189. ALDIZKARIA - 2017ko irailaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

310/2017 FORU AGINDUA, abuztuaren 22koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, aldatzen duena urtarrilaren 18ko 62/2013 Foru Agindua, Gizarte Politiketako kontseilariak emana. Foru agindu horren bidez, mendekotasuna dutenentzako laguntzaren arloko hainbat prestazio eta zerbitzuren arteko bateragarritasun araubidea ezarri zen, eta mendekotasuna duten pertsonak etxean gelditu eta haien zaintzaileei sostengua emateko laguntza ekonomikoak arautu ziren.

Ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren bidez, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onetsi zen. Horren bidez ezartzen dira Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde osoan aplikatzekoak diren gizarte zerbitzuen sistema publikoaren prestazioak.

Urriaren 6ko 1/2011 Foru Lege-Dekretuak, defizitaren helburua betetzeko hainbat neurri onesten dituenak, ezartzen du aipatutako ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuan onetsi zen gizarte zerbitzu orokorren zorroko prestazioak bateraezinak direla beren artean mendekotasuna dutenentzako laguntzaren arloan, baina Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilariaren foru aginduen bitartez erabakitzen ahalko dela prestazio horietako batzuen arteko bateragarritasuna.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Balorazioen eta Zerbitzuen Zuzendariordetzak proposamena egin du Gizarte Politiketako kontseilariak urtarrilaren 18an emandako 62/2013 Foru Aginduaren 3.3 eta 13.4 artikuluak aldatzeko, kasu hauetarako: mendekotasuna duten pertsonak etxean gelditu eta haien zaintzaileei sostengua emateko laguntza ekonomikoak bateragarriak direnean arreta goiztiarrarekin eta Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe batera joatearekin. Kasu horietan, haren zenbatekoa ez da minimoa izanen, baizik eta 14., 15. eta 16. artikuluetan ezarritako baremoen arabera dagokiena.

Nafarroako Desgaitasunaren Kontseiluak, Nafarroako Adinekoen Kontseiluak eta Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluak egin dute txostena proiektuari buruz.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, Nafarroako Kontseiluarekin bat.

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra.–Gizarte Politiketako kontseilariak urtarrilaren 18an emandako 62/2013 Foru Aginduaren 3.3 eta 13.4 artikuluak aldatzea; foru agindu horren bidez, mendekotasuna dutenentzako laguntzaren arloko hainbat prestazio eta zerbitzuren arteko bateragarritasun araubidea ezarri zen, eta mendekotasuna duten pertsonak etxean gelditu eta haien zaintzaileei sostengua emateko laguntza ekonomikoak arautu ziren. Honela idatziak geldituko dira:

Bat. 3. artikuluko 3. idatz-zatiak idazketa hau izanen du:

“3. Laguntza ekonomikoa beste prestazio batekin bateragarria denean, laguntza horren zenbatekoa 13.4 artikuluan adierazitakoa izanen da.”

Bi. 13. artikuluko 4. idatz-zatiak idazketa hau izanen du:

“4. Bestetik, diru-laguntzaren onuradunak beste edozein prestazio edo zerbitzu ere jasotzen badu, eta foru agindu honetan ezarritakoari jarraikiz bateragarria bada, hura jasoko du, mendekotasun gradu bakoitzerako ezarritako gutxieneko zenbatekoan. Halere, dagokion laguntza ekonomikoa emanen da 14., 15. eta 16. artikuluetan ezarritako baremoen arabera, bateragarritasuna haren eta ondorengo zerbitzuen artean gertatzen denean:

a.–Larrialdietarako telefono zerbitzua.

b.–Laguntza Goiztiarraren Zerbitzua.

c.–Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe batera joatea.”

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2017ko abuztuaren 22an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, Miguel Laparra Navarro.

Iragarkiaren kodea: F1710077