185. ALDIZKARIA - 2017ko irailaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

399/2017 EBAZPENA, abuztuaren 30ekoa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide ikasketak ematen dituzten arte eskolen antolaketa eta funtzionamendua arautzeko jarraibideak onesten dituena 2017-2018 ikasturterako.

Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendariak ebazpen hau onestearen aldeko txostena aurkeztu du. Indarreko araudiaren alderdi batzuk zehaztu eta garatzeko balioko duten jarraibide batzuk onestea du xede ebazpenak, Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide ikasketak ematen dituzten arte eskoletan behar bezalako antolaketa eta funtzionamendu egokia lor daitezen 2017-2018 ikasturtean, haien autonomiaren esparruan.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Eranskinean ageri diren jarraibideak onestea. Jarraibide horietan Nafarroako Foru Komunitateko arte eskolen antolaketa eta funtzionamendua arautzen dira 2017-2018 ikasturterako, Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide ikasketei dagokienez.

2. Ebazpen honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzura, Ebaluazioaren, Kalitatearen, Prestakuntzaren eta Bizikidetzaren Zerbitzura, Hezkuntzako Teknologien eta Informazio Sistemen Zerbitzura, Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzura, Giza Baliabideen Zerbitzura, Corellako Arte eta Goi Mailako Eskolara eta Iruñeko Arte Eskolara, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2017ko abuztuaren 30ean.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.

ERANSKINA

Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide ikasketak ematen dituzten arte eskolen antolaketa eta funtzionamendua arautzeko jarraibideak 2017-2018 ikasturterako

Ikasturte hasierako jarraibideek indarreko araudiaren alderdi batzuk zehaztu eta argitzen dituzte, eta arautu gabeko beste batzuk arautzen, ikastetxeen antolaketa eta jarduna hobetzeko. Horrez gain, ikasturtean lehentasunez landu behar diren ildoak ezartzen dituzte.

Jarraibideak hiru kapitulutan daude bereizita:

Lehena urteko programazio orokorrari buruzkoa da, eta, Arte Plastikoetako eta Diseinuko heziketa zikloak irakasteak ekartzen dituen berezitasunen gaineko oharrak biltzen ditu.

Bigarrenean, arte eskolen funtzionamendurako beharrezkoak diren antolaketa-alderdi berariazko batzuk zehazten dira.

Hirugarrenean, gehien erabiltzen diren arauak azaltzen dira.

I. KAPITULUA

Urteko programazio orokorra

Urteko programazio orokorra oinarrizko tresna da, ikastetxeko plangintza, antolaketa eta funtzionamendua biltzen dituena. Dokumentu hori prestatzeko orduan, zorroztasuna, erraztasuna eta erabilgarritasuna hartuko dira kontuan.

Autonomiaren, erantzukizunaren eta efizientziaren printzipioekin bat etorriz, zuzendaritza taldeak, bere baliabideak kudeatzean eta plangintza egitean (antolaketa, ordutegia, barruko eta kanpoko koordinaziorako egutegia, etab.), ikasleentzako laguntza eta emaitza akademikoak hobetzea izanen du helburu.

Urteko programazio orokorrean agertu beharreko atalak, indarreko araudian ezarriak eta 2017-2018 ikasturterako zehaztu direnak, Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ekainaren 22ko 261/2017 Ebazpenean jasota daude.

Ekainaren 22ko 261/2017 Ebazpen horren 2. eranskineko I. kapituluan adierazitakoaz ganera, Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide ikasketak ere ematen dituzten arte eskolek alderdi hauetan jarri beharko dute arreta berezia:

1.–Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide ikasketen plan berariazkoen berrikuspena eta programazioa.

Arte eskolek berrikusi eta programatu egin beharko dituzte, Hezkuntza Departamentuak Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide ikasketetarako zehaztutako ildo estrategikoekin zerikusia izanik, ikastetxean ezarrita dauden planak, urteko programazio orokorrean sartzeko.

2.–Arte eskolaren profilaren berrikuspena.

Berrikuspenaren helburua da arte eskolaren profil berezia bilatzea. Hartan, besteak beste, alderdi hauei eginen zaie erreferentzia:

–Arte eskolaren ingurune sozioekonomikoa, artistikoa eta lan mundukoa.

–Zer lotura dauden enpresekin, elkarteekin, estudioekin, lantegiekin eta beste entitate batzuekin.

–Jarduteko ildo estrategikoak eta ebaluatzeko sistema.

3.–Arte eskolan ematen diren Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide ikasketen gaineko proposamenak.

Arte eskola bakoitzeko zuzendariak edo, hala badagokie, bertako eskola kontseiluak bidezkotzat jotzen dituen proposamen edo iradokizunak bidaliko dizkio Hezkuntzako zuzendari nagusiari, idazki batean, ikastetxearen ikuspegia emateko eta kontuan har daitezen.

Proposamen horiek 2017ko urriaren 31 baino lehen bidaliko dira, eta alderdi hauek jorratzen ahalko dituzte: tituluak berritzea, prestakuntza eskaintza, lanerako prestakuntza, lanbide arloko informazioa eta orientazioa, berrikuntza, antolaketa eta kudeaketa eredua eta/edo ikastetxeak kontuan hartzen duen beste edozein alderdi.

4.–Programazio didaktikoak.

Arte eskolek prestakuntza moduluen programazio didaktikoak prestatu beharko dituzte, baita modulu horien zati diren lan unitateenak ere, eta behar den planifikazio-dokumentuan jasoko dira.

Programazio didaktikoetan gauzatzen da nola garatuko den curriculuma ikasgelan. Programazio didaktikoetan alderdi hauei erreparatuko zaie bereziki:

a) Hezkuntzari buruzko Lege Organikoaren curriculum berria duten zikloak ezartzearen ondorioz egin beharreko egokitzapena.

b) Uztailaren 12ko 109/2011 Foru Aginduaren 6. artikuluan adierazitakoa, ebaluazio prozesuaren plangintzarako irizpideei dagokienez eta arlo horretan erabakiak hartzeari dagokionez.

Ikasleek idatziz jaso beharko dute programazio didaktikoen oinarrizko alderdiei buruzko informazioa, Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 21eko 49/2013 Foru Aginduaren 2. artikuluan ezarri bezala. Horren bidez, ikasleak ebaluatzeko prozesuan erreklamazioak egiteko sistema ezarri zen Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan ematen diren unibertsitatez kanpoko ikasketetarako.

Goi mailako zikloetako moduluetarako, ECTS kredituen baliokidetasuna zein den jaso behar da programazio didaktikoetan.

5.–Aniztasunari erantzutea Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide ikasketetan.

5.1. Hezkuntza laguntzako berariazko premiak.

Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide ikasketen helburua da ikasleek titulu bakoitzaren trebetasunak eskuratzea, bakoitzaren lanbide profilean zehaztuta daudenak; trebetasun horiek beharrezkoak dira, besteak beste, lanbidean jarduten hasteko, behar den kalitatea, eraginkortasuna eta fidagarritasuna bermatuta.

Ebaluatzeko orduan, helburuak eta prestakuntza modulu bakoitzeko ebaluazio irizpideak hartuko dira erreferentzia gisa, baita heziketa zikloko helburu orokorrak ere. Ebaluazio prozesuetan kontuan hartuko dira desgaitasuna duten ikasleei eta hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei egiten zaizkien egokitzapenak, eta ebaluazio probak egiten ahal dituztela bermatuko da.

Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide ikasketetan onartzeko prozesuan, ikaspostu bat erreserbatuko da hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleentzat eta beste bat desgaitasunak dituzten ikasleentzat.

Arte eskoletako zuzendaritzek aniztasunari erantzuteko planaren zehaztapen bat igorriko diote, euskarri elektronikoan, Aniztasunarekiko Arretaren eta Hezkuntza Premia Berezien Atalari. Bertan jasoko da zein diren ezarritako antolaketa-neurriak eta nola banatu diren esleitutako baliabideak.

Plan hori prestatzeko orientabideak Hezkuntza Departamentuaren webgunean kontsulta daitezke:

https://www.educacion.navarra.es/web/dpto/plan-de-atencion-a-la-diversidad

Ikasle guztiei behar bezalako arreta emateko, arte eskolek premia guztiei egokien erantzuten dieten neurriak antolatuko dituzte, ikasteko nahasmenduaren eta arreta faltagatiko nahasmenduaren eta hiperaktibitatearen ondoriozko premiei erantzutekoak barne, baita gaitasun intelektual handien ondoriozkoei ere, indarreko araudian ezarritakoaren arabera. Gainera, ikasleengan detektatzen diren premia guztiei erantzuteko, behar diren proba egokitzapenak, metodologia aldaketak eta abar garatuko dira.

Irakasle taldeen proposamenak jaso ondoren, ikasketaburutzak ikasleen premien arabera behar diren laguntza eta egokitzapenak antolatuko ditu, hezkuntza orientabidearen arduradunen aholkuei jarraikiz eta ikastetxearen baliabideak kontuan hartuz. Taldeko tutoreari jarduketa horien berri eman beharko zaio.

Moduluren bat gainditu gabe duten ikasleentzat indartze programa prestatu behar da; programa horretan, proposatutako neurriek ukitzen dituzten irakasleek parte hartu behar dute. Indartze programa horretan, lantokietako, estudioetako eta lantegietako prestakuntza aldiak iraun bitartean, bertan aritzeagatik zuzeneko irakastorduak gutxitu zaizkien irakasleek hartuko dute parte.

2017-2018 ikasturte akademikoan zehar, Aniztasunari Erantzuteko Nafarroako Plan Estrategikoa (2017-2018, 2020-2021) jarriko da martxan. Plan horren helburuak honako hauek dira: analisi bat egitea ikusteko zer-nola erantzuten zaion aniztasunari Nafarroako ikastetxeetan; ikuspegi inklusibo batetik aniztasunaren trataera egokitzeko neurriak hartzea; eta arau, antolaketa eta metodologia esparru bat finkatzea neurri horiek egonkortu daitezen eta jarraipena izan dezaten.

Horretarako, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ikastetxeen eskura jarriko ditu aniztasunarekiko arretari buruzko aipatu analisia egiteko behar diren adierazleak.

Prozesu honetatik ateratzen diren hobekuntza proposamenak 2017-2018 ikasturteko memorian jasoko dira, eta hurrengo urteko aniztasunari erantzuteko plana zehazteko abiapuntu izanen dira.

Aipatu beharra dago indarreko araudiak zenbait eratako neurriak dituela ikasle horientzat, hala nola, alde batetik, ikasturtean bi modulutan baino gehiagotan ebaluatzeko deialdiari uko egiteko aukera, eta bestetik, zikloan gehienez sei ikasturtez jarraitzeko aukera.

5.2. Orientazio gida, hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleentzat.

Hezkuntza Departamentuak beharrezko jotzen du estrategiak diseinatzea hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleek prestakuntza eta lanbide ibilbide arrakastatsua izan dezaten.

Horretarako, Lanbide Heziketaren Plan Estrategikoan xedatutakoarekin bat, lan prestakuntzari eta enpleguari buruzko orientazio gida bat egitea aurreikusten da, bai eta kolektibo bakoitzarentzako informazio eta orientazio ekintza espezifikoak antolatzea ere, Aniztasunari Erantzuteko Nafarroako Plan Estrategikoan (2017-2018, 2010-2021) jasotakoarekin koordinatuta. Aipatu Lanbide Heziketaren Plan Estrategikoaren 2. ARDATZEAN (“Gure gizartearen kohesioari eta jasangarritasunari ekarpena” izenekoan), izan ere, bat egiten dute gure gizartearen lurralde kohesioarekin eta kohesio pertsonalarekin lotutako helburuek eta jarduketa neurriek, zeinak bultzatu nahi baitira, eta, zehazki, ardatz horren helburuetako bat da prestakuntza hori kolektibo bakoitzaren beharretara egokitzea, horien laneratzea errazteko. Lanbide Heziketan sartzeko orientazio gida hori Lanbide Heziketaren Zerbitzuaren eskumenekoak diren beste lanbide ikasketa batzuentzat ere badela ulertu behar da, konparazio batera, Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide ikasketentzat.

Gida hori egiteko, Lanbide Heziketaren Zerbitzuak eta Antolaketaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuak, elkarrekin, beharrezko jarraibideak helaraziko dizkiete arte eskolei.

5.3. Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide ikasketetako ikasleek ikasketak buka ditzaten sustatzeko neurriak.

Hezkuntza Departamentuarentzat kezka handia da lanbide ikasketak uzten dituzten ikasleen tasa. Tasa hori gutxitzeko, hezkuntza komunitate guztiak elkarrekin egin behar du lan, testuingurua kontuan hartuta, eta, beharrezkoa balitz, baita beste organismo batzuek ere.

Hezkuntza Departamentua ezin da bere horretan gelditu deus ere egin gabe, ikusirik lanbide ikasketen maila guztietan ikasketak uzten dituzten ikasleen tasa handia. Horrek, izan ere, sistemak porrot egin duela esan nahi du, eta, horrez gain, arazo bat da ikasketak uzten dituzten pertsona horientzat, beren prestakuntza ibilbidea eta laneratze aukerak zapuzten baitira.

Hori dela eta, Lanbide Heziketaren Zerbitzuak lantalde bat sortuko du ikasketak uzten dituzten ikasleen erregistroa egiteko eta ikasketak uzteko arrazoiak diagnostikatzeko tresnei buruz. Arte eskola bakoitzeko zuzendaritzak lantalde horretara Orientazio Departamenduko nor joanen den erabakiko du, eta Lanbide Heziketaren Zerbitzuari jakinaraziko dio 2017ko irailaren 29a baino lehen.

Lortutako datu eta ondorioen arabera, jarduketa neurri zehatzak diseinatuko dira ikastetxe bakoitzean ikasketak uzten dituzten ikasleen tasa gutxitzeko.

6.–Ebaluazioa eta hobekuntza.

Ebaluazioa etengabeko hobekuntzari lotuta dago, eta funtsezko laguntza eta baliabidea da, gainera, errealitatea eta arte eskoletan aurrera eramaten diren hezkuntza jarduketen ondorioak hobeki ezagutzeko. Alde horretatik, sustapen eta titulazio tasak hobetze aldera hobekuntza planean sartu beharreko neurriak eta esparruak ezartzeko orduan, ikasleen hiruhileko emaitzak (behar diren neurriak hartzeko informazio eta hausnarketa iturri izan beharko direnak) eta ebaluazioen emaitzak hartuko dira kontuan. Horretarako, tasa horiek kalkulatzeko behar diren datuak emanen dizkiote arte eskolek Lanbide Heziketaren Zerbitzuari 2017ko irailaren 29a baino lehen, Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendariak emandako jarraibideekin bat.

II. KAPITULUA

Garapena eta antolaketaren gaineko alderdiak

Ekainaren 22ko 261/2017 Ebazpenaren II. eranskineko II. kapituluan oro har ezarritakoa aplikatuko da, hurrengo ataletan berariaz ezarritakoa izan ezik.

1.–NL-NEZn profesionaltasun ziurtagirien eta/edo ziurtagiri partzial metagarrien eskaera tramitatzeko jarraibideak.

Hezkuntzako kontseilariaren urtarrilaren 12ko 2/2017 Foru Aginduak Nafarroako hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako ikasleek profesionaltasun ziurtagiriak eta egiaztagiri partzial metagarriak eskatzeko prozedura arautzen du.

Hori helburu, egoki da jarraibide hauek ematea lanbide heziketa bereziko zikloetarako:

a) Eskaerak tramitatzea:

Arte eskola bakoitzak bere ikasleen profesionaltasun ziurtagiriak eta/edo egiaztagiri partzial metagarriak egiteko proposamena igorriko dio NL-NEZri, hala eskatu duten ikasleentzat, ondoren adierazten den dokumentazioarekin batera.

b) Honako hau da profesionaltasun ziurtagiriak eta/edo egiaztagiri partzial metagarriak egiteko proposamenarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa, urtarrilaren 12ko 2/2017 Foru Aginduaren 2. eta 5. eranskinetan jasotako ereduekin bat, hurrenez hurren:

–Profesionaltasun ziurtagiriaren banakako eskaera eta/edo egiaztagiri partzial metagarrien banakako eskaera, kasuan-kasuan dagokiona, urtarrilaren 12ko 2/2017 Foru Aginduaren 1. eta 4. eranskinetan jasotako ereduekin bat, hurrenez hurren.

–NANaren/AIZren/pasaportearen fotokopia.

–Ikasle bakoitzaren ziurtagiri akademiko ofiziala. Horretan, gainditutako lanbide moduluak eta egiaztatutako gaitasun unitateak agertuko dira, bai eta Lantokiko Prestakuntza moduluan edo Lantokiko Prestakuntza moduluko prestakuntza unitatean lortutako “gai” kalifikazioa ere, profesionaltasun ziurtagirian sartuta dagoen lanez kanpoko praktika profesionalen modulua gainditu izana egiaztatu ahal izateko.

c) Ikastetxeek irteera-erregistroa eman beharko diote “Profesionaltasun ziurtagiria egiteko proposamena” izeneko agiriari, eta, eransten den dokumentazio guztiarekin batera, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Zerbitzu Zentralen erregistroan edo Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko enplegu agentzietan aurkeztuko dute.

d) Behin profesionaltasun ziurtagiriak eta egiaztagiri partzial metagarriak eman ondoren, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak kasuan kasuko ikastetxeei bidaliko dizkie.

2.–Laneko arriskuen prebentzioaren oinarrizko mailako prestakuntza egiaztatzea.

Martxoaren 6ko 27/2017 Foru Aginduak arautzen du zer prozedura jarraitu behar den Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean Nafarroako Foru Komunitatean argitaratutakoarekin bat erdi eta goi mailako heziketa zikloak egiten dituzten ikasleek laneko arriskuen prebentzioaren oinarrizko mailako prestakuntza egiaztatzeko.

Horretarako, komeni da honako jarraibide hauek nabarmentzea:

a) Laneko arriskuen prebentzioaren oinarrizko mailako prestakuntzaren ziurtagiria martxoaren 6ko 27/2017 Foru Aginduaren 1. eta 2. eranskinetako ereduei jarraituz emanen da, kasua zein den, ikaslea lantokietako, estudioetako edo lantegietako prestakuntza fasea egiteko moduan dagoenean, betiere ezarritako baldintzak betetzen badira. Kasuan kasuko ikasketa espedientean jasoko da noiz eman zen ziurtagiria.

b) Ikasleak zein ikastetxe publikotan edo pribatu itundutan gainditu duen Lanerako Prestakuntza eta Orientazioa modulua, horretako idazkaritzak emanen du ziurtagiria.

c) Ziurtagiriaren ifrentzuan, jasotako prestakuntzaren iraupena eta edukiak jasoko dira, eta horien artean, gutxienez, martxoaren 6ko 27/2017 Foru Legearen 1. eta 2. eranskinetakoak agertuko dira.

d) Lanerako Prestakuntza eta Orientazioa izeneko lanbide modulua martxoaren 6ko 27/2017 Foru Aginduak indarra hartu aurreko ikasmailetan gainditu duten ikasleei laneko arriskuen prebentzioaren oinarrizko mailako prestakuntza egiaztatzeko, interesdunak eskatu ondoan emanen du ziurtagiria ikastetxeak, zeinetan egin baitzen Lanerako Prestakuntza eta Orientazioa lanbide modulua Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean ezarritako erdi edo goi mailako prestakuntza ziklo batean, aipatu foru aginduaren hirugarren artikuluan jasotzen denarekin bat.

e) Lanerako Prestakuntza eta Orientazioa modulua baliozkotu duten ikasleei ez zaie emanen matrikulatu den zikloari dagokion laneko arriskuen prebentzioaren oinarrizko mailaren ziurtagiria.

Horrelakoetan, ziurtagirian jasoko den laneko arriskuen ordu kopurua zehazteko, kontuan hartuko den ordu kopurua hasiera batean egindako Lanerako Prestakuntza eta Orientazioa moduluari dagokiona izanen da, modulua zer titulutan baliozkotzen den kontuan hartu gabe.

f) 2017-2018 ikasturtetik aurrera, hori barne, hurrengo zikloetan Lanerako Prestakuntza eta Orientazioa modulua gainditzeak berarekin dakar laneko arriskuen prebentzioaren oinarrizko mailaren 50 orduko ziurtagiria jasotzea, martxoaren 6ko 27/2017 Foru Aginduaren 1. eranskinean ezarritako ereduari jarraikiz:

–Goi mailako zikloak: Teknika eskulturikoak.

g) Aurreko ataleko zerrendan jasota ez dauden gainerako zikloetan Lanerako Prestakuntza eta Orientazioa modulua gaindituz gero, 30 orduko ziurtagiria emanen da, dagozkion curriculumak egokitu arte, martxoaren 6ko 27/2017 Foru Aginduaren 2. eranskinean ezarritako ereduari jarraikiz. Eskaintzen diren gainerako tituluen kasuan, ordu kopurua jaitsiz joanen da pixkanaka.

3.–Urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren (hemendik aurrera LOGSE) babesean ezarritako Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide ikasketetatik maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren (hemendik aurrera LOE) arabera ezarritakoetara igarotzea.

Titulu berriak ezartzeko prozesuan, zeinean LOGSEko curriculumaren eta LOEko curriculumaren araberako mailak batera izanen baitira ezinbestean, egoera horrek sortzen dituen egoera bereziak jarraian azaltzen diren ataletan jasotako xedapenen arabera konponduko dira.

3.1. 2016-2017 ikasturtean LOGSEko zikloen lehen maila egin duten ikasleak (ziklo horien ordez, LOEko ziklo berriak ezarriko dira 2017-2018 ikasturtean). Ebanisteria Artistikoaren arloko LOGSE teknikaria-Ebanisteria Artistikoaren arloko LOE teknikaria.

LOGSEko erdi mailako zikloko lehenengo kurtsoa egin arren, erdi mailako zikloko bigarren kurtsora igaro ezin diren ikasleak:

–Goi mailako zikloko lehenengo kurtsoa egiten ahalko dute, LOEren curriculum berriaren arabera, betiere maiatzaren 4ko 596/2007 Errege Dekretuaren 14.2 eta 16.2 artikuluetan eta laugarren xedapen gehigarrian ezarritako sarrera-baldintzetako bat betetzen badute.

–Maiatzaren 4ko 596/2007 Errege Dekretuaren 14.2 eta 16.2 artikuluetan eta laugarren xedapen gehigarrian ezarritako sarrera-baldintzak betetzen ez badituzte, berriz, erdi mailako zikloko lehenengo kurtsoa egiten ahalko dute, LOGSEren curriculumaren arabera. Horretarako, ikastetxeek behar diren langileak eta baliabide materialak jarri beharko dituzte ikasleek modulu horiek gainditzeko aukera izan dezaten, gelditzen zaien deialdi kopurua errespetatuta.

2016-2017 ikasturtean Arte Plastikoetako eta Diseinuko ikasketen barruko Ebanisteria Artistikoa erdi mailako zikloaren lehenengo kurtsoa egin duten ikasleek bigarren xedapen iragankorrean ezarritakoaren arabera jarraituko dute prestakuntza. Iraungi egiten da Eskulturari Aplikatutako Arteak lanbide arloko “Ebanisteria Artistikoa” Arte Plastikoetako eta Diseinuko erdi mailako heziketa zikloaren ikasketa plana, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren arautu zena, eta Ebanisteria Artistikoko goi mailako ikasketa berrietan txertatzen da, jarraibide hauei jarraikiz:

–Ikasleek goi mailako zikloko bigarren kurtsoa egiten ahalko dute, LOEren curriculum berriaren arabera, betiere maiatzaren 4ko 596/2007 Errege Dekretuaren 14.2 eta 16.2 artikuluetan eta laugarren xedapen gehigarrian ezarritako sarrera-baldintzetako bat betetzen badute.

–Erdi mailako zikloko bigarren kurtsoa egiten ahalko dute, LOGSEren arabera, maiatzaren 4ko 596/2007 Errege Dekretuaren 14.2 eta 16.2 artikuluetan eta laugarren xedapen gehigarrian ezarritako sarrera-baldintzetako bat betetzen ez badute.

3.2. 2016-2017 ikasturtea bukatuta, LOGSEko zikloren bat gainditu gabe duten ikasleak (ziklo horien ordez LOEko ziklo berriak ezarri baziren 2016-2017 ikasturtean edo lehenago).

LOGSEko zikloak egin dituzten ikasleek moduluren bat gainditu gabe utzi badute eta lau deialdi arruntak ahitu gabe badituzte, LOGSEko zikloetan jarraituko dituzte ikasketak, honako xedapen hauetan adierazten denari jarraikiz:

–Titulu bakoitzaren egitura eta curriculuma ezartzen dituzten foru dekretuen arabera LOEko curriculumeko moduluekin balioztatzen ahal diren moduluen kasuan, baldin eta gainditu ez badira, LOEren araberako prestakuntza zikloaren curriculum berria osatzen duten moduluen klaseetara joan beharko dute ikasleek, eta gelditzen zaizkien deialdiak errespetatuko zaizkie.

–Moduluak LOEko curriculumeko moduluekin balioztatzerik izan ez denean, ikastetxeak ahal diren giza baliabideak eta baliabide materialak jarri beharko ditu ikasleei kasuan kasuko moduluak gainditzen laguntzeko, eta gelditzen zaizkien deialdiak errespetatuko zaizkie. Aipatutako baliabide horien artean, ikastetxeak erabaki dezake ikasle horiek LOEko curriculum berriko prestakuntza moduluen klaseetara joan behar dutela, baldin eta horien edukiek, helburuek eta ebaluazio irizpideek gainditu gabe utzi dituzten LOGSEko modulua(k) gainditzen laguntzen baldin badiete.

Gainditu gabe utzitako modulu guztiak egin eta gainditutakoan, luzatzen den titulua LOGSEren araberakoa izanen da.

4.–Sartzeko ikastaroa: Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 42.5 artikuluak aipatzen dituen borondatezko irakasgaiak, eta goi mailako zikloetan sartzeko probak.

Aurreikusita dago Lanbide Heziketako zikloetan sartzeko eta onartua izateko baldintzak arautuko dituen Errege Dekretu bat argitaratzea. Dekretu horretan definitu eta arautuko dira, Estatu osorako, LOMCE legeak aipatzen dituen borondatezko irakasgaiak eta horiek gainditzeak dakartzan ondorioak.

Hori guztia kontuan hartuta, Hezkuntza Departamentuak sartzeko ikastaro berri baten antolaketa eta ezarpena arautuko ditu 2017-2018 ikasturtean, aipatu Errege Dekretuak ezartzen duenari jarraituz. Lanbide Heziketako teknikari titulua duten ikasleentzat ezarriko diren ondorioez gain, Arte Plastikoetako eta Diseinuko teknikari titulu bat duten ikasleen kasuan ikastaro horrek goi mailako zikloetan sartzeko proba baten balioa izanen du.

5.–Antolaketa neurriak.

Ikastetxeen sare publikoaren funtzionamendua hobea izateko, ondoren azaltzen diren antolaketa alderdiak kontuan hartu behar dira.

5.1. Lanaldia.

225/1998 Foru Dekretuaren 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, irakasleek, oro har, Nafarroako Gobernuaren menpeko funtzionarioentzat finkatzen den lanaldi bera izanen dute, beren eginkizunen ezaugarrietara egokitua.

Ekaineko eta iraileko eskola gabeko lanegunetan, egunean ikastetxean egon beharreko bost orduko lanaldi etengabea egin beharko dute irakasleek.

5.2. Zuzendaritza taldeen koordinazioa.

Arte eskolak elkarrekin eta beste ikastetxe batzuekin hobeki koordina daitezen, eta dauden programetan parte hartzea bultzatzeko asmoz, zuzendariak ez du irakastordurik izanen astearte goizetan, ikastetxean posible den neurrian.

5.3. Irakasleak lanera ez agertzea.

Aldi baterako ezintasun batengatik irakaslea lanera agertzen ez denean ikastetxeko zuzendaritzak egin behar duen kontrola Hezkuntza Departamentuko web orrian ezarritakoari jarraituko zaio:

http://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/incapacidad-temporal

Baja agiria Hezkuntza Departamentuan aurkezten bada, agiriaren kopia bat aurkeztu edo bidali beharko da ikastetxera, ahalik eta lasterren, bertan bajaren eta altaren datak zehatz-mehatz jakin ditzaten. Agiria bidali ordez, telefonoz jakinarazten ahalko da, baldin eta ikastetxeko zuzendaritzaren iritziz salbuespenezko egoera bat gertatzen bada, ez bestela.

Irakaslea agertzen ez bada, hutsegiteen egiaztagiriak lanera itzultzen den egunean berean aurkeztu beharko zaizkio zuzendaritzari. Falten egiaztagiria aurkezten ez bada irakaslea ikastetxera itzultzen den egunetik hasita 2 egun naturaleko epean, zuzendaritzak horren berri emanen dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, indarreko araudian ezarri bezala jokatzeko. Irakasleari ere jakinaraziko zaio idatziz.

5.4. Guardiak Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide ikasketetan.

Arte eskoletan ematen diren Arte Plastikoetako eta Diseinuko ikasketa profesionalak hezkuntza etapa batekoak baino gehiagokoak izaten dira:

–Lanbide Heziketa Bereziko zikloak.

–Derrigorrezko hezkuntzaren ondokoa: erdi mailako zikloak.

–Goi mailako hezkuntza: goi mailako zikloak.

Irakasleak huts eginez gero, guardiak antolatzeko sistema bat ezarri beharko du arte eskolak, Lanbide Heziketa Bereziko zikloetako eta erdi mailako zikloetako ikasleei arreta emateko norbait izanen dela bermatzeko. Goi mailako zikloetan irakasleak huts eginez gero, arte eskolako zuzendaritzak aukera izanen du guardia jarriko den edo ez erabakitzeko.

Guardiako irakaslearen eginkizun nagusiak hauek dira:

a) Irakasleak huts egiteagatik edo beste edozein arrazoirengatik zaintzailerik ez duten ikasleei kasu egitea.

Irakaslea lanera ez agertzea aurreikusita badago, egin beharreko jarduerak ikasketaburuarekin koordinatuko ditu irakasleak.

b) Korridoreetan ordena zaintzea, eta, oro har, ikasleek gelaz kanpo duten portaera. Horrek ez du esan nahi beste irakasleek eginkizun hori bete behar ez dutenik.

c) Bere guardia orduetan sortzen diren gorabehera guztiak konpontzea, eta, ikastetxe bateratuko norbait mediku beharrean gertatuz gero, behar diren jarduketak egitea eta ikasketaburuari horren berri ematea lehenbailehen.

d) Bere guardia orduetan irakasleren bat berandu iristen bada edo agertzen ez bada eskoletara, guardia txandetara, liburutegira edo bestelako jardueretara, horren berri ematea ikasketaburuari, idatziz.

e) Zuzendariak bere eskumeneko esparruan agintzen dion beste edozein eginkizun.

Zuzendaritzak baimena eman dezake irakasleren baten guardia orduak berariazko beste jarduera batzuekin trukatzeko, baldin eta guardia ordu guztiak beteta badaude.

Gertatuko balitz arte eskolak ezarritako guardiako irakasleek guardiaren bat ezin betetzea, ikasketaburuak irakasle bat izenda dezake guardia hori egiteko.

5.5. Ordutegi osagarria. Nahitaezko prestakuntza.

Irakasleen lanaldia eta ordutegia erregulatzen dituen 225/1998 Foru Dekretua aldatzen duen ekainaren 20ko 27/2012 Foru Dekretua onetsi ondoren, irakasleek ikastetxeko jardueretan ematen dituzten 25 orduek bat eginen dute ikasleen eskola orduekin.

Hilean konputatuko dira asteko ordu osagarriak, instituzio planifikazioaren tresnak prestatu edo berraztertzearekin ikusteko duten lanak egitekoak, bai eta prestakuntza jarduerakoak ere.

Nahitaezko prestakuntzarako urtean dauden 35 orduak bi multzotan sailkatuko dira: ikastetxearen prestakuntza instituzionala eta norberaren prestakuntza. Hori horrela, arte eskolek prestakuntza instituzionalaren programa bat ezarriko dute ikastetxeko irakasle guztientzat. Prestakuntza horrek, urtean, 12 ordu iraunen du gutxienez. Ikastetxearen prestakuntza planean jasoko dira haren edukia eta ikasturteko ordu banaketa; zuzendaritza taldeak finkatuko ditu, kontuan hartuta Lanbide Heziketaren Zerbitzuak proposatzen dituen lerro eta sare estrategikoak eta titulu berriak ezartzetik sortzen diren beharrak, bai eta hobekuntza planetik sortutako beharrak ere. Programa hori lehentasunezkoa izanen da, eta irakasle guztiek nahitaez egin beharko dute. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak gainbegiratuko du behar bezala betetzen den.

Ikastetxe batean lanean ari diren irakasle guztiek ikastetxean dauden bitartean programatzen diren prestakuntza instituzionaleko jarduera guztiak egin beharko dituzte, non eta ikasturte berean ez duten bete beste ikastetxe batean prestakuntza instituzionaleko gutxieneko denbora, hots, hamabi ordu. Kasu horretan, behar den egiaztagiria aurkeztu beharko diote arte eskolako zuzendaritzari, prestakuntza mota eta egindako ordu kopurua adierazita. 12 prestakuntza ordu baino gutxiago egiaztatzen baditu, irakasleak, gutxienez, 12 ordu bete arte falta zaizkion orduak egin beharko ditu.

Ikasturte bakoitzean prestakuntza instituzionala nahitaez bete beharrekoa bada ere, norberaren prestakuntza bi ikasturteko epean egin daiteke, baldin eta bi urte horietan prestakuntzan emandako orduen kopuruak betetzen badu arestian ezarritakoa.

Prestakuntza instituzionaltzat joko da Lanbide Heziketaren Zerbitzuak gidatutako sareetan parte hartzea, hala nola, LHko metodologia aktiboen sarean parte hartzea. Prestakuntza instituzionaltzat hartzen ahalko da, halaber, beste sare eta programa batzuetan parte hartzea, zuzendaritza taldearen lidergopean, bai eta hezkuntza-inklusioa eta eskola-arrakasta hobetzeko kontratu-programetan parte hartzea ere.

Orobat, lan hauek egiteko orduak erreserbatuko dira:

–Irakasle taldeek koordinazio horizontaleko saioak egin ditzaten, ebaluazio saioez gain. Saio horiek zuzendaritza taldeak zehaztuko ditu. Toki berezia hartuko du lehenengo koordinazio bilerak, ikasleei irakasteko jarduerak hasi baino lehen egiten denak.

–Proiektuetan oinarrituriko ikaskuntzaren metodologia aplikatzearren, irakasle taldeak koordinatzeko saioak egin ditzaten.

Prestakuntza instituzionalaren planak hala eskatzen duenean, irakasleen taldeak horizontalki koordinatzeko saioetarako orduak prestakuntza ordutzat hartzen ahalko dira, ikastetxeko zuzendariak horren berri izan ondoren oniritzia ematen badu.

6.–Heziketa zikloetako irakasleen jarduera enpresetako, estudioetako edo lantegietako praktikaldiak irauten duen bitartean.

Enpresetako, estudioetako eta lantegietako praktikaldiak iraun bitartean, irakasleak, lehentasunez, zeregin hauetan arituko dira:

a) Enpresa, estudio eta lantegietako praktikaldira igarotzea lortzen ez duten ikasleei arreta ematea. Gainditu ez diren moduluak irakasten diren toki beretan emanen da arreta, departamentuko buruak proposatu eta ikasketaburuak onartu beharreko lan plangintza baten arabera; plan horretan ordu eta metodologia egokitzapenak bilduko dira.

b) Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide ikasketetako tituluak lortzeko proba libreen epaimahaiak eta batzorde ebaluatzaileak antolatzea, diseinatzea eta horietan parte hartzea.

c) Moduluren bat gainditu gabe duten ikasleei arreta ematen parte hartzea, zehazten den indartze programarekin bat.

d) Zikloetako lehen mailako moduluetan laguntza ematea, irakaslana esleituta izanez gero.

e) Zuzendaritza taldeak kasuko departamentuko irakasleentzat zehaztutako guardiak egitea.

f) Zuzendaritza taldeak eskatuta, arte eskolan sortzen diren beharrak betetzea.

g) Ikastetxeko Lanerako Prestakuntza eta Orientabideak espezialitateko irakasleek laguntza emanen diete ikasleei eta ikasle izandakoei administrazio prozeduretan, eta, bereziki, ikasleek NAN elektronikoa edo ziurtagiri elektronikoa lortzeko prozedura erraztuko dute, haren bidez hartzen ahal baitute alta gazteen berme sisteman.

Aurretik deskribatu diren lehentasunezko jarduketak bermaturik daudenean, irakasleek, enpresetako, estudioetako eta lantegietako praktikaldia bitartean, honako hauetan erabil dezakete denbora:

a) Praktikaldiko tutorearekin kolaboratzea.

b) Hezkuntza Departamentuak onetsitako Arte plastikoetako eta Diseinuko lanbide ikasketen arloko berrikuntza proiektuetan parte hartzea.

c) Langileen prestakuntza osagarrian eta prozedura ez-formalen bidez lortutako lanbide gaitasunaren ebaluazioan laguntzea.

d) Erdi mailako eta goi mailako heziketa zikloetan sartzeko proben ebaluaziorako epaimahaietan parte hartzea, bai eta heziketa zikloetan sartzeko probak egiteko beharrezkoak diren gainerako jarduketetan ere.

e) Arte Plastikoetako eta Diseinuko heziketa zikloak egiteko behar den gaitasun artistikoaren proba ebaluatzeko epaimahaietan parte hartzea.

f) Mugikortasun programen ondoriozko beharrei erantzutea.

h) Proiektuetan oinarrituriko ikaskuntza garatzeko asmoz sortzen diren lantaldeetan parte hartzea. Hori helburu, hurrengo ikasturtean ikastetxean emanen diren ikasketei loturiko proiektuak planifikatu, antolatu eta programatuko dira.

i) Zuzendariak bere eskumeneko esparruan agintzen dion beste edozein eginkizun.

Departamentuko buruak banakako lan plana prestatu ondoren, ikasketaburuak gainbegiratu beharko du. Horretaz gain, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ontzat eman beharko du.

Lan plana ongi betetzeko, horretan ari diren irakasleen ordutegi indibidualak aldatzen ahalko dira, ordutegiak prestatzeko irizpide orokorrak errespetatuz.

Enpresetako, estudioetako eta lantegietako prestakuntzaldia bukaturik, egindako jardueren memoria bat eginen dute irakasleek; gero ikastetxeko zuzendaritzak ebaluatuko du, eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari bidaliko zaio.

7.–Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikari titulua duten ikasleak unibertsitatean sartzea.

Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikari titulua duten ikasleek “Félix Urabayen” Nafarroako Helduentzako Bigarren Hezkuntzako Institutuko urrutiko Batxilergoko ikasketetan egiten ahalko dute matrikula, unibertsitatean sartzeko ebaluazio proba prestatzeko. Ikasketa horietan matrikulatzen diren ikasleek eskubidea izanen dute ikaskuntzaren bilakaera egiaztatzeko ebaluazio prozesuan parte hartzeko. Hala ere, ebaluazio prozesu horretan lortutako kalifikazioek ez dute eskubidea emanen ikasketa espedientea aldatzeko.

Harik eta Hezkuntzarako Estatu Itun sozial eta politikotik ateratzen den araudiak indarra hartu arte, goi mailak teknikari titulua duten ikasleek aukera izanen dute unibertsitatean sartzeko ebaluazio proba egiteko, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hogeita hamaseigarren xedapen gehigarrian ezarritako baldintzetan. Adibide modura, probak zer ezaugarri eta baldintza dituen ikus daiteke abenduaren 22ko ECD/1941/2016 Aginduan, zeinak unibertsitatean sartzeko Batxilergoko ebaluazioaren ezaugarriak, diseinua eta edukia zehazten baititu 2016-2017 ikasturterako.

8.–Matrikulak bateragarri egitea.

2017-2018 ikasturtean Arte Plastikoetako eta Diseinuko heziketa ziklo batean, lanbide lantegi batean edo oinarrizko lanbide heziketako ziklo batean matrikulatuta dauden ikasleek aldi berean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako edo Batxilergoko ikasketak egin nahi izanez gero, egin ditzakete, betiere “Félix Urabayen” Nafarroako Helduentzako Bigarren Hezkuntzako Institutuan matrikulatzen badira urrutiko modalitatean, ikastetxe horretan sartzeko baldintzak beteta.

2017-2018 ikasturtean Arte Plastikoetako eta Diseinuko erdi mailako ziklo batean matrikulaturik dauden ikasleek, gainditzeke duten bakarra enpresetako, estudioetako eta lantegietako prestakuntzaldia baldin bada, zilegi izanen dute ikasketa horiek helduentzako Batxilergoko ikasketekin bateratzea, betiere baldintza akademikoak eta Batxilergoan sartzekoak betetzen badituzte.

2017-2018 ikasturtean, derrigorrezko hezkuntzaren ondoko ikasketetan eta/edo goi mailako ikasketetan matrikulatutako ikasleek aldi berean egin ditzakete araubide bereziko kirol ikasketak, onarpen prozesua bukatzen denean esleitu gabeko ikasposturik bada, itxaron zerrendan inor ez badago eta ikastorduen bateragarritasuna %90ekoa bada gutxienez.

9.–Arte eskolen antolaketa-neurri berariazkoak.

Arte eskolen funtzionamendua hobea izateko, ondoren azaltzen diren alderdiak kontuan hartu behar dira.

9.1. Departamentuko burua aukeratzea.

Departamentu didaktiko bakoitzak buru bat izanen du, arte eskolako zuzendariak hautatua, eta ikasturte batez arituko da karguan.

Departamentuko burua honako hau izanen da: Bigarren Hezkuntzako irakasleen edo Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakasleen kidegokoa izanik, kasuan kasuko arte eskolan behin betiko destinoa duten espezialitateko irakasleetatik katedradun gisa antzinatasun handiena duena.

Bi irakaslek edo gehiagok antzinatasun bera baldin badute katedradun gisa, katedradun izateko oposizio-lehiaketan edo sarrerako lehiaketan lortutako ordenaren arabera eginen da izendapena.

Irakasle katedradunik ez badago, zuzendariak departamentuko kideetako bat izendatuko du departamentuburu, haiei entzun ondoren. Kasuan kasuko kidegokoak eta espezialitatekoak izanik, arte eskolan behin betiko destinoa duten irakasleek izanen dute lehentasuna.

Eskolan behin betiko destinoa duten irakasleen artean ez badago behar den kidegoko eta espezialitateko irakaslerik, behar den espezialitatean lizentziadun titulua edo horren baliokidea duen beste kidego bateko irakasle bat izendatuko du, eskolan behin betiko destinoa dutenen artetik. Horrelakorik ezean, zuzendariak departamentuko kideen arteko edozein irakasle izendatuko du, haiei entzun ondoren.

9.2. Irakasgaien eta moduluen banaketa eta hautaketa.

Ekainaren 20ko 27/2012 Foru Dekretuaren bidez uztailaren 6ko 225/1198 Foru Dekretuari erantsi zitzaion zortzigarren xedapen gehigarriak agintzen duenez (225/1198 Foru Dekretu horren bidez Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa, Lanbide Heziketa eta Lanbide Hastapenerako Programak irakasten dituzten ikastetxe publikoetako irakasleen lanaldia eta ordutegia erregulatu ziren), arte eskoletan zerbitzuak ematen dituzten irakasleei foru dekretu horren IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko zaie.

Aipatutako IV. tituluan, eta, zehatzago, 28. artikuluan, hautaketaren hurrenkera ezartzen da eta xedatzen da foru dekretu hori aplikatzearen ondorioz sor litekeen kasuistika garatuko dela urte bakoitzeko antolaketarako eta funtzionamendurako jarraibideetan.

Azaroaren 8ko 1834/2008 Errege Dekretuaren bidez irakaskuntzan aritzeko behar diren prestakuntza arloko baldintzak zehaztu ziren, zehazki, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako, Batxilergorako, Lanbide Heziketarako eta araubide bereziko irakaskuntzetarako, eta Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoetako espezialitateak ezarri ziren. Errege dekretu horren 8.2 artikuluan ezarrita dago Arte Batxilergoa arte ikasketen ikastetxeetan ematen denean, behar diren arte ikasketetako kidegoetako irakasleek ematen ahalko dituztela irakasgai horiek, prestakuntza egokia baldin badute.

Abenduaren 5eko 1284/2002 Errege Dekretuaren 3.2 artikuluan xedatutakoa aplikatuz (errege dekretu horren bidez Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakasleen eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko lantegiko maisu-maistren kidegoetako espezialitateak ezarri ziren, kidego horietako irakasleak aipatu espezialitateetara atxiki ziren eta eman beharreko irakasgaiak eta moduluak ezarri ziren), funtzionario horiek VI. eranskinean aipatzen diren Arte Batxilergoko irakasgaiak ematen ahalko dituzte hezkuntza administrazioek ezartzen dituzten baldintzetan, deusetan galarazi gabe azaroaren 29ko 1707/1991 Errege Dekretuaren V. eranskinean aipatzen diren espezialietateetako irakasleek irakasgai horiek emateko duten beharra eta lehentasuna. Errege dekretu hori azaroaren 8ko 1834/2008 Errege Dekretuak indargabetu zuen, baina horren IV. eranskina lehen aipatutako V. eranskinaren baliokidea da.

Halaber, abenduaren 5eko 1284/2002 Errege Dekretuaren 3.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, Arte Plastikoetako eta Diseinuko lantegiko maisu-maistren kidegoko funtzionarioei dagokienez, funtzionario horiek Arte Batxilergoaren curriculumeko arte lantegiak irakasten ahalko dituzte, hezkuntza administrazioek ezarritako baldintzetan.

Hortaz, arte eskoletan, antolaketa neurri hauek aplikatuko dira:

9.2.1. Irakasgaien eta moduluen banaketa.

Banaketa hori egiteko orduan, batez ere arrazoi pedagogikoak eta espezialitatearekin lotutakoak hartuko dira kontuan.

a) Arte Batxilergoko irakasgaiak, ahal dela, Bigarren Hezkuntzako katedradunen kidegoko eta Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoko funtzionarioek emanen dituzte, betiere bakoitzaren espezialitateak irakasteko eskumena esleiturik baldin badu azaroaren 8ko 1834/2008 Errege Dekretuaren IV. eranskinean ezarritakoa aplikatuz. Lehentasun hori galarazi gabe, aipatutako errege dekretuaren V. eranskineko espezialitatekoak diren Bigarren Hezkuntzako katedradunen kidegoko eta Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoko funtzionarioek ere irakasten ahalko dute Batxilergoan.

b) Arte Batxilergoa arte ikasketen ikastetxeetan ematen denean, kasu bakoitzerako prestakuntza egokia duten arte ikasketetako kidegoko irakasleei esleitzen ahalko zaizkie irakasgaiak.

c) Arte Plastikoetako eta Diseinuko lantegiko maisu-maistren kidegoko funtzionarioek ematen ahalko dituzte Arte Batxilergoaren curriculumeko arte lantegiak.

d) Kasuan kasuko gutxieneko ikasketak eta tituluak ezartzen dituzten errege dekretuetan ezarritako espezialitateetako irakasleek emanen dituzte Arte Plastikoetako eta Diseinuko heziketa zikloetako moduluak.

9.2.2. Hautatzeko ordena.

Hautatzeko ordena bat ezarriko da Batxilergoko irakasgaietarako, beste bat, desberdina, Batxilergoko arte lantegietarako, eta beste bat Arte Plastikoetako eta Diseinuko zikloetako moduluetarako, aurreko puntuan ezarritako irizpideak errespetatuz.

A) Batxilergoko irakasgaiak, arte lantegiak kanpoan utzita.

1. Bigarren Hezkuntzako katedradunen kidegoko irakasleak, ikastetxean behin betiko destinoa dutenak.

2. Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoko irakasleak, ikastetxean behin betiko destinoa dutenak, beren departamentuan ematen den espezialitateko titularrak direnak.

3. Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoko irakasleak, behin betiko destinoa beste ikastetxe batean izan arren, irakastordu aski ez izateagatik destinoko ikastetxetik aldarazi dituztenak.

4. Zerbitzu eginkizunetan dauden Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoko irakasleak.

5. Destinoaren zain dauden Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoko irakasleak.

6. Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoko azken oposizio-lehiaketa gainditu dutenak.

7. Zerbitzu berezietan dauden funtzionarioak eta mugagabeko lan-kontratudunak.

8. Arte Plastikoetako eta Diseinuko katedradunen kidegoko irakasleak, ikastetxean behin betiko destinoa dutenak.

9. Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakasleen kidegoko irakasleak, ikastetxean behin betiko destinoa dutenak.

10. Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakasleen kidegoko irakasleak, behin betiko destinoa beste ikastetxe batean izan arren, irakastordu aski ez izateagatik destinoko ikastetxetik aldarazi dituztenak.

11. Zerbitzu eginkizunetan dauden Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakasleen kidegoko irakasleak.

12. Destinoaren zain dauden Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakasleen kidegoko irakasleak.

13. Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakasleen kidegoko azken oposizio-lehiaketa gainditu dutenak.

14. Zerbitzu berezietan dauden funtzionarioak eta mugagabeko lan-kontratudunak.

15. Administrazio edo lan araubidean aldi baterako kontratatutako irakasleak.

B) Batxilergoko arte lantegiak.

Hezkuntzako kontseilariaren 47/2015 Foru Aginduaren bosgarren xedapen gehigarriaren arabera (agindu horren bidez Batxilergoa ezarri, haren egitura garatu, antolaketa arautu eta ordutegia finkatu zen, Nafarroako Foru Komunitatean), arte eskolako zuzendariei dagokie irakasgai horiek arte eskolan dauden departamentuetako bati atxikitzea, eta departamentu hori arduratuko da irakasgaiekin lotutako kontuez.

C) Arte Plastikoetako eta Diseinuko zikloetako moduluak.

1. Arte Plastikoetako eta Diseinuko katedradunen kidegoko irakasleak, ikastetxean behin betiko destinoa dutenak.

2. Honako irakasle hauek:

–Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakasleen kidegokoak, ikastetxean behin betiko destinoa dutenak.

–Arte Plastikoetako eta Diseinuko lantegiko maisu-maistren kidegokoak, ikastetxean behin betiko destinoa dutenak.

Biek ere beren kidegoari dagozkion moduluen artean aukeratuko dute, arte eskoletan ematen diren heziketa zikloei dagozkien tituluak eta gutxieneko ikasketak ezartzen dituzten errege dekretuen arauekin bat.

3. Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakasleen kidegoko eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko lantegiko maisu-maistren kidegoko irakasleak, behin betiko destinoa beste ikastetxe batean izan arren, irakastordu aski ez izateagatik destinoko ikastetxetik aldarazi dituztenak.

4. Zerbitzu eginkizunetan dauden Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakasleen kidegoko eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko lantegiko maisu-maistren kidegoko irakasleak.

5. Destinoaren zain dauden Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakasleen kidegoko eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko lantegiko maisu-maistren kidegoko irakasleak.

6. Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakasleen kidegoko eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko lantegiko maisu-maistren kidegoko azken oposizio-lehiaketa gainditu dutenak.

7. Zerbitzu berezietan dauden funtzionarioak eta mugagabeko lan-kontratudunak.

8. Administrazio edo lan araubidean aldi baterako kontratatutako irakasleak.

9.2.3. Aukeratzeko lehentasuna.

Aurreko hiru ataletako bakoitzean, uztailaren 6ko 225/1998 Foru Dekretuaren 28. artikuluaren azkeneko zatian ezarritako irizpideen arabera zehaztuko da aukeratzeko lehentasuna (dekretu horren bidez, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa, Lanbide Heziketa eta Lanbide Hastapenerako Programak irakasten dituzten ikastetxe publikoetako irakasleen lanaldia eta ordutegia erregulatu ziren).

10.–Artea Garatu eta Sustatzeko Departamentua.

Arte eskolek, inguruabarrek hala eskatzen dutenean, Artea Garatzeko eta Sustatzeko Departamentua eratzea proposatzen ahalko dute; haren eginkizunen artean ikastetxeko jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak programatzea eta garatzea egonen da, jarraian ezarritakoarekin bat:

a) Eraketa.

Departamentuak buru bat izanen du, eta, egiten den jarduera bakoitzeko, horren ardura duten irakasleak gehituko zaizkio.

b) Departamentuko burua.

Artea Garatu eta Sustatzeko Departamentuko burua irakasle bat izanen da, karrerako funtzionarioa edo mugagabeko lan-kontratuduna, ikastetxean behin betiko destinoa izanik jardunean dagoena. Zuzendariak izendatuko du, urte baterako, beste departamentuetako buruen iritzia entzunda.

c) Departamentuburuaren eginkizunak.

Departamentuko buruak, ikasketaburuaren menpean zuzenean, eginkizun hauek izanen ditu:

–Curriculum proiektuen prestaketan parte hartzea.

–Departamentuak ikasturte osoan eginen dituen jardueren urteko programa prestatzea. Programa horretan gainerako departamentuen, irakasleen, ikasleen eta gurasoen proposamenak bilduko dira.

–Ikasleei departamentuaren jarduerei buruzko informazioa ematea, ikastetxean eginen diren erakusketei eta kultur ekitaldiei buruzkoa bereziki.

–Erakusketak eta kultur ekitaldiak sustatu, koordinatu eta antolatzea, beste departamentuekin, klaustroarekin, ikasleen ordezkarien batzordearekin eta guraso elkarteekin elkarlanean.

–Ikasketa bidaien, eskola trukeen eta, oro har, ikastetxean ikasleekin antolatzen den edozein txangoren edo bidaiaren antolaketa koordinatzea.

–Eskola Kontseiluak jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak egiteko ematen dituen baliabide ekonomikoak banatzea.

–Arte Eskolako liburutegiaren erabilera antolatzea.

–Egindako jardueren ebaluazioa jasoko duen memoria prestatu, eta urteko programazio orokorraren azken memorian txertatzea.

11.–Txostenak egitea Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide ikasketen eskaintza planifikatzeko.

Hezkuntza Departamentuari dagokio Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide ikasketen eskaintza planifikatu eta programatzea Nafarroan. Horretarako, Hezkuntza Departamentuak helburu hauek ditu:

a) Prestakuntza guneak nola erabiltzen diren ezagutzea.

b) Eskura dauden guneak efizientzia handiagoz erabiltzea.

c) Guneen kudeaketan gardetasuna sustatzea, arte eskolek eta Lanbide Heziketako ikastetxeen sareak eskura dauden guneak nola erabiltzen diren jakin dezaten.

d) Hezkuntza Departamentuak Arte Plastikoen eta Diseinuko lanbide ikasketen plangintza orokorrari buruz hartu beharreko erabakietarako lagungarri bat izatea. Erdi mailako zikloetako ikasketen eskaintza, ahal den neurrian, goizeko txandetan antolatuko da, derrigorrezkoaren ondoko beste ikasketa batzuetan bezala; Batxilergoan, konparazio batera.

Hori helburu, arte eskola bakoitzeko zuzendaritza taldeak ikastetxean eskaintzen diren zikloen analisi bat egin beharko du, eta horren gaineko txosten bat prestatu, gutxienez honako alderdi hauek jasoko dituena:

a) Ikastetxeko talde guztien zerrenda, honako hauek adierazita: irakaskuntza modalitatea (bertaratu beharrekoa, urrutikoa), irakaskuntza modalitatea (Batxilergoa, Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide ikasketak, goi mailako arte ikasketak), maila (LH Berezia, erdi maila, goi maila), txanda (goizez, arratsaldez), ikasmaila (1., 2. edo 3. maila, ziklo egokituen kasuan) eta matrikulatutako ikasle kopurua.

b) Arte eskolako prestakuntza guneen zerrenda: ikasgelak, laborategiak, tailerrak,...

c) Prestakuntza gune bakoitzaren erabilera orduak egunez egun adierazten dituen taula, zein taldek erabiltzen duen adierazita. Goizeko erabilera orduak eta arratsaldekoak bereiziko dira. Ikasturtean zehar gune horien erabilera aldatuz gero, jakinarazi beharko da.

d) Hezkuntza Departamentuak proposatutako helburuak lortzeko egokitzat hartzen diren proposamenak.

Txosten hori 2017ko azaroaren 3a baino lehen igorriko beharko zaio Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendaritzari.

12.–Metodologia aktiboen sustapena Lanbide Heziketan.

12.1. Lanbide Heziketaren Zerbitzuak asmoa du gure erkidegoko Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide ikasketen ziklo eta programa guztietan metodologia aktiboak urratsez urrats ezartzeko. Horregatik, aurreko hiru urteetan, Hezkuntza Departamentuak prestakuntza ekintzak sustatu ditu irakasleak proiektuen bidezko metodologian eta elkarlaneko ikaskuntzan trebatzeko.

2016-2017 ikasturtean, proiektuetan oinarritutako elkarlana ere ezarri da ikastetxeetan poliki-poliki, eta hurrengo urteeetan ere bide beretik joko da.

12.2. 2017-2018 ikasturtean, Hezkuntza Departamentuak gutxienez ekintza hauek sustatuko ditu:

–Metodologia aktiboen “Baietz-A que sí” programa prestatu eta onestea ziklo bakoitzerako. Programa horretan metodologia aktiboak ezarri, sendotu eta hedatzeko estrategiak finkatuko dira, eta, gainera, horren inguruko alderdiak eta ekintzak arautuko dira: prestakuntza, inplikatuko diren irakasleak, zabalkundea, sariak, prestakuntza guneak, enpresekiko elkarlana, nazioarteko trukeak, ikastetxeetan prestakuntza-jarduera beste modu batean antolatzea erraztuko duten neurriak (irakasle titularrari esleitutako moduluen araberako antolaketa, bakoitzaren asteko ordutegiak, lanlekuak, etab.).

Hori helburu, ikastetxean garatzeko proposamen metodologikoren bat egonez gero (besteak beste, proiektuetan oinarritutako elkarlana), modulu batean baino gehiagotan ezarri beharrekoa, eta, horrenbestez, irakasle bati baino gehiagori eraginen zaionez, ikastetxeko zuzendaritzak aukera izanen du ordutegiak eta lanlekuen erabilera beste modu batean antolatzeko, metodologia horiek ahalik eta hobekien aplika daitezen; modulu horietako eskola-orduak batera ematen ahalko dira.

–Metodologia aktiboen gaineko prestakuntza: proiektuetan oinarritutako elkarlaneko ikaskuntza. Prestakuntza hori maila batean baino gehiagotan eskainiko zaie interesaturik dauden irakasleei.

–Lanbide Heziketako hezkuntza proiektuen lehiaketaren bigarren deialdia.

–Jardunbide egokiei buruzko jardunaldiak.

–Proiektukako lana ikastetxeetan ezartzeko moduari jarraipena egitea. Horretarako, irakasle “dinamizatzailearen” figura sortuko da, baita “Lanbide Heziketako metodologia aktiboen Sarea” ere.

Metodologia aktiboak ezarri, sendotu eta hedatzeko irakasle dinamizatzaileak Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendariak izendatuko ditu, ikasturte baterako, zuzendari taldeek ikasturtearen hasieran aurkezten duten proposamenari jarraikiz.

Irakasle dinamizatzaileek eginkizun eta betebehar hauek izanen dituzte:

–Eredu metodologiko berria bere ikastetxeko irakasleen artean hedatzea.

–2017-2018 ikasturtean metodologia aktiboak ezartzeko prozesuan inplikaturik dauden ikastetxeko irakasleei aholku ematea.

–Bere ikastetxean garatzen diren proiektuen jarraipena egitea.

–Ikastetxean ematen diren heziketa zikloak aztertzea, eta, gero, metodologia aktiboa zeinetan ezar daitekeen zehaztea, horretarako kronograma eta guzti.

–Lanbide Heziketako metodologia aktiboen dinamizatzaileen Sarean parte hartzea.

–2018ko ekainaren 30a baino lehen, Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendaritzari memoria bat aurkeztea egindako jarduerei eta hurrengo ikasturterako proposatzen diren jarduerei buruz.

–Hezkuntza Departamentuarekin elkarlanean aritzea zehazten diren ekintza guztiak aurrera eramateko.

Metodologia aktiboak ezarri, sendotu eta hedatzeko irakasle dinamizatzaileek honako konpentsazio hauek izanen dituzte, konpentsazio horiek arautzeko programa onesten ez den bitartean:

–Oro har, irakasle dinamizatzaileek bi ordu osagarri izanen dituzte astero beren eginkizunak betetzeko.

–Irakasle dinamizatzaileek lehentasuna izanen dute Lanbide Heziketako alderdi metodologikoekin zerikusia duten nazioarteko proiektuetan parte hartzeko, betiere proiektua gidatzen duena dinamizatzaileak irakasten duen ikastetxea bada, edo Hezkuntza Departamentua.

12.3. Baimena ematen da Lanbide Heziketaren Zerbitzuak proposatzen dituen ikastetxe eta zikloetan, 2017-2018 ikasturteko prestakuntza jarduera antolatzeko orduan, denborarekin eta lekuarekin dagozkien egungo planteamendu modularrak aldatzeko. Horretarako, ikastetxeek ziklo eta modulu bakoitzerako aurreikusten duten antolaketa zehatza eskatu beharko dute, ukitutako irakasleak eta prestakuntza prozesurako aurreikusten den antolaketa berria adierazita. Eskaera hori 2017ko urriaren 16ra bitarte aurkezten ahal dute, egun hori barne, Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendaritzari zuzendua.

13.–Lanbide Heziketaren Plan Estrategikoaren garapena.

Lanbide Heziketaren Plan Estrategikoaren garapen prozesua aurrera doa. Gaur egun, jendaurrean jartzeko eta herritarrek parte hartzeko fasean dago. Hortaz, ekarpenak eta iradokizunak aurkezten ahal dira azaroaren 30era arte. Horretarako, Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian dagoen esteka hau kontsultatu daiteke: http://www.gobiernoabierto.navarra.es/eu/participacion/procesos/plan-estrategico-formacion-profesional.

Hezkuntza Departamentuak, Plan Estrategikoa prestatzeak eta abian jartzeak duen garrantzi estrategikoaren jakitun izanik, egoki ikusi du ikastetxeei eskola-ordu batzuk ematea plan horren ondoriozko ekintzak txertatzeko.

Lanbide Heziketaren Zerbitzuak Lanbide Heziketaren Plan Estrategikoan aurreikusitakoa garatu eta aplikatzeko ekintzak koordinatzeko irakasle arduradunak izendatuko ditu, ikastetxeek urte hasieran aurkeztu beharreko proposamena aintzat hartuta. Eginkizun horietarako, arduradunek aurreko atalean aipatutako eskola-orduak erabiltzen ahalko dituzte. Ordu horietan, Lanbide Heziketaren Zerbitzuaren eskura egon beharko dute, bilerak eta behar diren gainerako koordinazio ekintzak egiteko, eta, horrez gainera, lehentasunezko ekintza hauek eginen dituzte:

–Lanbide profil berriak detektatzen laguntzea.

–Prestakuntza behar berrien prospekzioa egitea, dela artearen edo teknologien bilakaeragatik, lan merkatuaren beharrengatik edo prestakuntza modalitateen bilakaeragatik (proba irekiak, prestakuntza duala, urrutiko prestakuntza, beste modalitate malgu batzuk, etab.), eta, orobat, lanbide gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko prozeduren prospekzioa egitea enpresen eta herritarren beharrei hobeki erantzuteko.

–Lanbide Heziketaren Zerbitzuarekin elkarlanean aritzea honako alderdi hauei loturiko prestakuntza diseinatu eta planifikatzeko orduan: artearen bilakaera, teknologien bilakaera, lan merkatuaren beharrak, Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren S-3 Estrategiaren beharrak eta Nafarroako Gobernuaren beste estrategia batzuk.

–Ikastetxean irakasten diren familia-arloen titulu berrien analisia, ikastetxean ezar daitezkeen aztertzeko.

–LOGSE curriculumak LOE curriculum bihurtzeko egokitzapen lanetan eta trantsizio fasean laguntzea.

14.–Ebaluazio datuak ezarritako epeetan bete eta Educan sartu beharra.

Hezkuntza Departamentuak datu estatistiko osoak behar ditu. Izan ere, datu horiek ezinbestekoak dira plangintza egoki bat egiteko, besteak beste. Horregatik, ikastetxe guztiei oroitarazten zaie ikasleen eta ikasketen kudeaketari buruzko datu guztiak (altak, bajak, kalifikazioak, ebaluazio aktak, ikasmaila gainditzeari eta tituluak emateari buruzko erabakiak, etab.) Educa aplikazioan sartu behar dituztela.

15.–Europass gehigarria.

Europass gehigarriak Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide ikasketen titulu ofizialari eransten zaion agiri bat da, hirugarrenek hobeki ulertzeko helburua duena, batez ere, beste herrialde bateko enplegatzaile edo erakundeek hobeki uler dezaten tituluaren esanahia, tituludunak eskuratutako gaitasunei dagokienez. Europass gehigarria ez da titulu ofizialaren ordezko bat, ingelesez azaltzen den osagarri informatibo bat baizik.

Gehigarri horretan tituludunak eskuratutako ezagupenak eta gaitasunak azaltzen dira, bere intereseko teknikari tituluari edo goi mailako teknikari tituluari dagokionez. Titulu ofizialetan ageri den informazioaren osagarri bat da, titulua hobeki ulertzeko, titulua egiten den herrialdetik kanpora, batez ere.

Ikasleak eskatuz gero, ikastetxeak behartuak daude gehigarri hori egin eta luzatzera, esteka honetan dauden ereduen arabera:

https://www.mecd.gob.es/mecd/servicios-al-ciudadano-mecd/catalogo/general/educacion/0-europass/ficha.html

16.–Spainskills.

Hezkuntza Departamentuaren iritziz, ikastetxeek espezialitateen lehiaketetan parte hartzea aukera egokia da Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide ikasketak sustatzeko eta ikasketa horien erakargarritasuna eta bikaintasuna sustatzeko. Lehiaketa horietan parte hartzea motibatzeko eta lanerako aurreikuspenak hobetzeko pizgarri bat da ikasleentzat, eta, gainera, Espainia mailan (SpainSkills), Europa mailan (EuroSkills) eta nazioarte mailan (WorldSkills International) bi urtean behin antolatzen diren lehiaketetarako prestatzen laguntzen die.

Espainiako hurrengo lehiaketa 2019an eginen da (Spain Skills 2019). Hezkuntza Departamentuak 2018-2019 ikasturtearen hasieran finkatu behar du zein Skills lehiaketatan parte hartuko duen Nafarroak eta zein ikasle eta irakaslek osatuko duten Nafarroako taldea. Horretarako, beharrezkoa da 2017-2018 ikasturtean zehar ikasleen lehenbiziko hautapena egitea eskola bakoitzean, gero Espainiako lehiaketa horietan parte hartuko dutenak hautatzeko. Hala, ikastetxeko zuzendariak 2018ko apirilaren 30a baino lehen jakinarazi beharko dio Lanbide Heziketaren Zerbitzuari zein skills lehiaketatan parte hartu nahiko lukeen, proposamenean inplikaturiko ikasleak eta irakasleak adierazita.

Ikasleak hautatu eta prestatzeak ohiz kanpoko ahalegina eskatzen die eginkizun horretan inplikatzen diren irakasleei, izan ere, ikasgelan kasuan kasuko moduluen curriculumak garatuz prestatzeaz gainera, beharrezkoa da praktikak nabarmenki handitzea. Horregatik, 2017-2018 ikasturtean ikastetxeko zuzendaritzak ordu osagarriak esleitzen ahalko dizkie irakasleei lan hori egin dezaten.

III. KAPITULUA

Araudia

Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide ikasketak.

–Antolamendua:

  • 596/2007 Errege Dekretua (Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide ikasketen antolamendu orokorra).
  • 44/2010 Foru Dekretua. (Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide ikasketen antolamendua eta garapena).
  • 54/2016 Foru Agindua, 53/2017 Foru Aginduaren bidez aldatua (ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan, ikasleak erdi mailako eta goi mailako heziketa zikloetan onartzeko prozeduraren gaineko erregulazioa).
  • 52/2015 Foru Agindua (Lanbide Heziketa Bereziko zikloen erregulazioa).
  • 93/2008 Foru Agindua (aniztasunari erantzutea).
  • 151/2017 Ebazpena (erdi eta goi mailako zikloetan onartzeko jarraibideen erregulazioa eta egutegia 2017-2018 ikasturterako).
  • 287/2013 Ebazpena (unibertsitateko ikasleen prestakuntza praktikoan parte hartzen duten ikastetxe eta irakasleentzako aitorpena).

–Nazioartekotzea:

  • 31/2012 Foru Agindua (prestakuntza egonaldiak atzerrian: ikasleak eta irakasleak).

–Ebaluazioa eta prestakuntzaldi praktikoa enpresetan, estudioetan eta lantegietan:

  • 109/2011 Foru Agindua (Arte Plastikoetako eta Diseinuko heziketa zikloen ebaluazioa).
  • 86/2014 Foru Agindua (109/2011 Foru Agindua aldatzen duena).
  • 34/2012 Ebazpena (109/2011 Foru Aginduaren garapena).
  • 49/2013 Foru Agindua 49/2013 Foru Agindua (ebaluazio prozesuan erreklamazioak egiteko sistema).

–Zikloetan sartzeko probak:

  • 29/2017 Ebazpena (heziketa zikloetan sartzeko 2017an egin behar diren probetarako deialdia).

Gaitasun artistikoaren proba:

  • 113/2017 Ebazpena (2017an egin behar den gaitasun artistikoaren probarako deialdia).

Iragarkiaren kodea: F1710413