2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ANTSOAIN
Laburpena, banakako gizarte laguntzen deialdiarena, ordezko garraiobide egokitua emateko, taxi-bonuen bidez, garraio kolektiboetan sartzeko arazo larriak dituzten pertsonei, 2017an
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 17.3.b eta 20.8a artikuluetan ezarriari jarraituz, argitara ematen da deialdiaren laburpena; horren testu osoa Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean kontsulta daiteke (http://www.pap.minhap.gob.es/bdnstrans/eu/index): BDNS (Identifikazioa): 328669.
1–Helburua, xedea eta definizioa.
Deialdi honen xedea da desgaitasuna izan eta garraio kolektiboak erabiltzeko arazoak dituzten pertsonendako banakako laguntzak arautzea, garraiobide egokitu bat (taxia) erabil dezaten, taxi-bonuen bidez.
1.1.–Programa honen laguntzak baldintza hauek betetzen dituztenek eskatzen ahalko dituzte:
–Antsoaingo udalerrian erroldatua egotea, eskabidea egin eta gutxienez ere 6 hilabete lehenagotik, eta bertan alta emanda jarraitzea, bai eta herrian egiazki bizitzea ere, laguntza jasotzen den bitartean.
–%33ko edo hortik gorako desgaitasuna izatea, garraio kolektiboetan sartzea larriki eragozten duena, eta horrela egiaztaturik egotea Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak emandako desgaitasunaren ziurtagiri ofizialean.
–Osasun egoera dela edo beste arrazoi batzuk direla eta, ohiko bizilekutik kanpo joan-etorriak egiteko ezindurik ez egotea.
–Antsoaingo Udalarekiko zerga betebeharrak edo bertze udal betebehar batzuk eguneratuak izatea.
–Familia unitatearen hileko per capita errenta ez izatea deialdian adierazitako aurreko urteari dagozkion diru-sarrerak baino handiagoa.
–Familia unitatearen ondarea gehienez ere 150.000 eurokoa izatea, ohiko etxebizitzaren balioa kenduta. Halaber, laguntza ekonomikoa ukatu edo iraungi eginen da, baldin eta sumatzen bada eskatzailearen edo laguntzaren onuradunaren edo kide den familia unitateko kideren baten itxura hutseko pobretzea gertatu dela.
2.–Agiriak:
–Eskaerak egiteko eskabide orria aurkeztu beharko da, interesdunak berak sinatua edo, bestela, ordezkari batek, zuzenbidean balioa duen bideren bat erabiliz frogatzen badu ordezkaritza hori; horretarako, deialdi honen I. eranskinean ageri den eredua erabiliko da. Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:
–Onuraduna eta/edo haren ordezkaria dela egiaztatzen duen agiriaren fotokopia.
– Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak emandako Desgaitasunaren Ziurtagiri Ofizialaren fotokopia; ziurtagiriak garraio kolektiboak erabiltzeko zailtasunaren balorazioa jaso beharko du.
–Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren azken aitorpenaren fotokopia. Aitorpena egin beharrik ez badu, azken ekitaldiko Datu Fiskalen Orria, Ogasunak emandakoa, eta familia unitatearen diru-sarreren frogagiriak.
–Erantzukizuneko aitorpena, azken lau urteetan ibilgailuak matrikulatzeko zergaren salbuespenaren onurari dagokiona. (Eskabide ereduan).
–Erantzukizuneko aitorpena, ibilgailua erosi eta/edo egokitzearen onurari dagokiona, edozein administrazio publikok emana (eskabide ereduan).
–Erantzukizuneko aitorpena, eskatzaileak deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen dituela adierazten duena (eskabide ereduan).
–Enpresaren edo derrigorrezko hezkuntzako ikastetxearen ziurtagiria, interesduna bertako langilea edo ikaslea dela eta garraio egokiturik ez duela adierazten duena.
3.–Kudeaketa eta prozedura:
Taxi-bonuaren aplikazioari dagokionez, programa kudeatuko da Antsoaingo Udalaren eta Nafarroako Urritu Fisikoen Koordinaziorako Elkartearen (ACODIFNA) arteko hitzarmen bidez.
4.–Eskabideak aurkezteko epea eta tokia:
Eskaerak eskatzaileak sinatutako eskabidean aurkeztuko dira; horretarako, deialdi honi erantsitako eredu normalizatua erabiliko da. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina hasiko da, eta haren indarraldia bukatu arte iraunen du, hau da, 2017ko abenduaren 31 arte. Diru-laguntzak emanen dira onuradun izateko baldintzak betetzen dituzten eskabideak aurkeztu ahala, baldin eta aurrekontuan diru-izendapenik bada.
Antsoainen, 2017ko urtarrilaren 11n.–Alkatea, Ander Andoni Oroz Casimiro.
Iragarkiaren kodea: L1700586