeen animalia bat lehendik dutenek sei hilabeteko epea izanen dute, ordenantza honek indarra hartzen duenetik, aipatzen diren bete beharreko baldintzak bete eta dagokien lizentzia eskuratzeko.

VII. KAPITULUA

Lagun egiteko animaliekin ikustekoa duten jarduerak

40. artikulua. Honako hauek dira ordenantza honi atxiki beharreko industria, merkataritza edo zerbitzu jarduerak:

1. Animalien haztegiak.

2. Animalien zaindegiak.

3. Animaliak salerosteko dendak.

4. Animaliendako apaindegi zerbitzuak oro har.

5. Animaliendako kontsultategiak, klinika eta ospitaleak.

6. Aipatu horietako batzuk batera hartzen dituzten jarduerak edo beren funtzionamenduan animaliak erabiltzen dituztenak.

Instalazio eta funtzionamendurako lizentzia tramitatu beharko da jarduera sailkatuei buruzko arauen eta aplikagarri diren gainerako xedapenen arabera.

41. artikulua. Udalak jarduera lizentzia emateko, eta horretarako jarduera sailkatuei buruzko erregelamenduan eta gainerako xedapen aplikagarrietan ezarritakoa deusetan ukatu gabe, nahitaezko baldintza izanen da eskabideari memoria bat eranstea eta hartan honako hauek zehaztea:

1. Jardueraren izena.

2. Kokalekua.

3. Zuzendari teknikoaren izena, helbidea eta telefonoa.

4. Eskaini gogo dituen zerbitzuak.

5. Instalazio eta egoitzen zerrenda eta deskribapena. Haien planoak.

6. Aireztapen sistema. Ezaugarriak eta banaketaren planoa.

7. Nola garbitu eta desinfektatzen diren animaliekin erabiltzen diren lokalak, materialak eta tresnak eta, halakorik balitz, animaliak garraiatzeko ibilgailuak.

8. Animaliak hazteko tokiak, haiek altxatzeko tokiak edota salerosteko jarduerak direnean, kontratu-agiri bat, jardueraren eskatzaileak eta udalerrian diharduen albaitari batek sinatua. Hartan ezarri beharko da albaitaria arduratuko dela higieneaz eta abere-osasunaz, zoonosiari dagokionean eta jarduera jakin horretan animaliaren babesari buruz indarra duen legerian agindutakoa bete dadin.

Aipatu kontratua deuseztatzen bada, jardueraren titularra beharturik egonen da bertze albaitari bat kontratatzera, 15 eguneko epearen barrenean, eta hala egin duela jakinarazi beharko die Udalaren osasun zerbitzuei.

42. artikulua. Ordenantza honetan aipatzen diren jarduera guztiek honako baldintza orokor hauek bete behar dituzte:

1. Bertze etxeetatik aparteko eraikinetan egon beharko dute eta zehaztu xedea baizik ez dute izanen, salbu eta salerosteko jarduerak, animaliak apaintzeko zerbitzuak eta animalien kontsultategi edo klinikak, horiek beheko oineko lokaletan paratzen ahal baitira.

2. Merkataritzako edozein lokalek izaten ohi duen gutxieneko gela-banaketa izanen dute, kasu bakoitzerako zehazten diren berariazkoez gainera.

3. Gela guztietako zola eta paretek, administraritza lanetarakoak izan ezik, material iragazgaitzekoak izan behar dute, soluzio desinfektanteak erabiliz garbitu eta tratatu ahal izateko.

4. Aitzineko paragrafoan aipatzen diren geletako zola guztiek, behar den drainatzea eta/edo hondakin urak husteko sistema izanen dute.

5. Instalazioak, tresnak eta ibilgailuak garbitu, desinfektatu eta desintsektatzeko lanak sistematikoki, aldizkakotasunez eta jarduerak berak eskatzen duen maiztasunarekin egin beharko dituzte establezimenduko langileek. Horrez gain, urtean behin bederen, ofizialki baimenduriko enpresak desinfektatu eta desintsektatuko du lokala.

6. Jarduera abian dagoela sortzen diren hondakin solidoak egunero atera beharko dira bertatik, itxitako poltsa iragazgaitzetan.

7. Jardueran egon daitezkeen animalien kopurua lokalaren neurrien araberakoa izanen da, eta irekitzeari buruz txostena egin edo aldizkako ikuskapenez arduratzen diren Udalaren osasun zerbitzuek ezarriko dute, beren irizpideen arabera.

8. Arriskugarri gerta daitezkeen animaliak dituzten jarduerek animalia horientzat behar diren neurriak hartuko dituzte, behin ere libre utzi gabe, ezbeharrik suerta ez dadin.

9. Establezimenduaren kanpoko aldean animaliarik ez egoteko, behar den tamainako itxaron gela izanen da nahitaez, horrelakorik behar duten jardueretan.

10. Bi jarduera edo gehiago batera egiten dituzten establezimenduek, haietako bakoitzaren muntadurak berezirik izanen dituzte, eta denetan bete beharko dira ordenantza honetan haientzat ezarri diren baldintza berariazkoak.

11. Jarduera hauetan eritasun zoonosikorik agertuz gero, Udalaren osasun zerbitzuei jakinarazi beharko zaie.

43. artikulua. 1. Lagun egiteko animaliak hazteko tokitzat hartuko dira espezie bereko lau eme baino gehiago dauzkatenak, baldin eta haien xede nagusia ugalketa eta, horren ondotik, salmenta bada.

2. Lagun egiteko animaliak salerosteko establezimendutzat hartuko dira beren jarduera nagusia animaliak saldu edo erostea dutenak.

3. Lagun egiteko animaliak hazteko edo salerosteko establezimenduek, aplikatzen ahal zaizkien gainerako xedapenak ukatu gabe, ondoko arauak bete behar dituzte:

a) Administrazio publikoen eskura egonen den erregistroa eraman beharko dute, eta hartan jaso erregelamenduak eskatzen dituen datuak eta aldian-aldian egindako kontrolak.

b) Higiene eta osasun baldintza onak izan behar dituzte, bertako animalien betebehar fisiologiko eta etologikoetara egokituak.

c) Janari osasungarria izanen dute, behar adina, baita ura, lo egiteko tokia eta langile trebatuak ere haiek zaintzeko.

d) Eritasunik izanez gero, behar bezalako muntadurak izanen dituzte kutsadura galarazteko edo, horren beharrik bada, berrogeialdia egiteko.

e) Albaitaritza zerbitzua izanen dute, animalien osasuna zaintzeko arduradun.

f) Animaliak bizkarroiz gabeturik eta eritasun bakarrik ere gabe saldu behar dituzte, eta albaitariaren ziurtagiria erantsi, gauzak hala direla adierazten duena.

4. Inkubazio-aldian egoteagatik saltzeko unean hautematen ez den eritasunik izanez gero, establezimenduaren mende albaitaritza zerbitzu bat izateak eta horrek animalien salmentarako osasun ziurtagiriak emateak ez dute saltzailearen erantzukizuna garbituko, hark hirugarrenei erreklamazioa egin diezaien ukatu gabe.

44. artikulua. Lagun egiteko animalien zaindegitzat hartuko dira, ordenantza honen ondorioetarako, animaliak hartu, ostatu eman, mantenuaz arduratu eta zaintzeko zerbitzuak halako denbora batez ematen dituzten establezimenduak.

Establezimendu horiek erregistro liburua izanen dute, honako hauek zehazteko: animalien espezie eta arraza, sarrera eta irteera datak, jabe edo edukitzailearen izen eta helbidea, eta interesgarritzat jotzen diren gainerako gorabeherak.

Zenbait muntadura izanen dituzte, honako hauetarako: eri dauden animaliak isolatzeko gelak, ariketak egiteko lekua, aterpe aldea eta sukaldea.

Establezimenduan animaliarik onartzeko, animaliaren osasun agiriak aurkeztu beharko dira, eguneraturik, zakurra baldin bada, eta gainerako animalien kasuan jardueraz arduratzen den albaitariaren irizpideari eginen zaio kasu.

45. artikulua. Animaliak apaintzeko establezimendutzat hartuko dira, haiek garbitu eta ikuzten eta haiei ilea apaintzen eta estetika zerbitzua ematen dihardutenak.

Lan egiteko behar den tresneria eta ur beroa izanen dituzte.

46. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, albaitaritzako kontsultategi, klinika edo ospitaletzat hartuko dira fakultatibo espezialistek animalien diagnostikoa egiteko eta haiek tratatzeko establezimenduak, haien zuzendaritza teknikoa albaitari profesionalen esku baldin bada.

Jarduera hauetarako lokalek, nahitaez izan beharko dituzte honako gela hauek gutxienez:

–Kontsultategiak: harrera gela, kontsulta gela eta zenbait sendaketa lanetarakoa.

–Klinikak: itxaron gela, kontsulta gela, ebakuntzetarako gela espezifikoa, indarra duen legeriaren araberako instalazio erradiologikoa, laborategia eta suspertze lanetarakoa.

–Ospitaleak: klinikarako aipatu direnak eta etengabeko zainketarako ospitaleratze gela. Jarduera honetan, arreta zerbitzuak gau eta egunekoa izan beharko du.

VIII. KAPITULUA

Animaliekin ikusteko duten beste jarduera batzuk

Kapitulu honetan sartzen dira lehiaketak, erakusketak, agerraldiak eta antzekoak egitea xedetzat daukaten jarduerak, denbora baterakoak edo iraunkorrak izan, bai leku itxietan bai leku irekietan egiten direnak.

47. artikulua. Ezarri gogo den jarduera iraunkorra bada, bai leku itxietan bai leku irekietan izan, jarduerarako lizentzia izan beharko du, eta jarduera sailkatuen gainean indarra duen araudiaren arabera eta alor horretan aplikatzen ahal diren gainerako xedapenen arabera tramitatuko da.

Udalak aipatu lizentzia eman dezan, eta kontuan hartu gabe Jarduera Sailkatuen Erregelamenduan eta gainerako xedapenetan horri buruz agindutakoa, beharrezkoa izanen da Ordenantza honen 32. eta 33. artikuluetan zehaztu baldintzak betetzea.

48. artikulua. Denbora baterako bakarrik egiten diren jarduerek, hala leku itxietan nola leku irekietan, beren baimena izan beharko dute, Udalak horretarako emana.

Baimen hori eskuratzeko eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

1. Jardueraren deskribapena:

2. Eskatzailearen izena, helbidea eta telefonoa.

3. Kokalekua.

4. Jarduera zenbat denboratarako eskatzen den.

5. Jarduerako animalien kopuru eta espezieak.

6. Erantzukizun zibileko asegurua, jarduerak irauten duen denborarako.

7. Instalazioen onarpenari eta erregistroari buruzko egiaztagiria, behar den ministerioak luzatua.

49. artikulua. Denbora baterako egiten diren jardueretan, funtzionatzen hasteko, ondotik aipatzen diren agiriak aurkeztu beharko dira Udalean, Udalaren osasun zerbitzuek azter ditzaten:

–Teknikari eskudunak luzatu ziurtagiria, dagokion lanbide elkargoak ikus-onetsia, instalazioak egoki muntatu direla dioena.

–Kasuan kasuko dokumentazioa (jatorri gida, osasun kartila, animaliaren identifikaziorako txartela eta abar), jardueran dauden animaliei buruzkoa.

Enpresa edo erakunde antolatzaileak urez hornitzeko hargunea eta ura saneamendura husteko bidea izanen ditu, behar bezala jarduteko horren beharra daukaten jardueraren osagai guztietan, eta zuzen beteko ditu asotsei buruzko aginduzko mugak. Jarduteko baimendutako denboran okupatzen diren muntadura eta/edo guneak garbitzeko zerbitzuak ere ez dira faltako, eta bere jarduna akitutakoan zehatz-mehatz garbitu eta desinfektatu beharko ditu.

50. artikulua. 1. Debeku da animaliak erabiltzea ikuskizun, borroka, eta bertzelakoetan, horrek sufrimendua edo tratu txarra ekartzen ahal badie.

2. Zezen ikuskizunak espresuki salbuesten dira debeku horretatik.

3. Zakur borrokak, oilar borrokak eta animaliak elkar erasotzea helburu duten bertze guztiak debeku dira.

IX. KAPITULUA

Ustiatzeko etxeko animaliak

51. artikulua. Baimena emanen da ukuiluak, eskortak eta, oro har, aziendak ustiatzeko nolanahiko abeltegiak, haztegiak, aterpeak, eta abar paratzeko, bakar-bakarrik, landalur gisa sailkaturiko lurran (urbanizaezinean) kokaturik daudenean, eta distantziak betetzen badituzte hirilurraren mugaraino, eta orobat betetzen badituzte hirigintzako araudian aipatzen diren gainerako baldintzak.

Aipatu muntaduretarako lizentziak, jarduera sailkatuentzat indarra duen legerian eta horretan aplikagarri diren gainerako xedapenetan ezarritakoari jarraikiz izapidetuko dira.

Dena dela, etxebizitzetatik aparteko pabiloietan egon beharko dute; zola eta paretek iragazgaitz eta garbigarriak izan beharko dute; iturriko ur edatekoa izan beharko dute, baita hustubideak kolektore nagusira ere eta, hori ezinezkoa bada, erregelamenduaren araberako putzu septikoak. Animalia espezie eta mota guztientzat higiene aldetik dagozkien baldintzak bete beharko dituzte.

52. artikulua. Debeku da errentako animaliak etxebizitzen barrenean edukitzea, edozein delarik haien kopurua.

Horrelakorik edukitzea onar daiteke jabego pribatuko lurretan, behar bezala hesiturik edo itxirik badaude, ordenantza honetako 6. eta 7. artikuluetan ezarritakoa betetzen badute eta animaliarengandik ateratzen diren produktuak bere kontsumorako bakarrik erabiltzen baditu jabeak.

53. artikulua. Edozein motatako ukuilua paratzeko Udalaren lizentzia beharko da, zentsuan sartu eta legeak ezartzen dituen osasun erregistro guztiak bete beharko dira.

54. artikulua. Animaliak lekuz aldatu behar direnean, bai udalerriaren barrenean bai bertze udalerrietara, Epizootien Erregelamenduan eta alor honetan aplikatzen ahal diren gainerako xedapenetan ezarritakoari jarraitu beharko zaio.

55. artikulua. Lege xedapen baten indarrez edo osasun arrazoi larriengatik, halako lokal edo toki batzuetan animaliarik egoteko baimena ez bada ematen ahal, udal agintaritzak, behar den espedientea aldez aurretik eginda, zilegi izanen du jabeei errekerimendu egitea bertatik eraman ditzaten beren borondatez, eta, bertzenaz, horixe bera erabakitzea, izan litezkeen erantzukizun zibil eta penalak deusetan ukatu gabe.

X. KAPITULUA

Animalien babesa

56. artikulua. 1. Animalia bat daukanak baldintza egokietan eduki beharko du higiene eta osasunaren aldetik, eta nahitaezko deklaratzen den edozein tratamendu prebentibo eginen du.

2. Debeku da:

a) Tratu txarrik ematea edo justifikatu gabeko kalte edo oinazerik eragin diezaiekeen edozein gauza egitea.

b) Kontsumorako edo pertsonendako produkturen bat erdiesteko animaliak hiltzen direlarik, ankerkeria erabiltzea edo justifikaziorik gabe oinazea ekartzen dieten metodo orokorrak erabiltzea, Animalien babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legeak agindutakoen kontra.

c) Animaliak abandonatzea.

d) Higiene edo osasun baldintza eskasak dituzten muntaduretan edukitzea, edo desegokiak direnetan bakoitzak bere arraza eta espeziearen arabera dituen premia etologikoek behar dituzten zainketa eta arta izateko.

e) Mutilazioak egitea, salbu beharragatik edo funtzionaltasunagatik albaitarien kontrolpean egiten direnak.

f) Normal hazteko behar duten mantenua ez ematea.

g) Animaliak erabiltzea sari, publizitateko deigarri edo esker-saritako, edo ordaineko opari gisa diru bidez eskuratzearekin ikustekorik ez duten bertzelako erosketen truke.

h) Animaliak saltzea edo ematea laborategi edo klinikei, indarra duten arauek agindutako bermeak bete gabe.

i) Hamalau urtez beheitikoei eta ezinduei saltzea, guraso-agintea edo zaintza dutenen baimenik gabe.

j) Lagun egiteko animaliak edo bertzelakoak kalez kale saltzea, behar bezala baimendutako merkatu eta ferietatik kanpora.

k) Alferrikako sufrimendu edo kaltea eragin diezaieketen gaiak ematea.

l) Zakurrak beti loturik edukitzea.

m) Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1984 Foru Legeak arau-hauste administratibotzat dauzkan egintza eta ez egiteetan erortzea.

n) Animaliak herri bestetan erabiltzea, salbu eta zezen ikuskizunei buruz indarra duten arauek edo Nafarroan animaliekin egiten diren herri ikuskizunek tradizioz izan dituzten baldintzez bertzela erabiltzea.

o) Animaliak giza kontsumorako hiltzen direnean, istant batez eta oinazerik gabe eginen da, erregelamendu bidez finkatzen den gisan.

XI. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

57. artikulua. 1. Ordenantza honi dagokionez, arau hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

2. Honako hauek dira arau-hauste arinak:

a) Lagun egiteko animalia bat erroldatu gabe edukitzea 7/1994 Foru Legearen 10. artikuluan agindutakoaren kontra.

b) 7/1994 Foru Legeak agintzen dituen artxibo edo erregistroak ez eramatea, edo osatu gabe eta eguneratu gabe eramatea.

c) Lagun egiteko animaliak 14 urtez beherakoei edo ezinduei eskualdatzea, guraso-agintea, babesa edo zaintza dutenen baimenik gabe.

d) Lagun egiteko animalia bat oparitzea ordenantza honek edo, bertzenaz, 7/1994 Foru Legeak xedatzen duenaren kontra.

e) Animaliak garraiatzea ordenantza honetako 14. artikuluko arauak bete gabe.

f) Animalien identifikazioari buruzko araudia ez betetzea edo identifikaziorik ez izatea.

g) Albaitariaren kontrolik gabe txertatzea.

h) Zakurrak eramatea uhalik edo katerik gabe, higiezinetako sarbide eta alderdi komunetan barna (atariak, eskailerak, igogailuak, eskailera-buruak eta abar).

i) Zakurrak eramatea uhalik edo katerik gabe, udalerriko hiriguneko eremu publikoan barna (karrikak, espaloiak, pasealekuak eta abar).

j) Zakurrak eramatea uhalik edo katerik gabe, hirigunetik kanpora, 1.000 metro lineal bitarteko inguruan mugatik hasita.

k) Zakurrak eramatea uhalik edo katerik gabe, hirigunetik kanpora, 1.000 metro lineal baino gehiagoko inguruan mugatik hasita, hirugarren pertsonei traba egiten dietelarik.

l) Zakurrak eramatea uhalez edo katez loturik, hiriguneko berdegune edo lorategietan barna.

m) Animalien gorotzak ez biltzea udalerriko hiriguneko eremu publikotik eta espazio publikoetatik (galtzadak, espaloiak, lorategiak, pasealekuak eta abar).

n) Lagun egiteko animalien gorotzak ez biltzea “zakurren aisialdirako eremuetatik”.

ñ) Hiriko karriketan basa espezieekin ibiltzea, etxekotuak badira ere.

o) Bidaiarien garraio publikorako zerbitzuetan animaliekin bidaiatzea, horretarako eremu berezirik ez badute.

p) Animaliekin ikastetxeetan sartzea.

q) Noizbait erasoak eginak dituzten zakurrak muturrekorik gabe eramatea.

3. Honako hauek dira arau-hauste larriak:

a) Animalia behar den mantenurik gabe edukitzea.

b) Animaliak behar bezalako higiene eta osasun baldintzarik ez duten instalazioetan edukitzea, edo higiene eta osasun baldintza txarretan.

c) Animaliak zikiratzea, mutilatzea eta hiltzea inongo albaitariren kontrolik gabe edo 7/1994 Foru Legean finkatutako baldintza eta betebeharren kontra.

d) Animalia ez txertatzea edo osasun agintariek nahitaezkotzat deklaratu dituzten tratamenduak ez ematea.

e) Lagun egiteko animaliak denbora batez edukitzeko instalazioen gainean 7/1994 Foru Legeko II. tituluko III. kapituluan finkatu diren baldintza eta eginbeharrak ez betetzea.

f) Animaliak indarra duen araudiaren kontra saltzea.

g) Usakumeei tiro egiteko saioak antolatzea, edo jarduera horretan aritzea, aitzinetik administrazioaren baimenik izan gabe edo haren zehaztapenen kontra.

h) Zinema nahiz telebistarako animaliekin eszenak filmatzea, baldin ankerkeria, tratu txarrak edo sufrimendua ekartzen badiete, administrazioaren aldez aurreko baimenik izan gabe.

i) Animaliak laborategi edo kliniketara eramatea, indarra duen araudiko baldintzak bete gabe.

j) Egoitza pribatuetan 7/1994 Foru Legeak eskatzen dituen albaitari zerbitzuak ez izatea.

k) Animalia bizkarroidunak edo erituak saltzea, edo gaitzik ez dutela ziurtatzeko albaitari agiririk gabe.

l) Osasun zerbitzu ofizialei aditzera ez ematea nahitaez deklaratu beharreko gaitzak.

m) Elikagaiak egin, erabili edo biltegiratzen diren tokietan animaliarekin sartzea.

n) h), i), j) k) eta l) ataletan arau-hauste arin gisa deskribaturiko jarduketek arau-hauste larrien kalifikazioa izanen dute ordenantza honetan arriskutsuak izan daitezkeen zakurtzat hartzen direnei dagozkienetan.

ñ) Arau-hauste arinetan berrerortzea.

4. Honako hauek dira arau-hauste oso larriak:

a) 7/1994 Foru Legearen 4. artikuluan xedatzen denaren kontrako jarduerak antolatu eta egitea, baita haien publizitatea ere.

b) Animaliaren kontra ankerkeria, tratu txarra eta eraso fisikoak.

c) Animalia abandonatzea, bizirik nahiz hilik.

d) Alferrikako sufrimendua edo kaltea eragin diezaieketen gaiak ematea.

e) Zakurrak beti loturik edukitzea.

f) Estatu espainiarrean indarra duten nazioarteko hitzarmen eta itunek babestuak edo galzorian deklaratu dituzten kanpoko animalia espezieen banakoak, umeak, arrautzak, edo haiengandiko produktuak merkaturatu, saldu, eduki, merkataritza helburuz erakutsi edo disekatzea.

g) Arau-hauste larrietan berrerortzea.

58. artikulua. 1. Arau-hauste arinek 60tik 150 eurora bitarteko isunak izanen dituzte zehapen; larriek 151tik 600 eurora bitartekoak, eta oso larriek 601etik 3.000 eurora bitartekoak.

2. Zehapenak ezartzerakoan honako irizpideak hartuko dira kontuan, isunen zenbatekoa graduatzeko eta zehapen osagarriak ezartzeko:

a) Egindako arau-hausteak gizartean zer eragin izan duen eta zer kalte egin duen.

b) Irabazi asmo bidegabekorik izan den eta arau-haustean zer etekin atera den.

c) Ankerkeriarik izan den animaliarekin.

d) Arau-hausteak errepikatu diren edo haietan berrerori ote den.

59. artikulua. 7/1994 Foru Legean aipatzen diren arau-hausteengatik zehapenak ezartzeko, erregelamendu bidez arauturik dagoen zehapen prozedurari segitu beharko zaio.

Zehapen espedienteak ireki eta ebazteko eskumena, fauna aloktonoaren babeserako araubidea hausteagatik eta baimen administratiboa ez egin edo urratzeagatik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari dagokio.

Etxeko animalien kontrako arau-hausteengatik irekitzen diren zehapen espedienteak ireki eta ebazteko eskumena, Udalaren organo hauei dagokie:

–Hutsegite arinak: alkateari edo zinegotzi delegatuari.

–Hutsegite larriak: Gobernu Batzordeari.

–Hutsegite oso larriak: Udalaren osoko bilkurari.

60. artikulua. 1. Animaliaren jabeak, behar bezala hala agintzen zaionean, identifikatu behar du animalia nork zeukan eta beraz nor den arau-hauste administratiboen erantzulea, eta prozedurako tramitean arrazoi justifikaturik gabe hala egiten ez badu, diru isuna ezarriko zaio hutsegite arin batengatik, gero ordaindu behar dituzkeen kalte-ordainak deusetan ukatu gabe.

2. Ordenantza honek aurreikusten dituen zehapenetako edozein ezartzeak ez du erantzukizun zibila galarazten, ez eta zehatuak kalte-galerengatik pagatu behar dituzkeen ordainak ere.

3. Animalia bati tratu txarrak emateagatik arau-haustea egin duten guztiak gabetuak izanen dira hemendik aitzina animaliak edukitzeko gaitasunaz. Desgaitzea denbora batekoa izan daiteke, urtebetekoa nahiz iraunkorra, arau-haustea nolakoa den, larria edo oso larria, eta kontuan hartuta animaliari egin zaion kaltea zenbateraino egin den ankerkeriaz edo nahita.

61. artikulua. 1. Isuna ezartzeak arau-hausteko animaliak dekomisatzea ekartzen ahal du, eta betiere arau-haustean erabili diren harrapagailuak edo ehiza tresnak dekomisatzea.

2. Arau-hauste oso larriak egiteak ekar dezake, hala behartzen denean, arau-haustean erantzule izandako egoitza, lokal edo establezimenduak ixtea.

62. artikulua. 1. Bere agenteen bitartez, administrazio eskudunak zilegi izanen du babestu beharreko animaliak dekomisatzea, baldin arrazoizko zantzurik bada ordenantza honetako xedapenak hautsi direla.

2. Dekomisatze hori prebentzioz eginen da, behar den zehapen espedientea ebatzi arte; ebazpena ikusirik, animalia jabeari bihurtuko zaio, edo administrazioaren jabetzara pasako, eta hark zilegi izanen du erakunde zoologikoei edo zientifikoei ematea, jatorrizko herrira bihurtzea, animaliak sendatzeko zentroetara eramatea edo bere ingurune naturalean askatzea animalia autoktonoa baldin bada.

3. Dekomisatutako animaliak luzaz edukitzea arriskutsua bada beren bizirako eta berehala askatu beharra baldin bada, animalia Lurraldearen Antolamendu eta Ingurumen Departamentuko langileek askatu beharko dute haren inguru naturalean eta lekukoen aitzinean.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan, kontuan hartuko da Toki Administrazioari buruzko Foru Legean, Jarduera Sailkatuen Erregelamenduan eta dagozkien araudi osagarrietan, Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Legean, bai eta abere osasun, ingurumen, abelazkuntza arloetan eta bertze edozeinetan aplikagarri zaizkien xedapen orokorretan ere ezarritakoa.

Bigarrena.–Indarrik gabe gelditu dira ordenantza honen aurka jotzen duten maila bereko edo txikiagoko udal arau guztiak, edo bertan arautzen diren gaiei buruzko xedapenak dituztenak.

Hirugarrena.–Ordenantza honetako manuak ez betetzeak udaltzainen eta osasun zerbitzuen salaketa ekarriko du berekin.

Laugarrena.–Ordenantza fiskal honek Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean aurreikusitako izapideak bete ondoan hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L1614808