189. ALDIZKARIA - 2017ko irailaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BARAÑAIN

Udal ordenantza, udal lokalen erabileraren lagapena arautzen duena. Behin betiko onespena

Barañaingo Udalak, 2017ko ekainaren 27an egin osoko bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zuen Lokalen erabileraren lagapena arautzen duen udal ordenantza.

Onespen horren iragarkia 2017ko 142. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 24an, bai eta Barañaingo Udalaren iragarki oholean paratu ere, eta espedientea 30 egunean egon da jendaurrean, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluko aginduei jarraikiz.

Jendaurrean egoteko legezko aldia iraganik inork inolako alegaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatu foru legearen 325.1.c) artikuluaren bukaerako aginduen ondorioz, behin betiko onetsitzat jotzen da, eta eranskinean argitaratzen, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari jarraikiz.

Argitara ematen da aipatu agindua bete beharrez, eta ohartarazten ezen honako erabaki honen aurka –xedapen administratiboa baita– ezin dela administrazio bidean errekurtsorik paratu, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeko 112.3 artikuluari jarraikiz. Hortaz, behin betiko onespen honen aurka ondoko bideetakoren bat erabiltzen ahalko da:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari jarraikiz, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Barañainen, 2017ko irailaren 7an.–Alkatea, Oihane Indakoetxea Barbería.

ERANSKINA

ORDENANTZA, BARAÑAINGO UDALAREN LOKALEN ERABILERAREN LAGAPENA ARAUTZEN DUENA

I. KAPITULUA

Ordenantzaren xedea

1. artikulua.

1. Ordenantza honen xedea da irizpideak eta prozedura orokorra ezartzea udal lokalen erabilera lagatzeko, noizean behingo edo aldi baterako beharrak ase nahi dituzten entitate edo pertsonei zein lagapena eskatzen duten elkarteei.

2. III. kapituluko erabileraren lagapenen kasuan, lagapenaren xedea da gizarte entitateei beren jarduerak egiteko eta beren xede estatutarioak erdiesteko tokia ematea, betiere egonkortasuna eta jarraitasuna helburu.

2. artikulua.

1. Barañaingo Udalak kudeatuko du espazio eta baliabide horien erabilera, betiere kontuan izanik integrazioa eta partaidetza, herritar guztiak sartu ahal izateko, edozein gizabanako eta/edo talde delarik ere.

2. Nolanahi ere, espazio eta baliabide horien erabilerak bat eginen du haien izaera, eginkizun eta hornidurarekin.

II. KAPITULUA

Espazioen lagapena noizean behingo edo aldi baterako premietarako

3. artikulua.

1. Edozein pertsonak edo entitatek eska eta lor dezake baimena jarraian zerrendatzen diren espazio edo baliabideak erabiltzeko, betiere haren jarduera garatzeko eta noizean behingo edo aldi baterako premiak asetzeko.

2. Edozein pertsona edo entitate erabiltzailek baimenean biltzen den ordutegira eta, hala bada, egutegira egokituko du bere jardueren garapena; orobat, bidezkoa bada, udal organo eskudunak kasu bakoitzean onesten dituen tasak edo prezio publikoak ordaindu beharko ditu.

3. Aurretiaz dagokion udal baimena eskuratzen ez duten pertsonek eta entitateek ez dituzte erabiliko espazio, zerbitzu eta baliabideak.

4. artikulua.

Barañaingo Udalak ardura izanen du lokalak eta espazioak mantentzeko eta zerbitzu, programa edo jarduketen kudeaketa errazteko; izan ere, behar diren neurriak ezarriko ditu unean uneko errealitatera egokitzeko, bereziki komunitatetik eta elkarteetatik datozen jarduerak sustatzeko neurriak, eta neurri horiek eta Udalak proposatutakoak koordinatuko ditu.

5. artikulua.

Edozein pertsona edo entitateri bere jardueran, noizean behingo eta aldi baterako premietarako, espazio edo baliabideak erabiltzeko baimena emateko, horiek erabilgarri egon beharko dute, baita behar diren langileak eta haien lanorduak ere.

6. artikulua.

1. Pertsona eta entitate erabiltzaileek ondoko eskubideak izanen dituzte:

–Espazioak edo baliabideak ordenantza honetan eta ematen zaien baimenean ezarritako moduan erabiltzeko.

–Lokal, espazio edo baliabide ezberdinak erabiltzeko baldintzei buruzko informazioa jasotzeko.

–Espazioen kudeaketa hobetzeko egoki juzgatzen dituzten iradokizunak egiteko.

2. Pertsona eta entitate erabiltzaileek betebehar hauek dituzte espazioen erabilera egokiari dagokionez:

–Jokabide eta jarrera egokia izatea, gainerako pertsona eta entitate erabiltzaileak errespetatuz.

–Instalazioak eta zerbitzuak behar bezala erabiltzea, haiek zainduz eta zainaraziz; pertsona edo entitate erabiltzailea izanen da erantzulea erabilera desegokiaren ondorioz gerta daitezkeen kalteen aurrean.

–Erabiltzen diren eremuak eta baliabideak txukun eta garbi edukitzea, paperontziak, armairuak etab. behar bezala erabiliz.

–Ardurapean dituzten pertsonen gaineko erantzukizuna gauzatzea, baimendutako espazioak erabiltzen ari direnean, trabarik ez egiteko gainerako pertsona eta entitate erabiltzaileei.

–Espazio bakoitzerako ezarritako ordutegiak eta araudi berariazkoa une oro errespetatzea, eta udal langileek edozein unetan egin ditzaketen oharrei kasu egitea.

7. artikulua.

1. Entitateen edo pertsonen noizean behingo edo aldi baterako beharrak asetzeko aldi baterako lagako diren espazioak, honako hauetan diren lokal eta espazioak izanen dira:

–Kultur Etxea.

–Los Sauces-Sahats, Alaitz eta Eulza ikastetxe publikoak.

–Herriko Etxea –beheko solairuko erabilera anitzeko gela–.

–Clara Campoamor aretoa.

–Udal kiroldegiko lehenengo solairuan kokatutako gela.

–Telezentroa eta liburutegia.

2. Erabiliko diren eremuak eta baliabideak partekatzekoak dira, eta pertsonek edo entitateek ez dituzte modu esklusiboan erabiliko. Espazio ezberdinen ezaugarri berariazkoak kontuan hartuz, horietako bakoitzera bideratuko den jarduera ahalik eta egokiena izanen da, kontuan hartuz espazioaren izaera eta eginkizunak, bai eta bertako hornidura ere.

8. artikulua.

1. Arestian adierazitako espazioetako lokalak erabiltzeko bi modu ezarri dira:

–Aldi baterako lagapena: urtebetez jarduerak egiteko espazioak eskatu dituzten entitateei aplikatuko zaie; betiere, urte bakoitzeko irailetik maiatzera bitarteko denboraldiarekin bat eginen du.

–Noizean behingo lagapena: noizean behin jardueraren bat egiteko xedez eskatzen dituzten entitate eta pertsonei aplikatuko zaie; iraupen desberdinekoak izanen dira, iraunkorrak izan gabe eta zenbait ordutarako.

2. Aldi baterako emandako baimenak urtero berrituko dira, baldintza berriak ezarrita edo lehendik direnak aldatuta, betiere ukitutako espazio eta lokalen funtzionamendua hobetzeko.

3. Interes orokorreko arrazoiengatik, Barañaingo Udalak baliorik gabe utz dezake emandako edozein baimen, eta, kasua bada, ordaindutako tasa edo prezio publikoa itzuliko du, osorik edo dagokion proportzioan.

9. artikulua.

1. Espazioak lagatzeko beharrezkoa izanen da dagokion eskabidea aurkeztea, baldintza hauei jarraituz:

–Eskabide bakoitzean beharrezko datuak bilduko dira Barañaingo Udalak eskatzaileen ordutegiak eta jarduerak koordinatzeko, helbidea –jakinarazpena egin behar izanez gero– eta eskabidearen arduradunak, posta elektronikoaren helbidea eta telefono zenbakia ere emanda.

–Eskabidean, orobat, adieraziko dira eginen den jarduera, haren iraupena eta aurreikusitako parte-hartzaileen kopurua.

–Noizean behingo jardueren kasuan, gutxienez jarduera hasi baino 5 egun baliodun lehenago aurkeztu beharko da.

2. Bi jarduerek bat egiten badute espazio eta ordutegi berean, ezertan ukatu gabe eskabideei sarrera ordenaren arabera emanen zaien lehentasuna, formulak ezarriko dira ahal delarik horietako bat ez baztertzeko, horretarako kontuan hartuz jarduerak herritarrengan duen interesa eta eragina, bai eta une oro dagokion udal alorrak aplika ditzakeen irizpideak ere.

3. Espazioak aldi baterako eta modu iragankorrean erabiltzeko baimenak Alkatetzaren ebazpenaren bitartez emanen dira eta ez dira irmotzat hartuko, harik eta idatziz pertsona edo entitate eskatzaileari formalki jakinarazten ez zaion arte eta honek, kasua bada, baimenean ezartzen diren baldintzak eta betebeharrak betetzen ez dituen arte.

4. Edonola ere eta espazio bakoitzerako ezartzen den antolakundea ezertan ukatu gabe, ahaleginak eginen dira ordenantza honetako 8. artikuluan aipatzen diren aldi baterako lagapenek, irailetik maiatzera direnek, ez dezaten eragotzi esparru ezberdinetan jarduera puntualetarako espazioak eman ahal izatea.

5. Baimenean ezarritako betebeharrak betetzen ez badira edo lagatako espazioak desegoki erabili badira, aplikatzekoak izanen dira ordenantza honetako 23., 24. eta 25. artikuluak, betiere horietan ezarritako jokabide eta zehapenekin bat datozen neurrian, lokalak elkarteei lagatzeari buruzko zehapen araubideari buruzkoak baitira.

III. KAPITULUA

Espazioen lagapena elkarteei

10. artikulua. Entitate eskatzaileak.

1. Elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren babesean legez eratutako elkarteek udal lokala modu egonkor eta jarraituan erabiltzeko eskatu ahalko dute beren xede sozialari lotutako jardueretarako. Ezinbesteko baldintza izanen da elkarte interesdunak irabazi asmorik ez izatea eta izena emanda egotea Nafarroako Foru Komunitateko erregistro egokian eta, hala behar badu, Barañaingo Elkarteen Udal Erregistroan. Azken kasu horretan beharrezkoa izanen da izen emate hori lokala lagatzeko eskabidea aurkeztu baino sei hilabete lehenagokoa izatea, gutxienez ere.

2. Elkarteak irabazi asmorik ez duela ulertuko da estatutuetan hala adierazten denean eta inolako jarduera ekonomikorik ez duenean, edo jarduera ekonomikoaren helburu bakarra estatutuetan ezarritako interes orokorreko xedeak betetzea denean, bazkideen edo hirugarrenen artean inolako irabazirik banatu gabe, ez zuzenean ez zeharka.

3. Betiere, Barañaingo Udalak lagapenerako lehentasuna bermatuko die herritarrendako zerbitzuak eta laguntza ematea xede duten entitateei, eta erabileraren helburua honako hau dutenak:

–Hezkuntza zerbitzuak.

–Honelako gizarte arazoendako aurreneurriak edo laguntza bideratzea:

  • Aukera berdintasuna.
  • Gizarte bazterketaren aurkako borroka.
  • Desgaitasunak.
  • Droga kontsumoa.
  • Immigrazioa.
  • Balioen eta arduren garapena haurtzaroan eta/edo gaztaroan.
  • Hirugarren adina.
  • Gizarte eta osasun arloan diharduen beste edozein.

–Kulturako eta/edo aisia eta astialdiko beste proiektu batzuk, interes orokorrekoak.

4. Adjudikatzeko irizpide gisa, lokalaren zertarakoa ez ezik, kontuan hartuko da zenbat denboraz erabiliko den (egunero, astean behin, hamabostean behin...), zenbat izan daitezkeen zerbitzuaren onuradunak, elkarteak zenbat urte dituen herrian kokatuta eta bertako jardueretan parte hartzen, eta beste irizpide tekniko batzuk, beharrezkotzat jotzen direnak.

11. artikulua. Lagako diren lokalak.

Barañaingo Udalak udal lokalak lagako dizkie, prekarioan, eskaera egiten duten herriko elkarteei, hala behar badu eta ahal duen heinean. Lokal horiek ondareko ondasunak izanen dira eta aitzinetik zehaztuak, eta ez dira beharrezkoak izanen Udalaren beraren lehentasunezko xedeak lortzeko.

12. artikulua. Eskaerak.

Elkarteek idatziz eskatuko diote Udalari lokal baten lagapena, horretarako emanen zaien ereduari jarraituz; idazki horretan, besteak beste, jarduera eta zerbitzuen urteko proiektua azalduko da, eta zein diren ordutegiak, partaideak eta egindako edo, halakorik bada, egiteke dauden jarduerak. Eredua eraginkorra izan aitzin, dagokion Informazio Batzordeak aztertuko du.

Dagokion Informazio Batzordeak eskabideak aztertuko ditu. Eskura dauden ekipamenduak kontuan hartuta, txostena idatziko du eta hartan proposamena eginen.

13. artikulua. Lagapena.

1. Eskabidea azterturik, dagokion Informazio Batzordeak Udalbatzari osoko bilkuran erabaki bat hartzeko proposatuko dio, eta haren bidez gizarte entitate interesdunari baimena emanen zaio ordenantza honen xede diren higiezin edo ekipamenduak erabiltzeko, ondasunaren izaeraren arabera, ordenantza honen 11. artikuluari jarraituz.

2. Behin osoko bilkuran onetsirik, dagokion Alorrak erabilera lagatzeko erabakia prestatuko du, Tokiko Gobernu Batzarrak onets dezan. Delako erabakian zehatz adieraziko da zertarako erabiliko diren ondasunak, eta egokitzat jotzen diren baldintza, muga eta berme guztiak ezarriko dira. Horietakoren bat hausteak ondasuna erabiltzeko lagapena galtzea ekarriko du. Lagapenak urtero eginen dira, eta gehienez ere 5 urteko eperako luzatu ahalko dira automatikoki (ez da automatikoki luzatuko iraungitzeko arrazoirik baldin bada). 5 urtera iritsitakoan berriz ere erabileraren lagapena egin ahalko da, baldintzak ez badira aldatu, baina betiere lagapenaren baldintzak berrikusita.

3. Erabakiari ondasun higigarrien inbentarioa erantsiko zaio, horien erabilera ere lagatzen bada.

4. Erabakiak espresuki aipatuko ditu Udalak elkarteari lankidetzaren inguruan eskatzen dizkion konpromisoak, onura publikoko eta interes sozialeko helburuak betetzeko. Horiek bizilagunei on eginen diete eta betetzen ez badira ondasunak besterik gabe itzuliko zaizkio Udalari.

14. artikulua. Betebeharrak.

1. Lokal baten erabilera lagatzen zaion elkarteak ordenantza honetako xedapen eta arauak bete beharko ditu, baita Tokiko Gobernu Batzarraren erabakian ageri direnak eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta aldi bakoitzean indarra duten gainerako araudietan ezarritako guztiak ere.

2. Urte natural bakoitzaren hasieran elkarte adjudikazio-hartzaileak proiektu berri bat eta egindako jardueren memoria aurkeztuko dizkio Udalari. Udalak, horretarako, inprimaki estandarra prestatuko du, laburra, eta hura urteroko urtarrilean igorriko, elkarteei urte horretako plangintzan sartutako jardueren aurkezpena errazteko.

15. artikulua. Erabilerak.

1. Erabilera esklusiborako lagatzen diren tokiak bere eginkizun edo jardueretarako erabili ahal izanen ditu entitate onuradunak, estatutuetan ezarrita dituen helburuei jarraituz. Lagapen erabakian edo baimenean gai hori zehatzago arautu ahal izanen da, hala behar duten puntuetan.

2. Lokala, normalean, entitate bakar bati lagako zaio, baina hainbat entitateri ere laga ahalko zaio, batera erabil dezaten, eskura diren baliabideen ariora eta kontuan harturik jarduera mota zein den.

3. Lagapen erabakian zehaztuko da lokala zertarako den: bilera, biltegia, bulegoa eta abar. Biltegitako erabiltzen badira, bestelako tratamendua emanen zaie.

4. Aurrekoez bestelako erabilera guztiak Barañaingo Udalak baimendu beharko ditu.

16. artikulua. Mantentze-lanak.

1. Elkarteek behar bezala zaindu behar dituzte erabilera esklusiboko tokiak, erabilera orokorrekoak eta higiezin osoa, baita altzariak ere. Elkartekide edo erabiltzaileek ekintzaz edo axolagabekeriaz eragiten dituzten kalteen erantzuleak elkarteak izanen dira, eta lehenbailehen konpondu beharko dituzte kalteak beren kontura, Udalari baimena eskatu eta gero. Apartatu hau ez da aplikatuko erabiliaren erabiliaz edo ustekabekoen ondorioz lokala hondatzen denean, entitate onuradunak errurik izan gabe.

2. Entitate onuradunen egitekoa izanen da lagatako ondasun higigarriak mantendu eta konpontzea. Garbitasuna eta ordena zainduko dituzte. Egunero lokala erabili ondotik garbitu eginen dute eta altzari eta tresnak ordenatuko dituzte, zenbait elkartek batera erabiliz gero higiezina erabiltzeko baldintza hoberenetan dagoela bermatu beharko baitute.

Udalaren nahiz elkarteen gogoa da lokalak ahalik eta hobekien mantendu eta zaintzea, eta hori aldeko irizpidea izanen da lokalaren erabilera laga eta berritzeko tenorean.

3. Elkarte batek bakarrik erabiltzeko lagatzen diren lokaletan, elkarte onuradunak ordainduko ditu bere jarduerarako behar dituen argindarra, ura, gasa, berokuntza eta garbiketa. Telefono finkoa, haren alta, baja ematea eta ordainketa dagokion elkartearen kontura izanen dira, baita behar diren baimenen tramitazioa ere.

4. Zenbait elkartek batera erabiltzen dituzten lokaletan, Udalak jarriko ditu hornidura horiek. Gastuak elkarte adjudikazio-hartzaileen artean banatuko da bakoitzaren erabileraren ariora. Erabilera partekatuko lokal horien garbiketa elkarteen kontura izanen da. Elkarte bakoitzak ordena eta garbitasuna zainduko ditu, beste elkarteek ere lokala erabili ahal dezaten.

5. Erabilera laga ondoan, Udalak elkarte bakoitzaren zuzendaritza batzordeari emanen dizkie lokalak ireki eta ixteko giltzak. Elkartearen zuzendaritza batzordeak izanen du giltza horiek behar bezala gorde eta erabiltzeko ardura. Lagapen epea bururatuta, zuzendaritza batzordeak Udalari itzuliko dizkio bere esku dituen giltza guztiak.

17. artikulua. Ordutegiak.

1. Banakako erabilera.

Lokala elkarte bakar bati lagatzen zaionean, elkarteak nahi duen ordutegia ezarri ahal izanen du lokala ireki eta ixteko. Ordutegia betiere bateragarria izanen da indarra duen araudiarekin, eta lokala zabalik egonen da astean hogei orduz, gutxienez, bost egunetan edo gehiagotan banatuta.

Erabiltzeko orduen kopurua lagatzeko erabakian zehaztuko da, kontuan harturik bulegoa edo biltegia den.

Lokaletan eskola umeak edukitzen dituzten elkarteak eskola orduetan haur eta gaztetxo horiek ikastetxean egon daitezen arduratuko dira eta lokaletan egon edo sartzea debekatuko diete.

2. Zenbaiten arteko erabilera.

a) Lokal bat zenbait elkarteren artean elkarrekin erabiltzeko lagatzen denean, lagatzeko erabakietan zehaztuko da zein egun eta ordutan erabili ahal izanen duen lokala elkarte bakoitzak.

b) Herritar guztientzat irekitzen diren zentroak direnean, Barañaingo Udalak askatasunez ezarriko du zentroa irekitzeko ordutegia.

c) Entitate bati lokala erabiltzeko esleitzen zaion ordutegia eta tokia edonorentzat irekita dagoen ordutegia bat ez badatoz, entitateak lokala erabili ahal izanen du, baina lokaleko atea itxi beharko du sartu eta atera ondoan.

d) Ekipamenduak erabiltzeko egunak eta orduak banatu aitzin kontsulta eginen zaie ukitutako elkarte guztiei.

3. Nolanahi ere, beranduenera astegunetan 22:00etan itxiko da eta asteburuetan 24:00etan.

Salbuespenez, ordutegia epe baterako luzatzea aztertuko da, eta, hala behar badu, baita baimendu ere, betiere elkarteek ordutegia luzatzea justifikatzen duen programazioa aurkeztuz gero. Tokiko Gobernu Batzarrak eman beharko du baimen hori, dagokion udal batzordeari entzunda.

18. artikulua. Espazio komunak.

Zenbait entitatek partekatzen dituzten lokaletan, Barañaingo Udalak zehaztuko du, dagokion Alorraren bitartez, zein diren zentro bakoitzean guztiek erabiltzeko espazioak eta zertarako eta nola erabil daitezkeen. Esate baterako: iragarki ohola, atezaindegia edo gisakoak.

19. artikulua. Jarduera baimendu gabeak.

Lagatako lokalaren barnean, elkartearen autonomia ukatu gabe, ezin izanen da pertsonen berdintasunaren printzipioen aurkako jarduerarik egin. Horregatik, debeku dira indarkeriazko ekintzak, edo pertsonen duintasunaren kontrakoak, edo arraza, sexua, erlijioa, pentsaera, sexu joera eta gainerako inguruabar pertsonal edo sozialak direla-eta gizabanako edo taldeei bereizkeria egitea.

Debeku da lagatzeko erabakien bidez jasotzen diren lokalak elkartearen estatutuetan ageri ez diren jarduera ekonomikoetarako erabiltzea, bereziki jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri edo arriskutsuetarako. Instalazioetan ez da ostatu zerbitzurik izaten ahal. Orobat, debeku da lokalen barnealdean alkohola, tabakoa edo beste edozein estupefaziente kontsumitzea.

Debeku da lagatako espazioak erabiltzea justiziak debekatutako elkarte edo erakundeak laguntzeko jarduerak egiteko; hala egitea, erabileraren lagapena berehala bertan behera uzteko arrazoi justifikatua izanen da.

Ezin da paper, kartoi eta material sukoirik pilatu, erabiltzaileen segurtasuna arriskuan jarriko litzatekeelako. Lokal guztietan Larrialdi eta Suteetarako Plana eduki behar da. Udalak eginen du, kasuan kasuko elkartearekin lankidetzan.

20. artikulua. Obrak.

1. Barañaingo Udalak aldez aurretik baimena eman ezean, entitate onuradunek ezin izanen dute inolako obra edo jarduketarik egin erabilera esklusiborako lagatako tokian, ez ondasun higigarrietan, ezta, oro har, higiezin osoan ere.

2. Obra edo jarduketak ondasun higiezinaren mesedetan eginen dira eta haiengatik ez da inolako kalte-ordain edo konpentsazio ekonomikorik jasoko.

3. Artikulu honetako 1. apartatuan xedatua urratzen bada, Udalak lokalaren erabilera elkarteari lagatzeko erabakia ezeztatu ahal izanen du, edota ondasuna lehengoratzeko agindu, eta elkarteak ez du eskubiderik izanen kalte-ordain edo konpentsazio ekonomikorik biltzeko. Erabiltzaileak egin ezean, haren ordez Udalak egin ahal izango ditu lehengoratze obrak eta entitateak ordaindu beharko du kostua. Ondasuna lehengoratzerik ez badago, hondatuko litzatekeelako, kalteen eragileak kalte-ordaina eman beharko du.

21. artikulua. Erantzukizun zibila eta fidantza.

1. Entitate bakoitzak zuzenean erantzun beharko du berari lagatako tokietan bere kide eta erabiltzaileek ekintzaz edo omisioz, doloz edo zabarkeriaz hirugarrenei eragiten dizkieten kalte eta galerengatik. Udala ere hirugarrena izanen da.

2. Entitate bakoitzak aseguru poliza bat eduki beharko du, erantzukizun zibilerako eta higiezinean eragin litezkeen kalteetarako. Erabilera lagatzeko erabakian zehaztuko da polizak gutxienez zenbateko balioa aseguratu behar duen, kontuan izanik lokalaren erabilera, elkartekideen kopurua, higiezinaren balioa eta beste alderdi objektibo batzuk.

Udalak lokalen gaineko asegurua du, eta hartan jasotzen da haiei egiten ahal zaizkien kalteen erantzukizun zibila.

Elkarteek, berriz, berea duten edukia aseguratuko dute, beren material eta ondasunak bermatzeko, beharrezkotzat jotzen badute. Edukiaren gaineko asegururik ez bada, Udalak ez du bere gain hartuko harekin gertatzen ahal den galera, ebasketa edo kalterik.

Elkarteen erantzun zibileko asegurua Udalarenaren osagarria izanen da.

3. Elkarte onuradunak behar bezala frogatu beharko du aseguru poliza ordaindu duela. Barañaingo Udalaren zerbitzu teknikoek noiznahi eskatzen ahalko dizkiote ordainagiriak.

4. Udalak fidantza eskatu ahal izanen du, legez onartzen diren moduetako edozeinen bidez, 22. artikuluan erabileraren gainean ematen diren arau orokorrak ez betetzeagatik. Udalaren eraikin, lokal eta instalazioak behar bezala erabiltzeko eta lagapenaren aitzin zeuden horretara lehengoratzeko betebeharrei erantzuteko izanen da fidantza. Halaber, lagatako eraikin, lokal eta instalazioetan kalte-galerarik eragin bada, erabiltzaileek ordaindu beharko dituzten kalte-ordainen berme izanen da delako fidantza. Horretaz gain, ordenantza honen aplikazioaren ondorioz ezartzen diren zehapenak ordaintzeko erabiltzen ahalko da. Fidantzaren zenbatekoa Tokiko Gobernu Batzarrak zehaztuko du, aplikatu behar den araudiari jarraituz.

22. artikulua. Betebeharrak.

Herritarren elkarte eta entitate guztiek ordenantza honetako arau orokorrak bete behar dituzte, eta zehazki:

a) Lagapen erabakian ezarritako ordutegiak edo Barañaingo Udalak baimentzen dizkienak errespetatu behar dituzte.

b) Lagatako espazioa erregistro ofizialetan aurkeztu dituzten estatutuetan adierazitako xede sozialerako erabiliko dute; bai eta orobat, lagapen erabakiak ezartzen duen xederako edo Alkatetzak puntualki eta espresuki baimentzen duenerako.

c) Lokalean ez dute inola ere hirugarrenen publizitate komertzialik eginen, Udalaren baimena izan ezean. Publizitatetzat joko da zerbitzu eta/edo ondasun higigarri nahiz higiezinen salerosketa edo kontratazioa zuzenean edo zeharka eragin edo sustatzea xede duen komunikazio mota oro.

d) Lokala erabiltzen duten beste entitate edo elkarteei esleitutako tokiak errespetatu behar dituzte, haien jardueretan trabarik egin gabe.

e) Guztiek erabiltzeko tokien helburua eta xedea errespetatu beharko dituzte.

f) Lokalak erabiltzen dituzten orduetan ez diete eragozpenik sortuko auzokoei eta ez dute inguruko lasaitasuna hautsiko. Horretarako, indarra duen araudian ezarritako neurriak hartuko dituzte.

g) Erabiltzeko lagatzen zaizkien tokiak egoera onean edukiko dituzte osasungarritasun eta higienearen aldetik.

h) Lokaleko giltzak zainduko dituzte eta zentroa itxiko dute, erabiltzen azkenak badira, salbu eta lagapen erabakian besterik xedatzen denean. Gainera, lagatako tokiak behar bezala erabil daitezen begiratuko dute, erabiltzaileak zainduz eta kontrolatuz.

i) Esleitu zaien tokiaren erabilera ez diote inori lagako ez osorik ez zati batean, elkarteko kidea izan ala ez.

j) Jendearendako zabalik dauden lokaletan, funtzionamendu orduetan, ez diote inori sarrera galaraziko bere arrazagatik, sexuagatik, erlijioagatik, iritziagatik, sexu joeragatik edo beste edozein egoera edo inguruabar pertsonal nahiz sozialengatik.

k) Gertatzen diren gorabehera edo arazoen berri emanen diote Barañaingo Udalari, eta larrialdiak berehala jakinaraziko dizkiote.

l) Erabilera lagatzeko erabakia iraungi edo ezeztatuz gero, tokiak eta ondasunak Barañaingo Udalari itzuliko dizkiote lehengo hartan, erabileraren ondoriozko higadura salbu.

m) Une oro Udalari jarraipen eta ikuskapen ahalmena erabiltzen utziko diote, begiratu ahal izateko ea betetzen diren ordenantza hau, indarra duten arauak eta erabilera lagatzeko edo baimentzeko erabakia. Leku guztietara sartzen utziko diote eta eskatzen dituen informazioa eta agiriak emanen dizkiote.

n) Herritarrei hitzaldiak, tailerrak eta jarduera irekiak eskaintzea eta Udalak garatzen dituen jardueretan parte hartzea.

23. artikulua. Betebeharrak betearazteko kontrolaren araubidea.

Lokalak erabiltzen dituzten entitateen arau-haustetzat joko dira:

a) Udalaren eraikin eta lokalak haren baimenik gabe okupatzea.

b) Baimena izanik okupaturiko lokal edo egoitza egunero garbitzeko lanak ez egitea, ordenantza honetan ezarri bezala.

c) Lokaletan, instalazioetan, ekipamenduetan eta erabilitako lokaletako gainerako ondasun higigarrietan kalteak egitea.

d) Erabiltzen diren eraikin edo lokaletako giltzen kopiak egitea alkatearen baimenik izan gabe.

e) Erabili diren eraikin eta lokaletatik behin betiko alde egiten denean giltzak berehala ez itzultzea.

f) Ordenantza honen kontrako beste edozein arau-hauste.

g) Eskola ordutegian, 16 urtetik beheitiko bati lokalean sartzen uztea.

h) Lagatako espazioa elkartearen estatutuetan adierazitakoaz besteko jarduerarako erabiltzea, bai eta lagapen erabakian edo Udalaren berariazko baimenetan jasotakoez besteko jardueretarako ere.

i) Lokalen barnealdean alkohola, tabakoa edo beste edozein estupefaziente kontsumitzea.

24. artikulua. Arau-hausteak arinak, larriak edo oso larriak izan daitezke.

–Arau-hauste arinak aitzineko artikuluko b), e) eta f) letretan agertu direnak dira.

–Arau-hauste larriak aitzineko artikuluko c), d), g), h) eta i) letretan ezarritakoak.

–Arau-hauste oso larriak aitzineko artikuluko a) letran agertu dira.

25. artikulua. Arau-hausteak honela zehatuko dira:

a) Arinengatik, 100 eurotik 500 eurora bitarteko isuna.

b) Larriengatik, 501 eurotik 1.000 eurora bitarteko isuna.

c) Oso larriengatik, 1.001 eurotik 1.800 eurora bitarteko isuna.

Urte berean bi arau-hauste arin egitea arau-hauste larritzat joko da. Urte berean bi arau-hauste larri edo bi arin eta larri bat egitea arau-hauste oso larritzat joko da. Arau-hauste oso larriak, gainera, lagapena bertan behera utziko du.

Zehapena ezartzeko organo eskuduna Tokiko Gobernu Batzarra izanen da, dagokion udal batzordeko gehiengoak eskatuta. Zehapen horiek ezartzeaz gainera dagokien kalte-galeren ordaina eskatuko da.

26. artikulua.

Barañaingo Udalak noiznahi ikuskatu ahal izanen ditu lagatako lokalak. Ikuskapenaren ondorioz, entitate onuradunaren ez-betetze larri edo oso larriren bat agerian gelditzen bada, Udalak zilegi izanen du arauak betetzeko eskatzea edo lokalak erabiltzeko lagapena edo baimena ezeztatzea.

27. artikulua.

Barañaingo Udalak betebehar hauek hartzen ditu bere gain:

a) Ordenantza honetatik eta indarra duen legeditik sortzen direnak.

b) Zentro bakoitzean guztiek erabiltzen dituzten espazioak egoera onean edukitzea osasungarritasun eta higienearen aldetik.

c) Barañaingo Udalari dagozkio egiturazko mantentze-lanak, hau da, eraikinaren egitura, fatxadak eta estalkiak eta kanpoaldeko zerbitzu-harguneak mantentzeko konponketak eta berrikuntzak, baldin eta lokalaren erabilera arrunt eta ohikoaren ondoriozkoak badira. Halaber Udalari dagokio ur, argi, berokuntza eta gas horniduretarako loturak egitea.

28. artikulua.

Udalak prekarioan lagako ditu ordenantza honen xede diren lokalak. Prekarioan egiten den lagapena Udaleko Osoko Bilkuraren erabaki arrazoituaren bidez amaituko da, Tokiko Gobernu Batzarrak eskatuta. Udalak entitate onuradunari bi hilabeteko epea emanen dio lokala itzultzeko, behar den errekerimendua eginez.

Lagatzeko erabakia arrazoi hauengatik iraungi daiteke:

a) Hasieran ezarritako epea edo horren luzapenak amaitu direlako.

b) Alderdiak ados jarri direlako.

c) Entitateak uko egiten dielako lagatako lokalei, edo ez dituelako benetan erabiltzen.

d) Lagapen erabakian onartu ez diren edo ordenantza honekin bat ez datozen jarduerak, zerbitzuak edo bestelakoak egiten direlako, etengabe edo horiek bakarrik, bereziki partikularrei irabaziak dakarzkieten jarduera ekonomikoak.

e) Entitatea desegin delako.

f) Lokalaren beharra dagoelako, behar adina arrazoituta, beste zerbitzu publiko batzuk egiteko.

g) Betiere, ordenantza honen 23. artikuluko arau-hauste oso larri bat, bi arau-hauste larri edo sei arau-hauste arin egiteagatik.

29. artikulua.

Arrazoi horietako batengatik erabileraren lagapena iraungitzen denean, entitate edo elkarteak ez du eskubiderik izanen inolako kalte-ordain edo konpentsazio ekonomikorik biltzeko.

30. artikulua.

Erabilera lagatzeko erabakia suntsitu edo iraungi ondotik, elkarteak, 15 egun natural iragan aitzin, berriz ere Barañaingo Udalaren esku jarri beharko ditu lagatako tokia eta ondasunak. Hala egin ezean, atzerapenak ekar ditzakeen kalte-galeren erantzulea izanen da.

XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA

Ordenantza hau onetsi aurretik Udalaren lokal, eraikin edo instalazioak erabiltzen ari diren entitateek, noizean behingo edo aldi baterako beharretarako ez badira, eskabide berria aurkeztu beharko dute, hiru hilabeteko epean, ordenantza honek indarra hartzen duenetik hasita, Udalak, 11. artikuluari jarraituz, aldez aurretik zehaztu dituen lokalen artetik, horietako baten erabilera lagatzeko; gero ordenantza honetako III. kapituluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditzen dira ordenantza honetan xedatutakoaren aurka doazen udal xedapen guztiak, eta, bereziki, Barañaingo udal lokalen erabilera herritarren elkarteei lagatzea arautzen duen ordenantza, udal honen osoko bilkuran onetsi zena 2007ko urtarrilaren 25ean (2007ko 73. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 13koa).

Iragarkiaren kodea: L1710423