184. ALDIZKARIA - 2017ko irailaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

114/2017 FORU AGINDUA, irailaren 7koa, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak emana. Honen bidez, Nafarroako Gobernuko lehendakaria tarteko, irizpena eskatzen zaio Nafarroako Kontseiluari Barneko zuzendari nagusiaren ebazpen batzuk ofizioz berrikusteko prozedurari buruz. Ebazpen horien bidez, Barañaingo, Baztango, Burlatako, Cascanteko, Lizarrako, Uharteko, Mendabiako eta Altsasuko udaletako polizien eta udal agenteen zenbait lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdiak onetsi ziren.

Barneko zuzendari nagusiaren maiatzaren 30eko 158/2017 Ebazpenaren bidez, Barneko zuzendari nagusiaren abuztuaren 29ko eta abenduaren 19ko 222/2014 eta 378/2014 Ebazpenak ofizioz berrikusteko prozedura hasi zen. 222/2014 Ebazpenaren bidez honako lanpostu hauek oposizio bidez betetzeko deialdia onetsi zen: Barañaingo Udaltzaingoko polizia izateko 3 lanpostu, Baztango Udalerako lanpostu 1, Burlatako Udaltzaingoko polizia izateko 4 lanpostu, Cascanteko Udaleko udal agente izateko 2 lanpostu, Lizarrako Udaltzaingoko polizia izateko 3 lanpostu, Uharteko Udaleko udal agente izateko lanpostu 1 eta Mendabiako Udaleko udal agente izateko lanpostu 1. 378/2014 Ebazpenaren bidez, berriz, Altsasuko Udaleko udal agente izateko hiru lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdia onetsi zen.

Ofiziozko berrikuspenak alderdi hauek ditu oinarrian:

a) Bi deialdiak prestatzeko udal egintza administratiboak hartu dituzten udal gobernu organoek ez dute eskumenik aipatu egintzak egiteko. Horrenbestez, eskumengabetasun materialeko egoera bat gertatu da, eta horrek deuseztatu egiten ditu prestatze egintzak, bai eta, ondorioz, bi deialdiak ere, abuztuaren 29ko 222/2014 Ebazpenaren bidez eta abenduaren 19ko 378/2014 Ebazpenaren bidez onartuak.

b) Hitzarmenik ez dagoenez eta argitaratu gabe dagoenez, ezinezkoa da behar den eraginkortasuna ematea Barneko Zuzendaritza Nagusiaren ebazpenei. Hortaz, erabateko deuseztasuna gertatu da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 47.1.e) artikuluan ezarritakoaren arabera.

c) Deialdiak onesten dituzten ebazpenak ezin dira hartu egintza kaltegarri gisa edo kargak ezartzen dituen egintza gisa.

Adierazitako guztia kontuan harturik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 47.1. b) eta e) artikuluan erabateko deuseztasuna deklaratzeko ezarritako kasuak gertatzen dira.

158/2017 Ebazpenaren gaineko iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu (2017ko ekainaren 14an, 114 zk.) eta prozeduran interesa duten toki entitateei igorri ondoren, 15 egun balioduneko entzunaldia ireki zen. Epe horretan Barañaingo eta Burlatako udalen idazkiak jaso ziren, non ofiziozko berrikuspenaren alde agertu baitziren.

Mendabiako Udalaren alegazio-idazki bat ere jaso zen, epez kanpo baina. Udal hori ez da ofiziozko berrikuspenaren aurka azaltzen, baina Nafarroako Gobernua premiatzen du prozedura ahalik eta lasterren ebatz dezan, eta eskatzen du udalei behar den laguntza teknikoa eman diezaietela udal agenteak kontratatzeko hautapen prozesuetarako. Izan ere, herri horrek 2014an egindako enplegu publikoaren deialdia ebatzi gabe dago oraindik.

Ezarritako epearen barrenean, beraz, ez da prozeduraren aurkako alegaziorik jaso. Hortaz, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 106. artikuluan eta Nafarroako Kontseiluari buruzko ekainaren 9ko 8/2016 Foru Legearen 14.1.j) artikuluan ezarritakoarekin bat, bidezkoa da Nafarroako Kontseiluari txostena eskatzea.

Aipatutako 8/2016 Foru Legearen 15.1 artikuluak ezartzen du ezen, horrelako kasuetan, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariari dagokiola irizpena eskatzea.

Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 9ko 198/2015 Foru Dekretuaren 17. artikuluko o) apartatuak adierazten du Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusiko Gobernuaren Idazkaritzako eta Araugintzako Zerbitzuaren eginkizuna dela, besteak beste, Nafarroako Gobernuko lehendakariari laguntzea Nafarroako Kontseiluaren espedienteak tramitatzeko orduan.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Gobernuko lehendakaria tarteko, Nafarroako Kontseiluari irizpena eskatzea abuztuaren 29ko 222/2014 Ebazpena eta abenduaren 19ko 378/2014 Ebazpena ofizioz berrikusteko espedientearen gainean. Aipatu bi ebazpenak Barneko zuzendari nagusiak emanak dira, eta haien bidez honako lanpostu hauek oposizio bidez betetzeko deialdiak onetsi ziren, hurrenez hurren: batetik, Barañaingo Udaltzaingoko polizia izateko hiru lanpostu, Baztango Udalerako lanpostu bat, Burlatako Udaltzaingoko polizia izateko lau lanpostu, Cascanteko Udaleko udal agente izateko bi lanpostu, Lizarrako Udaltzaingoko polizia izateko hiru lanpostu, Uharteko Udaleko udal agente izateko lanpostu bat eta Mendabiako Udaleko udal agente izateko lanpostu bat; eta, bestetik, Altsasuko Udaleko udal agente izateko hiru plaza.

2. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 22.1.d) artikuluan xedatukoari jarraikiz, prozedura ebazteko legez ezarritako gehieneko epea etetea, Nafarroako Kontseiluari irizpena eskatzen zaionetik hura jaso arte.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, eta adieraztea haren aurka ezin dela inolako errekurtsorik jarri, deusetan galarazi gabe interesdunek aurka daudela adierazteko duten eskubidea, prozedurari bukaera ematen dion ebazpenean aintzat hartuak izan daitezen, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112.1 artikuluan.

4. Foru agindu hau Gobernuaren Idazkaritzako eta Araugintzako Zerbitzura, Barneko Zuzendaritza Nagusira eta Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira igortzea, eta Altsasuko, Barañaingo, Baztango, Burlatako, Cascanteko, Lizarrako, Uharteko eta Mendabiako udalei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2017ko irailaren 7an.–Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1710463