2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
VILLATUERTA
Helduen euskara formakuntza diruz laguntzea arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena
Helduen euskara formakuntza diruz laguntzea arautzen duen Ordenantza, hasiera batean onartu zen 2017ko ekainaren 29ko udalbatza akordioan.
Jendaurreko epealdia amaituta, kexarik, eragozpenik eta oharrik jaso gabe, hartutako akordioa behin betikoa izatera pasatzen da; hortaz, jarraian ordenantzaren testua osorik argitaratzen dugu ondorio juridikoak izan ditzan.
Villatuertan, 2017ko irailaren 8an.–Alkatea, Asier Urra Ripa.
ERANSKINA
HELDUEN EUSKARA FORMAKUNTZA DIRUZ LAGUNTZEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA
1.–Xedea eta helburua.
Ordenantza honen xedea da euskalduntzen ari diren Villatuertako herritarrei diru-laguntza emateko modua arautzea.
2.–Diruz laguntzekoak.
Diruz lagunduko dira dagokion ikasturteko irailaren 1etik abuztuaren 31ra arte egindako ikastaroen matrikula. Kilometrajea eta ostatu-hartzea ez dira diruz lagunduko. Diruz lagunduko dira ikastaro homologatu estentsiboak (120 ordu edo gehiago), intentsiboak (70 ordu edo gehiago), autoikaskuntzakoak (100 ordu edo gehiago) eta barnetegiak (6 egun edo gehiago).
3.–Diru-laguntzaren zenbatekoa.
Ordenantza honetan arautzen diren diru laguntzak, Udal aurrekontuetan urtero xede horretarako jartzen den kontu-sailaren kredituaren kontura emanen dira; eta Aurrekontuaren Exekuzio Oinarrietan ezarritakoarekin bat.
Dagoen diru esleipena behar diren epean eta moduan aurkeztutako eskaeren artean zatituko da, deialdiko baldintzak betetzen dituztenen artean betiere. Gehienez matrikularen %50 lagunduko da diruz.
Dena den, diru-laguntzen onuradunek ezin izanen dute 300 euro baino gehiagoko laguntzarik jaso deialdi bakoitzeko.
4.–Deialdia.
Urtero eginen da diru-laguntzen deialdia, Alkatetzaren Ebazpen baten bidez. Iragarkia Villatuertako Udalaren webgunean eta iragarki oholean jarriko da.
5.–Eskabideak aurkezteko epea.
Eskabideak, derrigorrean, dagokion urteko irailean aurkeztu behar dira.
6.–Aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Eskatzaileek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute Villatuertako Udalaren Erregistroan:
a) Eskabide ofiziala, behar bezala beteta.
b) Eskatzailearen nortasun agiriaren kopia.
c) Erroldatze ziurtagiria.
d) Euskaltegiak eginiko asistentziaren ziurtagiria (%), gainditutako maila(k) adierazten di(t)uena.
e) Matrikularen ordainagiria, horren %100 ordaindu dela egiaztatzen duena.
f) Diru-laguntza jasotzeko nahi den banku-libretako lehen orriaren fotokopia.
g) Aitorpena, administrazio publikoei edo entitate pribatuei eskatutako edo haiek emandako diru-laguntza guztiena. Eskaerak ebatzi gabe edo ebatzita dauden adierazi beharko da. Azken kasu horretan, kontzesioari buruzko ebazpenaren kopia erantsiko da.
Hori dena zuzenean edo Herri Administrazioaren Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak aurreikusitako beste prozeduraren bat erabiliz egin ahal izanen da. Hona hemen udal bulegoen helbidea: Villatuertako Udala, Rúa Berria kalea, 22. 31132 Villatuerta; tel.: 948 54 11 75.
7.–Eskatzaileek bete beharreko baldintzak.
Honako baldintza hauek betetzen dituztenek eskatzen ahalko dituzte diru-laguntzak, baldin eta eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako baldintzak betetzen badituzte:
a) Diruz lagundutako ikastaroaren %75ean parte hartu duela frogatzea.
b) Villatuertan erroldatuta egotea, era jarraituan, eskaera egin data baino urte bat lehenagotik diru-laguntza eskatzen den arte. Villatuertako Udalean lanean ari direnek eta Villatuertako hautetsiek diru-laguntza eskatu ahal izanen dute nahiz eta udalerrian erroldatuta ez egon.
c) Villatuertako Udalarekiko zerga betebeharrak ordainduta izatea (Udalak ofizioz egiaztatuko du inguruabar hori eta behar den eginbidearen bitartez jasoko).
d) 16 urtetik gora izatea.
8.–Aurkeztutako eskabidean egindako okerrak zuzentzea.
Eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioan okerrik dagoela edo agiriren bat falta dela ikusten bada, hamar egun emango zaizkio eskatzaileari akatsak zuzentzeko edo agiriak osatzeko. Epe hori igaro eta akatsa zuzendu edo agiriak osatu ez badira, eskatzaileak eskaeran atzera egin duela ulertuko da.
9.–Ebazpena.
Alkatetzak 15 egun balioduneko epean emanen du deialdi honetako diru-laguntzak esleitzeko ebazpena, aldez aurretik Euskara Zerbitzuaren proposamena jasota. Ebazpen hori interesdun guztiei jakinaraziko zaie.
Ebazpena eman eta ordaintzeko epea 3 hilabetekoa da, gehienez ere. Diru-laguntza eskatzen den egunean hasiko da epe hura. Epe horretan berariazko ebazpenik ematen ez bada, eskaera ezetsitzat joko du eskatzaileak.
10.–Diru-laguntzaren ordainketa.
Diru-laguntzak ordainketa bakarrean ordainduko dira, haiek emateko ebazpena eman ondoren. Banku transferentzia eginen da eskatzaileek adierazitako kontu korrontearen zenbakian.
11.–Bateragarritasuna.
Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko zein pribatu batzuek helburu berberaz emandakoekin, betiere gehiegizko finantzaketarik gertatzen ez bada.
12.–Diru-laguntzen itzulketa.
Onuradunek diru-laguntza osoa edo zati bat itzuli beharko dute, honako hauek gertatzen direnean:
a) Diru-laguntza eskuratzea horretarako eskatzen diren baldintzak bete gabe, onuradunari egozten ahal zaizkion arrazoiengatik.
b) Eskatzen diren agiriak ez aurkeztea horretarako ezarritako epean.
c) Bateraezinak diren diru-laguntzak aldi berean jasotzea.
d) Nahitaez onartu behar diren egiaztapenak ez onartzea edo oztopatzea.
13.–Arau-hausteak eta zehapenak.
Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoak aginduko du. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.
14.–Datuen babesa.
Eskatzaileen datuak Datuen Babesari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera tratatuko dira.
15.–Araudi aplikagarria.
Deialdi honetan aurreikusten ez den orotarako honako arauak aplikatuko dira: Nafarroako Tokiko Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea; Diru-laguntza Orokorrei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legea; eta azken honen Arautegia, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan onartua.
16.–Indarrean egon.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan zehaztu bezala, honako ordenantzak ez du ondorio juridikorik sortuko Nafarroako Aldizkari Ofizialean bere testua osorik argitaratu arte eta ezarritako epea igaro arte Estatuko edo Foru Erkidegoko administrazioek toki administrazioari errekerimendua egiteko aukera izan dezaten, honen egintzak edo akordioak ezeztatzeko.
Iragarkiaren kodea: L1710517