185. ALDIZKARIA - 2017ko irailaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

78/2017 FORU DEKRETUA, irailaren 6koa, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoaren estatutuak, abuztuaren 28ko 130/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsiak, aldatzen dituena.

ZIOEN AZALPENA

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoaren estatutuak abuztuaren 28ko 130/2015 Foru Dekretuak onetsi zituen. Haren III. titulua Euskararen Nafar Kontseiluaren osaera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoa da (kontseilu hori parte-hartze organoa da eta Nafarroako Gobernuari aholkuak emanen dizkio euskararen plangintzaren eta sustapenaren arloetan).

Nafarroako Gobernuak gardena izan nahi du informazioarekin, eta herritarren lankidetzaren alde egiten du politika publikoen diseinuan, inplementazioan eta ebaluazioan, administratzeko modua irekiagoa izateko, parte-hartzea handitzeko eta sektoreen eta taldeen behar eta problemetara hurbiltzeko. Horretarako, bidezkoa da Euskararen Nafar Kontseiluaren osaera eta eginkizunak zabaltzea.

Hartara, gizartearen parte-hartzea handiagoa izan dadin, kontseiluko kideen kopurua handitu da. Bost Nafarroako Parlamentuak proposatuko ditu, bat Nafarroako Gazteriaren Kontseiluak, bost beren estatutuetan euskara sustatzea helburu modura duten kultura elkarteek edo gizarte ekimeneko entitateek, eta, hiru euskararen eta euskal kulturaren eremuan izen ona duten pertsonek.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 106 artikuluak xedatzen du erakunde publikoen estatutuak Nafarroako Gobernuaren dekretu bidez aldatuko direla, erakundea atxikita duen departamentuak proposaturik.

Horrenbestez, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2017ko irailaren 6an egindako bilkuran harturiko Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.–Estatutuak aldatzea.

Abuztuaren 28ko 130/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsi ziren Euskararen Nafar Institutua-Euskarabidea erakunde autonomoaren estatutuak. Estatutu horietako III. tituluko 24., 25., 26., 27., 28. eta 29. artikuluak aldatu eta honela idatzita gelditu dira:

“III. TITULUA

Euskararen Nafar Kontseilua

24. artikulua. Izaera eta atxikipena.

1. Euskararen Nafar Kontseilua Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren parte-hartze organoa da eta, euskararen plangintzan eta sustapenean, Nafarroako Gobernuaren organo aholku-emailea da.

2. Euskararen Nafar Kontseilua Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan hizkuntza politika arloan eskudun den departamentuari atxikiko zaio, eta horrek emanen dizkio jarduteko behar dituen aholkularitza eta bitartekoak.

25. artikulua. Euskararen Nafar Kontseiluaren eginkizunak.

Euskararen Nafar Kontseiluaren eginkizunak honako hauek dira:

a) Hizkuntza normalizazioaren arlokoak diren izaera orokorreko xedapenen proiektuei eta arlo horretako plan orokorrei buruzko irizpen ez-lotesleak ematea.

b) Euskararen Plan Estrategikoaren garapenaren eta betetze mailaren gaineko informazioa hartzea.

c) Euskararen erabileraren eta sustapenaren gainean proposamenak eta iradokizunak egitea.

d) Arloan eskudun diren administrazioetako edozeinek eskatzen dizkion hizkuntza plangintza eta normalizazio arloko txosten eta kontsulta guztiak egin eta erantzutea.

e) Lan batzordeek egindako balizko txostenetako proposamenak aztertzea eta, halakorik bada, onestea.

f) Kontseiluak egindako jardueren urteko memoria onetsi eta Nafarroako Gobernuari bidaltzea.

g) Indarrean dauden xedapenek berariaz esleitutako gainerako eginkizunak.

26. artikulua. Osaera, izendapena eta kargua uzteko arrazoiak.

1. Euskararen Nafar Kontseiluak burua, buruordea eta kideak izanen ditu.

2. Kontseiluburua: hizkuntza politikaren arloan eskumena duen departamentuko kontseilaria.

3. Kontseiluburuordea: Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailea.

4. Kontseiluko kideak honako hauek izanen dira:

–Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko zuzendaria.

–Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako zuzendari nagusia.

–Kontseiluburuak izendaturiko zuzendari nagusi bat, esparru hauetako batekoa: hezkuntza, toki administrazioa, lehendakaritza eta gobernu irekia, edo funtzio publikoa.

–Nafarroako Parlamentuak proposatutako bost kide.

–Erakunde eta entitate hauetako bakoitzeko ordezkari bat, nork berea:

  • Euskaltzaindia,
  • Nafarroako Unibertsitate Publikoa,
  • Nafarroako Unibertsitatea,
  • Eusko Ikaskuntza,
  • Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa,
  • Nafarroako Gazteriaren Kontseilua,
  • Nafarroako Ikastolen Elkartea,
  • Nafarroako Kazetarien Elkargoa.

–Beren estatutuetan euskara sustatzea helburu modura duten kultura elkarteek edo gizarte ekimeneko entitateek proposatutako zazpi kide.

–Euskararen eta euskal kulturaren eremuan izen ona duten pertsonen artetik izendatutako hamar kide.

5. Euskararen Nafar Kontseiluko idazkaria Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko zuzendaria izanen da.

6. Kontseiluko kideak Nafarroako Gobernuaren erabakiaren bidez izendatuko dira, ordezkatzen dituzten entitateek edo erakundeek proposatu ondoan. Kide horiek izendatzeko emakumezkoen eta gizonezkoen presentzia orekatuaren printzipioa kontuan hartuko da, arrazoi oinarritu eta objektiboek eragozten ez badute behintzat.

Lau urteko agintaldia izanen dute kideek, eta hura iraupen bereko epetan berritzen ahal da. Kargualdia bukatzeagatik ez beste edozein arrazoirengatik uzten bada kargua, ordezten duen kidearen kargualdia bukatu arte arituko da titular berria.

Orobat, honako kasuotan utzi beharko dute kargua kideek:

–Heriotza edo ebazpen judizial irmo baten bidez deklaratutako desgaikuntza.

–Norberak eskatuta.

–Lanbidean edo politikan aritzeko desgaikuntza ekarri duen zigorra jasotzea epai irmo baten bidez.

–Ordezkaritza galtzea.

Hautatua izateko epea bukatuz gero, kideek beren eginkizunetan jarraituko dute kide berriak karguaz jabetzen diren arte.

Kargu hutsak betetzeko, izendapenak egiteko adierazitako prozedura berbera erabiliko da.

27. artikulua. Ordezkotzak.

1. Kontseiluburua ez dagoenean, kontseiluburuordeak ordeztuko du.

2. Idazkaria ez dagoenean, Zuzenbideko lizentziadun batek ordeztuko du, hizkuntza politikaren arloan eskudun den departamentuan aritzen bada titulazio hori eskatzen duen lanpostu batean.

3. Kide bakoitzeko, titular bat eta ordezko bat izendatu beharko dira. Kargua hutsik dagoenean edo titularra kanpoan edo eri dagoenean arituko da ordezkoa.

28. artikulua. Antolaketa eta funtzionamendua.

1. Euskararen Nafar Kontseiluak foru dekretu honen xedapenen arabera onetsiko du bere barne araubidearen erregelamendua.

2. Euskararen Nafar Kontseiluak sei hilean behin eginen du osoko bilkura arrunta, eta osoko bilkura berezia, berriz, kontseiluburuak hala erabakitzen duenean bere ekimenez edo hala eskatzen duenean kideen heren batek, gutxienez.

3. Euskararen Nafar Kontseilua balioz era dadin, beharrezkoa izanen da beti kontseiluburua eta idazkaria bertan egotea, edo haiek ordezten dituztenak. Lehenbiziko deialdiak balioa izateko, kide gehienek egon behar dute, eta, bigarren deialdian berriz, kideen herenek gutxienez.

4. Kontseiluak bertaratzen diren kideen gehiengoaren bidez hartuko ditu erabakiak, eta erabakitako txostenen eta irizpenen arrazoiak emanen dira. Boto partikularrak erants daitezke, gehiengoz hartutako erabakiaren kontrakoak badira.

Berdinketarik egonez gero, kontseiluburuaren kalitateko botoak erabakiko du.

5. Akta eginen da bilkura bakoitzean, non hartutako erabakiak jasoko baitira.

6. Kontseiluko edozein kidek proposatuta eta Kontseiluak onetsi ondoan, lantaldeak era daitezke gai zehatz batzuetarako. Kontseiluaren erabakiaren bidez zehaztuko dira haien osaera, funtzionamendua eta helburua. Kontseiluari aldian-aldian emanen zaio haien lanen, ondorioen eta agirien berri. Kontseilutik kanpoko pertsonak onar daitezke osaeran, baina halakoak ez dira lantaldeko kideen erdia baino gehiago izanen.

7. Kontseiluburuak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Euskararen Nafar Kontseiluaren ordezkari izatea.

b) Bilkuren deialdia hitzartzea eta gai-zerrenda finkatzea. Horretarako, Kontseilua osatzen dutenen eskaerak hartuko ditu kontuan, behar bezain goiz egiten badira.

c) Bilkuretan buru aritzea, eztabaidak gidatzea eta horiek etetea arrazoi justifikatuengatik, eta bere botoarekin desegitea sortzen diren berdinketak, erabakiak hartzeko orduan.

d) Organoak hartzen dituen erabakien aktak eta ziurtagiriak ikus-onestea.

e) Adituak edo interesdunak gonbidatzea bilkuretan parte hartzera.

f) Kontseiluburua izateagatik berezko dituen beste eginkizunak betetzea, edo indarreko araudiak esleitzen dizkionak.

8. Kontseiluburuordeak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Kontseiluburua ordezkatzea, kargua hutsik dagoenean, hura eri edo kanpoan dagoenean, edo beste arrazoi justifikatu batzuetan.

b) Kontseiluak kudeaketa, antolaketa eta funtzionamendu ona izan ditzan, kontseiluburuak edo Kontseiluaren Osoko Bilkurak esleitzen dizkion eginkizunak betetzea.

9. Idazkariak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Bilkuretarako deia egitea, kontseiluburuak hala aginduta, eta Kontseiluko kideentzako zitazioak egitea.

b) Kontseiluko kideen komunikazio egintzak jasotzea, hau da, jakinarazpenak, datu-eskaerak, zuzenketak edo haren ezagutza behar duten bestelako idazki guztiak.

c) Gaiak ebazteko bidea prestatzea, bilkuren aktak egin eta baimentzea, eta onetsitako erabakien, irizpenen eta kontsulten ziurtagiriak egitea.

d) Lan batzordeen eginkizunak koordinatzea.

e) Kontseiluak egindako jardueren urteko memoria onestea.

f) Kontseiluaren dokumentazioa zaintzea.

g) Idazkaria izateagatik berezko dituen beste eginkizunak betetzea, edo indarreko araudiak esleitzen dizkionak.

Kontseiluko bilkuretan, idazkariari hizkuntza politikaren arloan eskumena duen departamentuko funtzionario batek lagun diezaioke.

10. Jorratu edo aztertu beharreko gaien arabera, edozein kidek eska diezaioke kontseiluburuari adituek edo interesdunek parte har dezaten. Horiek hizpidea izanen dute, baina botorik ez.

29. artikulua. Gardentasuna eta gizarteari irekitzea.

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak Gobernu Irekiaren Atarian edo xede horretarako sortzen diren beste plataforma batzuetan argitaratuko ditu Euskararen Nafar Kontseiluaren osaera, aplikazio araudia, gai zerrendak, aktak, irizpenak, azterlanak, txostenak eta urteko memoriak.”

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe uzten dira foru dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.

Azken xedapenetan lehena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2017ko irailaren 6an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

Iragarkiaren kodea: F1710448