185. ALDIZKARIA - 2017ko irailaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

400/2017 EBAZPENA, abuztuaren 30ekoa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana. Honen bidez jarraibideak onesten dira, Lanbide Heziketako ikasketez gain araubide bereziko kirol ikasketak ematen dituzten ikastetxeen antolaketa eta funtzionamendua arautzeko, 2017-2018 ikasturterako.

Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendariak ebazpen hau onestearen aldeko txostena aurkeztu du. Indarreko araudiaren alderdi batzuk zehaztu eta garatzeko balioko duten jarraibide batzuk onestea du xede ebazpen honek, behar bezalako antolaketa eta funtzionamendu egokia lor daitezen Lanbide Heziketako ikasketez gain araubide bereziko kirol ikasketak ematen dituzten ikastetxeetan, 2017-2018 ikasturtean, haien autonomiaren esparruan.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Eranskinean ageri diren jarraibideak onestea. Jarraibide horiek arautuko dituzte Nafarroako Foru Komunitatean Lanbide Heziketako ikasketez gain araubide bereziko kirol ikasketak ematen dituzten ikastetxeen antolaketa eta funtzionamendua, 2017-2018 ikasturtean.

2. Ebazpen honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau eta eranskina Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuari, Lanbide Heziketaren Zerbitzuari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Ebaluazioaren, Kalitatearen, Prestakuntzaren eta Bizikidetzaren Zerbitzuari, Hezkuntzako Teknologien eta Informazio Sistemen Zerbitzuari eta “FP Sakana LH” IBPari, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2017ko abuztuaren 30ean.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.

ERANSKINA

Jarraibideak, Lanbide Heziketako ikasketez gain araubide bereziko kirol ikasketak ematen dituzten ikastetxeen antolaketa eta funtzionamendua arautzeko, 2017-2018 ikasturtean

Ikasturte hasierako jarraibideek indarreko araudiaren alderdi batzuk zehaztu eta argitzen dituzte, eta arautu gabeko beste batzuk arautzen, ikastetxeen antolaketa eta jarduna hobetzeko. Horrez gain, ikasturtean lehentasunez landu behar diren ildoak ezartzen dituzte.

Jarraibideak hiru kapitulutan daude bereizita:

Lehenbizikoa da ikastetxe bateratuaren plangintzari eta Bigarren Hezkuntzako Institutuen urteko programazio orokorrari buruzkoa, eta zenbait ohar ditu araubide bereziko kirol ikasketen ezaugarri berariazkoen gainean.

Bigarrenean antolaketa-alderdi berariazko batzuk zehazten dira, beharrezkoak direnak araubide bereziko kirol ikasketak ematen dituzten ikastetxeen funtzionamendurako.

Hirugarrenean, gehien erabiltzen diren arauak azaltzen dira.

I. KAPITULUA

Ikastetxe bateratuaren plangintza eta Bigarren Hezkuntzako Institutuen urteko programazio orokorra

Hezkuntza sistemaren Lanbide Heziketako ikasketak ematen dituzten ikastetxe publikoen antolaketa eta funtzionamendua 2017-2018 ikasturtean arautuko dituzten jarraibideak onesteko ebazpenean adierazitakoaz gain, Lanbide Heziketako ikasketez gain araubide bereziko kirol ikasketak ematen dituzten ikastetxeek arreta berezia eman beharko diete honako alderdi hauei:

1.–Araubide bereziko kirol ikasketen berariazko planen berrikuspena eta programazioa.

Ikastetxeek berrikusi eta programatuko dituzte araubide bereziko kirol ikasketen ildo estrategikoekin zerikusia duten planak (ikastetxean ezarriak daudenak) urteko jarduketa planean sartzeko.

2.–Programazio didaktikoak.

Araubide bereziko kirol ikasketak ematen dituzten ikastetxeek modulu guztien programazio didaktikoak prestatu beharko dituzte, baita modulu horien zati diren lan unitateenak ere, eta dagokien plangintza dokumentuan jasoko dira.

Programazio didaktikoetan gauzatzen da nola garatuko den curriculuma ikasgelan. Programazio didaktikoetan alderdi hauei erreparatuko zaie bereziki:

a) Hezkuntzari buruzko Lege Organikoaren curriculum berria duten zikloak ezartzearen ondorioz egin beharreko egokitzapena.

b) Urriaren 21eko 93/2014 Foru Aginduaren 6. artikuluan adierazitakoa, ebaluazio prozesuaren plangintzarako irizpideei dagokienez eta arlo horretan erabakiak hartzeari dagokionez.

Ikasleek idatziz jaso beharko dute programazio didaktikoen oinarrizko alderdiei buruzko informazioa, Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 21eko 49/2013 Foru Aginduaren 2. artikuluan ezarri bezala. Horren bidez, ikasleak ebaluatzeko prozesuan erreklamazioak egiteko sistema ezarri zen Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan ematen diren unibertsitatez kanpoko ikasketetarako.

II. KAPITULUA

Antolaketa alderdiak

1.–Irakasle espezialistak.

2017-2018 ikasturterako aplikatuko da Hezkuntzako zuzendari nagusiaren abuztuaren 12ko 339/2016 Ebazpenaren II. kapituluko 1.tik 8.era bitarteko oinarrietan xedatutakoa, biak barne.

2.–Kirol ikasketen koordinazioa.

2.1. Koordinazio karguak.

Kirol Teknikariaren titulua dakarren kirol ikasketen ziklo bakoitzak zikloko koordinatzaile bat izanen du, eta, gainera, berariazko blokeen koordinatzaileak izanen ditu:

Kirol Teknikariaren titulua dakarren kirol ikasketen ziklo bakoitzak zikloko koordinatzaile bat izanen du. Bloke komunaren eta/edo osagarriaren moduluetan irakasten duen irakasle bat izanen da koordinatzaile hori.

–Orobat, kirol ikasketen zikloetako maila edo ziklo bakoitzak maila edo ziklo bakoitzeko berariazko blokeetako koordinatzaile bat izanen du. Aipatutako berariazko blokeetako batean irakasten duen irakasle espezialista bat izanen da koordinatzaile hori.

2.2. Eginkizunak.

–Kirol ikasketen zikloko koordinatzaileak bere gain hartuko ditu otsailaren 10eko 25/1997 Foru Dekretuaren 45.3 artikuluan aipatutako eginkizunak (foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamendu Organikoa), eta arreta berezia emanen dio berariazko blokeko moduluak ematen dituzten irakasleak koordinatzeari, kontuan harturik ikasketa hauen ezaugarri bereziak.

–Ziklo edo maila bakoitzeko berariazko blokeen koordinatzaileak honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Berariazko blokeko irakasle taldearen koordinazio bilerak zuzentzea.

b) Ziklora sartzeko berariazko probak prestatzen eta ebaluatzen laguntzea, oinarri harturik Hezkuntza Departamentuak ezartzen dituen jarraibideak.

c) Berariazko blokeko moduluak ezartzearekin eta garatzearekin lotutako prestakuntza beharrak diagnostikatzea, kirol ikasketen zikloko koordinatzailearekin elkarlanean.

d) Behar materialak atzematea, eta behar diren kudeaketak egitea, berariazko blokeko moduluan behar diren baliabideak erosteko, kirol ikasketen zikloko koordinatzailearekin elkarlanean.

Orobat, LOErekin bat ezarritako kirol ikasketen zikloetan, prestakuntza praktikoaren moduluko tutore lana bere gain hartuko du, ikastetxea ordezkatuz, kirol ikasketen zikloko koordinatzailearekin elkarlanean.

3.–Sartzeko ikastaroa: Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 42.5 artikuluak aipatzen dituen borondatezko irakasgaiak, eta goi mailako zikloetan sartzeko probak.

Aurreikusita dago Lanbide Heziketako zikloetan sartzeko eta onartua izateko baldintzak arautuko dituen Errege Dekretu bat argitaratzea. Dekretu horretan definitu eta arautuko dira, Estatu osorako, LOMCE legeak aipatzen dituen borondatezko irakasgaiak eta hauek gainditzeak dakartzan ondorioak.

Hori guztia kontuan hartuta, Hezkuntza Departamentuak sartzeko ikastaro berri baten antolaketa eta ezarpena arautuko ditu 2017-2018 ikasturtean, aipatu errege dekretuak ezartzen duenari jarraituz. Lanbide Heziketako Teknikari titulua duten ikasleentzat ezarriko diren ondorioez gain, Kiroleko teknikari titulua duten ikasleen kasuan ikastaro horrek goi mailako zikloetan sartzeko proba baten balioa izanen du.

4.–Matrikulak bateragarri egitea.

a) 2017-2018 ikasturtean kirol ikasketen ziklo batean, lanbide lantegi batean edo oinarrizko lanbide heziketako ziklo batean matrikulatuta dauden ikasleek aldi berean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako edo Batxilergoko ikasketak egin nahi izanez gero, egin ditzakete, betiere “Félix Urabayen” Nafarroako Helduentzako Bigarren Hezkuntzako Institutuan eta urrutiko araubidean matrikulatzen badira, ikastetxe horretan sartzeko baldintzak beteta.

b) 2017-2018 ikasturtean kirol ikasketen ziklo batean matrikulaturik dauden ikasleek, gainditzeke duten modulu bakarra prestakuntza praktikoa baldin bada, zilegi izanen dute ikasketa horiek helduentzako Batxilergoko ikasketekin bateratzea, betiere baldintza akademikoak eta Batxilergo horretan sartzekoak betetzen badituzte.

c) 2017-2018 ikasturtean, derrigorrezko irakaskuntzaren ondoko ikasketetan eta/edo goi mailako ikasketetan matrikulatutako ikasleek aldi berean egin ditzakete araubide bereziko kirol ikasketak, onarpen prozesua bukatzen denean esleitu gabeko ikasposturik bada, itxaron zerrendan inor ez badago eta ikastorduen bateragarritasuna %90ekoa bada, gutxienez.

III. KAPITULUA

Araudia

Araubide bereziko kirol irakaskuntzak.

–Antolamendua:

  • 248/2011 Foru Dekretua. (Araubide bereziko kirol ikasketen antolamendua eta garapena).

–Nazioartekotzea:

  • 31/2012 Foru Agindua. (Prestakuntza egonaldiak atzerrian: ikasleak eta irakasleak).

–Ebaluazioa:

  • 93/2014 Foru Agindua. (Araubide bereziko kirol ikasketen zikloen ebaluazioa).
  • 49/2013 Foru Agindua. (Ebaluazio prozesuan erreklamazioak egiteko sistema).

–Zikloetan sartzeko probak:

  • 29/2017 Ebazpena. (Heziketa zikloetan sartzeko 2017an egin behar diren probetarako deialdia).

–Berariazko sarrera proba:

  • 139/2017 Ebazpena. (Berariazko sarrera proba, 2017-2018 ikasturteari dagokiona).

–Kirol ikasketetan sartzeko prozedura:

  • 190/2017 Ebazpena. (Ikastetxe publikoetan mendiko eta eskaladako kirol ikasketak egiteko ikasleak onartzeko prozeduraren erregulazioa, 2017-2018 ikasturtean).

Iragarkiaren kodea: F1710451