1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
1050/2017 EBAZPENA, irailaren 6koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, finantzaketa publikoari lotuta dauden eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileek agintzen dituzten tratamendu medikoei atxikitzen laguntzeko diren laguntzen 2017ko uztaileko, abuztuko eta iraileko deialdiaren oinarri arautzaileak onesten dituena.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak araubide juridiko orokorra ezarri zuen Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzetarako. Diru-laguntzak eman baino lehen, organo eskudunak oinarri arautzaileak ezarriko ditu, eta horiek argitaratu beharko dira, diru-laguntza jasotzeko moduan daudenek haiek eskuratzeko aukera izan dezaten.
Finantzaketa publikoari lotuta dauden eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileek agintzen dituzten tratamendu medikoei atxikitzen laguntzeko diren laguntzak Osasuneko kontseilariaren ekainaren 22ko 498E/2017 Foru Aginduaren bidez arautzen dira. Foru agindu horretan ezartzen dira laguntzen xedea eta helburua, zenbatekoa, onuradunak eta horien betebeharrak, eskaeren baldintzak, laguntzak emateko eta ordaintzeko modua, laguntzen errekurtsoen eta publizitatearen araubidea, helburu bererako diren beste batzuekiko bateragarritasuna, itzultzeko betebeharrak, eta ez-betetzeetarako arau-hausteen eta zehapenen araubidea. Halaber, adierazten da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen deialdiaren bidez arautuko direla laguntzak kudeatzeko eta ebazteko behar diren kontu zehatz batzuk.
Deialdi honek 357006 zenbakia du Diru-laguntzen Base Nazionalean.
2017ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan, “(E) Farmazia-prestazioak - koordainketa arautzea” izeneko 540005 52831 4809 313103 aurrekontuko partida dago, 1.000.000 euroko zuzkidura duena.
Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak eman dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Finantzaketa publikoari lotuta dauden eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileek agintzen dituzten tratamendu medikoei atxikitzen laguntzeko diren laguntzen 2017ko uztaileko, abuztuko eta iraileko deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. I. eranskinean jaso dira.
2. 1.000.000 euroko gehieneko gastua baimentzea 2017ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “(E) Farmazia-prestazioak - koordainketa arautzea” izeneko 540005 52831 4809 313103 partidaren kargura.
3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.
Iruñean, 2017ko irailaren 6an.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Óscar Moracho del Río.
I. ERANSKINA
Finantzaketa publikoari lotuta dauden eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileek agintzen dituzten tratamendu medikoei atxikitzen laguntzeko diren laguntzen 2017ko uztaileko, abuztuko eta iraileko deialdiaren oinarri arautzaileak
1.–Laguntzen xedea eta helburua.
Laguntzen xedea eta helburua dira Osasuneko kontseilariaren ekainaren 22ko 498E/2017 Foru Aginduaren 1. artikuluan ezarritakoak. Foru agindu horren bidez, finantzaketa publikoari lotuta dauden eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileek agintzen dituzten tratamendu medikoei atxikitzen laguntzeko diren laguntzak arautzen dira, lehen eta bigarren xedapen gehigarrietan ezarritakoa ere kontuan hartuta.
2.–Onuradunen betebeharrak.
2.1. Onuradunak izaten ahalko dira Osasuneko kontseilariaren ekainaren 22ko 498E/2017 Foru Aginduaren 2. artikuluan adierazten diren baldintzak betetzen dituzten pertsonak, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan ezarritako debeku egoeretako batean ez badaude. Deialdi honetarako kontuan hartuko den pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren adierazpena gehiegizko ekarpenak itzultzeko aplikatzen dena izanen da.
2.2. Halaber, onuradunak izaten ahalko dira MUFACE, MUGEJU eta ISFAS mutualista aktiboak diren eta gainerako baldintzak betetzen dituzten pertsonak, baldin eta, 2.1 ataleko onuradunen espedienteak ebatzi ondoren, aurrekontuan diru nahikoa badago haien eskaerei erantzuteko.
Laguntza emateko proposamena egiten den unean Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen aldeko zerga arloko betebeharrak eta zorrak itzultzekoak egunean izan beharra betetzen dela frogatu ahal izateko, eskaera aurkezteak berarekin dakar baimena ematea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak betebehar horien betetze-maila egiaztatzeari buruzko informazioa bil dezan.
3.–Eskaerak aurkezteko modua, tokia eta epea.
3.1. Laguntzen eskaera II. eranskinean ezarritako ereduaren arabera eginen da, Osasuneko kontseilariaren ekainaren 22ko 498E/2017 Foru Aginduaren 5.2 eta 5.3 artikuluetan ezarritako agiriak erantsita. Eredu hori Nafarroako osasun-etxeetan eta Nafarroako Gobernuaren webgunean (http://www.navarra.es/home_eu/) eskuratzen ahalko da.
3.2. Eskaerak aurkezteko epea 2017ko urriaren 1ean hasi, eta urriaren 31n bukatuko da.
3.3. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritakoa ezertan galarazi gabe, diru-laguntzaren eskaerak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun-etxeetan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Farmaziako Prestazioaren Kudeaketarako Zerbitzuan edo Osasuneko Herritarren Karpetaren bidez aurkeztuko dira, ahal dela.
Postetxeetan aurkezten diren eskaerei dagokienez, gutun-azal ireki batean aurkeztuko dira, lehen orrialdearen idazpuruan bulegoaren izena, data eta tokia adieraz daitezen. Datu horiek eskaera igorri dela frogatzen duen gordekinean ere adierazi beharko dira.
Eskaerak adierazten diren baldintzak betetzen ez baditu, instrukzio organoak interesdunari eskatuko dio hori zuzendu dezan, Osasuneko kontseilariaren ekainaren 22ko 498E/2017 Foru Aginduaren 6. artikuluan ezarritakoaren arabera.
3.4. Laguntzak eskatzeak berarekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.
4.–Prozedura instruitu eta ebazteko organo eskudunak eta ebazpena emateko gehieneko epea.
4.1. Diru-laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Farmazia Zuzendariordetzak eginen du.
4.2. Osasuneko kontseilariaren ekainaren 22ko 498E/2017 Foru Aginduaren 7.1 artikuluan adierazten den bezala, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea ebazteko organo eskuduna da, eta hiru hilean behin laguntzak emateko eta ordaintzeko edo ukatzeko ebazpena emanen du eta espedienteak ebatziko ditu sarrera hurrenkerari jarraikiz.
Aurrekoa gorabehera, MUFACE, MUGEJU eta ISFAS mutualisten laguntzen eskaerak gainerako onuradunen eskaera guztiak ebatzi ondoren ebatziko dira.
4.3. Foru agindu horren 7.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, laguntzen eskaerak tramitatzeko eskumena duen organoaren erregistroan eskaera sartzen denetik hura ebazteko dagoen hiru hilabeteko gehieneko epea igaro ondoren, interesdunek ezetsitzat jotzen ahalko dituzte beren eskaerak, ezertan galarazi gabe administrazioak berariaz ebatzi beharra izatea.
5.–Laguntzen zenbatekoa.
Eman beharreko laguntzen zenbatekoa Osasuneko kontseilariaren ekainaren 22ko 498E/2017 Foru Aginduaren 3. artikuluan ezarritakoa izanen da:
1.–6.000 eurotik gorako urteko errenta mugak gainditzen ez dituzten onuradunek laguntzak jasoko dituzte, hil bakoitzean ordaindutako zenbatekoaren eta 2,6 euroren arteko aldea bezalakoak, Nafarroako Foru Komunitateko farmazia bulegoetan erosten dituzten sendagai eta osasun-produktuak ordaintzeko, zeinak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileek agintzen dituzten eta finantzaketa publikoari lotuta dauden.
2.–18.000 eurora arteko errentak dituzten gainerako onuradunek laguntzak jasoko dituzte, hil bakoitzean ordaindutako zenbatekoaren eta 8,23 euroren arteko aldea bezalakoak, Nafarroako Foru Komunitateko farmazia bulegoetan erosten dituzten sendagai eta osasun-produktuak ordaintzeko, zeinak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileek agintzen dituzten eta finantzaketa publikoari lotuta dauden.
6.–Onuradunen betebeharrak.
Onuradunek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta Osasuneko kontseilariaren ekainaren 22ko 498E/2017 Foru Aginduaren 11. artikuluan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte.
Halaber, laguntzak beste diru-laguntza, laguntza, sarrera edo baliabide ekonomiko batzuekin bateragarriak diren egiaztatu ahal izateko, betiere horiek diru-laguntza honen ondoren lortzen badira, onuradunek horien berri eman beharko diote Farmazia Zuzendariordetzari ahalik eta epe laburrenean, horiek lortu direla jakiten denetik eta, nolanahi ere, 2017ko abenduaren 31 baino lehen.
7.–Diru-laguntza ematea.
Laguntzen emate edo ukapena hiru hilean behin eginen da, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez, eta espedienteak sarrera ordenari jarraikiz ebatziko dira.
8.–Diru-laguntzaren ordainketa.
Ordainketa bakarra eginen da, kontzesioaren ebazpenarekin batera.
9.–Dirua itzultzea.
Osasuneko kontseilariaren ekainaren 22ko 498E/2017 Foru Aginduaren 12. artikuluan xedatutakoaren arabera, diru-laguntza ematearekin batera ezarritako baldintzak ez betetzeak eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako gainerako arrazoiak gertatzeak edo deialdi honetan edo diru-laguntza emateko deialdian berariaz adierazten diren betebeharrak ez betetzeak kobratu gabe dauden diru kopuruak jasotzeko eskubidea galtzea ekarriko du, eta, hala denean, jasotako diru kopurua osorik edo zati batean itzuli beharra ere bai, gehi legezko interesak, laguntza ordaindu den egunetik itzulketari buruzko ebazpena ematen den egunera arte sortutakoak.
10.–Arau-hausteak eta zehapenak.
Laguntzen hartzaileak Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan diru-laguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta hartan ezarritako erantzukizunak izanen dituzte, Osasuneko kontseilariaren ekainaren 22ko 498E/2017 Foru Aginduaren 13. artikuluan xedatzen denaren arabera.
Diru-laguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoari jarraikiz.
11.–Publizitatea.
Laguntzen publizitate araubideak Osasuneko kontseilariaren ekainaren 22ko 498E/2017 Foru Aginduaren 6.4 artikuluan eta laugarren xedapen gehigarrian xedatutakoari jarraikiko dio.
12.–Errekurtsoak.
Deialdiaren kontra eta garatzeko egintzen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Osasuneko kontseilariari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedatutakoarekin bat.
II. ERANSKINA
Finantzatutako tratamendu medikoei atxikitzen laguntzeko diren laguntzen eskaera (PDFa).
Iragarkiaren kodea: F1710496