188. ALDIZKARIA - 2017ko irailaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑERRIKO MANKOMUNITATEA

Behin betiko onestea Iruñerrian Taxi Zerbitzua Batera Emateko Lurralde Esparruan taxi zerbitzuaren diru-laguntzak
arautzeko ordenantza

Iruñerriko Mankomunitatearen Batzar Nagusiak, 2017ko ekainaren 27an egindako bilkuran, Iruñerrian Taxi Zerbitzua Batera Emateko Lurralde Esparruan taxi zerbitzuaren diru-laguntzak arautzeko ordenantza onartu zuen hasiera batean.

Onesteko erabaki hori 136. zenbakiko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2017ko uztailaren 14an, eta jendaurreko epean inork alegaziorik aurkeztu ez duenez, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluetan xedatutakoari jarraituta, behin betiko onetsi da aldaketa eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2017ko irailaren 15ean.–Lehendakaria, Aritz Ayesa Blanco.

IRUÑERRIKO MANKOMUNITATEAREN DIRU-LAGUNTZEN ORDENANTZA, TAXIAREN ARLOAN, IRUÑERRIAN TAXI
ZERBITZUA BATERA EMATEKO LURRALDE EREMUAN

Aurkibidea

ZIOEN AZALPENA

I. TITULUA.–Xedapen orokorrak.

1. artikulua. Xedea eta aplikatzeko esparru orokorra.

2. artikulua. Kontzeptua eta aplikatzeko esparru materiala.

3. artikulua. Diru-laguntzen plan estrategikoa.

4. artikulua. Diru-laguntzak emateko printzipio arauemaileak eta irizpide objektiboak.

5. artikulua. Diru-laguntzak emateko betekizunak.

6. artikulua. Araubide juridikoa.

7. artikulua. Diru-laguntzak emateko eskumena duten organoak.

8. artikulua. Onuradunak.

9. artikulua. Erakunde laguntzaileak.

10. artikulua. Onuradun edo erakunde laguntzaile izateko betekizunak. Eskaerak aurkezteko modua eta epea.

11. artikulua. Onuradunen betebeharrak.

12. artikulua. Erakunde laguntzaileen betebeharrak.

13. artikulua. Lankidetza hitzarmena.

II. TITULUA.–Diru-laguntzak emateko prozedurak.

I. KAPITULUA.–Prozedura desberdinen sailkapena.

14. artikulua. Kontzesio prozedurak: norgehiagoka bidez, banakako ebaluazioaren araubidea eta zuzeneko kontzesioa.

II. KAPITULUA.–Norgehiagokako araubideari jarraituta diru-laguntzak emateko prozedura.

15. artikulua. Abiapuntua: deialdia.

16. artikulua. Instrukzioa.

17. artikulua. Ebazpena.

18. artikulua. Publizitatea.

III. KAPITULUA.–Iruñerriko Mankomunitatearen aurrekontu orokorrean berariaz izendatuta aurreikusitako diru-laguntzak zuzenean emateko araubidea eta prozedura.

19. artikulua. Araubidea.

20. artikulua. Hastea.

21. artikulua. Instrukzioa.

22. artikulua. Ebazpena.

23. artikulua. Diru-laguntza onartzea.

III. TITULUA.–Diru-laguntzak kudeatu eta justifikatzeko prozedura.

I. KAPITULUA.–Diru-laguntzen xede diren gastuak, azpikontratazioa eta finantzabideak.

24. artikulua. Diruz laguntzen ahal diren gastuak.

25. artikulua. Azpikontratazioa.

26. artikulua. Diruz lagundutako jardueren finantzaketa.

II. KAPITULUA.–Aurrekontua kudeatzeko prozedura.

27. artikulua. Gastua onartzea.

28. artikulua. Diru-laguntza ordaintzea.

III. KAPITULUA.–Iruñerriko Mankomunitateak emandako diru-laguntzen justifikazioa.

29. artikulua. Justifikazioa.

30. artikulua. Egindako gastua frogatzen duen kontu bidezko justifikazioa.

31. artikulua. Gastua moduluka frogatzea.

32. artikulua. Justifikazioa, kontabilitate orriak aurkeztuta.

33. artikulua. Erakunde laguntzaileek kudeatutako diru-laguntzen justifikazioa.

34. artikulua. Justifikatzeko epea.

35. artikulua. Justifikatzeko betebeharra ez betetzeak dakartzan ondorioak.

36. artikulua. Diru-laguntzak egiaztatzea.

37. artikulua. Balioak egiaztatzea.

IV. TITULUA.–Diru-laguntzak itzuli behar izatea.

I. KAPITULUA.–Diru-laguntzak itzuli behar izatea.

38. artikulua. Diru-laguntza emateko ebazpena baliogabea izatea.

39. artikulua. Gastuak itzultzeko eta atxikitzeko arrazoiak.

40. artikulua. Itzuli beharreko kredituaren izaera.

41. artikulua. Preskripzioa.

42. artikulua. Itzuli beharra dutenak.

II. KAPITULUA.–Itzultzeko prozedura.

43. artikulua. Itzultzeko prozedura.

V. TITULUA.–Finantza-kontrola.

44. artikulua. Finantza-kontrolaren xedea.

45. artikulua. Finantza-kontrolaren prozedura.

VI. TITULUA.–Diru-laguntzen arloko arau-hauste eta zehapen administratiboak. Zehapen prozedura.

46. artikulua. Aplikagarria den araubide juridikoa.

47. artikulua. Zehapenak.

AZKEN XEDAPEN LEHENA.

AZKEN XEDAPEN BIGARRENA.

ZIOEN AZALPENA

Uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legeak, 3. artikuluan dauden printzipio nagusien barnean, administrazio publikoen, taxiaren arloaren eta erabiltzaileen ordezkarien arteko lankidetza ezartzen du, alde bakoitzaren erantzukizun eta eskumen esparruen barnean, taxiaren zerbitzua garraio publikoko mota gisa erabiltzea sustatzeko, eta bai taxiaren arloa modernizatzea ere, zerbitzua hobeki emateko eta ingurumena babesteko bidea ematen duten aurrerabide teknikoetara egokituta.

Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 51. artikuluak, hiriko garraioko moten integrazioa arautzean, adierazten du baterako zerbitzurako eremu bakoitzeko taxi zerbitzua erabat sartuko dela eremuko hiri garraioko sisteman, eremuko garraio publikoaren plangintza, koordinazioa, batasun ekonomikoa, sustapena eta garapena bateratzeko; eta baterako zerbitzurako eremuko bakoitzeko hiri garraioko sisteman sartuko direla eremua kudeatzen duen toki erakundearen eskumeneko garraio publiko mota guztiak.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak -Iruñerriko Mankomunitateari aplikatu beharrekoa da- 3.1.b eta 5. artikuluetan jasota duenaren arabera, ezartzen du 9. artikuluan, diru-laguntzak eman aurretik, lege horretan ezarritako baldintzetan ematea arautzeko oinarriak finkatzen dituzten arauak onartu beharko direla eta dagokion aldizkari ofizialean eman beharko direla argitara.

Bere aldetik, lege horren 17.2 artikuluak jasotzen du tokiko korporazioen diru-laguntzak arautzeko oinarri horiek aurrekontua betetzeko oinarrien esparruan onartu beharko direla, diru-laguntzen ordenantza nagusi baten bidez edo berariazko ordenantza baten bidez diru-laguntza mota desberdinetarako.

Aurreko paragrafoan azaldutakoa betetzeko, taxiaren arloan diru-laguntzak emateko oinarri orokor batzuk onetsi behar dira, Garraioaren V. Planean eta 2017rako Mankomunitateak onartutako aurrekontuetan jasotakoa betetzeko, eta bai, taxiaren arloan, etorkizunean egin daitezkeen garraio planetan eta Mankomunitateak onar ditzakeen aurrekontuetan aurreikusten diren etorkizuneko diru-laguntzetarako. Hori gauzatuko da Iruñerrian taxi zerbitzua batera emateko lurralde eremuan taxiaren arloan diru-laguntzak emateko berariazko ordenantza honen bidez.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean, 133. artikuluan, jasota dagoenaren arabera, kontsulta publikoa 2017ko apirilaren 12a eta 2017ko maiatzaren 9a artean egin da.

Aurreko guztia aintzat harturik, premia, efikazia, proportzionaltasun, segurtasun juridiko, gardentasun eta efizientzia printzipioak betetzen dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean, 129. artikuluan, jasota dagoenaren arabera.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta aplikatzeko esparru orokorra.

1. Ordenantza honen xedea da Iruñerriko Mankomunitateak, taxiaren arloan, Iruñerrian taxi zerbitzua batera emateko lurralde eremuan, ematen dituen diru-laguntzen araubide juridiko orokorra ezartzea.

2. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean, 17.3 a) artikuluan jasota dagoenaren eraginetarako, diruz lagundu daitezkeenak izan ahal izango dira objektu, gai, helburu, egitasmo, jarduera edo jokaera hauek. Haiek berariaz garatu ahal izango dira edo zehatzago definitu, dagozkien deialdien bidez:

a) Ibilgailu ekologikoak sustatzea, taxiaren zerbitzuan.

b) Ahalmen urritasunen bat duten pertsonei zerbitzua ematea hobetzea.

c) Taxiaren segurtasun elementuak hobetzea, titularretako bakoitzaren premietara egokituta.

d) Dagozkien deialdietan ezartzen diren beste batzuk.

2. artikulua. Kontzeptua eta aplikatzeko esparru materiala.

1. Ordenantza honen eraginetarako, diru-laguntza da Iruñerriko Mankomunitateak egindako diru xedapen oro, onuradunen alde egina, betiere baldintza hauek betetzen badira:

a) Onuradunen zuzeneko kontraprestaziorik gabe eman behar da dirua.

b) Diru-laguntza emateko baldintza izango da xede jakin bat betetzea, proiekturen bat gauzatzea, jardueraren bat egitea, jokaera berezi bat hartzea -hori guztia gauzatuta edo gauzatzeko egonda- edo egoera bat gertatzea; eta ezartzen diren betebehar materialak eta formalak bete beharko ditu onuradunak.

c) Finantzatzen den proiektu, ekintza, jokaera edo egoeraren helburuak onura publikoko edo gizarte intereseko jardueraren bat bultzatzea edo xede publikoren bat sustatzea izan behar du.

2. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen IV. tituluko I. kapituluan xedatutakoaren arabera eta hura garatzen duten xedapenei jarraituz arautuko dira doan emandako ondasun eta eskubideak. Edonola ere, ondasun, eskubide edo zerbitzuak emateari ordenantza hau aplikatuko zaio, Iruñerriko Mankomunitateak eskuratzen dituenean haiek ordenantza honetan zehaztutako onuradunetakoren baten eskuetan uzteko beste xederik gabe.

3. artikulua. Diru-laguntzen plan estrategikoa.

1. Garraioen Arloak, aurretik, diru-laguntzen plan estrategiko bat egin beharko du Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorreko Erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan jasota dagoenarekin bat eginez.

2. Iruñerriko Mankomunitateko lehendakariak onartu beharko du diru-laguntzen plan estrategikoa.

3. Plan horrek ahalbidetuko du bera aplikatzetik eratorritako emaitzak kontrolatzea eta, egokia bada, ebaluatzea ondoren.

4. artikulua. Diru-laguntzak emateko printzipio arauemaileak eta irizpide objektiboak.

Printzipio arauemaile hauen arabera kudeatuko dira ordenantza honek aipatzen dituen diru-laguntzak:

a) Publikotasuna, gardentasuna, lehia, objektibotasuna, tratuaren berdintasuna eta diskriminazio eza.

b) Eraginkortasuna finkatutako helburuak betetzean.

c) Eragimena, baliabide publikoak esleitu eta erabiltzean.

d) Bitartekoak eta helburuak elkarrekin bat etortzea, laguntzak emateko arrazoia izan dadin.

5. artikulua. Diru-laguntzak emateko betekizunak.

Ondoko baldintzak bete behar dira nahitaez, diru-laguntzak emateko:

a) Diru-laguntza ematen duen administrazio organoa eskuduna izatea.

b) Kreditu egokia eta nahikoa izatea, diru-laguntza emateak berekin dakartzan betebehar ekonomikoei aurre egiteko.

c) Diru-laguntza emateko prozedura tramitatzea.

d) Eduki ekonomikoa duten egintzen aldez aurretiko fiskalizazioa, aplikatzekoak diren arauetan aurreikusitakoarekin bat.

e) Horretarako eskumena duen organoak gastua onestea.

6. artikulua. Araubide juridikoa.

Arlo honetan Iruñerriko Mankomunitateak emandako diru-laguntzak ondokoek arautuko dituzte: ordenantza honetan jasotako aginduak, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen V. tituluaren VI. kapitulua, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorreko Erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua eta aplikagarriak diren administrazio zuzenbideko gainerako arauak.

7. artikulua. Diru-laguntzak emateko eskumena duten organoak.

Iruñerriko Mankomunitatearen esparruan, diru-laguntzak emateko eskumena lehendakariak izango du, alde batera utzirik dauden ordezkaritzak edo etorkizunean eman daitezkeenak, eta hala egiten bada, eskumena edukiko dute, ordezkaritza horietan dagoen helmenarekin, aipatutako ordezkaritzek ezartzen dituzten organoek.

8. artikulua. Onuradunak.

1. Diru-laguntzen onuraduntzat jo ahal izango dira Iruñerrian taxi zerbitzua batera emateko lurralde eremuaren barnean aritzeko taxi lizentzien titularrak, diru-laguntza ematea funtsatu zuen jarduera gauzatuko dutenak edo diru-laguntza ematea bidezko bilakatzen duen egoeran daudenak.

2. Era berean, diru-laguntzen onuraduntzat jo ahal izango dira Iruñerrian taxi zerbitzua batera emateko lurralde eremuaren barnean aritzeko taxi lizentzien titularren elkarteak edo pertsona juridikoak, diru-laguntza ematea funtsatu zuen jarduera gauzatuko dutenak edo diru-laguntza ematea bidezko bilakatzen duen egoeran daudenak.

9. artikulua. Erakunde laguntzaileak.

Hauek joko dira erakunde laguntzailetzat: diru-laguntzari dagokion guztian organo emailearen izenean eta haren kontura arituta, onuradunei funts publikoak eman eta banatzen dizkietenak, edo, aurretiaz funtsak eman eta banatu gabe, diru-laguntzaren kudeaketan laguntzen dutenak. Funts horiek ez dira inoiz hartuko erakunde laguntzailearen ondaretzat.

10. artikulua. Onuradun edo erakunde laguntzaile izateko betekizunak. Eskaerak aurkezteko modua eta epea.

1. Onuraduntzat jo ahal izango dira Iruñerrian taxi zerbitzua batera emateko lurralde eremuan aritzeko taxi lizentzien titularrak.

2. Onuraduntzat edo erakunde laguntzailetzat jo ahal izango dira Iruñerrian taxi zerbitzua batera emateko lurralde eremuan aritzeko taxi lizentzien titularren elkarteak edo pertsona juridikoak.

3. Ezin izango dira onuradun edo erakunde laguntzaile izan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13. artikuluan jasotako egoeretakoren batean daudenak.

4. Horrez gain, ezin izango zaie diru-laguntzarik eman Iruñerriko Mankomunitatearekin dauzkaten zorrak direla-eta premiamendu bidez kobratzeko prozeduran sarturik dauden erakunde edo partikularrei, ez eta toki erakunde horrekin zerga-betebeharrak egunean ez dituztenei ere, harik eta zor horiek ordaindu eta likidatu arte edo zerga-betebeharrak bete arte. Ofizioz egiaztatuko dira inguruabar horiek.

Edonola ere, salbuespenez, diru-laguntzaren izaera aintzat harturik, Iruñerriko Mankomunitateak ofizioz kitatu ahal izango ditu diru-laguntzen onuradunekin kobratu gabe dituen zorrak, diru-laguntzen bidez horiek osorik edo zati batean berdinduta.

5. Onuradun edo erakunde laguntzaile izateko artikulu honen 3. atalean ezarri diren debekuetako bat bera ere ez dutela frogatzeko, pertsona edo erakundeek ondoko bideren bat erabili ahal izango dute:

a) Auzibidezko lekukotasuna, ziurtagiri telematiko edo datu-transmisio bidez, Estatuko Administrazio Orokorrak edo erkidego autonomoek teknika elektroniko, informatiko eta telematikoen gainean egiten duten erabilera arautzen duten erregelamenduzko arauekin bat, edo, kasuen bidez, administrazio ziurtapen bidez.

b) Edo eskatzailearen erantzukizunpeko aitorpenaren bidez. Deialdian bestelako frogabideak ezarri ahal izango dira. Betiere Iruñerriko Mankomunitateak ahalmena izango du aurkeztutako aitorpen edo justifikazioak egiazkoak ote diren ikertzeko.

Ez da beharrezkoa izango Iruñerriko Mankomunitatearen agiritegietan jasota dauden alderdiak agiri bidez egiaztatzea.

6. Interesdunen eskaerak interesdunak sinatutako eskabide baten bitartez egin behar dira, betiere kasuan kasuko deialdiak ezarritako eredu arautuarekin bat.

7. Eskaerak aurkezteko epea hau izango da:

a) Norgehiagoka bidezko diru-laguntzen kasuan, oro har, eskaera aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdia argitaratu eta biharamunetik aurrera, alde batera utzirik diru-laguntzaren izaera berezia dela-eta edo inguruabar berezirik suertatzen bada, deialdiak beste epe bat ezarri ahal izatea.

b) Norgehiagokarik gabeko diru-laguntzen kasuan, eskaerak aurkezteko epea deialdia noiz argitaratu den, hurrengo egun baliodunean hasiko da, eta deialdiaren indarraldi osoa hartuko du.

11. artikulua. Onuradunen betebeharrak.

Onuradunen betebeharrak hauek dira:

a) Diru-laguntzak jasotzeko behar den jokabidea izatea, xedea betetzea, proiektua gauzatzea edo jarduera egitea.

b) Organo emaileari edo erakunde laguntzaileari, halakorik badago, erakustea beharkizunak eta baldintzak betetzen direla, eta frogatzea diru-laguntza emateko edo diru-laguntza jasotzeko arrazoi izan diren jarduerak egin eta helburuak bete direla.

c) Organo emaileak edo erakunde laguntzaileak, halakorik badago, egin beharreko egiaztatze lanak onartzea, baita kontrolerako organo eskudunek finantzak egiaztatu eta kontrolatzeko egin ditzaketenak ere, lehenagoko jarduketen ondorioz eska daitekeen informazio guztia emanda, Iruñerriko Mankomunitatearen agiritegietan ez dagoena.

d) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea organo emaileari edo erakunde laguntzaileari. Jakin bezain laster emango da haien berri, eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.

e) Diru-laguntzak ematen dituen ebazpenaren proposamena egin baino lehen, Gizarte Segurantzarekiko obligazioak eta Foru Ogasuneko zerga-betebeharrak eguneratuak dituztela frogatzea. Iruñerriko Mankomunitatearekiko zerga-betebeharrak eguneratuak daudela egiaztatzea ofizioz egingo da.

f) Halakorik bada, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta behar bezala egiaztatutako agiriak edukitzea, merkataritzako legeriak eta onuradunari kasu bakoitzean aplikatzen ahal zaizkion legeetan xedatu bezala; eta bai deialdiek edo ebazpenek exijitu ditzaketen kontabilitateko egoerak eta berariazko erregistroak ere, egiaztatzeko eta kontrolatzeko ahalmenak behar bezala betetzea bermatzeko helburuarekin.

g) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

h) Diru-laguntzaren xede diren edozein motatako programak, jarduerak, inbertsioak edo jarduketak Iruñerriko Mankomunitateak finantzatu direla jakinarazteko publizitate egokia egitea, baldin eta dagokion deialdiak, hitzarmenak edo ebazpenak exijitzen badu betekizun hori.

i) Jasotako dirua itzultzea, ordenantza honetan ezarritako kasuetan.

12. artikulua. Erakunde laguntzaileen betebeharrak.

Erakunde laguntzaileek betebehar hauek dituzte:

a) Jasotako funtsak onuradunei ematea, kasuan kasuko deialdian eta erakunde emailearekin sinatutako hitzarmenean ezarritako irizpideei jarraituta.

b) Diru-laguntza emateko aintzat hartu diren baldintzak eta betekizunak betetzen direla egiaztatzea. Eta bai diru-laguntzaren xede den jarduera egin dela eta helburua bete dela egiaztatzea ere.

c) Jasotako funtsak banatu dituela egiaztatzea diru-laguntza ematen duen organoari, eta, egokia bada, onuradunek aurkeztutako justifikazioa entregatzea.

d) Organo emaileak funtsen kudeaketari buruz egin beharreko egiaztapenak onartzea, eta kontrolerako organo eskudunek egin beharreko egiaztapenak eta finantza-kontrolak ere bai, eta Iruñerriko Mankomunitatearen agiritegietan jasota ez egoteagatik halako jarduketak egiteko eskatzen dizkioten informazio guztiak ematea.

13. artikulua. Lankidetza hitzarmena.

1. Diru-laguntza ematen duen organoaren eta erakunde laguntzailearen arteko lankidetza hitzarmena egingo da, eta bertan arautuko dira erakunde laguntzaileak bete beharreko baldintzak eta betebeharrak.

2. Lankidetza hitzarmenak, gutxienez, alderdi hauek eduki beharko ditu:

a) Lankidetzaren xedea eta erakunde laguntzailea zein diren.

b) Erakunde laguntzaileak kudeatuko dituen diru-laguntzen gaineko araudi berezia zein den.

c) Lankidetza hitzarmenak zenbat iraungo duen.

d) Diru-laguntza ematen duen organorako berme neurriak eratu behar badira, horiek zein diren, nola eratzen diren eta horiek bertan behera uzteko prozedura zein den.

e) Erakunde laguntzaileak diru-laguntzak kudeatzeko prozeduraren fase bakoitzean zer baldintza bete eta betearazi behar dituen.

f) Diru publikoen banaketan lagunduz gero, erakunde laguntzaileari diruak emateko epea zein den eta hartutako dirua onuradunen eskuetan utzi arte horiek gordailatzeko baldintzak zein diren.

g) Diru publikoen banaketak lagunduz gero, organo emaileak onartu dituen diru-laguntzak zer baldintzatan utziko diren onuradunen esku.

h) Onuradunek nola justifikatuko duten diru-laguntzak emateko baldintzak betetzen direla eta hori egiaztatzeko baldintzak zein diren.

i) Onuradunek diru-laguntzen gaineko justifikazioa nola eta zer epetan aurkeztuko duten eta, diru publikoen banaketan lagunduz gero, erakunde laguntzaileak diruak onuradunei eman dizkiela nola eta zer epetan egiaztatuko duen.

j) Erakunde laguntzaileak kontabilitateko zer liburu eta zer erregistro eraman behar dituen, diru-laguntzaren justifikazio egokia errazteko eta ezarritako baldintzak bete direla egiaztatzeko.

k) Dirua itzuli behar izatea, diru-laguntza emateko ezarritako betekizunak eta betebeharrak betetzen ez badira edo ordenantza honetan arautzen diren balizkoak gertatzen badira.

l) Erakunde laguntzaileak onartu behar izatea ordenantza honetako 12. artikuluko 1. ataleko d) paragrafoan aurreikusitako egiaztapen eta kontrol jarduketak.

m) Erakunde laguntzailearen alde konpentsazio ekonomikorik finkatu behar bada, hura zein den.

3. Lankidetza hitzarmenaren testuak dagokion oniritzi juridikoa eduki beharko du, eta horri Iruñerriko Mankomunitatearen zerbitzu juridikoen txosten juridikoa gehitu beharko zaio, Zuzenbidearekin bat datorrela adierazteko.

II. TITULUA

Diru-laguntzak emateko prozedurak

I. KAPITULUA

Prozedura desberdinen sailkapena

14. artikulua. Kontzesio prozedurak: norgehiagoka bidez, banakako ebaluazioaren araubidea eta zuzeneko kontzesioa.

1. Diru-laguntzak emateko ohiko prozedura norgehiagokako araubideari jarraituta izapidetuko da. Honako hau joko da norgehiagokatzat: diru-laguntzak emateko aurkezten diren eskaerak alderatzea, lehentasunaren arabera ordenatzeko, deialdi bakoitzean ezarri diren balorazio irizpideei jarraituta, eta irizpide horien arabera balorazio hoberena lortu duten eskaerei diru-laguntza esleitzea, dagokien deialdietan gastuetarako ezarritako muga gainditu gabe.

Eskaerak baloratzeko balorazio batzorde bat eratuko da, kide hauek osatua:

a) Batzordeburua.

b) Hiru kide.

c) Idazkari bat.

Deialdi bakoitzean adieraziko da balorazio batzorde bakoitzeko kideak nor izango diren.

Batzordearen jarduna Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen Atariko Tituluko II. kapituluko 3. sekzioan kide anitzeko organoetarako ezarrita dagoen araubideari lotuko zaio, halako moduz non txosten proposamen arrazoitu bat emango duen, egindako ebaluazioaren emaitza zehazteko.

Salbuespenez, deialdiaren xedea zein den eta harexekin bat, eta deialdian hala aurreikusiz gero, organo eskudunak diru-laguntzaren onuradunen artean hainbanatu ahal izango du diru-laguntzetarako jarritako gehieneko zenbateko osoa.

2. Aurreko atalean xedatutakoa gorabehera, diru-laguntzaren izaera kontuan harturik “lehia” izan bai, baina horrek ez badu “norgehiagokaduna” izateko ezaugarririk, hau da, “norgehiagokarik gabeko lehia” bada, “banakako ebaluazioaren araubidea” aplikatuko da.

Banakako ebaluazioaren araubidetzat, berriz, norgehiagokarik gabeko prozedura joko da, non eskaerak jaso ahala espedienteak izapidetu eta ebatziko diren, eta diru-laguntzak emango dira horretarako aurrekontu-kreditua dagoen bitartean.

Banakako ebaluazioaren araubideari ordenantza honetan jasotako norgehiagokaren prozeduraren arau orokorrak zaizkio aplikagarri, salbu eta, diru-laguntza mota hauen izaera berezia dela-eta, “lehiakortasun” ezaugarri berariazkoari dagozkion alderdietan edo galdekizunetan arau orokor horiek aplikagarri ez badira.

Araubide berezi horretan ez da nahitaez kide anitzeko balorazio batzorderik osatu beharrik, aurreko atalean aipatu den moduan; izan ere, instrukzio organoari egokituko zaio bere kabuz egitea eskaeren gaineko ebaluazioa, betiere deialdian, hitzarmenean, ebazpenean edo berariazko ordenantzan ezarritako irizpideekin, moldeekin eta lehentasunekin bat.

3. Diru-laguntza hauek zuzenean eman ahal izango dira:

a) Iruñerriko Mankomunitatearen Aurrekontu Orokorrean berariaz izendatuta aurreikusitakoak.

b) Lege mailako arauren batek aginduta edo zenbatekoa zehaztuta Iruñerriko Mankomunitateak ematen dituenak. Kasuan kasuko prozedura aplikagarria erabiliko da diru-laguntza horiek emateko, bakoitzaren araudiari jarraikiz.

c) Salbuespen gisara, interes publikoko arrazoiak edo gizarte, ekonomia, hezkuntza, kultura, zientzia eta gizatasun arlokoak, edo behar bezala justifikatutako beste hainbat egiaztatzen dituzten diru-laguntzak, baldin eta, hartzaileak direla-eta, norgehiagoka publikoa baztertu behar bada, diru-laguntzaren xedea egiteko gaitasuna onuradun bakarrak edo onuradun talde bakarrak edukitzeagatik.

4. Ezin izango dira eman dagokion deialdian, hitzarmenean edo ebazpenean ezarritako zenbatekoa gainditzen duten diru-laguntzak.

II. KAPITULUA

Norgehiagokako araubideari jarraituta diru-laguntzak
emateko prozedura

15. artikulua. Abiapuntua: deialdia.

1. Diru-laguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da beti.

2. Ordenantza honetan ezarritako organo eskudunak onetsitako deialdi baten bidez gauzatuko da ofizioz haste hori.

3. Deialdiak, gutxienez, eduki hau izango du:

a) Adierazi beharra dago Iruñerrian taxi zerbitzua batera emateko lurralde eremuan taxiaren arloan Iruñerriko Mankomunitatearen diru-laguntzen gaineko ordenantza orokorra behin betiko onetsi duen Batzar Nagusiaren erabakia, bai eta hori Nafarroako Aldizkari Ofizialaren zein zenbakitan eta zein datatan eman den argitara ere, salbu oinarri erregulatzaileak berariazkoak izateagatik deialdian bertan argitaratzen badira.

b) Diru-laguntzak zein aurrekontu-kredituri egozten zaizkion eta, eskuragarri diren kredituen zenbatekoa kontuan harturik, diru-laguntzek guztira zenbat jotzen duten.

c) Diru-laguntzaren xedea, baldintzak eta helburua.

d) Diru-laguntzak norgehiagoka bidez emango direla adieraztea.

e) Diru-laguntza eskatzeko baldintzak eta haiek egiaztatzeko modua.

f) Prozedura ebatziko duen organo eskuduna, eta, erakunde autonomoen kasuan, instrukzio organoa adieraztea.

g) Balorazio Batzordea nork eratuko duen.

h) Eskaerak aurkezteko tokia eta epea.

i) Ebazteko eta jakinarazteko epea.

j) Eskaerarekin batera aurkeztu behar diren dokumentuak eta argibideak.

k) Ebazpenak bide administratiboari amaiera ematen diola ohartaraztea.

l) Eskaerak baloratzeko irizpide objektiboak.

m) Hala behar badu, eta deialdiaren xedea zein den, adierazi beharra dago gehieneko zenbateko osoa diru-laguntzen onuradunen artean hainbanatuko ote den.

n) Jakinarazteko edo argitaratzeko bitartekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean jasota dagoenaren arabera.

ñ) Ezespen espresaren edo ustezkoaren aurka aurkeztu ahal izango diren errekurtsoak.

4. Gehigarri gisara, deialdiak ondoko alderdiak jaso ahal izango ditu:

a) Azpikontratazioa egiteko aukera, betiere ordenantza honetan ezarritako mugekin bat.

b) Onuradunak proiektuaren ehuneko zenbat finantzatu behar duen, dela bere funts propioekin, dela beste diru-laguntza batzuen bitartez.

c) Ordaintzeko moduak, behar izatera konturako ordainketak eta aldez aurretiko ordainketak egiteko aukera finkatu eta justifikatuta.

d) Diru-laguntzen bateragarritasuna eta bateraezintasuna.

e) Justifikatzeko manerak, dagozkion agiriak aurkezteko epea eta ebaluazio memorian adierazi beharreko alderdiak.

f) Aurreikusi ez diren inguruabarrak direla medio proiektuan aldaketak egiteko aukera.

g) Beharrezkoa bada, eta diru-laguntzaren izaera nolakoa den, adierazi beharra dago ofizioz kitatu ahal izango ote diren diru-laguntzen onuradunekin kobratzeko diren zorrak, diru-laguntzen bidez horiek berdinduta.

h) Beharrezkoa bada, onuradunek edo erakunde laguntzaileek eratu behar dituzten berme neurriak eta horiek eratzeko, gordailatzeko eta baliogabetzeko bitartekoak.

i) Beharrezkoa bada, dirua jaso duen jardueraren gaineko agirietan eta propaganda idatzi edo grafiko orotan Iruñerriko Mankomunitatearen diru-laguntza jaso duela adierazteko baldintza.

5. Deialdi bakoitzean, testuak dagokion oniritzi juridikoa jaso beharko du, eta hari Iruñerriko Mankomunitatearen zerbitzu juridikoen txosten juridikoa gehituko zaio, Zuzenbidearekin bat datorrela adierazita. Kontu-hartzailetzak haren fiskalizazioa egin beharko du aurretik, eta kreditua badagoela eta hartarako gorde dela adierazten duen ziurtagiria jaulki beharko du.

6. Interesdunen eskabidearekin batera, dagokion deialdian zehaztutako agiriak eta argibideak aurkeztuko dira, salbu eta galdatutako agiriak Iruñerriko Mankomunitatearen esku badaude.

Inoiz ere ezin izango dira bost urte baino gehiago igaro, dagokien prozedura amaitu denetik.

Lehenago xedatutakoa gorabehera, Iruñerriko Mankomunitateak ezin badu dokumentua eskuratu, eskatzaileari eskatu ahal izango dio aurkezteko edo, gainerakoan, dokumentuan erakusten diren beharkizunak beste bide batzuen bidez frogatzeko, ebazpen proposamena eman aurretik.

7. Diru-laguntzei buruzko deialdiak, aukeran, hainbat agiriren ordez eskatzailearen erantzukizunpeko aitorpena aurkeztea onartu ahal izango du. Halako kasuetan, diru-laguntza emateko ebazpen proposamena egin baino lehen, aitorpenean jasotako datuen egiazkotasuna ziurtatzen duten agiriak aurkezteko galdatu beharko da, 15 egun baino gehiago joko ez duen epean aurkeztu ere.

8. Eskaerak ez baditu betetzen deialdian ezarritako betekizunak, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere 10 eguneko epe luzaezinean zuzen dezala, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela, betiere aldez aurretik ebazpena emango dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 3/2015 Legearen 68. eta 21. artikuluek aurreikusitakoarekin bat.

9. Deialdia Diru Laguntzen Datu Base Nazionalean kaleratu beharko da, eta haren laburpen bat Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Diru-laguntzen Lege Orokorraren 20.8 artikuluan jasota dagoen prozeduraren arabera.

16. artikulua. Instrukzioa.

1. Diru-laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa Iruñerriko Mankomunitateko Garraio Sailak egingo du.

2. Instrukzio organoak datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen dituen jarduketak egingo ditu, ofizioz, haiei jarraituta egingo baita ebazpen proposamena.

3. Instrukzio jarduketek ondokoak hartuko dituzte barne, nahitaez:

a) Ebazpena emateko beharrezkotzat jotzen diren txosten guztiak eskatzea. Txostena emateko epea 10 egunekoa izango da, instrukzio organoak txostena epe luzeagoan edo laburragoan emateko eskatzen duenean izan ezik; betiere epea ez da bi hilabetetik gorakoa izango.

b) Eskaeren gaineko ebaluazioa, betiere deialdian ezarritako balorazio irizpideak, manerak eta lehentasunak aintzat harturik.

4. Instrukzio organoak aurre-ebaluazio bat egingo du, eta hori abiapuntutzat hartuta, txosten bat. Txosten horretan, eskura daukan informazioaren arabera onuradunek halakoak izateko bete behar dituzten betekizun guztiak betetzen dituztela egiaztatuko da.

5. Behin aurre-ebaluazioaren fasea bururatuta, espedientea Balorazio Batzordera igorriko dute, eskaerak bertan ebalua ditzaten. Balorazio Batzordeak txosten arrazoitua eman beharko du, egindako ebaluazioaren emaitza zehaztuta.

6. Instrukzio organoak, espedientea eta Balorazio Batzordearen txostena kontuan hartuta, ebazpen proposamena emango du, behar bezala arrazoitua, eta ebazteko eskumena duen organoari helaraziko dio.

7. Ebazpen proposamenak ez du inolako eskubiderik sortuko proposatutako onuradunaren alde, Iruñerriko Mankomunitatearen aldera, harik eta aipatu onuradunari diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazi arte.

17. artikulua. Ebazpena.

1. Behin ebazpen proposamena eta espedientearen gainerako agiriak jasota, organo eskudunak prozedura ebatziko du.

2. Ebazpena ordenantza honetan eta bera arautzen duen deialdian ezarritakoarekin bat arrazoituko da; prozeduran egiaztatuta gelditu behar dute emandako ebazpenaren oinarriek.

3. Ebazpenak ondokoak adierazi beharko ditu, berariaz: diru-laguntza jaso duten eskatzaileen zerrenda, laguntzaren zenbatekoa eta, eskaera ezetsirik izanez gero, horien eskatzaileak.

4. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa da, gehienez ere. Epea kasuan kasuko deialdia argitaratu eta hortik aurrera zenbatuko da, salbu deialdiak berak ondorioak ondoko data baterako geroratzen dituenean. Prozedura ebazteko gehieneko epea berariazko ebazpena eman gabe igarotzen bada, eskaera ezetsitzat joko da.

5. Ebazpena eskatzaileei jakinaraziko zaie Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, eta amaiera emango dio administrazio bideari. Haren kontra zein errekurtso diren bidezko, zein organo administratibori eta judiziali aurkeztu, eta zein duten epea adierazi beharko da; haatik, interesdunek beste bat egokitzat joz gero, hura erabili ahal izango dute.

18. artikulua. Publizitatea.

1. Diru-laguntza emateko ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, honako hauek adierazita: deialdia, dagozkion aurrekontuaren kreditua eta programa, onuraduna, ematen den diru-kopurua eta diru-laguntzaren xedea. Dena dela, kasu hauetan ez da argitaratu beharko:

a) Emandako diru-laguntzen zenbatekoak, banan-banan hartuta, 3.000 eurotik beherakoak direnean. Kasu horretan, Iruñerriko Mankomunitatearen egoitza elektronikoan argitaratuko da.

b) Diru-laguntzaren xedea dela-eta, onuradunaren datuak argitaratzean kalte egiten bazaio ohorearekiko errespetu eta babesari, pertsona fisikoen intimitateari edo familiakoei edo norberaren irudiari, hala xedatzen baita Ohorerako, norberaren eta familiaren intimitaterako eta norberaren irudirako eskubidearen babes zibilari buruzko maiatzaren 5eko 1/1982 Foru Legean.

2. Iruñerriko Mankomunitateak emandako edozein diru-laguntzak berekin ekarri ahal izango du dirua jaso duen jardueraren gaineko agirietan eta propaganda idatzi edo grafiko orotan Iruñerriko Mankomunitatearen diru-laguntza jaso duela adieraztea, bai eta Iruñerriko Mankomunitatearen logotipoa agertzea ere.

III. KAPITULUA

Iruñerriko Mankomunitatearen aurrekontu orokorrean
berariaz izendatuta aurreikusitako diru-laguntzak zuzenean
emateko araubidea eta prozedura

19. artikulua. Araubidea.

1. Iruñerriko Mankomunitatearen aurrekontu orokorrean berariaz izendatuta aurreikusitako diru-laguntzak arautuko dituzte berak emateko ebazpenek eta berak bideratzeko sinatuko diren hitzarmenek. Hitzarmen horietan ezarriko dira aplikatu ahal izango zaizkien baldintzak eta berariazko konpromisoak, betiere ordenantza honetan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako xedapenekin bat, salbu eta lehia eta publizitate printzipioei dagozkienak.

2. Hitzarmenaren testuan, ondokoak zehaztu beharko dira, gutxienez:

a) Hitzarmena sinatzen duten aldeak, bertan adierazita onuradunaren identifikazio datuak.

b) Xedearen deskribapena.

c) Aurreikusitako jarduketak eta hitzarmena sinatu duten aldeen konpromisoak.

d) Aurrekontuko zer kredituri egozten zaion diru-laguntza.

e) Diru-laguntzaren zenbatekoa eta onuradunak proiektuaren ehuneko zenbat finantzatu behar duen, dela bere funts propioekin dela beste diru-laguntza batzuen bitartez.

f) Justifikatzeko manerak, dagozkion agiriak aurkezteko epea eta ebaluazio-memorian adierazi beharreko alderdiak.

g) Onuradunak aurkeztu beharreko dokumentazioa, beharrezkoa bada.

h) Indarraldia, betekizunak eta baldintzak.

i) Diru-laguntzaren bateragarritasuna edo bateraezintasuna.

j) Jarraipena egiteko bideak, hitzarmena betetzen ote den egiaztatze aldera.

k) Araubide juridikoa.

l) Hitzarmenaren administrazio izaera eta administrazioarekiko auzien jurisdikzioari men egiteko beharra, hitzarmenaren edukiak eta aplikazioa direla-eta sor daitezkeen auzietan.

3. Gehigarri gisa, hitzarmenak ondoko alderdiak jaso ahal izango ditu:

a) Azpikontratazioa egiteko aukera, betiere ordenantza honetan ezarritako mugekin bat.

b) Konturako ordainketak eta aurretiazko ordainketak egiteko aukeraren finkapena eta justifikazioa.

c) Beharrezkoa bada, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak ezarritako arau orokorretan salbuespenak diren berariazkotasunak.

d) Beharrezkoa bada, eta diru-laguntzaren izaera nolakoa den, adierazi beharra dago posible ote den ofizioz kitatzea diru-laguntzen onuradunekin kobratu gabe dituen zorrak, diru-laguntzen bidez horiek berdinduta.

e) Beharrezkoa bada, onuradunek eratu behar dituzten berme neurriak eta horiek eratzeko, gordailatzeko eta baliogabetzeko bitartekoak.

f) Beharrezkoa bada, dirua jaso duen jardueraren gaineko agirietan eta propaganda idatzi edo grafiko orotan Iruñerriko Mankomunitatearen diru-laguntza jaso duela adierazteko baldintza.

20. artikulua. Hastea.

1. Diru-laguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da, Garraio Sailaren proposamenaren bidez, betiere nahitaezkoa izanda Iruñerriko Mankomunitatearen aurrekontu orokorrean berariazko esleipena egotea, diru-laguntza jaso behar duen pertsona publikoaren edo pribatuaren alde.

2. Iruñerriko Mankomunitatearen aurrekontu orokorra gauzatzeko oinarrietan diru-laguntza izendunaren onuraduna, zenbatekoa eta kontzeptua (xedea) zehaztu behar dira, eta organo kudeatzaileak behar bezala justifikatu behar du lehia printzipioa ezin dela aplikatu.

3. Aurrekontu-saila Iruñerriko Mankomunitatearen aurrekontu orokorrean agertzeak ez du sortzen inolako eskubiderik onuradunaren alde, harik eta diru-laguntza emateko ebazpena hartzen ez den bitartean, behin organo eskudunak horretarako prozedura ezarri eta gero.

4. Era berean, aurrekontu ekitaldi batean diru-laguntzaren bat esleitu izanak ez du hurrengo urtealdietarako inolako eskubide itxaropenik sortzen.

21. artikulua. Instrukzioa.

1. Diru-laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa Garraio Sailak egingo du.

2. Instrukzio jarduketek ondokoak hartuko dituzte barne, nahitaez:

a) Diru-laguntzak arautzen dituen hitzarmenaren testua. Oniritzi juridikoa eta Iruñerriko Mankomunitatearen zerbitzu juridikoen txosten juridikoa jaso beharko ditu, Zuzenbidearekin bat datorrela adierazita.

b) Kontu-hartzailetzaren txostena.

c) Instrukzio organoaren txostena. Bertan, eskura dituen datuen arabera onuradunak diru-laguntza jasotzeko eskakizun guztiak betetzen dituela agertuko da.

2. Behin instrukzioa eginda, diru-laguntza emateko proposamena aurkeztuko zaio ordenantza honetan ezarritako organo eskudunari, horrek onets dezan.

22. artikulua. Ebazpena.

1. Behin ebazpen proposamena eta espedientearen gainerako agiriak igorrita, organo eskudunak diru-laguntzak emateko prozedura ebatziko du.

2. Ebazpena ordenantza honetan eta indarra duen araudian ezarritakoarekin bat arrazoituko da, eta onuradunari jakinaraziko zaio, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluak ezarritakoarekin bat.

23. artikulua. Diru-laguntza onartzea.

Diru-laguntzaren onarpena aldeek hitzarmena sinatzean gauzatuko da.

III. TITULUA

Diru-laguntzak kudeatu eta justifikatzeko prozedura

I. KAPITULUA

Diru-laguntzen xede diren gastuak, azpikontratazioa eta finantzabideak

24. artikulua. Diruz laguntzen ahal diren gastuak.

1. Diruz laguntzen ahal diren gastutzat joko dira diru-laguntzaren xede den jarduerarekin bat datozenak, baldin eta deialdian edo hitzarmenean ezarritako epean egiten badira. Diruz laguntzen ahal diren gastuen kostua ez da inoiz izango merkatuko balioa baino handiagoa.

2. Deialdian, hitzarmenean edo ebazpenean kontrakorik ez bada xedatzen, egindako gastutzat joko da deialdian edo hitzarmenean -edo, halakorik ez badago, ordenantza honen 34. artikuluan- ezarritako justifikazio-epea amaitu aurretik benetan ordaindu dena.

3. Diruz laguntzen ahal den gastuaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa bada, obren exekuzioak sortutako kostuaren kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoa, ekipamenduko ondasunak erosteko edo aholkularitza edo laguntza enpresen zerbitzuek sortutako gastuen kasuetan, onuradunak gutxienez ere hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu, zerbitzua edo ondasuna emateko konpromisoa kontratatu baino lehen, salbu eta, diruz laguntzen ahal diren kostuek izandako ezaugarri bereziren bat dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzua emateko behar adina enpresa ez badago edo gastua diru-laguntza eskatu baino lehen egin bada.

Diru-laguntzaren justifikazioarekin batera edo, hala bada, diru-laguntzaren eskaerarekin batera aurkeztu beharko dira eskaintzak. Haien arteko hautapena efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz egingo da, eta memoria batean justifikatuko da espresuki irizpide hauekin bat etorrita egindako hautaketa.

4. Ondasun inbentariagarriak eskuratu, eraiki, zaharberritu edo hobetzen direnean, ondoko arauak beteko dira:

a) Deialdiak edo hitzarmenak ezarriko du onuradunak noiz arte erabili beharko dituen ondasunak, diru-laguntzaren xederako. Gutxienez bost urte igaro arte erabili beharko ditu xede horretarako, erregistro publikoan inskribatu ahal diren ondasunak badira, edo bi urte igaro arte, bestelako ondasun batzuk badira. Erregistro publikoan inskribatzen ahal diren ondasunak izanez gero, eskrituran adierazi beharko da inguruabar hori, bai eta emandako diru-laguntzaren zenbatekoa ere; halaber, erregistro publikoko inskripzioan zehaztasun horiek jasoko dira.

b) Aurreko atalean ondasunen xedeari buruz ezarri den baldintza betetzen ez bada, eta, betiere, ondasuna besterentzen bada edo baimenik gabe kargaren bat ezartzen bazaio, diru-laguntza itzuli egin beharko da, ordenantza honetan ezarritako moduan. Ondasuna itzulketaren ordainketari atxikita egongo da, zein ere den haren edukitzailea, salbu edukitzaile hori erregistroko fede publikoak babesturiko hirugarren bat denean edo frogatzen denean ondasunak fede onez eta titulu justuz eskuratu direla edo merkataritza- zein industria-establezimendu batean eskuratu direla, ondasun higigarri inskribaezinen kasuan.

5. Ondoko kasuetan ez da bete gabetzat joko aurreko atalean, hau da, 4.ean, ondasunen xedeaz ezarritako baldintza:

a) Erregistro publikoan inskribatu ezin diren ondasunak beste batzuez ordezten badira, diru-laguntza eman duen administrazioak horretarako baimena emanda, eta ordezko ondasun horiek diru-laguntzaren xederako erabil badaitezke lehengoen gisara, eta erabilera horrek lehengo ondasunei ezarritako epea bete arte irauten badu.

b) Erregistro publikoan inskribatu ahal diren ondasunak badira, Iruñerriko Mankomunitateak baimena emango du besterentzeko, edo xedea aldatzeko edo kargaren bat ezartzeko. Kasu honetan, eskuratzaileak bere gain hartuko du ondasunen xedeari buruzko baldintza bete beharra, epea amaitu arte, eta, bete ezean, diru-laguntza itzuli beharra ere bai.

6. Amortizazio gastuak diru-laguntzaren xedea izan ahal izango dira, ondoko baldintzak betez gero:

a) Diru-laguntzak ondasunen erosketarako ekarpen gisa erabili ez izana.

b) Amortizazioa kontabilitateko arau orokor onartuen arabera kalkulatzea.

c) Kostua diru-laguntzaren xede den aldikoa soilik izatea.

7. Finantza-gastuak, aholkularitza juridiko edo finantzarioko gastuak, notario eta erregistro gastuak, diru-laguntza jaso duen proiektua egiteko peritu gastuak eta berariazko administrazio gastuak, horiek guztiak diru-laguntza jaso dezaketen gastutzat joko dira, baldin eta zuzeneko lotura badute diru-laguntzaren xede den jarduerarekin eta ezinbestekoak badira hura behar bezala prestatu edo gauzatzeko.

Salbuespenez, banku-bermearen gastuetarako diru-laguntza eman ahal izango da, dagokion deialdian edo hitzarmenean hala aurreikusiz gero.

Ondokoak ez dira inola ere izango diru-laguntza jaso dezaketen gastuak:

a) Banku-kontuetako interes zordunak.

b) Interes, errekargu eta zehapen administratibo eta penalak.

c) Prozedura judizialetako gastuak.

d) Tokiko zergak, legean aurreikusi gabeko salbuespen fiskalak, konpentsazioak edo toki ogasunarekiko zor murrizketak diren heinean.

8. Tokikoak ez diren tributuak diru-laguntzak estaltzeko moduko gastuak dira, diru-laguntzaren onuradunak zuzenean ordaintzen baditu. Ondokoak ez dira inola ere izango diruz lagundu daitezkeen gastuak:

a) Berreskuratu edo konpentsatu ahal diren zeharkako zergak. Zehazki, balio erantsiaren gaineko zergari dagokionez, onuradunak ordaindutako kopuruak diru-laguntza hartzeko moduko gastuak dira kostu erreala badira, hau da, onuradunak ordaindu baditu eta kengarriak ez badira; izan ere, hala izatera, onuradunak zerga berreskuratuko luke. Onuradunak modu sinesgarrian frogatu beharko du.

b) Errentaren gaineko zerga pertsonalak.

9. Zeharkako kostuetatik, onuradunak diru-laguntzaren xedeko jarduerari egotziko dio zati egokia, guztiek onartzen duten kontabilitateko printzipio eta arauei jarraituz kalkulatua, eta, betiere, halako kostuak jarduera benetan egin den aldiari dagozkion heinean.

25. artikulua. Azpikontratazioa.

1. Diru-laguntzaren xedeko jarduera erabat edo neurri batean gauzatzeko, onuradunak hirugarrenekin egindako tratuari esaten zaio azpikontratazioa; ez, ordea, onuradunak kontratatzen dituen gastuei, diruz lagundutako jarduera bere kabuz egiteko badira.

2. Azpikontratazioa onartuko da, salbu eta diru-laguntzaren deialdiak, hitzarmenak edo ebazpenak berariaz baimentzen ez badu. Diru-laguntzaren xede den jardueratik onuradunak hirugarrenei azpikontratatzen dien gehieneko portzentajea dagokion deialdi, ebazpen edo hitzarmenak ezarriko du. Halako portzentajerik ageri ez bada, azpikontratazioaren gehieneko portzentajea ezin izango da izan diru-laguntzaren zenbatekoaren %50 baino handiagoa.

Ezin da azpikontrataziorik egin, diruz lagundutako jardueraren kostua gehituta, hari baliorik eransten ez bazaio.

3. Hirugarrenekin azpikontratatutako jarduerak diru-laguntzaren zenbatekoaren %20 gainditzen badu eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa bada, kontratua idatziz egiteko galdatuko da, eta, halakorik egiteko, Iruñerriko Mankomunitateak berariaz eta aurretik baimena eman beharko du.

4. Ezin izango da kontratu bat zatikatu haren zenbatekoa gutxitu eta aurreko atalean eskatutako baldintzak saihestearren.

5. Kontratistek onuradunaren aurrean erantzun beharko dute, bakar-bakarrik. Iruñerriko Mankomunitatearen aurrean, aldiz, onuradunak du diruz lagundutako jarduera gauzatzeko erantzukizun osoa.

6. Aurreko atalean ezarritakoaren ildotik, onuradunek hirugarrenekin ituntzen duten jardueran errespetatu egin behar dira deialdian, hitzarmenean edo ebazpenean ezarritako mugak, diru-laguntzaren xede izan daitezkeen gastuen izaerari eta zenbatekoari dagokienez, eta onuradunen ardura izango da baldintza hori betetzea. Kontratistek, berriz, lagundu egin beharko dute, behar bezala egiaztatu ahal izan dadin aipatutako muga horiek gainditzen ez direla.

7. Onuradunak inola ere ezin izango du itunik egin honako hauekin, diru-laguntzaren xede diren jarduerak osorik edo zati batean gauzatzeko:

a) Ordenantza honen 10. artikuluan jasotako debekuren bat duten pertsona edo erakundeekin.

b) Kontratazioaren xede den jarduera egiteko beste diru-laguntza batzuk jaso dituzten pertsona edo erakundeekin.

c) Eragiketaren kostu osoaren portzentaje bat kobratzen duten bitartekari edo aholkulariekin, non eta ordainketa hori egindako lan edo zerbitzuaren merkatuko balioa erreferentzia hartuta justifikatzen ez den.

d) Onuradunarekin lotura duten pertsona edo erakundeekin, salbu eta inguruabar hauek batera gertatzen badira:

1.–Kontratazioa merkatuko baldintza normalekin bat egitea.

2.–Aurretik organo emailearen baimena eskuratzea.

e) Deialdi eta programa berean laguntza edo diru-laguntza eskatu eta, betekizunak ez betetzeagatik edo behar adinako baloraziorik ez izateagatik, diru-laguntzarik lortu ez duten pertsona edo erakundeekin.

26. artikulua. Diruz lagundutako jardueren finantzaketa.

1. Diruz lagundutako jarduera zati batean edo portzentaje batean funts propioekin finantzatu dadila eskatu ahal izango da diru-laguntzaren deialdian, hitzarmenean edo ebazpenean. Justifikatu beharra dago finantzaketa horren zenbatekoa, jatorria eta diru-laguntzaren xedea den jardueran egindako aplikazioa.

2. Diru-laguntzaren deialdiak, hitzarmenak edo ebazpenak bateragarritasun edo bateraezintasun araubidea zehaztuko dute beste edozein administrazio, erakunde edo pertsonarengandik xede bererako beste diru-laguntzak, laguntzak edo baliabideak eskuratzeko, hurrengo atalean xedatzen dena alde batera utzirik.

3. Diru-laguntzen zenbatekoa, berez edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera eta baliabide batzuk gehituta, inoiz ez da izango diru-laguntza ematen zaion jardueraren kostua baino handiagoa.

4. Diru-laguntzak emateko kontuan hartu diren baldintzak zerbaitetan aldatzen badira eta, betiere, deialdian, hitzarmenean edo ebazpenean baimendutako kasuetatik kanpo beste hainbat diru-iturri eskuratzen badira, aldatu ahal izango da diru-laguntzak emateko ebazpena.

5. Onuradunek jasotako funtsetatik sortzen diren finantza-etekinak diru-laguntzaren zenbatekoari gehituko zaizkio, eta diru-laguntzaren xede den jarduerarako erabiliko dira horiek ere, salbu eta diru-laguntzaren deialdian besterik xedatzen bada.

Onuraduna administrazio publiko bat izanez gero, atal hau ez da aplikatuko.

6. Deialdiaren, hitzarmenaren edo ebazpenaren oinarriek horretarako bidea ematen badute, aurreikusi ez diren inguruabarrak direla medio, aldaketak egin ahal izango dira proiektuan; kasu honetan, organo eskudunak onetsi beharko ditu horiek, Garraio Sailak balorazioa egin eta gero.

7. Benetako defizita edo benetako gastuak eskaera egitean aurreikusiak baino gutxiago diren kasuetan, kontuan harturik, betiere, azken horiek zedarritzen dutela hasiera batez diru-laguntzaren zenbatekoa, aintzat hartuko da inguruabar hori, eta proportzioan murriztuko da behin betiko ordaindu behar den kopurua.

II. KAPITULUA

Aurrekontua kudeatzeko prozedura

27. artikulua. Gastua onartzea.

1. Diru-laguntzen deialdiarekin edo diru-laguntzak zuzenean ematearekin batera, organo eskudunak gasturako baimena onetsi behar du, Nafarroako Toki Ogasunen gainean aurrekontuen arloan aplikagarria den arauekin bat.

2. Diru-laguntzak emateko ebazpenak edo kasuan kasuko hitzarmena onesten duenak berarekin ekarriko du dagokion gasturako konpromisoa edo xedapena onestea.

3. Diru-laguntzak zuzenean ematekoak badira, pilatu ahal izango dira aurreko aurrekontu-faseak.

28. artikulua. Diru-laguntza ordaintzea.

1. Diru-laguntza zertarako eman zen, jarduera, proiektu edo helburu horiek gauzatu direla edo jarrerak hartu direla justifikatuko dute onuradunek, betiere ordenantza honetan eta kasuan kasuko deialdian, hitzarmen erregulatzailean edo ebazpenean ezarritakoarekin bat. Horren ondotik ordainduko da diru-laguntza.

Onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko dute, osorik edo zati batean, justifikazio egokirik ez badute aurkezten, edo Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako arrazoiren bat izanez gero.

2. Diru-laguntzaren izaerak justifikatzen badu, konturako ordainketak egin ahal izango dira. Ordainketa zatituak izan ahal izango dira, diruz lagundutako ekintzak gauzatu ahalean, eta aurkeztutako frogagiriko zenbatekoa ordainduko da.

Ordainketa aurreratuak ere egin ahal izango dira, hau da, gastua frogatu aurretik dirua ematea, diru-laguntzari lotutako jarduerak gauzatzeko behar den finantzaketa gisa.

Bai konturako ordainketek bai eta ordainketa aurreratuek aurreikusita egon behar dute diru-laguntzen deialdian, hitzarmen erregulatzailean edo ordenantza honen 17. eta 22. artikuluek aipatzen duten ebazpenean.

Ordainketa aurreratuak eginez gero, bermea aurkezteko eskatu ahal izango da gordailu, abal, kauzio aseguru edo berme pertsonal eta solidario eta bermeetako eskubide errealen bidez, indarra duen legerian araututa baitaude. Berme horiek diru-laguntzen deialdiak, hitzarmenak edo ordenantza honen 17. eta 22. artikuluek aipatzen duten ebazpenak ezarri beharko ditu. Bermea ezarri beharko da nahitaez aurrerakina 60.000 eurotik gorakoa bada, onuraduna sektore publikoko erakunde bat denean izan ezik.

3. Ez zaie inoiz ordainketa aurreraturik egingo onuradunei konkurtsoaren deklarazioa eskatu bada, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jo direnean, konkurtso baten partaide deklaratuak direnean, esku-hartze judizialaren mende daudenean edo, Konkurtsoei buruzko Legearen arabera, konkurtsoa kalifikatzen duen epaian finkatutako ezgaitasun aldian egoteagatik ezgaiturik daudenean, haien porrota deklaratu denean, hartzekodunen konkurtsoan, kaudimengabetzat jo denean edozein prozeduratan edo esku-hartze judizialaren mende, kita eta itxaronaldiko espedientea abiatu bada edo ordainketa etendurarena edo porrotaren eskaera judiziala nahiz hartzekodunen konkurtsoarena eskatu bada, birgaituak ez diren bitartean.

4. Diru-laguntzak ezin izango zaizkie ordaindu onuradunei, horiek eguneraturik ez badituzte tributu-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, edo diru-itzulketa bidezkoa dela xedatu duen ebazpen batek zorduntzat jotzen baditu.

Aurrekoa gorabehera, salbuespen gisa, diru-laguntzaren izaera nolakoa den, Iruñerriko Mankomunitateak bere kabuz kitatu ahal izango ditu diru-laguntzen onuradunekin kobratu gabe dituen zorrak, diru-laguntzen bidez horiek osorik edo zati batean berdinduta; edo, baita ere, baldintza hori bete gabe utzi ahal izango du, gizarte larrialdietako egoera berezietan. Salbuespen hori aplikatu ahal izateko, aukera horrek ordenantza honen 17. eta 22. artikuluetan aipatutako kasuan kasuko deialdian, hitzarmenean edo ebazpenean jaso beharko du, eta espedientean justifikatuta egon, txosten tekniko baten bidez, neurri horren salbuespen egoera egiaztatzen duten arrazoia edo arrazoiak.

III. KAPITULUA

Iruñerriko Mankomunitateak emandako diru-laguntzen justifikazioa

29. artikulua. Justifikazioa.

1. Diru-laguntza ematerakoan ezarri ziren baldintzak eta helburuak bete direla frogatzeko, ordenantza honek aurreikusitakoari jarraitu behar zaio, salbu diru-laguntzen deialdiak, lankidetza-hitzarmenak edo ordenantza honen 17. eta 22. artikuluek aipatzen duten ebazpenak berariazko araubidea ezarri badute, betiere hori ordenantzaren edukiarekin bateragarria delarik.

2. Justifikazioa organo emaileari aurkeztu behar zaio. Diru-laguntzak justifikatzeko modua diru-laguntzen deialdiak zehaztuko du edo, bestela lankidetza-hitzarmenaren testuak edo ordenantza honen 17. eta 22. artikuluek aipatzen duten ebazpenak, eta betiere modu hauetakoren bat izango da:

a) Egindako gastua frogatzeko kontua.

b) Gastua moduluka frogatzea.

c) Kontabilitate orriak aurkeztea.

3. Ez deialdiak, ez hitzarmenak, ez ebazpenak zehazten ez badute frogatzeko modua, orduan, egindako gastua frogatzen duen kontua aurkeztuko da.

30. artikulua. Egindako gastua frogatzen duen kontu bidezko justifikazioa.

1. Gastua frogatzeko kontu-ematea nahitaez aurkeztu behar dio onuradunak edo erakunde laguntzaileak diru-laguntza eman duen organoari. Kontu horretan, dirua jaso duen jarduera dela-eta aitortzailearen erantzukizunaren pean egindako gastuak oro justifikatu behar dira (ez bakarrik diru-laguntzaren zenbatekoaren adinakoa), gastuen zuzeneko egiaztagiriak aurkeztuta. Fakturak eta gainerako agiri baliokideak aurkeztu behar dira, betiere trafiko juridikoan balioa dutenak edo indar administratiboa dutenak, diru-laguntzaren xedea bete dela egiaztatze aldera.

2. Frogatzeko kontu-ematea ondoko agiriek osatuko dute:

a) Diruz lagundutako jardueraren gaineko ebaluazio txostena. Bertan, xehetasunez aitortuko dira diru-laguntzen bidez finantzatu diren jarduerak eta haien kostua.

Memoriaren edukia, gutxienez, ondokoek osatuko dute:

1. Programaren edo proiektuaren izena.

2. Diru-laguntzaren xedea, aurkeztutako aurrekontuaren eta proiektuaren araberakoa.

3. Egindako jarduketak, eta proposatutako helburuen eta lortutako emaitzen deskribapena.

4. Egindako aldaketak proiektua edo jarduera gauzatzean.

5. Finantzabideen zerrenda: diru-laguntzarekin finantzatu diren jardueren deskribapena, haien kostua adierazita, bai eta norbere funtsekin edo beste diru-laguntza batzuekin finantzatu diren jarduerak ere aipatuta.

6. Ondorioak.

b) Teknikari eskudun batek sinatutako balorazio-txostena, bertan espresuki jasota guztiz bete izan dela diru-laguntzaren xedea edo, bestela, justifikazioaren onespena eragozten duten akatsak edo inguruabarrak. Inbertsioak egiteko diru-laguntzen kasuan, akta edo txosten bat aurkeztu behar da, egindako egiaztapen materialaren emaitzen gainean.

c) Egindako gastuen eta lortutako diru-sarreren zerrenda sinatua eta ordenan zenbakitua, kontzeptuen arabera ordenaturik eta zenbatekoak guztira emanik.

d) Maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuak (uztailaren 4ko 96/2005 Foru Dekretuak aldatua) aipatzen dituen egiaztagiriak, fakturak edo horien ordezkoak eta ordainagiriak, gastua egiaztatze aldera, baita nominak, tributuak eta Gizarte Segurantzako kuotak eta, oro har, trafiko juridikoan baliodun izan edo indar administratiboa eduki eta balio frogagarria duten bestelako agiriak ere, betiere modu korrelatiboan ordenaturik eta zerrenda zenbakituan emandako ordena-zenbakiaren arabera. Agiri horien fotokopiak egin eta zerbitzu kudeatzaileak konpultsatu eta adostuko ditu, eta jatorrizkoak interesdunei itzuliko zaizkie. Dokumentu horien jatorrizkoak edo haien kopia konpultsatua erakunde onuradunean gordailatuko dira, gutxienez ere lau urtean.

Aurrekoaz gain, honako baldintza hauek bete beharko dira:

1. Faktura jaulkitzen duen erakundea BEZetik salbuetsirik dagoenean, organo eskudunak emandako egiaztagiria aurkeztu beharko da, kasuan kasuko salbuespena egiaztatu eta horretaz fede emateko.

2. Langileen gastuei dagozkien soldata kostuak frogatutzat eman daitezen, lan kontratuaren, hartzaileak sinaturiko nomina ordainduen edo bankuko abonu-agirien kopiak erantsi beharko dira, bai eta Gizarte Segurantzarako kotizazioen agiriak ere.

3. Proiektua gauzatzeko bestelako data duten fakturak onartuko dira, baldin eta organo eskudunak aurretik proiektuaren aldaketaren bat baimendu badu eta aldaketa horrek proiektua gauzatzeko epeari eragiten badio.

e) Hartzekodunei ordaindu izana egiaztatzen duten ziurtagiriak. Ordaindu izana banku zordunketa bidez egiaztatu behar da, behar bezala sinatutako hartu agiri baten bidez edo, bestela, aurkeztutako fakturak ordaindu egin direla ziurtatzen duen beste agiri bat aurkeztuz.

f) Dagokion itzulketaren ordainketa-gutuna, baldin eta aplikatu gabeko gerakinik bada edo diru-laguntzen xede izan den jardueraren kostua baino diru gehiago jaso bada, eta horiei dagozkien berandutze-korrituak.

31. artikulua. Gastua moduluka aurkeztea.

1. Modulukako araubidea aplikagarria izango da diru-laguntzen xedeak berekin dakarrenean unitate bidez neur daitezkeen diren jarduerak bete direla frogatu beharra.

2. Diru-laguntzak moduluka frogatzea bakarrik aplikatuko da, baldin eta diru-laguntzen deialdiak, lankidetza hitzarmenak edo ordenantza honen 17. eta 22. artikuluek aipatzen duten ebazpenak horrelakorik ezarri badute.

Kasu horretan, deialdiak, hitzarmenak edo ebazpenak ezarriko du modulu bat zenbat unitatek osatzen duten, bai eta haien aleko kostua eta behar diren gainerako inguruabarrak ere.

32. artikulua. Justifikazioa, kontabilitate orriak aurkeztuta.

1. Helburu generikoak (elkartea mantentzea, jardueren kudeaketa generikoa..) asetzea xede duten funtsen kasuan edo ustiaketan defizita estaltzea xede duten diru-laguntzenean, nahikoa izango da kontuak edo kontabilitate orriak aurkeztea; haien bidez egiaztatuko da bai defizit hori bai zati batean lagundutako programa edo jarduera gauzatu dela, onuradunari diru-laguntza ordaindu ahal izateko.

2. Ordenantza honez den bezainbatean, kontuak edo kontabilitate orriak izango dira ofizialak direnak eta erakunde bakoitzeko organoek behar bezala onetsi dituztenak.

Eta hori finantza-kontrolaren eginkizuna edo, hala behar badu, kontu-ikuskaritza pribatuaren galdekizuna gorabehera.

33. artikulua. Erakunde laguntzaileek kudeatutako diru-laguntzen justifikazioa.

1. Erakunde laguntzaileek kudeatutako diru-laguntzen justifikazioak ondoko bi zereginak hartzen ditu barne: dagozkien funtsak onuradunei eman zaizkiela egiaztatzea eta onuradunek aurkeztutako justifikazioa organo emaileari helaraztea. Onuradunen justifikazioak, bestalde, ondokoak hartuko ditu: funtsen aplikazioaren nondik norakoa eta kobratzeko ezarritako baldintzak bete direla egiaztatzea, betiere lankidetza hitzarmenean xedatutakoaren arabera.

2. Erakunde laguntzaileek, halaber, men egin beharko diete organo emaileak funts horien kudeaketaren gainean erabakitako egiaztapen eta finantza-kontrol guztiei, bai eta egiaztapen eta finantza-kontrolez bezainbatean egindako edozein jarduketari ere, betiere aurreko jarduketetan eskatzen dieten adina informazio eman behar izanda.

34. artikulua. Justifikatzeko epea.

1. Diru-laguntzen deialdiak, edo, bestela lankidetza-hitzarmenak edo ordenantza honen 17. eta 22. artikuluek aipatzen duten ebazpenak, zehaztuko ditu diru-laguntzak justifikatzeko epemugak.

2. Baldin eta deialdiak, lankidetza-hitzarmenak edo ebazpenak ez badute diru-laguntza justifikatzeko epemuga adierazi, epe hori gehienez ere hiru hilabetekoa izango da, jarduera egiteko epea amaitu eta hortik aurrera.

35. artikulua. Justifikatzeko betebeharra ez betetzeak dakartzan ondorioak.

Diru-laguntza justifikatzeko betebeharra betetzen ez bada, edo behar adinako justifikaziorik aurkezten ez bada, diru-laguntza itzuli beharko da, osorik edo zati batean, betiere ez-betetzearen maila eta gainerako inguruabarrak kontuan harturik.

36. artikulua. Diru-laguntzak egiaztatzea.

1. Behin diru-laguntza justifikatzeko agiriak behar den epean eta deialdiak, hitzarmenak edo ebazpenak aurreikusitako tokian aurkeztuta, ondokoak gauzatuko dira, betiere, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak aurreikusitakoarekin bat:

a) Garraio Sailaren egiaztapen materiala, aurkeztutako agiriek ordenantza honetan, diru-laguntzen deialdian, lankidetza-hitzarmenean edo ordenantza honen 17. eta 22. artikuluek aipatzen duten ebazpenean ezarritako baldintzak betetzen dituzten ziurtatzeko.

b) Garraio Sailaren txostena, diru-laguntzaren xedea ikuspuntu materialaren aldetik bete dela egiaztatzeko.

Txosten horrek ondokoak jaso beharko ditu: diru-ekarpena eta, halakorik izatera, onuradunak jaso dituen gainerako baliabideak. Datu horiek, bestalde, onuradunak eman beharko ditu ebaluazio-memorian.

Halaber, txosten horretan onuradunak aurkeztu behar duen gastuen eta diru-sarreren gaineko justifikazioaren balorazioa jaso behar da.

c) Espediente osoaren igorpena Kontu-hartzailetzara, bertan ikuskapen-txostena egin dezaten. Ikuskapen horren norainokoa aldez aurreko kontu-hartze mugatuak dakarren bera izango da, eta barnean hartuko du, baita ere, aurkeztutako justifikazioari aldeko txostena eman izanaren gaineko egiaztapena.

2. Justifikazio hori, behin ikuskatua izan eta gero, organo eskudunak onetsi beharko du, hau da, diru-laguntza eman duen organoak.

3. Diru-laguntzen konturako ordainketarik ezarriz gero, horiek zatika egindako ordainketatzat joko dira, justifikatzen dena bezainbat jo ere, eta justifikazioa diru-laguntza osorako aurreikusitako modu berean egin beharko da, betiere arau hauetan justifikatzeko ezarri diren betekizunekin bat.

37. artikulua. Balioak egiaztatzea.

1. Diruz lagundutako gastuek merkatuan duten balioa egiaztatu ahal izango du Garraio Sailak, horretarako ondoko edozein bide erabiliz:

a) Merkatuko batez besteko prezioak.

b) Espainiako eta atzerriko merkatuetako kotizazioak.

c) Estimazioa, erregistro ofizial fiskaletan agertzen diren balioen arabera.

d) Administrazioko perituen irizpena.

e) Perituen alde biko tasazioa.

2. Garraio Sailak egiaztatzen duen balioa izango da diru-laguntza kalkulatzeko oinarria, eta hori behar bezala arrazoiturik eta bertan erabilitako bitartekoak eta irizpideak adierazita jakinaraziko da, diru-laguntzaren likidazioa jasotzen duen egintzaren ebazpenarekin batera.

3. Onuradunak, bestalde, perituen alde biko tasazioa abiarazteko aukera izango du, artikulu honen 1. atalean adierazi diren balioak egiaztatzeko gainerako prozedurak zuzentze aldera, betiere prozeduraren ebazpenaren kontra aurkez daitekeen lehen errekurtsoaren epearen barnean.

Perituen alde biko tasazioa egiteko eskaera aurkezteak berekin ekarriko du ebatzitako proposamenaren exekuzioa eta horren kontra errekurtsoa aurkezteko epea etetea.

4. Baldin eta Garraio Sailak egiaztatutako balioaren eta onuradunaren perituak egindako tasazioaren arteko aldea 120.000 eurora ez bada iristen eta Iruñerriko Mankomunitateak egiaztatutako balioaren %10 baino gutxiago bada, onuradunaren perituak egindako tasazioa izango da diru-laguntza kalkulatzeko oinarria. Bestela, hirugarren peritu bat izendatu beharko da.

Onuradunak ordaindu beharko ditu bere perituaren ordainsariak. Hirugarren perituak egindako tasazioak onuradunak justifikatutako balioak baino gutxiago egiten badu, onuradunak ordaindu beharko ditu peritu-gastuak oro, eta, kontrara, hura adina edo gehiago egiten badu, Iruñerriko Mankomunitatearen kontura joango dira gastu horiek.

Hirugarren perituaren balorazioa izango da oinarria, diru-laguntzaren zenbatekoa zedarritze aldera.

IV. TITULUA

Diru-laguntzak itzuli behar izatea

I. KAPITULUA

Diru-laguntzak itzuli behar izatea

38. artikulua. Diru-laguntza emateko ebazpena baliogabea izatea.

1. Hauek dira diru-laguntza emateko ebazpenaren baliogabetasuna dakarten arrazoiak: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean adierazitako baliogabetasun edo deuseztagarritasun kasuak gertatzea edo krediturik ez izatea edo gutxiegi izatea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko legeetan ezarritakoaren arabera.

2. Diru-laguntza emateko egintza aurreko atalean aipatutako kasuren batean gertatzen bada, organo emaileak egintza hori berrikusiko du ofizioz, edo, bidezkoa izanez gero, kaltegarri deklaratu eta gero horren kontra egingo du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarrita dagoenaren arabera.

3. Baliogabetasunaren edo deuseztagarritasunaren deklarazio judizial edo administratiboa eginez gero, hartutako kopuruak itzuli egin beharko dira.

4. Ordenantza honetako 39. artikuluan azaltzen diren arrazoiengatik diru-laguntza itzuli behar den kasuetan, ez da bidezkoa izango diru-laguntza emateko egintza ofizioz berrikustea.

39. artikulua. Gastuak itzultzeko eta atxikitzeko arrazoiak.

1. Bidezkoa izango da ondoko kasuetan eskuratutako kopuruak osorik edo zati batean itzultzea eta berandutza korritua eskatzea ere, eta diru-laguntza ordaindu denetik itzulketa bidezkoa dela erabakitzen den egunera arteko aldia hartuko du, kasu hauetan:

a) Diru-laguntza lortzen denean, horretarako eskatzen diren baldintzak faltsutuz edo hori eragotziko zuketen baldintzak ezkutatuz.

b) Diru-laguntzaren xede den helburua, jarduera edo proiektua gauzatu gabe uzten denean, osorik edo zati batean, edo hartu behar zen jokabidea hartzen ez denean.

c) Justifikazioa aurkezteko betebeharra betetzen ez denean, edo behar adinako justifikaziorik aurkezten ez denean.

d) Egiaztapenak eta finantza-kontrolak saihestea edo haiei uko egin edo trabak eta eragozpenak jartzea, eta kontabilitateari, erregistroari eta agirien kontserbazioari buruzko betebeharrak ez betetzea, baldin eta horren ondorioz ezin bada egiaztatu hartutako dirua zertarako erabili den, helburua lortu ote den, diru-laguntza jaso duten jarduerak benetan eta erregulartasunez egin diren, edo xede bererako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortu ote diren, Estatuko, Europar Batasuneko edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatutatik edo nazioarteko erakundeetatik.

e) Iruñerriko Mankomunitateak erakunde laguntzaileei eta onuradunei ezarritako betebeharrak betetzen ez direnean, edo onuradunek hartutako konpromisoak betetzen ez dituztenean, baldin eta konpromiso horiek zerikusirik badute diru-laguntzaren xede diren helburuak lortzeko, jarduera egiteko, proiektua gauzatzeko edo jokabidea hartzeko erabili behar den moduarekin.

f) Iruñerriko Mankomunitateak onuradunei ezarritako betebeharrak betetzen ez direnean, edo onuradunek diru-laguntza onartzerakoan hartutako konpromisoak betetzen ez dituztenean, baldin eta horren ondorioz ezin bada egiaztatu hartutako dirua zertarako erabili den, helburua lortu ote den, diru-laguntza jaso duten jarduerak behar adinako maiztasunaz egin diren, edo xede bererako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide bateraezin batzuk lortu ote diren Estatuko edo Europar Batasuneko edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatutatik edo nazioarteko erakundeetatik.

g) Dokumentuetan eta propagandan, Iruñerriko Mankomunitateak jarduera diruz lagundu duela jakinarazteko publizitate eta zabalkunde neurriak hartzeko betebeharra betetzen ez denean, halako baldintza ezarri den kasuetan.

h) Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorrean aurreikusitako gainerako kasuetan.

2. Onuradunak edo, halakorik egonez gero, erakunde laguntzaileak lortutako betetze maila nahiko hurbil badago erabateko betetze mailatik, eta haiek ezbairik gabe erakusten badute haien konpromisoak betetzen ahalegindu direla, itzuli beharreko kopurua proportzionaltasun printzipioa aplikatuta xedatuko da; gisa hartara, diruz lagundutako jarduera zein proportziotan bete den, horrenbesteko ehunekoan jasoko du onuradunak diru-laguntza, betiere organo emaileak dagokion espedientea abiarazi eta gero.

3. Era berean, beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propioak gehituta, dirua jaso duen jardueraren kostua gainditzen bada, bidezkoa izango da diru-laguntza jaso duen jardueraren kostuaren gainetik lortutako soberakina itzularaztea, bai eta dagozkion berandutza korrituak eskatzea ere.

40. artikulua. Itzuli beharreko kredituaren izaera.

1. Itzuli beharreko zenbatekoak eskubide publikoko diru-sarreratzat hartuko dira.

2. Eskuratutako zenbatekoak itzuli beharrak berandutza korritua ere eskatzea ekarriko du berekin; interes hori Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak ezarritakoa izango da, eta diru-laguntza ordaindu denetik itzulketa bidezkoa dela erabakitzen den egunera arteko aldia hartuko du.

3. Diru-laguntzak itzularazteko galdatzeko prozedurak administratiboak izango dira beti.

41. artikulua. Preskripzioa.

Lau urte igarota preskribatuko da itzulketa aitortu eta likidatzeko eskubidea. Epearen kontaketa eta preskripzioaren etena Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatuari jarraikiko zaizkio.

42. artikulua. Itzuli beharra dutenak.

1. Ordenantza honen 39. artikuluan adierazitako kasuetan, onuradunek eta erakunde laguntzaileek hartutako kopuruak osorik edo zati batean itzuli beharko dituzte, dagozkien berandutza korrituak gehituta. Itzuli behar horretatik aparte, bidezko diren zehapenak ezarri ahal izango dira.

2. Ordenantza honen 8. artikuluaren 2. atalean aipatzen diren pertsona juridiko eta erakundeetako kideek erantzun solidarioa emango diote onuradunaren itzuli behar izateari, hartutako konpromisoaren ondorioz egin behar zituzten diru-laguntzapeko jarduerak direla-eta.

Onuradunak jarduteko gaitasunik ez badu, haren legezko ordezkariek erantzun solidarioa emango diote itzuli behar izateari.

3. Itzultzeko betebeharrari erantzun subsidiarioa emango diote merkataritza-sozietateen administratzaileek eta beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenek, ez badituzte egiten haien esku dauden egintzak, konplitu gabeko betebeharrak bete daitezen, edo ez betetzea ahalbidetzen duten erabakiak hartzen badituzte, edo haien menpekoen ez betetzeak eragozten ez badituzte.

Era berean, beren jarduerei utzi dieten pertsona juridikoak aplikatzekoak diren lege eta estatutuetako xedapenen arabera legez ordezkatzen dituztenek haien itzuli beharren erantzukizuna hartuko dute, subsidiarioki.

4. Sozietateak edo erakundeak deuseztatu eta likidatzen badira, haien itzuli behar burutu gabeak bazkide edo kapital-partaideei pasatuko zaizkie, eta haiek solidarioki hartuko dute erantzukizun hori, esleitu zaien likidazio kuotaren balioa muga dutela.

5. Itzuli beharra duena hiltzen bada, itzuli gabe dauden kopuruak ordaindu beharra haren kausadunei pasatuko zaie, alde batera utzirik zuzenbide zibilaren arabera zenbait kasutan oinordetzari aplikatu behar zaizkion xedapenak; bereziki, jaraunspena inbentario-emaitzaren arabera onartzen denean aplikatu behar direnak.

II. KAPITULUA

Itzultzeko prozedura

43. artikulua. Itzultzeko prozedura.

1. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean administrazio-prozedurei buruz jasotako xedapen orokorrek arautuko dute diru-laguntzak itzultzeko prozedura, alde batera utzirik Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritako berezitasunak.

2. Diru-laguntzak itzularazteko prozedurari ofizioz eta organo eskudunak erabakia hartuta emango zaio hasiera.

3. Behin itzultzeko prozeduraren hasiera erabakita, kautelazko neurri gisara, onuradunari edo erakunde laguntzaileari ordaintzeko dauden kopuruen ordain-igorpenak etetea erabaki ahal izango du organo emaileak, betiere horiek itzultzeko espedientea hasteko proposamenak edo ebazpenak ezarritako zenbatekoa gaindituko ez dutelarik, une horretara arte sorturiko berandutza korrituak ere kontuan hartuta.

Kautelazko neurri hori ebazpen arrazoitu baten bidez hartu behar da, eta interesdunari jakinarazi, bertan adierazita zer errekurtso aurkez ditzakeen.

Edonola ere, bertan behera uztea bidezkoa izango da, ordainketa jasotzea ezinezko dela aurreikusten duten arrazoizko zantzurik bada, edo hori zapuztu badaiteke edo eragozpen larriak badaude, eta, bereziki, jasotzaileak ondasunak ezkutatu, kargatu edo erabiltzeko egintzak egiten baditu.

Ordainketen atxikipena ondoko araubide juridikoari lotuko zaio, aurreko kasu guztietan:

a) Lortu nahi den helburuaren heinekoa izan behar du, eta, nolanahi ere, atxikipena ez da gauzatuko, eragin konpongaitzak edo konponezinak sor baditzake.

b) Gastuen atxikipenak itzulketa espedienteari buru ematen dion ebazpena eman arte iraun behar du, eta ezin du gainditu bideratzeko ezarritako gehieneko aldia, luzapenak ere barne hartuta.

c) Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, atxikipena kendu beharra dago, hori sortu zuten inguruabarrak desagertuz gero, edo interesdunak kautelazko neurri horren ordez nahikotzat jotako bermea eratzea proposatuz gero.

4. Prozedura izapidetzean, dena dela, interesdunari entzuna izateko eskubidea bermatuko zaio.

5. Organo emailea izango da itzulketa prozedura ebazteko eskuduna. Ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epea 12 hilabetekoa izango da, prozedura hasteko erabakia hartu zen egunetik aurrera. Epe hori bertan behera utzi ahal izango da, edo luzatu, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusita dagoenaren arabera.

6. Itzulketa egin behar dutenek jasotako kopuruak itzuli behar dituzte, osorik edo zati batean, betiere ebazpenean zer xedatu eta horrekin bat, bai eta haiei dagozkien berandutza interesak ere. Itzuli behar horretatik aparte, bidezko diren zehapenak ezarri ahal izango dira.

Onuradunek azkenik itzuli behar duten kopurua zehazteko, espedientearen ondorioz ez betetzeak mailakatzeko ezarri diren irizpideei heldu behar zaie, betiere proportzionaltasunaren printzipioa gorde beharko dela aintzat hartuta.

7. Itzultzeko prozeduraren ebazpenak amaiera emango dio administrazio bideari.

V. TITULUA

Finantza-kontrola

44. artikulua. Finantza-kontrolaren xedea.

1. Diru-laguntzen finantza-kontrola onuradunei ezarriko zaie, eta, hala behar badu, erakunde laguntzaileei, ondokoak egiaztatzea xede harturik: funtsak behar bezala eskuratu direla; jasotako funtsak aplikatzean betebeharrak bete direla; diru-laguntza behar bezala justifikatu dela; diru-laguntzaren bitartez finantzatu diren eragiketen benetakotasuna eta erregulartasuna; diruz lagundutako jarduerak behar bezala finantzatu direla, diru-laguntzen zenbatekoa ez dela izan berez edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propioak gehituta, diru-laguntzaren xedea den jardueraren kostua baino handiagoa kontrolatze aldera; eta badirela deklaratu ez diren gertaerak, inguruabarrak edo egoerak, horiek eraginik izan badute, diruz lagundutako jardueraren finantzaketan, diru-laguntza behar bezala eskuratu, erabili edo justifikatzeko unean edo diru-laguntzarekin finantzatu diren eragiketen benetakotasunean edo erregulartasunean.

2. Aurreko atalaren eraginetarako, hona finantza-kontrola zertan izan daitekeen:

a) Kontabilitate-erregistroak, kontuak edo finantza-orriak eta horien oinarria diren agiriak aztertzea.

b) Eragiketa banakakoak eta zehatzak aztertzea.

c) Emandako diru-laguntzei eragiten dieten edo haiekin ikusteko duten alderdi jakin eta partzial batzuk egiaztatzea.

d) Finantzatutako inbertsioen egiaztatze materiala.

e) Diru-laguntza arautzen duen kasuan kasuko araudi, lankidetza hitzarmen edo, beharrezkoa bada, emateko ebazpenaren arabera egin behar diren kontrol jarduketa zehatzak.

f) Diruz lagundutako jardueren ezaugarri bereziak direla-eta, beharrezko diren beste zenbait egiaztapen.

3. Kontrol araubide horri onuradunek egingo diete men, eta, hala behar badu, erakunde laguntzaileek ere, halako moduan non behartuak egongo diren laguntza ematera bai eta aipatu eginkizunak gauzatzean organo eskudunak eskatzen ahal dien agiriak oro ematera, mankomunitate honek jasota ez baditu. Horretarako, organo eskuduneko langileek izango dituzte Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean aurreikusitako ahalmenak eta eginbeharrak.

Betebehar hori betetzen ez bada, ulertuko da horri kontra, desenkusa, traba edo uko egiten zaiola, eta hori diru-laguntza itzularazteko arrazoia izan daiteke, ordenantza honetan aurreikusitako ondorioetarako, alde batera utzirik kasu bakoitzean jar daitezkeen zehapenak.

45. artikulua. Finantza-kontrolaren prozedura.

1. Iruñerriko Mankomunitateak emandako diru-laguntzen gaineko finantza-kontrola gauzatzeko eskumena Kontu-hartzailetzari dagokio. Berak erabakiko du onuradun edo erakunde laguntzaile jakin baten gaineko finantza-kontrolerako jarduketak abiaraztea egokia den edo ez, arrisku, materialtasun eta/edo estatistikako laginketako irizpideetan oinarri hartuta.

2. Onuradunen gainean eta, hala behar badu, erakunde laguntzaileen gainean finantza-kontrola gauzatzeko jarduketei hasiera emateko, jakinarazpena helaraziko zaie, eta bertan adieraziko, garatu beharreko jarduketen izaera eta helmena, Kontu-hartzailetzaren eskuetan hasiera batean utzi behar den dokumentazioa eta beharrezkotzat jotzen den beste edozein alderdi. Onuradunek eta, halakorik bada, erakunde laguntzaileek argibideak jaso behar dituzte jarduketak hastearekin batera, horietan dituzten eskubide eta betebeharrei buruz.

3. Jarduketa horiek 12 hilabeteko epean burutu behar dira, behin jarduketen hasiera jakinarazi eta hortik aurrera.

4. Onuradunen eta, halakorik bada, erakunde laguntzaileen gaineko finantza-kontrolerako jarduketei buru emateko, kasuan kasuko txostena emango da; hartan agerian jarritako egintzak eta horietatik atera daitezkeen ondorioak jasoko dira.

5. Txostenok kontrolaren xede izan diren onuradunei edo erakunde laguntzaileei jakinaraziko zaizkie. Lehendakariari txostenaren kopia bat bidaliko zaio, bertan adierazita, behar izanez gero, itzultzeko eta zehatzeko espedienteak abiatu beharra.

6. Kontu-hartzailetzak emandako txostenean diru-laguntza osorik edo zati batean itzultzea bidezko jotzen bada, lehendakariak, txosten hori oinarritzat hartuta eta hilabeteko epean, itzultzeko espedienteari hasiera ematea erabaki beharko du, betiere horren berri onuradunari edo erakunde laguntzaileari jakinarazita. Horrek, bestalde, 15 eguneko epea izango du, haren defentsarako egoki iruditzen zaizkion alegazio guztiak aurkezteko.

VI. TITULUA

Diru-laguntzen arloko arau-hauste eta zehapen administratiboak. Zehapen prozedura

46. artikulua. Aplikagarria den araubide juridikoa.

Bai arau-hausteei eta zehapenei, bai eta zehapen prozedurari aplikagarria zaien araubide juridikoa hau da:

a) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra.

b) Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea.

c) Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea.

d) Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legea.

47. artikulua. Zehapenak.

1. Ardura duen pertsonak onartzen badu bere erantzukizuna ebazpena hartu aurretik edozein unetan eta ez badu borondatez ordaintzen zehapena, proposatutako zehapenaren zenbatekoa %25 murriztuko da.

2. Ardura duen pertsonak borondatez ordaintzen badu zehapena ebazpena hartu aurretik edozein unetan eta ez badu onartzen bere erantzukizuna, proposatutako zehapenaren zenbatekoa %25 murriztuko da.

3. Ardura duen pertsonak bere erantzukizuna onartzen badu eta borondatez ordaintzen badu zehapena ebazpena hartu aurretik edozein unetan, proposatutako zehapenaren zenbatekoa %50 murriztuko da.

4. Edonola ere, kasu guztietan, zenbatekoa murriztu ahal izateko, ardura duen pertsonak dokumentu bat aurkeztu beharko du. Dokumentu horretan jasota egongo da administrazio bidean edozein ekintza edo helegite aurkezteari berariaz uko egiten diola.

AZKEN XEDAPEN LEHENA

Ordenantza honetan aurreikusi ez den orotan, hauetan xedatutakoa izango da aplikagarria: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen V. tituluko VI. kapituluan; Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean; Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorreko Erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan; eta aplikatzekoak diren administrazio zuzenbideko gainerako arauetan.

AZKEN XEDAPEN BIGARRENA

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatuta dagoenaren arabera, ordenantza honek ez du ondorio juridikorik izango harik eta testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki erakundeei errekerimendua egiteko duten epea igaro arte, haien egintzak edo erabakiak deuseztatzeari begira.

Iragarkiaren kodea: L1710889