19. ALDIZKARIA - 2017ko urtarrilaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MURIETA

Kontribuzio berezien ordenantza fiskal orokorra. Behin betiko onespena

Murietako Udalak, 2016ko apirilaren 27an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Kontribuzio berezien ordenantza fiskal orokorra (2016ko 96. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, maiatzaren 19an).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurreko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta testu osoa ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan.

Murietan, 2016ko abenduaren 27an.–Alkatea, Ana Carmen Muñoz Castellanos.

KONTRIBUZIO BEREZIEN ORDENANTZA FISKAL OROKORRA

Oinarria

1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen lehen tituluko IV. kapituluaren 8. atalak xedatutakoaren babesean ezarri da ordainarazpen hau.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Kontribuzio berezien zergapeko egintza hau da: subjektu pasiboak onura bat edo bere ondasunen balio gehitze bat erdiestea Murietako Udalak toki mailako herri lanak egitearen ondorioz edo bere esparruan zerbitzu publikoak ezarri edo handitzearen ondorioz.

3. artikulua. Honako hauek hartuko dira Udalaren obra eta zerbitzutzat:

a) Murietako Udalak bere eskumenen esparruan esleitu zaizkion eginkizunak betetzeko egiten dituenak, salbu eta bere ondareko ondasunen jabe titular gisa egiten dituenak.

b) Murietako Udalak beste entitate publikoren batek esleitu edo eskuordetuta egiten dituenak eta legeari jarraikiz titulartasuna bere gain hartuta egiten dituenak.

c) Murietako Udalak diru-laguntza emanik beste entitate publikoren batek edo haien kontzesiodunek egiten dituztenak.

4. artikulua. 1. Aurreko zenbakiko a) letran sartzen direnak Udalaren esparruko lan edo zerbitzutzat joko dira nahiz eta haien egileak izan kapital soziala osorik Murietako Udalarena duten erakunde autonomo edo merkataritza sozietateak, edo Udalak diru-laguntza emandako kontzesiodunak edo zergadunen administrazio elkarteak.

2. Kontribuzio bereziengatik likidatzen diren eskubideak, zer obra edo zerbitzutarako eskatu diren, horiexen gastuak ordaintzeko baizik ez dira erabiliko.

5. artikulua. Obren kostu osoak jabeen bizkar izan behar duenetan izan ezik, toki entitate honek kontribuzio bereziak eskatzen ahal ditu ondoko obra eta zerbitzuengatik, betiere betetzen badira ordenantza honetako 7. artikuluan ezarritako baldintzak:

a) Kale eta plazak irekitzea, lehendik irekitako kale eta plazak zabaldu eta haietan lerrokadura berriak egitea.

b) Hiriko eremu publikoetako galtzada, espaloi, hustubide eta ur harguneak paratzea edo zaharrak aldatzea.

c) Hondakin uren estolderia eta hustubide sareak egin eta berritzea.

d) Argindarra banatzeko sareak paratzea eta argiteria publikoa ezarri, aldatu edo hobetzea.

e) Ur hornidura sareak paratu, aldatu eta hobetzea, eta sektore baten intereserako beharrezko bada, ur biltegiak handiagotzea hornidura hobetzeko.

f) Su itzaltze zerbitzuak ezarri eta hobetzea.

g) Ura hartu, urtegiratu, biltegiratu, bideratu eta arazteko lanak, ur hornidurarako, betiere interes orokorrekoak ez badira.

h) Hondakin uren araztegiak eta kolektore nagusiak, biztanleria guztiarendako ez badira.

i) Kale eta plazetan arbolak landatzea, parkeak eta lorategiak egin eta hobetzea, sektore batendako interesa badute.

j) Lurrerauzketak, betelanak eta eustormak egitea.

k) Lehortze eta saneamendu lanak, lurrak uberroen eta uholdeen kontra babestekoak, baita ur-ibilguak erregulatu eta desbideratzekoak ere.

l) Lurpeko galeriak egitea, ura, gasa, argindarra eta bestelako isurkiak banatzeko sareak eta hodiak jartzeko, eta komunikazio eta informazio zerbitzuetarako.

m) Toki entitatearen bestelako obra edo zerbitzu publikoak egin, ezarri edo handitzea.

5.2. Ez da inoiz kontribuzio berezirik galdatzen ahal, toki entitatearen obra edo zerbitzu publikoak biztanle guztiendako badira.

Salbuespenak

6. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen seigarren xedapen gehigarrian erabakitakoaren arabera, kontribuzio berezietatik salbu daude mankomunitateak eta batasunak, baita horien xedeak garatzeko sortzen dituzten entitate juridikoak eta administrazio barrutiak ere.

Subjektu pasiboak

7. artikulua. Kontribuzio berezien subjektu pasiboak dira pertsona fisikoak eta juridikoak eta nortasun juridikorik gabeko entitateak, unitate ekonomikoa edo ondare banatua osatzen dutenak, haiek ordaintzera behartuak, obrak egiteagatik edo Udalaren zerbitzuak ezarri edo handitzeagatik onura berezia jasotzen badute.

7.2. Onura berezien hartzailetzat jotzen dira:

a) Kontribuzio berezia sortzen bada ondasun higiezinak ukitzen dituzten obrak egiteagatik edo zerbitzuak ezarri edo handitzeagatik, haien jabeak.

b) Kontribuzio berezia sortzen bada enpresa ustiapenen ondorioz obrak egiteagatik edo zerbitzuak ezarri edo handitzeagatik, haien titular diren pertsona edo entitateak.

c) Kontribuzio berezia sortzen bada su itzaltze zerbitzua ezartzeagatik edo handitzeagatik, ondasun ukituen jabeez gain, arlo horretan lanean aritzen diren aseguru konpainiak, udal mugapearen barnean.

d) Kontribuzio berezia sortzen bada lurpeko galeriak egiteagatik, haiek erabili behar dituzten hornidura enpresak.

Zerga-oinarria

8. artikulua. Ordainarazpen honen xedeko obrak egiteagatik edo zerbitzuak ezarri edo handitzeagatik toki entitateak jasaten duen kostuaren %90ak, gehienez, osatuko du kontribuzio berezien zerga-oinarria.

8.2. Kostu hori honako kontzeptu hauek osatuko dute:

a) Peritu lan, proiektu prestatze eta obra zuzentze, plan eta egitarau teknikoen kostu benetakoa.

b) Egin beharreko obren edo zerbitzuak ezarri edo handitzeko lanen zenbatekoa.

c) Lan edo zerbitzuek etenik gabe okupatu behar dituzten lurren balioa, non eta erabilera publikoko ondasunak ez diren, edo Udalari dohainik eta nahitaez emandako lurrena edo Estatuak nahiz Nafarroako Foru Komunitateak Udalari emandako eraikinena.

d) Eraikinak eraitsi eta landaketak, obrak edo instalazioak desegiteagatik ordaindu behar diren kalte-ordainak, baita eraitsi edo okupatu beharreko ondasunen errentariei dagozkienak ere.

e) Zerbitzu eta obretan inbertitu den kapitalaren korritua, Udalak kreditura jo behar duenean kontribuzio bereziek ez dutelako kostu osoa berdintzen edo, berdinduta ere, kontribuzioak orokorki zatikaturik daudelako.

9. artikulua. Obra edo zerbitzuetarako aurrekontuak jarritako kostu osoa aurreikuspen hutsa izanen da. Benetako kostua handiagoa edo txikiagoa izatera, hura hartuko da dagokion kuota kalkulatzeko.

10. artikulua. Obra edo zerbitzuak direlarik 3.c) artikuluak aipatzen dituenetakoak, edo ordenantza honen 4. artikuluko 1. zenbakiak aipatzen dituenetakoak, Udalak diru-laguntza emanda kontzesiodunek egindakoak alegia, kontribuzio berezien zerga-oinarria finkatzeko, ekarpenen zenbatekoa hartuko da kontuan; horrek ez ditu galarazten beste administrazio publiko batzuek lan edo zerbitzu horrexengatik ezar ditzaketenak. Betiere, ordenantza honen 8. artikuluko 1. zenbakiak aipatzen duen muga begiratuko da, %90 alegia.

11. artikulua. Zerga-oinarria finkatzeko, hona zer ulertuko den toki entitateak bere gain hartutako kostuaz: osotarako kostuaren zenbatekoari toki entitateak edozein pertsona edo entitate publiko edo pribaturengandik erdiesten dituen diru-laguntza edo laguntzak kenduz ateratzen den zenbatekoa.

11.2. Diru-laguntza edo laguntza hori kontribuzio bereziaren subjektu pasibo batek emana bada, haren zenbatekoak pertsona edo entitate horren kuota konpentsatzea izanen du lehen helburua. Diru-laguntzaren edo laguntzaren zenbatekoak kuotari gainez egiten badio, gaindikina, hainbana partiturik, beste subjektu pasiboen kuotak gutxitzeko erabiliko da.

Kuotak

12. artikulua. Subjektu pasibo bakoitzari, hurrengo artikuluan bildutako banaketa irizpideei jarraikiz, zerga-oinarriaren atal bat egoztearen ondoriozko kopurua da kontribuzio berezien kuota.

13. artikulua. Kontribuzio berezien zerga-oinarria subjektu pasiboen artean banatuko da, obra eta zerbitzuak zer motatakoak eta nolakoak diren kontuan hartuz eta arau hauei jarraikiz:

a) Kasu guztietarako, banaketa modulu gisa aplikatuko dira, batera edo bereizita, higiezinen fatxadako metro linealak eta lur-ondasunen gaineko kontribuzioari dagokionez katastroan duten balioa. Irizpide horiek balio bera izanen dute tributuaren zenbateko osoa ezartzean.

b) Su itzaltze zerbitzua ezarri edo handitzeko bada eta, jabeekin batean, udalerriko ondasunen arriskua estaltzen duten aseguru entitateak aurkezten badira, denak subjektu pasibo gisa, entitate horiei dagokien kuota atala beraien artean banatzen ahalko da, aurre-aurreko urtean bildutako aseguru-sarien zenbatekoaren heinean.

c) Subjektu pasibo bakoitzari eskatzen ahal zaion kuota baldin bada berak bildutako primen %5 baino gehiagokoa, gaindikina hurrengo ekitaldietara pasako da, erabat amortizatu arte.

d) Ordenantza honetako 7. artikuluko 2.d) atalak aipatzen dituen obren kasuetan, obra hori erabiliko duten konpainia edo enpresen artean banatuko da kontribuzio bereziaren guztirakoa, bakoitzarentzat gordetako tokiaren arabera edo bakoitzak duen atal osoaren arabera, nahiz eta berehalakoan ez erabili.

14. artikulua. Ordaindu beharreko kuota finkatu delarik, Udalak zilegi izanen du, subjektu pasiboak hala eskatuta, kuota zatikatu edo gerokotu dadin agintzea gehienez bost urtez.

Sortzapena

15. artikulua. Obrak gauzatzen diren unean berean gertatzen da kontribuzio berezien sortzapena, edo zerbitzua ematen hasten denean.

Lanak zatikagarriak baldin badira, lanaren tarte edo zati bakoitzari dagozkionak bukatu ondoan gertatuko da sortzapena subjektu pasibo bakoitzarentzat.

15.2. Aurreko zenbakian xedatu dena ukatu gabe, ezartzeko eta ordenatzeko erabaki zehatza hartu delarik, Udalak zilegi izanen du eskatzea aurrez ordain daitezela kontribuzio bereziak, hurrengo urterako aurreikusten den kostuaren arabera. Aurrerakin horiek premiamendu bidez eska daitezke.

15.3. Aurrerakina zer obratarako eskatu zen, hura burutu ez bada ez da zilegi izanen beste urtealdi bat aurreratzeko eskatzea.

15.4. Kontribuzio bereziak sorrarazteko unea kontuan hartuko da ordaintzera nor beharturik dagoen finkatzeko 7. artikuluaren arabera, nahiz eta ordenatzeko erabaki zehatzean beste subjektu pasibo bat agertu, hura onetsi zen datan hala zena alegia, eta kuoten ordainketa berak aurreratu bazuen ere, artikulu honetako 2. zenbakiak xedatzen duenarekin bat.

16. artikulua. Ordenatzeko erabaki zehatzean subjektu pasibo gisa ageri den pertsonak jakinaren gainean egon eta ezarpena sortzen duten ondasun edo ustiapenen gainean dituen eskubideak eskualdatzen baditu, erabaki hori onestetik hasi eta sortzapena gertatu arteko epean, egin den eskualdatzearen berri eman beharko dio Udalari eskualdatzearen datatik hasi eta hilabeteko epean, eta hala egiten ez badu, administrazio horrek zilegi izanen du espedientean subjektu pasibo gisa ageri zenaren kontra jotzea kobratzeko ekintza.

Kudeatzeko arauak

17. artikulua. Kontribuzio bereziak ordainarazteko, kasu bakoitzean hura ezartzeko erabakia hartu beharko da aldez aurretik.

18. artikulua. Ez da zilegi izanen kontribuzio berezien bidez ordaindu beharreko obra bat egiteari edo zerbitzu bat ezarri nahiz handitzeari buruzko erabakia betetzea, harik eta kontribuzio berezien ordenazio zehatza onesten ez den arte.

18.2. Ordenatzeko erabakia nahitaez hartu beharrekoa izanen da eta obra eta zerbitzuen kostu zenbatetsia finkatu beharko du, baita onuradunen artean banatu beharreko zenbatekoa eta banaketa irizpideak ere. Ordenatzeko erabaki zehatzak ordenantza honi eginen dio aipua.

19. artikulua. 1. Obrak osoki nahiz partez burututakoan, edo zerbitzu egiten hasitakoan, subjektu pasiboak, oinarria eta bakoitzaren behin betiko kuotak zehaztuko dira. Orduan, bidezko likidazioak igorriko dira eta, ordainketa aurreraturik egin baldin bada, konturako entregatzat hartuz berdinduko dira. Udalak eginen du behin betiko seinalamendu hori, zein obra edo zerbitzutarako antolatzen den tributua, hartarako erabakiaren arauei jarraituz.

2. Ordainketa aurreratuak ordainarazpenaren sortzapenaren egunean subjektu pasibo ez den jendeak egin baditu, edo bakoitzari dagokion behin betiko kuota baino gehiago badira, toki entitateak behar den dirua itzuliko du, ofizioz itzuli ere.

20. artikulua. Behin kontribuzio bereziak ordenatzeko erabaki zehatza hartu delarik eta ordaindu beharreko kuotak finkatu, subjektu pasibo bakoitzari emanen zaizkio aditzera kuota horiek, baldin subjektua edo bere helbidea ezagunak badira, eta, bestela, ediktu bidez. Interesdunek zilegi izanen dute errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen Bederatzigarren Tituluko II. Kapituluak aurreikusten duen moduan.

21. artikulua. 1. Toki entitateak bere eskumeneko obrak edo zerbitzuak egiteko beste toki entitate baten laguntza ekonomikoa erabiltzen badu, betiere ordenantza honetan xedatutakoaren arabera kontribuzio bereziak ezartzen badira, obrak egitea edo zerbitzua ezarri edo handitzea bere esku hartzen duen entitatea arduratuko da kudeaketaz eta bilketaz, baina, hori hala izanik ere, entitate bakoitzak bere eskumenari eutsiko dio, ezartzeko eta ordenatzeko erabakiei dagokienez.

2. Entitate horietako batek ordenatzeko erabaki zehatza onesten ez badu, jarduketa unitatea indarrik gabe geldituko da, eta bakoitzak bere kasa hartuko ditu bidezkoak diren erabakiak.

Herritarren lankidetza

22. artikulua. 1. Toki entitateak sustaturiko obrak egitean edo zerbitzuak ezartzean edo handitzean, ukituriko jabe edo titularrek Zergadunen Administrazio Elkarteak sortzen ahal dituzte, eta konpromisoa hartuko dute, obra edo zerbitzua zein izan, dagokien zatia ordaintzeaz gain, hari dagokion zatia ere ordaintzeko, Udalaren finantza egoera larria denean.

2. Orobat, Udalak sustaturiko obrak egitean edo zerbitzuak ezartzean edo handitzean, ukituriko jabe edo titularrek Zergadunen Administrazio Elkarteak sortzen ahal dituzte, kontribuzioak ordenatzeko erabakia jendaurrean egon bitartean, toki entitateak aurretik erabakita eginen den obran edo zerbitzuan parte hartzeko.

3. Aurreko artikuluak aipatzen dituen Zergadunen Administrazio Elkarteak sortu ahal izateko, ukitutakoen erabateko gehiengoaz hartu beharko da erabakia; betiere, ordaindu beharreko kuoten bi herenak gutxienez biltzen baldin badira edo, kuotak zehaztu gabe izanez gero, ukitutako jabetzaren bi herenak.

4. Zergadunen elkarteen jardunbideaz, eskumenez, estatutuen onespenaz eta kontratazioaz den bezainbatean, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean ezarritakoari eginen zaio men.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan aurreikusirik ez dagoen orotan aplikatzekoa izanen da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea.

Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean.

Iragarkiaren kodea: L1614807