185. ALDIZKARIA - 2017ko irailaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LIZOAIN-ARRIASGOITI

Aldaketa, Eraikuntzari buruzko ordenantza estetikoan. Behin betiko onespena

Lizoain-Arriasgoitiko Udalak, 2017ko maiatzaren 31n egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Eraikuntzari buruzko ordenantza estetikoaren aldaketa.

Helburua da 5. artikuluaren 4. puntua aldatzea; alegia, ondoko hau dioen tokian:

–“4. Emokatuak eta pintatuak kolore argietan izanen dira, ahal izatera zuriz”.

Hala behar du:

–“4. Emokatuak eta pintatuak kolore okre eta lurkara argietan, zurietan eta abarretan izanen dira. Eraikinaren zatiren bat nabarmendu ahalko da beste motatako koloreekin, giroarekin bat egiten badute”.

Erabaki hori 2017ko 142. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 24an.

Argitaratu zenetik 30 eguneko epea iragan denez inork espedientearen aurkako erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, behin betiko onetsirik gelditu da, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoari jarraituz, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematen da haren testu osoa.

Lizoainen, 2017ko irailaren 13an.–Alkatea, Amaia Ekisoain Gorriz.

LIZOAINGO ERAIKUNTZARI BURUZKO ORDENANTZA ESTETIKOA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da Lizoaingo hiri lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian eraikitzeko baldintzak zuzendu behar dituzten alderdi estetikoak arautzea.

Eraikinaren baldintza estetikoak

2. artikulua. Fatxaden konposizioa eta izaera bateratua.

Eraikinen fatxaden konposizioa bateratua izanen da.

Ez da sargunerik ez atzeraemangunerik baimenduko solairuetako bakar batean ere, beheko solairuko sarbideetan izan ezik.

Ehundura eta kalitate berbereko trataera izanen dute beren azalera guztian, halako moldez non eraikinak zaindu itxura izanen baitu teilatutik hasi eta karrikarekin edo lurzatiarekin bat egin arte, non ez den beheko solairuen ezaugarri den izaera azpimarratu nahi; hala izanez gero, emanen zaion trataerak goiko solairuetakoekin bat egin beharra alde batera utzita, eraikinaren gainerakoan erabilitako soluzio material ezberdinetara jo ahal izanen baita fatxadetan.

2. bis artikulua. Fatxadako baoen forma eta neurriak.

Baoak lehendik dagoen eraikuntza arruntaren ezaugarrien antzekoak izanen dira formaz eta neurriz. Eraikuntzako usadio zaharrei jarraikiz, osagai bertikalekoak izan ohi dira beti. Arrazoi bera dela eta, baoek 15 zentimetroko harkantoia izanen dute gutxienez.

Bao/bete proportzioa, goiko solairuetan, ez da 40/60 erlazioa baino handiagoa izanen.

3. artikulua. Bao konposizioa.

Fatxadaren konposizioa, bateratua ez ezik, antolatua eta simetrikoa ere izanen da, lurzatiaren baldintzak direla-eta hori ezinezkoa denean salbu. Horren arabera, baoak konposizio ardatz bertikaletan paratuko dira; ahal dela, horiek beheko solairura hedatuko dira. Goiko solairuetan aplikaturiko konposizioan sartuko dira bai atariko sarrera bai beheitiko beste lokalei dagozkien baoak.

Aitzineko araua, baoen forma eta dimentsioei buruzko gainerakoak bezalaxe, batik bat bizitegiko erabilera duen ohiko eraikinari dagokio.

Dotazioetarako eraikin bereziak ez zaizkie ohiko eraikinen neurri berean lotuko artikulu honetan eta aitzinekoan ezartzen diren betebeharrei.

4. artikulua. Dekorazioa beheko solairuan.

Beheko solairuaren dekorazio proiektua fatxadari eskatzen zaion konposizioko akabera bateratuaren barnean sartuko da.

Itxitura egiteko materialak eta haren kanpoaldeko akabera tradiziozkoen gisakoak izanen dira, eta dekorazioak ezin izanen ditu markoztatu eraikinaren balio arkitektonikoaren funtsa diren material eta elementuak.

Dekorazioko material gisa, lehentasuna izanen dute fatxadaren gainerako zatia eratzen dutenek: harlandua edo adreiluzko fabrika emokatua, luzitua edo pintatua.

Beheko solairuari eraikinaren zokalo trataera eman nahi izanez gero, eskualdeko harrizko plakak erabili ahal izanen dira.

Harriaren ordez harria bezalako edozein material erabil daiteke, betiere itxura eta kolorea harekin bateragarriak badira, eta mantentze-lanei zein garbitasunari begira egokia dela arrazoitzen bada.

5. artikulua. Murruak.

–Fatxadako murruak ondoan aipatzen diren akaberetako edozein agertzen ahalko dute:

1. Eskualdeko harrizko fabrika, ortogonalki ebakitako piezatan.

2. Eskualdeko harrizko plakak, ortogonalki ebakitako piezatan.

3. Bistako adreilu zaharkituko fabrika, proiektu bereziak direnean konposizio eta erabilitako materialen aldetik.

4. Emokatuak eta pintatuak kolore okre eta lurkara argietan, zurietan eta abarretan izanen dira. Eraikinaren zatiren bat nabarmendu ahalko da beste motatako koloreekin, giroarekin bat egiten badute.

–Mehelin agerikoek konposizio orokorrarekin bat eginen dute, eta fatxadako material bera erabiliko da horiek egiteko.

–Ez da inoiz arrazoirik izanen murruen emokatu edo azaleko akaberak pikatzeko eta barneko fabrika agerian uzteko, hura ez zela fatxadatako sortua ageri bada.

–Beheko solairuko akabera egiteko “Dekorazioa beheko solairuan” izenburuko artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio.

6. artikulua. Estalkiak.

Estalkitako, isurialde jarraietako teilatua eginen da, eraikinaren erlaitzeko lerroetan euri ura bilduko duena. Ageriko teilatu-hodiak ez dira inoiz plastikozkoak izanen, eta zorrotenak material berekoak izanen dira. Azkeneko bi metroetan, zorroten horiek burdin urtukoak izanen dira, eremu publikora jotzen badute. Isurialdeen malda %32tik %40ra bitartekoak izanen da.

Orokorrean, ohiko eraikinetan debeku dira estalki lauak edo zabaltzak, beheko solairuko eraikinetan izan ezik. Terraza gisakoak onartuko dira, baldin eta ez badu egiten plantako azaleraren %20 baino gehiago eta 2,50 metro atzera eramaten bada edozein fatxadaren lerrotik.

Teilatua estaltzeko, zeramikazko teila kurboa erabiliko da, haren berezko kolorean, gorritik hasi eta okre hitsera doan eskalaren barnean.

Ateratzen diren elementu edo topagune guztiak ere zeramikoak izanen dira; berariaz debeku da ageriko lamina asfaltiko edo sintetikoak erabiltzea.

Orobat, debeku da mehelinak lamina iragazgaitzez, ageriko isolamenduz edo zuntz-zementuzko harlauzaz estaltzea.

Morteroko emokatuak eta pintura edo kanpoalderako akabera duten elementu isolatzaileak erabiliko dira ageriko mehelinak babesteko.

7. artikulua. Teilatu-hegalak.

Ohiko eraikinetan nahitaez egin beharko da teilatu-hegala. Haren hegalduraren araudia balkoiena bera da.

Teilatu-hegala jarraia eta zurezkoa izanen da, eta molduratutako zuburuak izanen ditu. Kasu berezietan, udal zerbitzu eskudunek aitzinetik txostena eginik, aukerako material edo konposizioak erabili ahal izanen dira, hala nola, enkasetonatuak eta teilatu-hegal lau edo kurboak.

8. artikulua. Balkoiak.

Onartzen diren hegaldurak ez dira karrikaren zabaleraren %10 baino gehiago izanen, eta gehienez ere 60 zentimetro izanen dira balkoia eratzeko. Harri natural edo artifizialez (hormigoia) eginen dira, edota egikera tradizionala izanen dute, hots, burdinazko armazoia zeramikaz beteta.

Ertza ez da 18 zentimetro baino lodiagoa izanen, ez eta 12 zentimetro baino meharragoa ere, goiko paragrafoan aipatzen den egikera tradizionalekoa ez bada.

Molduratutako profila izanen du eta behar bezala bideratuko du ur isuria.

Balkoiak ezin izanen dira itxi fabrikako karelak edo beste material opaku batekoak erabiliz.

Haien babesa bertikalki ezarritako metalezko elementu trinkoek osatuko dute. Elementu horien azkena izanen dira pletina bat, nahi izanez gero metalezkoa ere den eskubanda izan dezakeena, goiko aldean, eta harlauzan puntualki ainguratutako profil bat, beheko aldean.

Salbuespenez, burdin urtuko bestelako apaingarrietara jo ahal izanen da.

9. artikulua. Begiratokiak.

Libre da begiratoki beiraztatuak egitea, eraikinen fatxadei atxikiak. Arotzerian erabiliko den materialak horren gaineko ordenantza konplituko du.

Haien hegaldura ez da karrikaren zabaleraren %10 baino gehiago izanen, eta gehienez ere 60 zentimetro izanen ditu. Haren proportzioa fatxadaren luzeraren 1/3 baino txikiagoa izanen da.

10. artikulua. Elementu irtenak.

Libre da elementu irtenak paratzea, hala nola inpostak, moldurak eta abar, haien diseinua eraikuntzari loturik ageri bada, betiere fatxadaren planotik 15 zentimetro baino gehiago ateratzen ez badira goiko solairuetan.

Beheko solairuan ere elementu irtenek dekorazioarekin bat egin beharko dute; 2,50 m garaitik goiti ez dira 40 cm baino gehiago aterako fatxadatik; garaiera hartaraino dekorazioaren erliebea ez da inoiz 15 cm baino gehiago izanen.

11. artikulua. Arotzeria.

Eraikin bateko arotzeriak diseinu, kolore eta material berekoak izanen dira, goiko solairu guztietan, bederen. Debeku dira margotzeko edo lakatuak ez diren metal-arotzeriak. Egur bernizatua erabil daiteke, tradizioz ageriko bezala erabili izan diren kolore edo ehunduretan.

12. artikulua. Pertsianak.

Tolesgarriak izanen dira eta baoaren harkantoian tolestuta bilduko dira.

Onartzen ahalko dira barnetik eragiten diren pertsiana bilgarriak, betiere pertsianaren bilkaria eta kaxa ez badira kanpotik ikusten.

Eraikin bateko pertsianak, goiko solairuetakoak bederen, diseinu, kolore eta material berekoak izanen dira, pertsiana arin, eseki eta desmuntagarriak erabiltzen direnean salbu, eraikineko etxebizitza bakoitzean bakarka erabili ahal izanen baitira horiek.

Erabili beharreko materialak eta koloreak, arotzeriari dagokion artikuluan jaso direnak dira.

13. artikulua. Zerbitzu publikoak paratzea.

Udalak, finketan, bere zerbitzuko seinaleak, euskarriak edo beste edozein elementu paratu, kendu edo aldatzen ahalko du bere kontura, eta jabeek onartu egin beharko dituzte.

Udalaren zerbitzu teknikoak trabak saihesten ahaleginduko dira, eta ahalik eta azkarren abisatuko diete ukituei.

14. artikulua. Indarrean jartzea.

Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Iragarkiaren kodea: L1710706