1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2017ko irailaren 20an hartua, “Nafarroako Ubidearen eta haren eremu ureztagarriaren 1. fasea handitzen duen udalez gaindiko proiektu sektoriala” aldatzeko espedientearen tramitazioa hasten duena eremu osagarriei dagokienez; Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Zuzendaritza Nagusia da sustatzailea.
Nafarroako Gobernuak, Itoitz-Nafarroako Ubidearen baliabide hidraulikoari dagokion eremu ureztagarria garatzeko, Nafarroako Ubidearen 1. faseko ureztalurrak jarri ditu abian 2006tik 2012ra; guztira 22.472 hektarea dira.
Nafarroako Gobernuak, 2013ko irailaren 25ean hartutako Erabakiaren bidez, Nafarroako Ubidearen eta haren eremu ureztagarriaren 1. fasea handitzeko udalez gaindiko proiektu sektoriala onetsi zuen, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak sustaturik (2013ko 195. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 9koa). Irailaren 5eko 102/2012 Foru Dekretuaren bidez, eremu ureztagarri hori Nafarroako Foru Komunitateko Ureztalurren Planeko jarduketa zerrendan sartu zen.
Nafarroako Ubidearen 1. fasea handitzeko udalez gaindiko proiektu sektorialean aurreikusirik dago 15.275 hektarea ureztalur bihurtzea Nafarroako Ubidetik hornituz, handitutako eremuko hodiaren bidez (Arga-Ega adarra).
Une honetan, lehen fasea handituta, eremu ureztagarria osatzen duten sektoreei buruzko 20 proiektuetatik 11tan bukatuta daude ureztapen sareak, edo aurreratu samar dago haien eraikuntza.
Udalez gaindiko proiektu sektorialean orain planteatzen den aldaketaren arrazoiak hauek dira: proiektuak gauzatzeko lanek ematen duten definizioaren xehetasunak, ukitutako ureztatzaileen elkarteetako batzuek hartu dituzten jarrerak, eta Itoizko urtegiaren kontzesio-ezaugarriak aldatzeko ebazpena, Nekazaritza eta Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak Nafarroako Ubidearen Ureztatzaileen Elkarte Orokorrari emandakoa.
Aldaketa honen xedea da 2.144 hektarea ureztalur kentzea 2013ko proiektuan aurreikusitakoetatik, eta 3.008 hektarea gehitzea eremu ureztagarriari (eremu osagarriak izenekoak), proiektuan eremu berriak sartzeko eskaerei erantzuteko, zenbait arrazoirengatik (nekazaritzakoak, hau da, erabilera, ureztaketa sistema, eta abar, geologikoak, edafologikoak, ingurumen edo lurralde arlokoak) bazter utzi ez diren eremuak hain zuzen.
Nafarroako Ubidearen 1. fasea handitzeko duen udalez gaindiko proiektu sektorialeko eremu ureztagarriei 3.008 hektarea gehitzea planteatzen da, 10 udalerritan dauden 15 eremu osagarrirekin. Hau da banaketa:
UDAL-MUGARTEA | UREZTALUR BIHURTZEA PRESIO NATURALAREN BIDEZ | UREZTALUR BIHURTZEA PONPAKETA BIDEZ | PRESIO BIDEZKO UREZTAKETAREN HOBEKUNTZA ENERGETIKOA | UREZTALURRAK, GUZTIRA (HA) | AZAL. (HEKTAREAK) LURZ. BERR. |
Allo | 190 | | | 190 | 764 |
Andosilla | 37 | 106 | 80 | 223 | 964 |
Cárcar | 6 | | 33 | 39 | 96 |
Faltzes | 103 | | 60 | 163 | 261 |
Funes | | | 591 | 591 | |
Lerin | 565 | | | 565 | 999 |
Lodosa | | 96 | | 96 | |
Mendabia | 487 | | | 487 | 802 |
Azkoien | 272 | | 132 | 404 | 622 |
Sesma | | | 250 | 250 | |
Guztira (ha) | 1.660 | 202 | 1.146 | 3.008 | 4.508 |
% jarduketa mota | 55,2 | 6,7 | 38,1 | 100,0 | |
Txostena eskatu zaie erakunde hauei:
–Babes Zibilerako Zerbitzua.
–Herri Lan Zuzendaritza Nagusia.
–Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala.
–Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko Ur Baliabideen Atala.
–Ebroko Ur Konfederazioa.
–Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusia.
Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak, ingurumen eraginaren ebaluaziorako prozeduraren barruan, aditzera eman du ingurumen eraginaren azterketa bat datorrela araudian aurreikusitako edukiarekin, eta beraz, jendaurrean jar daitekeela 30 egunez proiektu teknikoarekin batera.
Gainerako txostenen ondorioak kontuan hartuko dira espedienteari buruzko ebazpenean.
Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen 2017ko irailaren 7ko txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik,
ERABAKI DU:
1. “Nafarroako Ubidearen eta haren eremu ureztagarriaren 1. fasea handitzen duen udalez gaindiko proiektu sektoriala” aldatzeko espedientearen tramitazioa hastea eremu osagarriei dagokienez; Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Zuzendaritza Nagusia da sustatzailea.
2. Aditzera ematea proiektuak txosten honetan eta txosten sektorialetan xedatutakoa bete beharko duela.
3. Nolanahi ere, obrak gauzatzean ukituta gelditzen ahal diren beste azpiegitura eta zortasun batzuei dagokienez, edo gauzatzea baldintzatzen ahal dutenei dagokienez, sustatzaileak behar diren baimen guztiak lortuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.
4. Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala aldatzeko espedientea jendaurrean jartzea hogeita hamar egunean eta, aldi berean, entzutea ematea ukitutako udalei.
Ondorio horietarako, espedientea interesdunen eskura egonen da Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren bulegoetan (Gonzalez Tablas kalea, 9-3. solairua, 31005 Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.
Agiria, halaber, web orri honetan ikusten ahalko da: http://www.ExposicionpublicaOT.navarra.es.
5. Orobat, proiektua jendaurrean jartzea, epe berean, Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren prozeduraren ondorioetarako, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean ezarritakoarekin bat.
6. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan; Babes Zibilerako Zerbitzuari, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, Ondare Historikoaren Zerbitzuko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko Ibaiak Lehengoratzeko eta Arrantza Kudeatzeko Atalari eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalari eta Estrategiaren eta Lurralde Antolamenduaren Atalari igortzea, eta Ebroko Ur Konfederazioari, Ingurumen Ministerioari eta Alloko, Andosillako, Cárcarko, Faltzesko, Funesko, Leringo, Lodosako, Mendabiako, Azkoiengo eta Sesmako udalei jakinaraztea, bai eta sustatzaileari ere, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2017ko irailaren 20an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.
Iragarkiaren kodea: F1711001